GARI: "ELIZARA JOATEN NAIZ, BAINA EZ NOA MEZATARA"

  • Bere «amets», «apar urrun» eta «arratsalde finlandiar»ez jardun dugu. Hainbeste bizipen ditu kontatzeko, eta hainbeste bizi du kontatzen duenak! Emozionatuta atera gara, kontzertu batetik bezala. Eta bere hitzak buruan geratu zaizkigu bueltaka, ondo ulertzeko kantuak behin eta berriz entzun behar diren bezala.
Zarata mediatikoz beteriko garai nahasiotan, merkatu logiketatik urrun eta irakurleengandik gertu dagoen kazetaritza beharrezkoa dela uste baduzu, ARGIA bultzatzera animatu nahi zaitugu. Geroz eta gehiago gara, jarrai dezagun txikitik eragiten.
Legazpiko koadrilak «Ziper» taldea osatu zenuten. Motor zaleak zineten, zure amonak utzitako baserrian pasatzen zenuten asteburua... Zer giro zen hura?
Motor zaleena beste bizi filosofia bat da. Guk motoak eta kotxeak bakarrik genituen buruan. 13 urterekin jada koadrilan motoekin genbiltzan denok, kotxea oso ondo menperatzen genuen, gainera ihesaldietan maisuak ginen. Karrera guztietara joaten ginen eta gerora oso garrantzitsuak izan diren hainbat pilotu ezagutu genuen, adibidez, Alex Criville. Gure koadrilako bat Espainiako Turismo Txapelduna da, eta Europako Clio Sport Kopa jokatu du. Denok ibiliak gara karreratan. Rocka eta motorren mundu hori oso lotuta zegoen. Ostiraletan elkartzen ginen Legazpin, sartzen ginen nire amamak utzi zigun baserri zaharrean eta han pasatzen genuen egun osoa rocka jotzen. Flipatu egiten genuen, "uantxu-uantxu-uantxu"ka, ingelesez tutik jakin gabe. Entzunaldiak ere egiten genituen. Egun osoak pasatzen genituen musika entzuten, entzuten bakarrik, hitzik egin gabe.

Arriskua nola bizi zenuten?
Koadrilako ia denak pasa gara Zainketa Intentsiboen Unitatetik. Arriskuaren beldurrik ez genuen izan sekula. Nik lehen istripua izan nuenean, ospitalean hiru hilabetez egon nintzen. 50 kilorekin irten nintzen, eta etxera iritsi orduko, koadrilakoek hartu ninduten, eta zartada ondorengo beldurra pasatzeko froga egin zidaten. Hartu koadrilako denek motorra, ni atzean fardel gisa jarri, eta ziztu bizian Udanako jaitsiera eta igoera egin genuen.

Sekulako itxura izango zenuten…
Guretzat garai hartan itxura zen inportanteena. Ez bazegoen glamourrik, ez zegoen talderik! Ostiraletan elkartzen ginen etxe batean, eta goitik behera makilatzen ginen. Herrian, garai hartan, "hauek drogadiktoak dira" eta halakoak entzun behar izaten genituen. "Hauek espainolen kontuak dira". Gu ume euskaldunak ginen, baina itxuraz "ez ginen euskaldunak". Piura harrigarriak genituen.

Garai hartako euskal munduarekin zer harreman zenuen?
Ez zitzaidan interesatzen. Etxean dauzkat garai hartan Iparraldetik ekarritako singleak, hemen debekatuak zeudenak, eta niri musika hori ez zitzaidan batere gustatzen. Bertsolarien mundua, batere ez. Joaten nintzen bertsolariak ikustera osabarekin, eta kontatzen zituzten istorioak-edo beste mundu batekoak ziren. Guretzat mundu ezaguna zen, baina guk ez genuen horretaz ezertxo ere jakin nahi.

Zer musika entzuten zenuten?
Bazeuden lagun batzuk Beatles zale amorratuak, eta guri ez zitzaigun hori batere gustatzen. Gu lagun alemaniar bati esker sartu ginen rock progresiboan, rock alemaniarrean, eta hemen lortu ezin ziren disko asko ekartzen zizkigun. Ez zen posible hemen David Bowie, edo Lou Reeden diskoak lortzea, eta guk hori dena, eta Iggy Pop, eta Detroiteko musika, eta musika amerikarra, entzuten genuen egunero.

