ANXO MANUEL QUINTANA: "ALDERDI POPULARRAK MENPEKOEN GIZARTE BAT NAHI DU"


2021eko uztailaren 19an
Espainiako Gobernuak Galizia Plana plazaratu aurretik elkarrizketatu genuen Anxo Manuel Quintana. BNG alderdiko koordinatzaileak plan hau «propaganda hutsa» dela esan du berriki, baita PPren jarrera «iraingarria» salatu ere. Denbora joan ahala hondamendiaren ondorioak gero eta larriagoak dira. Sentimenduzko hitzak jaso ditugu Anxorengandik hasiera beretik: «Galizian badago herri sentimendu errotu bat, izaera ezberdineko izatea eta kontzientzia dituena, baina horrek ez du gaurdaino galiziar nazionalistek politikan nahiko genukeen erreferente bat izan. ‘Prestige’ren krisiak sentimendu horren izaera azaleratu du. Herritarren sektore zabal batek, honezkero Galiziak ezin duela trenaren azkeneko furgoia izan uste du, Galiziarentzat beste toki instituzional bat aldarrikatzen duena Espainiako Estatuaren barruan, baita Europaren baitan ere».

Bi hilabete luze joan dira Prestige ontzia hondoratu zenetik. Zer-nolako balorazioa egiten duzu gertatutakoaz?
Hasteko eta behin, galiziar herritarrek Prestigeren inguruan gertatu zena ezagutzeko eskubidea dute, hondamendia eragin zuenari buruz informatuak izan behar dute. Prestigeren inguruan eman ziren zirkunstantziak argitzeko eratu ziren hain zuzen Galiziako Parlamentuan ikerketarako batzordeak. Galiziako Parlamentuan Ikerketa Batzorde bat osatu zen, indar politiko galiziarrek aho batez osatua, eta indar berek, aho batez, gertatuari buruzko dokumentazio zehatz bat eskatu zioten Gobernuari. Hainbat pertsona deitua izan zen Batzordearen aurrean agertzeko, ez inola ere akusatu gisara, batzorde mota horretan ez baita akusaturik. Beren kolaborazioa ekar zezaten deitu genien, egia argitzeko. Izan ere, Ikerketa Batzorde batek termino horietan jardun dezake, besterik ez. Agertze horiek, berriz diot, Galiziako Parlamentuko hiru taldeen baiezpenarekin onartuak izan ziren.

Ikerketa Batzordea bertan behera geratu zen ordea.
Bai. Estatu mailan Autonomien Estatuan sinesten ez duen presidente bat dagoelako. Aznarrek ez du parlamentu autonomoetan sinesten, eta ez du batere erreparorik parlamentu autonomoen izaera aldatzen ahalegintzeko, berauen izaera zikintzeko, baita bere buruaren kontraesanetan aritzeko ere. Alegia, Galiziako Parlamentuko indar guztiek, aho batez, akordio bat lortu zuten Madrilgo Gobernuaren kargudunak ager zitezen, baita haiek zuten eta duten dokumentazioa azal zezaten. Aznar jaunak agerpen horiek ez egitea agindu zuen, dokumentazio hori ez zedin agertu ordenatu zuen. Agerpen horiek gabe ezinezkoa da batzorde batek aurrera egitea. PPk hil zuen Ikerketa Batzordea. Hartara, galiziar herritarrek ez dute egoera ezagutzeko eskubiderik izan, egia ezagutzeko aukera. Jarrera hau demokraziaren aurkakoa da. PPk, ministroak eta Gobernuaren ordezkariak Galizian agertzea edota Fraga Iribarne Ikerketa Batzordearen aurrean agertzea oztopatzean, katastrofe honen errudunak bere behatzez seinalatzen ditu.

Nor da erruduna zure ustez?
Nik ez nioke errua gobernu bati egotziko hondamendi bat euriteen ondorioz delarik, urakan-haizeek etxeak eramaten dituelarik edo lurrikara batek eraginda denean, baina hemen ez gaude katastrofe natural baten aurrean, hau zabarkeria politikoa da, zabarkeria onartua, behin eta berriz gertatua. Eta berriz gerta ez zedin behar ziren neurriak hartu ez zirenez gero, zoritxarrez, berriz ere gertatu da. Eta ez badira beharrezko neurriak hartzen, tamalez, berriz ere gertatuko da. Beraz, erantzukizun politikoak dituen gobernu ezgauza baten aurrean gaude, guztiz inkonpetentea, eta demokrazian erantzukizun politikoak ordaindu behar dira, dimisioa aurkeztuz, adibidez.

