Burdinolak eta Gerra Karlistak Eratsun eta inguruetan

Saldise eta Beintza-Labaien herrien artean banatua dagoen Urrutiña auzo txikira autoz heldu gara, tentuz, porlanezko errepide arras estutik. Arretxe baserriaren ondoan hasi gara, euria mehatxatzen duten hodei grisen azpian oinez (570 m). Errepide estutik barna Alduntzin baserriraino jarraitu dugu. Baserriaren atariko bihurgunetik aurrera, lurrezko pistan gora egin dugu, zakur andana zaunka bizian ari zen bitartean. Pista bihurgune batzuk eginez doa gorantz, belardi baten ondoan dagoen borda bateraino, eta hortik aurrera, basoen artetik, Meaka leporaino eraman gaitu (789 m). Lepo honetan trikuharri bat dago mapen arabera, baina hondatua omen dagoenez, ez gara topatzeko gai izan. Hemendik aurrera pista jarraitzea baino ez dugu egin, malda leunean, lepoaren mendebaldean dagoen muinoa eskuin aldetik zeharkatuz. Honela hurrengo lepo zabal batera heldu gara, non pistak mendiaren ezkerraldetik jarraitzen duen oraingoan; hemen berau utzi eta parean dugun mendixkari zuzenean ekin diogu, baso garbian zehar, pago ederren artetik.

