«PP-K EAJ BAZTERTU ETA MENDIRA JO DEZAGUN NAHIAGO LUKE»


2021eko uztailaren 19an
Legealdi honen hasieran PPk eta PSOEk EAJ Espainiako Botere Judizialaren Kontseilu Nagusitik (CGPJ) kanpo utzi zuteneko gertakaria gogoratuz hasi dugu solasaldia Margarita Uria diputatuarekin: «VI. legealdi honetara arte, beti izan zen EAJko kide bat edo bere oniritzizko bat CGPJ delakoan, Adrian Celaya kasu. Madrilen, poliki-poliki, kudeaketa organoetatik kanpo utzi gaituzte, ikus-entzunezko organoetatik kanpo, kasu. CGPJren kasuan, PSOErekin akordio batera iritsiko ginela ematen zuen baina ez zen gauzatu».

PP eta PSOErengandik begi bistakoa da aldendu zaretela, baina CiUrekin ere ez ote dira harremanak hoztu-edo?
Ez dut uste. CiUrekin harremanak ez ditugu galdu behintzat. Ez dezagun ahaztu alderdi politikoak oso praktikoak garela, denok ezagutzen ditugu unean uneko gure eta besteen zirkunstantziak, eta une hau zaila da estatuko politikan. Gu saiatzen gara CiUrena den guztia bozkatzen, eta haiek, gutxienez, gure proposamenetan abstenitu egiten dira. Egia da, oraingo aliantza politikoek ez diote CiUri uzten, zenbait kasuetan guri gustatuko litzaizkigukeen jarrerak izatea, batzutan haserretzen gara. Guk PP terrorismoaren aurka garatzen ari den politika zeharo okerretik CiU aldenduagoa ikusi nahi genuke. Ulergarria ere bada bere jarrera. CiU terrorismoaren aurkako politikan PPrengandik aldenduko balitz, ETAri babesa ematea bezala ikusiko bailuke CiUren hautesleriak. Gure ustez, ez luke horrela behar, baina bakoitzak bere kalkuluak egin behar izaten ditu. Denok ezagutzen dugu CiUk Katalunian PPrekin duen egoera konplikatua. CiUk PPren botoak behar ditu Katalunian bere politika aurrera ateratzeko.

CGPJkoaren aferaren ondoren, Xabier Arzalluzek EAJk Espainiako Kongresutik eta Senatutik alde egiteko aukera aipatu zuen. Ibarretxe lehendakariak jeltzaleek «Madrilen politika egiten jarraituko» zutela erantzun zion. Orain, Aznarrek bere politika areago gogortu duenean, ba al da Madril uzteko tentaldirik?
Ez. EAJren presentzia Madrilen ezinbestekoa da. PPk gu baztertzea eta mendira jo dezagun nahiago luke. Baina ez, gu Madrilgo instituzioetan gaude eta izango gara. Topiko bat da esango dudana, baina errealitatea da: Madrilgo bi ganberen politika PPren eta PSOEren esku dago, egia da, eta gure botoak eraginik ez du, baina gure ahotsa Madrilen entzuten da. Badakigu legeak gauzatzean gure jarrerak gaindituak geratzen direla, baina beti geratzen da zure planteamendua, hitza eta arrazoitzea geratzen zaizkigu, eta ez da gutxi. Madrilen egotea eta marko instituzionalaren baitatik zentzuz eta arrazoiz jardutea beharrezkoa da, funtsezkoa da gure balore politikoak agertzea.

Espetxe Legea eginbidetan jarri da. Nola baloratzen duzu espetxeko politikaren erreforma?
Nire pertzepziotik, Zigor Kodearen eta espetxe politikaren erreformetan Espainiako Gobernua burutzen ari den ekimen hauek guztiek propaganda politiko baten asmoa daramate berekin. Ekimen hauek PPk eszenategi politikoaren goian egon nahi izatea dute helburu behinena, Aznarrek udal hauteskundeetara bitartean markatu duen politikaren ondorio dira, propaganda politika bat dira finean: PPren bilerak, ministroen kontseiluak, Diputatuen Kongresuko bilerek hedabideetako informazioaren saio politikoak betetzea helburua dute.
Onartzen ari diren testuak onartzea ankerkeria besterik ez da. Biktimak ETAren izugarrikeriarengatik hobekiago babestuko direla eta seguritate handiago izango dela agertu nahi dute. Guk ez dugu horrela ikusten, baina politika honek onarpen handia dauka estatuan. Halaber, PPren gobernua delinkuentziak sorrarazten duen segurtasunik ezaz baliatzen ari da. Delinkuentzia dirudienez handitu da, euskal esparruan ez ordea.