Xuntako Fraga presidenteak itsasoko legeak zaharkituak direla esan du eta haiei errua egotzi.
Espainiako Gobernuko hainbat kidek nazioarteko itsas legeei buruz hitz egiteak zinez harritzen nau. Lege hauek Moisesen mandamenduak balira bezala hitz egiten dute, lege hauek gizakiok eginak ez balira bezala, eta Espainiako Gobernuak ardura parte ez balu bezala, berak erantzukizun parterik ez balu bezala. Nork baimentzen du Europako Batasunak eta Itsasoko nazioarteko elkarteak Prestige bezalako ontziak Galiziako itsasbazterren paretik egunero pasatzen uztea? Alabaina, hori da jasan behar dugun errealitatea, eta errealitate hau lege batek babestuta dago eta Espainiako Gobernuak ez du ezer egin legea aldatzeko. Gobernu honek ez zuen inolako politikarik garatu lege hau aldatzeko, beraz, lege horren erantzulea da. Ez du zerura begiratzea balio, legeak santuek eginak balira bezala, legeak gizakiek eginak dira, eta gizaki horien artean Estatuko Aznar presidentea dago.

PPk Nunca Mais plataforma bere interesetarako erabili izana leporatu dio BNGri.
PPk hedabideetatik garatutako kanpainaren bidez biktimak errudunak bilakatu nahi ditu, PPk Prestigeren erantzuleak galiziarrak izatea bilatzen du. PPk menpekoen gizarte bat nahi du herritarren gizarte baten ordez. PPk ezin du Galizia kontserbadorearen topikoa faltsua dela onartu, gizarte apatikoa eta bere burua makurtzen duen gizarte bat nahi du, boterearekin pozik dagoena. PPk defenditzen dituen topikoak dira, faltsuak. Galiziak gizarte bizia eta heldua du, bere herriaren maitalea, eta ez dago burua makurtzeko prest. PPk ezin du hori barneratu eta herriko ekimenak krimen gisara azaldu nahi ditu. Nunca Mais plataforma eta bera bezalako ekimenek herri baten sumindura agertzen dute eta herriaren etorkizun onena nahi dute.

Orain arte dimisiorik ez izanak zer erakusten du?
Estatu demokratiko honen ahuldadea. Guk erantzukizunak eskatzen ditugunean ez ditugu bengantza bezala planteatzen, sistemak funtziona dezan beharrezko erantzukizunak baizik, besterik ez, herritarrek instituzioetan sinetsi dezaten hartu beharreko jarrerak dira. Galizian arrantzale flota amarratua dagoelarik, milaka pertsonek bere ekonomia arriskuan dutelarik, milaka herritar erasanak direlarik, egoera surrealista eta ezinezko honetan, izugarria da ontzigintzako enpresa bateko enplegatu zahar bat atxilotua egotea, eta txiste txar bat bota zuen zinegotzi sozialista bat bere kargutik at gelditzea. Estatu demokratiko batean hori gertatzea ez da serioa. BNG ez da isilduko horregatik, ez da kontentatuko hitz soilekin, borrokan segituko dugu, herritarrek ozenki exijitzen dutena eskatuko dugu, hots, egia ezagutzea eta erantzuleak ager daitezen.

Zein neurrian eragingo du hondamendiak Galiziaren etorkizunean? Emigrazio oste berri bat aipatu da.
Galiziatik kanpo ateratzen naizenean harrituta gelditzen naiz Galiziako errealitatea zein gutxi ezagutzen den gure herrialdetik kanpo. Azken hiru urte hauetan milaka gazte galiziarrek emigratu dute, beraz, Prestigeren hondamendirik gabe ere galiziar gaztedia erruz emigratzen ari zen. Costa da Morte bezalako tokietan emigrazio hori endemikoa da, ez da iraganaren kontu bat, egungo errealitatearen isla da, Galizian etengabe gertatzen dena.

Azkenik, galipota biltzen ari diren boluntarioak hizpide. Zer iritzi duzu beren laguntzari buruz esandakoaz?
PP boluntarioen aurka dago. Eta ez dago aurka kontu praktikoengatik edota boluntarioek eraginkortasunik ez dutelako, PPri konbentzimendu politiko batengatik ez zaio boluntarioen laguntza interesatzen. Boluntarioak beharrezkoak dira, eta estatuak eta administrazioak ez bezala, behar zen unean arazoaren buruan buru jarri ziren arazoari aurre egiteko. Edozein demokratak pozik izan behar luke herritarren lan eskaintzarekin, denon artean arazoa konpontzeko. Boluntarioek, hala ere, estatuaren eta administrazioaren osatze lana egin behar dute, eta ez hau ordezkatu, eta horrela gertatu izan da. PPk ez du begi onez ikusi boluntarioen laguntza ez duelako demokrazia partehartzailean sinesten, eta, gainera, bertara joaten diren boluntarioak arazoaren propagandistak eta PPren Gobernuaren politikaren kontrakoak bihurtzen direlako. Beraz, PPri ez zaizkio boluntarioak interesatzen

