Azken lau urteotan, munduaren ertz hurrunenetatik iristen zaigu zure berri. Baina nola hasi zen dena?
Ohitura beti izan dugu, eta lagunek mendirako joera dute. 1997an, beti Pirinio eta Andeetan ibiltzen ginen lagun talde batek, Dhaulagirira espedizio bat antolatzea erabaki genuen. Hori izan zen Himalayara egin nuen lehen bidaia. Urte osoa hori prestatzen eman, eta 1998an joan ginen. Hor hasi zen istorio guztia.
Niretzat sekulako aukera zen, eta era berean beldur handia ematen zidan. Himalaya beti oso urruti ikusten da. Himalaya eta ingurune hura zer zen probatzeagatik joan nintzen, ez bakarrik mendira. Behar bada ez zen espero nuen bezainbestekoa izan. Zortzimilakoak ezinezkoak zirela ikusten nuen. Baina joan, eta konturatzen zara ez dela hainbesteko aldea. Mendiak oso handiak dira, arriskuak ere bai, baina gehiago da jendeak duen irudia, eta guk ematen dioguna, berez dena baino. Behe kanpamenduan jende ezberdina ezagutu, eta hor sortu zitzaizkidan aukerak 1999an Everestera joateko proiektu batean sartzeko. Horrela sartu nintzen mundu horretan. Behe kanpamenduetan jende asko ezagutzen da, hemen ere bai, eta aukerak ateratzen dira. Espedizio batek bestea ekarri du.
Everest izan zen igo zenuen lehen zortzi milakoa. Hirugarren saialdian igo zenuen. Zerk huts egin zuen aurreko aldietan?
Lehen aldian probatzera joan nintzen. Altueran oso ongi moldatzen naiz, baina eguraldi txarra tokatu zitzaigun. Ez nintzen porrot sentsazioarekin itzuli. Espedizio hartan atera zen hurrengoan berriro itzultzeko aukera. Bigarren aldian gorago igo ginen, baina berriro eguraldi txarra zela eta egin behar izan genuen behera. Aldi hartan tristeago itzuli nintzen etxera. Jada banekien zer zen hura, banekien nola moldatzen nintzen toki haietan, eta gailurrik ukitu gabe nentorren… Hirugarren aldian itsuago joan nintzen, neure buruarekiko presio handiagoa nuen. Ikusten nuen ongi moldatzen nintzela, baneukala hor goran ibiltzea. Horregatik itzuli naiz hainbestetan, lehenengoan igotzea lortu ez dudan mendietara.
Nola hartzen da etxera itzultzeko erabakia?
Inori ez zaio gustatzen atzera itzultzea. Lehen aldietan ez zuen hainbeste axola, dena esperientzia delako eta ikasten ari zarelako. Baina ikusten duzunean zorte kontua dela, eguraldiaren kapritxoa, izorratu egiten du itzuli beharrak.
Everesteko gailurra zapaldu zenuen egunean 40-50 lagun pasa zineten gailurretik, beheko kanpamenduan ehun mendizale zeuden, sekula baino kazetari gehiago ere bai… Nola irudikatzen da hemendik Everest eta han zer aurkitzen da?
Niretzako dezepzio handia izan zen. Hemendik badirudi sekulakoa dela, agian aspaldiko amets bat delako, edo ezinezkoa dirudielako. Baina hara joan, eta gailurrera egun berean hainbeste jende iristen denean, lehen zuen balorea galtzen du. Everest curriculumean daukat, igo nahi nuen mendi bat da, baina beste mendi batzuek askoz gehiago bete naute, Makaluk, esaterako. Makalun hamabost mendizale bakarrik geunden, lan pila bat egin behar izan genuen soka finkoak jartzen, bidea irekitzen. Horrek denak balioa ematen dio emaitzari. Everesten sokak jarrita daude, ia lan dena eginda dago.
Espedizio komertzialez zer iritzi duzu?
