DENA LEHERTU ONDOREN GUTXI ALDATUKO DUTE IRAK

  • Irak izan genuen hizpide eta Irakera itzuli gara berriz ere. Oraingoan, gaiak beste neurri bat hartu du ordea. Pello Zubiriak eremuan kokatugaitu eta zazpi adituk AEBak Iraken aurka prestatzen ari diren eraso militarraren gainean jardun dute.George Bushen eta Sadam Husseinen arteko xake-mate partidaren atzean hamaika dira interesak, hamaika jukutriak. Interes adinako arrazoibilatu daiteke gerra hitzaz mozorroturiko eraso posible honen atzean. Guk, euskaldun eta europar izanagatik, ez diogu gertuko errealitate honiitzuri egin nahi izan.

2007ko otsailaren 21ean
Oraindik gerta liteke miraria, baina inork gutxik du sinesten posibilitate horretan. Miraria bailitzateke Saddam Husseinek azken orduan bere kabuz agintea uztea; mirakulu bat izango litzatekeen bezala Frantzia, Alemania eta Errusiak abiarazitako ekinaldi diplomatikoaren eraginez gerrarik gabeko konponbideren batera iristea.

Eta gerraren ondoren? Posible da hilabete edo urte gutxi batzuen buruan, honelako laburpen bat irakurri behar izatea: "Bagdaden erregimen autoritario bat zegoen, armadaren indarrean oinarritua, herritarrak estu hartzen zituen eta Mendebaldeko potentzia nagusiak eskualde hartan zituen interesak arriskuan ipintzen zituen. Espedizio militar bat martxan jarri zen, baina kanpaina espero baino zail eta garestiago suertatu zen. Bagdad hartu zuten eta Mendebaldearen kontrol militar eta politikoaren mende ordenu berri bat ezarri. Baina errebolta lehertu zen: armada barruan, Bagdadeko karriketan eta Erdi eta Hegoaldeko xiiten artean... Mugimendu hau menderatu ahal izan zuten, baina oso garesti ordainduta, eta okupazioko armadak bere planteamenduak aldatu behar izan zituen. Okupazio handiaren lekuan, proiektu apalago eta merkeago bat mamitu zen: Iraken aurretik zegoen hierarkia soziopolitikoa ontzat hartu eta Mendebaldearen babesean erregimen zaharreko nagusien esku ipini zuten berriro estatua".
Lerro horiek Charles Tripp ikerlariak idatziak dira. "A History of Iraq" liburuaren egilea da eta Londresko unibertsitatean irakasle. Baina gezurra badirudi ere, (probokazioa berea da, Tripp-ena) lerro horiekin duela 90 urte Iraken gertatu zena deskribatzen zuen. Orduan Britainia Handia zen potentzia koloniala, eta gaur berriz Estatu Batuak dira gerra sutu dutenak. Paradoxa zera da, kasik mende bat beranduago oso posible dela laster amerikarrek ingelesen orduko aukera berdinen artean hautu egin behar izatea.


UDAZKENETIK ERABAKIA HARTUTA.


Amerikako Estatu Batuek Irak inbaditu behar zutela aspalditik ari zitzaizkigun abisatzen geopolitikan adituak: Bush lehendakaria Ben Laden "ahazten" hasi zen egunetatik. Eta joan den udazkenerako gauzak erabakita zeuden. Aditu horiek abisatua zuten George W. Bush lehendakari berriaren kanpo politikaren ardatzak zein ziren: amerikarren ahalmen militarra modernizatu eta garatzea, eta petrolio erreserba gehiago eskuratzea atzerrian. 2001eko irailaren 11z geroztik hirugarren ardatza gehitu zitzaien bi horiei: borroka antiterrorista.
Indar militarra berritzea bi norabidetan mamitu nahi du Bushek. Batetik, Estatu Batuak ukiezinak izan daitezela, horretarako teknologia landuz. Eta bestetik, munduko edozein lekutan azkar eta indarrez esku hartzeko indarra garatu. Eskatu duten diru guztia eman die horretarako Bushek militarrei, eta diplomazia klasikoaren arauak hankaz gora ipiniz eraso prebentiboaren printzipioa finkatu du.
Petrolio iturriak dibertsifikatu beharra Estatu Batuen ekonomiaren berezitasunei lotuta dago. AEBak dira munduko

energia kontsumitzailerik handienak eta behar duten petrolioaren zati handi bat kanpotik ekarri behar dute: 2001ean %52koa zen, baina kopuru hori %66koa izanen da 2020an. Hazkundea ondo eramateko, ondorengo urteetan AEBek bere iturriak dibertsifikatu egin behar dituzte (honela esplikatzen dira Kaukaso-Kaspio aldean duten interes gero eta handiagoa, eta baita Angola-Nigerian edo Latinoamerikan dituztenak) eta batik bat oso estu kontrolatu behar dituzte Golkoko herrialdeak, horietan baitaude munduko energia altxorren bi herenak.
Bushen estrategiaren bi ardatz horiei borroka antiterroristarena gehitu zaienean, oso nekez eztabaida daitekeen argudio trinko bat osatu dute hiruren artean. Banaka bai, posible izango zen ardatz horietako bakoitzari mugak ezartzea, baina hirurak bat eginda hain zorrotz harrapatzen dituzte AEBen nazio segurtasunaren hil ala biziko puntuak ezen eta inor gutxi ausartuko baita horiek eztabaidatzera.
Horrela deskribatu zigun, mantso baina geldiezin mugitzen ari den bapore erraldoi baten antzera, Bushen kanpo estrategia Hampshire-ko (Massachusetts) unibertsitatean irakasle den Michael T. Klare delako batek "Le Monde Diplomatique" hilabetekarian, duela lau hilabete. Eta orain artean gertakizunek arrazoi osoa eman diote.


AMERIKARRAK INGELES.


