«Ez dakit zer mania dugun gauari iluna izaten ez uzteko»

Zarata mediatikoz beteriko garai nahasiotan, merkatu logiketatik urrun eta irakurleengandik gertu dagoen kazetaritza beharrezkoa dela uste baduzu, ARGIA bultzatzera animatu nahi zaitugu. Geroz eta gehiago gara, jarrai dezagun txikitik eragiten.

Astronomo jakintsuak egonagatik, gure gizarteko jende arruntak zer ezagutza du astronomiaz?
Oso urria. Baina zientzia eta teknologiaz dugun ezagutzarekin alderatuta, astronomia da zorterik gehien duenetariko bat, agian zeruak hainbeste erakartzen gaituelako. Gizakiaren berezko jakin-minagatik erakartzen gaitu astronomiak. Nor garen, nora goazen eta nondik gatozen galderak, izan litezke Siniestro Total musika taldearen abesti bat edo Elizak kontatzen duena. Galdera horiek dimentsio unibertsala dute, eta planetario honetan saiatzen gara gure erantzuna ematen.
Baina astronomia ez da oso ezaguna ere. Lehenago jendeak zerura begiratuta askoz ere izar gehiago ezagutzen zituen. Orain iluntzen duenean argia pizten dugu eta ez dugu zerua ikusten. Ezagutza kosmiko hori galtzen joan da, eta planetario honen helburuetako bat da galdu den ezagutza hori errekuperatzea. Aldiz, badugu komunikabideen bitartez datorren ezagutza zuzena ere. Egunkarietan ia egunero espazioko zientziak albiste bihurtzen dira. Horregatik, dugun ezagutza oso arraroa da. Gauza batzuei buruz badakigu, eta aldiz, sinpleenak diren kontuez ez dakigu tutik ere. Baina hori, naturako edozein gaietan gertatzen da. Jendea oso sentsibilizatuta dago ekologiaren arazo handiekin, baina galdetu edonori ea zein zuhaitz mota den bere etxe ondokoa, eta ez du asmatuko.

Garai bateko zibilizazioek, nola interpretatzen zuten zeru hau bera?
Mundu guztiak zerura begiratu izan du, eta harrituta gelditu da. Antzina hain kultura ezberdinetan (txinatarrean, indiarrean, kultura amerikarretan…) astronomia sortu zenean, bi gauzetatik sortu zen. Lehenik txundiduratik, errepikatu egiten diren ziklo horiekin zerua ikustea harrigarria baita. Eta bestetik, egutegia egiteko beharretik. Zeruak egutegia eta erlojua eskaini dizkigu orain gutxira arte. Kultura guztietan existitzen du denbora zeruan idatzita zegoeneko sentsazioak, sarritan mitologietan islatu dena. Alegia, zerua dela Jainkoen lekua, perfekzioarena, erritmo konstanteak dituen lekua, Lurrean gertatzen diren gauzen erritmo inperfektuarekin kontrastean.

Zer da argi kutsadura?
Naturarekin egiten ari garen astakeria handietako bat gehiago da. Gaueko zeruaren alde mobilizatzen ari dira kolektibo ekologistak. Espezie asko daude gaueko habitatekoak direnak, lehen hirietan oso ondo bizi zirenak (tximeleta, hegazti, karraskariak…) eta orain bizi ezin dutenak argi kolpeka bota ditugulako.
Ez dakit zer mania dugun gauari iluna izaten ez uzteko! Gaua argitzearen tentazioa politikoena denean 200 watteko farolak jarri beharrean 2.000koak jartzen dira. Gainera azken urteetan politikoen moda berria da eraikuntza publikoak argiztatzea. Ikusi dadila eliza, udaletxea, jauregia… Hollywooden itxura har dezala! Behin goizeko ordubatak jota ez dute zertan eraikin horiek argituta egon, turismoa egiteko beste ordu batzuk daude-eta! Egiatan gastu energetiko zentzugabea da. Hirian argitu behar dena lurra da, alegia jendea dabilen tokia. Bestetik, errepideetan ere behar baino argi gehiago sartzeko joera nagusitu da. Bada, ikerketek ez dute sekula frogatu errepideetan argi gehiago sartuta gauez istripuak gutxitzen direnik. Beste behin aberasten ari direnak elektrikak eta bonbillak dira!
Unescok iaz gaueko zerua izendatu zuen zaindu eta babestu beharreko ondare. Irtenbidea ez da hain zaila. Energia erabili dezagun hiriak modu eraginkorragoan argiztatzeko. Hortaz, dirua eta energia aurrezteaz gain, zerua ikustea lortuko dugu. Ulertzen ez dudana da, hau dena nolatan ez den udal arautegi guztietan jasotzen.

