BOLADJI OMER BERTIN OKE: "BERE GARAIRA EGOKITZEN EZ DEN GIZARTEAN SORTZEN DA INKOMUNIKAZIOA"

  • Non jaio ez du inork hautatzen. Baina non bizi norberaren erabakia izan dadin egiten du lan Boladjik, dabilen lurretan partaide izanez, ekinez zoriontsu denak. Begiratu lasaiarekin, bere mundurako atea zabaldu digu.

Beningoa zara. Mapan begiratuta Benin Mendebaldeko Afrikan ageri da, Nigeria eta Togo artean, Ozeano Atlantikora irteera duela. Baina mapan ikusten ez dena deskriba iezaguzu.
Ia zazpi milioi biztanle ditu, eta azaleraz Espainiako Estatuaren bostena-edo litzateke. Ez da herri handia, baina kultura ezberdin askoren presentzia du. 16 hizkuntza daude, eta dialektoak, berriz, 40tik gora. Erlijioekiko ere irekia den herri bat da betidanik, erlijio kristaua, musulmana eta bertako erlijio tradizionalak baitaude.
Hizkuntza ofizial bakarra frantsesa da, baina gainerako arlo guztietan askoz indar handiagoa dute bertako hizkuntza batzuek, besteak beste, herriko kultura ezberdinen erresistentzia oso indartsua izan delako frantsesarekiko. Hizkuntza horietan ez da idazten, baina han ahozko transmisio oso indartsua dago, eta hizkuntza eta kultura oso biziak dira.

Zu zein hizkuntzatan mintzatzen zara?
Nire aita yoruba etniakoa da, eta ama fon etniakoa. Nik fon hitz egiten dut, bere sorrera bera duen beste dialekto bat ere bai, goun, eta hauekin erlazioa baduen mina ere bai. Yoruba apur bat ulertzen dut. Frantsesa eta gaztelera ere hitz egiten dut.

Erregimen komunista izan zuen Beninek, 1972tik 1990era arte. Zuk nola bizi izan zenuen?
Erregimen komunistan bizi eta hazia naiz. Beningo komunismoa bere errealitatea oso kontuan hartuta ulertu behar da: herri afrikarrek errealitate kultural eta historiko partikular bat dute, alfabetizazio tasa alturik ez dago, jendeak bizirauteko nekazaritza lurraldeetan jarraitzen du.
Beningo erregimen komunistan partidu bakarraren diktadura zegoen. Kontrola ez zen hain hermetikoa edo itxia, baina eremu politikoa elite politiko jakin eta militar bati zegokion.
Abantaila argi batzuk ere bazeuden: hezkuntzari zegokionean iraultza bat egin zen. Herriek eurengandik gertu eskolak zituzten, baita oinarrizko osasun beharrentzat anbulatorioak ere. Unibertsitate ikasketak egiteko ez zen asko ordaindu beharrik (gaur eta hemengo balio eskalan 30 eurora ez zen ailegatuko). Gobernutik «benetako» bekak eskaintzen ziren: orduko gutxieneko soldata profesionala ematen zizuten ikasle izateagatik, zure familiaren ahalmen ekonomikoen menpe ez egoteko. Ekonomikoki ere, jendearen arteko ezberdintasun mailak geldiaraztea lortu zen.
Baina bazen gutxiengoaren klase bat, aparatuaren klasea, hitzez deskriba ezina den diru ustelkeria giro batean mugitzen zena. Hala, aita batek bere semeari handitan zer izan nahi zuen galdetzen zionean, semeak militarra edo aduanaria izan nahi zuela erantzuten zuen.