Geoestrategiaren mahaian garrantzia gutxi dute xehetasunek. Eta taula erraldoi horretan gizakiok ez gara xehetasun txiki horietako batzuk baino. Etorkizunari buruz inperioek egiten dituzten kalkuluak eta indarren balorazioak dira mahai horretako datu nagusiak, eta horko plano baten gainean esku batek edo besteak marraztutako lerro batek erabakiko ditu urte luzez herrien edo herritarren biziak edo heriotzak, batzuk eta besteak pobre edo osasuntsu bizitzea.
Irak bera estatu gisa geoestrategia jokoen emaitza da, inperioek mahai gainean duela 90 urte marraztutako plano batzuen ondorioa da eta. Orain dela 90 urte ere gaurko egoerarekin antza handia duten gertakizun eta kalkuluen artean harrapatuta aurkitu ziren Golkoko eta Mesopotamiako herriak eta herritarrak. Gaur bezala orduan ere, munduaren partiketa berri baten garaiak ziren. Lehen Mundu Gerra deituan, 1914 eta 1918 artekoan, galtzaile aterako zirenekin lerrokatu zen Otomanoen Inperioa, eta bere mende bizi ziren lurraldeak irabazleen artean banatu zituzten, balizko egoera aske eta demokratikoetara eramateko enkarguarekin.
Britainiarrek Mesopotamia inbaditu zutenean, Indian ipini zuten administrazioaren antzekoa ezarri zuten estraina: ofizial eta funtzionario ingelesak leku garrantzizko guztietan, ordura arte bertan agintzen egondako elite administratibo eta militarrak kanpora bota... Berehala hasi ziren eztabaidak britainiarren artean, eskualdeok administratzeko formulen inguruan, batzuek berehala ulertu baitzuten estrategia britainiarra bermatzekotan bertako egitura bat sortzea hobe zela.
Eta 1920an sortutako erreboltek argitu zizkieten zalantzak. Elite baztertuak, tribuetako gudari armatuak, Bagdadeko sunitak bezala xiitak... sekulako errebolta piztu zen, eta ingelesek milaka hildakorekin ordaindu zuten. Operazioa garestiegi ateratzen ari zitzaienez, berriro turkiarren mendeko aparato politiko eta militarra osatzen zutenengana jo behar izan zuten (bazter batera utzita xiitak bezala kurdoak, honetan ere aitzindariak izan ziren) eta egitura hura da, modu batera edo bestera, Saddam Husseinen agintea barne, gaurdaino luzatu dena.
Politikoek eta militarrek epe laburreko helburuen bila jokatu ohi dute. Irak inbaditzeari dagokionez, hori lortuko dutela gauza segurua da. Baina Irak demokratizatu eta eskualde horretako herrialdeentzako ispilu bihurtzea? Bataila nagusia amaitu bezain fite ahaztuko da. Afganistanen ikusi den moduan. Baina, en fin... nor interesatzen da gaur egun historia zahar horiez?

Iñaki Mendiguren: "Zergatik erasoaren aurka (Dozena bat arrazoi)"
1. Erasoa zuritzeko aipatzen diren bake- eta segurtasun-helburuen atzean interes ekonomiko eta geoestrategiko indartsuak sumatzen direlako: petrolio-kiratsa dutelako, alegia!

2. Aurre egin beharra dagoelako Ameriketako Estatu Batuek (AEB) mundu osoan beren borondatea ezartzeko grinari. AEBetako agintariek etengabe asmatu eta ikaratu nahi izaten gaituzte fikziozko mamuekin, beti behar dute arerio artifizial edo birtualen bat (Sobietar Batasuna, Kuba, Libia, Bin Laden...) beren politika zuritzeko.
3. Saddam Hussein ez delako bakearentzat Bush eta Sharon baino arrisku edo mehatxu handiagoa. Eta desarmatzen... nork bere etxetik hasi beharko luke. Golkoko gerraren ondoren Iraki ezarritako baldintzek eta etengabeko kontrolek ondo mugatuta daukate haren indar militarra; omen dituen armekiko prebentzioa, ezin al dute Nazio Batuen Erakundeko (NBE) ikuskatzaileek eta presio politiko-diplomatikoek lortu?
4. Irakeko erregimena munstro bat baldin bada, AEBek eurek gizendutako munstroa da (Noriega, talibanak, Bin Landen... bezalaxe); bestetik, Irakekoa bezain demokrazia urriko gobernuak, anker eta larderiatsuak, badira gehiago ere Ekialde Ertainean eta handik kanpo: asko AEBen lagunak!
5. AEBek ez dutelako inolako eskubide moralik eraso militarrez Irakeko erregimena aldatzeko, mundu osoan zehar beren intereseko diktadura odoltsuak babestu baitituzte luzaroan. Ondo ezaguna da Bush, Sharon edo Aznar bezalakoen bake-gosea: liskarti harro hauek, nork bere eremuan, sua piztea baino ez dute egin (Bushek Ipar Korean suspertu berri duena ez da txikienetakoa...).
6. Erasotzaileena zinismo handi samarra delako: Iraken iparraldean kurdoak babesteko aitzakiaz eremu handi bat kontrolpean hartu zuten berberek ezer gutxi egiten dutelako kurdoak txikitzen dituen Turkia aliatuaren aurka.
7. Hipokrisiarekin jarraituz, NBEren ebazpenak "erabat eta zorrotz" ez betetzea ez delako inor armaz erasotzeko arrazoi. Hor dagoelako Israel ere, arazo handienetako baten sorburu, NBEren ebazpenak aspaldian mespretxurik handienaz hartzen dituena, inork erasorik edo presio handirik egin gabe.
8. Erasoa ongi babestutako politikariek eta goi-militarrek prestatu dutelako, gero herritar xeheok diruz eta soldadu koitaduek odolez ordaintzekotan. Eta, batez ere, erasoaren "zehar edo albo-ondorioak" (eufemismo bitxia!) erabat errugabeak diren Nahala, Hamed, Seiat... zibilek pairatuko dituztelako, orain indarrean dauden zigor ekonomikoak bezalaxe.
9. Mendebaldeak ezin duelako jarraitu Islamarekin etsaitzen eta herrialde musulmanen artean gorrotoa pizten. Ez al dira egungo Bin Laden, Al Kaeda eta antzekoak amorru horren berorren sorkariak?
10. Iraken aurkako eraso militarra putzu beltz baten ahoa delako, eragin ditzakeen ondorioak kontrolatzeko aukerarik gabe. Dena den, ausarkeriazko abentura kriminal honek, etikoki onartezina den giza sufrimenduaz gain, egonezin ekonomiko eta politiko izugarria eragiten du.
11. Gerra ez delako "variété" edo ikuskizun telebisatua, arma-jolas birtuala. Eta airean izar-hauts bihurturiko zazpi astronauta amerikarrek adina balio dutelako Bagdadeko aldirietan gerra-hutsegitez erraustutako zazpi irakiar anonimok.
12. Itxaropenari ate bat zabaltzeko: gizatasuna piztikeriari nagusitu dakion. Gerratan gezurra, nazionalismo irrazionalak, matxismoa, etab. indartu, eta egia, espiritua, ontasuna, etab. ahultzen direlako. Udaberria lehenbailehen etor dadin eta erne daitezen loreak... Irakeko basamortuan ere!

