Berdelaren eta antxoaren arrantza aldien bezperetan gauden honetan, Euskal Herrian ere hasi gara Prestige petrolio ontzia Galiziako uretan hondoratu izanaren ondorio sozioekonomikoak ikusten eta nozitzen. Galipotak dagoeneko kutsatu ditu gure itsasoak eta kostak, bai eta itsas hondoak ere, eta litekeena da datozen hilabeteetan ere hona iristen segitzea. Prestige izeneko bonba hori desaktibatzen ez den bitartean eta Galiziako uretan hondoratua jarraitzen duen bitartean, hango galipotak datorren udan ere erasango dio turismoari. Litekeena da gure hondartzak, Muskizetik Biarritzera bitartekoak, uda osoan kutsaturik egotea, eta turismoa, noski, munduko beste zona kutsatu gabeetara bideratuko da. Iparraldeari, gehienbat udako turismotik bizi baita, larriki erasango lioke hondamendi horrek. Dagoeneko kantzelatzen hasiak dira datorren udarako erreserbatutako plazak, nahiz eta oraindik zenbait hilabete gelditzen diren uda parterako.
Euskal Herriko arrantzako sektorearen kanpaina nagusiak, hain zuzen ere, berdelarena, antxoarena eta hegaluzearena dira, eta baliteke krisi larri bati aurre egin behar izatea. Izan ere, espezie horien arrantzari dagokion sektoreak, itsasbazterreko arrantzak, Bizkaian eta Gipuzkoan bakarrik, 2.000 lagun baino gehiagori ematen die zuzeneko enplegua. Horri guztiari negozioen katea erantsi behar zaio: kontserba enpresak, arrandegiak, garraio enpresak eta abar. Euskal Herriko arrantza portuetan, ez dute isilean gordetzen beldur direla langabeziako egoera luze bat iritsiko ote den.
KUTSATZEARI UZTEN EZ DION GALIPOTA
Azken aste hauetan, arrantzale euskaldunek arrain kutxak zokoratu egin dituzte, poluzioaren kontrako barrerei eta galipota biltzeko balio duten lanabesei leku egiteko. Arrantzaleak jabetzen dira arrantzaren geroa jokoan dagoela beren kostetan, eta horregatik eman dute etsenplua "marea beltz" horri eusteko lanean eta ahaleginean, gure kostara iritsi aurretik. Geldiaraztea, ordea, ezinezkoa izan da, eta kopuru aski handietan iritsi da gure hondartza eta labarretara, guztiz kutsatuak uzteraino. Otsailaren erdialderako, jasoak zituzten bost mila tona inguru galipot. Larriena, ordea, ez da azken aste hauetan gertatu dena, baizik eta etorkizunean gertatzen segi lezakeena.
"Prestige petrolio ontziak Galiziako uretan hondoratua jarraitzen duen bitartean eta han bildua dagoena fuela -ofizialki aitortu dutenez, 70.000 tona- erabat kanporatzen ez duten artean, beti egongo gara marea gehiagoren peskizan, hil honetan, hurrengoan, udan eta, batek daki, beharbada zenbait urtetan". Horrela adierazi zion aldizkari honi Bermeoko arrantzale batek. Kezka handiz ikusten zuen etorkizuna, zeren arazoa ez baitago gure uren gainaldeko galipot orbanetan bakarrik, baina baita itsas hondoan gertatzen den guztian ere. Hain zuzen, itsas hondoan ere hauteman dituzte galipot poltsak, eta, itsas hondoa kutsatua baldin badago, arrainik ez da sartuko.
ESPEZIE MIGRATORIOEK IBILBIDEA ALDATUKO OTE?
Zaila baino zailagoa izan arren, baldin gure uren gainaldetik galipot orbanak desagertuko balira ere, zer gertatuko da berdelaren eta antxoaren hurre-hurreko arrantza aldiarekin? Gure solaskideak, arrantzale bermeotarrak, honela erantzun digu: "Itsasoa itxuraz garbi badago ere, beldur gara espezie migratorioek, hala nola antxoak edo berdelak, beharbada ibilbidea aldatu egingo dutela eta gure itsasertzetik urrundu egingo direla, poluzioa saihesteko. Ezinezkoa ez den egoera hori gertatuz gero, segi ote dezakegu itsasotik bizitzen, hain panorama hondagarriarekin?".
Egoera horri gaineratu beharrekoa da nolako ondorioak izan litzakeen Euskal Herriko kontsumitzaileengan, ohituak baitaude arraina jaten. Gure itsasertzean arrantzan egitea posible izanda ere, kontsumitzaileak, etengabeko marea beltz hori ikusten dutela, fidatuko ote dira merkatuetan ikusten dutenaz, edota, aitzitik, arraina jateari utziko ote diote? Denborak esango du, baina antzeko esperientziek, hala nola oraindik orain gertatutako "behi zoroen" kasuak, bigarrena seinalatzen dute; alegia, kontsumitzaileek utzi egiten diotela susmopean dauden produktuak erosteari.
Lehenik eta behin, agidanez, huts egingo dute berehala izatekoak diren antxoaren eta berdelaren kanpainek, zeren arrantza debekatu egingo baitute, gure kostetan dagoen kutsaduragatik. Hori horrela bada, are gehiago larrituko da gure arrantzaleen egoera. Eta, horri gaineratzen badiogu datozen hilabeteetan debekatu egingo dutela hegaluze bila arrantzan aritzea, panorama are samingarriagoa izango da. Bestalde, arrantzaleek eta armadoreek arrantza ontzi berriak erosi dituzte Euskadiko flota berritzeko planaren barruan, Eusko Jaurlaritzaren subentzio plan baten laguntzaz, eta, hain zuzen, garaitsu honetan hasi behar dute horiek pagatzen. Nondik atera ahalko dute zorrak kitatuz joateko dirua, baldin beren kanpaina garrantzitsuenetan ezin badira arrantzan egitera atera?
