EUSKAL ROCKAREN DAMA


2021eko uztailaren 23an
Izenburu bitxia du zure lehen bakarkako lanak: «Onna». Emakume esan nahi du hitz horrek japonieraz. Zergatik «Onna»?
Fermin Muguruzarekin Japonian izan nintzenean emakumeak eta gizonezkoak banaturik geunden. Emakume guztiak logela batean eta gizonezkoak beste batean. Orduan, hitzak norberaren hizkuntzara itzuliz jolasean hasi ginen, ea nola esaten den hori eta bestea, nola ahoskatzen den norberaren izena, emakumea hitza eta bere sinboloa... Horrela irten zen "Onna" hitza. Emakume guztiak geunden han, ni letra bat edo beste idazten hasia nintzen, niri buruz eta emakumeei buruz hitz egiten zuten hitzak. Hortaz, diskoaren izenbururako izen polita iruditu zitzaidan. Izan ere, emakume gutxi gaude Euskal Herrian rock munduan murgilduta.

Hainbeste eragin izan zuen zugan esperientzia hark?
Ez, bitxikeria bat da, baina han sortutakoa. Besterik gabe. Dena dela, Japoniak asko markatu ninduen, asko gustatu zizaidan. Kultura guztiz ezberdina da. Nik uste dut maila espiritualean gure gainetik daudela. Jende guztia oso atsegina da, hirian zaudela ez dizute lapurtzen, adibidez, ez dago delinkuentzia komunik. Kultura guztiz ezberdina da.

Emakumeei zuzendutako lan bat dela irakurri dut nonbait.
Elkarrizketa bateko titularrean argitaratu zen hori. Nik, ordea, ez nuen horrelakorik esan. Esan nuena da musikarekiko interes berezia duen jende gaztearentzat eginiko lana dela. Izan ere, ez da disko erraz bat, ez dut uste. Kashbad ere ez zen entzuteko erraza, ezta Dut, Lisabö eta talde horien guztien musika ere. Baina horrez gain, Euskal Herriko nire adineko neskei ere gustatzea nahiko nukeela esan nuen. Izan ere, herrialde honetan rocka abesten duen emakume bat bada, niri gustatu egingo zait, identifikatze hutsagatik bada ere. Hori da nik esan nuena eta ez emakumeentzako disko bat zela.

Taldean eginiko bakarkako lan bat da "Onna".
Bai. Izan ere, diskoan jende askok hartu du parte. Lan honek bi prozesu ezberdin izan ditu: bat, konposatzearena. Esparru honetan Xabi Strubellekin egin dut lan; Kashbadek ere abesti bat egin du; bertako gitarrarekin, Gorka Sesmarekin beste bat egin dugu; Gasteizko Beñatek ere hartu du parte; Fermin Muguruzak... Eta gero Josune Muñoz eta Lander Garro hitzetan aritu dira. Gogoa neukan beraiekin guztiekin lan egiteko. Konposizio lan horiek egiten lau bat hilabetez egon gara. Gero abestien eta hitzen bozeto horiekin lokalera pasatu gara konposizio lanarekin zerikusirik izan ez duen bandarekin lan egiteko. Hortaz, alde batetik, jende hori guztia egon da konposizio lanetan eta gero beste bost musikari diskoa grabatzeko eta zuzenerako. Emanaldietarako aldaketa bat ere izan da, grabaketan egon den bateria ez baita zuzenean izango, zuzenean Egoitz egongo da.

Diskoaren musika estiloa aurrez zehaztu duzue ala abestiak konposatu ahala finkatzen joan zarete?
Norbaitekin abesti bat egiten hastea erabakitzen duzun mementoan ez dakizu popa, rocka, heavy metala edo elektronikoa irtengo den. Baina nik banekien pertsona horren joera rockeroa izango zela. Nik ez dut erabaki: "Rocka elektronikoarekin uztartuko dugu!". Ez dut hain kontzienteki erabaki. Baina egia da oinarrian rock disko bat egiteko asmoa nuela, gitarra elektrikoekin, bateria akustikoarekin... Baina beste alde batetik, elektronikoa ere egiteko gogoa neukan. Nik uste dut nahiko argi neukala zer egin nahi nuen. Gero lokalera bandarekin lan egitera joan nintzenean esan nien: "Batez ere rock disko bat egingo dugu!". Horregatik aukeratzen duzu aukeratzen duzun musikaria. Ez dut gitarrajolea aukeratuko popa egiten ikusi dudalako, eszenatoki gainean jo ta ke rocka egiten ikusi dudalako aukeratuko dut.