Bidean oztoporik ez du PPk.
Baina Konstituzioaren beraren konfigurazioa ikusita, honek zigorren prozesuan ematen dituen babesak ikusita, galdera da: zertarako arauen berritze hau? Zer bilatzen ari dira? Hasteko, epe ertainean aske izateko zorian dauden 500 presok barruan segi dezaten nahi badute, bada, berritze honen bidez ez dute galaraziko. Presoek sartu zireneko Zigor Kodearen arabera segituko dute kartzelan, ezin zaizkie aplikatu harturiko neurri berriak. Neurri hauek Espainiako herritarrei saldu nahi dieten seguritate berri baten itxurakeria besterik ez da.

Aznarren gobernua iragartzen ari dena gauzatuko al da praktikan?
Ez, praktikan ez da posible. Izan ere, honetan guztian badago gezur galanta: 1995ean onartu zen Zigor Kodearen araberako penarik bete duen preso bat bera ere ez dago kalean. Orduz geroztik kondenatuak izan diren presoek sei urte bete dituzte, eta hori ez da pena luze bat. Orainokoan ez dago inor bere pena osoa bete gabe atera denik. Pena luzeak dituztenak oraindik ez dira atera, praktikan osatu gabe dagoen kodea bertan behera utzi dute, ona edo txarra den egiaztatu gabe. 1995an Zigor Kodean izan zen aldaketa oso gogorra bezala ikusi zen, baina oraindik ere ez dakigu gogorra den edo ez.
Bestalde, presoen berrerortze kasuak daude, hiru izan omen dira, eta Ruth Alonso epaileak zioenez, hiruek beren zigor osoak bete zituzten. Hiru horien artean ez da bergizarteratze programari inor atxikirik izan. Aitzitik, epaile honek 300 bat presoen kasuak segitu ditu eta preso bakar bat ere ez dela lehengo bideetara itzuli baieztatu du.

Erreforma hauek PSOE urrunduko ahal dute PPrengandik, zure ustez?
Oso zaila ikusten dut. PSOE bi frontetan harrapatua dago. Batetik, 1995ko Zigor Kodeak berak harrapatuta, Juan Alberto Belloch justizia ministroak eta PSOEko Gobernuak egina. Juan Alberto Bellochek berak egindako kodea ukitu izana kritikatu du. Bestetik, PSOEk ezin izango du jasan PPk udal hauteskundeetan esatea PSOE haiengandik aldendu dela terrorismoaren aurkako politikan, edo bakarrik utzi duela, hau da, ez diola laguntzen ETAren aurka. Beraz, PSOEk zuzenketa batzuk aurkeztuko ditu gauzak ez daitezen horren ikaragarri agertu, baina besterik ez. Esaterako, beren zigorrak betetzen dituzten ETAko kideen kasuetan, edota legeak esaten duen guztia betetzen dutenen kasuetan, PSOEk bergizarteratze politikari eustea nahiko du, nahiz zigorra 40 urtera luzatuko den, berau bete aurretik presoak kanpora atera daitezen. Oro har, oso zaila ikusten dut PSOEk lege proiektu hau ez sinatzea, ezinezkoa ikusten dut, PPk ETAri aurre egiten dion bakarra bera dela esango baitu.

Testuinguru horretan, nola bizitzen ari zarete EAJko parlamentariak Batasunaren legez kanporatzea?
Izugarria da gertatzen ari dena. Pasadizo bat nahikoa da bizitzen ari garena agertzeko: Justizia Ministeriora bisita egun genuen egunean Espetxe Legearen arauaren aldaketari buruzko testu bat eman ziguten, gauza ohikoa lege aldaketarako prozedura kasuetan. Bada, hura bitxikeria! Gobernuak Zigor Kodearen aldaketa bat egiten ari dela dio, baina bateon batek, testu horretan Batasunaren legez kanporatze prozesua zeregin honekin lotu zuen, Zigor Kodearen prozesuaren hurrengo pausua Batasunaren legez kanporatzea etorriko zela idatzi zuen. Lapsus bat? Bada ez, errealitatearen gordina.
Horregatik azpimarratu nahi dut, guk euskal diputatuok Madrilen segitzearen beharra, Madrilgo instituzioetan garatzen den politika eskasa agerian ustezko. Dauden instituzioetatik beste politika batera joan nahi dugu, gaur egun Ibarretxe lehendakariaren planaren bidean doana, instituzioen bidean, PPren gehiengo osoa betiereko ez den itxaropenarekin.

