BUSHEK IRAKEKO PETROLIOA SEGURTATU NAHI DU


2021eko uztailaren 27an
Estatu Batuetako George Bush presidenteak Irakek omen dituen ustezko artsenal nuklearrekin eta fabrikatzen omen dituen destrukzio masiboko armekin zerikusia duten hainbat deklarazio ofizial egin du Sadam Husseinen erregimenaren kontra abiarazi duen ofentsiba justifikatzeko, eta agian beste gerra batean buka liteke. Haren aliatu batzuek, hala nola Espainiako Aznar presidenteak, papagaien moduan errepikatzen dituzte beren nagusi handiaren tesiak. Estatu Batuetan, ordea, gero eta handiagoa da gerra horren kontrako olatua. Eta egunetik egunera gehiago dira zuhurtziaz publikoki ziurtatzen dutenak ezen, Bushen ofentsiba horren guztiaren atzean, Irakeko petrolioagatik duen obsesioa dagoela, Estatu Batuetako eta Europako petrolio-enpresen interesek ere determinatua. Horrela, ezeztatu egiten dituzte Bush nagusiaren deklarazio ofizialak. Horregatik, txosten honetan, ikusarazten saiatuko gara nolakoa den Irakeko petrolio aberastasunaren errealitatea eta Amerikako Estatu Batuen dependentzia energetikoa, bai eta nolako planteamenduak egiten ari diren ekonomiako eta petroliogintzako hainbat instantziatatik Bushen ofentsibaren gainean eta munduko petrolio merkatuan izango dituen ondorioen gainean.


IRAKEKO PETROLIOA ETA ESTATU BATUEN DEPENDENTZIA ENERGETIKOA.

Irakek, gaur egun, munduko erreserba frogatuetatik bigarren handienak dauzka, 112.000 milioi upeletan kuantifikatuak. Irakeko petrolioa, ugaria izateaz gain, kalitate ertainekoa da, eta hura ateratzeko kostua txikienen artean dago. Milioi eta erdi upel produzitzen ditu egunero. Sadam Hussein eroriz gero, petrolioaren enbargoa bukatu egingo litzateke eta haren negozioa garatu egingo litzateke. Teknologia berrien bidez, petrolio enpresek Irakeko produkzioa halako biraino gehitu ahalko lukete; hau da, egunean 3 milioi upeleraino. Horrela gertatuz gero, Irak petrolio gordinaren munduko bigarren produktore eta esportatzailerik handiena bihurtu ahalko litzateke, Saudi Arabiaren atzetik, hura egunean ia sei milioi upel produzitzera iristen baita.
Estatu Batuek petrolio asko produzitzen dute, ia sei milioi upel egunean. Hango ekonomiak, ordea, egunean 18 milioi upel baino gehiago behar ditu, normaltasunez funtzionatuko badu. 2001. urtean, Estatu Batuek egunean 11,6 milioiraino upel inportatu zituzten, eta petrolio horren %20 baino gehiago Saudi Arabiakoa zen. Energiaren Agentzia Internazionalaren (EAI) datu ofizialen arabera, aurreikusia dago Estatu Batuen petrolio inportazioak egunean 14,3 milioi upelera igoko direla 2010ean, eta 16,7 milioira 2020an; hau da, herrialde horretarako aurreikusitako eskariaren %63 izango dira. Mundu osoan, EAIk berak dioenez, aurreikusia dago petrolio gordinaren kontsumoa, bereziki herrialde industrializatuetan, oraingo eguneko 75 milioi upeletatik 120 milioira gehituko dela 2030ean.

«ASEGURU ENERGETIKOA", SAUDI ARABIAREKIN KRISIA GERTATUZ GERO.

