«Gorputzaren mugak pasatzea da arrisku nagusia»

Zer egiten zuen belaontziarekin lehiaketetan hasi aurreko Amaiurrek? Eta nola sartu zen lasterketetan?

Elektronika ikasi nuen, elektrizitatea ere bai. Bitartean, uda osoan bela ikastaroak ematen nituen, eta pilota esku-huska jokatzen nuen.
Zortzi urterekin hasi nintzen bela ikasten, udan hamabost eguneko ikastarotan. Ondoren irakasle hasi nintzen. Hasieran udako aktibitatea bakarrik zen. Soldadutzara joan beharrean, kontzientzia eragozle sartu nintzen, bi urtez bela klubean lanean. Irakasle izateko ikastaroa egitean ezagutu dut lehiaketen mundua.

Lehiaketetan parte hartzeko diru asko jarri beharko da. Bizimodua ateratzeko bezainbeste ematen du?
Ez naiz horretatik bizi oraino. Entrenatzen baino denbora gehiago pasatzen dut dirua biltzen, lehiaketatan parte hartu ahal izateko. Negu osoa pasatzen dut txostenak prestatzen, enpresetara joaten… Lehiaketa baino hiru aste lehenago lortzen dut itsasontzia, eta bat-batean ohitu behar dut. Itsasontzia prestatzen lagunduko didan langile bat hartu nahi nuke.

Ausardia behar du lehiaketa baten proiektua bakarrik aurrera eramateko...
Zaila da proiektua bakarrik eramatea, nahiz eta ingurukoen laguntza izan. Batzutan zortzi hilabete pasatzen dituzu baiezko erantzun bat ere jaso gabe, eta hor galderak bueltaka hasten zaizkizu: ea bide ona aukeratu duzun, proiektua egiaztatzen ez bada hainbeste denbora alferrik pasa duzula… hori da zailena. Baina proiektua egiaztatzen delarik, plazer bat da, eta motibazio handiagoa duzu proiektua bururaino eramateko.

Nola lortu izan dituzu belaontziak?
Lehen urtea formazioko barkuekin egin nuen. Gero beste barku bat ukan nuen txapelketarako. Alokatu egiten dugu, oso garestia da alokairua. Adibidez, 2000. urtean 12.200 euro utzi genituen barkuaren bi hilabete eta erdirako alokairutan. Barkua erosteak 42.700 euro balio du, zaharrak. Orain berriak 152.500 euro balio ditu.

Lasterketan onenek 183.000 euroko aurrekontua zuten. Horrekin, bere burua mantentzen zuten, gainera prestatzaile bat hartzen zuten urte osoan, prentsaz arduratzen zen beste bat ere bai, eta baita belaontzia zaintzen zuen pertsona bat ere. Bakarrik zarelarik, azkenean lehiaketa prestatzeko ordez konponketa lanetan aritzen zara.

Aurrerakuntzak nondik datoz?
Figaro lasterketan denok ontzi berberak ditugu. 1990etik 2001era arte mantendu dira barku berdinak. Orain aldatuko dira barkuak, handiagoak izango dira, eta garestiagoak. Azkarragoak dira, haizea gibeletik denean egonkorragoa da, bi lema izango ditu, motor azkarragoa du.

Zer da itsasoan bakarrik egotea?
Lauzpabost egun egoten gara bakarrik, portura iristean bada jende anitz. Lau-bost egun itsasoan bakarrik egotea ez da beste munduko zerbait. Esaterako, ongi pasatzen dut pentsaketan... bada okupatzeko denbora, bai.

Taldekako txapelketatan ere aritua zara. Zer alde dago taldean joan edo bakarrik joan?
Talde txapelketan, bakoitzak bere postua eta bere zeregina du. Taldean asko entrenatzen bagara, gero itsasontzian ezer esan gabe gauzak ongi doaz. Oso interesgarria da talde lan hori, bakoitzak bere ekarpenak egiten dituelako.
Bakarka ibiltzen zarelarik ere talde lana bada zure gibelean, baina gero egia da barkuan zu bakarrik zarela, eta hori ere oso interesgarria da. Itsasontzian zarelarik ez duzu besteengandik zerbait itxaron behar, erabakiak zeuk bakarrik hartu behar dituzu, eta batzuetan oso denbora gutxian, ekaitzak ezustean harrapatzen bazaitu, esaterako. Zure izatea ezagutzen duzu gehiago, gauzen aurrean nola erreakzionatzen duzun. Zure emozioak ikasten dituzu, eta gero horiei aurre egiten diezu. Biak izatea, taldeko esperientzia eta bakarkakoa, oso ona da.

