«EAJ-K KARTA NAGUSIA JOKATZEN DU BURUJABETZAREN PROZESUAN»


2021eko uztailaren 19an
Duela urte bat eratu zen AB alderdi politiko gisa. Batasuna alderdia ere orduan sortu zen. Iparraldeko ezker abertzalean zatiketa eman zen hartara. ABk harrezkero urraturiko bideaz hasi gara solasean Andde Sainte-Marierekin: «Euskal Herriko ezker abertzalea oso anitza da, inork ez du bere ‘labela’ren jabetza eskubiderik. Zatiketa hura gogorra izan zen, alta, estrategiak eta metodoak argitzeko biziki baliagarria izan da. ABk bide egokia hartu zuela erakutsi du urte honetan; aurtengo Aberri Eguna eta hauteskundeak lekuko. Iparraldeko abertzaletasunaren erreferente nagusia izateko xede irmoak eta berezko ahalmenak erakutsi ditu ABk».

Iparraldeko Batasuneko kideek ABkoak izaten segitzen dute?
Ez, baina Batasuneko zazpi edo zortzi kide ezagunek ABn kidetasun bikoitza atxikiz segitzen dutela aitortu behar dut. ABren azken biltzar nagusiak ez baitu izate hori deuseztatu. Alta, militante horiek ez dira biltzar nagusira etorri eta praktikan kanpoan daude.

Burujabetza prozesuan Euskal Herri osoko errealitate sozialak kontuan hartu behar direla dio ABk. Azken biltzar honetan kontzeptu berri bat gehitu diozue prozesu hitzari: «asimetrikoa».
Kontzeptu berri bat da askorentzat, ABren prozesuari begiratzen badiogu, aldiz, ez da hain berria. Kontzeptu hau iazko Aberri Egunaz geroztik aztertzen eta lantzen hasi ginen. Asimetriko hitzaren bitartez eraikuntza nazionala burutzeko asimetrikotasuna kontuan hartu behar dela adierazi nahi dugu. Hots, burujabetza prozesua errealitate politiko ezagun batetatik abiatu behar dugu. Euskal Herri osoko errealitatean hiru egoera soziopolitiko ezberdin daude: EAE, Nafarroa eta Iparraldea. Burujabetza prozesuan aitzina egiteko hiru eremu hauetako parametro politiko ezberdinak kontuan hartu behar ditugu. Egiaztapen horretatik, prozesua koordinatzeko unean, hiru eremu juridiko-politiko hauetako tokian tokiko abertzaleek erabakiak hartu behar dituztela uste du ABk.

n Konfederazioaren ideia gero eta indar gehiago hartzen ari da ABren inguruan. Hegoaldean ere ideiak oihartzuna izan du.
Lizarra-Garaziko Akordioa eman zelarik konfederazioaren printzipioak ez ziren aski sakonduak izan ABren ustez. Konfederazioaren aukera ez da aski aztertua izan eta AB, xumetasun osoz, konfederazioaren printzipioa sakontzen ari da. Ideia ez dugu bururaino eraman oraino; EA, Aralar, Batzarre eta Zutik alderdiarekin sakontze lanetan ari gara. Baina, bistan da, gainerako alderdi abertzaleekin batera sakondu beharreko printzipioa da.

Batasuna eta EAJ zeregin horretan biltzeko prest ikusten al dituzu?
Bost alderdi hauek zabaldutako bidea ekimen irekia da, Batasuna eta EAJ ere sar litezke, baina alderdi horiekiko harremanak blokeatuta daude, denok dakigunez, burujabetza prozesuaren gakoa abertzaleok mahai-inguruan biltzean datza.

Ibarretxeren proposamenak eta AB lantzen ari den konfederazioaren ideiak bat egin lezakete bidea urratu ahala?
Ibarretxeren planak landu eta sakondu daitezkeen alde onak eta interesgarriak ditu. Ibarretxek zilegitasun osoa du proposamen hori aurkeztu eta bideratzeko, baina proposamenari -iragana ezagutzen baitugu- Ibarretxeren eta EAJren sinesgarritasuna falta zaio. Denok dakigunez, burujabetza prozesu batean urrats ausartak eta erabaki politiko finkoak hartu behar dira, eta EAJ orain arte ez da ausarta izan. Alderantziz, zenbaitetan gibelerako urratsak ere eman ditu. Alabaina, EAJren baitan eztabaida bizi-bizi bat dago une honetan. EAJk Euskal Herriko politikagintzan jokatzen duen rola, rol nagusia da. Nahitaez, bere esku du karta erabakiorrena. Nihaurek, EAJk iraganaren azterketa sendoa egitea nahi nuke eta egungo mapa politikoa kontuan harturik, EAJk eman behar dituen urratsak -ausartak eta neurtuak aldi berean- eman ditzan burujabetza prozesuan. Burujabetzaren prozesua abian jartzeko, berak jokatzen du karta nagusia.

