GIZARTETIK ERRETIRATUAK

Gaurko gizartearen begietan, erretiroaren marra pasatzen dutenek utzi egiten diote ekonomikoki bere alea jartzeari, eta gastuak baino ez dituzte ekartzen: Espainiako Estatuan, 2000. urtean farmaziako gastuen %76 «xaharrek» eragin zuten, 6.010.121 euroko zuloa alegia, eta osasun gastuetan %46 kontsumitu zuten 65 urtez gorakoek. Halaxe diote Espainiako Geriatria eta Gerontologia Erakundearen datuek. Gastuak zentimoka ondo kontatuta daude beraz, estatistika txostenetan; baina oraindik zenbaki bihurtuta ikusteko dagoena da, zenbatekoa den erretiratuek gizarteari gehitzen dioten ondasuna. Izan ere, jubilatuak dira diruz ordaintzen ez diren lanak egiten dituztenak; jubilatuak dira zerbitzuen sektorean gero eta lanpostu gehiago sorrarazten dituztenak, eta jubilatuak dira gaurko enpresei jakituriaren kapitala eskaini diezaieketenak, adinak eman dien esperientzia profesionala belaunaldi berriari transmititzen asmatzen bada.


ikusi nahi ez den lana. Gizarteko «zaharren» taldean dauden guztiei aurpegi bera jartzen diegu: zimurra eta bere burua zaintzeko laguntza behar duena. Baina aurpegi estereotipatu hori ez dator bat errealitatearen ispilu aurrean: adinekoen %15 bakarrik da bizitzeko besteren zaintza behar duena. Horrek esan nahi du, gainerako %85 burujabea dela, eta are gehiago, besteak zaintzeko lana hartzen duela. Gaur egun seme-alaba gehienek 30 urterekin egiten dute etxetik alde, eta orduan bilobak datoz. Gaurko langileei mantenua eman eta biharko langileak zaintzeak Barne Produktu Gordinari zenbateko ondasuna dakarkion ez dakigu zenbakitan, baina handia dela bai behintzat. Lan horri ez datorkio soldatarik Estatutik, baina geure mentalitatean ere ez da sartzen haur-zaintzaile bati ordainduko geniokeen soldata amonari ematea, edota igandeetan gurasoenean egindako bazkaria ordaintzea.

Esperientziaren kapitala.

Zaharren dohaina esperientzia dela beti esaten da. Baina «politikoki zuzena» den ideia horri praktikan ez zaio lekurik ematen. Behin 65 urte betez gero, bere lanaz hainbeste dakien horri doala etxera esaten zaio, doala eta bere esperientziako batailatxoak bilobei kontatzeko (telebista izorratzen den egunean), denbora-pasa. Zaharren jakituria profesionala gaur lanean ari den belaunaldiari transmititzeko zubiak eraikitzea da gizarte honen erronka. Ildo horretatik hasi dira sortzen, jada, enpresetarako aholkularitza erakundeak. Secor erakundea da adibideetako bat. Bertako enpresari erretiratuek orientazio eta aholkularitza zerbitzua eskaintzen diete, dohainik, diru arazoengatik asistentzia zerbitzuak kontratatu ezin dituzten enpresa txikiei.
Edadetuek gizarteari eman diezaioketen guztia ez da aprobetxatzen jakin orain arte, gizartean parte hartzeko aukerak ere ematen ez zaizkielako. Une honetan, edadetuek gizartean eskuartzeko indartzen ari den modua, erakundeetan biltzearena da. Nagusilan erakundean, esaterako, lan boluntarioa egiten dute, euren zerbitzua eskainiz zaintza pertsonala baina espezializatu gabea behar dutenei eta ordaindu ezin dutenei, baita haien familiei ere.

Zaharren arazoak, gizartearen ardura.