Aitor Zabaleta: "Bustita dagoenak euriari beldurrik ez"
Golkoko Gerran hegazkin aliatuek Bigarren Mundu Gerran baino hiru aldiz bonba gehiago jaurti zituzten Iraken. Hala ere, Bagdadetik ibiltzerakoan ia ezinezkoa da orduko aztarnarik topatzea. Irakiarrek azkar konpondu zuten apurtutakoa, eta harro sentitzen dira berritzeko ahalmena erakutsi dutelako. Tigris ibaiaren kanalizazioa eta errekaren bi aldeak lotzen dituzten zubi erraldoiak, horietako bat bi pisukoa, Europan ere ez direla ikusten esan zigun behin eta berriz telebistarako grabazioetan alboan izan genuen funtzionarioak.

Bonba eta misilek desegin zutenaren arrastorik ez badago ere, gerraren ondorengoa izkina guztietan nabari da. Blokeoa gerra bezain txarra dela diote bagdagtarrek. Iraken kontrako zigor ekonomikoak Nazio Batuek sekula ezarritako luzeenak eta gogorrenak dira. Hamahiru urteko enbargoak lehen gehiengoa zen erdi mailako klasea desagertarazi du, eta munduko pobreenen artean ipini du petrolio aberastasunean bigarrena den herrialdea. 1989an, per capita errenta 3.500 dolarrekoa zen, gaur egun ez da 200era iristen. Bizi itxaropena 66 urtetik 57ra jaitsi da, aspaldi desagertutako gaixotasunak azaldu dira, eta malnutrizioa Saharaz hegoaldeko herrietakoa beste da. Enbargoaren eraginez, 1.700.000 lagun hil dira, horietatik erdiak hamar urtetik beherako umeak. Irakeko Osasun ministroak eman zigun datua, baina Nazio Batuetako agentziek eurek atera dute kontua.
Ekonomiari ez ezik, zigorrek herritarren izakerari eta animoari ere egin diote sekulako kaltea. Mundu arabiarreko gizarte prestatu eta aurrerakoiena desegin den heinean, joera islamiar erradikalek -ezezagunak orainarte-, gero eta indar handiagoa hartu dute.
Sadamen erregimena ahuldu eta desagertarazteko ezarri zuten enbargoa Nazio Batuek, baina justu kontrakoa lortu dute. Irakiarrak kanpotik erasota sentitzen dira, munduak bizkarra emanda, gaitz kutsakorra duen gaixoaren moduan isolatuta, eta hori ikusita, bat egin dute presidentearekin. Gainera, Estatu Batuetako Gobernuak onartu duen bezala, "kontentzio" politikak huts egin du, Irakek harremanak sendotu baititu herrialde arabiarrekin eta munduko beste batzuekin.
Kalean ez da Sadamen kontrako hitzik entzuten. Funtzionarioa alboan egon arren, askatasun osoz grabatu ahal izan genuen, baita presidenteari buruz galdetu ere. Denak dira hitz onak; akaso beldurrak eragindakoak, askotan. Sadam miretsi egiten dute, baina beldurra ere badiotela esango nuke. Duela 24 urte agintera heldu zenetik, irakiarrek ez dute bakerik ezagutu. Sadamen diktadura gogorraren oinarri sendoena Baas alderdi arabiar-sozialista da, 1968tik boterean dagoena. Petrolioa nazionalizatu zuen, eta blokeoa hasi aurretik ondo banatu zituen irabaziak, ongizatea bultzatu eta ekonomia dibersifikatuz. Irakek garapen handiko urteak ezagutu zituen 70-80ko hamarkadetan, baina nik esango nuke gaur egun herritarrak aspertuta daudela gerratik gerrara eraman dituen buruzagiekin, inolako oposiziorik izan gabe botere tresna guztien jabe direnekin.
Estereotipoen aterpe erosoaren azpian, herri zabala eta atsegina aurkitu genuen Irakera egindako bidaietan, atsekabeari eustea beste biderik gelditu ez zaiona. "Gerran sartuko gara, urteetan gerratik atera ez garela uste badugu ere" esan zigun irakiar kazetari erretiratu batek. "Bustita dagoenak euriari beldurrik ez" dio esaera arabiar batek

Emilio Lopez Adan: "Arrazoi onak eta txarrak gerlaren aurka"
Mendebaldeko herritarrak izanik, arrazoi politiko onak ditugu gerlaren aurka. Ezin onar dezakegu Estatu Batuek aldarrikatzen duten zilegitasun politiko eta morala mundu osoan zehar beren interes ekonomiko eta militarrak defendatzeko: enpresa transnazionalen eta inperialismo militarraren logika berekoia borrokatu behar dugu. Badago ere Europa batuari sartzen dioten ziria; Europa morroi eta ezgauza nahi dute, herritarren Europa zimendatuz geroz munduan barreiatu beharko liratekeen balore demokratiko eta solidarioen kaltetan. Eta, bukatzeko, nazioarteko erasoekin uztartzen da barne politika errepresiboa, mugimendu aurrerakoi guztien kontrakoa. Inongo estaturi, eta are gutxiago azkarrenari, ezin dakioke onar nazioarteko araudiak eta demokraziaren printzipioak bazter ditzan, bere etsaiak etsai unibertsal gisa aurkezteko eta nahi duen bezala zanpatzeko.