Bestalde, boterea hartu ondoren, UMP alderdiak deszentralizazio politika lantzeko asmoa agertu du. Arrabots ugari baina ororen buru hutsaren hurrengoa.
Azken hamar urteetan Ipar Euskal Herria Frantziako Estatuaren laborategi bat bilakatu da, aldian aldiko gobernuek -eskuinekoak nahiz ezkerrekoak izan- gauzatu nahi duten erreforma eta deszentralizazio politikaren karietara birmoldaketa berriak izanen direla entzutera ohitu gaituzte. Horretarako, ersatz edo suzedaneoak deitzen ditugun sasi-instituzioak sortu dituzte. Ordezko instituzio hauek sasierakunde batzuk dira, ez dute aurrekonturik ez erabakitzeko botererik: Hautetsien Biltzarra, Hautetsien Kontseilua edota Hizkuntza Kontseilua, adibidez. Funtzionatzen dute, gogoeta sakonak eginak dituzte deszentralizazioari buruz, batzuetan kudeatze mailaraino heldu dira, baina Frantziako Estatuak sasi-instituzio horien izaera benetako instituzioak ukatzeko baliatzen du, besterik ez.

Zer egin daiteke, ez atzera ez aurrerako egoera honetan?
Sasi-instituzio horien gaineko gogoeta sakona egiteko unea da. Hasteko, abertzale guztiek jarrera berri bat hartu beharko genuke, ABko hautetsiek barne, instituzio horietan baitaude. Parisko gobernuari aski dela esateko mementoa heldu da, hots, sei hilabeteren barne sasi-instituzio horietan segitzeko edo ez segitzeko erabakia aztertu beharko dugu. Guk parte hartzeri uko egingo diogun edo sasi-instituzio horiek epe jakin batean boikoteatuko ditugun eztabaidatzen ari gara.

n Abertzale ez diren hautetsien aldetik sostengua izan lezakete hautetsi abertzaleek?
Bai. Hautetsien Kontseiluak eta Alain Lamassoure lehendakariak bereziki hartu duen jarrera gakoa izan daiteke. Hautetsien Kontseiluak lan berezi bat hartu du deszentralizazioaren politikari buruzko erabaki bat hartu izan dadin datozen sei hilabeteetan. ABko hautetsiek kontseilu horretan eraman duten lana funtsezkoa da eta Lamassouren erantzun ausart bat espero dezakegu.

n Erreferenduma burutzeko aukera ikusten al duzue ABtik?
Hautetsien Kontseiluan argi eta garbi idatzi izan da horri buruz, hots, instituzionalizatze bat gauzateko herri kontsulta edo erreferenduma egin daitekeela. ABtik Alain Lamassoureri esan diogu jadanik: «erreferenduma irtenbidea bada gu ez gara beldur, herri kontsulta onartzen dugu edozein dela ere ondorioa».
Izan ere, puntu horretaraino heltzen baldin bagara, herriaren aitzinean eta Jean-Pierre Raffarin lehen ministroaren aitzinean herri kontsulta edo erreferenduma ekimen legezko gisa aldarrikatzea erdiesten badugu, lorpen handia izanen da. Nahiz eta Raffarinek ezetza eman, ezetza bera erdiespen politiko bat izanen da. Erreferenduma herri mobilizazio eta kanpainen bitartez aldarrikatzea aurrerapauso garrantzitsua izanen da burujabetasun bidean.

n Errefenduma baina zer trenkatzeko?
Hautetsien Kontseiluak bere gain hartu duen betebehar hau bideratzeko hiru eskakizun edota planteamendu jarri ditu mahai gainean. Lehena, orain arteko sasi-instituzio horien iraupena atxikitzea eta azkartzea da. Bigarrena, Euskal Herriaren departamendua eskatzea, eta hirugarrena, guk ABtik bultzatzen duguna, Euskal Departamenduaz haratago doan euskal instituzioa gauzatzea da. Hitz batean esateko, Autonomia Estatutua gauzatzea. Funtsean eta ororen buru, Ipar Euskal Herriaren ezagutza eskatzen ari gara eta Hautetsien Kontseiluak hautu bat egin behar du. Hautu hori egitearekin batera, guk ABtik herria eta gizartea karrikara atera nahi dugu Euskal Herriaren ezagutza aldarrikatzeko. Estatuaren aldetiko erantzuna edozein delarik ere, ezezkoa izanik ere, abertzaletasunak urrats finkoak emanen ditu ezagutza instituzional berri bat eman dadin