Atzora arte familia eredu tradizionalak erantzuten zien etxeko zaharraren beharrei. Familia zen edadetuari mantenua, laguntza eta maitasuna ziurtatzen zizkion egitura. Atzoko familia eredua gaur ia desagertu egin da: EUSTATen datuen arabera, 1998an Euskal Autonomia Erkidegoan gehiago ziren pertsona bakarreko familiak (105.155), familia konposatuak baino (19.628). Eta hiru familiatatik bat seme-alabarik gabea zen. Familia eredu berriak sortzeaz gain, gaur egun emakumeak etxetik kanpora ere lan egiten du (lehen berari utzi zaio etxeko zaharrak zaintzearen ardura). Bestetik, bizi urteak luzatzearekin batera, luzatu egin dira laguntza beharreko urteak ere. Aldaketa hauek guztiek ekarri dute lehen familia tradizionalak zaharrekiko betetzen zituen ardurei gaur gizarteak erantzun behar izatea

ZAHAR HITZ ZUHUR HITZ
"Gustura eta pozik bizitzeko euren barruan errekurtsorik ez dutenentzat, adin guztiak dira txarrak; baina on guztiak bere baitan bilatzen dituenari, naturak dakarren ezer ezin zaio txarra iruditu".
Ciceron
"Arimako zimurrek gehiago zahartzen gaituzte aurpegikoek baino".
Michel Eyquem de la Montaigne
"Askok ez dituzte laurogei betetzen, denbora luzeegian saiatu direlako berrogei urtetan gelditzen"
Salvador Dali
"Gauza bat egiteko zaharregia naizela esaten didatenean, saiatzen naiz horixe berehala egiten".
Pablo Picasso
"Gazteak arauak ezagutzen ditu, baina zaharrak salbuespenak"
Olliver Wendell Holmes
"Zahartzaroak herentziaz jaso duguna lapurtzen digu, eta merezi duguna eman"
Gerald Brenan
"Inor ez da beste urte batera ez iristeko bezain zaharra, eta ezta ezin hil izateko bezain gaztea ere"
Fernando de Rojas
"Bizitzea saminik gabe adin guztiak sentitzea da, heriotza datorren arte"
Maria Casares
«SOINKETA BEZALAKO PILULARIK EZ DAGO»
Zahartzaroko gaitz hauek, heriotza kausa direnak, badaude lotuta gure bizi estiloari?
Bai horixe. Gizakiak, espezie bezala sortu zenetik kasik atzora arte, ariketa fisikoan oinarritu du bere lana. Bat-batean, industrializazio ostean lana modu sedentarioan egitera pasa gara, baina lehen bezala edo gehiago janez. Gaixotasunok desoreka horretatik sortzen dira. Minbizi asko elikadura okerragatik sortzen dira. Bularreko eta prostatako minbiziak, erlazionatuta daude aktibitate fisikoa ez egitearekin. Tabakoak birikako minbizia dakar, eta bihotzeko gaitzak tabakoarekin eta gantzarekin lotuta daude. Beraz, gure bizi estiloak asko markatzen ditu gaixotasun horiek. Orokorrean, bizi estilo osasuntsuek eragin handiagoa dute faktore genetikoek baino.

Bizi urteak luzatzea lortu da. Orain kontua da urte horiek osasuntsu eta besteren etengabeko laguntzarik gabe bizi ahal izatea nola lortu. Ariketa fisikoak zerikusirik badu horretan?
Bai, handia gainera. Adinarekin gutxitzen joaten da gure erresistentzia gaitasuna. Eta badago muga bat, behin hortik jaitsiz gero erabat menpeko bihurtzen zarena, edozer egiteko beti laguntza behar duzuna. Prozesu natural honetan arrisku bat dago, sorgin-gurpilarena: bati kosta egiten bazaio zerbait egitea, askotan utzi egiten dio egiteari, eta ez egiteagatik orduan eta ahalmen gutxiago du gauza hori egiteko. Sorgin-gurpil horrek gainbeheraren prozesua izugarri azkartzen du.
Independentzia fisikoa ariketa fisikoarekin mantentzen da, eta ez dago beste pilula magikorik, ez liposukziorik! Frogatuta dago gainera: dependentziaren muga pasea zutenekin ikerlanak egin dituzte, eta ariketa fisikoen programen bidez, lortu dute muga baxu horretatik ateratzea jendea, eta gainera beste 8-10 urtean euren gaitasunak mantentzea!
Alde horretatik ere, gure presaren gizartean badago zer aldatu. Askotan, gure etxeko zaharrak egin behar duen lana geuk egiten dugu, denbora aurrezteagatik. Edo zaharren egoitzetan erizainek eramaten dituzte zaharrak alde batetik bestera. Eta ez gara jabetzen zer kalte egiten digun: egiteko aukera eta laguntza eman behar zaie, eta ez gauzak euren ordez egin. Mantendu dezatela independentzia ahalik eta gehien, jada mantendu ezin den arte.

