PIRINIOETAN IRRISTAKA

  • Gustuko kirol edo denbora-pasa hau burutzeko ordea, aurrez, dirua xahutu behar da: eski estazioa aukeratu, arropa egokia eta baita eski eta bota bikainak erosi ere. Euskaldunon hainbat joera jaso dugu erreportajean eta baita Interneten informazio anitz bilatzeko helbideak ere. Azkenik, dena ederki prestatu ondoren, Luz Ardideneko estaziora joan gara egun pasa egitera.
Bada jada aurten elurrarekin lehen kontaktua izan duenik, dena den, orain arte tarterik izan ez duenak aukera izango du eski estazioez gozatzeko Aste Santuetako oporrak bitartean. Iritsi da garaia, dena prest dago neguko kirolen zaletuek goza dezaten. Elurra, mendiak, eguzkia eta girorik onena, berauek dira eski egun baten osagairik preziatuenak. Aberatsen kiroltzat kontsideraturiko kirol honek jendearenganako onespena lortzeaz gain, zaletasuna ere lortu du. Hala, modak gidatzen dituen eski modalitate hauek indarra lortuz joan dira azken urte hauetan.

Euskaldunen joerak kontuan hartuz gero, gehiengoak Espainiako Pirinioetara eta Frantziako Pirinioetara jotzen du. Pirinio espainiarrean, Baqueira Bereteko, Formigaleko, Astungo, Candanchuko eta Tavascango estazioak nabarmentzen dira, besteak beste. Frantziar Pirinioetan aldiz, Gourette, La Mongie, Font-Romeu eta Luz-Ardiden.
Esaterako, Astun leku pribilegiatu batean dago kokatuta, Aragoiko bailararen goi ibarrean. Mendiz inguraturiko leku estrategiko hau egokia da edozein eski modalitate praktikatzeko eta paisajeaz gozatzeko. Gutxieneko elur kota 1.700 metrokoa da eta gehienekoa aldiz, 2.300 metrokoa. Astungo estazioak mota guztietako zerbitzuak eskaintzen ditu elurraz ahalik eta gehien disfrutatu ahal izateko. Eski estazio honek zenbait berrikuntza eskainiko du denboraldi honetan, alegia, "Arrano" izeneko teleaulki berria, instalakuntzen hobekuntza, kafetegien eta etxolen eraberritzea. 50 pista balizatu ditu iraupen eskia, eski alpinoa, snowboard eta lehiaketak praktikatu ahal izateko. Estazioak dituen 40 km hauetan zehar bidaiatzeko 14 teleski daude, eta hauek 15.508 eskiatzaile garraia ditzakete orduko.
Eskiatzen ikasteko aukerak ere anitzak dira gune honetan. Modalitate guztietako eski ikastaro hauek partikularrak edo taldekakoak izan daitezke. Norbanakoaren prezioa 25-27 euro ingurukoa da orduko, eta taldekakoa aldiz 12 eurokoa bi orduz. Asteburuetan aldiz prezio hauek garestitu egiten dira eta 22 eurotara igotzen dira taldekako ikastaro hauek.
Aragoiko Pirinioen bihotzean aldiz, Formigal eski estazioa lekutzen da. 1999az geroztik, sektorearen adituek ezarririko eskakizunak betetzen dituenaren Turismo Kalitaterako Espainiar Institutuaren Egiaztapena du estazio honek. Pistetara barneratzeko lau bide daude: telekabina bat eta pistetarako hiru errepide (Sarrios, Crestas eta Anayet). Teleskiei dagokienez, 22 ditu: telekabina bat, bost teleaulki eta 16 teleski, zeinak 21.574 eskiatzaile orduko garraia ditzaketen. Zailtasun ezberdinetako 54 pista hauek 57 km osatzen dituzte, eta guztiz oinkatuak eta balizatuak daude, horretarako 10 pista zaintzaile eta zortzi makina pista zapaltzaile erabiltzen direlarik. Altitudeei begira, Formigaleko urbanizazioa 1.520 metrora dago, gehieneko elur kota 2.250 metrotakoa da eta gutxienekoa 1.510 metrotakoa.
Guztiz klasikoa da aldiz Baqueira Bereteko eski estazioa. Natura, atseden eta dibertsioz osaturiko orekaz gozatzen du 1.535 hektareatako estazioak. 88 kilometrotako pista balizatuak, zailtasun ezberdinetako 54 pista, bi ibilbide, eski nordikoa praktikatzeko 7 kilometrotako zirkuitu bat, orduko 40.267 pertsona garraiatzeko 28 teleski eta slalomeko stadium bat dira besteak beste Baqueira Beretek eskaintzen dituen zerbitzuak. Bertan, modalitate ezberdinetako eskia praktikatu daiteke: iraupen eskia, eski alpinoa, snowboard, helieskia, minusbaliatuentzat eskia eta nordikoa, azken hau Bereten bakarrik. Bestalde, ikastaroak ere eskaintzen dira eski estazio honetan. Espainiar Eski Eskolan formaturiko 200 irakaslek eskaintzen ditu eski klaseak gazteleraz, ingelesez nahiz frantsesez. Halaber, ikastaro hauek partikularrak nahiz kolektiboak izaten dira.
Gainerako estazioetan bezala, eskiak alokatu daitezke Baqueira Bereten. Hala, helduen ekipamenduaren astebeteko alokairuak 58,90 euroko kostua du eta haurrenak aldiz 36 eurokoa. Snowboard-eko ekipamendua aldiz garestiagoa da, izan ere ekipamendu baten astebeteko alokairuak 72 euroko prezioa baitu. Ekipamendu hauetan eskiak, botak eta bastoiak sartzen dira, eta snowboard modalitateko ekipamenduan aldiz taula eta botak.
Eskiatzeko zaletasuna ez da bidaia luzeekin lotu behar. Errioxan bertan, Valdezcaray eski gunea kokatzen da, San Lorenzo izeneko Gaztelako mendilerroa, hain zuzen ere. 18.000 hektareaz osaturiko gune honetan, 1.545 metrokoa da elur kota txikiena eta 2.125 metrokoa handiena. 14.960 eskiatzaile garraiatzen dituen 6 telekabina eta telebaby bat (haur eta hasiberrientzako gunea) ditu. Horretaz gain, 25 irakaslez osaturiko eski eskolak ikastaroak eskaintzen ditu.