EREMU ASKOTAN ZAILDUTAKO MILITANTE ETA LABORARIA
Nafarroa Behereko Landibarre herrian sortua; 41 urte ditu. ABko bozeramailea izan aitzin, Laguntza taldekoa, EMAkoa eta Errepresioaren Kontrako Batzordeko eleduna izan zen. Laboraria da: ardiak, behi gorriak, urdeak eta oilaskoak hazten ditu Panpi anaiarekin -IKko militante eta preso ohia- elkarkidetzan. ELBko kideak dira biak. Ibilbide luzeko militantea, alor, sail eta eremu ezberdinetan zaildutako laborari eta militante politikoa.

«Bost alderdien arteko foroa ez da inondik ere egia osoaren jabe»
Borroka armatuaren garaia iragan dela eta desobedientzia zibilarena heldu dela dio ABk. Iparraldeko gizartea borroka molde honen inguruan indarrak batzeko gisan ikusten al duzu?
ABren ustez, garai berrietako molde berrietara egokitu behar da, iragan eta oraineko errealitateak ez dira berak guretzat. ABk, alta, errespetu politikoa zor die borroka armatuaren hautua egiten duten militante politikoei, baina, halaber, horrek ez du kentzen militante horiek gurekiko errespetu bera izatea ekintza armatuekiko kritikoak agertzen garenean. Datozen hilabeteetan herri mobilizazioak ildo horretan joan daitezen saiatuko gara. Baina desobedientzia zibilaren borroka moldea erakargarria izan dadin, ez du bakarrik ABk bultzatu behar; eraginkorra izan dadin, beste alderdiek ere hautu hori egin beharko dute. Demo taldearen ekimena oso esanguratsua da, bere lanak geuk ere bide hori landu behar dugula erakusten digu.

Gazteria bide honetan joateko gisan ikusten al duzu?
Nire ustez gazte berri asko bide horretan barna joateko prest dago, hala ere, beste hainbat borroka armatuaren bidea saiatzeko gisan ere badago. Herri honen legezko eskaerei ezezko borobil bat ematen zaiela ikusirik, herri mugimenduaren aldetiko erantzun bortitzik gabe ezin dela aitzina egin pentsatzen du gazte askok, oraino ere erantzun eraginkor bakarra borroka armatuaren bidez baino ez dela burutzen ahal uste du askok.

Iparraldean borroka armatuaren erreferente nagusia IK da, eta IK isilik dago. IK ABren ildotik doala ematen du.
Horrela dirudi. Ni ez naiz IKren izenean mintzatzeko inor. IKk alabaina, Iparraldeko egoera politikoaren araberako erabaki bat hartzen jakin izan du, alta, aldian aldiko erabakia da, eta geroak erranen du erabaki hori behin betirako atxikiko duen.

Su-etenik gabe ere alderdi abertzaleak adostasun batera irits daitezkeela dio ABk. Iparraldeaz ari al zarete?
Su-etenik gabeko harreman hori ez da bakarrik Iparraldera mugatzen, Hegoalderaino ere badoa. Behar hori gauzatzeko ez da baitezpada su-eten bat izan behar, alderantziz baizik. Lizarra-Garaziko Akordioaren oinarriak ETAren su-etenaren aitzin finkatu ziren. Orain arteko bost alderdien foroa -EA, Aralar, Batzarre, Zutik eta AB- ez da inondik ere egia osoaren jabe, eta ez du kentzen bigarren epe batean alderdi abertzale guztiak biltzea, Batasuna eta EAJ barne


Azkenak
Euskarazko hezkuntzaren alde, ingeleseko saio gehiagorik ez

Gure hizkuntzaren aurkako beste eraso bat jasan behar izan dugu Nafarroako Gobernuko Hezkuntza Departamentuaren eskutik; PAI programan euskararen aurkako aldaketa bat egitera behartu gaituzte. Azken urteotan, legeak hala aginduta, D ereduko ikastetxe berriek PAI programa sartu... [+]


2025-04-15 | Irutxuloko Hitza
Urrian zabalduko dute Basque Culinary Centerren Donostiako GOe egoitza berria

Gastronomy Open Ecosystem (GOe) eraikinaren lanak azken etapan sartu dira dagoeneko, Joxe Mari Aizega Basque Culinary Centerreko (BCC) zuzendariak azaldu duenez, astelehenean Donostian egin duten bisita instituzionalean.


