Datozen negua eta udaberria gerta daitezke ohi baino "beroagoak", baldin, ematen duen bezala, orain bezain kontrakoak badira enpresaburuek eta sindikatuek 2003. urteko negoziazio kolektiboaz dituzten tesiak. Halaxe da. Eskura ditugun datu guztiek erakusten dutenez, aurten, Euskal Herrian, enpresetako arduradunak eta langileak ez dira berehala bat etorriko hitzarmenen negoziazioan. Aurten, gainera, euskal sindikatu guztiek, hots, abertzaleek eta besteek (ELAk, LABek, ESK-k, CCOOk eta UGTk), bota dituzte atzera aho batez Confebask Patronalak EAErako egin dituen planteamendu orokorrak, zeinen antzekoak izango baitira ziur aski Nafarroako Patronalak egiten dituenak.
Patronalak bi eskakizun hauek egin ditu, azken batean: moderazioa soldatetan eta malgutasuna enpleguan. Sindikatuek aho batez baztertu dituzte bata nahiz bestea, eta ondoko hau eskatu dute: gutxienez %6ko igoera soldatetan eta kalitatezko enplegua, edota, bestela esanda, enpresa gehienetako prekariotasun laboralaren bukaera. Bistan denez, antagonikoak dira tesiak. Sindikatu batzuen iritziz, patronalak probokatu egin nahi izan du, eta erantzunak gogorra izan behar du. Dena dela, ikuskizun dago sindikatuek patronalaren tesiak baztertzeko kontuan erakutsi duten bat etortzeari edo jarrera bateratuari eutsiko dioten ala ez, benetan langileen erosteko boterea eta kalitatezko enplegua lortzeko garaia iristen denean. Datozen asteetan argituko dira inkognita horiek.
MODERAZIOA SOLDATETAN ETA MALGUTASUNA.
Behin behar eta, EAEko Confebask patronalak ondoko diskurtso eta katastrofismo honi heldu dio: soldatak mugatzea komeni da, enpresen irabaziak mantentzea edo handitzea eta enplegua egunez egun prekarizatzea, zeren, bestela, enpresa batzuek ezingo dute iraun. Bai, halaxe da. Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako patronalak honako hau eskatu die sindikatuei: "Negoziazio kolektiboan, oraingo egoera ekonomiko gogorra kontuan duten eskakizunak egin behar dituzte sindikatuek, zeren, 2003an ere handiak izango dira zailtasunak, eta ezin dira arriskuan jarri enplegua mantentzea edo sortzea eta zenbaitetan enpresen beren iraupena". Horrelaxe mintzatu da EAEko patronala, eta esan behar da Nafarroakoak ere oso antzeko planteamendua duela.
Alabaina, zertan datza zehazki patronalaren eskakizun hori? Bada, erakundeko ordezkariek berek definitu dute erantzuna. Roman Knörr jaunak dioenez, zein, patronalaren buru izateaz gainera, BBVA banketxeko kontseilaria baita, "konkurrentziari eta enpleguari eusteko, beharrezkoa da soldatetan moderazio efektiboa lortzea eta enpleguan gradu handiko malgutasuna erdiestea". Testuinguru hori indartzeko, 2002ko ekitaldi ekonomikoko datuak eman dituzte. Adierazi dutenez, urte horretan %1,9 bakarrik hazi da ekonomia, zeren motelaldia izan baitzuen mundu guztian, eta, ondorioz, gutxitu egin ziren jarduera industriala, esportazioak eta inbertsioak. Guztiarekin ere, 17.000 lanpostu sortzeko adinako hazkundea izan omen da 2002koa; 2ko igoera, ehunekoetan adierazita. Baina, hori bai, ez dute zehaztu enpleguaren nolakotasuna. Ordea, artikulu honen bigarren partean azalduko dugun moduan, prekarioa eta tenporala izan da oso.