Belaontzi bat zuzentzeko zer hartu behar da kontuan?
Lehen gauza inportanteena da, itsasora joan aitzin barkua ezin hobe izatea. Ekaitza duzularik gauzak hausten bazaizkizu, horrek konplikazio handiak ekartzen ditu eta oso arriskutsua izaten ahal da ekaitzaren aurrean zarelarik.
Itsasoan bertan, lehen gauza da begiratzea haizea nondik heldu den eta nora nahi duzun joan. Behar duzu jakin haizearen arabera nola ibili barkua, nola neurtu belak. Beraz, behar duzu jakin haizea nola izango den, eta hori aurreikusi egin behar duzu. Zure ustezko analisiak egiten dituzu, eta gero ikusi ea hori gertatzen den edo ez, eta probatze horretan ere ikasi egiten duzu. Lainoak ikusiz badakizu depresioan non zaren gutxi gora behera, atmosferako presioari erreparatuta ere badakizu pixka bat non zaren, depresioan edo antizikloian. Horren arabera, joan nahi duzun tokira iristeko zein den bide egokiena erabaki behar duzu. Anitz gogoeta behar da zure bidea egiteko.

Nola orientatzen zarete?
GPS sistemarekin; sateliteen bidez esaten dizute non zaren. Hori da denek erabiltzen dugun sistema. Gero hobe da beste bi moldeak ere jakitea. Bata da, lurra ikusten baduzu, lurrean bi puntu hartzea, horiek mapara ekarri eta hiruki horretan zara zu. Hori da sinpleena eta ziurrena. Beste moldea da, lurrik ez bada ikusten, zure bidea estimatzea: zenbat denbora zoazen, zer abiaduran eta zein norabidetan. Eta aldaketa guztiak eduki behar dira kontuan: hainbeste denboraz haizea aldatu da, beraz norabidea aldatu dut, abiadura aldatu da… dena horrela. Bukaeran zuk estimatu duzu puntu horretan zarela. Gero, izarren edo eguzkiaren bidez, zure bide estimua segurtatu dezakezu, eta gaizki baldin bada zuzendu. Horrek denbora anitz hartzen du, ez da ziur-ziurra, eta zailagoa da. Hobe da hori jakitea GPS sistema okertzen bada.
Baina GPS sistema bakarrik baldin baduzu ere, gaurko egunean ez da aski. Nik hori bakarrik dut, eta besteen aurrean ez naiz abantailatua. Aldiro barku barnera joan behar dut, kalkulua egin... eta askotan, bakarka ibiltzen zarelarik, arroken ondoan pasatzen zarelako edo ekaitza dagoelako zaila da lema uztea. Aldiz orain ordenagailuetan sartuak dira mapak eta GPS sistema, eta lematik ez dira mugitzen, alboan jarria dutelako pantaila.

Loa menperatzen jakiteko ikastaroak egin omen dituzu.
Bakarrik ibiltzen zarelarik, ez duzu lo egiterik ahal lurrean bezala, gau osoan jarraian. Hor behar duzu lo egin 20 minutuko zatiekin. Beti adi egon behar duzu kanpoan zer gertatzen den, beste barkurik baden… Bada erregela bat: zure inguruan ezer ikusten ez duzunean, 20 minuturen buruan zerbait agertzen ahal da zure aurrera. Beraz, 20 minuturo atera behar da begiratzera.
Bada teknika anitz, 20 minutu horietan ahal bezain gehien pausatzeko. Lehen gauza, barkuaren inguruan itzulia egitea da, ea dena ongi den ikusteko (ez den ezer hautsia, ea ongi neurtuak diren belak…). Dena ongi delarik, espiritua pixka bat lasaitzen da. Gero anitz sofrologia egiten dut; gorputza lasaitzeko teknikak dira, arnasa hartzeko modu batzuen bidez. Horrekin asko bat errekuperatzen duzu, baita egiazki lo egiten ez baduzu ere. Gero 20 minuturen buruan ateratzen zara, itzuli bat egiten duzu ea dena ongi den ikusteko, eta berriz joaten zara ohera. 20 minutuka, 5 orduz ere egin dezakezu lo.

