Egun, modan jarri da ingurumenaren aldeko lan boluntarioa. Prestigetik datorren fuela kentzea denon ardura dela sinetsarazi digute iturri askotatik. Hala ere, noraino ote da gizartearen ardura galipota garbitzea? Adituek asteotan esan dutenaren arabera, ez da oraindik behar bezala neurtu "txapapote"aren kutsakortasuna. Antza denez baina, gizaki zein animalientzat oso kaltegarriak diren partikula kutsakorrak ditu.
Orain arte, Euskal Herrian behintzat, udaletxeetan jarri dituzte garbitasun lanak egin nahi dituenak izena emateko zerrendak. Izena eman duten boluntario guztiei eman zaie beharrerako buzoa, aurpegirako babesgailu eta guzti. Tresneria egokia ere, banatu dute herritarren artean. Hala ere, leku batzuetara fuel-olio gehiegi heldu da, eta inpotentziak edo beharrak bultzatuta, baldintza egokirik gabe egin dira biltze lanak.
Instituzioek baliabideak jarri dituzte haien aldetik: hondartzetara hondeamakina eta traktore handiak bidaltzen dituzte handiena biltzeko, Urdaibain sarea jarri dute itsasadarrera galipotik hel ez dadin, eskuz bildu behar den lekuetara instituzioetako langileak ere abiatzen dira... Arazo nagusia baina, ez omen dago hondartzetan.
Euskal Herriko kostaren %12 inguru haitzak dira, eta galipota arroketan itsatsita badago, oso zaila da kentzea. Orain artean hortxe eman ditu arazo nagusiak. Askok salatu du, Eusko Jaurlaritzako beharginek hondartzetakoa baino ez dutela kentzen, eta haitzetan behar asko egin behar da eskuz. Gero eta jende gehiagok ematen du izena udal zerrendetan, eta horiei guztiei lekua egin behar zaiela uste dute instituzioek, baita lanean diharduten talde ekologista eta abarrek ere. Hala ere, denek azpimarratu dute kontu handiz ibili behar dela.
Arazoa oso larria da eta Prestigek inoizko jenderik gehiena batu du ingurumenaren alde. Hala ere, Urdaibaiko kasua adibidetzat hartuz gero, bertako talde ekologistek boluntarioak koordinatzeko egindako batzarraren ostean esan zutenez, "jendeari laguntzeko aukera eman behar zaio, baina fuela arriskutsua da, eta bakoitzak dagokion funtzioa bete behar du. Aztertu egin behar da, herritarren ardura norainokoa den".
Honezkero 1.000 tonatik gora batu dituzte Bakioko hondartzan. Txoriak ezeze, arrainak ere hilda agertu dira hainbat lekutan, eta talde ekologistek animalia kutsatuekin zer egin behar duten galdetzen dihardute. Hegaztiak eramateko lekua eskatu diote Eusko Jaurlaritzari.
Eguneroko boluntariotza.
Euskal Herrian bertan, eta Espainian ere antzera, ez dira asko ingurumen boluntario gisa eratu diren taldeak. Gehiago izan dira ekologiaren aldeko mugimenduak edo federazioak. Jendea taldeetan antolatzen da arazo bati edo besteari aurre egiteko: Itoitz, Boroako zentral termikoa... Ingurumen boluntario izatea baina, harantzago doa. Normalean, urtean zehar egunerokotasunean, ondarearen alde diharduten taldeak izaten dira. Lekuan lekuko ondare kulturala, historikoa zein naturala berreskuratzeko ahalegina egiten dute. Abenduaren hiruan ospatzen dute gainera ingurumen boluntarioek, euren nazioarteko eguna.
Eusko Jaurlaritza ahalegindu zen bere garaian ingurumen boluntarioen sarea sortzen, baina boluntario talde egitura gutxi dago Euskal Herrian. Litekeena da sortuz joatea, baina oraingoz, iraunkortasunez ekiten dionik ez omen dago. Antza denez, sarearen inguruan, hainbat fundazio batu zen, baina eguneroko lana boluntariotzara bideratzen duen talderik ez dago haien artean. Badira adineko pertsonekin lan egiten dutenak, aisialdi taldeetan, Gobernuz Kanpoko Erakundeetan... baina ingurumen boluntario moduan definitutakoa bakarra da: Urdaibaiko Galtzagorriak taldea. Dena dela, erakunde moduan egituratuta egon ez baina, badira, gune naturaltzat izendatu diren lekuetan beharrean diharduten lagunak.
Urdaibaiko esperientzia.
Urdaibaiko Galtzagorriak ingurumen boluntarioen taldea 1997an sortu zen. Gernikako Ekologia Tailerrak indarra metatzeko beharra ikusi zuen. Bazen ondareaz arduratzen zen hainbat talde, eta Tailerrak guztiak batzeko proposamena egin zuen proiektu txikiak ekimen handi bihurtzeko. Bost batu ziren eta Urdaibaiko Galtzagorriak sortu zuten. Taldeko lagunen ustez, "ingurumena dena da: bizitza kalitatea, ekologia... Guk gauzak ondaretzat zenbateraino hartu daitezkeen baloratzen dugu, eta gero, berreskuratzen ahalegintzen gara". Horrela berreskuratu dituzte Urdaibaiko ondarearen hainbat atal.
Administrazioa sentsibilizatzea izan da urteotan Galtzagorrien lana. Esate baterako, txori behatokia Galtzagorriek eraiki zuten Busturian, eta 2001ean erre egin zuten ezezagun batzuek. Bigarrenez beraiek ez zutela eraikiko adierazi zuten. 10.000 bisitari izan eta gero, argi geratu zen horrelako zerbait behar zela Urdaibain. "Guk egin daitekeena erakusten dugu; zein behar dagoen. Ez dugu dena egiten. Proiekturik handienak dirua daukatenek garatu behar dituzte", azaldu dute. "Guk administrazioari esan nahi diogu: hau edo hori egitea posible da. Hortik aurrera, haiei ere badagokie ondarea berreskuratzea".
Egitasmo batzuk gogorrak izan dira. "Lana amaitu eta gero, gehiegi egin dugula pentsatu dugu, baina emaitzarekin harro sentitzen gara". Haserretuta ere badaude alde horretatik: "Gurekin, ondarearen babesa oso merkea da administrazioarentzat. Guk zerbait egin nahi dugunean, guk eskatzen dugun diru laguntza eta profesional batek kobratuko lukeena aurkezten ditugu erakundeetan. Aldea nabarmena da"