Umetan irudikatu zaitzakegu bainera txalupaz betetzen, edo autobusekin jolasten. Nolakoa zinen izaeraz?
Nahiko lotsatia nintzen. Nire munduan nengoen beti, eta originala izan nahi nuen, ez besteen berdina. Ez nintzen ongi moldatzen gelako beste umeekin. Ikasketetako lehen urteetan atzeratuta nenbilen. Ez ikasle txarra nintzelako, baina ez nintzen besteen mailara iristen. Ondoren, bi urte gazteago zirenekin ongi moldatu nintzen, eta kazetaritza karrera ere atera nuen. Ez zitzaidan ikaskideekin futbolean aritzea gustatzen. Gauzak asmatzea gustatzen zitzaidan, irudimenari eragitea... Besteekiko ezberdina nintzen. Baina horretaz harro nago, ni izaten ahalegintzen nintzelako.
Txikitatik eduki al duzu kazetaritzarako zaletasuna?
Idazten eta marrazten ikasi orduko hasi nintzen nire komikiak egiten. Ondoren, lehengusuei saltzen nizkien. 11 urterekin "El Cometa" izeneko aldizkaria egiten hasi nintzen. Zinema eta telebista albisteak bildu, eta nire kritika egiten nuen. Nobelak ere osatzen nituen. "Lan" pertsonaia asmatu nuen, eta "Lan globoan", "Lan Kenyan" eta antzerako istorioak asmatu nituen. Kazetari bokazioa txikitatik dakart, beraz.
Musikarekin zer harreman izan zenuen gaztetan?
Rockak berehala erakarri ninduen. Los Bravos taldearen jarraitzaile sutsua nintzen, eta musika estilo bat deskubritu nuen. 14-15 urterekin Beatles taldea ezagutzea sekulako iraultza izan zen niretzat. Orduantxe desegin zen, "Let it be" diskoarekin.
17 urterekin gitarra elektriko bat erosi nuen. Artean ez nekien nondik hartu ere! Elias Amezaga idazlearen semeak entzuten nituen, euren garajean musika jotzen. 7-9 anaia ziren, eta taldea osatzen zuten. Zur eta lur geratzen nintzen. Anaia horietako batzuekin rock talde bat osatu genuen. Nik ez nekien tutik ere gitarra jotzen, eta besteek ere askorik ez. Denborarekin, Lavabos Iturriaga taldea osatu genuen. 1983an singlea eta maxi-singlea atera genituen, eta ni taldetik bota ondoren mini LP bat kaleratu zuten. Eragin dezentea lortu zuen talde hark. Pentsa, Bartzelonan, Madrilen eta Andaluzian ere jo genuen. "Movida Madrileña" delakoaren garaia zen, eta guk musika elektronikoa egiten genuen. Mozorrotuta ateratzen ginen... Nire etxeko garajean sartu, eta soinu arraroen bila aritzen ginen, sintetizadoreekin. Burrunba ateratzea zen kontua. Instrumentuei zarata atereaz esperimentatzea.
Bidaiatzeko modu asko dago. Zein da zurea?
Nire kasa bidaiatzea gustatzen zait, tokian tokiko garraioa erabiltzea, eta bidaia etxean prestatzea, denboraz. Ibilbidea neronek sortu, bidaiarako txartela erosi, eta han azaltzea. Bidaia antolatuetan parte hartzeko aukera izan dut, eta ez zait batere gustatu. Jende askorekin joaten zara, eta hemengo txiste eta komentarioak egiten dira. Beraz, ez da bertako errealitatea ezagutzen. Bakarrik joanez gero, berriz, hemengo errealitatetik deskonektatu beste erremediorik ez duzu. Gainera, bidaia antolatuetan besteen baitan ibili behar duzu, eta bakarrik joanda uneoro daukazu zer egin erabakitzeko aukera. Horrek ez du esan nahi bidaia antolatuak beste jende bati oso ongi etortzen ez zaizkionik. Erosoagoa izan daiteke batzuentzat.
