JEAN FRANÇOIS LEFORT: "EAE-KO GOBERNUAK LAGUNTZA OSOA EKARTZEN DIO ESPAINIAKOARI"


2021eko uztailaren 27an
Bere egoerari buruz mintzatu ondoren (11. orrialdean jasoa), Askatasuna elkartearen iragan hurbilaz aritu gara Jean François Lefortekin: «Askatasuna 2001eko abenduan sortu zen, Donostian. Lehen parte batean, Koordinaketak gogoeta bat burutu zuen Lapurdi, Nafarroa Beherea eta Zuberoan, baita maila nazionaleko elkarte batean biltzeko deliberoa hartu ere. Bigarren partean, Hegoaldean, tokian tokiko batzordeek barne eztabaidak burutu zituzten eta ondorioz Batzar Nazionala gauzatu zen».

ABBak (Amnistiaren Aldeko Batzordeak) legez kanpo geratu ondoren, elkarte berriaren oinarri ideologikoak finkatu eta lan ildoak ezarri ziren. Haatik, Espainiako Gobernuak Askatasuna ere legez kanpo utzi zuen. Egoera ez da berria ezta erraza ere Leforten hitzetan: «Askatasunak gero eta arazo gehiago ditu, alabaina, tinko ari gara aurrera segitzeko. Azken hogeita bost urteetan lan egiteko arrazoi berberak daude. Lehen, AABak eta Koordinaketa izan ziren eta orain Askatasuna da. Gu ez gara lege dekretuz edo erabaki judizial baten bitartez desagertuko, preso politiko gehiago ez dagoelako baizik. Zailtasunak handiak dira baina beharrak ere handiak dira, beraz, aldez edo moldez segituko dugu».
Presoen inguruan urteko balorazioa egin ondoren Espainiako Gobernuaren aldetiko azken erasoa etorri da, bere iritziz.

Egin iezaguzu, oro har, presoen egoerari buruzko balorazio bat. Espainiako eta Frantziako espetxeetako egoerak bereizi al daitezke, adibidez?
Badaude egoera ezberdinak eta komunak, baina, oro har, presoek aspaldiko egoera bera bizi dute: bi estatuetan urrun eta sakabanatuta daude. Halaber, ez zaie beren izaera politikoa onartzen. Estatusik gabeko presoak dira oraindik ere. Ez dute preso komunen izaera ezta preso politiko izaera ere. Egoerak geroz eta berdinagoak dira bi estatuetan, bietan lege bereziak sortzen ari dira, eta hauek eragin eta ondorio zuzenak dituzte haiengan. Eraso orokor eta etengabea ari da garatzen haien eskubideen aurka.
Adibidez, baldintzapeko askatasuna murrizten ari da. Azken aldi honetan, preso batzuk zigorraren herena bete ondoren barrura eraman dituzte berriz ere. Behin-behineko askatasuna murriztu nahi dute. Teorian Auzitegi Nazionalak harturiko neurriak dira, baina funtsean Gobernuaren aginduak dira. Lehen ireki ziren ateak ixten ari dira. Zigor Kode berriaren bitartez gatazka luzatzea beste helbururik ez dute. Oso egoera zaila antzematen dugu presoentzat nahiz Euskal Herriarentzat datozen hilabeteetan eta urteetan.
Frantzian, egoera gero eta larriagoa da, ez da sekula horrenbeste preso politikorik izan: 113 dira egun. Espainian presoen kopurua izugarri hazi da, 650 izaki. Iaz baino 100 preso gehiago daude.