Irakeko petrolioa "aseguru energetiko" moduko bat izan liteke baldin Saudi Arabiak Estatu Batuak petrolio gordinez hornitzeari utziko balio. Horrela, adituek eta behatzaileek ziurtatzen dute Estatu Batuen eta Saudi Arabiaren arteko harremanak hoztu egin direla irailaren 11ko atentatuez geroztik eta Afganistango gerraz geroztik, eta estatubatuarrek segurtatu egin nahi dutela petrolio gordinaren hornidura. Estatu Batuek epeltzat jotzen dute Saudi Arabiak irailaren 11ko atentatuez egindako gaitzespena, eta zenbait tirabira ere gertatu ziren bi estatuen artean Afganistango interbentzioaren bezperetan. Zenbaitek ziurtatzen duenez, petrolioaren negozioari lotutako Bushen ingurukoentzat, Saudi Arabia jadanik ez da fidatzekoa. Gainera, Estatu Batuetako administrazioa beldur da gero eta ezegonkortasun politiko handiagoa gertatuko ote den Saudi Arabiako erresuman, integrista islamikoen eskuetan.
Baldin Saudi Arabiarekin dituen harremanak krisian sartuko balira eta herrialde arabiar horrek Estatu Batuak petrolioz hornitzeari utziko balio -gogoan izan petrolio gordin inportatuaren %20 baino gehiago Saudi Arabiakoa dela-, egoerak larriki erasan liezaioke Estatu Batuetako ekonomiari. Estatu Batuei petrolio hornidura kentze hori gertatuz gero, ezingo lukete konpentsatu ez Kaspiar Itsasoko produkzioak, 2005. urterako nahiko garatua egongo dela aurreikusten baita, ez Errusiak, zeren, bere potentzial produkzioaren muga-mugan egoteaz gain, ez baita politikoki erabat fidatzekoa.
Kontestu horretan, pentsatzekoa da Estatu Batuak eginahal guztian saiatuko direla Saudi Arabiako erresumarekin harreman onak mantentzen, herrialde bakarra baita egunean 12 milioiraino upel produzitzeko gai, eta haren erreserbak Irakenak halako bi baitira (220.000 milioi upel baino gehiago). Seinalatu beharra dago saudiek, beren kabuz, saltaraz edo hondora ditzaketela petrolio merkatuko prezioak, kapaz baitira nahi duten guztia ateratzeari uzteko edota merkatuan egunean bi milioi upel jartzeko laurogeita hamar eguneko epean.

SADAM HUSSEINEN AKABERAK ALDATU EGINGO LUKE PETROLIO MERKATUA.

Munduko petrolio sektoreko analistak oso adi daude Estatu Batuen eta Iraken arteko egungo gatazkaren bilakaerari, gerrara jo bailezake. Eta ez dute isilean gordetzen zein onuragarria izango litzatekeen gerra hori Estatu Batuen interes ekonomikoentzat. Izan ere, Saudi Arabiaren hornidura galtzeko arriskuaren aurrean -gerta daitekeen gauza da, amerikarren eta saudien arteko harremanek daramaten bilakaera ikusita-, Bushek are prezio txikiagoan beregana lezake Iraken petrolio hornidura.
Horrela, Madrilgo "El País" egunkariak oraindik orain publikatutako txosten batean, "Irakeko petrolioagatiko gudua" izenburuaren azpian, ondoko hau baieztatzen da: Sadam Husseinen akaberak aldaketa sakona ekarriko luke petrolioaren merkatuan. Estatu Batuek Iraki erasotzen badiote eta oraingo erregimenaren ordez Washingtonen kideko erregimen bat jarriko balute, herrialdeari 1991z geroztik ezarritako enbargoa kendu egingo litzateke eta Iraken petrolio potentziala azaleratuko litzateke. Herrialde horrek orain egunean 1,5 milioi upel produzitzen baditu, sei milioira irits liteke urte gutxiren buruan. Merkatuetara petrolio gehiago hornitzeak kostua merkatu egingo luke Mendebaldeko herrialde inportatzaileentzat. Estatu Batuentzat, gainera, Irak petrolio iturri alternatibo bihurtuko litzateke, beldur baita krisi politikoa gertatuko ote den Saudi Arabian, munduko produktore eta esportatzaile handienean.
Petrolio merkatuaren analistak eta adituak hasiak dira beren aurreikuspenak aurreratzen, baita beren nahiak ere. Eta kalkuluak egiten dituzte, gerra laburra ala luzea izango den. Horrela, Erresuma Batuko «Petroleum Economist» aldizkariak ziurtatzen duenez, Estatu Batuek Iraki erasotzearen lehen ondorioa, petrolioaren merkatuan, prezioak goratzea izango litzateke. Petrolio gordinaren kotizazioa, aurreikuspen horien arabera, upeleko 35 edo 40 dolarreraino igoko litzateke denboraldi labur batez (hilabetez, gehien jota) "baldin interbentzioa azkarra eta efektiboa bada, nola aurreikusten baita izango dela". Gerra labur baten ondoren eta Bagdaden erregimena aldatu eta gero, seinalatzen du iturri berak, "petrolioaren merkatua, funtsean, igarterrazagoa, egonkorragoa eta seguruagoa izango da, eta prezioak apalagoak izango dira".
Londresko Petrolio Institutuko analista batek, Chris Baker-ek, honela dio: "Sadam Hussein erortzeak deuseztatu egingo luke petrolioaren enbargoa, eta negozioa garatzeko bidea emango luke Iraken. Gerra ondoan, petrolio enpresek urtebete baino gutxiago beharko lukete Irakeko produkzioa egungo milioi eta erditik bikoitzera eramaten. Urte pare batean, esplorazioko eta prospekzioko egungo teknologiekin, petrolio gordinaren munduko bigarren produktore eta esportatzaile handiena bihurtzera irits daiteke Irak".

