Kasualitateak eraman zuen lanbide honetara. Antzerki munduan zebilen, txotxongiloentzat ipuinak lantzen zituen eta Radio Adur-Navarren ipuinak kontatzeko proposamena egin zioten. Berak, AEK-ko arduradun bezala, onartu. Gaur arte. Irratitik aurrez-aurre kontatzerako bidean erabat autodidakta izan da. Ez bakarra, ordea. Garai hura, 1980. urtea, Frantziako Estatuan kontalari askoren hasiera urtea izan zela kontatu digu berak. Han-hemenka kontalariak sortzen hasi zirela entzuleak hurbiltasunaren beharra somatzen zuelako, kontuak begietara begiratuz, belarrietara zuzenean kontatuko zizkion jendearen beharra.
Urtean hirurogeita hamarren bat emanaldi egiten ditu gaur egun. Euskal Herrian eta Frantzian zehar ere bai. Otsailean bertan, Quebec eta Montrealen ibiliko da kontu-kontari. Euskaraz eta frantzesez.
Eta berak egindako bideak jarraitzaileak izan ditzan Ustaritzen, bigarren urtez tailer batean ari da irakasle. Hilean behin elkartzen dira. Bizpahiru orduz ariketak egiten dituzte, ipuinak ikertu, barrendik nolakoak diren aztertu, eta elkarrizketa librean ipuinaren inguruan, ipuinaz eta ipuinekin aritzeko.
Irakaskuntzaren bidetik heldu zen ipuin kontalaritzara Pello Añorga. Oiartzungo ikastolan irakasle zen eta zuzenean haurren bihotzeraino heltzeko biderik egokiena, bere lagunik handiena, ipuina zela jabetu zen. Lehendabizi urtebeteko eszedentzia eskatu zuen bere lanean, liburutegietan ipuin-orduak antolatzeko eta Eskoriatzako Haur liburu mintegian hasi zen ikertzen eta ikasten, beti ere, ipuinarekin elkarbizitza bati ekiteko asmoak bultzatuta. Pellok ere beharra sentitu zuen. Berea. Bera ondo sentitzeko, ipuinak kontatuz bizi behar zuela erabaki zuen arte. Hamasei urte pasa dira orduz geroztik. Eta aitortu digu asko ikasi duela hamasei urteotan: malgutasunean eta kontaketan, eta batez ere umiltasunean: umiltasuna entzuteko orduan, umiltasuna kontaketa bakoitzera aurriritzirik gabe joaterakoan, umiltasuna emanaldi bakoitzean erne egoterakoan...
Ehundik gora emanaldi egiten ditu urtean. Eta zer kontatua badaukanez, irakasteko ikastaroak ere eskaintzen ditu kontalari berri, guraso edota irakasleentzat.
Itziar Zubizarreta ere irakaskuntzatik iritsi zen ipuin kontalaritzara. Hamar urte egin zituen haur txikiekin irakasle eta etengabe kontatzen zizkien ipuinak, beti izan delako literatura zalea. Haur literatura lantzen zuen testu liburuetarako, majisteritza eskolan eskolak ematen zituen hizkuntza didaktikaz eta halako batean, ipuin-kontatzetik eta ipuinak ikertzetik bizitzeko erabakia hartu zuen. Lehendabiziko esperientzia harrigarria izan zela kontatu digu: "Oso inpresio fuertea da hasieran laurogei ume zuri begira, zu noiz hasiko zain ikustea. Gerora, ohitu egiten zara».
Jose Mari Carreren hasierak ere antzerkiaren inguruan kokatu behar dira. Berak Koldo Amestoy ezagutzen zuen ordurako, ikusia zeukan ipuinak kontatzen. Eta bera ere animatu egin zen. Antzerki mundua ezagutzen zuenez, ez zela zerotik hasi iruditzen zaio. Ipuin kontaketa dibertsio modura bizi du berak, inolako edukatzeko helbururik gabe: "Ni dibertitzeko, eta besteak dibertitzeko".
Zer kontatua izateko...
Iturri askotatik edaten dute kontalariek. Etengabe aritzen dira beraien ipuin zorroak betetzen. Denek aipatu digute tradizioa, kontu zaharrek duten garrantzia. Baina ez hori bakarrik. Pello Añorgak, esate baterako, oso gogoko ditu Zen tradizionala edota Ipar Ameriketako indioengandik datorrena. Horrekin batera Eskoriatzako mintegian jarraitzen du haur txikientzat sortzen diren liburu berri guztiak gertutik aztertzen, eta bere helburuetako bat beti ipuin batzuen eta besteen artean kontrastea sortzea izaten da. Ipuin horietako batzuk lagun zaharrak ditu, emanaldi bakoitzean atera nahi izaten dutenak; beste batzuk, berriz, lokartuta egoten dira ustekabean egunen batean agertzeko. Batzuek gatza jartzen diote emanaldiari, beste batzuek, piperra, edota ura.
Koldo Amestoyk ere asko irakurtzen du, eta horrekin batera, aktualitatea jarraitzen du. Ipuinak sortu eta bildu egiten ditu gehienetan gai bereziren baten inguruan. Eta denak hari bati lotuz, idatzi. Eta kontatu digu idatzitakotik asko kendu egin beharra izaten duela.
