EUSKAL CAMPUSA ERAIKITZEN

  • Udako Euskal Unibertsitateak hil honen 14an II. Kongresua egingo du. Kongresua heldu dela-eta, Euskal Unibertsitate propioaren bultzatzaileen aldetik badirudi estrategia sendo bat finkatzeko ordua iritsi dela. Kongresuan, UEUk zein toki hartu behar duen aztertuko da. UEUk sortu zenean garbi utzi zuen euskaraz arituko zen eta euskal lurralde guztiak hartuko zituen unibertsitatea izan nahi zuela. Helburua ez da lortu.Erreportaje honetan UEUk sortu zenetik izan duen bilakaera azaltzen saiatu gara Mikel Aizpuru historialari eta UEUko zuzendari ohiaren eskutik. UEUren bideari beste batzuek ere heldu diete eta horien berri ere hemen jaso dugu, baita Anjeles Iztueta Hezkuntza sailburuaren eta Fito Rodriguez Uniekimeneko kidearen iritzia ere.
Franco hil ondoren, 1976an UEUk atera zuen manifestuan, garbi azaltzen zituen bere helburuak: euskaraz arituko zen unibertsitatea lortzea, euskal lurralde guztiak bildu beharko zituena, herritarra izan beharko zuena eta bere jakintza jende guztiari zabalduko ziona. Hogeita sei urte beranduago, helburu hori ez da bete, baina UEUk bestelako errealitate bati egin behar dio aurre -orduan ez baitzen inolako unibertsitate publikorik-. UEUren sorrera eta bilakaera jaso nahian, Mikel Aizpuru historialariarengana jo dugu, zenbait urtez UEUko zuzendari izateaz gain, erakundearen historia idazten ari baita.



EUSKAL UNIBERTSITATEAREN NAHIA.

XIX. mendera arte, Euskal Herrian bi unibertsitate zeuden, Oñatikoa eta Iratxekoa, biak Elizaren menpe. Garai horretan Espainiak Elizaren menpe zeuden unibertsitate guztiak itxi zituen, eta unibertsitate publiko sarea osatzen hasi. Banaketan, unibertsitaterik gabe gelditu zen Euskal Herria zoritxarrez, Valladolid edota Zaragozaren menpe.
Harrezkero egon dira Euskal Herrira edo probintziaren batera unibertsitatea ekartzeko eskaerak. XX. mendean areagotu ziren eskakizunok, -Eusko Ikaskuntzatik Julian Elortza presidenteak erregearen aurrean egin zuen eskakizuna, euskaraz gainera-. II. Errepublikan askoz ere gehiago eskatu zen unibertsitate hori, eta jada 36ko gerra hasia zenean, Euzko Jaurlaritzak sortu zuen Medikuntza fakultatea martxan jarriz. "Sei hilabete eskas iraun zituen unibertsitate horrek, baina hartan bazegoen Euskara Teknikoa izeneko irakasgai bat, medikuek euskara jakin behar zutela-eta. Joseba Zinkunegi -Donostiako Optika Zinkunegikoa- izan zen horko irakaslea", adierazi digu Mikel Aizpuruk.
Gerra ostean, Francoren gobernuak Vatikanoarekin izenpetutako Konkordatuaren ondorioz, Deustuko Unibertsitatea ofiziala bilakatu zen, eta 1955ean, Nafarroako Unibertsitatea sortu zuten. Pixkanaka, fakultate publikoak hasi ziren sortzen, batez ere Bilbon: Sarrikoko Ekonomia Eskola, hasteko, Zientzia eta Medikuntza fakultateak 68 inguruan, eta jada hor sortu zen Bilboko Unibertsitatea.
Gipuzkoan ere baziren unibertsitate eskakizunak eta lehenengo Zuzenbide eta Petrokimika fakultateak sortu ziren, eta gero Informatika fakultatea. "Baina Valladoliden menpe, eta nahiko isolatuak", azpimarratzen du Mikel Aizpuruk.
1970 ingurutik aurrera, bi eskakizun mota bereizten ditu historialari honek: "Bata, Euskal Herriak unibertsitate bat behar zuela zioena, eta bestea, Euskal Herriko unibertsitatean euskarak tokia izan behar zuela, eta ez bakarrik ikerketa gai gisa, baita mintzagai bezala. Hor kokatzen da UEUren sorrera".