Bushek Iraken egin nahi duen erregimen aldaketak beste eragin kolateral batzuk ere izango lituzke munduko petrolio merkatuan. Bagdaden gauzatu asmo eta nahi duen erregimen aldaketa horrek orobat ahul lezake OPEP lurralde petrolio esportatzaileen organizazioa, zeren Irakek berriro izango bailuke hitza eta botoa organizazio horretan eta Irakeko ordezkari berriak ulerkorragoak izan bailitezke Mendebaldeko interesen alderako. Iraken produkzio handiagoak eta OPEPen ahultzeak, analistek diotenez, prezioak beherarazi egingo lituzke, 20 eta 22 dolar bitarteko bandaraino, eta herrialde industrializatuek aterako liokete onura beheratze horri

Petrolioak munduko ekonomia baldintzatzen du
Munduko ekonomia guztiak daude petrolioaren mende. Ekonomia guztiak baldintzatzen ditu petrolioak. Herrialde guztiek begiratzen diote egunero petrolio gordinaren prezioari. Eta, azken bolada honetan, Bushek Iraken kontra egindako mehatxuak sortu duen ziurgabetasuna dela medio, edozein unetan egin bailezake interbentzio militarra Sadam Husseinen erregimena uzkailtzeko. Petrolio gordinaren prezioak sizugarri egin du gora, hainbesteraino non alarmek jo baitute herrialde kontsumitzaileetan. 2000. urtearen erdialdean, manifestazio handiak izan ziren Europan, karburanteen prezioen gorakadagatik, eta, orduz geroztik, upelaren prezioa ez zen 30 dolarreraino iritsi. Eta zenbaitek dio igotzen jarrai dezakeela, 50 dolarreraino eta are gehiago.

Zergatik igotzen da petrolioaren prezioa? Arazoa ez da produkziorik ez dagoela. Produkzioa nahikoa eta sobra dago. Nahiz eta OPEPek, gutxienez hamaika urtean, estrakzio maila egunean 21,7 milioi upeletan mantentzen duen, errealitatean, 23,5 milioi inguru produzitzen ari dira, Irakena kontatu gabe, hark beste 1,5 milioi ateratzen baititu. Badirudi, ordea, eskaria hornidura baino gehiago ari dela hazten. Adituek diotenez, joan den abuztuan, munduak egunean 78,6 milioi upel eskatu zituen, baina 76,7 milioi bakarrik produzitu ziren.
Eta, ekonomiaren nolabaiteko moteltze bat gertatzen ari bada, munduko ekonomiaren hazkundea galgatzen ari duena eta, beraz, kontsumoa ere galgatzen ari duena, zergatik ari da gero eta petrolio gehiago eskatzen? Argi dago oraingo eskari handi horren arrazoia ez dela munduko ekonomiaren hazkundea, kontsumoa ere galgatu egin baita. Arrazoia beste nonbait bilatu behar da. Adituek baieztatzen dutenez, petrolio gordina benetan demandatzen ari direnak petrolio konpainiak eta gobernuak dira. Horrela, petrolio enpresak petrolio gordina erosten ari dira, goganbehartuak baitira Amerikako Estatu Batuen eta Iraken arteko gerra aurreko egoera tirabiratsu hau ez ote den denboran luzatuko, eta orobat zeren, baldin azkenean gerra pizten bada, beldur baitira horniduran etenaldiren bat gertatuko ote den. Petrolio enpresek erosten dute zeren jabetzen baitira egoera honetan petrolio gordinaren prezioak igotzen jarraituko duela. Herrialde kontsumitzaileetako gobernuak, eta bereziki Bushena, dagoeneko kokatu dira eszenarik okerrenean, gerrarenean, eta beren buruak hornituak eduki nahi dituzte, petroliorik falta ez dakien. AEBetan, non ari baitira prestatzen Iraken kontrako erasoa, badakite tropen hedatze handi batek berak, erasotzeari ekin gabe ere, petrolioaren deribatuen kontsumoa handitzea eskatzen duela. Gainerako herrialdeetan, hala nola Europakoetan, bai petrolio enpresek, bai gobernuek, beren erreserbak maximoan mantentzeko modua bilatzen dute.
OPEPek badaki orain ez dagoela petrolio gehiagoren beharrik merkatuan, eta, bestalde, krisi ekonomikoak kontsumoa galgatu egiten duela. Beraz, petrolio gordinaren prezio altuen errua mugimendu espekulatiboei egotzi behar zaie, bai eta petrolio enpresek erreserbak handitu izanari ere, Estatu Batuek Iraken kontra gerra egin lezaketela iragartzearen ondorioz