20 MILIOI EUROTIK GORA GASTATUAK
Prestige ontziak Bizkaiko eta Gipuzkoako uretan eragin duen kutsadurak dirutza handiak gastarazi ditu. Orain arteko gastua, Eusko Jaurlaritzak emandako datuen arabera, 20 milioi euro ingurukoa izango da. 2002ko urtarrilaren 31 arte bakarrik, bederatzi milioi euro zeramatzaten gastatuak. Horri guztiari gehitu behar zaizkio otsailean fuela biltzeko aurreikusiak dituzten lau milioi euro (pertsonen eta ontzien aseguruak egiteko), eta antzeko kopuruak edo handiagoak gastatuko dira datozen hilabeteetan, Prestige ontziaren bonba desaktibatzen ez den bitartean. Ez dira gastu horietan sartzen Herrizaingoko helikopteroek zaintzen eta arakatzen egindako lanen gastuak, ez eta diputazioen eta udalen aparteko gastuak ere.
Nork hartuko du bere gain kostu ekonomiko hori? Eusko Jaurlaritzak, eskumenik ez baitu kosten arloan, baieztatzen du, kostu hori Eusko Jaurlaritzaren 2002ko eta 2003ko aurrekontuei egotziko badizkie ere, gero Espainiako Estatuko Gobernuari erreklamatuko dizkiola. Jaurlaritzak, gainera, erabaki du Galiziako epaitegi batean abiatutako auzian agertuko dela, arren eta hondoratzeari eta hondamendi ekologikoari dagozkion erantzukizunak ondoriozta eta ebatz daitezen, eta, horrez gain, gizartearen eta kolektibo afektatuen eskubide ekonomiko, sozial eta ingurumenezkoak defendatuko dituela
Euskal arrantza tokiak muga biologiko seguruen barruan al daude?
Orain urtebete arte, Azti Fundazioak arrantzako baliabideen egoeraz egin izan dituen analisiek emandako ondorioen arabera, Euskal Herriko arrantza toki gehienak muga biologiko seguruen barruan zeuden. Orain, ordea, Prestige ontziaren hondamendi ekologikoak gure itsas uretan eta gure itsas hondoetan horrelako kutsadura ekarri eta gero, manten ote liteke ondorio hori? Analisi horien arduradunak, jakina, egoera ebaluatzen eta dagozkion azterketak egiten ari dira.
Euskal Herriko itsasbazterreko arrantzaz den bezainbatean, espezie bakoitzaren egoera, Azti Fundazioak 2001. urtean egindako analisien arabera, honako hau zen:
Berdela: azken urteotako harrapaketek maximo historikoak errepresentatu dituzte. Populazioan kausa naturalengatik bariazioak gertatu badira ere, ez da arrantzarako murritzaldirik ezarri beharrik izan.
Antxoa: bizi laburreko espeziea denez gero, haren ugaritasuna arras gorabeheratsua izaten da, oso sentibera baita kausa naturaleko aldaketekin, zeinek arrantzako jardunak berak baino eragin handiagoa baitute populazioan. 2001eko datu zientifikoek erakusten dutenez, stockaren egoera dezente ona da. Azken bi urteak (2000-2001) onak izan dira harrapaketen kopuruari dagokionez. 2002. urtean, ordea, -datu hau aldizkari honetatik ematen dugu- lau milioi kilo harrapatu ziren, 2001eko 17 milioi kiloen aldean.
Txitxarroa: ustiapena aski altutzat jo badaiteke ere, dezente ona da stockaren egoera. Horri esker, berma daiteke arrantzako jarduna, baina komeni litzateke apur bat murriztea.
Sardina: errekuperazioko fasean dago. Espainiako eta Portugalgo estatuek arrantzako jarduna murriztu izana bat dator 2000. urtean egindako ebaluazioko kanpaina akustikoen emaitzekin.
Tunidoak: haien erakusgarri gailena hegaluzea da. 2000. urteko harrapaketak kaskarrak izan baziren ere (batez ere, ur sakonetan zeudelako izan zen, ezin iritsizkoak baitziren gure arrantza modu tradizionalerako, kanaberaren bidez), egoera ona da. Hala ere, litekeena da eskala handiko faktore klimatikoak haien portaerari erasaten aritzea.
Ondorio gisa -ziurtatzen zuen Azti Fundazioaren txostenak-, esan liteke itsasbazterreko flotaren xede diren ia espezie guztiak muga biologiko seguruen barruan daudela, nahiz eta nabarmena den stocken gestio efikaza egin beharra. Baditugu gestioaren hobetzea adierazten duten adibide oraintsukoak, hala nola antxoaren arrantza tokietakoa, zeinetan TAC analitikoak ezarri baitira (behin-behineko neurriak). Hegaluzearen harrapaketan ere oraindik orain ezarri da TAC neurria.
Gaur, 2003ko egun hauetan, Prestige ontziaren hondamendiak gure itsasertzera eta itsas hondoetara dakartzan ondorio ekologikoak ikusi eta gero, oraindik ere baliozkoak ote dira 2001. urteko ondorio horiek? Gaur-gaurkoz, ikuskizun dago, eta adituek argitu beharko dute, azterketa gehiago egin ahala