2025-04-15 | Bertsozale.eus
Kattin Madariaga Apaolazak irabazi du 2025eko Nafarroako Eskolarteko Txapelketa

Irurtzunen jokatu da Nafarroako Eskolarteko Txapelketaren 39. edizioa. Sei bertsolari gaztek hartu dute parte txapelketan, eta horietatik, Arantzako Kattin Madariagak jantzi du txapela. Txapeldunorde, berriz, Kattalin Lizarraga izan da. Biak izanen dira Nafarroako ordezkari... [+]


Sudango gerra piztu zenetik bi urte bete dira: paramilitarrek 350 pertsona hil dituzte asteburuan errefuxiatuen kanpalekuetan

NBEren esanetan, gatazka hasi zenetik gutxienez 13 milioi sudandarrek euren bizilekuetatik alde egin behar izan dute, eta biztanleriaren erdiak elikagai eskasia du. RSF Laguntza Azkarrerako Indarrak talde paramilitarrak asteburuan egin dio eraso Darfur eskualdeari, eta... [+]


Zentsura mozioa onartuta, UPNk Noain-Elortzibarreko alkatetza galdu du

AINE Noain-Elortzibarreko talde independentea, Harana Gara eta Aldatu Elortzibar egongo dira udalaren agintean, eta azken horretako Luis Mayak hartuko du aginte makila. Martxoaren 31n iragarri zuten mozioa aurkeztuko zutela, UPNren kudeaketaren "noraeza" eta... [+]


2025-04-15 | Mikel Aramendi
ANALISIA
Milioika abokaturekin edo igerilarirekin, AEBak berrindustrializatu?

Iradokitzailea delakoan edo, muga-zergen gatazkaren harira norbaitek berriro zirkulazioan jarri duen Maoren 1953ko bideoaren garai hartakoa da milioi bat igerilariren txantxa. Alegia, orain harekin bat egiten omen duen Xi Jinping jaio zen urtekoa.


Baionako Xingar Ferian salatutako bortxaketa gaitzesteko elkarretaratzea egin dute

Ostegun gauean emakume bat bortxatzea egotzita atxilotu zuten gizon bat larunbatean. Gizona kasua argitu arte zaintzapean dago. Mobilizazioa egin du Itaiak astelehenean 18:30ean, Baionako Herriko Etxean, eta horren erantzukizuna azpimarratu du.


Naziek deportaturikoen oroimena, diru-zorro batean

1945ean Neuengammeko nazien kontzentrazio esparruan hil zen Jean Iribarne gamerearraren diru-zorroa berreskuratu eta bere senideei eman diete. Ipar Euskal Herrian gutxienez 350 herritar deportatu zituzten erresistentzian parte hartzeagatik, eta ia erdia ez ziren bizirik atera.


Elena Barrena, irakasle eta historialarien erreferentea

Gipuzkoako sorrera prozesuari buruzko bere doktore tesia aitzindaria izan zen, lurralde historikoen bilakaera ulertzeko. Deustuko Unibertsitateko irakaslea, historialari askorentzat eredu izan da bere lan egiteko eta irakasteko modua. Igande honetan hil da Elena Barrena Osoro... [+]


Gernikako gaztetxe zaharra hartu dute berriro, itxi eta hamar urtera

Gernikako "gazte langileen interes eta beharrei" erantzungo dien proiektu bat martxan jarriko duela adierazi du Egurre Gazte Asanbladak. Eraikina duela hamar urte itxi zuten, eta salatu dute Gernikako Udalak hiru legegintzaldi daramatzala esanez liburutegi bat jarriko... [+]


Mario Vargas Llosa idazlea eta Literaturaren Nobel sariduna zendu da

89 urterekin hil da, Liman, eta idazle perutarraren seme-alabek eman dute haren heriotzaren berri. Gaztelaniazko literaturaren egilerik ospetsuenetakoa izan zen, eta 1960ko eta 1970eko hamarkadetan Latinoamerikan literaturak izan zuen loraldian paper garrantzitsua jokatu zuen... [+]


2025-04-14 | ARGIA
Gabriel Arestiren “izaera komunista” azpimarratu dute, bere heriotzaren 50. urteurrena kari

Euskal Herriko Kontseilu Sozialistak (EHKS) antolatuta, egun osoko jardunaldia egin dute igandean, Bilboko Campos Eliseos antzokian. Hainbat hitzaldik osatu dute egitaraua, eta jardnualdia amaitzeko Bigarrenez Aresti etorkizunaren aurrean antzezlana estreinatu dute.


Eguneraketa berriak daude