Zein da osasunarentzat gomendatzen den ariketa fisiko minimoa?
Gomendatzen den gutxienekoak, ez du sakrifiziorik eskatzen: astean hiru egunetan, eta egunean 60 minutuz jardutea da kontua. Eta "ariketa fisikoa"ren barruan jardun fisiko guztiak sartzen dira: estiramenduak, paseotxoak, edo etxeko lanak egitea.
Ez da asko egin behar dena, baina arazoa da pixkanaka AEBetako bizi estilorantz goazela. AEBetan biztanleen %25 gizen larria da, eta eredu hartarantz goaz: zabor-jana jaten dugu eta telebistan jada ez dakit zenbat kate ditugun.

Nola antolatu behar litzateke ariketa fisikoa gizarte mailan?
Instituzio euskaldun bat behar dugu, gizarteko ariketa fisikoa ondo koordinatuko duena, bai herrietako kiroldegi, ikastetxe eta zahar-etxeen mailan. Kontua da oraindik zehazteke dugula, toki horietan nola planteatu behar den ariketa fisikoa ahalik eta osasun hobekuntza handienak lortzeko. Estatu Batuetan halako programak badituzte, eta eredu hura hona egokitu behar dugu lehenbailehen

«GAIXOARI ENTZUTEN IKASI BEHAR DUGU»
Euskal Herriko Osasun Sistema eredu da Europan. Medikuei dagokienez, nolakoa da hemengo egoera?
Formazio geriatrikoaren aldetik herrenka gabiltza, eta aldiz gure gaixoen gehiengoa 65 urtetik gorakoa da. Medikuntza ikasketetan geriatriaz lau hilabeteko ikasgaia jarri dute, baina oraingoz oso MIR (Barneko Mediku Egoiliar) postu gutxi eskaintzen dira.
Osakidetzako ospitaleetako urteroko txostenean geriatra hitza ez duzu aurkituko, ezta Osakidetzako enplegu publikoaren eskaintzan ere. Zentro geriatrikoetan badira geriatrak, noski, eta geriatra bihurtu diren barneko medikuak ere bai. Kopuruz, ordea, behar adina ez. Bion artean oso lan ona egiten ari dira, baina oraindik espezialitatea gehiago sendotu behar da, katedra bat ezarriz, sare publiko eta pribatuko ospitaleetan espezialitatea sartuz, beste espezialistekiko harremanak estutuz eta beste hainbat neurri hartuz.

Zahartzaroak, beraz, beste trataera bat behar du medikuntza aldetik?
Bai, gaixotasunek trataera berezi bat eskatzen dute zahartzaroan, oso giro berezitan azaltzen baitira: organo guztien gainbehera gertatzen ari denean eta beste hainbat gaixotasunen ondorioak agertzen direnean. Honek eragina du diagnostikoan, tratamenduan, gorputzeko erantzunean, medikamentuen arteko erreakzioetan eta konplikazioetan. Gainera, gaixotasun bakoitzak modu ezberdin batean eragiten badio pertsona bakoitzari, zaharren kasuan gaixo batetik bestera dagoen ezberdintasuna askoz ere handiagoa da.

Tratamenduak jartzerakoan zer dilema planteatzen zaizkio medikuari?
Medikuon ekintzek eta botikek ondorio positiboekin batera konplikazioak sortarazteko arriskua dakarte. Lor daitekeena eta arriskuak ondo neurtu behar dira bizitza luzatzea lortzeko eta, bereziki, bizitzari kalitatea eransteko. Adina dela eta aipatu ditugun berezitasunak aintzakotzat ez hartzea arduragabekeria hutsa da. Beraz, gaixo zahar bati zer eman behar zaion galderari erantzutea ez da erraza. Bestetik "behar duena" egiazki zer den ez dugu jakiten askotan, askotan ez baitakigu zer den gaixoak eta familiakoek "nahi dutena" eta "espero dutena", edo berentzako "bizitza kalitateak" zer esan nahi duen. Medikuok gaixoari entzuten ikasi behar dugu, lehengo medikuek zuten doain hori galdu egin baitugu.