Azkenik, zer iritzi duzu Ibarretxeren proposamenaz, planaren epearen denbora laurdena bete delarik?
Esaten da ez duela sostengu asko jaso, eta nik alderantziz ikusten dut. Madrilen proposamena modu desitxuratuan agertu dute. Estatu independentearen ideia ez da proposamenean agertzen, baina horrela agertu dute. Herrero de Miñon berak hedabideek zabaldu duten planaren ideia okerra dela esan zuen, desitxuratua. Nolanahi ere, ez dut uste herritarrek hedabideek eta aurka dauden sektoreek saldu nahi izan duten bezala ikusten dutenik.
Ibarretxek eta bere gobernuak planteamendurik ez zutela esaten zuten hainbat sektorek, orain badauka, egina eta aurkeztuta dago. Indarrean dagoen marko instituzionaletik eta sostengua ematen zaion heinean bidea egiteko plana da. Ibarretxeren proposamena zehatza da, orain artikulatu beharra dago. Jakina, gauza bat da nahi duguna eta beste bat ahal duguna. Nire ustez, ezer ez da mugiezina, denborak aldaketak ekarriko ditu, kontua atzera ez egitea da, eta herri hau aurrera doa

«Karguak erakargarritasun moduko bat baduela ukatzea inozoa litzateke »
Boterearen erotikaz mintzatzen da batzutan. EAko Begoña Errazti lehendakariak, adibidez, botereak erotika duenik ukatu izan du behinola. Zuretzat botereak ba al du erotikotasunik edo erakargarritasunik?
Nik ez dut boterearen pertzepziorik nire zeregin politikoan botererik ez dudalako. Boterea benetan organo eragileetan daudenek daukate: alkateek edota Idoia Zenarruzabeitia lehendakariordeak, kasu. Horiek boterea dute, dudarik gabe. Talde parlamentario batean, berriz, eledunak ildo politikoa markatzean, badu botere moduko bat, baina guk, funtsean, ez dugu agintzen. Boterearen erotika nork bere burua agertzea bada, agerian egotea bada, egiten duzuna ondo egin duzula agertzea, politikan ez daudenek baino ageriago agertu nahi hori, politikaren saltsa hori, bada, bai, boterearen erotikoa badago. Karguak erakargarritasun moduko bat baduela ukatzea inozoa litzateke.

Feminista zaren aldetik gizonen eta emakumeen arteko karguen banaketan kuotak jartzearen aldekoa zara. Zer moduz EAJren baitan zentzu honetan?
Kuotak jartzearen aldekoa naiz, nire alderdiaren barruan ibilbide horretan hasi besterik ez badugu egin ere. Azken Batzar Nazionalean ponentzia politikoan parekotasunari buruzko txosten bat sartzea lortu genuen. Ez gara gaizki ari, ez gaude beste alderdietan baina atzeratuagoak. Nire alderdiak ez du inoiz kuota sistema defenditu, baina egiari zor, kuotak defenditu dutenei esker aurreratzen ari gara eremu honetan. Gaur egun, edozein hauteskundetan ez baduzu hautesleen zerrenda emakumeen % 30az osatzen lotsagarri geratzen zara, eta hori borrokatu dutenei esker lortu da.

EAJ alderdi kontserbadorea dela esaten da. Gustura sentitzen al zara bertan?
EAJri egozten zaion kontserbadorismoa edota berari buruz predikatzen den izaera hori ez datoz bat alderdi honen eguneroko zereginekin, aitzitik, bere ideiak eta ekintzak aurrerakoiak dira. Adibidez, EAJ EAEko Gobernuan egonda, Madrilgo Gobernuak gizarte gaietan egiten duena eta hemengoak egiten duena ez dago alderatzerik, gu aurrerago ari gara. Heziketa dela, etxebizitza dela... IU-EBko Javier Madrazo kontseilariak daraman politikaren zati handiena EAJren planteamenduetan aurreikusia zegoen. Elizaren babes sozial hura eta entziklika zahar haien politika sozialak gaindituta daude. Sinesgabea naiz, familia sinestun bateko alaba, baina familia aurrerazalea izan dut. Ondo sentitu naiz haien artean eta alderdian ere bai, ez dut egozten zaion kontserbadorismo hori bizitzen. Gainera, ez naiz salbuespena, nire ingurukoak ere aurrerazaleak dira