UDAKO EUSKAL UNIBERTSITATEA

. UEU Iparraldean sortu zen, 1973an. Aurretik ere egiten ziren Baionako Euskal Asteak, Hegoaldeko jende dezente bereganatzen zutenak, garai hartan Hegoaldean oso zaila zelako antzeko ezer egitea. Katalunian ere bazen Universitat d'Estiu delakoa, oraindik bizirik dagoena, eta berotasun horretan hemengo zenbaitek pentsatu omen zuen: "Katalanek eta okzitaniarrek egiten badute, guk zergatik ez?".
Donibane Lohizunen egin zen lehenengo UEUk Manex Goienetxe izan zuen zuzendari, eta han bildu ziren Mitxelena, Barandiaran, Villasante, eta Haritschelhar edota Txillardegi, Kintana, Xabier Mendiguren eta Andu Lertxundi. Eta horrez gain, UEU hori euskara batuaren inguruko jendearen biltokia izan omen zen. "Baina bada hor beste kontu bat oraindik erabat aztertu gabe dagoena -dio Mikel Aizpuruk-: 1973 urtea da, nolabait, ETA V. eta ETA VI. banatu ziren garaia. Oraindik ez dut garbi horrek eraginik izan zuen ala ez, baina, nolanahi ere, ETA VI.ak askoz ere jende gehiago zuen barruan ETA V.ak baino, baina inguru abertzaletan gutxiago ziren, eta gainera ETA VI. 'espainolistatzat' jotzen zen, beharbada ez 73an, baina bai 76an. Urte horretan Baionan ETA VI.koak ia-ia egurtu zituzten 'espainolistak' zirelako… Eta orduan uste dut UEU ere prozesu horretan ulertu behar dela. Alegia, nahiz ez espreski, EAJ-PNVk adierazten zuen mundu zaharrari, batetik, baina baita ETA VI.ak adieraz zezakeen espainolismoari aurre egiteko euskararen inguruan zebilen jendea bildu zen. Eta hori bide desberdinetatik, zeren UEUn marxismoaren inguruko ikastaroek pisu handia izan zuten".

DENEK DENETIK IKASIZ.

Donibane Lohizuneko lehen UEU hark izan zuen beste berezitasun bat ere: hartara inguratzen zenak, zela Linguistika, zela Matematika, zela Historia, denetik ikasten zuen, ikasle guztiak hitzaldi guztietara joaten zirelako. Arratsaldetan, hizkuntza lantzeko mintegiak zeuden. "Batez ere zientzietako jendea nabarmendu zen. Orduan sortu zen Elhuyar taldea, Leioako Zientzia fakultatean Euskal Kultur Mintegia…".
UEU bi urtez egin zen Donibane Lohizunen, eta beste bi urtez Uztaritzen. Jakina, ikastaroetatik kanpo mahai-inguruak, alderdi politikoen aurkezpenak, bilerak, jaialdiak… izaten ziren. Eta 1976an gau-pasa moduan egin zen makrojaialdian, goizeko 4:00rak aldera Oskorri atera zenean, txistuak eta hortik harantzago zihoazenak ere gertatu omen ziren.
Urte gorabeheratsua, 76koa. Orduan proposatu zitzaion aurreneko urte haietan UEUren babes ofiziala zen Euskaltzaindiari UEU Hegoaldera ekartzea. Eta Iparraldeko jendea haserretu egin omen zen, eta baita Hegoaldekoren bat ere, baina hala ere Hegoaldera ekarri zuten.

UEU IRUÑEAN.

Iruñeko lehenengo urteetan lortuko zuten geroztik UEUren eredua izan dena: hasierako diziplinartekotasuna alboratzea, geroz eta gehiago jakintza arloaren araberako sailak antolatuz.
Jende kopurua ere nabarmen aldatu zitzaion UEUri. Lehenengo urtean 80 lagun inguru bildu zituen; bigarrengoan, 150; eta hirugarren eta laugarrenean 300dik gora. Iruñara etorri zenean (orain Iruñean eta Biarritzen egiten dira ikastaroak), lehenengo urtean 500dik gora izan zituen. "Baina hor tranpa dago, B tituluaren azterketa prestatzeko ikastaro bat antolatu zelako. 500 horietatik 100 behintzat azterketa hura prestatzera joan ziren". Gauza da; ondorengo urteetan jaitsi egin zela kopurua, 90-95ean berriro 500 ingurura iritsi, 97-98an 1.000 ingurura igo eta geroztik 700 inguru parte hartzaile ditu.