Zein irizpide erabili duzu aukeratu duzun banda aukeratzeko?
Nahiz eta kasualitate hutsa izan, guztiak gasteiztarrak dira. Gitarrajolea eta baxujolea Neubat taldekoak dira, makinetaz arduratzen dena Atomoogekoa zen, bateria Exhalekoa, orain Sharon Stoner-eko Egoitzek ordezkatu duena. Begira! Azken hori oñatiarra da, hortaz, guztiak ez dira gasteiztarrak. Lehendik ezagutzen dudan jendea da, Gasteizeko koadrilakoak. Izan ere, ni urte batez Gasteizen izan nintzen bizitzen. Neubat-en eta Atomoog-en kontzertuetara joaten nintzen, entseguetara... Duela asko nuen jende honekin zerbait egiteko asmoa, diskoa egiteko erabakia hartu aurretik.

Jendeak disko lasaiago bat egingo zenuela uste zuen. Zure sustraiak, ordea, Kashbad, rockeroak dira. Zergatik uste duzu jendea ondorio horretara heldu dela?
Ez dakit. Agian, Björk entzuten dudalako edo nahiko era melodikoan abestea gustatzen zaidalako. Ez dakit. Ni ere harritu egin nintzen. Nik beti esan izan dut rock disko bat egingo nuela.

Rock talde batean denbora asko egon den musikariak bakarkako ibilbideari ekiten dionean lasaitzeko joera du normalean. Horregatik izango ote da?
Hori gertatzen da bai, egia da. Agian, horregatik izango da. Kashbaden azkena ere ez zen oso rockeroa. Beharbada horregatik ere izan daiteke. Lehena eta bigarrena hard-core estilokoak ziren gehiago, azkarragoak... Hirugarrenean ere rocka egin genuen, baina pop ukitua duten abestiak ere badaude. Dena dela, agian, esan duzunagatik izango da gehiago.

Abestietako bat Kashbadek konposatu du. Nola bururatu zitzaizun ideia?
Hori egiteko gogo handia neukan. Kashbadi omenaldi moduko bat egitea ere bada. Berriro lokalean elkartu eta zehaztuta zegoen zerbaitetarako abesti bat egitea zen. Lagunez aprobetxatzeko aukera zen! (Barre algarak). Sekulako abesti bat egiteko banda oso bat badaukazu... Oso dibertgarria izan zen: "Zure diskorako abesti bat egingo dugu!," esan zuten. Garai haiek gogoratzeko aukera ona zen.

Zuzenekorako Kashbaden moldaketa bat prestatu duzue. Nola sentitzen da Sorkun Kashbaden abesti bat jotzen bere betiko kideak ondoan izan gabe?
Oso arraro. Altzan eskaini genuen kontzertuan taldeko gitarrajolea eta baxujolea zeuden emanaldia ikusten. Orduan haiek behean ikustean nire barnerako pentsatu nuen: "Zer egiten duzue hor behean? Igo gora jotzera!". Sentsazio arraroa da bai.

Bakarka argitaratu duzun lehen diskoa da. Idazten ere estrainekoz aritu zara. Nola sentitu zara lan horretan?
Beno, letrak oso errazak dira, ez duzu poesiarik aurkituko. Baina bai, idazteko urratsa eman dut. Kashbaden nire roll edo tokia nuen eta inoiz ez nuen idaztean pentsatu. Izan ere, beraiek euskaraz askoz hobeto hitz egiten zuten eta aise idazten zuten. Ni abeslaria nintzen eta beraiek ez ninduten koro bat bera egiten laguntzen, lotsa handia ematen zien. Ez nuen letrak idazteko beraiek adinako gaitasuna, hortaz, ez nuen horretan pentsatu. Ferminekin egon nintzenean hasi nintzen idazten. Izan ere, denbora asko pasatzen genuen biran, bidaiatzen... Animatu eta nire gauzak idazten hasi nintzen. Horrela, bat-batean letra horiek abesti forma hartzen hasi ziren. Eta pentsatu nuen: "Agian, abesti politak dira!". Orduan, txapa guztia laburtzen hasi nintzen, rimak egiten, askorik ere ez dago baina... Gero nire euskara irakaslearekin zuzenketak egin genituen, esamoldeak egokitu... Hitzek ere lana dute.