Oso parte-hartzailea, aktiboa zara. Horrek zerikusia izango du, agian, eduki zenuen hezkuntza marxistarekin, edo gazte talde iraultzaileetan parte hartu izanarekin...
Bai. Erregimen marxistan zelulak ezartzen ziren, kontrol elementuak zirenak, baina herritarren inplikazioa ere bilatzen zutenak (hura herritarren iraultza bat zela esaten baitzen), beti ere partidu bakarraren mandatu eta orientazioen arabera. Mugimendu iraultzaile eta zelula asko zeuden, hasi auzoetako zelula iraultzaileetatik, eta enpresatako iraultzaren defentsarako batzordeetaraino. Esaterako, astelehenero, klasera joan aurretik bandera igoera egiten zen, eta denok himnoa eta iraultzaren beste bizpahiru kantu abesten genituen. Klasean sartu eta egiten zen lehenengo gauza, eslogan iraultzaile batzuk goraipatzea zen. Txikitatik sistema horretan sartzen zinen. Taldean lan egiten zen, eta aktibitateak sustatzen ziren jendeak taldeak sor zitzan, baseko sarea sortzen jarraitzeko. Hortik aurrera parte hartzen hasten zara; ni ez nintzen oso kontzientea ere, halakoa zen gure errealitatea. Ez banu parte hartuko, erreakzionarioa izango nintzen; alegia, ez genuela aukera askorik ere.

Zerk eraman zuen Benin sistema demokratiko liberalera?
Krisi ekonomikoa egoera larri bateraino iritsi zen. Bekak ez ziren unibertsitatera iristen, eta ondorioz unibertsitateetan hasi zen matxinada; funtzionarioak zazpi hilabetean kobratu gabe egon ziren, eta lanera joateari utzi zioten, herria praktikoki gelditu egin zen. Desobedientzia zibila zegoen, biolentziarik ez zen izan.
Gobernuak, administrazioaren blokeo orokor honen aurrean, herriaren etorkizuna erabakitzeko prozesu bat planteatzea beste erremediorik ez zuen ikusi, eta nazioko indar bizien konferentzia bat planteatu behar izan zuen. Konferentzia astebetean egin zen. Partidu asko sortu ziren, eta horiez gain, konferentzian parte hartu zuten bai autoritate erlijiosoek (katoliko, musulman, eta erlijio tradizionaletakoek), bai egoera honen inguruan sortu zen sare sozial guztiak, eta baita atzerrian zegoen oposizioak ere. Zazpi egunetan, gizarte demokratiko eta pluralismo politikoranzko aldaketa bat behar zela erabaki zen. Sei hilabeteko trantsiziozko gobernuak konstituzio berria idatzi, erreferendum bidez konstituzioa onartu, hauteskundeak egin, eta 1991n beste aro berri bati ekin zitzaion.

Zer ondorio ekarri ditu sistema demokratiko liberalera igarotzeak?
Benin, izan zuen krisia medio, Nazioarteko Moneta Funtsa Egokitze Estrukturaleko Programa batean sartu da. Horrek guztiak funtzionarioak murriztea ekarri du, eta jakina, nondik hasi dira funtzionarioak kentzen? Irakaskuntzatik. Lehen eskola pribaturik ez zegoen. Orain eskola pribatuak ezarri dira, eta herrietatik gertu zeuden eskola publiko haiek denak itxi egin dira.
Nazioarteko Moneta Funtsaren eskuetan egonda, aplikatu diren irizpide ekonomikoak indarrean dauden liberalismo hegemonikoarenak dira. Dena garestitu egin da, eta ezberdintasun sozialak handitu egin dira. Elitismoak indarra hartu du, eta txirotasuna izugarri handitzen ari da. Hori jendeak benetan bizi du, eta memoria pixka bat eginez aurreko egoerarekin konparatzen du. Demokrazia eta adierazpen askatasuna ezinbestekoa da garapenerako, baina egoera ekonomikoa ikusita jendeak disgustura bukatu du, ez duelako lortu demokraziaz eta liberalizazioaz espero zuena.