Petrolio enpresak erne
Iraken kontrako gerraren espektatibek -betiere laburra bada, horrela interesatzen baita- erne jarrarazten ari ditu mundu osoko petrolio enpresak, putreak harrapakinaren atzetik bezala, petrolioaren banaketaz jabetzeko. Horrela, Italiako petrolioaren sektoreko iturriak adieraztera iritsi dira ezen, "estatubatuarren eraso guztiz azkar baten ondoren, lehenbizi ebatziko dena da petrolio enpresek zenbateko partea izango duten Iraken". Eta egin dituzte lehenbiziko aurreikuspenak puntu horren gainean: "Exxon Mobil eta Chebron Texaco estatubatuarrek, Shell angloholandarrak, Lukoil errusiarrak, TotalFinaElf frankobelgak eta Eni italiarrak beren artean partituko dute sektorea, eta negozioetarako ate berri horren parte handi batek konpentsatuko du Texasko petrolio industriak nozituko duen prezio beherakada".

Ez dugu ahaztu behar petrolio industria oso bat dagoela Texasen eta Mexikoko Golkoan, bozkatzaile errepublikanoen eskuetan, eta ez luketela jasango upelaren prezioa 18 dolarretik behera egotea, esplotazio asko itxi beharko bailituzkete. Petrolioaren sektorekoek, hala ere, onartzen dute Estatu Batuetako administrazioak konpentsatuko lituzkeela petrolioaren prezioak gainbeheratzeagatik etekin marjinetan izango liratekeen galerak, Irakeko petrolio hobien esplotazioko eta produkzioko operazioetan parte hartzearekin.
Une honetan, ordea, Europako petrolio enpresak dira abiatzeko posiziorik hoberenean daudenak Irakekin kontratuak lortzeko, baldin enbargoa bukatzen bada eta herrialdea Europako merkatuetara irekitzen bada. Ildo horretan, TotalFinaElf hasia da Irakeko gobernuarekin negoziatzen, Majnoon-eko eta Nahr Umr-eko petrolio hobiak ustiatzeko, zeinen erreserbak, bienak batuta, 20.000 milioi inguru upelera iristen baitira. Era berean, Errusiako kontsortzio bat, Lukoil buru duela, beste petrolio hobi batez interesatu da, zeinen erreserba 10.000 milioi upeletik gorakoa izan baitaiteke. Italiako Eni petrolio enpresa eta Txinako Estatuaren petrolio enpresa ere presente daude negoziazioko kontestu horretan. Itxaron egin beharko da, hala ere, ikusteko ea abian diren aurreakordio horiek errespetatuko dituen Bushek Sadam Husseinen erregimena uzkaili ondoren sortuko litzatekeen Irakeko gobernu berriak


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Irak
2023-03-30
Mendebaldearen izenean

20 urte bete ditu argazki honek, baita AEBek, Europako bere mariatxiek lagunduta, Irak inbaditu zutela. “Suntsipen handiko armak” hondatzea eta herrialdea “askatzea” izan ziren argudioak. Herrialde bat birrindu egin zuten: milioi erdi irakiar baino... [+]


Kurdistanen aurkako erasoak areagotu ditu Turkiak, gehiengoaren arreta Ukrainako gerran jarrita dagoela probestuz

Turkiak operazio militar berria abiatu zuen igandean Bashurren, PKK (Kurdistango Langileen Alderdia) desegiteko argudioarekin. Kurdistango Askapen Mugimenduak salatu du Ukrainako gerraren testuinguruan Kurdistanen aurkako erasoak areagotzen ari dela Turkia, eta horrez gain,... [+]