Zer da bidaiatzea?
Bidaia ez da han pasatzen duzun unea bakarrik. Aurretik prestatzen ari zarenekoa ere bada. Ugandara banoa, lurralde horretako bibliografia bilatzen saiatzen naiz. Edo han izan den norbait topatuz gero, hango berri galdetzen diot, aholkuak eskatu. Ugandako idazleren baten liburuak ere irakurtzen ditut... Gero, hara joan, eta normalean ez du zerikusirik etxean egin duzun ideiarekin. Normalean etxean prestatutakoa hautsi egiten da, eta niri hori gustatzen zait, bihurgune bakoitzean ezusteko bat aurkitzen delako.
Bidaiatzea uneoro inprobisatzea da, ezusteko baten atzetik beste ezusteko batekin topo egitea. Auskalo non esnatu, eta esatea, «jakin ezazu gaur zer gertatuko zaidan!». Hemengo bizitzarekin hausten dugu bidaietan. Hemen dena daukagu araututa, ordu denak planifikatuta daude. Gutxi gora behera badakizu aste osoan zer gertatuko den.
Zer bilatzen duzu kanpora zoazenean?
Dena zait interesgarri, baina pertsonak batez ere. Kuba bezalako herriak berez politak dira, baina badira leku politagoak. Hala ere, Kuban jendeak egiten du herria liluragarri. Ia ez dut paisajean arretarik jartzen. Kubatarrek hainbesteko hitz jarioa dute, arratsalde osoa eman dezakezula bertakoen etxean, eta bost axola zaizu zortzi leku ezberdin ez ezagutu izana. Paisajea garrantzitsua da, baina ez oinarrizkoena.
Gizakien berotasuna da garrantzitsuena. Horregatik gustatzen zait herriko garraioetan bidaiatzea. Kabitu ere egiten ez garen Nikaraguako "autobusito" batera sartzen bagara, denok elkarren gainean goaz, izerdia izerdiarekin eta azala azalarekin, eta ondokoekin hizketan bukatzen dugu.
Zer ikasi duzu zure bidaietan?
Ez bidaia fisikoetan bakarrik, irudimenarekin bidaiatuz ere asko ikasi dut. Nire lana dela eta egunero elkarrizketatzen dut bidaiari jendea. Elkarrizketak prestatzeko behartuta nago pertsonaiek idatzitako bidai liburuak irakurtzera. Egun erdia baino gehiago ematen dut elkarrizketak prestatzen eta irakurtzen. Burua herrialde eta paisajeaz betea daukat. Astean munduari bira bat ematen diot, irudimenarekin, noski.
Kazetari gisa bidaiatzea ezberdina al da?
Oso. Kazetari gisa nire helburu gorena dokumentalak egitea zen. Eta «Doctor Livingstone» telebista programarekin lortu nuen hori. Kazetari zaren aldetik errealitatean gehiago sartzen saiatzen zara. Ugandan Kultura ministroarekin egon ginen, esaterako. Nire kasa joanda, ez litzaidake burutik pasatu ere egingo horrelakorik. Bidaiak sakonago bizi ditut kazetari gisa joanda. Bidaia enfokatzeko modua da ezberdina. Gure kasa goazenean, finean oporretara joaten gara.
Zer hizkuntzatan komunikatzen zara?
Nik apenas dakit gaztelerarik eta! Hizkuntzetarako nahiko txarra naiz. Keinuekin adierazten dut behar dudana. Garrantzitsuena ausartzea da, hortik aurrera elkar ulertzea ez da zaila.
Kubara garai ezberdinetan joan izan zara. Nola ikusten duzu?
1984an joan nintzen lehenengoz. Txundituta utzi ninduen. Azpigarapenetik garapenera igarotzen ari zen. Kultura eta heziketa handiko gizartea iruditu zitzaidan. Pertsonarekiko sekulako errespetua zuten.