Denetik dago, baina normalean espedizio horietan joaten direnak esperientziarik gabeak dira. Izena emateko dirua besterik ez diote eskatzen horra joan nahi duenari (hori bai, sekulako kopuruak ordaindu behar dira). Espedizio horietan bada sekula kranpoirik jarri ez duen jenderik, edo soka finkoa orduan deskubritzen duenik. Hori tristea izateaz gain, arriskutsua da inguruko jendearentzat. Bidean topatzen baduzu halakorik, eta gaizki badabil ez duzu bakarrik utziko, lagundu egingo diozu.
Abentura kirolak oso modan daude, eta jendeak edozertarako ematen du izena. Mendizaleak zeharo ezberdinak dira, nahiz eta gauza berak egin eta bide berean joan. Uste dut beraiek ez dutela mendia sentitzen guk bezala. Espedizioa prestatzeko aurretik lan handia egin behar dugu. Eurei dena besteek egiten diete (iristerako dendak zabalduta izaten dituzte, ura eginda), eta aparteko erosotasunak ere badituzte.
Lehen espedizioak zerorrek ordaindu zenituen. Ondorengoetarako babesleak lortu dituzu. Babesleek zer irizpide dituzte proiektu bat laguntzeko?
Federazioek-eta baloratzen dutena da egin behar den lana. Bide zailak, gauza teknikoak estimatzen dira, ez zortzimilakoa izatea. Niri hori fenomeno iruditzen zait. Etxe pribatuek, berriz, ez dute baloratzen zailtasuna. Ez daukate batere informaziorik, begi onetik sartuz gero laguntzen dizute, beste arrazoirik gabe. Hori akats handia da, ez direlako proiektuak bere horretan baloratzen. Izenik ez duen mendizaleak askoz zailagoa du babesleak lortzen, nahiz eta teknikoki oso gauza zailak egiteko proiektua izan.
Batzuetan arrakastaren araberako diru laguntza ematen dute. Horrek zer presio sortzen dio mendizaleari?
Nik uste ez duela hainbesterako presiorik sortzen. Baduzu erantzukizun bat, babesleari zor diozuna bete nahi duzu. Baina ni ez noa mendira babesleengatik igo behar dudala pentsatuz. Ni ez naiz sekula babesleak presionatuta sentitu.
Emakume izatea lagungarri edo traba da babesleak bilatzerakoan?
Nik uste garai batean traba izan nuela. Agian pentsatuko zuten emakume izateagatik ez nintzela gai izango gauza horiek egiteko. Orain ez dut uste traba denik.
Daulaghirin Jose Pepe Garces aragoiarra hil zen, zure espedizio kidea. Nola bizitzen da heriotza horrelako memento eta toki batean?
"Niri ez zait sekula pasatuko" pentsatzen duzu beti. Gertatzen denean harrituta geratzen zara zure jokatzeko moduarekin. Badira mementoak hondoa jotzen duzuna, "hau dena bukatu da" pentsatzen duzuna, baina beste une batzutan indarrak biltzen dituzu aurrera egiteko. Une horiek oso gogorrak dira. Lagun bat hil, bere kanpamendura joan, bere gauza denak jaso, etxera deitu… Ez dakit nondik, baina barrutik indar bat ateratzen zaizu eta eutsi egiten diozu.
Arriskuaz kontzienteki pentsatzen duzue?
Nik neronek pentsatzen dut arriskuan. Baina hara zoazenean ez duzu horretaz pentsatzen. Eta eskerrak. Bestela, sekula ez genituzke egiten ditugun gauzak egingo.
Makalun lapurreta egin zizueten.
Politikoki Nepal oso une txarrean dago, egoera ez da batere egonkorra. Bagenekien Makalun hamar eguneko trekkingean arriskua geneukala maoistak ateratzeko. Herrixka batean geunden afaltzen, hiru pertsona etorri zitzaizkigun armatuta, eta diru kopuru bat eta argazki kamerak eskatu zizkiguten. Horren aurrean ezin duzu ezer egin, eta men egin genien. Trukean esan ziguten behe kanpamendura arte arazorik gabe iristen utziko zigutela. Beldurra pasatu genuen. Munduaren txoko galdu horretan tiroa botako baligute inor ez zen konturatu ere egingo.