"PP-REN ALTERNATIBA GISA, PROIEKTUA EZKERREKOA ETA NAZIONALISTA IZANGO DA"
Galiziako identitate politikoari eustearen aldeko pertsona irmoa zara. Galizian ba al dago PPren gobernuaren alternatibarik? PSOEren eta BNGren artean gauza liteke alternatiba hori?
BNGren ustez, funtsezko beharrak eta hainbat zirkunstantzia ematen ari dira Galiziako indar politiko bat finkatu dadin: Galizian sortua eta galiziarrentzat, eta orain arte urraturiko bidea are indar handiagoz urratu dadin. Nazionalismoak bigarren indarra izatea lortu du Galizian, eta PPren alternatiba gisa, ezkerreko eta nazionalista kontzeptuan oinarritua eraikiko da. BNGn konbentzituta gaude horrela izango dela. Horrela izaki, kontzeptu horietan oinarritua, ez dugu baztertzen bideko zenbait gunetan PSOErekin bat egitea, baina, betiere, Galizia abiapuntu eta jomuga duen jatorrizko proiektu bat gauzatzeko.

PSG nola moldatzen da estatuko politikan, PPren eta PSOEren «Terrorismoaren aurkako Ituna» tarteko?
Euskal Herrian ematen diren politikaren parametroak ezin dira eraman beste inora, ez inongo beste komunitate batera, ezta Galiziara ere. PSOEk Galizian bizi dituen zirkunstantziek ez dute ezer ikustekorik PSE-EEk bizi dituenekin, kasu. Galiziako zirkunstantziak oso xumeak eta begi-bistakoak dira...

... adibidez?
PSOE Galizian ez da gizartean erroturiko indar sozial bat, ez indar politiko bat ere. PSG instituzioetan eta hedabideetan indarra duen alderdi bat da, eta bere etorkizuna eta zoria finean PSOEk estatu mailan eraman dezakeen politikan funtsatzen da. PSGk badaki bere aukera eta etorkizuna PSOEren esku dagoela, eta, beraz, askotan, Galiziako esparruan berezko politika bat egitea faltan hartzen du. Hori oztopo bat da.

PP gainditzeko aukerarik ikusten duzu datozen udal hauteskundeetan?
Prestigeren hondamendiaren ondoren lurraren barnean zegoen sentimendu bat lurraren azalera atera da, sentimendu hau indartsu kanporatzen ari da. PPk sinesgarritasun falta du, eta gainera, orain, herritar sektore askok PP gainditzeko modua ikusten dute. Nire ustez, udal hauteskundeetan aukera hori ageriko da eta islatuko da, baina denbora behar du horrek. Hau da, gizartean ematen ari den aldaketa poliki-poliki azaleratuko da politikaren eremuan. Eskuarki, aldaketa garrantzitsuak lehenik gizartean ematen dira eta gero politikara aldatzen dira. Galizian lehen fase horretan gaude eta bigarrena etorriko den itxaropenez lanean ari gara

HITZ JARIO XEHE ETA LEUNA
Ourenseko Allariz herrian jaioa. 1983tik 1990era herriko zinegotzia izan ondoren hamar urtez aritu zen alkate gisa. Kargu honetan zegoelarik Allariz herriak Hirigintzako Europako Saria irabazi zuen. 1999tik senataria da. Erizaintzan diplomatua da. Lanbide honetan aritu ostean politika munduan murgildu zen buru-belarri. Bloque Nacionalista Galegoko (BNG) koordinatzailea da. Hil honen 25ean 44 urte beteko ditu. Bere hitz jario xehe eta leunak gatibatu gaitu.


Azkenak
“Energiaren %60 galdu dugu bost segundoan, ez dakigu zergatik”

Egunak argiratzerako itzuli da argindarra ia-ia leku guztietara. Euskal Herrian baino atzeratuago egin du Espainiako Estatuko lekurik gehienetan, baita Portugalen ere. Normaltasun itxura gaur Euskal Herrian, baina goizeko lehen orduan ez dira funtzionatzen ari aldirietako trenak... [+]


Igor Peñalver (ELA Volkswagen): “Jarritako garraiatzaileekin osasun arazoak sor daitezke”

ELA, LAB eta CGT sindikatuek ibilgailu elektrikoak egiteko elektrifikazio prozesuan instalatutako olagarro edo garraiatzaile berria kentzeko eskatu diote Nafarroako Volkswageni. Elkarretaratzea egin zuten ostegunean eta atzorako greba eguna deitu zuten lantokian: 13:15etatik... [+]


2025-04-29 | Antxeta Irratia
Lakaxita: beste Irun posible baten erresistentzia 20 urtez