ZER EGIN?

Unibertsitate euskaldunik ez da oraindik lortu, eta beraz, UEUren oinarrizko helburua ere ez. Kontua aspalditik dator. 77-78an Madrilek Araba, Bizkaia eta Gipuzkoarako Euskal Barruti bat sortuko zela erabaki zuen, Nafarroa Zaragozaren menpe utziz. "Hor hasten dira gauzak dislokatzen: gure helburuak ez dira bete, baina zer egingo dugu? Nire ustez, inertziari esker mantentzen da UEU. 97 urtea eztabaida handiko urtea izan zen euskal gizartean, unibertsitatearen inguruko kanpainetan, eta baita UEU bertan ere, baina gero, urtean zeharreko bilerak egiten zirenean, bazegoen ahalegin bat Kongresu bat egiteko, baina ez zen deus gertatu. 1998ko UEU egin zen eta kito".
Baina urteak daramatza UEUk zer egin behar duen bere partaideen artean galdetuz. Bide bat desagertzea da: ez du indarrik euskal unibertsitatea sortzeko, beraz ez du logikarik jarraitzea. Desagertu nola, ordea? Bada, EHUn integratuz, adibidez. Donostiako Udako Ikastaroak sortzen direnean, UEU ikastaro horien euskal adarra izatea proposatzen duenik ere ba omen da. "Baina, horrek esan nahi du besteak erdaraz egingo direla onartzea, eta UEUk, nahiz eta noizean behin birplanteatu, beti izan du garbi bere ikastaroak euskara hutsez izango direla", dio Mikel Aizpuruk. Eztabaida horiek, batzuetan nahiko sutsuak izan omen dira. Dena dela, UEUkoek erreferentzia bat izaten jarraitzea erabaki zuten.
Nolanahi ere, UEUren zenbait bultzatzaile beste unibertsitateetan ari da lanean, EHUn, kasu. Eta EHU elebiduna da: "Halako ‘eskizofrenia’ bat izan da. Guk unibertsitate euskaldun bat izan nahi dugu, baina unibertsitate elebidun batean egiten dugu lan. Eta are gehiago, gu izan gara unibertsitate hori elebidundu dugunok, zeren EHU elebiduna izan behar zuela esaten zutenak erdaraz egiten zuten gehienbat!".
Baina UEUren abantaila nabarmenena oso jende ezberdina bereganatzea da, unibertsitateetan dabilen jendeaz gain, unibertsitatetik kanpo dagoena ere biltzen baitu. "Hori izan da gure aberastasuna. Eta Oskorriren kontu hura gertatu, eta hurrengo egunean atera zuen UEUk agiri bat gertatutakoa gaitzetsiz. Eta beste istiluetan ere irmo agertu zen beti UEUko zuzendaritza -adibidez EMK UEUn bere burua aurkezten saiatu, eta batzuek hori nahi ez zutenean-. Esan zuen: nahi badute aurkeztu, euskaraz egin dezatela eta klasetik kanpo; baina hona edonor etor daiteke, euskaldun baldin bada".


ETORKIZUNARI BEGIRA.

UEUren lehen kongresua 1995ean egin zen eta UEU euskara eta unibertsitatea uztartzea bere egiteko duen kultur elkartea dela erabaki zuten. Euskal unibertsitatea sortzen lagun dezakeela, baina bakarrean ez dela gai hura sortzeko. Eta hala ere, egiten duen lanaren bitartez, badela gai beste batzuk euskalduntzeko eta aldarrikapen hori bizirik mantentzeko. Kongresu hura egin zenetik, orain Xabier Isasi buru duen UEU sendotu egin omen da -ia 1.000 bazkide ditu-eta erakunde publikoen aldetik onespen handiagoa lortu du

Kongresua
UUEren bigarren kongresua abenduaren 14an egingo dute, Bilboko Euskalduna Jauregian. Hiru atal izango ditu.

