Duela gutxi, Eusko Legebiltzarrean helduen euskalduntze alfabetatzea arloa izan da hizpide. Alabaina, HABEren ordezkarien agerraldiaren segidan, Aurten Bai Fundazioaren ordezkaria eta Ulibarri euskaltegiko kudeatzailea sektorearen gabezien ahots-eroale bilakatzea dezente harritu ninduela aitortu behar dut. Izan ere, Aurten Bai Fundazioak, sektoreko gainerakoekin alderatuta, urteak eman ditu haren jarduera hertsia kontuan hartzen ez zuten dirulaguntzak eskuratzen, horrenbeste non bestelako barnetegi iraunkorrekin alderatuta jasotako dirulaguntzak eskandaluzkoak izan diren, ez dirulaguntzak soilik, jarduera arruntak berak nekez justifikatzen duen eta deialdi publikorik egin gabe lagapenean eskuratu dituen azpiegitura publikoak ere eskuratu ditu Aurten Bai Fundazioak.
Hain zuzen, Joseba Arregik Kultura Sailburua izateari utzi zionetik HABEren gaineko erantzukizun politikoa hartu zutenek ordurarte eguneroko ogia zen diskriminazio zantzu oro ekidin eta sektorea berdintasunean tratatzeko konpromisoa hartu zuten. Ordutik datoz, besteak beste, Aurten Baik Euskal Autonomia Erkidegoan helduen euskalduntze alfabetatzean erabili den dirulaguntza politikari egiten dizkion kritikak, ez gainerakoek baino gutxiago jasotzen dutelako, Fundazio pribatua izanik, gainerakoek baino diru baliabide ugariagoak eskuratu nahi dituelako baizik. Bada, testuinguru horretan ulertu beharko lirateke aipatu agerraldian esandakoak, nola baita xede hori kosta ahala kosta lortzeari begira, sektoreko beste batzuk bidenabar erasoz, sozialistekin eta beste batzuekin agerraldiaren aurretik egin dituen bilerak. Ulibarri euskaltegiari dagokionez, besteak beste, dirulaguntza politikan ez ezik funtzionarioen euskalduntze plangintzaren zioz ere urteetan izan duen trataera aipagai izan dezakegu, alabaina, bego, momentuz, gai hori ere bere horretan.
HABEren nola baita Aurten Bai eta Ulibarri euskaltegien agerraldiak, bakoitzak bere ñabardurekin, helduen euskalduntze alfabetatzea sektoreak bizi duen krisi sakona, oinarri-oinarrizkoa esango nuke nik, utzi dute hala ere agerian. Izan ere, Aurten Baik eta Ulibarrik hala nabarmendu arren, sektorearen arazo nagusia ez da dirulaguntzen moduluan izandako bilakaera, ez eta profesionalek irakaskuntza pribatuko hitzarmenarekin alderatuta ematen dituzten eskola ordu gehigarriak nola baita lan sarian diren aldeak. Arazoa askoz sakonagoa da, egiturazkoa.
Izan ere, 1993-94 ikasturteaz geroztik sektore publikoak ikasleen %30 eta talde orduen %26,7 galdu ditu. Halaber, pribatuen multzoari erreparatuz gero, epealdi berean, ikasleen %10,2 eta talde orduen %6 galdu dira. Jaitsiera, kasu honetan, 1998-1999 eta 2000-01 ikasturteetan gertatu da batik bat, alabaina, ikasturte berri baten hastapenean gaudenean beheranzko joera hori indartu egin da, sare guzti-guztietan ez ezik lurralde denetan ere. Ondorioz, 1986-90 epealdira egin beharko genuke atzera helduen euskalduntze alfabetatzeak halako egoera zaila bizi eta halako gainbehera antzemateko.
