KIROLA ETA JOLASA ARMATUTA


2021eko uztailaren 16an
Bada armei gerrarako, ehizarako edota arrantzarako erabiltzeaz gain, beste erabilpenik ematen dionik. Zenbait kirol, zaletasun eta aisialdiko ekintza burutzeko ere armak erabiltzen dira. Besteak beste, arku tiro, plater tiro, uso tiro eta modan jartzen ari den paintball moduko kiroletan erabiltzen dira aisirako arma hauek. Ohiz kanpoko kirol modalitateak diren arren, urteen poderioz euren lekua egin dute kirol munduan.

Espainiako Estatuko arma fabrikatzaileak integratzen dituen Arma Elkarteko 51 enpresetatik 21 euskaldunak dira. Hor ikusten da kirol praktiketarako eta ehizarako arma hauen fabrikazioan Euskal Herriak duen garrantzia. Hala nola, Eibarren du egoitza Arma Elkarteak. Beharbada bertan lekuturiko enpresa hauek eraginda, euskaldunok beti izan dugu kirol mota hauetarako zaletasuna. Plater tiroaren praktikan esaterako, aitzindariak gara euskaldunak.
Lehen tiroko platera 1883. eta 1887. urteen artean azaldu zen. Victoriar garaian ehizaldiak oso ohikoak ziren. Tirorako gaitasuna edukitzea beharrezkoa zen ehizaldi haietan parte hartzeko. Honela, plater tiroarekin praktikatzea eta hobetzea posible zen. 1812an sortu zen lehen plater tiro kluba Londreseko auzo behartsuetan. Plateren ordez, kapelak erabiltzen zituzten. Garai honetan hasi zen kirol honen garapena. 1850ean, ehiztariak biltzen hasi ziren eskuz jaurtikiriko kristalezko bolei tiro egiteko. 1977an, Adam Bogardu amerikarrak kristalezko bola hauek jaurtitzeko lehen katapulta sortu zuen. Espainiako Estatuan, aldiz, tiraketa kirol moduan XX. mendeko bigarren erdian agertu zen. Pierre Coubertin baroiak XIX. mendeko azken urteetan hasiriko mugimendu olinpikoak zirela medio, kirol zibil bezala sortu zen.
Kirol hauek praktikatu ahal izateko, nahitaezkoak dira armen baimena eta lizentzia izatea. Federazioko kirol txartelarekin, probintzia bertako instalazioetan praktikatu daiteke inolako gehigarririk ordaindu gabe. Praktika hauetan zaletuenak gazteak dira. Dena den, instalazio faltagatik geroz eta gutxiagok praktikatzen dute. Batzuek aisialdirako beste edozein kirol moduan praktikatzen duten arren, beste batzuek ehizarako teknikak hobetzeko praktikatzen dute bai plater tiroa eta baita uso tiroa ere, nahiz eta bigarren hau praktikatzea garestiagoa izan.
Eskopetei dagokienez, bi motatakoak erabiltzen dira gehienbat: sobrepuestak eta paraleloak. Lehenengoaren kasuan, kanoi bat bestearen gainean kokatua dago, eta bigarrenean, aldiz, bata bestearen ondoan. Prezioari dagokionez, 600-1.000 euro inguru balio dute eskopeta hauek. Eskopetez gain, platerak, kartutxoak eta entzungailuak erabiltzen dira, besteak beste. Produktu hauen prezioei dagokienez, bi kaxa kartutxok sei euro inguru balio dute, 25 plateretako serie batek 3 euro inguru eta entzungailuek 18-20 euro gutxi gorabehera.


PLATER TIROAN ARITZEKO INSTALAZIO URRITASUNA.