Onar ditzagun ere arrazoi humanitarioak. Edozein gerla edo edozein biolentzia kondenatzearen alde ez izanik ere, gauza nabarmena da gerla bizia suntsiketa beldurgarrien sorburu segurua dela, eta, kasu honetan, dagoeneko arras fundituak diren jendeen gainean eroriko da. Handik aterako dena, berriz, ez da segurua batere, eta sei hilabeteen buruko Irak demokratikoa ametsaren lukainka baizik ez da. Logika solidarioa gerlaren aurka dago.
Berriz, Saddam Husseinen zuritzeko arrazoiak ez dira onargarriak. Ezin onar Baas alderdiaren programa laiko, aurrerakoi eta sozialistaren suntsitzea dela etsai inperialisten helburu nagusia. Ezin onar Irakeko herriaren eta buruzagiaren arteko lotura gure demokrazia baino hobea dela eta haien barneko aferetan ezer ez dugula esateko. Saddam Hussein diktadore odoltsua da, haren pertsona eta erregimena guztiz arbuiagarriak dira, eta eroraraztea posiblea balitz lagundu beharko genuke hango oposizioa.
Egin dezagun ariketa historiko laburra. Iraken ez zuen asko iraun Bass laiko eta sozialistaren itzal aurrerakoiak. 1980 inguruan Hussein jaunak, dagoeneko erregimen eta talde arabiar iraultzaileekin etsaitua, Iran eraso zuen; Irango iraultza berria zen, eta etsaiak zituen bai Mendebaldeko potentziak bai eta ere Ekialde arabiarraren estatu kontserbadoreak. Orduan bai, prentsa aurrerakoiak salatzen zuen Irak. Garaian garaiko hemeroteketan irakurtzen ahal dugu Hussein jaunak Baas alderdia purgatu zuela, Alderdi Komunista ilegalizatu, herritar xiitak lasterkatu (hilak milaka, ayatollah nagusia barne), kurduen eskubide nazionalak hautsi (errepresioa, arabizazio bortxatua eta populazioen deserritzea) eta oro har, "herriaren gaineko errepresio odoltsua zeramala, eskubide demokratikoak nabarmen bortxatzen zituela, nazio zapalduen eskubideak ukatzen, eta, finean, guztiz antikomunista zela". Horiek, Irakeko komunisten hitzak dira: 5.000 kartzelatu, beste hainbeste erbesteratu, eta hamaika exekuzio sofrituta, ez ziren oso pozik. Amnesty Internationalak ez zuen besterik esaten: Emilio Lopez Adan, sendagilea

1986ko txostenean aipu dira atxiloketa arbitrarioak, ahaideen aurkako errepresaliak, epaimenik gabeko exekuzioak eta tortura sistematikoak; bost hilabeteko haur baten tortura, gurasoen aurrean, nabarmena. Beste adibide bat: Saddam Husseinen aurkako irainak heriotzaz zigortzen ditu 1986ko kode penalak. Eta diktadoreak ez bazeukan mihian ulerik Israelen aurka gazak erabiliko zituela esateko, erabil, kurduen aurka erabili zuen 1988an, hots, Irakeko herritarren aurka. Hori guzti hori salatzen zen prentsa aurrerakoian, eta egia izatetik apartez logikoa zen, morroia Frantziak laguntzen baitzuen, Bretainia Handiak finantzatu, eta Estatu Batuen petrolioko bigarren fornitzailea baitzen. Ordenuzko tiranoa, yankeeen laguna, beraz, kondenagarria.
Gero, 1990ean, Koweiteko inbasioa zela eta, Estatu Batuen etsai amorratuena bilakatu zen. Estatu Batuek usu sortu edo lagundu dituzte jasanezin edo etsai bihurtu zitzaizkien tirano edo autokratak, Ben Laden barne. Estatu Batuak ez dira fidagarriak, batere. Baina, gure iraultzaile batzuek? Dagoeneko 1990ean esan ziguten ea nondik genekien Saddam tirano bat zela, jakinik Mendebaldeko prentsa guztia, irakurtzen omen dugun bakarra, inperialismoak kontrolatzen duela. Gezur interesatuak eta propaganda baizik ez ziren gure iturriak. Eta lehen irakurri, entzun edo ikusi genuena? Ez zuen balio!
Inperialismoaren aurkako borrokak banatzen zituen lehentasunak, eta historia egunean egunean aldatzen da behar politikoen arabera. Orwell irakurrita bagenekien hori. Eta horra gaur errepikatzen dizkiguten argudioak: ikusirik arazo eta arerio nagusia inperialismoa dela, ez da Saddam kritikatu behar, yankeeen aurkako frontea ez ahultzeko.
Bada, arrazoi txarrak dira horiek eta nik nire susmoak baditut... Saddam Husseinen barne politika ez da aldatu Estatu Batuen jarreren gorabehera; atzo bezain itsusia da, bere herri propioaren zanpatzailea. Edozeinek ikusten ahal du. Anti-inperialismoak itsu eta soraio bihurtzen bagaitu, gauza tristea da, agian sendagarria; baina iraultza aitzina eramateko diktadore odoltsuen nostalgia bagenu, orduan barkaezinak ginateke

Xabier Gurrutxaga: "Gerrarik ez!"
Artikulua idazterakoan, Hans Blix eta Mohamed el Baradei ikuskatzaileek ez dakit zer jasoko duten Nazio Batuetako Segurtasun Kontseiluaren aurrean ostiralean (otsailak 14) aurkeztu behar duten txostenean. Gaur (otsailak 10), baikortasunerako argi printze bakan batzuk ikusten ditut egunkarietan. Nazio Batuen Erakundeko bi ikuskatzaile hauek Bagdadeko buruzagien jarreran aldaketa zantzuak sumatzen direla diote, eta hori datu positibotzat jo behar dela, nahiz eta Irakeko Gobernuak desarmeari buruz egin zaizkion galdera guztiak edota nagusienak ez erantzun.