FEMINISTA ETA SINESGABEA
Bilbon jaioa da 1953an, ama Bilbokoa da eta aita Urduñakoa. Deustuko Unibertsitatean zuzenbidean lizentziatua da. Feminista eta sinesgabea. Ezkongabea, bikote finko batekin bizi da. 1983tik EAJren kidea da. Ez dela aparatuko politikari esan digu, ordea. Eusko Jaurlaritzako zerbitzu juridikoetan hasi zen lanean, zuzendaria izatera iritsiz. Iñaki Anasagastik zeregin hartan ezagutu eta Madrilera bideratu zuen. EAJko talde parlamentarioaren kidea da Diputatuen Kongresuan.


Azkenak
Tomate hazien bildumagileak eta bioaniztasunaren zaintza logikak

Bukatu da (bukatzen ari da) tomatearen sasoia eta unea aprobetxatu nahi nuke uda honetan izandako kezka eta amorruak orriotara ekartzeko.


Armarri-zimitz jaspeztatua
Gonbidatu gabeko turista

2016an ikusi omen zuten lehen aldiz Herrialde Katalanetan. Bi urte geroago, 2018an alegia, Xanti Pagola eta Imanol Zabalegui entomologoek Gipuzkoan azaldu zela jakitera eman zuten. Eta euskaraz izendatu ere bai! Urte batzuk pasa dira eta ez dut esango gure artean ikusteaz ohitu... [+]


2024-12-02 | Jakoba Errekondo
Gintonikaren ezkontza

Bart arratsean izan da. Etxekoak gintonikari zurrupaka. Ni aspaldi dibortziatu nintzen gintonikarekin. Ginak oso gogoko ditut, hortz-haginak ur, baina tonikak ezin edan ditut, gozoegi eta burbuila zakar gehiegi.


Aurkezle eta umoregile bat salatu dute, hainbat emakumeri eraso egiteagatik

"Oñatiarra da, karisma handia du, baita babes soziala ere", seinalatu dute idatzi batean, sare sozialetako kontu berri baten bidez hedatu dena. Leku ugaritako neska gazteak elkartu dira salaketa egiteko. EITBk bertan behera utzi du, kautelaz, pertsona hori ageri... [+]


2024-11-30 | ARGIA
2025ean “larrialdi linguistikotik indarraldirako bideari ekiteko beharra” aldarrikatu du Kontseiluak

Euskalgintzaren Kontseiluak Larrialditik indarraldira adierazpena plazaratu du Euskararen Egunaren atarian. 2025a euskararen normalizazio eta biziberritze prozesua “noranzko egokian jartzeko urtea” izango dela adierazi du. Bide horretan, lehen eginkizuntzat jo dute... [+]


Zergatik Durangora joan abenduaren 7an?

Euskalgintzaren Kontseilua hizkuntza larrialdia bizi dugula ohartarazten ari da azken astetan. Urte dezente pasa dira euskararen biziberritze-prozesuaren egoera bidegurutzean, errotondan, inpasse egoeran eta antzeko hitzekin deskribatzen hasi zenetik, hizkuntza politikek... [+]


Iruñerriko hondakinak bilduko dituen Imarkoaineko gunea %33 garestitu da

Iruñerriko Mankomunitateak Imarkoaineko Hondakin Zentroaren proiektuaren aldaketa onartu zuen ostegun honetan eta, horren arabera, azpiegitura 2026ko urtarrilaren 21ean hasiko da lanean.


Tuterako alkateak aurrekontuak aurkeztu ditu talde neonazi baten abestiarekin

Estirpe Imperial da talde neonazia, besteak beste ezagun egin dena erabiltzen dituen letra faxista eta arrazistengatik.


2024-11-29 | Axier Lopez
EAJ, PSE eta PPk mendietako gurutze katolikoak babestu nahi dituzte “euskal kultura eta ohituren parte” direlako

Gipuzkoako Batzar Nagusietako Kultura Batzordeak, EAJ, PSE eta PPren aldeko botoekin, azaroaren 22ko bilkuran erabaki du Eusko Jaurlaritzari eskatzea azter ditzala “euskal kulturan hain esanguratsuak diren” gurutzeak eta haien inguruko “ohiturak”... [+]


Eguneraketa berriak daude