Medikuok beste filosofia batekin egin behar zenukete lan, beraz?
Bai. Gero eta konfiantza itsuagoa jarri ohi dugu tresnen gainean, eta sarri ahantzi egiten dugu tresnek ematen diguten informazioa ez dela osoa eta akatsak sor ditzaketela. Oso garrantzitsua da gaixoarekiko harremanak sakontzea, eta gaixoari behar duen denbora ematea bere sintomak adierazteko, baita inguruan zein baldintza dituen kontatzeko eta gaixoak koadro klinikoaz duen ikuspegiaz jabetzeko ere. Osasuna ez da oreka biologikoa bakarrik, oreka psikologikoa, biologikoa eta soziala ere bada. Medikuok ezin dugu hori ahaztu

POBREZIA ERE ZAHARRA DA
Euskal Autonomia Erkidegoan 74.364 pertsona miserian bizi da, gizartearen %3’6 alegia. 65 urtetik gorakoen adin taldean dago pobrezia kopururik altuena: erretiratuen %5’2 bizi da pobrezian, eta %38-ak ongizate gabeziak ditu.

Bistan denez, alarguntasun pentsioa jasotzen dutenak dira diru egoera larrienean aurkitzen direnak. Pobreziak emakume aurpegia duela, alegia. Erretiro pentsioa ere baxuagoa izan ohi da emakumeen kasuan, lan merkatuko sexu diskriminazioak bere eragina uzten baitu erretiro pentsioetan. 1999. urtean INEk (Espainiako Estatistika Institutua) egindako inkestaren arabera, Hego Euskal Herriko enpresatan gutxiago ordaintzen zaie emakumeei kasu askotan, postu bera duten gizonei baino. Gainera enpresatan posturik okerrenak, soldatarik txikienak jasotzen dituztenak, emakumeek bete ohi dituzte.

PENTSIOAK PRIBATIZATU EDO ONDASUNA BANATU?

Etorkizunean pentsio sistema publikoarekin zer gertatuko den da kezka. Sistema pribaturantz jotzea nahitaezkoa izango dela diotenek, demografia datuekin justifikatzen dute euren jarrera. Euskal Herria «Parke Jurasiko» bihurtuko dela dioten datu uholdeek itolarri galanta sortu dute jada gizartean, eta geroz eta jende gehiagok pentsio planak adosten ditu banketxeekin, «badaezpada». Badirudi haserre askorik gabe onartua dugula lorpen sozial handia izan zena (pentsio sistema publikoa) bihar desagertu egingo dela, «ez dagoelako beste biderik».
Beste biderik ba omen da. Sistema publikoari eutsi behar zaiola aldarrikatzen dutenek, datu demografikoez gain irabazi ekonomikoen datuak eskatzen dituzte. Diotenez, dirua egon badago eta etorkizunean ere egongo da erretiratuak mantentzeko adina. Gakoa da ea prest gauden ondasunak klase sozial eta belaunaldi ezberdinen artean banatzeko. Beraz, politikaren esku legoke pentsio sistemaren etorkizuna, eta ez hainbeste demografia aldaketen esku


Azkenak
2024-12-12 | Nicolas Goñi
Plastiko kutsadurari buruzko gailurraren porrotak kudeaezin bihurtu dezake

Plastiko kutsadurari konponbide bat adosteko goi-bilera zikloa bukatu berri dute, Hego Koreako Busan hirian iragandako bosgarren gailurrean ere porrot eginda: hitzarmenik adostea ez dute lortu, nagusiki plastiko esportatzaile handiek negoziaketak oztopatu dituztelako. Bitartean,... [+]


2024-12-12 | Leire Ibar
Osakidetzako oposizioen filtrazioen ikerketa errudunik gabe itxi du epaileak

Blanca Ester Díaz Pulido epaileak Osakidetzako 2018ko oposizioen filtrazioen inguruko ikerketari amaiera eman dio, sei urte eta erdi igaro ondoren. Akusatu guztiak absolbitu dituzte, 22 guztira, nahiz eta bi kasu behin-behingoz artxibatu dituzten.


Kalitatezko hezkuntzaren aldeko eserialdia egin dute Iruñeko Hezkuntza Departamentuaren sarreran

Arratsaldeko lehen orduetan, 14:30ak aldera, Nafarroako ikastetxe publikoetako 30en bat langile sartu dira Iruñeko Nafarroako Hezkuntza Departamentuaren egoitzan eta sarreran eserialdia egin dute. Lehen ekintza gisa planteatu dute eta, adierazi dutenez, honen bidez... [+]


2024-12-12 | Julene Flamarique
“Kanal bat, hizkuntza bat” logika gainditzeko eskatu diote ETBri