Zer ekarri zizun Hertzainak taldean sartzeak?
Niretzat sekulako zortea izan zen. Istripu bat izan nuen motorrez. Bi urtez egon nintzen ebakuntzetan, oso larri. Herrenka nenbilen, hanka galtzeko zorian egon nintzen gainera. Gurasoekin ez neukan harreman onik, ez nuen unibertsitatera joan nahi eta pozik sartu nintzen.

Zer aldaketa izan zen zuretzat Legazpitik Gasteizera joatea?
Mundu berri bat zen. Donostian egiten ziren lehenengo kontzertuetan, gu ginen publikoko gaztetxoenak. Besteak gu baino 10-15 urte zaharrago izango ziren. Gainera ez zen hainbeste jende izaten entzuten, eta giro horretan euskaldunak oso gutxi ginen.
Ezberdintasun nabarmenena izan zen Hertzainak proiektuak identifikazio ideologiko politikoa zeukala. Ez zen proiektu musikal bat bakarrik, ez zen besterik gabe talde bat egitea. Bide horretan oso garrantzitsua zen saldu behar zen ideologia.

Artista eta politikaren arteko lotura nola ikusten duzu: mugatzen du, ez, zeresan gehiago ematen du…
Gauza bat da musika, artea, eta beste bat kontu pertsonalak. Nik hitz egin dezaket politikaz lagunekin, etxean, tabernan... Baina musikaren bidez publikoki adieraztea ez zait interesatzen. Ez dut bandera izan nahi. Ez dut esaten ondo edo gaizki dagoenik. Niri gustatzen zait nire kantetan kontu pertsonalak kontatzea. Kontu pertsonal horiek abestea ere azkenean politika da, zu eszenategian baitzaude eta publikoaren aurrean, eta publikoak hartzen baitu zuk esaten duzuna.
Ez dakit zeren aldeko kontzertuetan jotzen dut noizbehinka, baina ez zait gustatzen. Edozein herritan gauza bera gertatzen baita: batzuekin jotzen baduzu, beti edukiko dituzu kontra beste batzuk. Azkenean mugatzen dena musika da, eta musika da inportanteena.
Euskal Herrian jende askok, entzun aurretik euskal kultura usaina duen dena baztertzen du. Eta ez dira fatxak, politikaz paso egiten dute, baina jada euskal kutsu hori gaizki hartzen dute.
Motiboak ere eman ditugu, euskal kulturak produktu gehiegi kaleratu dituelako "euskal kalitate labelik" gabeak. Azterketa ideologikoa pasatzen dute, baina kalitatearena ez.

Belaunaldi berriekin euskaldun «normalak» sortu dira?
Ni orain talde gazte batekin ari naiz. Beste belaunaldi bat da. Hauek jazz mundutik datoz. Eta bere aberria musika da. Euskaldunak gara, hemen jaioak garelako, baina besterik gabe. Alegia, garrantzitsuena ez da "euskaldunak gara". Garrantzitsuena da "musikariak gara". Espektro irekiagoa da, eta musikarentzat askoz aberatsagoa.

Kontatu zure bakarlari ibilbidea.
Laguntzarik handiena Atxagarengandik jaso nuen. Bizitza zor diot. Hertzainak desagertu zen, eta nik disko bat ateratzea proposatu nuen. Negoziaketetan hasi nintzenean, industriaren erantzuna izan zen: "Garik duen famarekin… ez zaitugu ikusi ere egin nahi". Gogorra izan zen. Jarritako baldintzekin zeharo harritu nintzen: "ez didazuela grabatzen uzten ez badidazue zaindari bat gertu jartzen? Hain arriskutsua al naiz bada?" Bada, dirudienez bai! Baina beno, dena oso ondo irten zen, oso ondo funtzionatu zuen diskoak.
Pena izan zen bigarren diskoaren historia. Bigarren diskoa astelehen batean kaleratzekoa zen, eta justu asteburu horretan uholdeak izan ziren Donostian. Elkar argitaletxeko azpiegitura guztia lokaztuta gelditu zen. Hor ikusi nuen, ETBko erreportaje batean, nola lokatzetatik ateratzen zen disko bat. Zer izango, eta nire bigarren diskoa!
Sekulako pena hartu nuen. Bakarlari gisa bide bat hasten duzunean, lehenengo diskoak oso ondo funtzionatu badu, bigarrena baieztapenaren modukoa da.
Kantu batzuk Jon Maia eta bion artean landu genituen, eta disko horren produkzioan magia izugarria egon zen, niretzat ezezaguna, berria. Dena bere kasa irteten zen, denak funtzionatzen zuen, feelinga zegoen, bizitza, dena. Eta kalean lortu zuen emaitza ez zen ona izan. Berehala beste proiektu bat aurrera eramateko beharra sentitzen nuen.
Madrilgo Drob diskoetxea interesatuta zegoela-eta esan nuen: "erronka berri bat nahi dut. Inoiz ez dut gazteleraz kantatu eta froga egingo dut". Hasi nintzen erdaraz kantak konposatzen, eta lehen maketa penagarria izan zen, sekulako depresioarekin bukatu nuen. Ez nuen nire ahotsa ondo sentitzen, ez nituen barneratzen esandakoak, oso arraro sentitzen nintzen. Nola oso burugogorra naizen, dutxan, sukaldean, toki guztietan abesten nuen. Nire helburua zen disko hau Murtziako tipo batek entzunez gero, ez zezala nabaritu nongoa naizen. «S»ak-eta oso markatuak ziren. Sekulako ahalegina egin nuen, komunikazio aldetik, eta azkenean lortu nuen beste modu batera ahoskatzea eta neu oso ondo sentitzea.
Baina gero beste arazo batzuk etorri ziren, beste zirkunstantzia batzuk, eta gainbehera etorri zen. Orduan erabaki nuen Euskal Herritik kanpora joatea.