"66" abestia ingelesez abesten duzu.
Bai, eta beste bat arabieraz, eta Kashbadekin saharauiarrez egin nuen. Hizkuntza ezberdinekin frogatzeko gogoa nuen; izan ere, hizkuntza bakoitzak bere musikaltasuna du. Kashbaden inoiz ez genuen ingelesez abestu. Beno, bertsioren bat egin genuen, baina amerikar batuan. Hau da, ez genekien zer esaten genuen. Gogoa neukan abesti bat ingelesez egiteko, bertan esaten denak ere bultzatu nau horretara: 66 izeneko bidea edo ruta, cadillac-a, maitasuna, fantasia... Aproposa zen ingelesez abesteko. Dibertigarria da beste hizkuntza batzurekin frogak egitea.

Kolaboratzaileen artean Kaori Nagano japoniarra aurkitu dugu.
Kaori Nagano The 3peace taldeko partaidea da. Hemendik biran ibilitakoa da eta, besteak beste, talde horrekin aritu ginen Japonian emanaldiak eskaintzen. Diskoaren izenburua bururatu zitzaidan egunean logela hartan zegoen emakumeetako bat da Kaori. Oso lagun onak egin ginen, posta elektroniko bidez harremanetan jarraitu genuen. Eta oporrak zituela grabaketara etorri zen. Baxua jo du "Al ejtilato" abestian.

Beti mutilez inguratua egon zara. Ez al zaizu taldean neskaren bat sartzea bururatu?
Bai. Bateria Lisaböko Aida izatea nahi nuen. Baina ezin zuen, oso lanpetuta dabil, ikasketak, lana, Lisabö... ezinezkoa zitzaion. Baina bestela ez nuen aproposa izan zitekeen beste emakumerik ezagutzen. Izan ere, guztiaren gainetik musika dago eta musikariak egiten duena gustatu behar zaizu. Hortaz, ez nuen besterik ezagutzen, ez nuen gitarra, baxua edo bateria jotzen zuen beste emakumerik ezagutzen. Eta are gutxiago musika elektronikoa egiten zuenik. Dena dela, gidaria (berak darama merchandisinga), managerra eta argien teknikaria emakumeak dira. Hortaz, bada zerbait. Nonbait emakumeak egotea lortu dut behintzat.

Neska rockzaleak badira Euskal Herrian. Gitarra elektrikoa hartu eta distorsio pedalari emateko ausardia falta al da?
Ez dakit. Nik uste dut horrek lotsarekin duela zerikusia. Oraindik ez da ohikoa. Ez dago rocka egiten duen neska askorik. Gizonezkoak bai. Beti dago gitarra edo bateria jotzen duen lagunen bat lokalean elkartu eta talde bat sortzeko. Hori egiten duen emakumerik ez dago, ordea. Kulturala da. Beste gauza asko bezala oraindik gizonen mundua da.

"Makarra" deituko dieten beldur al dira?
Azken batean, hori ohore bat da. Eta kontzertuetara joaten diren neskak «makarra» kontsideratzen direla uste dut. Ez dut uste horrek kokiltzen dituenik


Azkenak
‘Prentsa' bereizgarria zeraman autoa jomugatzat hartu eta beste bost kazetari hil ditu Israelek Gazan

Gutxienez 201 dira 2023ko urriaz geroztik Israelek Gazan hildako kazetariak. Abenduaren 26 honetan hildako azken bostak Al-Quds telebista katean zebiltzan lanean.


Larunbatean ospatuko dute Hatortxu Rock, Atarrabiako azkena

Antolatzaileek iragarri dutenez, ohiko jaialdia eginen dute abenduaren 28an eta 2025eko uztailean lau eguneko jaialdi berezi baten bidez agurtuko dute behin betiko jendea, "erreminta berriei bide emateko". Orotara, hamazazpi taldek eskainiko dute kontzertua larunbatean.


