Negargurea" ematen zion ZERUKO ARGIAren editorialgileari zerbaitek, eta hitz huraxe nabarmentzen zuen bere jardunetik. Arrazoiak? Hainbat gorabehera, antza denez. «Elkar desegiten ari gara» azaltzen zuen. «Hori da negargarria. Hori da agudo moztu behar duguna. Guk elkar desegitea nahi duenak bakarrik eduki dezake parregurea. Izatez sorgin-zale bagera ere, ez genduke sorginetan sinetsi nahi. Baina badirudi ari dela gu sakabanarazten gaituen izkutuko indar bat lanean etengabe. Nola, gainera! Mila talde egin gara Euskal Errian. Talde bakoitzak bere santuari pizten dio kandela. Badu talde bakoitzak bere jainkotxoa. Eta horri lotua dago itsu-itsuan taldeko bakoitza. Lehenean gaude, aitortegitik aitortegira kontseilu eske ibiltzen ginan garaian bezelaxe. Ez gara gizona askatzen ari, gizona nor egiten. Jolasean jarraitzen dugu gizonaz. Atzetik jarraitzea eskatzen diogu itsu-itsuan, artaldeko ardiaren antzera. Ez dira iritziak eta jokabideak eztabaidatzen. Halako edo holako jainkotzat edo zerritzat daduzkagu. Batzuentzat jainko, besteentzat zerri».
DENA ONA ALA DENA TXARRA
Garbiago ezin hitz egin, bada! Baina horrek xehetasunen bat ere eskatzen zuela-eta, edonork ulertzeko moduko zerak emateari ekiten zion ondoren: «Halako aldizkarietan agertzen diren alde guztiak eta lan denak onak dira. Beste hartakoak denak txarrak. Halako soziologolariren lanak denak onak dira. Beste harenak denak txarrak. Halako pentsalarik denean arrazoi du. Beste hark ezertan ez. Halako taldek dena ondo egiten du. Beste hark dena gaizki. Halako ikastola oso ondo ari da lanean. Beste hura oso oker. Hau, denean da aurrerakoi. Hura, denean atzerakoi. Ez dago elkarrizketarik. Ez dago egia eta arrazoi-trukerik. Talde batek bestea desegin nahi du. Jainkotxo batek bestea erauzi. Eta denok gizonaren izenean, langileriaren izenean, erriaren izenean, askatasunaren izenean, demokraziaren izenean».
Ezin nik irakurlearen usteak asmatu, jakina, baina nireak aitortzea badagokit, eta esango nuke hura idatzi zuenak, edonor zela ere, gizonezkoa behar zuela izan. Zergatik? Irudipen hutsa, lasai...
Nolanahi ere, horrela jarraitzen zuen: «Egiten ari garen burruka larri hontan, il edo biziko burruka estu hontan, elkar desegiten ari gara zoritxarrez, beste zerbait desegiteko ordez. Gure arrokeriak eta geurekoikeriak zorrozten duen ezten zorrotza burrukakideak zulatzeko, zauritzeko eta iltzeko erabiltzen dugu».
Adierazpen oso gogorrak ziren haiek, eta ordu arte erabilitako plurala alde batera utziz aitorpen pertsonala egitea erabakitzen zuen editorialgileak: «Izenik gabeko pekatu latz hontan jausiak gaude gehienok nik uste. Besterik ez dugu entzuten eta ikusten. Gure etsaiak jotzen duen soinuz dantzatzen garela dirudi. Ez dut uste hori pentsatzea sorginetan sinestea denik. Sorgin hau zaindu behar dugu ongi. Hau ez zaintzearren beste mila sorginetan sinesten bait dugu. Eta gure asmakeria eta irudipen besterik ez diran beste mila sorgin hauek ere egiazko sorginak botatzen dizkigun sareak ditugu. Arrunt itsu gabiltza. Lainopean bidea galdurik doan mendizalearen antzera. Jendea bidean erreta gelditzen ari da barra-barra. Egiazko burrukan erretzeak burrukari berriak sortzen ditu nonahi. Baina burrukakideak elkar erretzeak etsipena eta eriotza dakar».
IKASTOLAN PILATUTAKO ZABORRA
Orokorrean ari zela ematen zuen, baina behingoan iritsi zitzaion hari ere bere editorial harena azaltzeko unea: ikastola barruan egondako arazoren bat zen, itxura guztien arabera.
«Eta zabor hau dena, itsumen hau dena, ikus-ezin hau dena, elkar desegite hau dena inon bildu eta pilatu bada ikastoletan bildu eta pilatu zaigu. Frutua eman eta zabaldu behar lukeen arbola hau geurok ihartu behar dugu. Hortarako bai ez dugula eskubiderik ez ezeren eta ez inoren izenean. Guraso askoren izerdiz, andereño eta irakasle askoren izerdiz eta laguntzaile askoren izerdiz kostata azten ari den arbolak ez du zapuzterik merezi. Galbide eta amildegi hortara ikastola eramatea baino obe da burruka hortatik erretiratu eta etxeratzea. Arren ez dezagun ikastolarik urkamendira bortxatu. Utz ditzagun fidakaizkeriak, itsumenak, setak, besa-tirak. Elkarri amore eman diezaiogun. Ez gaitezen elkarren salatzaile bihur etsairi lana erraztuz, kalean ahoz aho bait dabiltza zenbaiten izenak eta izkutuko bizitzak. Ez dezagun dena goizetik gauera aldatu nahi izan. Ar dezagun patxada eta arnasa».
Larritasunak alde batera utzita, hitz egin zitekeela-eta, horra hor Z. ARGIAren eskaintza: «Pozik irekiko genduke gure aldizkari hontan elkarrizketarako lehiatila bat. Baina zipokeriarik gabeko lanak eta izen-deituraz izenpetutakoak bakarrik argitaratuko genituzke».
Errietaren ondoren, gozo apur bat ere komeni zela-eta, horixe eskainiz agurtzen zen, badaezpada: «Baina ez dezagun ileta hau negarrez buka. Gauza asko egiten ari da Euskal Errian. Errezelo txarrez beteak bagaude ere, denok borondate onez beteak gaude»
Euskaldun naiz, beraz gizon
Hori pentsatzeak, poza eta otzikara, biak batera sentiarazi dizkit. Euskaldun izateari zor bait diot gizon izatea. "Euskalduna naiz, beraz gizon". Ondorio hontara iritxi naiz Herriaren lekuko liburuan 322-324garren orrialdeak Rikardo Arregiri irakurriz. Baina ez dut esan nahi inolaz ere gizon guztiak euskaldun direnik. Ez eta euskaldunak bakarrik direnik gizon. Ez eta munduko gizon guztiak gizon izateko euskaldun izan behar dutenik ere. Nik, behar dudala izan euskaldun gizon izan nadin baizik. Gizon bakoitzak bere gizakera du. Bere izen-deiturak ditu. Gizona, gizon jakina da, bestela ez da gizonik. Ez euskaldun, ez arabiar, ez galiziar, ez argeliar, ez ezer den gizona ez da inon. Ez da eta kito. Ez da nik aukeratua ni gizon izatea. Ez eta gizon euskalduna izatea ere. Hori eman egin zait. Inguruak eman dit: lurrak eta lehenak, batipat; gizonez osaturiko lurrak eta kondairak, alegia (...) (1972-XI-12)