«Gara» egunkariak zure azken diskoa beste banaketa bide batetik kaleratu du.
Banaketa kioskoetan egin da, ez dendaz denda. Bi egunetan kaleratu da disko hori egunkariarekin. Ez zuen merkatuko prezioa, askoz ere normalagoa baizik. Erantzuna oso positiboa izan da. Baina niretzat inportanteena izan da «Gara»k egin duela apustu bat, eta frogatu didala badaudela beste irtenbide batzuk, ezarritako boteretik irteten direnak, euskal industriatik irteten direnak.

Bi hizkuntzatan duzu adierazteko gaitasun bera?
Hizkuntzan adieraztea da garrantzitsuena. Nik frantsesez abestu dezaket, baina zailago. Ingelesez, ezin dut. Zeren gauza bat da kantu bat konposatzea, baina oso beste bat da grabatzea edo zuzenean aritzea. Zuzenean abesten duzunean, esaten duzuna barneratu eta espresatu behar duzu. Niretzat hor dago artea. Nik neurea eszenategian ematen dut, ez kantuak konposatzerakoan. Eszenategia mundu magiko bat da, sartzen zara zure munduan eta flipatu.
Niri asko kostatzen zait lehenengo kantutik nire munduan sartzea. Publikoak oraindik oso urduri jartzen nau, errespetu gehiegi ematen dit. Baina gero txipa aldatzen dut, esaten dudana barneratzen dut eta esaten ari naizen hori espresatu. Noizbehinka pauso hori natural ematen da. Bat-batean hain sartua zaude zure munduan, ez dakizula non zauden, ez duzu ezer gogoratzen, une hori bizitzen ari zara eta kito. Magia hori lortu ezin dudan kontzertuetan, ofizioak laguntzen dit hala banengo bezalako itxura eginez.

Sortzeko nondik abiatzen zara?
Hitzetik, beti. Perun egin ditut froga batzuk alderantziz hasita, lehenengo musika egin eta gero hitza sartu. Gainera Peruko oihanean, konposatzeko beste modu bat deskubritu dut. Orain ez ditut kantak neure odolarekin, neure barneko sentimenduekin idatzi beharrik. Orain kapaz naiz egoera bat imajinatu eta egoera horretatik idazteko. Lehen ez.
Oraingo musikariekin talde lan bat sortu nahi dut. Orain arte nik grabatzen nituen kantuak etxean, gitarra eta ahotsarekin, eta gero besteekin lantzen nituen moldaketak. Baina orain ikusi nahi dut ea zer nolako feelinga sortzen den. Talde barruan izugarri giro ona dugu, eta hori aprobetxatu nahi dut.

Nola moldatzen dituzu besteren hitzak?
Aldaketak egiten ditut, beti ere egilearen baimenarekin. Nik ezin dut gustatzen zaidan poema bat hartu eta besterik gabe musikatzen hasi. Ez, autore bat gustatzen bazait behar dut zuzenean berarekin hitz egin, ea zer inpresio hartzen dudan. Nahiz eta poema bat gustatu, ez bazait autorea gustatzen, alferrik da. Autoreaz maitemindu behar dut, edo behintzat zer edo zer berezia izan behar du niretzat. Jakin behar dut esaten duena zer esanahirekin dioen eta berarentzat zer den.