Frantzia eta Espainia «Euskal Herrian errepresioa areagotzeko nazioarteko egoeraz baliatu direla» adierazi duzue. 2001eko urriaren 11 delakoa aipatu duzue txostenean, halaber.
Estatuek gertakari hura beren neurri errepresiboak are gehiago indartzeko baliatu dute, Espainiako Estatuak bereziki. Baina errepresioa ez da heldu AEBetan izan ziren erasoen ondoren soilik. Ordurako Europa mailan bazen espazio judizial komun bat zabaltzeko asmoa, baita errepresiozko legeak gauzatzeko nahia ere. Oraingo neurriak gertakari hura baino lehen pentsatuak izan ziren. Harrezkero legeak azkartuz joan dira, eta orain, atxilotzeko eta estradizio aginduak bururaino eraman nahi dituzte. Nire kasua lekuko. Lege proiektua bi estatuetan onartua da, praktikan nola gauzatu falta zaie nonbait.

Txostenean Ertzaintzaren aurkako tortura kasuen salaketak daude. Eusko Jaurlaritzak Garzonentzako lan egiten duela salatu duzue ere bai. Zertan oinarritzen zarete?
Gure txostenean azaltzen diren datuak benetakoak dira, urtean zehar atxilotuek kontatuak. Torturen kasuengatik kereilak ezarri ditugu auzitegietan. 2002ko balantzeak Parisek eta Madrilek Euskal Herriaren aurkako eraso antolatu bat dutela erakusten digu, eta neurri batean, Euskal Herriko lurralde parte batean, EAEko Gobernuak laguntza osoa ekartzen diola Espainiako Gobernuari, zenbaitetan laguntza baino gehiago ere bai. Adibidez, gobernu honek bere polizia indarrean jarri du errepresioa garatzeko: hala nola, Batasunaren egoitzak ixtean, Bilbon izan zen «Gora Euskal Herria» lemapeko manifestazioaren aurka, Ertzaintzak herrietako mobilizazioaren aurkako errepresioa garatu du baita ere. Baina ez da hori soilik, Ertzaintzaren gibelean arduradun politikoak daude eta haiek badakite argi eta garbi zer egiten duten. Politiko hauek batzutan Garzonen aurka jalgitzen dira, herri honen eskubideak urratzen dituela «salatuz», baina finean eta praktikan haren aldeko lana burutzen dute.

Espainiako Estatuan botere banaketarik ez dagoela, ez dela zuzenbidezko estatu bat diozue, Frantziako Estatua bere kolaboratzailea delarik. Zentzu honetan, Espainiako demokrazia -Frantziakoaren kasuan bezala- ez al da mendebaldeko demokrazien testuinguruan homologatua, zure ustez?
Guk Euskal Herriaren eskubideen ukapenari dagokionean ez ditugu Frantziako nahiz Espainiako demokraziak ezberdintzen. Arazoa funtsean bera da, bi estatuek ez dituzte Euskal Herriaren lurraldetasuna eta autodeterminazio eskubidea onartzen. Euskal Herriaren aldeko demokraziaren aurka daude, hortik sortzen da arazo politikoa. Eta guretzat, gaineratiko guztia arazo politiko horren ondorioa da. Frantziak mundu mailan Espainiak baino itxura demokratikoagoa dauka, baina praktikan ez da horrela: Ipar Euskal Herria ez da ezagutua, euskara ez da ofiziala. Beraz, defizit demokratiko bat dago. Alta, eskakizun horiek gehiengo batek onartuta daude.
Halaber, azken hogeita bost urteko gatazka kontuan hartzen badugu, oroitarazi behar da laurogeiko hamarkadako GALen aferan eta iheslarien estradizioetan eta deportazioetan Frantziako Estatuak izan zuen partehartze zuzena. Euskal demokraziari dagokionean maila bereko demokraziatzat jotzen ditugu bi estatuenak.

Azken 25 urteetan estatu biek errepresioa baino ez dutela praktikatu diozue, gatazkaren luzapenak sufrimendua baino ez duela ekarri. Badago dioena, beste aldetik ere sufrimenduaren estrategia erabiltzen dela. Alegia, ETAren biolentziaren erabilerak sufrimendua besterik ez duela ekartzen honezkero.
Baina, funtsean, Frantziako eta Madrileko estatuak dira arazoa konpondu nahi ez dutenak, ez dute euskal gizartearekiko begirunerik. Euskal Herriak, Korsikak ez bezala, ez du prozesu subirano batean aritzeko eskubiderik, arazoa hori da.