ESPAINIAR ETA FRANTZIAR PIRINIOAK NAGUSI.

Euskaldunok kirol mota hau praktikatzera nora jotzen dugun jakiteko xedez, Donostiako Aran Bidaiak agentziara jo dugu informazio eske. Bertan aipatutakoaren arabera, euskaldunok gehienbat espainiar Pirinioetara eta frantziar Pirinioetara jotzen dugu kirol hau praktikatzera. Pirinio frantsesak orain oso ondo komunikatuak daude autopistarekin, baina dena den kontuan hartu beharra dago Aragoiko Pirinioak gertuago daudela. Hori dela eta, euskaldunak Candanchu, Formigal, Astun eta Baqueira Beretera joaten direla azpimarratu digute. Hala, euskaldun askok etxe edota apartamentua bertan duela kontuan hartu beharreko faktorea da. Orobat, Pirinio frantsesean Luz Ardiden dela bisitatuena jakinarazi digute, besteak beste prezio eskuragarriagoa duelako. Hala ere, Candanchu eta Baqueira Beret dira aitzindari.
Familiek gehiago jotzen dute Frantziako Pirinioetara, hotel eta apartamentu gehiago daudelako eta prezioari ez diote hainbesteko jaramonik egiten. Gazteek aldiz gehiago bidaiatzen dute Espainiako Pirinioetara. Dena den gaur egun jendea eski estazioez azkar aspertzen denez, bai gazteek eta bai familiek ere asko aldatzen omen dute estazioz.
Alojamenduari dagokionez, Frantziako Pirinioetan erdiak hotelean eta beste erdiak apartamentuan ostatu hartzen duela esan daiteke, baina Espainiako Pirinioetara jotzen duten eskiatzaile gehienak hotelean hartzen dute ostatu, eskaintza murritzagoa baita.

CARVING-A, ESKI TRADIZIONALAREN ORDEZKARI.

Eski modalitateak berriro hizpide harturik, ohiko iraupen eskiaz eta eski alpinoaz gain, snowboard eta carving modalitateak nabarmendu dira. Azken hau praktikatzeko, eski parabolikoagoak erabiltzen dira eta eski alpinoa soilik praktikatzen da berauekin. Europan duela lau edo bost urtez geroztik egiten da eski mota hau, eta etorkizunean eski tradizionalak ordezkatuko dituela espero da.
Eskaerari begira, asteburuetarako eskaerak izaten dituzte gehienbat agentziek, nahiz eta astean zehar merkeagoak izan irtenaldiok. Dena den, eguneko eskia ere geroz eta gehiago eskatzen da. Hots, eguneko eskia, goizean goiz autobusez joan, egun osoan zehar eskiatu eta gauean itzultzea izango litzateke. Honek 37,50 euro eta 44,50 euro arteko prezioa du astelehenetik ostiralera, eta 46 euro eta 50,50 euro artekoa larunbat, igande eta jaiegunetan Espainiako Pirinioetan. Frantziar Pirinioetarako bidaiak aldiz, 37,50 euroko kostua du. Prezio honetan autobusa, forfaita, gidaria eta istripuetako asegurua sartzen dira.
Bestalde, kontuan hartzekoa da irakaskuntza arlotik kirol mota honekiko dagoen eskaera. Izan ere, kirol hezigarritzat kontsideratzen da eskia, ikasleentzat kirol aktibitate bat izateaz gain, bizikidetasuna lantzen baitute. Berauentzat prezioak askoz ere eskuragarriagoak dira. Esaterako, Luz Ardiden edo Gourette-era eguneko eskia praktikatzera joateak ikasleko 23 euroko prezioa du. Prezio honetan, bazkaria, egun bateko forfaita, bi orduko ikastaroa, materiala eta asegurua sartzen dira. Beste adibide bat aipatzearren, Astunen edo Candanchun asteburua igarotzeak 85-90 euroko prezioa du, egun erdiko mantenuan eta bi eguneko teleskia, materiala, lau orduko ikastaroa eta asegurua barne direlarik