1991n Euskal Herrira etorri zinen, Informazio Zientziak ikasketak egitera. Nolakoa izan zen hemen «lurreratzea»?
Etorri nintzenean ikasle agiria banuen, baina ez nuen lanik. Ikasketak eta mantenua ordaintzeko lanaren beharra nuen, eta horretarako adimena zorroztu behar, ikasle agiriak ez baitzidan lan egitea onartzen. Beraz eremu informalaren barruan egin behar izan nuen lan. Baina tira, hau dena edozein etorkinek bizi duena da, ni ez naiz kasu berezi bat.

Zein da, beraz, etorkinek orokorrean lan merkatuan bizi duten errealitatea, eta zeintzuk dira errealitate hori sorrarazten duten faktoreak?
Etorkinek orokorrean bete ohi dituzten lanak, bertako herritarrek bete nahi izaten ez dituztenak dira. Geroz eta etorkin gehiago dago arrantzan, etxeko lanetan, eraikuntzan, edo urtaroetako lanaldi gogorretan (mahatsa biltzen, nekazaritzan). Hasteko, lan hauek egin nahi ez dituen geroz eta jende gehiago dagoelako, bertako biztanleen artean gero eta formazio gehiago dagoelako maila espezializatu eta goi ikasketatan; gainera, langabezian egon arren lan horiek egin nahi ez badituzte, badute familia bat, babesa ematen dietena. Bestetik, badirudi bertakoaren begietara ez duela konpentsatzen lan gogor horien truke eskaintzen den diru ordainak.
Etorkina iristen denean, berak ez du babestu dezakeen familia sare hori, bizileku eta mantenu gastu guztiak berak ordaindu behar ditu (gizarte honetan gauza askogatik ordaindu behar baita!), eta nahiz eta formazioa eduki, lan horietan sartzen da, ezin duelako gustatuko litzaiokeen lana noiz etorriko zain egon.
Paperik gabekoen errealitatea ere hor dago (nahiz eta askoz etorkin gehiago dagoen paperak dituena). Klandestinitatera behartzen zaie, ezkutuko lan prekarioetan egotera behartzen zaie, lan istripu arriskuak izatera behartzen zaie... Finean esklabotza bihurtutako eskulana egitera behartzen zaie, eta ez zaie onartzen gizarteari eurek zenbateraino ematen dioten. Euren lanaren bidez lan merkatua zein herri honen garapena dinamizatzen ari dira, eta eurak ere zerga ez-zuzenak ordaintzen ari dira. Errekonozitua ez den lan bat da, eta gainera jazartua den jendea da.

Zein izan daiteke lan merkatuko egoera horren konponbidea?
Lan merkatuari dagokionean, egin dezakeguna kontratatzaileak sentsibilizatzea da, kolektibo honengan arreta berezia jar dezaten. Bestetik, paperik gabekoen kolektiboarentzat proposatzen duguna paperak ematea da. Administrazio zentralari errealitate hau konpontzen saia dadila eskatzen diogu, jendea benetan integratzea eragozten ari baita.

Bertan bizitzeko baimenik ez duenak zer egin behar du baimena lortzeko?
Hemen bertan dagoen jendeak baimen hori lortzeko egun oso aukera gutxi du. Administrazio zentralak eskaintzen duen bakarra, jende honek bere herrira itzuli ahal izatea da. Etorkin horrek lotura familiarrik badu bertako pertsonaren batekin, eta gainera lan eskaintzarik badu, orduan bere kasua ikertzen da.
Bertan bizitzeko baimena nori eman eta nori ez, administrazio zentralak erabakitzen du, estatu ezberdinetan dituen enbaxaden bidez. Baimen hori emateko, gainera, ez dago irizpide objektiborik. Baldintzak bete arren, gogorik ematen ez badie baimenik gabe gelditzen zara.