Gizartea ez da bakarra, anitza da.
Euskal Herria mailan gizartearen indar metaketa lortu behar dugu berriz ere, aipatu eskubide horiek erdiesteko, baina, egia da, egungo testuinguruan hori oso zaila bihurtu da. Ez gaude egoera honetan...

... eta sufrimenduak jarraitzen du, eta eskubideak ez dira lortzen.
Badakit sufrimendua hor dela. Nire ustez, bidea indar abertzaleak elkartzea da, Lizarra-Garaziko Akordioaren inguruan izan zen bezala. Baina horiek hitzak besterik ez dira, eta hitz horiek errepikatzeak ez du zentzurik. Akordio hark berea eman zuen. Alta, aterabidea indar abertzaleak elkartzean etorriko da. Indar politikoek eta ETAk dute hitza. Noiz izanen da? Ezker Abertzaleak orduan urrats handi bat eman zuen eta orain berriz ere prest dago urrats berri bat emateko. Gaineratiko indar abertzaleak prest ote daude benetako urratsak emateko eta benetako irtenbide bat ekartzeko?

«LOF» GOITIZENEKO MILITANTEA
1970ean Miarritzen sortua. Hamabost urterekin ikasteari utzi eta lanean hasi zen. Euskaldun berria. Patxa, Gazteriak eta Koordinaketako militante izana. Intsumisoa. 1992an Poitiers eta Rochefort-eko espetxeetan preso izan zen armadari uko egiteagatik. Iaz, Baionako espetxean 24 egun pasa zituen frantses hutsezko bide seinaleak mozteagatik. Askatasuneko eleduna da. Lagunen artean «Lof» izengoitiz ezagutua. Garzonek bera atxilotzeko txostenean ere Lof idatzi omen du.

«ETAren kidetasuna egoztea ez da serioa, denek dakite Askatasuna zer den»
Askatasuneko bost kide atxilotuak izan ondoren, Espainiako Auzitegi Nazionalak zure atxilotze agindua zabaldu du, agindua Baltasar Garzon epaileak egina izaki. Zein da zure egoera?
Nire egoera ez da berria, ez naiz lehena Iparraldean. Segi erakundearen hiru kideen atxilotze agindua ere badago. Ni haien kasu berean nago. Alabaina, gu atxilotzeko agindu hori izan arren Frantziako Estatuak ez gaitu orainokoan atxilotu. Horrek ez du egingo ez duenik erran nahi, Frantziako justiziak Garzonen agindua onartzen baitu.

Ohiko bizitza egiten duzu?
Bai. Niretzat nahiz nire kideentzat ez da ustekabeko berririk izan. Garzon ireki zuen bide beretik ari da eta aurrera segituko du. Hegoaldean bost atxilotuak izan ondoren heldu da ni atxilotzeko agindua. Gu legez kanpo ari gara, baina oztopo guztien gainetik lanean segituko dugu, jakinik ere, errepresioa gero eta handiagoa izanen dela. Guztira, Askatasuneko 17 kide atxilotuak dira Espainian eta beste bat Frantzian; 13 gara inputatuak. Heldu diren hilabeteetan gehiago izanen dira.