Aurtengo koloreak: horia eta grisa
Edozein kirolek bezala, eskiak ere badu bere janzkera propioa. Horri buruz gehiago jakitearren Tolosako Aralar Kirolak dendara jo dugu. 23 urte daramatzate eskiaren eta mendiaren inguruko materiala saltzen eta iraupen eskian dira besteak beste adituak. Aurtengo koloreei begira, horia eta grisa datozela jakinarazi digute. Bi kolore hauek izango dute indarra aurtengo denboraldian, bai eski eta bai arropa koloreei dagokienez. Aitzitik, gorria eta urdina izan dira aitzindari. Lehen marrazki gabeko eski eta materialak erabiltzen ziren eta kolore ilunagoak erabiltzen ziren. Orain ostera, kolore argiak erabiltzen dira eta material apainduak.

Eskiatzeko beharrezko materialak botak, makilak, eskiak eta finkapena direla kontuan hartuta, 100 eurotik 400 euro bitartean lortu daiteke ekipamendu osoa. Jantziei dagokienez, goitik beherako jantziek 110-148 euroko prezioa dute. Jantzi hauek lehiaketarako erabiltzen diren arren, jende arruntak ere erabili ohi ditu. Halaber, badira kirol honetarako beste zenbait arropa, galtzak (60 euro inguru), elastikoak (36 euro inguru), zamarrak (90 euro inguru), galtzerdiak (12 euro inguru), eskularruak (30 euro inguru). Dena den, eski motaren arabera janzkera eta materiala aldatzen dira eta ez dute inongo parekotasunik euren artean, ez prezioari dagokionean eta ezta estilo eta modari dagokionean ere.
Kontsumismoa gehituz joan den arren, orain beharrezkoa baino ez dela erosten baieztatu digute Aralar Kirolak dendan. Osagarriek ere indarra hartu dute eskiaren munduan. Hots, eskiatzeko beharrezko diren materialez gain, modak baldintzaturiko osagarri anitz saltzen dela jakin dugu, esaterako, elurretan ibiltzeko elur erraketak, gerriko poltsa, motxilak...
Eski denboraldia amaitzen denean ere, bada eskia praktikatzen duen jendea. Roll ski-aren bidez, hau da, gurpildun eskien bitartez, lur zoruan eskiatu daiteke eta negua iritsi bitartean entrenatzen segitzeko aukera eskaintzen du. Beraz, eskiatzeko zaletasuna duenak ez du aitzakiarik urte guztian zehar ez praktikatzeko. Eski hauen prezioa 178 eurokoa da gutxi gora behera

Eskiari buruzko informazio gehiago:
www.astun.com
www.candanchu.com
www.formigal.com
www.panticosa-loslagos.com
www.cerler.com
www.baqueira.es
www.port-aine.com
www.tavascan.net
www.puertonavacerrada.com
www.pirineoaventura.com
www.valdezcaray.es
www.sierranevadaski.com
www.esqui-francia.com


Azkenak
Bonus track: non dago saria?

Jan-edanean zeuden denak, itxuraz alai, baina baten bat urduri zebilen aperitibo eta aperitifa artean. Bigarrenez jasoko zuen saria, baina eskuetan edukiko zuen lehenbizikoa izango zen. Eta urduri zegoen, oroigarriak bulegora heldu beharra zeukalako, joder. ARGIA Sariak ez dira,... [+]


Argia Sarien kronika
Galga azkartasunari

Gauzak bizi eta azkar aldatzen badira ere, zenbait kontu ez dira aldatzen: Argia Sarien ekitaldia da horietako bat. Horixe esan dio kronikagile honi beharrera etorri den kanpoko kazetari batek, ARGIA asko aldatu dela esatearekin batera, sari-banaketa hasi aurretik. Onerako ari... [+]


