Bost idazle bost gogoeta

  • XX. mende bukaerako euskal literaturan gailendu diren bost idazlerekin egindako elkarrizketa sakonak agertzen dira "Bost idazle Hasier Etxeberriarekin berbetan" liburuan. Bernardo Atxaga, Koldo Izagirre, Anjel Lertxundi, Ramon Saizarbitoria eta Joseba Sarrionandia hautatu zituen kazetari eta idazle elgoibartarrak euskal gizarteak eta euskal literaturak azken hogeita hamar urte hauetan izan duen bilakaeraren inguruan beren gogo ekarpenak egin zitzaten eta, bide batez, irakurle bezala zuen jakin-mina ase ziezaioten. Hiru orduko hizketaldi barrenkorra izan zuen bakoitzarekin, eta horren guztiaren emaitza jasotzen ahalegindu zen gero. Eta agerian gelditu zitzaion ondorioa: berak gogokoen dituen idazle horien gogoeten arteko aniztasuna.


2007ko otsailaren 21ean
Zarata mediatikoz beteriko garai nahasiotan, merkatu logiketatik urrun eta irakurleengandik gertu dagoen kazetaritza beharrezkoa dela uste baduzu, ARGIA bultzatzera animatu nahi zaitugu. Geroz eta gehiago gara, jarrai dezagun txikitik eragiten.
Galdera asko mahaigaineratu zien Hasier Etxeberriak bere elkarrizketatuei, eta hamaika gaiez egin zuten haiek hausnarketa: beren haurtzaroaz Frankismoaren itzalpean, literaturarenganako hurbilpenaz, euskaraz idazteari ekiteko arrazoiez, gazte garaiko literatur eta kultur mugimenduekin izandako loturaz, heldutasunean edukitako bilakaeraz, gaur egun euskal gizarteak aurre egin behar dion egoeraz eta baita borroka armatuari buruz ere, besteak beste. Hausnarketa horiek bost idazleon ikuspegi ezberdinen isla dira sarri liburuan.
 
Adibidez, euskara eta nazionalismoaren arteko harremanaz galdetuta, honako hau zioen Anjel Lertxundik: "Euskara patrimonializatzen zutenak, nazionalismo tradizionala eta eliza ziren. Bere alde ezer gutxi egiteko, gainera. Euskara eta euskal kultura modu bakar, uniforme batean ulertzeak gu mundu horretatik botatzen gintuen; lortu izan balute, pozik botako zituzten mundu horretatik, paradisutik nola, Mirande, Aresti edo Saizarbitoria. Jarrera monopolista-baztertzaile horiek ez pentsa orduan bukatu zirenik: gauza bera egiten jarraitzen du oraingo euskararen inguruko fundamentalismoak".

Gai beraz Joseba Sarrionandiak zer ote zioen jakin nahirik, liburuaren azken partera jo, eta nahiko txunditurik utzi gintuen adierazpen hau irakurri ahal izan genion: "Ni ez naiz nazionalista". Eta bere ibilbidea ezagututa elkarrizketa egiten zionaren harriduraren aurrean, gehitzen zuen: "Ba ez naiz nazionalista, nik ez dut ezelako teoria nazionalista orokorretan sinesten, eta izen hori euskaldunak komunitate independiente moduan antolatzeko proiektuaren aurka erabiltzen dela uste dut gainera. Inoren identitate nazionala pertsonak berak aukeratzen duena dela pentsatzen dut (à) hori bere aukera da. Autodeterminazio eskubidearen aldekoa naiz, eta gizabanakoa autodeterminatzen den bezala, behetik gora edozein komunitateri politikoki antolatzeko eskubidea eman behar zaiola uste dut, herritarren borondatearen arabera".

Eta Bernardo Atxagak, zer iritzi ote zuen hartaz? Galderaren bila genbiltzala, idazlearen arrangura txiki honekin egin genuen topo: "Bultzadak beti etorri zaizkit euskararen munduko periferietatik. Politikoki oso abertzaleak ez zirenen aldetik. Abertzale sutsuenen aldetik, kontrakoa etorri izan zait maiz, zipozkeria". Baina euskara eta nazionalismoa gaiaz galdetuta, hauxe argitzen zuen: "Ni ez naiz izango abertzalea non eta nire izate hutsagatik, euskaldun izateagatik, alegia, ez nauten kastigatu nahi. Baina ikusten baldin badut nire laguna euskaldun izate hutsagatik kartzelara eramaten dutela, nire alabari ukatzen diote eskola, bada orduan... abertzalea nintzateke. æPatriotÆ, bai horixe".