Denbora guztian ontziari begirik kendu gabe egongo zarete, beraz.
Bai, hori da. Gero gauza batez ere ohartu naiz. Hasieratan, lehiaketan hasi eta beste barkuei uzten nien aurre hartzen, bakarrik ibiltzen nintzen. Hor gehiagotan egiten nuen lo, gehiagotan nindoan 20 minutuak egitera. Aldiz, aurten beste barkuen hurbil nintzen, atxikitzen nituen, eta ohartzen naiz askoz gutxiagotan zoazela lotara. Besteak hurbil direla, lo pixka bat egiten baduzu ihes egiten dizutela ikusten duzulako. Onenek ez dute lorik egiten hiru edo lau egunez, edo lau egun eta erdiz hiru alditan bakarrik egiten dute 20 minutuko loa. Egoera horretan jabetzen zara akitua zarela, urduri, besteei toki pixka bat kentzen, uzten, kentzen… Hor kontzentrazio gehiago behar da.

Arrisku nagusiak zein dira?
Zure gorputzaren mugak pasatzea. Gertatu izan da lasterketa amaieran lokartzea, eta helmugara joan beharrean barkua alboko hondartzan sartzea. Beste batzuk itsas barnean doazela lokartu eta kostan iratzartu izan dira. Loari atxikiz-atxikiz, gorputzak gehiago ezin eta bat-batean lo erortzen zara lau orduz, eta pilotu automatikoak auskalo nora eramaten zaituen.
Pilotu automatikoak sistema ezberdinak ditu. Bata da, zuk norabide bat ezartzea. Pilotu automatikoari erraten diozu "180 gradutara joan nahi dut", eta barkua beti joango da 180 alderantz; noski, haizea itzultzen bada, belak gaizki neurtuak izango dira gero. Baina hori segurtasun aukera bat da bestearekin konparatuz, zeren eta 180 alderantz ez dela ezer baldin badakizu, denbora galduko duzu, baina hori bakarrik. Aldiz, bada beste molde bat, barkuarekiko haizearen angelua neurtzen duzuna. Pilotu automatikoa 40 gradutan ezartzen badut, barkua beti haizearekiko 40 gradutara joango da. Hori arriskutsua da oso. Haizea aldatzen bada, barkuak ere norabidez aldatuko du, eta kostara eraman zaitzake. Lo egin aitzin, kasu egin behar duzu zein modutara ezartzen duzun pilotua, segurtasuna izateko.

Ekaitza ez al da arrisku nagusia?
Ekaitzarekin gertatzen dena da, etorri aurretik antzeman behar duzula, eta lehenago txikitu behar dituzula belak. Ez baduzu egiten, gero energia gehiago ematen duzu, haizea indar handiz etortzen delako. Ekaitza bera ez da arrisku handi bat, ondo aukeratzen baduzu barkua egoera menperatzen duzu, espiritua lasai da. Gerta daiteke masta haustea, eta baditugu seguritate neurriak ere, gauzak ez gainera etortzeko. Baina ekaitza, berez, akidurarengatik da arriskutsua. Barkuan zure presentziaren beharra handiagoa da, eta energia gehiago gastatzen duzu, beraz fiteago akitzen zara. Eta akitua egonda pitokeria handiak egiten dituzu. Gorputzaren erresistentzia da kontua, zure burua ezagutu behar duzu. Gero, non zaren ere ezberdina da. Arroken ondoan bazara arriskua handia da, haizeak arroken ingurura eraman zaitzakeelako. Baina ura baldin baduzu zure gibelean, ez da hain arriskutsua, akigarria da.