2025-01-31 | ARGIA
Ikus-entzunezko Argia Saria: EITB Kultura

EITB Kultura telebista saioak jaso du Argia Saria euskal kulturgileen lana bistaratzeagatik, Euskal Herriko txoko guztietako proiektuak telebista publikora ekartzeagatik, eta egiten duten kalitatezko ikus-entzunezkoagatik. Saria Leire Ikaranek eta Kerman Diazek jaso dute, Berde... [+]


2025-01-31 | ARGIA
Prentsako Argia Saria: Irutxuloko Hitza

Prentsako Argia Saria Irutxuloko Hitza-rentzat izan da, eskuin muturraren igoerari egindako jarraipenagatik eta talde erreakzionarioen benetako aurpegia erakusteko kalean hor egoteagatik. Aurten 20 urte beteko ditu Donostiako hedabideak. Aizpea Aizpurua, Andrea Bosch,... [+]


2025-01-31 | ARGIA
Entzunezko Argia Saria: BaDA!bil podcasta

Entzunezko Argia Saria BaDA!bil podcastak jaso du, Hiru Damatxo ekoiztetxeak ekoitzitakoa, eta Gerediaga elkarteak eta EITBk finantzatutakoa. Podcastak kulturgintzan dabiltzan lau mahaikidez osaturiko bost mahai inguru jaso ditu Durangoko Azokaren bueltan. Saria jaso dute Amets... [+]


2025-01-31 | ARGIA
Merezimenduzko Argia Saria: Ene Kantak

Hamabost urteotan gazteenen artean euskara sustatzeko egindako lanagatik eta lortutako arrakastagatik,  Merezimenduzko Argia Saria Ene Kantak proiektuarentzat izan da. Saria Nerea Urbizu, Fermin Sarasa eta Jesus Irujok jaso dute.


2025-01-31 | ARGIA
Urteko kanpaina onenaren Argia Saria: Altxa Burua

Seme-alabek lehen mugikorra izateko adina atzeratzeko eskolaz eskola egindako lanagatik eta lortutako emaitzengatik, ikastetxeak mugikorrik gabeko arnasgune izateko borrokagatik, kanpaina onenaren Argia Saria guraso elkarteek osaturiko Altxa Burua ekimenarentzat izan da... [+]


2025-01-31 | ARGIA
Interneteko Argia Saria: Oroibidea

Galtzaileen herri ondarea sarean jartzeko erakunde publiko batetik egindako ahaleginagatik, ahots gabeen ahotsa entzuteko aukera emateagatik, eta batez ere, Nafarroak aitzindari izaten segi dezan oroimen historikoa berreskuratzeko bidean, Interneteko Argia Saria Nafarroako... [+]


2025-01-31 | ARGIA
ARGIAko lantaldearen mezua: Mundu ilunean, ARGIA gehiago

Onintza Irureta Azkunek egin du hitzartzea ARGIAko lantaldearen izenean:

"ARGIAko komunitatea osatzen duten milaka lagunetako batek berriki adierazi digu batzuetan ARGIA iluna dela, barruak mugiarazten dizkion albiste gogorrak daudela. Lan ona egiten dugula, baina... [+]


2025-01-31 | ARGIA
Banatu ditugu euskarazko komunikazioaren 2025eko Argia Sariak

Sei sari banatu ditugu aurten: ikus-entzunezko saria EITB Kultura telebista saioari eman zaio, prentsako saria Irutxuloko Hitza Donostiako hedabideari, entzunezko saria BaDa!bil podcastari, interneteko saria Oroibidea bilatzaileari eta komunikazio kanpaina onenaren saria Altxa... [+]


Calexit, Kaliforniaren independentzia bilatzen duen ekimena

Ekimenak erreferendum eskaera egin du eta Shirley Weber estatu idazkariak onartu. Orain, prozesuari jarraipena emateko, 546.000 sinadura lortu behar dituzte datorren uztailerako. Marcus Evansek egin du eskaera.


Estatuaren biktimek Chivite lehendakariari eskatu diote egon dadila euren aitortza ekitaldian otsailaren 13an

Estatuaren biolentziaren biktima gisa onartzeko 125 eskaera egin zaizkio Nafarroako Gobernuari 2023an eta 2024an. Horietatik 41 onartu dira. Egiari Zor eta Torturatuen Elkarteak ongi baloratu dute egiten ari den bidea.


'Arizona' antzezlana
Muturrekoa, muturreraino eramanda

Arizona
Aktoreak: Aitziber Garmendia eta Jon Plazaola..
NOIZ: urtarrilaren 26an.
NON: Berrizko Kultur Etxean. plazan.

-------------------------------------------

Arizona eta Mexiko banatzen dituen muga zaintzera abiatu da Idahotik Margaret (Aitziber Garmendia) eta George (Jon... [+]


Eguneraketa berriak daude