Goialdera iristearekin batera, zuhaitzak bakantzen joan dira eta ikusmira zabaltzen. Lainoa dugu gaur ibilaldirako lagun, baita haize zakar samarra ere, eta bien arteko norgehiagokan, noizean behin, haizeak lainoa uxatzea lortzen du eta gain honetatik Iruñarriko antenaren forma nabari dugu lausoki (1.040 m). Iruñarri baino haratago, Erakurriren ekialdeko malda belartsuak ere agertzen dira tarteka-marteka. Bi mendion artean ezkutatzen da Tintagorriko erreka zulo basatia, dena basoak estalia. Errepikagailuaren ondoraino jarraitu dugu oinez. Gure ezkerretara, errepide nagusitik honaino iristen den errepide txikia dago; bertaraino jaitsi gara metro batzuk, gailurraren azpialdean dagoen iruinarri edo menhir ederra ikusteko helburuz. Errepidearen aldamenean bertan dago eta ikusgarria da lurrean zutik paratutako ia hiru metroko altuerako historiaurreko harritzarra.
Errepidean gora metro batzuetan jarraitu eta lehen bihurgunean utzi egin dugu, gure ezkerrean dugun maldatik igotzen jarraitzeko. Minutu gutxiren buruan, Iruñarriko gailurrera heldu gara (1.063 m). Bertan dagoen postontzi zahar baten hondakinek adierazi digute hura gailurra dela, azkenik lainoa eta haizearen arteko borrokan lainoak aurrea hartu duela baitirudi, eta orain hertsi-hertsi inguratzen gaitu. Hego-mendebalderako norabidean jarraitu dugu oinez. Malda leun zabal eta irekietatik behera, Iruñarri bera eta Erakurriren artean irekitzen den lepo zeharo zabalera jaitsi gara (978 m). Leku honetatik aurrera, adi ibili beharko dugu Tintagorriko bailaran beherako bide ona topatu ahal izateko.
Lepoaren puntu baxuenetik eskuinera joan gara basorantz jaisten, pagadian sartzen den bide bat bilatzera. Tarteren batean oso ederra da galtzada moduan egindako bide zaharra. Ipar-mendebalderantz jaisten da, pagadi garbitik, diagonal handi batean Erakurriren magaleraino iristeraino. Mendi honen ekialdeko mazeletatik jaisten diren hainbat arroila eta espoloi zeharkatu beharko dugu, bide lausoari jarraituz. Leku nahiko malkartsua da bidez kanpo ibiltzeko, beraz, garai batean bidearen trazatu logikoa nondik nora joango ote zen imajinatu eta bilatu behar izan dugu, norabide ona ez galtzeko. Tintagorriko bailararen alde honetan dauden borda zaharrak elkartzen zituen bideak; denak daude abandonaturik, leku bakarti honetan. Aurriak beti mendiaren egutera aldean kokatuak daude, lizarrez inguraturik ohikoa den bezala, eta borda nagusiak beti beste txikiago bat dauka metro gutxitara, eta harrizko hormaz egindako saroia ere bai.
Neguko eguzki epeletan, hauetako batean gelditu gara atseden hartzeko, bailara galdu honen bakardadean, hemengo borda eta oletan, eta bidean ikusi ditugun txondor lekuetan, garai batean lanean ibiliko zen jende andana imajinatzen. Gero berriro bide erdi galduari heldu, eta aurrera segitu dugu, pagadian sartzean garbi, zuhaitzik gabeko egutera aldeetan halamoduz.
Bideari adi segitu badiogu, lepo zabal batera iritsiko gara (750 m). Bertan alanbre-hesi bat eta gurutze bat grabatuta duen mugarri bat dago, Eratsun eta Ezkurraren arteko udalerri muga. Lepotik orain arteko norabide berean jarraitu dugu oinez, mendi bizkarraren gainetik, altuera galduz. Pista batek zeharkatzen duen beste lepo zabal batera iritsi gara honela (665 m). Pista hartu dugu eskuinerantz, eta metro gutxira bihurgune bat pasa, jadanik zuhaitzik gabeko lekuan. Apur bat aurrerago, pista laua bihurtzen da. Ezkerraldeko malda leuntzen denean, pista utzi eta bide arrasto lauso bati heldu diogu, beherantz. Laster basoan sartu gara berriz, arrastoa ez galtzeko adi, eta konpondua dagoen borda bateraino jaitsi gara (505 m). Hemen ere, borda handiak beste txiki bat dauka aldamenean. Hemen berriro geldiunetxo bat egin dugu gure bide zaharrak nondik jarraituko ote duen ongi begiratzeko: borda txikienaren ondotik gure ezkerrerantz jarraitzen du horizontalean, gehiago jaitsi gabe. Berehala, oso ederra den tarte bat pasako dugu, bidea harri handiekin eraikia dago galtzada moduan. Malkarrean zeharka doan bidetik jarraitu dugu, apenas maldarik gabe, Pilotasoro deitutako lekura heldu arte, pista batekin topo egin dugun lekua. Inguru honetan hil zuen Ramon Elorrio sarjentu karlistak Muñagorri, segada batean harrapatuta, 1841eko urriaren 14an (450 m).
Bidebanatzean eskuinera hartu dugu, norabidea erabat aldatuz. Pista berriro bide zahar bihurtu da eta uraren kanal baten gainaldetik doa, gertu dagoen Zumarrestako olarantz. Minutu gutxiren buruan, ibaia gurutzatu dugu zubi zaharretik (zubia baino lehen, bide ondoan iturri bat dago bere edalontziarekin), eta olaren aurri ikusgarrietara heldu gara (370 m). Horma altuek zutik diraute, bere garaiko garrantziaren lekuko. Ondoan Telleriko borda berritua dago.
Telleriko bordaren ondotik pasa eta Zumarrestako zentraletik datorren pista ona hartu dugu. Izen bereko errekaren meandroak segituz, kilometro pare bat ibili ondoren Asurara heldu gara, gaur mendiotan bilatzera etorri garen baserri galdua (510 m). Bi baserri dira izen horrekin: gure aurrean lehenengo agertu dena, dorretxe moduko eraikuntza karratu handia, isil eta misteriotsua, Asura Gorria da, etxe honetakoak, aspaldi, ile gorriak omen zirelako; eta bidean pixka bat gorago dagoena da Asura Beltza, etxe honetakoak, beltzaranak zirelako noski. Denbora puska bat bada euri gogorra lagun dugula, beraz, etxaurrean topatu dugun gizonari baimena eskatu ostean sarrerako arkupean zerbait edan eta jateko gelditu ahal izan gara, eta bide batez etxeko jaunarekin berriketan ere aritu.
Etxearen atzealdetik jarraitu dugu gure bidean aurrera, oraindik badugu aurretik bide puska bat eta. Atzeko fatxadako horman gazteluetako bezalako komunak deitu digu atentzioa, etxe inportantea zen hau, antza. Harrizko zubi txiki bat pasa ondoren, Meaka leporantz doan bidezidor ona hartu dugu, errekaren ondotik gora. Lehenengo borda baten ondotik pasa gara, geroago beste zubitxo bat, eta segidan, errekaren meandro batean erdi ezkutatua, Asurako olaren aurriak topatu ditugu. Asurako ola Zumarrestakoa baino askoz ere txikiagoa da; 1744an utzi zion funtzionatzeari.
Bidezidor garbia borda gehiagoren ondotik pasatzen da, batzuk zainduak, besteak utziak edo eroriak. Pagadi ederretik barna, errekatxoak gurutzatzen, aspaldiko garaietan ibiltzearen sentsazioa izan dugu. Meaka lepora egunaren azken argiekin heldu gara. Goizeko lainoak eta euriak joan dira eta zeruaren koloreei begira egon gara tarte batez, hemendik aurrerako bidea ezagutzen baitugu, ez dugu presarik. Etorritako pista beretik jaitsi gara Urrutiñara, eta Alduntzineneako etxekoak atarian zirenez, haiekin berriketan egon gara eguneko gorabeherez