Hala ere, ez dakit ikuskatzaile hauen lanak eta iritziak zerbaitetarako balioko duten, Estatu Batuetako presidenteak gerraren alde egin duen hautu finkoa ikusi ondoren. Izan ere, Afganistanen aurka eraso militarra egitearen beharra arrazoitzeko Bin Laden eta Al Qaeda taldea erabili baziren aitzakia nagusitzat, orain gerra justifikatzeko esan behar da Iraken desarme eskea erabiliko dela aitzakia gisara.
Honekin ez dut esan nahi Al Qaedaren terrorismo arriskurik ez dagoenik eta talibanen erregimena errespetagarria zenik. Ezta gutxiagorik ere. Askatasunen eta giza eskubideen alde dagoen orok salatu beharko lituzke herrialde hartan ematen zen fundamentalismo ideologikoa, politikoa eta militarra. Berdin gertatzen zaigu Sadam Huseinek burutzen duen erregimen politikoarekin.
Estatu Batuek erasorako harturik duten erabakiari buruz iritzia eman aurretik, demokrazia eta askatasunaren ikuspegitik erabat osasungarria da erregimen eta buruzagi hari buruz bi gogoeta labur egitea. Lehenik esan behar da Sadam Husein tirano bat dela eta bere erregimenak Irakeko Estatuaren lurraldearen baitan bizi diren pertsonen eta herrien eskubide eta libertateak ukatzen dituela. Urrutira joan gabe hor dugu kurduen kontra egindako erasoa. Hori hala da, eta ez dugu inolaz ere ezkutatu behar, nahiz eta gutako bakoitzak arrazoi franko izan Bush jaunak dituen gerrarako grinen aurka. Huseinek ez du gure elkartasuna merezi, ezta ere bere erregimena babesten duen armadak eta poliziak. Herritarrek eta batez ere Iraken demokrazia eta askatasuna gailendu dadin lanean eta borrokan ari diren gizon-emakumeek izan behar dute gure babesaren hartzaile nagusiak. Eta jarrera aktibo horrek ez luke bakarrik haiekiko elkartasun kontu huts bat izan behar. Gure bake eta gure askatasunagatik ere bai. Aurrekariak ikusirik mundu mailako segurtasunarentzat arrisku bat ere bada, eta horregatik Nazio Batuen Erakundeak zilegitasun politiko eta juridiko osoa du desarmea exijitzeko, eta eskaturikoa bete dadin ziurtatzeko bitartekoak eta neurriak hartzeko ere bai.
Ene ustez Nazio Batuen Erakundeari zilegitasun hori aitortzea guztiz beharrezkoa da. Aurreko guztiak ez du esan nahi ordea, Iraken desarmea lortzeko biderik egokiena, bidezkoena eta eraginkorrena gerrarena denik. Ez horixe! Desarmerako Batzordearen aginduak bete daitezen bide eta bitarteko anitz daude, indarrera jo baino lehen. Indarraren bideak porrotaren eta ekinbide zibilen ezinaren froga eta ispilu besterik ez dira. Iraken kasuan ordea ez gaude ekinbide zibil eta diplomatiko guztien porrotaren atarian. Ez gaude saihestu ezineko frakaso baten aurrean. Izan ere Frantziako eta Alemaniako buruzagiek dioten legez «gerrara jo gabe Sadamen desarmea lor daiteke». Alegia, arriskua ekidin daitekeela. Baina ez da hori Bush presidentearen abiapuntua. Buruzagi horren buruan gerrak duen helburu nagusia ez da Sadamen desarmea lortzea. Jakina denez eraso horren helburua Irakeko lur-azpian dauden petrolio erreserben kontrola edukiko duen aginte politiko berria ezartzea da. Hau da, Estatu Batuen esanetara mugituko den botere politiko eta militarra. Eta horretarako ez dago zilegitasunik, ez eremu politikoan ezta ere nazioarteko zuzenbidearen eremuan. Sadamen erregimena suntsitzeko eta bertan behera uzteko erantzukizuna bakar bakarrik irakiarrei dagokie. Besteak beste horrexegatik da Estatu Batuen egitasmoa legez kontrako asmo bat. Gerrarik ez!

Xabier Aierdi: "AEBak: 'Rogue State'rik handiena?"
Eraso prebentiboan eta aldebakartasunean oinarrituta, Iraken aurkako eraso ziurrari buruz ezer berririk esatea zaila da, aditu askok sakon hitz egin eta idatzi baitu. Nolanahi ere, hiru gauza iruditu zaizkit azpimarragarriak: 1. Erasoaren legitimazio kontuak. 2. Mobilizaziorik eza. Eta 3. Europaren zeregina.