Obran ez al da pertsona ikusten?
Nire kanta askotan, biluzik azaltzen da nire barnea, nire arima hor dago. Adibidez, "Amets", edo "Kontzientziarik gabe" kantuetan. Hor agertzen dena lehen pertsona da, ni neu.

Zer da rocka?
Niretzat rocka ez da musika mota bat bakarrik, jarrera bat da. Mikel Laboarekin eszenategira igotzeko zortea eduki nuen behin. Mikel Laboa doinuz ez da rocka, baina igo berarekin eszenategira, eta a zer kalanbrea ematen dizun! Hori da rocka.
Talde asko ikusten ditut, topikoan sartzeagatik, txima luzeak eta trans-metal kontu horretan, eta antzerki hutsa da askotan. Hori niretzat ez da rocka. Camaron, hori da rocka. Cadizen arratsalde bat pasatu nuen berarekin, eta zirraragarria zen, bihotzekoak emateko moduko tipoa.

Nola joan zara estiloa eraldatzen?
Orain entzuten ditudan musikariak bakoitza ama batetik datoz. Baina dena da musika. Peruko oihanean bolero batzuk konposatu ditut, eta beste kanta mota batzuk, beste sonoritate batzuk ere bai. Lehen, ezinezkoa zen niretzat halako bideetan sartzea. Neure buruari esaten nion "bolero bat? Pitzatuta hago edo?" Pixkanaka muga eta konplexu horiek gainditu nahi ditut, gero eta "libreago" izan.

Musikan profesional izate hori eguneroko borroka da?
Nire aitak esaten duen bezala: "oso artista, baina beti zabiltza dirurik gabe. Koskabiloak zintzilik! Zer arte da hori orduan?". Azken finean gauzak horrela neurtzen dira: bizitzeko adina ateratzen duzu edo ez duzu ateratzen.
Orain hasi naiz talde berriarekin, Gasteizen bertan. Ez dut nahi lehen bezala, musikari bakoitza Euskal Herriko punta batean bizi eta elkartzeko zailtasunak izatea. Esfortzu handia da talde bat mantentzea, proiektu bat bideratzea. Ia astero entseatzen dugu, eta horrek ematen dit aukera ia egunero nire langintzaren barru-barruan sartuta egoteko. Etxean aritzen naiz ikasten, kantu berriak sortzen eta gauza berriak proposatzen. Baina hortik bizimodua ateratzea oso zaila da.
Kontua ez da bakarrik bizirik egotea, baizik eta tente egotea, eta lan honetan tente egoten ez da batere erraza. Badut nolabaiteko "presioa", aurten disko bat kaleratzeko beharra daukat. Kantuak eginak ditut, baina zer diskoetxerekin atera? Euskal Herrian ez dakit egongo den diskoetxerik hori kaleratu nahiko duenik.

Musikarien baldintzak hobetu dira?
Azpiegitura aldetik, gaur egun aukera gehiago ditugu: areto gehiago, eta profesionalen baldintzak betetzen dituztenak.
Gauzak oso gaizki daude. Musikariak sindikatu gabe gaude, edozein modutan egiten dugu lan. Nire etsaia egoera hori da.

Baina zu mitikoa zara...
Utzi mistizismoak, ardurak eta txorakeriak. Zer gertatzen da? Bada egoera politikoa daukagun bezalakoa daukagula, eta orduan, nik uste industriak erakarrita, sortzen direla halako figurak. Eta figura horiei gainera ezartzen zaie, nahitaez, herriarekiko erantzukizun kultural bat. Zergatik jartzen zait niri txapatxo bat ardura hori dudala esanez, ni musikari bat naiz-eta! Mitikoa eta nahi duzuna, baina nik behar dudana da zuzenean jotzea, diskoak baldintza onetan grabatzea, profesionalki gauza batzuk jorratzea... eta hori ezinezkoa da, mitikoa izan edo ez.