Koldo Izagirrek, berriz, erabat ziur ematen zuen esaterakoan: "Nazionalismoa sartzen denean hizkuntzaren terrenoan beti kalterako da, beti datoz purgak". Baina nazionalistek ez badute euskararen alde egiten, ea nork egingo duen Hasier Etxeberriak galdetzen zionean, honela erantzuten zuen: "Gure drama txiki burges koxkor honen zati bat ere hori da. Alderdi abertzaleak mugitzen ez badira inor ez da mugituko euskararen alde, eta alderdi abertzaleak mugitzen direnean euskararen alde, euskara politizatu egiten omen da. Inperialista linguistikoen betiko leloa da. Nahiago nuke PSUC bezalako gauza bat edukiko bagenu eta denok katalanista izatea, alegia, euskaldunak izatea derrigor abertzale izan behar gabe".

Ramon Saizarbitoria gelditzen zitzaigun. Baina hark esandakoetatik, gustukoak ez diren gauzak ere esan beharra ere badagokiola gogoratuz aitortzen zuen honek egin zigun zirrara: "Min handia ematen dit ikusteak nola gazte gizajo askok aberriaren deia entzun eta bizitzaren urterik hoberenak galtzen dituzten, beste batzuk hizkuntza-eredu arazorik ez duten unibertsitateetan, USAn sarritan, prestatzen diren bitartean. Zenbat energia ari garen alferrik gastatzen herri honetan. Zenbat gazte geratzen den bidean, bizitza betirako izorratuta. Ez bedi niregatik izan behintzat".

 

EZAUGARRI KOMUNAK.

 

 

Zaharren eta gazteenaren artean, hamabost urteko aldea dute. Baina garai beretsuan eman ziren denak ezagutzera, kezka eta antsia antzekoak dituzte, eta belaunaldi bereko kide bezala hartzeko tentaldia handia izan daiteke. Ez dute beraiek horrelakorik onartzen, ordea. Arrazoituz, gainera: bakoitzak bere mundu literarioa daukalako; eta bizitza eta literatura ulertzeko eran ere ezberdinak direlako.Nolanahi ere, Hasier Etxeberriak ohartarazten dio liburuaren irakurleari, guztiz ezberdinak direla dioten arren, nolabait baino ez bada ere, txalupa bereko bidaiari direla. Eta hala izango da edo ez, baina gogoetetan izan ditzazketen ezberdintasunez gain, bost idazle hauek badituzte zenbait gauza komunean ere. Esate baterako, gazteleraz ekin ziotela denek idazteari; baita erabat euskaraz hezitako bakarra zen Bernardo Atxaga ere -geroago eskolan nahitaez erdaraz egin behar izan zuen, jakina-. Beste guztiek, gaztarorako, etxeko hizkuntza herdoiltzen hasia zuten, kontzientziatu ziren arte. "Ni euskaldundu izan ez banintz, ez nintzen idazle izango", aitortzen du Koldo Izagirrek.

Komunean dute, baita ere, nolabaiteko militantziagatik hasi zirela guztiak idazten. Eta bereziki Gabriel Arestik izugarrizko eragina izan zuela denengan; Jon Mirande edo Etxaide bezalako idazleek ere bai, baina ez hainbeste.
Abangoardiako literatura egiteko beharra sentitzen ere bat etorriak ditugu. "Guretzat lotuta zihoazen literatura eta euskara abangoardiarekin, progresismoarekin, bizitzaren politikarekinà Hori guztia genuen ardatz, eta horrexek eman zizkidan gerora etsipenik handienak edo uste txarrik handienak: lotura hori puskatu egiten zela ikusi genuen, ez zirela euskara eta progresismoa horrenbesteraino uztartzen", adierazten du Bernardo Atxagak.

Euskal kulturak zituen beharrei erantzuteko asmoz egiten omen zuten literatura mota hori, eta ez, esateko zutenari biderik aproposena irekitzeko, Ramon Saizarbitoriak azaltzen duenez: "Eraikuntzaren literatura egiten den herrietan, literatura herrikoia egiten da, eta gurean, aldiz, literatura elitista egiten hasi ginen -dio gero-. Helburua, esan genezake, euskal kulturari abarkak kentzea zen (à) Jakina, berehala esan ziguten baserritarrek ezin zutela guk idatzitakoa ulertu. Guri bost axola. Gauza zen euskararen baitan abangoardia sortzea. Eta lortu genuela esango nuke. Gure neurrian, Espainiakoa baino, eta Euskal Herrian gaztelaniaz egiten zena baino, aurreratuagoak ibili ginela ere esango nuke"