1. Sekulako adostasuna dago erasoaren kausen atzean arrazoi geo-estrategikoak eta petrolioaren kontrolerako lehen urratsa daudela. Hurrengoa: Iran. Hala ere, eraso hau justifikatzeko eta legitimatzeko AEBek ez dute inolako premiarik ikusi izan. Kosovoko interbentzioaren ostean eta NATOren Pragako bileran eraso prebentiboaren printzipioa inposatu zutenetik, Condolezza Ricek argi utzi zuen AEBek euren interesak edonon eta edonola defendatu ditzaketela, eta interes horiek munduan zehar sakabanatuak daudela. Beraz, doktrina argi dago. Horrela gezurra da Irak potentzia militarra denik; Al Quaeda-rekiko loturarako ez dago frogarik (Michael Chandler, El País, 03-02-09) eta inposatu zuten «Elikagaiak petrolioaren ordainez» programarekin berdin dio Irakeko biztanlegoari gerta lekiokeena, berau bonbardatzeko prest dago eta. Gainera, eremu guzti honetan, demokrazia edo Estatu indartsuen existentzia ez zaie interesatzen, «gerla- jauntxo»ekin edo tribuen buruzagiekin negoziatzea errazagoa baitzaie.
Guzti honek, AEBek ez dutela inori arrazoirik emateko beharrik ikusi adierazten du, seguruenik hala sozialki nola politikoki aurkari gutxi zegoela ikusten zutelako. Horrela, azkenik, eta harrokerian oinarrituta, NBEko 1441. erabakia onartzea lehenetsi zuen. Ez dakit, ordea, erabaki honetaz damutuko ez ote diren...
2. Egunotan berpiztu den mobilizazioa dela-eta. Duela gutxi arte gerla hastear zegoen -urtarrila eta otsaila tartean- eta munduko bazterretan ez zen kontrako mugimendurik agertzen. Hainbat lurraldeetako iritzi publikoaren gehiengo nagusia, eta ia Estatu Batuetakoa, gerlaren aurka zegoela adierazten zuten inkesten berri eduki dugu, baina ez horren adinako mobilizaziorik. Ea otsailaren 15eko deialdiak zenbait Estaturen erabateko lerrokatzea ahultzen duen!
3. Asko dira ere bat datozenak Europaren zereginaren inguruan: erraldoi ekonomikoa eta ipotx politikoa. Hala ere, Europa «zaharra» berpizten ari dela dirudi, eta esperantza izpi bat zabaldu du Alemania eta Frantziako gobernuek proposatutako ekimenak: gerlarik gabeko desarmea. Ekimen honek, alde batetik, tempo politikoa -orain onartu egiten du hegazkin espioiak lurraldean hegaldatzea- hain ondo menderatzen duen Sadam Huseini argudioak kentzen dizkio eta, bestetik, politikaren aro berri bati hasiera eman liezaioke, hala Europan nola nazioarteko politikan. Baina, ez dakit Frantziak bere jarrerari eutsiko dion, zeren erditik NBE sartuta ez dakigu edo NBEko erabaki berri bat lortuta gero gerlan parte hartuko lukeen, edo gerla ondorengo banaketan tarta zati bat eskuratu nahi duen, edo gerla den ekidin gura duena.
Robert Kaplanen ustez Europa «Kant-iarra» da eta AEBak «Hobbestarrak». Frantziaren lerrokatzea zintzoa bada, Europa politiko bat sortzeko aukera ager daiteke. Kasu honetan, Europak bere izaera soziala mantendu, nazioarteko politikan parametro berberak hedatu eta Nazioarteko Eskubidea errespetatu beharko lituzke. Ordainean, Europako ejertzitoaz eta beronen izaeraz eztabaidatu.
Zorionez, aukera hau aurrera aterako da gerla egon ala ez. Erasorik badago, eta Frantzia berean mantentzen bada, eztabaida azkartu egingo da, iritzi publikoa bere alde duelako. Ez badago, Europaren eta NBEren zeregina birlegitimatuko da eta eztabaidari eutsi ahalko zaio. Zoritxarrez, egungo Estatu «Rogue»rik (ganberro edo legez kanpokoak) handiena AEBak dira. Inperio bat izan gura dute eta indartsuenak dira: arma industrian euren hurrengo 15 herrialde garatuek beste gastatzen baitu. Erabakia euren esku egon arren, ez behintzat gure (nire) izenean!

Iñaki Antiguedad: "Irak, xake-jokoaren beste pieza bat"
Irakeko lurra indarrez hartzeko benetako helburua, aitzaki-maitzaki, petrolioa dela argi dago. Burutik sano dagoenak badaki: Irakeko gerra betiko jendarmeek petrolio iturriak beren betiko askara bideratzeko gerra dute. Hala ere, xake-joko honetan petrolioa bera baino askoz pieza gehiago dira, eta xake-taula ez da Irakera mugatzen inguru geografiko zabalera baizik. Geo-politika ikasgai ederra, petroliotik harantzago, Iraketik honantzago.

Gaurko sistema ekonomikoak, sistemak berak, petrolioa du derrigor, arrainak ura beste. Mundua mendean nahi duenak petrolioa behar du mendean, iturrian eta garraiobidean, bietan. Baina petrolioa ez da makineriaren pieza bakarra, natur baliagai guztiek dute horretan parte, azken batez baliagai dira sistemak balioa esleitu dielako. Eta pieza txikiena bera ere faltan bada ezin ibili. Hortaz, jendarmeen esku hartze guztiek, itxurak itxura, baliagai gordeleku diren lurrak eta gaiok garraiatzeko pasabide direnak kontrolatzea dute helburu, azaleko edo ezkutuko.
Baina hau ez da kontu berria. Kristo aurreko IV. mendean, Arthasastra liburuan zen idatzia: «Meatzea altxorren jatorria da. Altxorrak gudalostea sortzea ahalbidetzen du. Altxorrak eta gudalosteak lurraldea konkistatzea ahalbidetzen dute». Etxe Zuriko nagusiek dute sarri eta ozen esana:«Gure sistema ekonomikorako beharrezko diren baliagaien eskuragarritasuna gure seguritate nazionalaren funtsa da». Biak, baliagaiak eta eskuratzeko moduak, hau da, garraiobideak. Hori horrela, Persikoa, Kaspioa edo Mediterraneoa, kasuko, seguritate nazionalaren parte dute, ezinbestean.
Hona hainbat datu, argigarri. Ekoizleen artean Ameriketako Estatu Batuak (AEB) gaur bigarren postuan dira, Saudi Arabia aurrena. Hala ere, AEBek, munduko kontsumitzaile nagusia, 2000. urtean kontsumitu petrolioaren %56 kanpotik eraman zuten (Canada, Mexiko eta Venezuelatik batez ere; bai, Venezuelatik), eta ehunekoa, eta berak dakarren menpekotasuna, handituz joango da geroan. Hortaz, AEBek iturrien dibertsifikazioa behar dute bermatu, badaezpada. Ez da harritzekoa Etxe Zuriko esatari batek berriki esana:«Afrikako petrolioak interes estrategiko nazionala du guretzat, are gehiago gerora begira. Afrikan ere».
Dibertsifikazio horrek Lurralde Petrolio Esportatzaileen Erakundea (LPEE) indargetuko luke. Pentsatu LPEEk (Irak, Iran, Kuwait, Saudi Arabia, Venezuela, Nigeria eta beste) kontrolatu egiten duela egun petrolioaren gehiegizko ekoizpenaren %90. Beste modura esanda, merkatuaren une bateko petrolio eskari handiago bati nekez erantzungo liokete LPEEko ez diren ekoizleek. Eta horrek ezpata eta hormaren kontra jarri ditzake AEBak bihar-etzi. Are gehiago, gerora begira egiaztatu petrolio erreserben %80 LPEEko herrialdeetan da, gehiena, %60, Persiako Golkoko bostetan: Saudi Arabia, Iraq, Emirerri Batuak, Kuwait eta Iran, hurrenez hurren. Horietatik bi dira, gaurkoz behintzat, AEBen askakoa jaten ez dutenak, asmatu! Argigarria.
Xake-jokoaren gaur-biharko pieza mugimenduak ulertzeko ez da petrolio, eta beste natur baliagai batzuk, ura barne, erreserben mapa geografikoa aztertu besterik behar: geopolitika. Hortaz, azken urteotan petrolio aurkikuntza handiak izan dira batzuek El Dorado esaten duten Kaspio inguruan, guztiz zehaztuak ez badira ere. Azerbaijan, Kazakhstan, Turkmenistan, Iran eta Errusia dira itsaskideak, lehenengo hirurak AEBen askatik gertukoak gaur; hamaika multinazional daude jada putrearena egiten hor. Hala ere, horko petrolioaz baliatzeak badu arazo nagusi bat, hots, Kaspio itsas itxia izanda, nondik aterako merkatuaren esku jartzeko? Garestiagoa ere, beraz. Garraiobidea bera iturria beste estrategiko da. Persiako Golkora ateratzeko Iran eta Afganistan zeharkatu behar. Itsas Beltzera ateratzeko Txetxenia, besteak beste. Mediterraneora Turkia, AEBen askakide, eta Ekialde horretan ia bakarrak diren ibai handien, Tigris eta Eufrates, sorleku. Izen aski ezagunak denak, ez beti petrolioarekin lotuak, ordea. Xake-matea urrun da, oraindik