Pertsonaia ezaguna izateak ez al zaitu nekatzen?
Orain jada ez. Garai batean bai. Kazetari batek Hertzainak-en garaian idatzi zuen: "Gari, sex symbol euskalduna"! Kazetariek behar dituzte halako gauzak, bestela nola saldu produktua! "Mitikoa" edo «sex symbol» bezalako etiketak jartzen dituzte.
Bolada batzuetan ezin izaten nuen Donostiako Alde Zaharrera joan. Iruñean tira, moldatzen nintzen, baina Gasteizen ere bolada batean ezin izaten nuen ibili. Sartu taberna batera lagunekin, eta ezin lasai egon. Baina bolada hori pasa zen, eta orain oso lasai irteten naiz kalera, eta inor ez zait etortzen komentario ñoñoekin.
Kontzertuetan nire publikoa ez da gazte-gaztea, publiko heldua da, eta kontzertua bukatu ondoren ez datoz gainera, jada ez dute horretarako adinik. Gustuko dudan publiko bat finkatzea lortzen ari naiz. Horrekin zoratzen nago.

Nolako esperientzia izan duzu Perun?
Bakarrik sentitzen nintzen, eta gainera bakarrik nengoen. Hilabetean ez dut lagun bat ere egin, baina ez Gari tipo arraro bat delako, ezinezkoa delako baizik. Hango hiru familiekin bizi izan naiz, beren etxeetan, hango egoera eta gizartea aztertzen, eta ez nuen ulertzen nola zitekeen hura. Ezin da esan " han beste balore batzuk daude". Han ez dago balorerik. Balore bakarra dirua da. Hango arazoa ez da miseria. Jateko adina dago egunero, eta erraz lortzen da gainera. Ibai ertzera joan, amua bota eta segituan harrapatuko duzu edozer gauza. Nire ondorioa da sistemak apropos eraiki duela gizarte hori.
Jakina, ikusten dute gringo bat iristen dela bakar-bakarrik, eta tripak ateratzen saiatzen dira. Egoera horretan bi irtenbide dituzu. Zure burbuila sortzea, edo jada ezarrita dagoen burbuila batean sartzea (GKE batean; Manos Unidasen, Caritasen…). Sei-zazpi europar geunden, baina denak ziren erlijiosoak, ni ezik.
Sekulako arazoak izan ditut. Ohera sartu, bakar bakarrik egon eta 20 egun daramatzazunean malko ozeano batean, negar eta negar, gitarra besarkatzen duzu pelutxezko hartzaren moduan. Nola irten egoera horretatik? Musika bidez. Fikziozko egoerak asmatu, magikoak, gitarra hartu eta konposatzen hasi. Hori izan zen nire salbazioa. Horrek ematen zidan indarra.

Fedea piztu omen zaizu...
Ni agnostikoa nintzen, eta egoera horretan sentitu dut fede baten beharra, denaren gainetik dagoen zerbaitena. Amama zenarekin hitz egiten nuen, bakarrik. Zentzu horretan etorri zitzaidan fedea, ez fede kristaua. Elizara joaten naiz, baina ez noa mezatara. Elizara noa, elizan lortzen dudalako nahi dudan komunikazio hori. Etxean ez naiz kontzentratzen.

Zer proiektu dituzu?

Orain buru-belarri hasiko naiz kantu berriak muntatzen laukotearekin. Hasier Oleaga, Josu Izagirre, Juanma Gereño eta Kepa Mtz de Albeniz dira. Hauekin diskoa prestatu eta egun gutxi barru hasiko naiz diskoetxeen kontua mugitzen. Diskoa udaberrirako kaleratu nahi nuke. Bihar ez dakit, baina une honetan daukadan ideia da diskoan euskarazko eta erdarazko kantuak nahastea.
Badut beste proiektu bat ere buruan. Asko idatzi dut Peruko oihanean, dena errealismo sozialari buruz, eta nahi nuke han jasotako esperientzia nolabait kaleratzea. Baina zein formatutan? Liburu, disko, edo iruditan? Ez dakit nola bideratu
- Jaio: Legazpin, 1963. urtean.
- Bizi: Gasteizen.
- Musikaria.
- Ibilbidea:
+12-13 urterekin sartu zen rock munduan Legazpiko «Ziper» taldearekin.
+1983an «Hertzainak» taldean sartu zen, eta bertako abeslari izan zen, 1993an taldea desegin zen arte.
+1996an bakarlari ibilbideari ekin zion.
- Diskoak:
+Hertzainak taldearekin: «Hertzainak» (1984); «Hau dena aldatu nahi nuke» (1986); «Salda badago» (1988); «Zuzenean» (1991); «Denboraren orratzak» (1992); eta «Amets prefabrikatuak» (1992).
+Bakarlari: «Gari» (1996); «Eguzki berritan zaude» (1998); eta «Gari eta Otoitz gure alde zuzenean» (2002).