1991ean joan nintzen hurrena, "periodo especial" deritzon garaian. Alderantzizko Kuba aurkitu nuen. Pobrezia agertzen hasi zen, azpigarapenera zihoala zirudien… Sekulako pena eman zidan. 1993an berriro itzuli nintzen, baita 1994an ere, eta gauzak hoberantz zihoazen.
Joandako aldi bakoitzean Kuba ezberdin bat aurkitu dut. Denbora da joan ez naizela, eta berriro Kubara itzultzearekin amets egiten dut. Beraz, ez dakit orain nola egongo den. Nahiago nuke ongi balego, baina munduak Kubaren norabidearen aurkakoa darama.
Nikaraguan 1986an egon zinen, Sandinisten garaian. Nola bizi zen hori?
Kolpe handi xamarra hartu nuen. 1984ko Kuba bezalako herri bat espero nuen, eta askoz egoera txarragoan zegoen, azpigaratua. Herria altxatzeko borondate eta ilusio asko zuen jendeak, baina arazo handiak zituzten. Reagan zapaldu eta zapaldu ari zen… Jateko ere ez daukan jendea yankiek nola zapaltzen duten ikusteak amorrarazi egiten ninduen. Hemendik entzuten dugu albisteetan zein gogorra den jasotzen duten tratua, baina hara joan eta ikustea beste gauza bat da. Bestalde, oso herri segurua zen, lan egiteko gogo handia zuen jendeak, indarra ere bai, nazio ikuspegi interesgarria zuten… Sortzen ari zen herri bat zen, eta lastima da ez ziotela garatzen uzten. Baina tira, poesia, edertasun eta bizinahi asko arnasten zen.
Ugandan Niloren iturburuak bilatzen aritu zineten.
Programak "Doctor Livingstone" zeukan izena. Livingstone Doktorea afrikanista eskoziar bat izan zen, XIX. mendekoa, eta Niloren iturburura iristen ahalegindu zen, baina ez zuen lortu, nahastu egin baitzen. Egokia iruditu zitzaigun bidaia horren dokumentala grabatzea. Hiru dokumental egiteko aukera izan genuen, tartean Ugandari buruzkoren bat ere bai. Gerra krudeletik atera berriak ziren, eta oso jende ona, atsegina, umilarekin topo egin genuen. Ez nuen sinisten hain jende ona nola aritu ote zen ordura arte elkar akabatzen. Gerrako buruak aritu ziren enfrentamendutan, beti bezala, eta herria da kaltea ordaintzen duena. Infernutik ateratzeko sekulako indarra eta kemena zuten. Harrituta geratu nintzen. Hango errealitateak ez du zerikusirik hemen saltzen diguten Afrikaren irudiarekin. Atsegina eta alaia iruditu zitzaidan. Ikasteko, aurrera egiteko gogoa du herri horrek.
Ugandan ia ez dago turismorik, eta kasualitatez, gu han izan eta gutxira etxola berean zeuden Australiako turista mordo bat akabatu zituzten.
Nola bizi dituzu turisten aurkako erasoak?
Bidaien inguruan tabu asko daude. Eta beldur horiek uxatu egin behar dira. Noski kontuz ibili behar dela, eta ez otsoaren ahoko zuloan sartu. Umil joan behar da, itxurakeriatan ibili gabe. Ez bertakoen gainetik jarri, gure kultura hobea balitz bezala. Erloju garestia bistan, eta harro plantan joaten denak ongi merezia du lapurtzea. Gainera, hemen ere denetik gerta dakizuke.
Mundua oso zail dago, alde denetan piztu dira liskarrak. Baina horrek ez du eragotziko toki horietara bidaiatzea. Bonba bat tokatzea kasualitate handia da. Gugatik ere begira zer gauza esaten diren kanpoan, eta ez luke hona bidaiatzera ez etortzeko arrazoi izan behar. Irailaren 11koa asko antzematen da. Mundua hankaz gora dago, eta tokirik turistikoenetan ilara erdia duzu halako piramide edo halako museotara sartzeko. Guretzat badu abantaila hori.