Mikel Aramendi: "Iragana eta geroa"
Iraki erasotzeko planen inguruan Europa (gobernuei dagokienean hitza mugatuta erabili behar bada ere, nahiko erabatekoa baita kontinente zaharreko iritzi publikoaren ukoa) eta Estatu Batuen artean sutu den ezadostasun politiko biziak iraganari buruzko ika-mika zabala bezain zabarra sutu du. Etorkizunerako jokoan dagoenaren inguruan nabari den isiltasun deigarriaren alderantzizkoa esango nuke. Historiaz puztuta eta geroaz ahaztuta bagenbiltza bezala, beraz.

Frantziak eta Alemaniak erdibana erditu duten ekimena Eliseoko Itunaren 40. urteurrenaren itzalean argitaratu izanak edukiko du zerikusirik, seguruenik.
Gainerakoak gaztexeagoak izango dira, baina D. Rumsfeldek orduantxe hasi berria zuen bere karrera politikoa Illinoisen, eta oraindik gogoan izango du zein grazia gutxi egin zion hitzarmen hark Estatu Batuetako «stablishment»ari, eta batez ere, bere alderdikide errepublikarrei. De Gaullek akordioari eman zion kutsu antiamerikarragatik bereziki (alemaniarrak ez zeuden AEB maiseatzen hasteko moduan). Lehengo lepotik dugula burua europarrok, pentsatuko du emigrante alemaniarren oinordeko honek.
Pentagonoko buruzagiak «Europa zaharrari» egiten dizkion purrustadetan, «Europa berriari» zuzentzen dizkion lausenguetan baino funts gehiagorik ez balego, lasai egin behar lukete lo Chirac, Schroder eta gainerakoek.
Ondotxo dakite batzuek nola besteek une honetan Estatu Batuek gure alde honetan duten baza sendo bakarra Britainia Handia dela; eta gainerako guztian, lekuan lekuko agintari(txo)en gutizia. Ez dago bereziki inor aipatu beharrik.
Estatu Batuek Europari zuzentzen dizkioten kritiketan bada, ordea, desitxuratuta bederen, benetako arrazoirik. Batez ere «zeuon arazoak konpontzeko gauza ez zarete izan inoiz» diotenean. Horretarako usu erabiltzen dituzten adibide historikoak dira gutxienekoak, ia erabat faltsuak baitira hausnarketa historiko minimoaren arabera. Zer esanik ez Normandiako hilerrien argazkiari «Europagatik hil ziren» goiburua ipintzen diotenean. Lafayetteren estatuari «hau gabe, AEBrik ez zen izango» plaka ezartzea bezain barregarria da.
Ez da hau Estatu Batuek bi mundu gerretan eta, beraz, XX. mendeko Europaren bilakaeran jokatu duten rola arakatzeko parada. Bai, ordea, egungo Europak bere arazoak konpontzeko erakutsi duen ezintasuna onartzekoa: 90etako hamarkadan Balkanetan gertatua gogoratzea nahikoa eta gehiegizkoa da. Lauzpabost urtez arazoa bere horretan, hots, odol putzu batean, itotzen uzteko baino ez zen gauza izan kontinente zaharra. Arazoa zein eta konponbidea zein den erabaki ezinetik hasten dena.
Baina horrek, bidenabar, ez du egiaztatzen Ipar Amerikaren «gaitasunik». Balkanetako kasuak berak nahiko adibide izan behar luke: bere interesak auzitan ikusi zituenean soilik esku hartu zuen Clintonek; eta zer «konpondu» zuen ikusteko, egungo anabasa begiratu besterik ez dago. AEBek bere autoafirmaziorako erabiltzen duten mitoetako bat da «Europako arazoen konpontzailearena», beste nazio-mito gehienak bezain iruzurtia.
Azken finean, Estatu Batuen «konponketarako» gaitasuna Amerika Latindarrean ikusi da historikoki, bi mendez. Eta horixe da, hain zuzen, Irakeko krisi honek, bere gordintasunean, nabarmentzen duena: Bush, Cheney, Rumsfeld eta abarren Estatu Batuek, Amerika Latindar handi bat bailitzan ikusten dute mundu osoa. Garai batean Guatemala, Nikaragua, El Salvador, Granada edo Panama zirena, egun Afganistan, Irak, Iran eta auskalo zein izan daitekeen. Eta banana edo industriarako lehengaien rola, ditxosozko petrolioari dagokio orain, noski.
Bost kontinenteek osatuko lukete, beraz, Estatu Batuen «etxe atzeko baratza» etorkizunean. Eta bere garaian Brasil, Argentina edo Mexikok jokatu rola egokituko litzaieke biharko egunean Alemania, Frantzia, Errusia edo Txinari. Eta ez da harritzekoa hauek pozez beterik ez egotea.
Iraganak ez du geroa behartzen; aurreak erakusten du, ordea, atzea nola dantzatu, oraindik ere