Doinua: Aita izena
Bakardadean gitarra hartuz
pelutxe baten usteko,
zerbait sinistu behar zenuen
bakardadea hausteko.
Zure kasuan amama eta
osaba ziren hasteko,
berdin da hori, berdin jainko bat
hartu zerbait sinisteko,
bide hortatik zeure buruan
sinistera iristeko.

Sekulako esfortzua egiten dugu disko bat osatzeko, kontzeptua asmatzeko eta kaleratzeko. Kaleratzen dugunean nahitaezkoa da, gaur egun, promozioa egitea. Zenbat borroka egin behar dugun medioetan azaltzeko! Eta bat-batean, iritsi naiz Perutik, produkturik gabe, eta medio guztiak zaudete nire atzetik. Flipatuta gelditu naiz. Musikari bezala esaten dut: ez da justua. Zergatik hau? Medio hauek denak behar ditut, baina diskoa ateratzen dudanean!


ASTEKARIA
2003ko otsailaren 09a
Irakurrienak
Matomo erabiliz
Azoka
Azkenak
Zestoako Gaztetxearen desalojoa geratzea lortu dute

Uztailaren 19an, 8:00etan zegoen gaztetxea husteko agindua emanda. Momentuz, lortu dute desalojoa atzera botatzea. Zestoako Gazte Asanbladak Bilboko Aresti Zentro Sozialistaren desaloa jasan zutenei elkartasun osoa adierazi die.


Yael Braun-Pivet izango da berriz Frantziako Asanbleako lehendakaria

Frantziako Asanbleak Yael Brau-Pivet hautatu du legebiltzarreko presidente. Lehia aurreikusten zen FHB eta Macronisten artean, eta azkenean, gutxigatik bada ere, lehendakariaren alderdikoak gailendu dira.


Margolan figuratibo zaharrena

Sulawesi (Indonesia) uhartearen hegoaldean, Leang Karampuang kobazuloan hiru irudi antropomorfoz eta basurde batez osatutako margolana aurkitu dute Griffith eta Southern Cross unibertsitateetako eta Indonesiako Agentzia Nazionaleko arkeologoek. Nature aldizkarian argitaratutako... [+]


Leonard Peltierren ihes ukatua

Lompoc (Kalifornia, AEB), 1979ko uztailaren 20a. Leonard Peltier ekintzaile indigenak eta beste bi presok espetxe federaletik ihes egin zuten. Iheskideetako bat kartzelaren kanpoaldean bertan tirokatuta hil zuten; bestea ordu eta erdi geroago atzeman zuten handik milia batera... [+]


Adin txikiko neska baten erasotzaileari jarritako epaia salatu du Gasteziko Mugimendu Feministak

Gasteizko adin txikiko neska bati sexu erasoa egin zion adin txikiko mutil batek, 2023ko ekainean. Gasteizko Mugimendu Feministak ez ditu bidezkoak ikusten epaileak erasotzaileari ezarri dizkion neurriak. Uste du erasoa jasan duenaren birbiktimizazioa bultzatzen dutela... [+]


Donostiako udaltzainek Parte Zaharreko hainbat gazte “jipoitu eta zauritu” dituztela salatu dute

Alde Zaharreko Gazte Asanbladak (AZGA) salatu du Donostiako Udaltzaingoak auzoko hainbat gazteren aurka astelehen gauean egindakoa: “Auzoko hainbat gazte futbolean jokatzen ari ziren Trinitate enparantzan, Udaltzaingoa hurbildu eta mehatxuka guztiak identifikatzeko agindua... [+]


Ursula von der Leyen Europako Batzordeko presidente izendatu dute

401 aldeko boto eta 284 kontrako jaso ditu, baina gehiengoa lortu du 41 botogatik. Hurrengo bost urteetan berriro ere presidente izango da, popularren, sozialdemokraten, liberalen eta berdeen babesa jasota. EH Bilduk kontra bozkatu du, eta EAJk alde.


Hamabost urte beharko dira Gazako genozidioan Israelek sortutako 40 milioi tona hondakin jasotzeko

NBEren ikerketa baten arabera, lehertu gabeko artilleria, substantzia kaltegarriak eta palestinarren gorpuak daude hondakin artean. 50.000 bonba baino gehiago bota ditu Israelek urritik, eta 40 milioi tona hondakin sortu dituzte.


1.200 soldadu israeldarrek baino gehiagok egin dute beren buruaz beste azken 50 urteetan

Genozidioarekin lotutako suizidio ugari identifikatu dira, armada sionistak datuak ezkutatzen baditu ere.


Eguneraketa berriak daude