2024-12-26 | Estitxu Eizagirre
Laborari palestinarrek jasaten dituzten indarkerien lekuko izan dira Via Campesinako ordezkariak

Via Campesinako ordezkaritza bat Palestinan izan da abenduaren 8tik 18ra, bere kide den Palestinako Lan Komiteen Batasuna-k (UAWC) gonbidatuta. Bidaia horrekin herri palestinarrari elkartasuna adierazi nahi izan diote, "Gazan egiten ari diren genozidioaren erdian eta... [+]


2024-12-26 | Estitxu Eizagirre
Lesakan izango da 2025eko Bertso Eguna

Urtarrilaren 25ean ospatuko dute bertsozaleek urteroko hitzordua. Honakoa Bortzirietako Bertso Eskolak eta Bertsozale Elkarteak antolatuko dute elkarlanean. Goizeko 10:00etan ibilbide bat eginez hasiko da, arratsaldean XXI mende 25 (H)ilbeltz izenburua jarri dioten bertso... [+]


Orkatz Gallastegi preso politikoak EPPK utzi du

Berangoko euskal preso politikoa Zaballako espetxean dago gaur egun eta bertatik helarazitako idazkian Euskal Preso Politikoen Kolektiboa utzi duela iragarri du.


2024-12-24 | Julene Flamarique
Airearen kutsadurak 1.270 heriotza eragin zituen 2022an EAEn, Europako Ingurumen Agentziaren arabera

NO2 eta PM2.5 partikulak bezalako kutsatzaileei aurre egiteko hobekuntza planik ez dagoela salatu du Ekologistak Martxan elkarteak. Trafikoa murriztea eta airearen kalitatea hobetzeko alternatiba jasangarriak lehenestea galdegin du.


Turkiak 120 argitalpen kurdu debekatu ditu azken hiru asteetan

Editore Kurduen Elkarteak abenduaren 22an egin zuen salaketa: azken hiru asteetan Turkiako agintariek kurduei buruzko 120 liburu, aldizkari, egunkari edo bestelako argitalpen debekatu dituzte, Duvar hedabide kurduak jakinarazi duenez.


Garraio publikoa doan izango da 12 urtez azpikoentzat, duela bi urte bideragarria ez bazen ere

Garraio publikoak erdi prezioan jarraituko du datorren urtean ere, Espainiako Gobernuak bere hobarien parteari eutsiko diola iragarri ostean.


Amaya Zabarte zauritu zuten ertzainen arduradunak identifikatu nahi ditu epaileak

Realaren eta PSGren arteko futbol partidu batean larri zauritu zuten zalearen kasuan, epaileak onartu du familiaren abokatuek egun hartako bideo irudi guztietara sarbidea izatea. Oldarraldian parte hartu zuten ertzain taldeetako arduradunak identifikatzeko ikerketa ere eskatu du.


Santa Klausen ejertzito antikapitalista

Kopenhage, 1974ko abenduaren 18a. Eguerdiko hamabietan ferry bat iritsi zen portura eta bertatik 100 Santa Klaus inguruz osatutako taldea lehorreratu zen. Antzara erraldoi bat zeramaten haiekin. Asmoa “Troiako antzara” moduko bat egitea zen, eta, hirira iristean,... [+]


Eski estazioetako festibaletan kutsadurak goia jotzen du

Elur faltak eski estazio ugari kinka txarrean jarri ditu, klima larrialdiaren ondorioz. Baina paisaiari eta naturari ahalik eta etekin ekonomiko handiena ateratzeko batzuen logikak hor jarraitzen du, eta goi mendietan musika festibal erraldoi eta garestiak antolatzea da azken... [+]


2024-12-23 | Estitxu Eizagirre
Jaurlaritzak onartu duen planaren aurka mobilizatu da EH Bizirik
“Egungo eredu kapitalista gainditzea ezinbestekoa da larrialdi ekologiko eta energetikoari aterabide bat aurkitzeko”

Gizartean gatazka sortzen duten proiektuak jai bezperetan onartzeko ohiturari jarraituz, abenduaren 20an onartu du Eusko Jaurlaritzak Energia Berriztagarrien Lurralde Plan Sektorialaren "behin behineko bertsioa". EH Bizirik-ek elkarretaratzea egin du Jaurlaritzaren... [+]


2024-12-23 | ARGIA
Hiru lagunek osatutako lehendakaritza izango du Seaskak

Erik Etxartek, Sophie Layusek eta Antton Etxeberrik osatutako lehendakaritzak ordezkatuko du Peio Jorajuria, 2019tik Seaskako lehendakari dena.


Eguneraketa berriak daude