Gaurko egoeraz arituko dira, Euskal Herrian dagoen unibertsitate sarearen azterketa eginez: ikasle kopurua, irakaskuntza mota...
Ondoren, UEUren tokia errealitate horretan zein izan behar duen aztertuko dute eta euskal unibertsitatearen kontzeptu berri bat proposamen gisa izango du.
Antolaketari dagokionez, garai bateko antolaketak zenbaiteraino balio duen errealitate berri honentzako eta zer aldaketa egin beharko liratekeen hausnartuko dute


Azkenak
2025-01-29 | Julene Flamarique
Greba mugagabea hasiko dute Trapagarango MFS enpresaren 104 langileen kanporatzearen aurka

ELAk eta LABek EREa baztertu eta berau erretiratzea galdegin dute. Sindikatu biek gogoratu dute 2023an antzeko neurriak geldiaraztea lortu zutela mobilizazioen bitartez


2025-01-29 | Julene Flamarique
Marokok “inolako azalpenik eman gabe” El Aaiunen sartzea eragotzi die Eusko Legebiltzarreko ordezkariei

Mendebaldeko Saharako giza-eskubideen egoeraren azterketa egiteko bidaia egin dute Euskal Fondoko eta Eusko Legebiltzarreko kide batzuek. Hegazkinetik ezin izan dute jaitsi ere egin. Legebiltzarkideek Marokoren jarrera “lotsagarria eta onartezina” dela adierazi dute.


2025-01-29 | Leire Ibar
Urriaren 7ra atzeratu dute Korrikan migratzaileei muga zeharkatzen laguntzea egotzi zietenen epaiketa

Astearte honetan Baionan egitekoa zen zazpi herritarren aurkako epaiketa zortzi hilabetez atzeratu dute. Iazko Korrikan, Irun eta Hendaia arteko Santiago zubia zeharkatuz, 36 migratzaileri Ipar Euskal Herrian sartzen lagundu izana egotzi die Frantziako Justiziak. Defentsak... [+]


2025-01-29 | Aramaixo Bizirik
“Itsaraz” zentral eolikoaren kontrako ingurumen txostenaren balorazioa

Urtarrilaren 16an, Madrilgo administrazioko Trantsizio Energetikorako Ministerioak irrikaz eta kezkaz itxaroten genuen “Itsaraz” proiektuaren gaineko ingurumen-inpaktu adierazpena argitaratu zuen. Ebazpenak makroproiektu honen aurkako erabaki irmoa bezain argia... [+]


Teknologia
Estetikoa

Asteburu honetan 'estetikoa' hitzaren inguruan pentsatzen aritu naiz, lagun batek esandako esaldi baten harira: “Lan hau estetikoa da”. Estetikoa hitzaren etimologia aztertu dut, badirudi jatorrian zentzumenen bidez hautematea zela bere esanahia, eta gerora... [+]


2025-01-29 | Leire Artola Arin
Isela González eta Amada Chavez
Elkar babestuz borrokatzen duten emakume ekintzaileak

Mexikoko bi emakume hauen bizitzak indarkeriak eta desplazamenduak zeharkatzen ditu. Haien familiako edo komunitateko kideak hiltzen ikusi dituzte, eta krimen antolatuak zabaltzen duen terrorea azalean sentitu dute; mehatxuak, jazarpena... ohiko dituzte. Baina horrek guztiak... [+]


Nortasuna

Aurreko egunean, Bilbon, lagun batekin elkartu nintzen Bira tabernan. Tar-tarrean ari ginen oso gustura eta esan nion: “Noski, Giputxia zarenez, kar-kar-kar”. Eta berak nabarmendu zuen ez zela gipuzkoarra. Nik ongi ulertu gabe, jarraitu nuen esaten, “A! ez?... [+]


Gurasotasun baimena

Zalantza asko izan ditut, meloia ireki ala ez. Ausartuko naiz, zer demontre! Aspaldian buruan dudan gogoeta jarri nahi dut mahai gainean: ez da justua erditu den emakumearen eta beste gurasoaren baimen-iraupena bera izatea. Hobeto esanda, baimen-denbora bera izanda ere, ez... [+]


2025-01-29 | Andrea Bartolo
Gerra inperialistari gerra

Mundu mailako erasoaldi inperialista betean gaude, mendebaldeko burgesiak gidatuta. Ofentsiba inperialistak hartu duen forma gerrarena da, aldaera guztiekin: gerra ekonomikoa, gerra kognitibo eta kulturala, lawfarea; eta, noski, gerra militarra. Mendebaldeko inperialismoak... [+]


Industria politikak: noren erreminta?

Azken urteotan, industria politikaren kontzeptua hainbat mailatan indarrez berragertu da. Neoliberalismoaren mailua izandako erakundeak, Nazioarteko Diru Funtsak, gaur egun zera azpimarratzen du: merkatuek baliabideak modu eraginkorrean esleitzeko eta arazo horiek konpontzeko... [+]


Eguneraketa berriak daude