Himalayismoarekin ez al dira gero eta mendebaldarrago bihurtzen bertakoak?
Bai, geroz eta gauza gehiago ezagutzen dituzte. Beheko kanpamenduan ordenagailua genuen eta arratsaldero filmak ikusten genituen, harro demonio. Bertakoak zur eta lur geratzen ziren. Hemengo pentsamoldearekin doan jende asko kexatu egiten da, zer zikina den hango dena, zer miseria jaten duten… Bertako jendea mespretxatzen dute, eta klase ezberdintasunak jartzen dituzte elkarbizitzan. Guk gutako bat gehiago bezala hartzen ditugu.
Bertako jendeak nola ulertzen du mendi puntara igotzeko seta hori?
Askotan harrituta geratzen dira guk mendira igotzeko dugun joerarekin. Baina gero eta ohituago daude. Mendian lan egiten duten sherpek igotzeko irrika izaten dute, euren curriculuma betetzeko bidea da, euren lana da. Herriko jendeak turista gisara ikusten gaitu.
Goi mailako mendizaleen artean elkartasuna falta dela irakurri dizugu. Zergatik diozu hori?
Inoiz tokatu zait ikustea, pertsona batek goiko kanpamenduetan laguntza behar izan eta beste espedizioetako jendeak ez laguntzea, hurrengo egunean gailurrera igotzen saiatu behar zutelako. Penagarria da, jende asko berea egitera doa gauza denen gainetik. Aurkako kasuak ere ezagutu ditut. Azken espedizioan, Cho Oyun, haizeak dendak eraman dizkigu, materialik gabe geratu gara, eta beste espedizio bateko jendeak behar genuen dena utzi digu. Niretzat oso garrantzitsua da ondoan konfiantzazko jendea edukitzea, benetako lagunak, eta jakitea zerbait gertatuz gero sekula ez didatela hutsik egingo.
Nola uztartzen dituzu lana eta entrenamenduak?
Zoritxarrez ez naiz mendizaletasunetik bizi, eta lan egin beharra dut. Saiatzen naiz biak betetzen, eta horrek beste gauza batzuk uztera derrigortzen nau. Lagunekin hilabetean behin bakarrik egoten naiz, jendea ezagutzeko aukera gutxiago dut… Bizitzako beste arlo batzuk mugatu egiten dizkit. Asteartetik igandera lan egiten dut, eta egunero entrenatzen dut bi orduz (bizikletaz, korrika edo gimnasioan). Astean zehar bi edo hiru egunez Pirinioetara alde egiten dut.
Bakarrik entrenatzen duzu, edo besteren laguntzaz?
Lazkaoko Kemen zentroan nabil, eta eurek markatzen didate entrenamendua. Eta eskerrak horri, neure kasa entrenatzeko nahikoa desastrea bainaiz. Badakit nola entrenatu, baina diziplina behar dut. Bestela, edozein aitzakia nahikoa dut eguneko entrenamendua huts egiteko.
Nola bizi dute etxekoek zure bizimodua?
Kosta zaie onartzen, baina jada ohitu egin dira. Gaizki pasatzen dute ateratzen naizenean, baina ulertzen dute nire bizitzeko era dela.
2003rako Lothse eta Gasherbrum jarri dituzu helburu. Zergatik horiek?
Lothse edo beste mendi batera joan dudan gaude. Lagunen araberakoa ere bada, Carlos Paunerrekin egon naiz Cho Oyun, eta Lothsera joan nahi dugun taldetxo bat bildu gara. Bestetik, Pakistanen ez naiz inoiz izan, eta ezagutzeko gogo handia dudalako goaz G-II-ra.
Epe luzerako erronkaren bat jarri diozu zeure buruari?
Ez. Gauzak poliki egin nahi ditut, eta sortzen joan ahala. 29 urte ditut, eta tentatzen nautenak ez dira zortzimilakoak edo Himalaya bakarrik, beste gauza asko ere egin nahi ditut. Baina epe motzerako planak egiten ditut