Atzerritarren alorrean konpetentzia Madrilek du. Horren aurrean zer egin dezakezue Eusko Jaurlaritzatik?
Errealitate hau beste modu batean tratatzeko eskatzeaz gain, garantia juridikoak jartzen saiatzen gara. Batetik, pertsonen oinarrizko eskubideak errespetatuak izan daitezen, eta bestetik, Madrildik ezarriak diren baldintzatan sartzen den jendeak dokumentazioa lortu dezan. Horretarako abokatu kolegioekin konbenio bat sinatu dugu. Etorkinei dokumentazioa lortu ahal izateko informazioa eta laguntza ematen diegu, eta udalei berriz, etorkinen kolektiboarekiko euren lana erraztu ahal izateko laguntza eskaintzen diegu.

Eusko Jaurlaritzan zure egitekoa, integraziorako plan global bat koordinatzea da. Zer beharrei egin nahi die aurre?
Kultur arteko integrazioa bideratzeko marko baten beharra ikusi dugu, eta horri erantzun behar dio Inmigrazio planak. Inmigrazioa, gizarte honetan presentzia duen errealitate bat da, gainera jatorri ezberdina duen jende gero eta gehiago dago. Etorkin kolektiboen inguruan beste komunitate batzuk sortzen ari dira, presentzia eta indar kultural handia dutenak; beraz, marko bat behar da, espazio hau konpartitzen ari diren errealitate ezberdinen arteko elkarrizketa ahalbidetuko duena, eta ahalik eta egokiena den elkarbizitza ekarriko duena.
Planak, etortzen den jendeari harrera on bat egitea ere sustatu behar du, ahalik eta modu egokienean integratu dadin gizarte honetan, eskubide eta betebehar ezberdintasunik egon gabe.

Harrerarako plana, udalen bidez artikulatzen ari zarete. Zergatik udal mailan?
Harreraren ardurak ez duelako Gobernuz Kanpoko Erakundeena izan behar, alderantziz, ardura publikotik osatu behar dugulako harrera sare bat. Etorkina ere gizarte honetako partaide da, bere lan eta zergen bidez komunitatearen garapenean parte hartzen ari da. Beste edozein herritarri bezala, bere beharrei ere udalak erantzun behar die.
Udala arduratuko litzateke etorkinarentzat herrirako sarrera atea izateaz, etorkinak bere arazoak konpontzera edo informazioa jasotzera gertuenekoa zaion administraziora jo dezan. Modu honetan, udalak ere bere herriko errealitatea ezagutuko du.

Kulturalki zer gatazka sortu ohi dira?
Integrazio gisa proposatzen duguna ez da asimilazioa (etorkinak bere kultura galdu eta bertakoa soilik onartzea), baina ezta kulturen garapen inkomunikatua ere (ghettoak sortzea). Etorkinak harrerako herriaren kultura eta hizkuntza ikasteko aukera behar du, baina bere hizkuntza eta elementu kulturalak mantentzeko aukera ere eduki behar du. Era berean, bertako biztanleak etorkin hau nor den jakiteko eta bere kultura ulertzeko aukera behar luke, kultura hori gizarte honen garapenerako elementu bat gehiago bezala errekonozitu ahal izateko.
Etorkina integratuko da gizartean, berak nahi edo ez, eskolan edo lanean sartu ahal izateko behartua baitago kultura hau ezagutzera. Harrerako gizartea ere bere garaietan integratzea da nahi duguna, eta bere garai honek errealitate bat badu, inmigrazioarena, jada bertan errotzen ari diren eta gizarte honen zati diren kulturena. Bere garaira egokitzen ez den gizartean, eta jasaten ari den aldaketetara egokitzen ez den gizartean sortzen da inkomunikazioa, ulerpen eza.