Ugandan gorilak ikusi zenituzten. Zer moduzko esperientzia izan zen?
Gorilak grabatzeko asmoa genuen. Baina oso zaila omen da. Gorilak gizakiak ikustera ohitzeko, gidek denbora bat behar izaten dute, pixkanaka gero eta gehiago hurreratuz. Orain arte haragitarako akabatzen zituzten, eta gizakia usaindu orduko ihesi egiten dute. Guk zortea izan genuen, bila abiatu eta ordu eta erdira egin baikenuen eurekin topo.
Arrastoa segitzen ari ginen, jan zutena miatuz. Oihaneko zurrumurrua bakarrik entzuten zen, eta gero eta ozenago, sastrakak paretik kentzen ari den piztia baten hotsa. Halako batean agertu zen gorila, eta oihuka hasi zen, etorri zela adierazteko. Zirraragarria izan zen. Lurrera bota genuen geure burua, begiratzeko ere beldurrez. Klaneko beste gorila batzuk ere inguratu ziren, kumeak ere bai…
Gorilen artean zaudenean arau batzuk jarraitu behar dira. Sekula ez da garrasi egin behar. Beti egon behar da gorilaren azpitik, umil, sekula ez bere altueraren parean. Gorila baita bere eremu eta bere taldeko errege. Gizakiaren oso antzekoak dira.
Konfiantza hartu zutenean, guk begiratzen genien bezalaxe begiratzen ziguten beraiek guri. Guk bezalako jakin-mina zuten, gorila gu bagina bezala aztertzen gintuzten. Paradisu horretan geundela, bat-batean martxa egin zuten eta bakar bakarrik utzi gintuzten. Nire bizitzako esperientziarik onenetako bat izan zen.
Makinatxo bat aldiz atxilotu zaituzte atzerrian.
Ekuatore Ginean kamara eta biok atxilotu gintuzten, estupefaziente trafikoagatik salatuta. Ez dut bizitza osoan hain gaizki pasatu. 15 egunetarako hango isla batera konfinatuko gintuztela mehatxatu gintuen Don Pedro komisarioak. Ekuatore Ginea kartzeletan jende asko hiltzen da. Eta biharamunean hona itzultzekoak ginen, gainera.
Lasaitzen hasi nintzen, komisarioa garagardoa edan eta edan aitzurtuta ikusi nuenean. 10 minutuko askatasuna eman zigun garagardoa erostera joateko. Ginean hain gauza surrealistak gertatzen dira, horrelakoek ere ez gintuztela harritzen. Kamara eta biok herriko alkatearekin eta medikuarekin hitz egitera joan ginen, lagunak baikenituen. Komisarioa erosi behar ote genuen galdetu genien, eta ezetz erantzun ziguten, agoantatzeko, herriarentzat lotsagarria litzatekeela.
Gaua iritsi zenean, lotara etxera joaten utzi zigun. Berak eraman zituen gure poltsak. Balantza batean joaten ikusi genuen, pena ere ematen zidan! Hurrengo eguneko lehen ordurako jarri zigun hitzordua. Nik ezin izan nuen lorik hartu, baina kamara parrandara atera zen. Goizeko ordu biak aldera itzuli zen, eta sekulako errieta egin nion, kartzelan sartzeko bezperan parranda egiteagatik. "Ba, Roge, dena konponduta dago!" esan zidan. "Badakizu norekin mozkortu naizen? Don Pedro komisarioarekin". Biharamunean 5.000 pezeta ordaindu genizkion. Tira, sarjentuari (Don Pedro ez baizen azaldu) eta alde egin genuen.
Ekuatore Ginean matxetearekin jarraitu omen zizueten.