Material hauek guztiak eta gehiago Villabonako Eizmendi armategian (Kale Berria 19-21) aurki daitezke, baita antolatzen diren plater tiro eta uso tiro norgehiagoketan izena bertan eman ere. Kirol mota honek Euskal Herrian izan duen bilakaeraz gehiago jakiteko xedez, bertara jo dugu. Bertan jasoriko iritzi eta adierazpenek, Gipuzkoako Administrazioak kirol honekiko duen jarrera pasibo eta ezkorra salatzen dute. Izan ere, Gipuzkoan plater tiroak itzelezko indarra izan badu ere, kirol mota hau praktikatzeko zentro eta instalazioak gero eta gutxiago dira. Hain zehazki ere, Irunen, Olaberrin, Arraten, Legazpin eta Oñatin praktika daiteke kirol hau. Bizkaiak eta batik bat Arabak ordea, instalazio gehiago dituzte. Arazo hau dela-eta, gipuzkoar jende asko bertan lizentziatu beharrean Nafarroan lizentziatzen da. Bestalde, Gipuzkoan plater tiro zaletu asko, instalazio faltan, legala izan ez arren, euren kabuz mendira joaten da berau praktikatzera. Aipatzekoa da Gipuzkoako Udamendi zentroa dela Europako hoberenetakoa.


NORBERE BURUAREKIN LEHIAKOR.


Arma joko guztietan ordea ez da bolbora erabiltzen, arku tiroan esaterako. Diana batera geziak botatzean datzan kirol hau defentsarako jarduera zen antzina. Adituen aburuz, 20.000 edo 25.000 urteko antzinatasuna du aktibitate honek; izan ere arkua eta gezia gizakiak bizirik irauteko, funtsezko lanabesak izan dira. Aitzitik, bolboraren sorrerarekin izaniko jarduera honen ia erabateko desagertzearen ondoren, Amerikako Estatu Batuetako gerra zibilak sustatu zuen arku tiroketa. Olinpiar Jokoetan 1900. urtean izan zuen lekua Parisen lehen aldiz eta hurrengo olinpiar jokoek serio hartu zuten modalitate hau.
Iraunkortasuna eta hobetzeko grina pizten dituen kirol honek zaletasuna sortzen du. Txikitan indioetara jolasten ibili eta nolabaiteko harra geratzen zaion jendeak praktikatu ohi duela esaten bada ere, adin guztietako jendeak praktikatzen du kirol mota hau. Autokontrola eta diziplina garatzen laguntzen du arku tiroak. Hori dela eta, erlaxazioa eta iraunkortasuna funtsezko elementuak dira praktika hauetan. Garapen fisikoari dagokionez, bizkarreko muskuluak lantzen dira gehienbat. Hala, oso ona da bizkarrezurra indartzeko. Adituek ere, lesio eta istripuetatik errekuperatzeko kirol praktika hau gomendatzen dute. Bizkaiko Arkulariak elkartean azaldu digutenez, badira ikasketetan arazoak dituzten haurrak, zeinak urtebetez kirol hau praktikatu ostean konstantzia eta irmotasuna berreskuratzen duten.


PAINTBALLA, ADRENALINA ETA ESTRESA ASKATZEKO.