Eta haizerik ez denean, zer?
Haizerik ez dagoenean, beti dago haize fina, alde guztietatik datorrena. Buruarentzat zailena da haize hori nondik heldu den asmatzea, eta ongi erabiltzea. Buruarentzat oso pisua da, ez duzu aurreratzen, eta bakarrik zarelarik, uste duzu zu bakarrik zarela egoera horretan, besteak aurreratzen ari direla. Nik horrelakoetan asko kantatzen dut, buruan beste zerbait izateagatik.

Segurtasunerako zer sistema dituzue?
Itsasoan bakarka ibiltzea debekatua da. Beti behar da izan norbait, lo zaudelarik ontzia zaintzeko. Lehiaketen kasuan bakarrik onartzen dute bakarka ibiltzea. Segurtasunerako badira anitz gauza. Bakarkako txapelketetan, badugu salba ontzi bat, barkua urperatzen delarik bertan sartzeko; janaria ere badu. Bestetik, barkuari lotu behar zara arnes batzuen bidez; uretara erortzen bazara, urak bustitzen duelarik puztu egiten da arnesa, eta ur azalean eusten zaitu. Besoan ezartzen den argi txiki bat ere badugu, gauez urrunetik ikusten zaituzte horrekin. Badira suziriak ere, eta beste segurtasun neurri asko.

Nola moldatzen zarete arrantza ontziekin?
Niri uda honetan tokatu zait arrantza ontzi baten kontra joatea. Figaroko txapelketan, Irlandako itsasoan nintzen, eta jatera joan nintzen. Beste barku batzuekin lehian ari nintzen, eta pixka bat pausatu nahi izan nuen, berriz lotzeko. Etzan egin nintzen pixka bat, eta ez nintzen lokartu oraino. Sekulako zarata entzun nuen. Zortea izan nuen, ez nuen bete-betean jo. Arrantza ontziak zutabe batzuk zituen atereak, kableekin sareak biltzeko, eta nire belak zutabe hori jo zuen. Urratu dit, mastako alboko egurra hautsi dit bitan… Kable horiek masta atxikitzen dute gogor erdian. Sekulako beldurra izan nuen haizeak masta hautsiko ote zidan.

Zer egiten duzue bela urratzean?
Askotan urratu zait. Partxe modukoekin konpontzen ahal da, edo bestela ordezkoa ezartzen dugu. Biak hautsiz gero, akabo. Batzutan hobe da belak ez erabiltzea, haize asko delako, gerorako gordetzea, alegia. Zaila da jujamendu hori izatea, onenek erabili nahi izaten baitute, azkarrago joateko.

Nola egiten diezu aurre ezbehar horiei?
Hainbeste denbora pasatzen duzu proiektua egiaztatzen, hor zarelarik proiektua bururaino eramatea dela nire zer bakarra. Zerbait gertatzean ahal dudan guztia egiten dut txapelketan jarraitu ahal izateko. Nire helburu bakarra bukatzea da. Ziur arazo mordoa konponduko zela, nire ondoan prestatzaile bat izan banu. Zaila da dena bakarrik kudeatzea. Irlandan egun bakarra izan nuen dena konpontzeko, eta ez nuen ingelesa mintzo. Azken mementora arte egon nintzen konponketa lanetan, indar guztia horretan xahutu nuen eta beste prestaketak utzi behar izan nituen.

Zer moduzko giroa aurkitu duzu txapelketan?
Oso ona. Sekulako laguntza izan dut. Hoberenek ere ez naute hartu deus ez banintz bezala. Haien artean ez da beti giro gozoa izaten. Hasieran zarelarik, sekulako laguntza ematen dizute, materiala utzi ere bai… Beharbada hamar lehenetan bukatu banu ez nuen hainbeste laguntza izanen.

Zer ikasi duzu halako esperientzia gogorretatik?
Ohartu naiz nire maila ondu dela. Iaz ikusten nituen barkuak joaten eta ez nituen gehiago ikusten. Aurten haien ondoan nintzen, hasiera oso ona egin nuen txapelketan. Arazoekin geratu nintzen nahiko atzera.