Gizarte hau «analfabeto zientifikoa» omen da. Zergatik?
Mundu honen analisia egiterakoan, denok bat gatoz zientzia eta teknologiak duen garrantziaz, munduarengan duen eraginagatik, onerako eta txarrerako. Paradoxikoa da, oraindik zientzia ikusten dugula zientzialari batzuek bakarrik egiten duten zerbait balitz bezala, eta hori egiteko agintzen dietenak politiko batzuek bakarrik direla, edo enpresen jabeak. Hori erabat bidegabea da; gizakiarentzat hain garrantzitsuak diren ekintza horien kontrolak demokratizatuta egon behar du. Kontrol horretan benetan herriak hartu behar du parte. Baina ezin dezakegu parte hartu, zientziaz ezer ez dakigulako.
Zelula amen istorioa bizitzen ari gara orain; beto espainiarra ez du sortu gobernatzen gaituzten politikoen jarrerak, Opus Deiko jendeak baizik, eta muturreko katolikoek. Aurreiritzi erlijiosoei lotzen ari gara, eta eztabaida etikoak beste toki batetik joan behar luke: ikerketa hauek gaixotasunei konponbidea aurkitzeko bakarrik erabiltzea, esaterako.
Azkenean, gizartea gertatzen ari denaz jakin gabe gelditzen da, eta badirudi politikoei ere ez zaiela gehiegi interesatzen jendeak jakin dezan, agian ezagutza zientifikoa eta teknologikoa oinarri- oinarrian kritikoak direlako. Oinarrian kritikoak direla diot, zeren zientzialariek sinetsi izan balute bere aurrekoek esaten ziotena, sekula ez lirateke garatuko ez argindarra, ez makinak eta ez Internet.
Eskolan irakasten digutena ez da aski munduari aurre egiteko. Nik ikasketak egin nituenean, ez zidaten zelula amez hitz egin, ez ozonoaz eta ezta berokuntza globalaz ere. Gerora jaio diren terminoak dira, eta aldarrikatu behar duguna «alfabetizazioa» da. Dela eskolan, dela komunikabideen bidez, dela instantzia publikoetan... gai hauei buruzko informazioa eman diezagutela, erabakiak guk geuk hartu ahal izateko.

Zientzialariek enpresentzat ere lan egiten dute. Interesatzen zaie gizarteak iritzi kritiko bat izatea?
Pixkanaka bai, edo behintzat egoerak horretara daramatza. Izan ere, gaurko arazo handiena da nori sinetsi erabakitzea. Ezer ez dakidanean, zientzialari batek esaten badit transgenikoak oso onak direla, eta gero beste zientzialari batek oso txarrak direla, nori sinetsi ez dakidala geldituko naiz. Orduan aztertu egin beharko dugu non dauden datu zientifikoak, frogak. Hiritar denek gehiago exijituko bagenu froga aldetik, ziur aski eztabaida hauek norabait helduko lirateke. Bereizi ditzagun iritziak eta datuak, eta kalitate irizpideak jar ditzagun, eta ikusi zergatik esaten duen batak hau eta besteak hura. Horrela funtzionatzen ez denean, kaosik absurduenera iristen gara.
Esaterako, behi eroen gaian. Abeltzaintzako arazoa eta arazo sanitario bat zena, arazo nazionaleko kategoriara igo zen, eta diru publikoko diru piloa inbertitu zen errausketa-tokiak egiteko, tratamenduetarako…Gastu hori dena, askoz errazago arrazionalizatu zitekeen. Baina bat-batean denok histeriko jarri ginen, eta horixe aprobetxatu zuten batzuk eta besteek haragiaren prezioa igotzeko, oraingoa kalitate hobeagokoa zela esanaz.