Arku tiroa edota plater tiroa kirol ezagunak izan arren, badira apurka gure gizartean sartzen ari diren beste arma joko batzuk ere, paintballa esaterako. Paintballa izadiarekin harremanetan egonik bi taldek edo gehiagok pinturazko tiroak elkarri jaurtikitzean datzan kirola da. Estresa eta adrenalina askatzeko xedez, lagun taldeak eta enpresa taldeak ezkongaien agurrak, urtebetetzeak eta abar ospatzera joaten dira. Edozein aitzakia ona da paintballera jokatzeko.
Kirola, emozioa, denbora-pasa, adrenalina eta izadia uztartzen dituen jarduera honetan erabiltzen den pintura biodegradagarria da, ez da pozoiduna eta garbigarria da. Paintballa kirol guztiz segurua da; izan ere, tirokatzen diren pinturazko bolak ez dute inolako kalterik egiten. Gainera, kirol hau praktikatzeko segurtasunezko maskarak beharrezkoak dira, begiak, aurpegia eta belarriak babesteko. Joko honetan parte hartu ahal izateko ezinbestekoa da segurtasun neurriak eta jolas eremuko erregelak onartzea.
Jokalarien helburua bandera lortzea da. Batzuetan irabazteko gogor ahalegindu arren, lan horrek ez du ordain saririk emango, eta hain zuzen ere hori da kirol honek erakusten duena, hots, jolasteko aukera anitz daudela eta ez dela sekula etsi behar. Profesional mailakoak ez direnek, gutxitan dute irabazteko helburua, baina hala ez izanda ere jokalariak laster konturatzen dira joko honen xedea ez dela garaile izatea, baizik gizabanakoaren jarduera hobetzen saiatzea.
Janzkerari dagokionez, paintballa jokatzen hasi zirenean, kamuflaje militarrak erabiltzen ziren, eta ondoren ehiza edota paintballera egokituriko jantziak. Egun ordea, jantzi ikusgarri eta koloretsuak erabiltzen dira kirol hau praktikatzeko. Bestalde, markagailuek su-armen oinarrizko funtzio berak dituzte, hala nola, katua, heldulekua, kanoia eta mira. Dena den, joko garbia da paintballa, izan ere, inor ez da zauritzen joko honetan. Gainera, psikologoek oldarkeria zuzendu eta bideratzeko eta eguneroko tentsioak askatzeko modu ezin hobetzat jotzen dute.
Prezioei dagokienez, DebaVentura elkarteak Lasturren (Itziar, Gipuzkoa) antolatzen dituen praktiketan adibidez, ordu bat eta erdiz 100 bola botatzeak 21 euroko prezioa du eta hiru orduz 200 bola botatzeak aldiz 30 euroko prezioa. Prezio honetan jolas eta segurtasun ekipoa, maskara, lan jantzia, bufanda, markagailua eta bolak sartzen dira. Inork kirol elkarte honekin praktika hauek gauzatu nahiko balitu honako edozein telefonotara hots egin beharko luke: 660450239 edota 660450245.


APURKA HEDATUZ DOAN KIROLA.


1970ean, James Hale ingeniari iparramerikarrak asmatu eta patentatu zuen lehen margo markagailua ganadu eta zuhaitzak markatzeko xedez. Eginkizun hauetaz arduratzen ziren langileak margo hau elkarri tirokatzen jolasten zirela uste bada ere, ofizialki, 1981ean sortu zen paintballa, Amerikako Estatu Batuetako New Hampshire hirian. Kirol honen sortzaileak, Bob Gurnsey kirol produktuen saltzailea, Hayes Noel inbertitzailea eta Charles Gaines idazlea izan ziren. Hala, lehen paintball partida 1981eko ekainean jolastu zen Nel-spot 007s pistolekin. Lehen markagailuek Estatu Batuetako Nelson konpainiak sorturiko gelatina eta pintura begetalez osaturiko kapsulekin funtzionatzen zuten.
1982an, lehen paintball landa sortu zen Rochesterren (New York). Urtebete beranduago, kirol hau praktikatzeko beharrezko diren produktuak ekoizteaz eta banatzeaz arduratuko ziren National Survival Game eta PMI enpresak sortu ziren. Apurka-apurka, munduan zehar hedatuz joan zen kirol hau. Hala, 1984an iritsi zen Australiara, 1985ean Ingalaterrara eta 1991n Europara.
Egun, paintballa gorakada handiena duten kiroletakoa da. Norgehiagoka, eskualdeko liga, nazio liga eta munduko txapelketa ugari jokatzen dira. Espainia mailan, paintballa geroz eta ezagunagoa egiten ari da kirol munduan, norgehiagoka talde ugari daudelarik, bai amateur bai profesionalen mailan. Hala, Madrilgo Paintball Landek antolaturik, 2002 urteaz geroztik Paintball Liga jokatzen da Espainian