Makina bat herrialde ezagutuko zenuen.
Lurrean garelarik, oso denbora gutxi dugu inguruak eta bertako jendea ezagutzeko. Baliabide gehiago dituenak, bere laguntzaileari esaten dio ontzian zer konpondu behar duen, eta hura portuan utzita joaten dira turismo egitera.
Itsasotik lurra oso ezberdin ikusten da. Sekulako poza hartzen da, badakizu iristen ari zarela. Lurra ikusten dudalarik txuleta bat irudikatzen dut platerean. Lurreko erosotasuna datorkit burura. Urrutitik ikusita oso polita da; gerturatzen joan ahala ikusten dira fabrikak!

Euskal Herriko Belaontzi Elkartea sortzea duzu xede. Zertan da?
Amets bat da niretzat. Euskaldun jendeari aukera eman nahi diot aktibitate hau euskaraz ikasteko. Nik ez dut aukera hori izan, beti frantsesez ikasi dut. Hamabi urtez irakatsi dut bela, eta ohartzen naiz etengabe ikasi behar dela, aldi berean irakasteko. Bestela, betikoan gelditzen zara. Ziur nago hemendik urte batzuetara euskaraz ikasten ahalko dela bela.
Bestalde, anitzek uste baino irekiago dago egun bela mundua. Garestiak dira belak erosteko eta mantentzeko, eta orain arte aberatsen kirola zen, baina gero eta irekiagoa da. Klubetan sartuz, beste aktibitateen prezio bera du.

Zer iritzi duzu kirol portuei buruz?
Niretzat ona da, aktibitate hau hedatzeko. Baina kasu egin behar da inguruan sortzen ahal diren arazoei. Politika hori ekonomia turistiko jakin bat bakarrik sortzeko egiten bada, kanpotik datozen turistak erakartzeko bakarrik egiten bada, ez da oso komenigarria euskaldunentzat. Kasu egin behar da nola erabiltzen diren proiektu horiek

- Jaio: Baionan, 1972. urtean.
- Bizi: Senperen.
- Belaontzi gizona.
- Elektronika ikasketak egin ditu.
- Lanbidez: bela irakasle izan da 12 urtez.
- Lasterketak:
+ Transat AG2R lasterketan (2002), 22. postua lortu du.
+ Frantziako bakarkako txapelketan (2001) 37. izan zen.
+ La Porquerolle lehiaketan 26. iritsi zen (2001).
+Figaro, bakarkako lehiaketan (2001), 37. izan da.

Doinua: Bogart eta Bilintx
Itsasoaren mugimenduak
edonor du maitemintzen,
baina haizeak zer paper duen
konprenitzen ari nintzen.
Haize indartsu bat ez denean
guri bultzaka aritzen,
alde denetan haize fin batzuk
omen dira nabaritzen,
ez al da ari bizitza eta
harremanak definitzen?

Gaztea nintzelarik oso basa nintzen. Gauzak ez nituen ulertzen, eta begiak itxita jotzen nuen aurrera, pareta batek gelditu arte. Horrek gorputza izorratu dit. Bizkarreko eta besoko arazoak ditut, gerrikoak... pilota horregatik utzi nuen. Gorputza xehatu dut. Emeki-emeki interesatu naiz medikuntzari, nahi nuen atzeman modu bat berriro gorputza orekatzeko. Txinako medikuntza ezagutu dut, eta neronen kasa ikasi dut, liburuak irakurriz. Gizakia nola bizi den anitz gauza ulertu dut. Gure emozioak konportamendu bat erakartzen duela, eta emozioak menperatzen badituzu konportamendua aldatzen ahal dela, norbera errespetatzeko eta hobeki izateko gure baitan. Txinako filosofia oso ona da, norberaren erreakzioak ulertzeko. Gorputzeko mina ere emozio bati lotua da, behar da ulertu emozio hori, konportamendua aldatzeko, eta horrela zure mina joana zaizu.

Xabier Itzaina idazlea eta Amaiur, bi lehengusuak mutikotan.