 

Hasier Etxeberria: «Penagarria egiten zait erdal komunitateak ez izatea gurearekiko interes gehiago»
Pozik dago Hasier Etxeberria irakurle gisa miresten dituen bost idazle "etxekolanak" egiten jarri eta lortu dituen emaitzekin. On dira pentsalariak bere herriarentzat, nahiz beren gogoetetan bat ez etorri, edo horregatik hain zuzen. Kontua da irakurle euskaldunak oso ondo hartu duela "Bost idazle Hasier Etxeberriarekin berbetan" liburua. Lau mila ale inguru saldu omen dira dagoeneko! Besterik da, ordea, euskaraz ez dakien gure herriaren zati gorrak eduki zuen jarrerak kazetari eta idazle elgoibartarraren baitan piztu duen sumindura. Izan ere, Bernardo Atxaga, Koldo Izagirre, Anjel Lertxundi, Ramon Saizarbitoria eta Joseba Sarrionandiaren gogoetak irakurri eta gero erdal komunitateko euskal hiritarrek errespetu gehiago edukiko zigutelakoan zegoen…

Aukera bakoitzak dakar zer edo zer baztertu beharra. Zuk bost idazle aukeratu dituzu, ez edonolakoak, baina bost. Haserrerik izan duzu egindako aukeraketarengatik?
Haserrerik ez, begirada hotzagoak bai. Eta ez bakarrik idazleen aldetik, baita euskalgintzan dabiltzan zenbait ustez lagunen ingurutik ere, lan hau nik egin dudalako eta ez haiek. Bada, asko sentitzen dut, baina niri bururatu zait eta nik eduki dut adorea. Ez dut esango ni besteak baino hobea naizenik, baina behintzat asmoa eta indarra nik eduki dut une zehatz horretan, hori ezin zait ukatu. Bai, sumatu dut zerbait, baina ez gehiegirik ere. Gehiago sumatu dut idazleen artean poza eta, nahi baduzu, inbidi sano bat. Esan nahiko balute bezala: «Bazen ordua!». Esker on bat ere badago hemen, ez bakarrik bost idazle hauei, baizik ete idazleon jarduerari! Eta zergatik bost eta ez zazpi, edo zergatik ez emakumerik, horretan oso erraza daukat erantzuna: irakurlea da errege, eta ni naizen irakurle honek kontsideratu du, inolako azterketa akademikorik gabe, bost idazle horiek direla nigan interes gehien sortzen dutenak. Ez akaso lanik hoberenak eurenak direlako, egon daitezke lan hobeak. Baina niri asko interesatu zait hauek idazle izateaz gain eduki duten konpromisoa euren garaiarekin eta ni bezalako tipoekin. Azken batean argia bilatzen duzu zu baino listoagoak direnengan, eta hauek bostak dira ni baino listoagoak. Badaude gehiago ere, baina niretzat hauek izan dira nabarmenenak.

Irakurlea izan omen duzu zure lan honen abiapuntu eta helmuga. Zer esan nahi duzu horrekin?
Ni hartzen naute idazletzat edo kazetaritzat, baina bi jarduera horien oinarrian irakurle bat dago. Eta ni, nire familiarengatik, txikitatik izan naiz euskarazko produkzioaren irakurle. Eta nik hori bizi nuen egiazkoa balitz bezala: hor bizi nintzen, hor irakurtzen nuen, heziketa ere ahalik eta gehien euskaraz jaso nuen… Gero ateratzen nintzen Elgoibarko nire lagunekin eta inork ez zituen nire erreferenteak, baina ni unibertso horren barruan bizi izan naiz. Esate baterako, Rikardo Arregi hil zenean -txiki-txikia nintzen arren, prakamotzetan ibiltzen nintzen oraindik-, Mendaroko hiletara joan nintzen, eta han ikusi nuen lehenengo aldiz nire euskarazko unibertsoko akademiko eta idazle haiek benetan existitzen zirela. Eta nolabait unibertso horren baitatik abiatuta idatzitako liburua da nire hau.

Zeren bila zihoazen?
Neure burua argitu nahian: ia nire unibertso hori benetan anormala zen ala ez ikusi nahian. Eta zalantzak izan ditut, zeren ikusten nuena zen nolabait perbertsio bat zela gure letrekiko, gure historia hurbilarekiko, gure barneko gauzekiko neukan interesa: konpromiso ezberdinak, politika jarduerak, borroka armatuarekiko harremanak, erdaldunekiko loturak… hori dena. Nire baitan pixka bat argitzeko izan zen, eta uste nuen perbertso samarra izan zitekeela, eta perbertsio guztiak bezala oso partikularra. Pentsatzen nuen: Nori interesatuko zaio hau? Baina banuen susmo bat, eta konturatu naiz batzuei interesatu zaiela eta dezente gainera.