Azkenak
2024-11-30 | ARGIA
2025ean “larrialdi linguistikotik indarraldirako bideari ekiteko beharra” aldarrikatu du Kontseiluak

Euskalgintzaren Kontseiluak Larrialditik indarraldira adierazpena plazaratu du Euskararen Egunaren atarian. 2025a euskararen normalizazio eta biziberritze prozesua “noranzko egokian jartzeko urtea” izango dela adierazi du. Bide horretan, lehen eginkizuntzat jo dute... [+]


Zergatik Durangora joan abenduaren 7an?

Euskalgintzaren Kontseilua hizkuntza larrialdia bizi dugula ohartarazten ari da azken astetan. Urte dezente pasa dira euskararen biziberritze-prozesuaren egoera bidegurutzean, errotondan, inpasse egoeran eta antzeko hitzekin deskribatzen hasi zenetik, hizkuntza politikek... [+]


Iruñerriko hondakinak bilduko dituen Imarkoaineko gunea %33 garestitu da

Iruñerriko Mankomunitateak Imarkoaineko Hondakin Zentroaren proiektuaren aldaketa onartu zuen ostegun honetan eta, horren arabera, azpiegitura 2026ko urtarrilaren 21ean hasiko da lanean.


Tuterako alkateak aurrekontuak aurkeztu ditu talde neonazi baten abestiarekin

Estirpe Imperial da talde neonazia, besteak beste ezagun egin dena erabiltzen dituen letra faxista eta arrazistengatik.


2024-11-29 | Axier Lopez
EAJ, PSE eta PPk mendietako gurutze katolikoak babestu nahi dituzte “euskal kultura eta ohituren parte” direlako

Gipuzkoako Batzar Nagusietako Kultura Batzordeak, EAJ, PSE eta PPren aldeko botoekin, azaroaren 22ko bilkuran erabaki du Eusko Jaurlaritzari eskatzea azter ditzala “euskal kulturan hain esanguratsuak diren” gurutzeak eta haien inguruko “ohiturak”... [+]


Boikota Israelgo datilei (eta datil horiek saltzen dituzten supermerkatuei)

Israelek gosea erabiltzen du palestinarren aurkako gerra-arma gisa, eta nekazaritza-produktuak mundu osoan merkaturatzen ditu.<


2024-11-29 | Gedar
Etxebizitzarako eskubide unibertsala aldarrikatu dute Iruñean

Etxebizitza Sindikatu Sozialistak eta Harituk antolatuta, manifestazio bat izan zen ostegun arratsaldean Iruñeko Alde Zaharrean. "Etxebizitzaren negozioaren aurrean, eta hura sustatzen duten politikarien aurrean, etxebizitza eskubide unibertsalaren benetako defentsa... [+]


2024-11-29 | Estitxu Eizagirre
EH Bizirik sarearen manifestazioa martxoaren 22an Gasteizen
“Indarrak batuta soilik lortuko dugu makroproiektuen oldarraldi hau gelditzea”

EH Bizirik sarea makroproiektuen aurkako plataformen elkargunea da eta martxoaren 22an manifestazio nazionala deitu du Gasteizen: "Lekuko borrokez gain, esparru zabalagoan lan egitea ezinbestekoa dela jakitun, manifestazio honek sare osoari eragiten dien puntuak izango ditu... [+]


Gaindegiaren 20 urteko argazkia
Euskal Herriak biztanlerian, energian eta pobrezian gora egin du, CO2 isurketetan eta elikagaien kontsumoan behera

Hogei urte bete ditu Gaindegiak, Euskal Herriaren garapen sozial eta ekonomiko iraunkorrerako Behategiak. Horren harira, denbora horretan Euskal Herriak esparru horietan izan duen garapenaren berri ematen duen azterketa aurkeztu dute, eta datuok Europar Batasunekoekin konparatu... [+]


Eguneraketa berriak daude