Zer da Garzonek Askatasuneko kideei inputatzen dizuena?
Askatasuna ETA erakundearen egitura dela dio, eta guri ondorioz, ETAko kideak izatea inputatzen digu. Lehen inputatuei ETAren kolaboratzaileak izatea egotzi zien, eta orain, berriz, ETAren kideak izatea. Funtsean bi akusazio mota dira, bat gure gain hartzen dugu, alegia, ETAko kide izateagatik kondenatuak diren presoei sostengua ekartzea. Hori ez dugu ukatzen, gure ardura eta funtzioa baita. Presoak Euskal Herriko errealitate politikoaren ondorio dira. ETAren kidetasuna egoztea ez da batere serioa, ordea. Mundu guztiak badaki AABak zer izan ziren, zer izan den Koordinaketa Iparraldean eta orain Askatasuna zer den eta non gauden. Indar soziopolitiko askorekin harremanak ditugu eta denek badakite zertan ari garen. Akusazio hauek faltsuak dira eta gure lana oztopatzeko eginak.

Hegoaldera joanen al zara aurrerantzean?
Askatasunaren barruan hartu beharreko erabakia da hori. Nazioarteko agindua hor dago eta kontuan hartzen dugu. Alabaina, guri dagokigu erabakitzea gure herrian non eta nola ibili nahi dugun. Egoera iragan ahala, Paris eta Madriletik datozen aginduak eta inposaketak aztertuko ditugu, baita eman beharreko urratsak erabaki ere. Guk pentsatzen duguna egiten segitu behar dugu, hori da gure espirituaren funtsa.


Azkenak
2025-01-31 | ARGIA
Ikus-entzunezko Argia Saria: EITB Kultura

EITB Kultura telebista saioak jaso du Argia Saria euskal kulturgileen lana bistaratzeagatik, Euskal Herriko txoko guztietako proiektuak telebista publikora ekartzeagatik, eta egiten duten kalitatezko ikus-entzunezkoagatik. Saria Leire Ikaranek eta Kerman Diazek jaso dute, Berde... [+]


2025-01-31 | ARGIA
Interneteko Argia Saria: Oroibidea

Galtzaileen herri ondarea sarean jartzeko erakunde publiko batetik egindako ahaleginagatik, ahots gabeen ahotsa entzuteko aukera emateagatik, eta batez ere, Nafarroak aitzindari izaten segi dezan oroimen historikoa berreskuratzeko bidean, Interneteko Argia Saria Nafarroako... [+]


2025-01-31 | ARGIA
Banatu ditugu euskarazko komunikazioaren 2025eko Argia Sariak

Sei sari banatu ditugu aurten: ikus-entzunezko saria EITB Kultura telebista saioari eman zaio, prentsako saria Irutxuloko Hitza Donostiako hedabideari, entzunezko saria BaDa!bil podcastari, interneteko saria Oroibidea bilatzaileari eta komunikazio kanpaina onenaren saria Altxa... [+]


2025-01-31 | ARGIA
ARGIAko lantaldearen mezua: Mundu ilunean, ARGIA gehiago

Onintza Irureta Azkunek egin du hitzartzea ARGIAko lantaldearen izenean:

"ARGIAko komunitatea osatzen duten milaka lagunetako batek berriki adierazi digu batzuetan ARGIA iluna dela, barruak mugiarazten dizkion albiste gogorrak daudela. Lan ona egiten dugula, baina... [+]


2025-01-31 | ARGIA
Prentsako Argia Saria: Irutxuloko Hitza

Prentsako Argia Saria Irutxuloko Hitza-rentzat izan da, eskuin muturraren igoerari egindako jarraipenagatik eta talde erreakzionarioen benetako aurpegia erakusteko kalean hor egoteagatik. Aurten 20 urte beteko ditu Donostiako hedabideak. Aizpea Aizpurua, Andrea Bosch,... [+]


2025-01-31 | ARGIA
Urteko kanpaina onenaren Argia Saria: Altxa Burua

Seme-alabek lehen mugikorra izateko adina atzeratzeko eskolaz eskola egindako lanagatik eta lortutako emaitzengatik, ikastetxeak mugikorrik gabeko arnasgune izateko borrokagatik, kanpaina onenaren Argia Saria guraso elkarteek osaturiko Altxa Burua ekimenarentzat izan da... [+]


2025-01-31 | ARGIA
Merezimenduzko Argia Saria: Ene Kantak

Hamabost urteotan gazteenen artean euskara sustatzeko egindako lanagatik eta lortutako arrakastagatik,  Merezimenduzko Argia Saria Ene Kantak proiektuarentzat izan da. Saria Nerea Urbizu, Fermin Sarasa eta Jesus Irujok jaso dute.