Ikusle euskaldun gehien biltzen dituen katea da ETB2, datuen arabera. Aldatu Gidoia mugimenduak agerraldia egin du Bizkarsororen kontraprogramatzearen harira. Salatu dute askotan ETB1 lehian sartzen dela ETB2rekin, eta "herritar guztiak eta publiko bakarra helburu izango... [+]


Jaja Wachukuk ez zuen lo hartu

New York, 1960. Nazio Batuen Erakundeko bilkura batean Nigeriako kanpo ministro eta NBEko enbaxadore Jaja Wachukuk lo hartu zuen. Nigeriak independentzia lortu berri zuen urriaren lehenean. Beraz, Wachuku NBEko Nigeriako lehen ordezkaria zen eta kargua hartu berri... [+]


Europako datu zentro handienetakoa Araban: zein dago proiektuaren atzean?

Ribabellosan 300 megawatioko gaitasuna duen eskala handiko datu zentroa eraikitzen ari da Merlin Propertiers enpresa madrildarra. Milaka milioi euro ari da gastatzen Iberiar Penintsula osoan, ustez puntako teknologia “jasangarria” duten baina elektro-intentsiboak... [+]


2024-12-12 | Julene Flamarique
Iruñeko auzo guztietan euskarazko murgiltze eredua duten haur eskolak ipintzeko eskatu diote udalari

Hamabi haur eskola publiko daude Iruñean, eta horretatik bakarrean dago euskarazko eredua. Protesta egin dute dozena bat eragilek, eta euskal hiztunen “egoera berezia” aintzat har dezan galdegin diote udalari.


Etorkizun bizigarriei buruzko literatura lehiaketaren sari banaketa eginen du ostiralean Sukar Horiak

Bilboko Zirika! herri gunean eginen dute banaketa, ostiralean 19:00etan. Fanzine bidez eta sare sozialetan zabalduko dituzte partehartzaileen testuak, eta irabazlearena argitaratuko du ARGIAk.


2024-12-12 | Irutxuloko Hitza
Nola egin aurre arrazakeriari kazetaritzatik?

Irutxuloko Hitzak asteartean parte hartu zuen Hordago - El Saltok antolatutako mahai inguruan, Hibai Arbide, Lucia Mbomio, Xalba Ramirez eta Miriam Najibi kazetariekin.


2024-12-12 | Julene Flamarique
Espainiako enpresarik handienetan, zuzendari exekutiboen soldata batez bestekoa baino 118 aldiz handiagoa da

Ia 24 milioi euroko ordainsaria jaso zuen Jesús María Herrerak, CIE Automotiveko zuzendari exekutiboak, 2023an. 2022an 20 milioi euroko aparteko prima jaso, eta sei bider handitu zuen urteko soldata. Iberdrolak ere lekua hartu du podiumean, eta 2023an, energia... [+]


2024-12-12 | Leire Ibar
Palestinarekin elkartasunez, McDonald’s berriari boikota egitera deituko dute Santutxun

Abenduaren 13an mobilizazioa antolatu dute Santutxun (Bilbo), enpresa amerikarra palestinarren aurkako genozidioaren parte dela salatzeko. Auzoko kideek azpimarratu dute ez dutela nahi auzoan sarraskiari sostengua ematen dion enpresa multinazionalik.


2024-12-12 | Julene Flamarique
Greba abiatu dute Uberreko langileek Bizkaian, gutxieneko soldata baino gehiago kobratzeko

Grebak 27 egun iraungo ditu, urtarrilaren 6 arte. Gutxieneko soldata kobratzeko “365 egunez eta 24 orduz” lan-baldintza “jasanezinetan” lan egiten dutela salatu dute, eta lanaldiaren benetako zenbaketa egin dezan exijitu.


Berotegi-efektuko gas emisioen %8,8 eragiten du turismoak, eta isurketek gorantza segitzen dute

Azken hamar urteetan turismoak eragindako CO2 isurketen emendioa ekonomia orokorrarena baino bi aldiz handiagoa izan da. Nature Communications aldizkari zientifikoak abenduaren 10ean plazaratu ikerketaren emaitzak dira.


2024-12-12 | Gedar
Europako hainbat herrialdek eten dituzte siriarren asilo-eskaerak, al-Assaden gobernua erori ondoren

HTSk boterea hartu duenetik, babes-eskaerak gelditu dituzte Mendebaldeko hainbat gobernuk. Alemaniak 47.270 eskaera utzi ditu bertan behera bat-batean, "Siriako etorkizun politikoa zalantzazkoa" dela argudiatuta.


Eguneraketa berriak daude