Droneekin milaka zibil hil eta isilpean pasa dituztela frogatu dute Pentagonoaren dokumentu ezkutuek

Gudarako droneen teknologian milioika dolarreko inbertsioak egin ostean, “historiako aire kanpaina zehatzena” iragarri zuen Barack Obama, AEBetako presidenteak. 2014tik gaur arte Pentagonoak bildutako dokumentuak aztertuta, ordea, “aire guda hau inteligentzia... [+]


2021-09-21 | Axier Lopez
Irailaren 11ko legatua: Yes we drone

2001eko urrian, irailaren 11n World Trade Centerren aurkako erasoak gertatu eta hilabetera, Amerikako Estatu Batuetako Aire Armadako pilotu batek historia egin zuen: drone moderno batekin (The Predator) eraso hilgarria egin zuen lehen pertsona izan zen. Ordutik, droneak XXI... [+]


Basamortuko ekaitzerako aterki mediatikoa

Persiako Golkoa, 1991ko otsailaren 28a. Golkoko Lehen Gerra amaitu zen, AEBak buru zuen koalizioaren garaipenarekin. Gerra hartan komunikabideak arma estrategiko bihurtu ziren, "gerra garbiaren" kontzeptu berria indartzeko eta iritzi publikoak erasoei zilegitasuna eman... [+]


Mosul digitalki berregin dute

Google Arts & Culture plataformak, The Art & Soul of Mosul izeneko ekimenaren bidez, hiri hartako ondarea digitalki berregin du eta hiru dimentsiotako ereduak eskaintzen ditu azken urteotako gerran galdutakoa bisitatzeko.


2020-07-28 | ARGIA
Hiru manifestari hil ditu Irakeko poliziak, zerbitzu publikoaren aldeko manifestazioetan

Uztail bukaera honetan Bagdadeko Tahrir plazan errepikatzen dabiltzan manifestazioetan gertatu dira ezbeharrak. Aurreko gobernuak bideratu errepresio bortitzaren tonua dute hilketa hauek.

 


2020-05-25 | ARGIA
Irakeko protestetan ia 500 hildako eta 120 bahitu zenbatu ditu NBEk

2019ko urritik 2020ko martxoaren 21era 490 hildako, 7.793 zauritu eta 123 bahiketa egon direla salatu du NBEk. 2019ko urrian hasi ziren protestak Iraken, gobernuaren dimisioa, parlamentuaren desegitea eta sistema politikoaren erreforma helburu. Lehen ministro ohiaren dimisioaren... [+]


2020-04-07 | ARGIA
Iraken epidemia zabaltzen bada, herrialdeak ezingo dio aurre egin

Jasan dituen gerren ondorioz, Irakeko osasun sistema jota dago eta koronabirusaren epidemia bati ezingo lioke aurre egin. Hala ohartarazi dute agintariek.


2020-01-08 | ARGIA
Iranek AEBen bi baseri misilekin eraso die, Soleimaniren hilketari erantzunez

Irango Goardia Iraultzaileak dozena bat misil jaurti ditu Iraken AEBek dauzkaten bi baseren kontra. AEBetako agintariek berretsi dute erasoa izan dela eta Irango atzerri ministro Javad Sarifek esan du bere herrialdearen "autodefentsa neurri gisa" eginak izan direla... [+]


AEBek Iranen aurka hasitako gerra gaitzetsi dute dozenaka hiriburu estatubatuarretan

Deialdia "Ekialde Hurbileko gerra berri baten aurka eta AEBetako indar militarrak ateratzearen alde" egin zela azaldu dute antolatzaileek.


AEBek Irango Soleimani liderra erail dute Bagdaden misilez

Ameriketako Estatu Batuetako Defentsa sailetik jakinarazi dute erasoak Iranen etorkizuneko planak "gutxiestea" zuela helburu.


Irakeko matxinada odoltsua haserrealdi globalaren eta Iran-AEB gerraren artean

Enbata zakar baten gisa hedatu da munduan zehar protesta-haizea 2019an. Gobernu eta eredu sozio-ekonomiko oso ezberdinetako herrialdeetako kaleak sutu dituzten matxinadok 1848ko eta 1968ko matxinada sail salbuespenezkoekin alderatu ditu zenbait adituk. Nola interpretatu horien... [+]


Eguneraketa berriak daude