Zer ikasi daiteke 40ko hamarkadan izandako inmigrazio esperientziatik eta etnia ijitoarekin izan dugun esperientziatik?
Ijitoen komunitatea oraindik aurreiritziz betetako ispilu batetik ikusten da. Prejuizio hauek kentzen ez diren arte, ezin da elkarrizketara sartu, ezin da ijitoen errealitatera hurbildu eta eurena ulertu.
Estatutik etorritako komunitateek, hasierako zailtasunen gainetik, eta bertako herritarrek bizi izandako zailtasunen gainetik, gerturatze bat lortu dute, eta egun gailegoen seme-alaba asko dago gailegoaz gain euskaraz hitz egin dezakeena eta gizarte honetan integratuta egon daitekeena. Baina badute gauza bat oso garrantzitsua dena: botoa ematen dutela.

Zergatik du garrantzia hori bozkatzeak?
Partiduek botoak lortzeko euren programatan herritarren beharrak sartzen saiatzen dira. Etorkinok ere botoa ematera iristen garenean, seguru partiduek gure beharrak gehiago hartuko dituztela kontuan. Herri askotan etorkinek badute boto eskubidea. Demokrazia honek, beraz, dituen akats askotariko bat horixe da.
Hemen 16.000 pertsona daude, komunitate honetan bizi arren bozkatu ezingo dutenak, alegia, ezingo dutenak eragin eurengan ere ondorioak izango dituen politikaren norabidean. Neronek ere bertan bizitzeko baimena badut, baina ezin dut bozkatu. Guk ere aukera eduki behar dugu botoaren bidez gure beharrak kontuan edukitzeko eskatzeko, zergen bidez parte hartzen ari baikara agintariek erabiliko duten aurrekontuan.

Inmigrazioak, zuk zuzentzen duzun sailak, elkarlanean jarduten du Eusko Jaurlaritzako gainerako sailekin, edo Jaurlaritzaren aldetik kontzientzia lasai uzteko sortu den sail bat izan da?
Gobernutik eta beste administrazioetatik, sail ezberdinetan inmigrazio alorreko iniziatibak hartu izan dira. Baina iniziatiba hauek sakabanatuta daude eta ez dago marko argi bat, inmigrazioaz zer ulertzen dugun eta noraino heldu nahi dugun esaten digunik. Inmigrazioko zuzendaritzatik iniziatiba hauek denak marko global baten barruan koordinatu nahi ditugu, eta planteamendu batzuk berbideratu ere egin nahi ditugu. Gure lanari kontra egiten dion departamenturik badago, guk ekin eta ekin jarraituko dugu, nekeagatik bada ere amore ematen duten arte.

Zein da komunikabideek inmigrazioaz ematen duten irudia?
Komunikabideak inmigrazioaren errealitatearen zati batetik abiatzen dira, hortik inmigrazioaren errealitate oso bat asmatzeko. Esaterako, badirudi etorkin gehienak Gibraltargo itsasertzetik sartzen direla; baina errealitatean, itsasartetik sartzen direnak ez dira etorkin guztien %2 baino gehiago, gainerakoak aireportuetatik datoz. Bestetik, etorkinen uholde izugarria gertatzen ari denaren inpresioa ematen dute. Baina errealitatean, inmigrazioa Espainiako Estatu osoan ez da %3ra iristen. Eta bada sekula aipatzen ez den beste errealitate bat ere: gero eta etorkin gehiago dagoela zergatan eta gizarte segurantzan kotizatzen ari dena.
Administrazio zentralak erreala ez den politika bat egin nahi du. Politika hori nolabait justifikatu behar duenez, komunikabide batzuk bere propaganda tresna bihurtu ditu, gizarteari inmigrazioaren ideia desitxuratu bat emanda, gizarteak ontzat jo ditzan politika irreal horiek.