Manuel Iradier esploratzaile gasteiztarra izan zen hango bazterrak esploratu zituen lehen europarra. Gu, haren birbiloba Albaro Iradierrekin ibili ginen. Manuel Iradierren gida izan zenaren birbiloba ere han bizi zen, eta bisitan joan gintzaizkion.
Uharteko etxerik onena utzi ziguten. Etxeko nagusia oso jatorra zen, eta bi botila whisky oparitu genizkion, ohiturak agintzen duenez. Nagusiaren amak alkoholik ez emateko xuxurlatzen zigun. Guk uste genuen ama tipiko denek bezala ez zuela nahi bere semeak edaterik. Baina hurrengo egunean jakin genuen tratamendu psikiatrikoa jarraitzen zuela, eta alkoholak burua nahasten ziola.
Sekulako mozkorra harrapatu zuen whiskya edanda, eta emakumeak jo behar zituela esanaz hasi zen. Ohera joan ginen, eta goizeko ordu bietan kamara etorri zitzaidan leihora, esnatzera. "Orain zure bila dator! Nire bila etorri da, matxetearekin!". Ez zegoen argi indarrik, ez ilargirik, iluntasun itxi bat baizik. Pasilloan entzuten nuen balantzan zetorren norbaiten hotsa. Gelako altzari denak jarri nituen atearen kontra. Zerbait lurrera erortzen zela entzun nuen. Hiru ordu laurden egon nintzen zain, eta mugitzen ez zela sumatuta, atea irekitzera ausartu nintzen. Hor topatu nuen gizona hankak eta besoak zabal zabal, pasilloan luze etzanda lo, matxetea eskuan zuela. Hondartzara joan ginen, eguna argitu arte.
Zergatik bidaiatzen duzu gu baino okerrago dauden herrietara?
Gizarte ezberdinak direlako, eta jakin nahi dudalako nola bizi diren munduaren hiru laurdenetan. Munduaren laurdenak bakarrik ditu gure pribilegioak. Euren kezka nagusia bizirautea da, eta gaizki ere pasatzen da hori ikusiz, baina hori da errealitatea. Hemengo gauzak estimatzeko ere balio du. Nikaraguatik etorri eta botila bat ikustea luxu bat iruditzen zait, edo iturria ireki eta ura ateratzen dela ikustea. Edo dutxatu, jantzi, eta egunero menu ezberdin bat jatea…
Zein da garapenaren truke ordaindu behar izan dugun prezioa?
Gizakien arteko harremanak, esaterako, azpigaratutako herrialdeetan estuagoak dira. Eskuzabalagoak dira, gauzak elkarren artean trukatzen dituzte... Aire garbia arnasten dute, natura basatiagoa ikusi... Gu aurreko kulturarekiko eta naturarekiko harremana galtzen ari gara.
Hain musika zalea izanik, bidaiatzen duzun herrietako musika ere bilduko duzu.
Beti ekartzen dut bertako musika, hango garaiak girotu eta gogoratzeko balio baitit. Gainera, unean eta tokian bertan entzundako musika beste era batera sartzen eta ulertzen da. Esaterako, salsa ez zitzaidan sekula gustatu, baina Kubako kalean orkestra bat ikusi nuen, eta etxeko andre batek erosketetako poltsa lurrean utzi zuen bertakoekin dantzan hasteko. Une horretan ulertu nuen zer zen salsa. Geroztik Ruben Bladesen zale amorratua naiz, son kubanoarena…
Musikaren mundializazioa eta munduaren musika nola ikusten duzu?
Julio Iglesias munduaren bazter guztietan aurkitu dut, zoritxarrez. Musika geroz eta globalizatuago dago, baina diskoetxe independente asko daude oraindik, eta munduko musiken barruan sekulako aukera zabala aurki daiteke. Lehen pentsaezina zen Tanzaniako musika eskuratzea. Orain, kaska gogortuz gero aurkitzen da. Komunikabideek dena manipulatuta badute ere, hortik ihes eginez gero aurkitzen du nork bere gustukoa