Muñagorri, bakea eta foruak
Jose Antonio Muñagorri Otegi Berastegin jaio zen 1794an, eta Eratsungo lurretan (Pilotasoro deitu lekuan) hil zuten 1841ean. Berastegiko errege-eskribau izan zen. Gainera inguruko burdinolak ustiatzen zituen. Plazaola, Ameraun, Ollokiegi, Urto eta Zumarrestako olak ustiatu zituen. Obra-kontratatzaile ere lan egin zuen. Baina Lehenengo Gerra Karlistak lan horiek guztiak bertan behera uztera behartu zuen.

Muñagorri, izan ere, gerra horretan izan zuen parte hartzeagatik pasa zen historiara, eta, bereziki, 1838an "Bakea eta Foruak" eskatuz aldarrikatu zuen bere "proklamia"gatik. Bere mezua zabaltzeko erabili zuen era bat bertso-paperena izan zen. Nolabaiteko hirugarren bide baten aldekoa zen. Foruak errespetatzearen truke, karlistek gerrari amaiera ematea proposatzen zuen, eta horretarako, karlisten eta liberalen bandoetan akordioak lortzen saiatu zen. Gainera, Karlos erregegaiaren aldeko kausa eta foruen aldeko borroka bereiztea nahi izan zuen. Baina ez zuen lortu euskal buruzagi karlista guztiak bere bidera batzea, eta liberalek ere, azkenerako, ez zuten gustuko Muñagorrien jokaera.
1839an bukatu zen gerra, Bergarako Besarkadarekin, Euskal Herria lur jota, suntsituta eta miseria gorrian zegoela. Muñagorriri gerra garaian bere burdinolak ustiatzea galarazi eta eskribau lana kendu zioten, eta gerraostean haiek berriz martxan jartzen saiatzen ari zela, Ramon Elorrio karlistak, haurtzarotik lagun zuenak, hil egin zuen, Muñagorriren emaztea aurrean zegoela. Muñagorri bere nahia bete gabe hil zen, ez zegoen bakerik ez forurik, eta gainera handik urte batzuetara, Bigarren Gerra Karlista piztu zen


Azkenak
2025-01-19 | Urtzi Ugalde
Agur, amatxu

Hauek izan ziren nire azken hitzak zure lo arnas sakonean eskutik helduta ginela joan zinenean. Aparteko minik gabe, xume, duin, geratu zen betiko zure bihotza. Zuk nahi eta eskatu bezala. Guk nahi eta errespetatu bezala.

Jada hilabete, neguaren atarian, gaurik luzeenak diren... [+]


Amatasunaren giltzarik gabe

AMAK
Konpainia: Txalo teatroa.
Sortzailea:  Elena Diaz.
Zuzendaritza:  Begoña Bilbao.
Aktoreak: Intza Alkain, Tania Fornieles, Oihana Maritorena eta Iraitz Lizarraga.
Noiz: urtarrilaren 10ean.
Non: Itsas Etxea auditoriumean... [+]


Bayrouren aurkako zentsura mozioak porrot egin ondoren, Herritar Fronte Berria zatituta dago

Ostegun arratsaldean egin dute bozketa eta, aurreikusitako moduan, François Bayrou lehen ministroaren aurkako zentsura mozioak ez du aurrera egin. Izan ere, eskuin muturreko Batasun Nazionalaren sostengurik gabe, ez zuen aurrera egiteko aukerarik.