Euskal Herrikoa, urte gutxitan gizarterik zaharrena izango da. Orduan inmigrazioari ateak zabalduko dizkiogu?
Une honetan ate irekien politikan ere ez dut sinesten, ez dagoelako horretarako prestatua ez bertako biztanleria, eta ezta kanpotik etorriko den biztanleria ere. Gainera, hemengo hutsuneak betetzeko, kontua ez da beste herri batzuk hustea. Inmigrazio politikak globala izan behar luke: hemengo inmigrazio errealitateari erantzuten diona, eta jatorrizko herrien beharrei ere erantzuten diena. Hartara, herritik atera beharra aukera bat izan dadin, eta ez obligazio bat.

Inmigrazio politika global hori nola eraman behar litzateke praktikara?
Gobernuz Kanpoko Erakundeen finantziaziora mugatzen diren politiken ordez, jatorrizko eskualde eta udalekin garapen programa argiak ezarri behar dira, trukeko politika integral bat egon dadin. Udal mailara deszentralizatutako politika bat oso garrantzitsua izan daiteke, udalak ere garapen agente handiak baitira. Bertako udalen esperientziak jatorrizko udalekin konpartitu behar dira, udalen artean garapeneko programa integralak lantzeko eta elkarri programa hauen baitan laguntzeko. Hemen dauden etorkinak programa horietan inplikatzea ere garrantzitsua da; baina ez itzulerako ikuspegitik, pertsona horrek beste errealitate hura ere ondo ezagutzen duen ikuspegitik baizik.

Euskal Herria agian ez da hain arrazista, oraindik izateko aukerarik ere eduki ez duelako?
Kasu honetan orokortzeak ez du balio, etorkinen kasuan ere orokortzeak balio ez duen bezala. Euskal Herriak estatu barneko inmigrazioa eduki du; nik ez dut garai hori bizi izan, eta ez dakit nola erreakzionatzen zen. Nazioarteko inmigrazioarekiko egun harrera ona dago, agian iraganeko esperientzia horien fruitua dena. Erreakzio arriskutsuak izaten ari diren elementu eta pertsona isolatuak ere badaude, eta hori salatu egin behar da. Arrazakeria eta xenofobia garatu ez dadin lan egin behar dugu

- Jaio: Beninen 1965ean.
- Bizi: Bilbon, 1991z geroztik.
- Eusko Jaurlaritzako Inmigrazioko Zuzendaria.
- Informazio Zientzietan lizentziatua da (Publizitatean espezializatua), eta Nazioarteko harremanen doktorego ikasketak egina.
- Ezker Batuko militantea da.
- Bizkaiko Cáritas eta Mugarik Gabe Gobernuz Kanpoko Erakundeetan lan egina da.

Unibertsitatea hiritik kanpora zegoen, eta ikasleok autobusez joaten ginen bertaraino. Erreboltak hasi zirenean, behin autobusak konfiskatu genituen, hiriko egoitza-jauregira eraman gintzaten, han manifestazioa egiteko. Iritsi ginen hiriko sarrerara, eta militarrak han zeuden, euren auto eta tankeekin. Autobusetara sartzen hasi ziren, kolpeka, eta ihesean hasi ginen. Jendeak, arriskuaren aurrean, modu espontaneoan, inguruko hargin batzuengana jo, eta euren lan-jantzi eta palak kenduta lanean ari ziren itxurak egiten hasi ziren!
Unibertsitatean greba egin genuen beste batean, Barne Ministerioaren aginduz autobusik ez zen etorri, hirian istilurik sortu ez genezan. Oinez egin genituen etxerainoko 20 kilometroak.

Doinua: Lagundurikan danoi
Bakarka muzin eta
publikoan musu
zuk horrelako zenbat
Ikusi dituzu?
Bapatean sorpresaz
hartzen bazaitu, zu
ustez badugun hauei
esan ezaiguzu
gure tolerantzia
aurkitzen baduzu.


Azkenak
Kongok espero du tximino baztangari aurre egiteko adina txerto emango dizkiola Mendebaldeak

Kongoko Errepublika Demokratikoa ari da gehien jasaten tximino baztanga edo mpox-en epidemia. Urtea hasi zenetik 16.700 kasu atzeman dituzte, eta ia 600 pertsona zendu dira herrialdean; gehien-gehienak, haurrak.