Askok kritikatzen du ikerketa espazialetan dirua botatzen dela, munduko desoreka ekonomikoa konpontzen inbertitu beharrean.
Nik esperantza apurrik banu, ikerketa espazialetan gastatzen den dirua benetan erabiliko litzatekeela tuberkulosia edo malariaren aurkako txertoak erosten, ziur nago ez legokeela zientzialaririk horren alde sinatuko ez lukeenik. Saramagok, Nobel saria eman ziotenean, halaxe esan zuen: «munduan gosea dagoen artean zertarako joan espaziora». Esaldi ona da, baina alda dezakegu zentzu gehiago duen beste batengatik: «zertarako gastatu zentimo bat ere ikerketa militarrean, munduan jendea goseak akabatzen duenean». Gainera ikerketa militarra biztanleria kontrolatzeko dago pentsatua. Ikerketa espaziala ez, oinarrizko zientzia da. Oinarrizko zientziek ikerketa aurrekontu bat izan behar dute. Espainiako Estatuko errealitatea penagarria da horretan. Europan zientzian gutxien inbertitzen duena bera da (Greziarekin batera).

Zein da ikerketaren eta ideologiaren arteko oreka?
Zer lortu nahi dugun gizartearentzat, horixe da galdera. Niretzat, ongizatea gero eta gehiago banatzea, edo giza eskubideen lorpenetan aurrera egitea, esaterako, helburu desiragarriak dira. Eta zientziak (medikuntzak, kasu) oso paper garrantzitsua jokatzen du bizimoduaren hobekuntzan, eta eskubideen berdintasuna lortzerakoan. Zientzia erreminta klabea da. Baina kontuz, helburuok segun eta zein ideologiarekin erabili lortuko dira edo ez. Neoliberalismo eta globalizazioarekin lortzen dira helburuok? Jakina ezetz. Justu kontrako egoerara iristen ari gara, aberastasun eta pobreziaren arteko aldea gero eta handiagoa da, eta giza eskubideak desagertzen ari dira.
Konpromiso soziala derrigorrezkoa da. Ez genukeen onartu behar bonba atomikorik egotea, edo Lehen Mundu Gerran arma kimikoak erabiltzea, edo orain arma biologikoetara iristea. Konpromiso sozial «ezkertiarrak» giza lan hori babestu behar du. Busti egin behar da! Baina busti, gizarte osoak busti behar du, ez zientzialariek bakarrik; zientzialariak ere gizarteko partaide bat gehiago baitira, eta ez aparte dagoen talde bat.

Zer da pseudozientzia?
Izenak berak dioenez, zientzia faltsua da. Zientziaren antza du, baina ez da zientzia egiazki. Betitik egon izan dira mitologiak, magiak, engainatzaileak, baina azken urteetan zientziaz mozorrotzen dira.
Esaterako, betidanik egon izan dira petrikiloak. Gainera, medikuntza naturala pixkanaka txertatzen joan da medikuntza formalean, beti ere funtzionatzen bazuen. Beraz, ezagutza horiek existitzen dira. Eta zientziaren bidez formalizatzen direnean erabilgarriagoak bihurtzen dira.
Baina era berean, engainua saltzen duen asko dago. Zergatik den hain erraza engainua saltzea? Kontua da batzutan gauzak sinetsi egin nahi ditugula modu kritikoan jarri gabe. Baita ere egia da, batzutan oso ezkututik saltzen zaizkigula gauzak. Zu farmaziara zoaz eta homeopatiako pilulak saltzen dizkizutenean, pentsatzen duzu hori farmazian saltzen badute ona izango dela. Eta jendeak jakin behar luke ezetz, badirela gauzak farmazian saltzen direnak eta engainu hutsa direnak.

Zientifikoa ez den guztiak ez du baliorik zuretzat?
Niretzat metodo zientifikoa mekanismorik eraginkorrena da ezagutza objektiboak lortzeko. Egia da zientziak akatsen poderioz aurreratzen duela, eta gaur zientifikoa denarekiko ere kritikoak izan behar dugula. Egia da medikuntza zientifikoak beste medikuntzetatik gauza asko hartu dituela, onuragarriak diren frogatu ondoren.
Baina dudan jartzen dut, hala ere, froga zientifiko egokirik egin gabe saltzen diren gauza horiek onak direnik. Homeopatiak 200 urte baino gehiago ditu, eta kontzeptualki jaio zen, gaixotasun eta tratamenduen sorrerari buruzko kontsiderazio oker batetik. Gainera, gizakiaren gaixotasunez ideia magiko bat dute, zerikusirik ez duena gizakiari buruz dakigunarekin. Honen aurrean, nire jarrera ikertzea da. Egin ditzagun frogak, homeopatiatik zerbait erabilgarririk atera dezakegun jakiteko. Gertatzen dena da froga horiek egiten direla, eta ez direla gauza baliagarriak aurkitu. Ados nago medizina horiek denak aztertzearekin, eta frogen bidez benetan baliagarria duten zati hori hartzearekin. Metodo zientifikoa alde horretatik onartzen dut beste guztien gainetik, zati erabilgarria eta engainuzkoa bereizi ditzakeen erreminta ona eskaintzen duen metodoa delako.