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Irak
2023-03-30
Mendebaldearen izenean

20 urte bete ditu argazki honek, baita AEBek, Europako bere mariatxiek lagunduta, Irak inbaditu zutela. “Suntsipen handiko armak” hondatzea eta herrialdea “askatzea” izan ziren argudioak. Herrialde bat birrindu egin zuten: milioi erdi irakiar baino... [+]


Kurdistanen aurkako erasoak areagotu ditu Turkiak, gehiengoaren arreta Ukrainako gerran jarrita dagoela probestuz

Turkiak operazio militar berria abiatu zuen igandean Bashurren, PKK (Kurdistango Langileen Alderdia) desegiteko argudioarekin. Kurdistango Askapen Mugimenduak salatu du Ukrainako gerraren testuinguruan Kurdistanen aurkako erasoak areagotzen ari dela Turkia, eta horrez gain,... [+]


Droneekin milaka zibil hil eta isilpean pasa dituztela frogatu dute Pentagonoaren dokumentu ezkutuek

Gudarako droneen teknologian milioika dolarreko inbertsioak egin ostean, “historiako aire kanpaina zehatzena” iragarri zuen Barack Obama, AEBetako presidenteak. 2014tik gaur arte Pentagonoak bildutako dokumentuak aztertuta, ordea, “aire guda hau inteligentzia... [+]


2021-09-21 | Axier Lopez
Irailaren 11ko legatua: Yes we drone

2001eko urrian, irailaren 11n World Trade Centerren aurkako erasoak gertatu eta hilabetera, Amerikako Estatu Batuetako Aire Armadako pilotu batek historia egin zuen: drone moderno batekin (The Predator) eraso hilgarria egin zuen lehen pertsona izan zen. Ordutik, droneak XXI... [+]


Basamortuko ekaitzerako aterki mediatikoa

Persiako Golkoa, 1991ko otsailaren 28a. Golkoko Lehen Gerra amaitu zen, AEBak buru zuen koalizioaren garaipenarekin. Gerra hartan komunikabideak arma estrategiko bihurtu ziren, "gerra garbiaren" kontzeptu berria indartzeko eta iritzi publikoak erasoei zilegitasuna eman... [+]


Mosul digitalki berregin dute

Google Arts & Culture plataformak, The Art & Soul of Mosul izeneko ekimenaren bidez, hiri hartako ondarea digitalki berregin du eta hiru dimentsiotako ereduak eskaintzen ditu azken urteotako gerran galdutakoa bisitatzeko.


2020-07-28 | ARGIA
Hiru manifestari hil ditu Irakeko poliziak, zerbitzu publikoaren aldeko manifestazioetan

Uztail bukaera honetan Bagdadeko Tahrir plazan errepikatzen dabiltzan manifestazioetan gertatu dira ezbeharrak. Aurreko gobernuak bideratu errepresio bortitzaren tonua dute hilketa hauek.

 


2020-05-25 | ARGIA
Irakeko protestetan ia 500 hildako eta 120 bahitu zenbatu ditu NBEk

2019ko urritik 2020ko martxoaren 21era 490 hildako, 7.793 zauritu eta 123 bahiketa egon direla salatu du NBEk. 2019ko urrian hasi ziren protestak Iraken, gobernuaren dimisioa, parlamentuaren desegitea eta sistema politikoaren erreforma helburu. Lehen ministro ohiaren dimisioaren... [+]


2020-04-07 | ARGIA
Iraken epidemia zabaltzen bada, herrialdeak ezingo dio aurre egin

Jasan dituen gerren ondorioz, Irakeko osasun sistema jota dago eta koronabirusaren epidemia bati ezingo lioke aurre egin. Hala ohartarazi dute agintariek.


2020-01-08 | ARGIA
Iranek AEBen bi baseri misilekin eraso die, Soleimaniren hilketari erantzunez

Irango Goardia Iraultzaileak dozena bat misil jaurti ditu Iraken AEBek dauzkaten bi baseren kontra. AEBetako agintariek berretsi dute erasoa izan dela eta Irango atzerri ministro Javad Sarifek esan du bere herrialdearen "autodefentsa neurri gisa" eginak izan direla... [+]


AEBek Iranen aurka hasitako gerra gaitzetsi dute dozenaka hiriburu estatubatuarretan

Deialdia "Ekialde Hurbileko gerra berri baten aurka eta AEBetako indar militarrak ateratzearen alde" egin zela azaldu dute antolatzaileek.


AEBek Irango Soleimani liderra erail dute Bagdaden misilez

Ameriketako Estatu Batuetako Defentsa sailetik jakinarazi dute erasoak Iranen etorkizuneko planak "gutxiestea" zuela helburu.


Irakeko matxinada odoltsua haserrealdi globalaren eta Iran-AEB gerraren artean

Enbata zakar baten gisa hedatu da munduan zehar protesta-haizea 2019an. Gobernu eta eredu sozio-ekonomiko oso ezberdinetako herrialdeetako kaleak sutu dituzten matxinadok 1848ko eta 1968ko matxinada sail salbuespenezkoekin alderatu ditu zenbait adituk. Nola interpretatu horien... [+]


Eguneraketa berriak daude