Hainbat gizon atxilotu dituzte asteburuan indarkeria matxistagatik

Tuteran 30 urteko gizon bati 23 urteko bikotekideari erasotzea leporatu diote, eta Ondarroan 31 urteko gizon bati lankide bati ukituak egitea, herriko osasun etxean. Bilboko jaietan bi sexu eraso salatu dituzte, eta Donostian 20 urteko gizon bat atxilotu dute, hiriaren... [+]


2024-08-20 | ARGIA
Osakidetzan tratamenduari ekin nahi dioten transek psikiatriatik pasa behar dutela salatu dute

Hainbat kolektibok salatu du Gurutzetako ospitaleko Genero Identitatearen Unitatean arreta jasotzen duten transei lehen harrera psikiatrikoko profesionalek egiten dietela, horrek transak patologizatzen dituela eta harrera endokrinoak egin beharko lukeela. Harrera endokrinoak... [+]


2024-08-20 | Euskal Irratiak
Bigarren etxebizitzen kontrako aldarria entzun da Miarritzen

Etxebizitzen %20 baino gehiago jadanik bigarren etxebizitzak dira Ipar Euskal Herrian. Larrialdi klimatikoaz sentsibilizatzeko lau hilabetez, Nantesetik abiatu Alternatiba txirrindula itzulia, kostaldean zen aste buruan.


2024-08-20 | Mikel Aramendi
‘Txina komunismoaren aurretik’ ikuskizuneko sektaren atzean dagoen kuxidadea

Iazko urtarril-otsailean izan genuen Hego Euskal Herrian bisitari, egundoko propagandaz girotuta baina aparteko arrakastarik gabe, Shen Yun izeneko antolakundearen “Txina komunismoaren aurretik” ikuskizuna. Agian neuk ere esan behar nuen zerbait orduan, haren... [+]


2024-08-20 | ARGIA
Langile bat hil da Iurretan, baso-lanetan ari zela

LAB sindikatuaren kontaketaren arabera, dagoeneko 36 dira aurten Euskal Herrian lan-istripuz hildako langileak.


Epaileak ez du “hilketa saiakeratzat” ikusi emazteari labanaz eraso dion ertzainaren kasua

Mehatxu larriak egitea egotzi diote, eta behin-behinean aske utzi dute urruntze agindua ezarrita. Ertzainak sexua aldatu zuen azaroan, baina inori ez zion ezer esan.


Taser pistola Foruzaingoaren armen araudian sartu nahi du Nafarroako Gobernuak

Nahiz eta Nafarroako hainbat udalerrietako udaltzaingoek taserrak dituzten, ez dago armen araudian jasota. Azkoienen lau aldiz erabili dute, eta Iruñean aurtengo ekainean erabili zuten lehen aldiz.


2024-08-19 | ARGIA
Palestinaren alde mobilizatu dira Bilboko eta Donostiako Aste Nagusian

Palestinarekin Elkartasuna plataformak deituta, bi hiriburuetako jaietan "Palestina presente" egoteko aldarria luzatu dute. Ostiralez Bilbon, eta larunbatez Donostian.


2024-08-19 | Behe Banda
Barra Warroak |
Soro bat, zoro bat

Testu hau goizeko ordu txikitan izaten diren hausnarketa batekin hasi da, Araba galduko herri batean zoruan jarrita, ortzimugan eguzkia ateratzen dela ikusirik. Zelai hori eta nabarren artean hegan egiten duten txoriei so eginez, mendietan dauden basoetan pentsamenduak galduta... [+]


2024-08-19 | ARGIA
Ikus-entzutea merezi duten sei lan

ARGIAko erredakzioaren eskutik, sei ikus-entzunezko proposamen.


Eguneraketa berriak daude