2025-01-31 | ARGIA
Entzunezko Argia Saria: BaDA!bil podcasta

Entzunezko Argia Saria BaDA!bil podcastak jaso du, Hiru Damatxo ekoiztetxeak ekoitzitakoa, eta Gerediaga elkarteak eta EITBk finantzatutakoa. Podcastak kulturgintzan dabiltzan lau mahaikidez osaturiko bost mahai inguru jaso ditu Durangoko Azokaren bueltan. Saria jaso dute Amets... [+]


Calexit, Kaliforniaren independentzia bilatzen duen ekimena

Ekimenak erreferendum eskaera egin du eta Shirley Weber estatu idazkariak onartu. Orain, prozesuari jarraipena emateko, 546.000 sinadura lortu behar dituzte datorren uztailerako. Marcus Evansek egin du eskaera.


Estatuaren biktimek Chivite lehendakariari eskatu diote egon dadila euren aitortza ekitaldian otsailaren 13an

Estatuaren biolentziaren biktima gisa onartzeko 125 eskaera egin zaizkio Nafarroako Gobernuari 2023an eta 2024an. Horietatik 41 onartu dira. Egiari Zor eta Torturatuen Elkarteak ongi baloratu dute egiten ari den bidea.


'Arizona' antzezlana
Muturrekoa, muturreraino eramanda

Arizona
Aktoreak: Aitziber Garmendia eta Jon Plazaola..
NOIZ: urtarrilaren 26an.
NON: Berrizko Kultur Etxean. plazan.

-------------------------------------------

Arizona eta Mexiko banatzen dituen muga zaintzera abiatu da Idahotik Margaret (Aitziber Garmendia) eta George (Jon... [+]


Betiereko Wagner

'Tristan und Isolde' opera

Bilbao Orkestra Sinfonikoa. Zuzendaria: Erik Nielsen.
Bilboko Operaren Abesbatza. Zuzendaria: Boris Dujin.
Eszena zuzendaria: Allex Aguilera.
Bakarlariak: R. Nicholls, G. Hughes Jones, M. Mimika, E. Silins, C. Daza, D. Barcellona, J... [+]


2025-01-31 | Euskal Irratiak
Ramuntxo Labat-Aramendi
“Duintasunez arituko gira; Ahetzeko herriko etxearen egoera egonkortu nahi dugu”

Lehen itzulitik bigarrenera, auzapezgotzara jauzi egin zuen Ramuntxo Labat-Aramendi abertzalearen zerrendak. Erdiespena "xinaurri lanari esker" egin zela uste du Labat-Aramendik. Ahetzen zerrendak bozen %44,39 lortu zuen urtarrilaren 12an eginiko behin betiko bozketan... [+]


Zestoan euskararen erabilera handitzea helburu, aisialdia doan baliabide urriko haurrentzat

Zestoan (Gipuzkoa), 2024ko irailaz geroztik, baliabide ekonomiko urriko haur eta gazteak bost kultur eta kirol ekintzen artean bat aukeratu, eta horretan doan aritu daitezke. Udalak dirulaguntzen araudia berritu du, haurren aisialdia eskubide bat dela argudiatuta. Aldaketarako... [+]


“Yoga onkologikoa xamurtasunean eta errespetuan oinarritzen da”

Prozesu onkologikoetarako tresnak lantzen ditu Paula Barrio yoga onkologikoko irakasleak: “Gorputzarekin eta lesionatutako zonaldearekin konektatzen dugu”.


Eguneraketa berriak daude