2025-01-17 | ARGIA
Hasi da denboraldia, Saizarren eta Alorrenenean txotxa irekita

Asteazkenean egin zuten ekitaldia Astigarragako Alorrenean, Sagardoaren Lurraldeak hala erabakita. Ostegunean egin du txotx hasierako festa propioa Usurbilgo Saizarrek.


Iruñeko Erorien Monumentuaren eraispena eskatzeko manifestazioa egingo dute larunbat honetan Iruñean

Talde memorialistek deitutako manifestazioa Erorien monumentuan hasiko da 18:00etan eta Gazteluko plazan bukatuko da. Amaierako ekitaldian El Drogas, Gran Ritxarson, Ilargigorri eta La Chula Potrak esku hartuko dute, besteak beste. Gaia orokorrean nola dagoen azaldu dugu... [+]


2025-01-17 | Oihane Artetxe
Urratutako haurtzaroa: indarkeria instituzionala gure testuinguruan

Gaur egun, emakumeen eta haurren ahotsei zilegitasuna kentzen dien kulturaren arrastoak diraute, haien esperientziak isilaraziz, haien oinarrizko eskubide eta beharrak minimizatu edo alde batera uzteko joera duen sistema baten barruan. Arazo horren adibide mediatiko bat Juana... [+]


2025-01-17 | ARGIA
Spoiler, gurasokeria, ziborg, santujale eta guakamole, Euskaltzaindiaren Hiztegiko azken eguneratzeen artean

2024ko bigarren seihilekoaren lanaren emaitzak jaso ditu Euskaltzaindiak. Forma berriak eta aurretik zeudenen osatzeak aurkeztu ditu. Forma berrietan, oraingoan, batez ere, sukaldaritzako hiztegia landu dute. EITB eta Berria-ko edukiak hartu dituzte iturritzat.


Jesus Carrera “diktadurak sortutako egoera bidegabeen biktimatzat” aitortu du Hondarribiko udalak

Jesus Carreraren erailketaren 80 urteurrenean udal adierazpena plazaratu dute Hondarribiko udalbatza osatzen duten alderdi politiko guztiek.


Tokiko espezieekin osatutako basoa landatzeari ekingo diote igandean Arrankudiaga-Zollon

Lursailaren jabeak hitzarmena sinatu du Lurgaia Fundazioarekin eta Sagarrak talde ekologistak deialdia zabaldu du landaketara batzeko. Zaraobe Institutuko ikasleak asteartean aritu ziren zuhaitzak landatzen.


2025-01-17 | Antxeta Irratia
Dagoeneko 1.000 autoinkulpaziotik gora bildu ditu J’accuse kanpainak

Irunen autoinkulpazio sinadurak biltzeko deia luzatu dute San Juan plazan urtarrilaren 18an, larunbatarekin, 10:00etatik 13:00era. Urtarrilaren 26an «modu masiboan» Irunen hasiko den manifestazioan parte hartzera deitu dute eragileek, «migrazio politika... [+]


2025-01-17 | Gedar
Soraluzen ‘desokupei’ aurre egiteagatik deklaratu beharko du lagun batek

 Ekainaren 5ean bota zituzten Desokupacyl enpresako bi matoi Sorazuletik, eta bi pertsona identifikatu zituen Poliziak. Urtarrilaren 29an deklaratu beharko du haietako batek.


Ezezkoa eman dio Eskoriatza eta Aramaio arteko parke eolikoari Espainiako Gobernuak

Espainiako Gobernuko Trantsizio Ekologikorako eta Erronka Demokratikorako Ministerioak atzera bota du Statkraf multinazionalak Araba eta Gipuzkoa artean eraiki nahi zuen Itsaraz parke eolikoa.


Bizkaiko Foru Aldundiko langileen eta euskararen alde elkarretaratzea egin dute Bilbon

Euskalgintzaren Kontseiluak eta Bizkaiko Foru Aldundiko langileak elkarretaratzea egin dute langileen egonkortzearen eta euskalduntzearen alde.


Eguneraketa berriak daude