Azkenak
Kongok espero du tximino baztangari aurre egiteko adina txerto emango dizkiola Mendebaldeak

Kongoko Errepublika Demokratikoa ari da gehien jasaten tximino baztanga edo mpox-en epidemia. Urtea hasi zenetik 16.700 kasu atzeman dituzte, eta ia 600 pertsona zendu dira herrialdean; gehien-gehienak, haurrak.


Hainbat gizon atxilotu dituzte asteburuan indarkeria matxistagatik

Tuteran 30 urteko gizon bati 23 urteko bikotekideari erasotzea leporatu diote, eta Ondarroan 31 urteko gizon bati lankide bati ukituak egitea, herriko osasun etxean. Bilboko jaietan bi sexu eraso salatu dituzte, eta Donostian 20 urteko gizon bat atxilotu dute, hiriaren... [+]


2024-08-20 | ARGIA
Osakidetzan tratamenduari ekin nahi dioten transek psikiatriatik pasa behar dutela salatu dute

Hainbat kolektibok salatu du Gurutzetako ospitaleko Genero Identitatearen Unitatean arreta jasotzen duten transei lehen harrera psikiatrikoko profesionalek egiten dietela, horrek transak patologizatzen dituela eta harrera endokrinoak egin beharko lukeela. Harrera endokrinoak... [+]


2024-08-20 | Euskal Irratiak
Bigarren etxebizitzen kontrako aldarria entzun da Miarritzen

Etxebizitzen %20 baino gehiago jadanik bigarren etxebizitzak dira Ipar Euskal Herrian. Larrialdi klimatikoaz sentsibilizatzeko lau hilabetez, Nantesetik abiatu Alternatiba txirrindula itzulia, kostaldean zen aste buruan.


2024-08-20 | Mikel Aramendi
‘Txina komunismoaren aurretik’ ikuskizuneko sektaren atzean dagoen kuxidadea

Iazko urtarril-otsailean izan genuen Hego Euskal Herrian bisitari, egundoko propagandaz girotuta baina aparteko arrakastarik gabe, Shen Yun izeneko antolakundearen “Txina komunismoaren aurretik” ikuskizuna. Agian neuk ere esan behar nuen zerbait orduan, haren... [+]


2024-08-20 | ARGIA
Langile bat hil da Iurretan, baso-lanetan ari zela

LAB sindikatuaren kontaketaren arabera, dagoeneko 36 dira aurten Euskal Herrian lan-istripuz hildako langileak.


Epaileak ez du “hilketa saiakeratzat” ikusi emazteari labanaz eraso dion ertzainaren kasua

Mehatxu larriak egitea egotzi diote, eta behin-behinean aske utzi dute urruntze agindua ezarrita. Ertzainak sexua aldatu zuen azaroan, baina inori ez zion ezer esan.


Taser pistola Foruzaingoaren armen araudian sartu nahi du Nafarroako Gobernuak

Nahiz eta Nafarroako hainbat udalerrietako udaltzaingoek taserrak dituzten, ez dago armen araudian jasota. Azkoienen lau aldiz erabili dute, eta Iruñean aurtengo ekainean erabili zuten lehen aldiz.


2024-08-19 | ARGIA
Palestinaren alde mobilizatu dira Bilboko eta Donostiako Aste Nagusian

Palestinarekin Elkartasuna plataformak deituta, bi hiriburuetako jaietan "Palestina presente" egoteko aldarria luzatu dute. Ostiralez Bilbon, eta larunbatez Donostian.


2024-08-19 | Behe Banda
Barra Warroak |
Soro bat, zoro bat

Testu hau goizeko ordu txikitan izaten diren hausnarketa batekin hasi da, Araba galduko herri batean zoruan jarrita, ortzimugan eguzkia ateratzen dela ikusirik. Zelai hori eta nabarren artean hegan egiten duten txoriei so eginez, mendietan dauden basoetan pentsamenduak galduta... [+]


2024-08-19 | ARGIA
Ikus-entzutea merezi duten sei lan

ARGIAko erredakzioaren eskutik, sei ikus-entzunezko proposamen.


Eguneraketa berriak daude