Beste bizi eredu  baten alde eginez, hainbat belaunaldik ikasteko, antolatzeko, esperimentatzeko eta trebatzeko aukera izan dute Lakaxitan bi hamarkada hauetan zehar. Gazte belaunaldi anitz ikusi ditu gaztetxeak, eta Jaion bestan, oraingo gazte mugimenduko kideak ez... [+]


Yemenen 68 hildako eragin ditu AEBen bonbardaketa batek

Petrolio-portu bateko sarraskia gertatu eta hamar egunera izan da erasoa. AEBek erasoak abiarazi zituztenetik 250 pertsona baino gehiago hil dira Yemenen. Oraingoan 68 pertsona hil eta 47 zauritu izan dira. Orain arteko bonbardaketa lazgarrienetakoa da.


2025-04-28 | Amanda Verrone
Lurrerako giza eskubidea: gaudenen eta eraman gaituztenen alde

Apirilaren 17an, Brasilgo Eldorado do Carajás-en egin zuten lurrik gabeko 21 langileen sarraskiaren 29. urteurrena izan da. Ordutik, La Vía Campesinak data oroitzen du Nekazarien Borrokaren Nazioarteko Egun gisa, lurrerako eskubidea defendatzeagatik koldarkeriaz erail... [+]


Argindarra itzuli da Euskal Herriko lekurik gehienetara, baina normaltasunera itzultzeko “orduak edo egunak” beharko dira

Gaueko 21:00etarako, Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako %85era itzuli da hornidura energetikoa, eta Nafarroan, berriz, %50era. Egoera okerragoa bizi dute Espainian eta Portugalen: hurrenez hurren, argindarra lurraldearen %25era eta %10era iritsi da.

Sare elektrikoa erabat erori da... [+]


Lizarrako Udalak txosnei jarritako debekuaren aurka protesta egin zuten 27 gazte epaituko dituzte maiatzean

Maiatzaren 22tik 23ra bitartean deklaratu beharko dute auzipetuek. Gazteek salatu dute instituzioak "geroz eta gehiago" ari direla mugatzen protestarako eta mobilizaziorako eskubide politikoa, eta 'Bajadikako 27ak' izenarekin sortu dute plataforma bat. Maiatzaren... [+]


Iparretarrak taldeko militanteen omenezko margolana aurkeztu dute Baigorrin

Felipe Bidart Iparretarrak taldeko kide ohiak Kazetari azaldu dioenez, "borrokan erori diren militanteak oroitarazteko" xedea du margolanak. Xabi Tapia Xabxab artista urruñarra da haren egilea, eta Baigorriko Lagundu elkarteak antolatuta egin dute aurkezpen... [+]


2025-04-28 | ARGIA
Uxue Alberdiren “Hetero” liburuaren aurkezpenak emango dio hasiera Azokaroari

Ziburuko Liburu eta Disko Azokaren 6. edizioa ekainaren 7an izango da. Girotzeko eta azokaren eragina inguruko herrietara zabaltzeko, aurreko asteetan zehar sei ekintza kultural antolatu dituzte Baltsan elkarteak eta ARGIAk elkarlanean. Lehena martxoaren 30ean izango da,... [+]


Euskal herritar bat epaituko dute bete hogei pertsonarekin batera 2021ean Bartzelonan etxegabetze bat geldiarazten saiatzeagatik

Maiatzak 8an abiatu eta ekainaren 3ra arte luzatuko da epaiketa. Guztira 35 espetxe urteko eta 200.000 euroko zigorra eskatu ditu fiskalak auzipetuentzako.


Norabidea erakusten duten zenbait ohar, Aritz Otxandianori gertatutakoaren harira

Harriduraz irakurri dugu prentsan Aritz Otxandianori etxean bertan bengalekin egindako erasoaren albistea. Berak sare sozialetan eman zuen gertatutakoaren berri. Bai bera, bai bere adierazpenak jasotzen dituzten hedabideak ahalegindu dira eraso hori makro-berriztagarriei buruzko... [+]


Mikel Gardoki omendu dute, haren erailketaren 50. urteurrenean: «Egia jakiteko garaia da»

50 urte bete dira Polizia frankistak Mikel Gardoki Azpiroz ETApm-ko kidea tirokatuta hil zuenetik. Egiari Zor fundazioko kideek eta Gardokiren kide Juan Miguel Goiburu Mendizabal 'Goiherri'-k hartu dute parte ekitaldian.


2025-04-28 | Gedar
Berrarmatzeari eta industria militarrari ezetz esan diete

PSOEren hainbat egoitza eta armagintzarekin lotura duten hainbat enpresa seinalatu dituzte, hala nola, ITP Aero, Dassault eta Lauak.


Eguneraketa berriak daude