Nolako erantzuna jaso du liburuak euskal irakurlearen aldetik?
Uste nuena baino hobea. Lau mila ale inguru saldu dira dagoeneko!

Liburua erosi bai, baina zenbatek irakurriko ote zuen?
Hau bai! Nik uste dut liburu garesti samarra dela irakurri gabe uzteko. Ez da nobela bat edo liburu arrunt bat. Erosteko, benetan eduki behar duzu, edo gogo handia, edo bestela bateren batek belarrian ondo esan dizu merezi duela. Nik hemezortzi liburu dauzkat kaleratuta, batera eta bestera, era guztietakoak, eta inoiz ez dut sumatu horrelako erantzunik. Are gehiago, esaten da irakurle euskaldunik ba ote dagoen edo ez dagoen. Egia esan, ez dut kritika negatibo handiegirik jaso, eta hori ere kezkagarria da, zeren zer edo zer edukiko du txarra, ez? Baina niri behintzat balio izan dit ikusteko irakurlego bat badela eta gainera kalitatezkoa dela: benetan segitzen ditu horko gauzak, eta batzuetan nik baino hobeto aztertu ere bai.

Sortzetik izan omen du lan honek espainolez ere agertzeko asmoa. Nolako harrera izan du gaztelerazko bertsioak?
Gaur arte behintzat erdarazkoaren bizitza askoz ere tristeagoa izan da. Lau saldu badira euskaraz, bat saldu da espainolez. Asmoa zen erakustea beste parte horri gu zer garen eta benetan simulakroaren teoriari ere aurka egitea, adieraziz benetan baditugula idazle onak, bakoitza gainera kolore bat da eta begira zer intelektual maila duten, begira zer ari zareten galtzen! Hau gertatzen ari da zuen ondoan eta ez duzue hemendik ezer hartzen! Baina ez dago interesik! Ez dut esan nahi liburu honena neurgailu zehatza denik, baina nik gehiago espero nuen. Milara ez da iristen espainolez saldu dena, egin genuen ahaleginarekin: lau itzultzaile, editoreek liburuan jarri duten indize onomastikoa, Lizardi edo Orixe esaten denean, kasu, nortzuk izan ziren azalduz… Eta oso-oso kezkaturik nago. Penagarria egiten zait erdal komunitateak ez edukitzea gurearekiko sentsibilitate edo interes gehiago. Hala ere, konbentzituta nago ni hil baino lehen espainolezkoa gehiago salduko dela -zenbaki absolutuetan, eh!- euskarazkoa baino.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Euskal literatura
“Konplexutasuna agertzeko lekua da literatura, ez lezioak ematekoa”

Helduentzako zazpigarren lana argitaratu berri du Uxue Alberdik, hirugarrena ipuingintzan: Hetero (Susa, 2024). Zortzi narrazio bildu ditu liburuan, eta denen abiapuntua izan da memorian geratu eta “noizbait ere honi buruz idatzi behar dut” pentsarazi dion paisaia,... [+]


DBHko ikasleak literaturzaletzea helburu duen irakurketa-lehiaketa aurkeztu dute

Esloveniako eskoletan izan duen arrakastari tiraka, Alberdania argitaletxeak Euskal Herriko ikastetxeetara ekarri du Joko Ona Denontzat irakurketa-lehiaketa: DBHko ikasleek “kalitate handiko liburuak” irakurriko dituzte taldeka, eta avatarra aukeratuta, horiei... [+]


Leire Lakasta Mugeta
“Hitzak harriak dira Ernauxentzat, eta idazketa labana”

Annie Ernaux (Lillebonne, Normandia, 1940) idazleak bere poetikaz eta horren funtzioaz egindako hausnarketak jasotzen dituen elkarrizketa-liburua euskarara ekarri du Leire Lakasta Mugetak (Iruñea, 2002): Idazketa labana bat da (Katakrak, 2024). Idazketaz, hautu estetiko... [+]


‘Politeismo bastarta’: lau egun Angela Davisekin eta Jule Goikoetxearen pentsamenduetan