Aurtengoari dagokionez, Patronalak uste du lehen partea behintzat 2002koaren antzekoa izango dela, hau da, motel samarra, baina bigarren partean ekonomiak onera egingo duen itxaropena badute, izan. Hala ere, esportazioak ia urte osoan behar den mailara iritsi ezinik ibiliko ote diren diote, eta horren funtsa honako aldagai honetan ikusten dute: Hego Euskal Herriko produktuak Alemaniara, Italiara, Portugalera eta Frantziara igortzen dituzte batik bat, eta, hain zuzen ere, estatu horietako ekonomiak aski ahul omen daude. Kontuak horrela, enpresei ere egin dizkiete beren giza baliabideak eta baliabide ekonomikoak optimizatzeko eskaerak. Patronalaren iritziz, "Batetik, produktibitatea hobetzeko estrategiak ezarri behar dituzte; bestetik, berriz, malgutu egin behar dituzte antolamenduko eta produkzioko egiturak, bestela ezingo baitiote aurre egin irabazi gutxiko eta errentagarritasun eskaseko beste urte bati".
SINDIKATUAK KONTRA, AHO BATEZ.
Hego Euskal Herriko sindikatu guztiek egin diete aurre patronalen adierazpenei. ELA, LAB, CCOO, UGT eta ESK sindikatuek atzera bota dituzte patronalen proposamenak, eta ñabardurak ñabardura, oro har ondoko eskaera hauek hartu dituzte ardatz, hurrengo negoziazio kolektiboetarako: langileen erosteko boterea defendatzea, lanpostu duin eta finkoen alde egitea eta laneko baldintzak hobetzea, laneko zoritxar gutxiago gerta dadin (iaz ere gehitu egin ziren ezbeharrak). Bestalde, hitzarmenetan soldatak bermatzeko klausulak gaineratzen ahaleginduko dira, inflazioak langileen diru sarrerari horrenbeste erasan ez dakion.
Sindikatuak argi eta garbi mintzatu dira patronalaren proposamenen kontra. Erakunde horiek uste dute ez dagoela ekonomiaren benetako krisirik, baizik eta moteltze edo hozte hutsa dela, eta horren adierazgarri omen da enpresek irabaziak izaten segitzea. Horregatik, gogor egiteko asmoa dute guztiek, baina are gogorrago batzuek, zeren Patronalak langileak probokatu eta iraindu egin dituela uste baitute. Orain, ikusi egin beharko da Patronalaren proposamenen kontrako iritzi sindikal bateratu hori ekintza sindikal bateratu konkreturen batean gorpuzten den, hau da, sindikatu abertzaleak eta besteak elkarrekin jardun zehatzen bat gauzatzen duten. Alde horretatik, ELAk adierazi du dagoeneko prest dagoela ekintza sindikal bateratuari heltzeko, baina horretarako helburuak eta laneko sistema finkatzea omen da ezinbesteko, eta berak baztertu egingo omen ditu itxurazko aliantzak. Erakunde politikoetan, artikulu hau bukatu baino lehen bederen Batasunak bakarrik egin ditu adierazpenak: sindikatuei eta sektore herrikoei egin die dei, "enpresaburu eskuindarren politika antisozialei aurre egin diezaieten eta lan munduko ezbeharrak gutxitzen ahalegin daitezen".
Gaur gaurkoz, sindikatuak eskariak aztertzen dihardute. Alde horretatik, ELAk, ordezkari gehien duen euskal sindikatuak, aurreratu du aurtengo negoziazio kolektiboan %6ko soldata igoerak eskatuko dituela. Hau da, 2002an %4an geratu zen inflazioa, eta zifra hori baino 2 puntu gehiago.
LANEKO EZBEHARRAK KEZKA NAGUSI.
Euskal Herriko enpresetan, etengabe ari dira ugaltzen laneko zoritxarrak, eta egitate horrek benetan kezkatu ditu sindikatuak. ARGIA aldizkarian azaldu genuen moduan (ikusi 2003ko urtarrilaren 5eko zenbakia), behin behar eta, 2002. urtean ere gehitu egin ziren laneko heriotzak (140 gehiago edo) eta laneko istripu larriak. Nahiz eta egoeraz ongi jabeturik egon, Patronala garrantzia kentzen ahalegindu da. Arduradunen hitzetan, istripuen %60 enpresetatik kanpo gertatu ziren, hots, "in itinere" deritzan egoeran (laneko joan-etorrietan) edota arazo kardiobaskularren ondorioz. Aurten, bada, laneko hainbeste ezbehar eragozte aldera, sindikatuek eskari zehatzak egingo dituzte negoziazioetan, bai laneko baldintzak hobetzeko, bai prebentzioko eta segurtasuneko planak aplikarazteko