Baina urteak ez dira alferrik igaro. Garai batean nagusi ziren ikasle eta langabetuen multzoak arian-arian urritu egin dira eta lanean ari diren eta helduagoak diren pertsonak hurbildu dira helduen euskalduntze alfabetatze sektorera. Bada, ikasleen tipologian eta beharretan aldaketa esanguratsuak ari dira gertatzen. Garai batean emaitza akademikoak indartzeko, titulu bat eskuratzeko edo/eta lan merkatuan aukerak ugaltzeko asmoz euskara ikastera zetorren jende multzo andana murriztu da, gizartean bestelako lehentasunak nagusitzen ari direnez besterik gabe euskara ikastera datorren jendea apaldu egin da. Guzti horri, maisu maistren euskalduntze plangintzak nola baita sektore publikoa euskalduntzera bideratutako egitasmoek aspaldi goia jo dutela gaineratu beharko genioke. Bada, oro har hartuta, eskariaren unadura begi bistakoa da. Beraz, sektoreak, eremu berrietara ez ezik eskari poltsa berrietara ere ikasle bila jo beharko du, bere burua espezializatuz, hartarako egitasmoak beren beregi prestatuz.
Baina, aldi berri honek plazaratuko dituen erronkei era egokian erantzun ahal izateko sektorea berrantolatu behar da. Izan ere, dagoen eskaria aintzat hartuta euskaltegi gehiegi dago, bada, sareen osagarritasuna, maila guztiak eskaintzea, ikastaroak malgutzea, lortutako maila ziurtatuko duen kanpoko ebaluazio sistema ezarriz zertifikazio sistema abian jartzea, materialen eraberritzean nola baita irakasleen formazioan inbertitzea dirateke, besteak beste, berehalakoan abian jarri edo indartu beharreko eremuak.
Berrantolaketak sektore publikoa osatzen duten Udal Euskaltegi sarea nola baita Hizkuntza Eskolen bidez egiten ari den eskaintza aintzat hartu beharko luke ezinbestean. Izan ere, sarea egituratzeko, homologatzeko eta normalizatzeko eginahalak egin direnean, erritmo bizkorragoko ikastaroak lehenesteko ahaleginak egin direnean, egungo sarearen ondo-ondoan, Hizkuntza Eskolen bidez, diru baliabide publikoak xahutuz, baztertu diren erritmo apalagoko ikastaroak eskainiz, beste eskaintza bat zabaltzeko egiten ari den ahalegina ez da ulertzen. Halaber, helduen euskalduntze-alfabetatzeaz kargutzen den egitura administratiboak Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailetik zertifikazio sistema ezartzeko izan ohi dituen arazoak eta Hizkuntza Eskolen bidez ziurtagiri sistema bat egotea ez dira inolaz ere etorkizunera begira mantendu ahal den egoera.
Baina, berrantolaketak sektore pribatua ere hartu behar du kontuan, sektore publikoa denean osagarritasunez jokatuz eta hiri handi eta hiriburuetan dagoen gehiegizko euskaltegi sarea eskarira egokituz. Osterantzean, berrantolatu ezean, euskaltegi sare ahula geratuko baita etorkizunean, erronkei erantzuteko ezgauza eta eguneroko funtzionamendua besterik gabe mantendu ahal izateko bitarteko ugari beharko dituena.
Kontua, bada, nire iritzi apalean honakoa da: egungo sarea berrantola dezagun, egun gatibu dauzkagun bitartekoak askatuz eta bitarteko horiek ondorioztatzen den sarearen normalizazioa indartzeko erabiliz ez ezik Euskara Biziberritzeko Plan Nagusiaren ezarpenak, hiztunek euskara balia dezaten aukerak ugaltzeko berariaz sortu den plan estrategiko honen gauzatzeak behar dituen udal mailako zerbitzuak indartzeko ere enplega ditzagun, hartarako HEAko profesionalak birziklatzeko urratsak eginez. Halaber, teknologia berrien erabilera zabalduz ikasleen autonomia indartzeko eta merkatua bera hedatzeko urratsak egin behar ditugu, gurasoak, kolektibo profesionalak, etorkinak, hizkuntza trebatzaileak, hots, euskalduntze alfabetatzeak etorkizunik izango badu euskararen normalizazioa lortzeko xedez eskari poltsa berriei erantzuteko prestatu behar du, gainerakoa, oinarrizko eztabaidari ihes egitea baino ez da