OHE edo Objektu Hegalari Ezezagunak, zer dira?
OHEak errealki folklore bat dira. Beste garai batzutan iratxoak, amandreak, aingeruak zeuden bezala, orain imajinaziozko izaki horiek plater hegalaritan datoz. Zergatik? denok ikusi ditugulako plater hegalariak Hollywoodeko filmetan, eta aro espaziala delako. Plater hegalariaren mitoa ere, hain justu jaio zen AEBetako Gerra Hotzean, guda espaziala hasten denean, espaziora joateko aukeraz jada hitz egiten denean. Orduan jendeak planteatzen du, ea ez ote diren estralurtar horiek etorriko. Batzuk hor bilatzen dute Mesias, salbazioa. Beste batzuk diote gaiztoak direla, eta esperimentu genetikoak egitera datozela gurekin.
Niretzat OHEen mitoak badu bere interesa, bere ikerketa soziologikoa eta antropologikoa interesgarriak lirateke. Beste ikerketa bat ere egin daiteke paraleloki: ea nola funtzionatzen duen gure pertzeptzioak, ea nola funtzionatzen duen gizakiaren garunak zerbait ikusten duenean, edo zerbait oroitzen duenean.

Zuk ere ikusteko aukera izan zenuen, ezta?
1994an, planetario honetan bertan kongresu bat hastear geunden, Pseudozientziei buruzko Kongresu Nazionala izena zuena. Telefonoz hots egin ziguten, esanaz OHE bat ikusten ari zela jendea, Arabatik omen zetorren, Errioxan ikusia omen zuten jada, eta Lizarran hasi omen ziren ikusten... Planetariora deitu zuten, aireportura ere bai, polizia ere hoska ari zitzaigun... Jarri ginen begira, eta zeruan barna mugitzen ari zen puntu distiratsu nabarmen bat zen. Teleskopioarekin argazki batzuk atera, eta argi ikusten zen globo bat zela. Teknika Espazialeko Institutu Nazionalera deitu nuen, eta halaxe baieztatu zidaten, euren Leongo basetik globo bat jaurti zutela, hemendik pasa eta Huescan erori behar zuena. 3.000 metrotara zegoen globoa, eguzkiaren argiarekin distira egiten zuen. 200 metroko diametroa zuen, sekulakoa zen, ozono neurketetarako zerabilten. Globoaren kolore bakarra, plastiko fin-finekoa zenez, ia zeharrargia zen, ia zuria, eta beraz bere isla eguzki argiarena zen eta irisazioren batena. Bada jendeak gorria ikusten zuen, beste batzuk berdea. Batzuk eurengana gerturatzen ikusi omen zuten, edo ia auto gainean jarri omen zitzaien beste batzuei. Jendea gezurretan ari al zen? Ez, jendeak uste izan zuen hori dena ikusi egin zuela. Hemen estimulua zer zen oso argi dago, baina badakigu asmatu egiten ditugula gauzak, eta ez apropos edo intentzio txarrez gainera. Portzentaje oso baxuan, badago engainatu nahi izaten duen jendea ere, eta horrek frogatzen du ezin dugula esaten den guztia sinetsi.