Itziar Zubizarretak ere berak asmatutakoak molde tradizionalekoekin edota beste batzuen ipuinekin konbinatzen ditu. Poesia tradizionaleko pieza asko jolas gisara erabiltzen ditu, antzerkitxoak osatuz. Giltza duten ipuinak ere gogoko ditu.
Jose Mari Carrerek, berriz, oso anarkikoa dela kontatu digu. Idatzi ere apenas egiten dituen, eskema batzuk salbu. Eta emanaldietan inprobisatu egiten du gehienean.
Gainontzekoen emanaldietan ere inprobisazioak paper handia jokatzen du. Intuizioak agintzen die aldian aldiko eta parean dutena kontuan hartzea ezinbestekoa da. "Xumea izan behar da", kontatzen du Koldok, "jendea, ipuina eta kontalariaren arteko hirukote horren harremana martxan jarri behar da emanaldi bakoitzean, eta ez da normalean lehendabiziko mementoan lortzen. Pixkanaka ikusten duzu entzulea hurbiltzen, irriren bat edo beste entzuten duzu, eta orduan konturatzen zara lehendabiziko mementoa gainditu duzula". Derrigorrezkoa, bestalde, kontatu behar duen ipuinak bere "barruan kilika egitea" ei da. Antzeko zerbait sentitzen du Pellok ere: "Ipuinen batek hunkitzen baldin banau, honekin hastea erabakitzen dut. Proba egiten dut, eta agian sartuko da errepertorioan. Orduan baduzu lagun berri bat. Zein kontatu erabakitzeko orduan zeure gorputza entzun! Berak esango dizu zer egin. Halere, beti ez da asmatzen, noski…".
Norberaren inpresioaz gain, ordea, badira beste baldintza batzuk ipuin kontaketarengan eragin zuzena dutenak. Itziarrek garrantzia handia ematen dio hizkuntza ondo tajutzeari, ahotsa menperatzeari, hartzailearengana iristen ez den ipuina baztertu eta beste batera salto egiten ikasteari, baina, garrantzitsuena, bere ustez, ipuina bera da: "Ipuinak du indarra, bere kadentziak, bere erritmoak, bere doinuak, eta ondo kontatuz gero, haurrekin komunikatu egiten zara eta haur bakoitzarekin hitz egitea lortzen duzu".
Pellok ere ezaugarri zerrenda luze bat egin digu ipuin kontalarientzat beharrezko: entzuten jakitea, barrendik isilik egoten ahalegintzea, umiltasuna, umorea, maitasuna, duzun onena konpartitzeko ausardia izatea, ahotsa lantzea, sintzeritatea, begirada… "Kontatzerakoan begiradak afektuarekin lotua joan behar du, so onarekin lotua. Haur guztiei zabaldu behar zaie begirada; ondo begiratzen badiezu, haurrak sartuko dira. Baita arazoak dituzten haurrak ere, hain juxtu, so gaizto asko jasotako horiek".
Kontaketaren magia.
Ipuin kontalaritzak badu magiarekin loturaren bat. Magiarekin edo enkantamentuarekin. Era desberdinetan, baina kontatu diguten kontalari guztiek aipatu digute antzeko zerbait. Koldok, adibidez, bere emanaldietako mementorik politenetako bat bezala definitu digu ipuin kontaketa bukatu eta ondorengo segundoena: "Bizpahiru segundoz denak isilik geratzen gara; beste mundu hartatik honuntza etortzeko behar dugu denbora hori. 'Han nintzen zurekin, han' esaten dizu isiltasun horrek". "Ipuinak bere xarma erakusten duenean", kontatzen du Pellok, "urrezko soinekoa ehundu egiten da, eta ehun horren babesean jartzen gara denak. Hain gustura gaude, ez dugula hortik atera nahi".
Gero eta gehiago dira. Badakite elkarren berri, elkartzen ez badira ere. "Gurutzatu" egiten direla esan digu Koldo Amestoyk. Denek ikusten dute logikoa gero eta gehiago izatearena. Pelloren esanetan hitza berreskuratu beharra ikusten da mundu osoan. Ez da hemengo fenomenoa. Adibide modura, Koldok Frantziako Estatuko datuak eman dizkigu: "Gaur egun 400-500en bat kontalari profesional ari da 4.000-5.000 ipuin kontatzen".
Gizakiak beti kontatu izan ditu istorioak mundua interpretatzeko. "Triste gaudenean, gaizki sentitzen garenean, beti kontatu izan dugu, eta errealitatea zeinen mikaztua dagoen ikusita, normala da gero eta kontaketa gehiago izatea; batzuk era profesionalagoan ari dira, baina andereñoek egunero kontatzen dituzte ipuinak", gogorarazi digu Pellok.
Itziarren iritzian gizarteak bete beharreko funtzio bat betetzen ari dira ipuin kontalariak: "Gure herrian hirurogei urte hauetan ahozko transmisioaren galera izugarria gertatu da. Herri poesia tradizionala ez dugu ezagutzen. Analfabetoak gara, eta altxor kultural hori berreskuratu behar dugu". Horregatik aritzen da bera etengabe ikertzen. Eta kontatzen