Susa argitaletxearekin kaleratu du Goikoetxeak liburu berria: Politeismo bastarta. Nobela gisa kalifikatu arren, kronika gozo eta bizia da, irakurlea Goikoetxearen pentsamenduetan barneratuko duena. Donostiako San Jeronimo kaleko sotoan egin du aurkezpena, hamarnaka lagunen... [+]


Erraldoiek lagunduta eta haurrez inguratuta aurkeztu dugu ‘Abentura erraldoia’ liburua

Abentura erraldoia. Salba dezagun kalejira haurrentzako liburua modu berezian aurkeztu du ARGIAk, Donostian. Haur eta guraso ugari bildu ziren Gorka Bereziartua eta Adur Larrearen ipuinaren bueltan, eta festarako, dantzarako, ipuinak kontatzeko eta maskarak marrazteko tartea... [+]


Ipuinak idazten ikasten: nondik hasi eta zeri jarraitu?

Garazi Arrula (Tafalla, 1987) eta Iñigo Astiz (Iruñea, 1985) gonbidatu ditu Mikel Ayerbek (Azpeitia, 1980) Idazteaz beste euskal literaturari buruzko elkarrizketa-saioetako bigarrenera. Euskal ipuingintza izan da elkarrizketa saio honen gaia, eta gonbidatuen... [+]


Uxue Juarez. Hitzak pospolo
“Uretara harri bat botatzen duzunean sortzen diren uhin horiek dira poema”

Batxilergoan tutore izan nuenetik ia 10 urte pasa direla elkartu naiz Uxue Juarezekin Ur Mara museoko Toureau etxolan (Alkiza), pagoez eta Koldobika Jauregiren eskulturez inguraturik. Autoritate segitzen du izaten niretzat Uxuek, baina beste zentzu batean orain. Aurpegian... [+]


Katixa Dolhare-Zaldunbide
“Literaturaz gozatzen ikasi egiten da, eta ikas prozesu hori landu behar da gelan”

Bankan bizi den Literatura irakasle, ikerlari eta idazlea da. Irailaren hondarrean Itsasun egin zen Irailekoak poesia jaialdiaren baitan Ipar Euskal Herriko Poesiaz eman zuen hitzaldia. Besteak beste, bertan errandakoak hona ekarri nahian hasi gara harekin solasean.


Erraldoi eta buruhandien kalejirak lagunduta aurkeztuko dugu ‘Abentura erraldoia’ liburua, ostiralean Donostiako Grosen

Donostiako Gros auzoko erraldoi eta buruhandien konpartsak giroturiko kalejira eta dantza izango ditu lagun, ostiral honetan ARGIAk antolatu duen liburu aurkezpenak: Abentura erraldoia. Salba dezagun kalejira aurkeztuko dute Gorka Bereziartua eta Adur Larrea egileek.


Baigorri-Tafalla senidetze eguna
Liturgia ez-katoliko bat Urdozeko kaperan

Kasu Hegoaldeko begirada horri. Lehen-lehenik desmitifikatu larre berde, etxe zuri eta teila gorrien lur ederrekiko miresmen itsua, halako maitasun inkondizionala, hizkerari eta ustezko bizitzeko manerari loturiko fetitxismoa. Utz, Ruper Ordorikari sarri entzun gisan,... [+]


‘Gero’: iraganeko geroaldia

Mintza gaitezen klarki, itzulingururik gabe, esan beharrekoak esateko gerotik gerora ibili gabetanik: jolas hau, euskaraz letrak juntatzean datzana, Axularrek pasatu zuen. Kasik jolasa asmatu bezain laster gainera, halako moldez non Gero-ren orrialde gehienetan ematen baitu... [+]


2024-10-21 | Leire Ibar
Aiora Jaka, Jon Urzelai eta Julia Otxoa dira Euskadi Literatura sarietako gainerako irabazleak

Euskarazko Literatura Itzulpena, Saiakera Euskaraz eta Gaztelaniazko Literatura kategorietako irabazleen berri eman dute Donostiako San Telmo Museoan egin den aurkezpenean. Saiakera Gaztelaniaz saria ez ematea erabaki du epaimahaiak.


Adur Larrea eta Gorka Bereziartua
“Haurrek errazago barneratzen dituzte magia eta ezustekoa”

"Erraldoiei buruzko ipuina nahi dugu, haur txiki nahiz koskortuagoentzat". ARGIAk enkargua egin zien etxekoak ditugun Gorka Bereziartua kazetariari eta Adur Larrea ilustratzaileari. Emaitza: Abentura erraldoia. Salba dezagun kalejira. "Gauza berriak probatzeko... [+]


Eguneraketa berriak daude