Objektu Hegalari Ezezaguntzat hartu diren kasuei azalpena aurkitu zaie?
OHE kasuen %90ak esplikazio arrunten bat badu, eta gainerakoak, esplikaziorik gabe gelditzen dira. Baina kontuz, ez du esan nahi esplikagaitzak direnik. Normalean esplikaziorik gabe gelditzen dira, ez dugulako daturik, ez dakigulako ea toki horretatik hegazkinik pasa ote zen, edo txori talderik zegoen. Kasu horietan zalantzarekin gelditzen gara, baina pentsa litekeena da, datuen gehiengoa ikusita, kasu horiek ere esplikazio konbentzionalen bat izango dutela.
AEBetan 1947tik 1950era bitartean agertu ziren lehen 10 kasuak eta horrek eragin zuen "plater hegalariez" mintzatzea. Guk plater hegalaria entzunda, forma datorkigu burura, plater bat buruz behera jarrita imajinatzen dugu. Bada, plater hegalariaz mintzatu zen lehen lekukoa ez zen OHEaren formaz ari. Hegazkin pilotua zen, eta 9 argi ikusi zituen, berari jarraika ari omen zirenak. Berak esferikoak zirela deskribatu zuen, baina mugitu egiten ziren, eta mugimendua deskribatzeko konparazio hauxe erabili zuen: "plater bat uretara botatzen duzunean bezala mugitzen dira, leun-leun". Ez zen formaz ari, mugitzeko moduaz baizik. Testigantza hori komunikabideek gaizki jaso zuten, eta denek plater hegalari bat imajinatu zuten. Kuriosoa da, mitoa, OHEaren forma zabalduena, sorreran ez zela hala. Gizonak esan izan balu beste zerbaiten antza zuela, jendeak ordutik beste forma batekoak imajinatuko lituzke OHEak. Kasu hura bezala, gainerako lehenengotariko kasuak ere esplikatuak izan dira, eta aldiz mitoak berdin jarraitzen du. Aditu batzuek diote, kasu guztiak esplikatuko balira ere, mitoak jarraitu egingo lukeela, sinesmenaren indarragatik, gustatu egiten zaigulako sinestea, zirraragarria zaigulako.

Ba al dago zientzialari bakar bat, OHEak existitzen dutela ziurtatzen duenik?
Bai. Baina kontuz: ez dago kasu bakar bat ere, zientifikoki frogatu denik plater hegalaria zenik. 50eko hamarkadaz geroztik, munduan 50 eta 100 milioi OHE kasuz hitz egiten da; kontuak aterata, horrek esan nahi luke ordu erdiro plater hegalariren bat ikusten dela munduko lekuren batean. Fenomeno erreala balitz, fisikoa, torlojuren bat hartu ahal izango genukeen honezkero, edo zalantzatik haratagoko ebidentziaren bat ere bai! Eta horixe da falta dena: zalantzatik haratagoko frogaren bat, eta horrek susmatuarazten digu fenomeno horrek berez ez duela existitzen. Plater hegalariek ez dutela existitzen esateak, ez du esan nahi jarrera itxikoa naizenik. Zientzialariok, guk geuk planteatzen dugu beste planetetan bizitza egoteko aukera egon badagoela, hori ez dugu sekula ukatu

- Jaio: Gasteizen, 1962. urtean.
- Astrofisikoa eta Iruñeko Planetarioko Zuzendaria.
- Pentsamendu Kritikoaren Garapenerako Erakundeko zuzendari izan da hamar urtean.
- «El Escéptico» aldizkariaren erredakzio kontseiluko kidea da.
- Kolaborazioak: Komunikabide ezberdinetan kolaboratzen du. Prentsan («El Correo», «Diario de Noticias»), aldizkarietan («Quo», «El Escéptico») eta irratian (Radio Euskadi, Radio Nacional de España).

Doinua: Habanera
Gizakia ahaleginez
heldu da espaziora,
mundua eraldatu du,
ez munduaren gustora.
Teknika aurreratzeko
egin du hainbat aproba,
beti "lortu dugu" hitzak
ekartzen ditu ahora.
Azkar mugitu daiteke,
hegan joan zeruan gora,
baietz dio, baina dena
bere mende al dago ba?
Nahiz eta beldurra dien
noizbait konturatuko da,
bere gainetik daudela
iluna eta denbora.

Orain urte batzuk, Langraiz Okako kartzelara joan nintzen preso sozialei hitzaldi bat ematera. Zeruari buruzko diapositibak jarri nituen, eguzki sistemari buruzkoak... Presoen artean marokoar bat zegoen, musulmana. Kontatu nuen nola unibertsoa orain 15.000 milioi urte sortu zen, gure galaxia mugitu egiten dela, eguzkiaren sorrera... Hitzaldian adi-adi egon zen musulmana, eta bukatutakoan etorri zitzaidan, esanez "ikustekoa da nola uzten zaren engainatzen! Nik Corana irakurtzen dut, eta badakit nola sortu zen mundua!". Benetan ezinezkoa egin zitzaidan gizon hura konbentzitzea. Marokoarrak nik berriz ere hitzaldia emateko eskatu zuen, sekulako algarak egin zituelako, txisteak iruditzen zitzaizkion nire azalpenekin.
Kontu honetan bitxiena da, orain NASAk, aeronautikan aditua den bati eskatu diola esan dezan Apolo ilargira iritsi zela, ez zela muntaia izan. Izan ere, orain pare bat urte telebistako dokumental batek dudan jarri zuen guztia, Hollywooden grabatu zutela esanaz. Jakina, jendea hori ere sinesten hasten da. Pentsa, muntaia izan balitz, zenbat jendek aritu behar lukeen 1969tik gaur arte gezurretan, asko hil egingo zituzten... garestiago eta zailago irtengo litzaieke gezur hori mantentzea, ilargira joatea baino! Batzutan uste dugu kritiko eta eszeptikoak garela gauzekiko, baina ezin dugu denarekiko hala izan, ezin garelako dena ezagutzera iritsi. Eta alderantziz, batzutan kritikoak gara izan behar ez dugunarekiko.


ASTEKARIA
2002ko azaroaren 24a
Irakurrienak
Matomo erabiliz
Azoka
Azkenak
Zestoako Gaztetxearen desalojoa geratzea lortu dute

Uztailaren 19an, 8:00etan zegoen gaztetxea husteko agindua emanda. Momentuz, lortu dute desalojoa atzera botatzea. Zestoako Gazte Asanbladak Bilboko Aresti Zentro Sozialistaren desaloa jasan zutenei elkartasun osoa adierazi die.


Yael Braun-Pivet izango da berriz Frantziako Asanbleako lehendakaria

Frantziako Asanbleak Yael Brau-Pivet hautatu du legebiltzarreko presidente. Lehia aurreikusten zen FHB eta Macronisten artean, eta azkenean, gutxigatik bada ere, lehendakariaren alderdikoak gailendu dira.


Margolan figuratibo zaharrena

Sulawesi (Indonesia) uhartearen hegoaldean, Leang Karampuang kobazuloan hiru irudi antropomorfoz eta basurde batez osatutako margolana aurkitu dute Griffith eta Southern Cross unibertsitateetako eta Indonesiako Agentzia Nazionaleko arkeologoek. Nature aldizkarian argitaratutako... [+]


Leonard Peltierren ihes ukatua

Lompoc (Kalifornia, AEB), 1979ko uztailaren 20a. Leonard Peltier ekintzaile indigenak eta beste bi presok espetxe federaletik ihes egin zuten. Iheskideetako bat kartzelaren kanpoaldean bertan tirokatuta hil zuten; bestea ordu eta erdi geroago atzeman zuten handik milia batera... [+]


Adin txikiko neska baten erasotzaileari jarritako epaia salatu du Gasteziko Mugimendu Feministak

Gasteizko adin txikiko neska bati sexu erasoa egin zion adin txikiko mutil batek, 2023ko ekainean. Gasteizko Mugimendu Feministak ez ditu bidezkoak ikusten epaileak erasotzaileari ezarri dizkion neurriak. Uste du erasoa jasan duenaren birbiktimizazioa bultzatzen dutela... [+]


Donostiako udaltzainek Parte Zaharreko hainbat gazte “jipoitu eta zauritu” dituztela salatu dute

Alde Zaharreko Gazte Asanbladak (AZGA) salatu du Donostiako Udaltzaingoak auzoko hainbat gazteren aurka astelehen gauean egindakoa: “Auzoko hainbat gazte futbolean jokatzen ari ziren Trinitate enparantzan, Udaltzaingoa hurbildu eta mehatxuka guztiak identifikatzeko agindua... [+]


Ursula von der Leyen Europako Batzordeko presidente izendatu dute

401 aldeko boto eta 284 kontrako jaso ditu, baina gehiengoa lortu du 41 botogatik. Hurrengo bost urteetan berriro ere presidente izango da, popularren, sozialdemokraten, liberalen eta berdeen babesa jasota. EH Bilduk kontra bozkatu du, eta EAJk alde.


Hamabost urte beharko dira Gazako genozidioan Israelek sortutako 40 milioi tona hondakin jasotzeko

NBEren ikerketa baten arabera, lehertu gabeko artilleria, substantzia kaltegarriak eta palestinarren gorpuak daude hondakin artean. 50.000 bonba baino gehiago bota ditu Israelek urritik, eta 40 milioi tona hondakin sortu dituzte.


1.200 soldadu israeldarrek baino gehiagok egin dute beren buruaz beste azken 50 urteetan

Genozidioarekin lotutako suizidio ugari identifikatu dira, armada sionistak datuak ezkutatzen baditu ere.


Eguneraketa berriak daude