IPARRALDEKO SEI PILOTARIK BAI EUSKAL SELEKZIOARI


2021eko uztailaren 19an
Nor gogoratzen da Iruñean jokatu zen Munduko Pilota Txapelketaz? Inor gutxi. Nork daki Ipar Euskal Herriko sei pilotarik Frantziako Selekzioan jokatzeari uko egin ziotela? Inor gutxik.

Gaur egungo egoera soziopolitiko bortitzak jende xumearen ahaleginak lausotzen ditu. Euskal Herriko egoera nahasiak hainbat errealitate estaltzen du. Informazioa hedabide boteretsuen bitartez helarazten da nagusiki, eta hauek sare trinkoa ehundua dute.
Zertan dago Euskal Pilota Selekzioa gauzatzeko asmoa, ordea? Konparazione: sei dira Frantziako Selekzioan jokatzeari uko egin zioten Ipar Euskal Herriko pilotariak: Angeluko Ellande Alfaro, Hazparneko Mikel Funosas, Ramuntxo Bortairu eta Raphael Larronde, Iholdiko Sandra Pochelu eta Donibane Lohizuneko Iñaki Iturbiske. Lehen hiruekin aritu gara eleketan.


EGOERA NAHASIA.

Eusko Jaurlaritzak -Euskal Selekzioaren aldarrikapen herrikoiaren bilakaera ikusita- Euskadiko Federazioa sortu zuen orain bi urte inguru. Federazio honek, artean, Euskal Selekzioa antolatu zuelarik: «Eusko Jaurlaritzak Euskadiko Federazioa sortu du eta honek EAEko selekzioa halaber. Jendeak Euskadiko hitzarekin bere burua engainatzen du, ordea. Euskal Selekzioa da, baina ez Euskal Herrikoa», adierazi digute hiru solaskideek.
Euskal Selekzioa Espainiako nahiz Frantziako Selekzioei uko egiteko helburuarekin sortu zen. Nafarroako eta Iparraldeko pilotariek ere osatu dute Euskal Selekzioa. Selekzioaren helburua Euskal Herri osoa ordezkatzea eta Iruñean izatea zen. Munduko Txapelketa iritsi zen baina ametsa ez zen gauzatu. Gainera, gertaerak modu nahasian izan ziren edota hedabideetatik oso egoera nahasian islatu ziren behinik behin.
Euskal Selekzioan aritzeagatik pilotariek ez zutela Espainiako edo Frantziako Selekzioan jokatuko irudi zuen, baina ez da horrela izan: «Eusko Jaurlaritzak Euskadiko Federazioa Frantziako Federazioaren babesa jasotzeko sortu zuen, -eta beste neurrian nazioarteko beste federazioena ere bai- baina, batez ere, Espainiakoari aurre egiteko. Bere interesak baino ez dira ageri izan, ordea», adierazi digu Ellandek. Adibide gisa, Munduko Txapelketa iritsitakoan, Euskadiko Federazioak, Frantziako Federazioaren sostengua jaso ahal izateko, Iparraldeko pilotak kontuan hartu ez izana.

TXAPELKETA ALTERNATiBOA.

Euskadiko Federazioak Euskal Herri osoa ordezkatuko zuen selekzioa izatea posible zela sinestarazi nahi izan zuen azken unera arte. Venezuelan burutu zen Nazioarteko Federazioaren batzarrean «jokatu» zen Euskadiko Federazioa kide gisa onartzeko azken partida. Ez zen irabazi horregatik. Venezuelako Federazioak estatutuak aldatzeko aurkeztu zuen proposamenak 20 boto jaso zituen alde, 30 aurka eta 5 abstentzio. Frantziako Federazioko Dominique Boutineau presidentea Nazioarteko Pilota Federazioaren presidentea izatera pasa zen. Bozketa berean, Pepe Musi mexikarra presidenteorde izendatua izan zen, Venezuelako Federazioko Juan Jose Lecue presidenteari lekua hartuz. Honek, aldi berean, Konfederazio Panamerikarreko presidente kargua galdu zuen, Musiren mesedetan.
Jokaldi guztiak aurreikusi bezala atera zitzaizkien Frantziako eta Espainiako Federazioei. Lehenik, Gaietano Ayala presidentea zen bitartean, Nazioarteko Federazioko zuzendaritzako kideen dimisioa bideratu edo behartu zuen. Batzarraren ondoren Dominique Boutineau presidente izatera pasa zen, Espainiako Federazioko Garcia Angulo presidentea, berriz, presidenteorde izatera, Pepe Musi presidenteorde izaki. Aldi berean, beste helburu bat lortu zuten: 2006ko Munduko Txapelketa Mexikon jokatzea.

Eusko Jaurlaritzak diru laguntza ugari inbertitzen du pilotan eta ahaleginak egin omen zituen Euskal Selekzioa Iruñean izan zedin. Alta, bada, Jaurlaritza eta Euskadiko Federazioa galtzaileak atera ziren. Txema Aldamiz presidentea burumakur azaldu zen eta Espainiako Federazioaren aldetiko presio politikoak izan zirela onartu zuen.
Nazioarteko batzarrean porrota jaso ondoren Txema Aldamizek ohiko batzar bat deitu zuen. Gure solaskideen esanetan: «Zortzi puntu adostu ziren. Horietako batek zioenez ‘Euskal Herriko Selekzioa Iruñean izan ezean Euskadiko Federazioak nazioarte mailako txapelketa alternatiboa antolatuko zuen Venezuelako bozketan gure alde agertu ziren gainontzeko federazioetako pilotariekin batera’. Ez zuten deusik antolatu, ordea».
Bien bitartean, egoera ikusita, Iparraldean Pilotarien Kolektiboa (PK) elkartea sortu zen eta Nafarroan Belate elkartea. Elkarrekin aritu dira, baita Gipuzkoako beste kideekin batera ere: «Abuztuan Venezuelan burutu biltzarretik ez zela deus berririk aterako ikusiz eta Euskadiko Federazioak Txapelketa Alternatiboaren inguruan ez zuela deusik egiten ikusirik geuk bost pilota gaualdi antolatu genituen. Euskadiko Federazioak deusik ere», azaldu digu Mikelek.

ESPAINIAKO ETA FRANTZIAKO SELEKZIOAK.

Iruñeko Txapelketan 52 jokalarik parte hartu zuten Espainiako Selekzioaren izenean, hauetatik 38 euskal herritarrak izanik. Frantziako Selekzioan parte hartu duten pilotarietatik, bizpahiru kenduta, denak dira euskal herritarrak. Hegoaldeko pilotariek Euskal Selekzioan parte hartzen duten aldetik Espainiakoan jokatzeari uko egiten diotela dirudi, baina hori irudipen hutsa besterik ez da. Alegia, Euskal Selekzioan aritzen dira, baina horregatik ez dira denak Espainiako Selekziora deituak izaten. Beraz, gehienek ez diote Espainiakoan parte hartzeari uko egin behar. Hegoaldeko pilotarien artean, xarean aritzen den Artola izan da Espainiakoan jokatzeari uko egin dioen bakarrenetako bat: «Iparraldean, EAEn ez bezala, ez dugu instituzioen aldetik sostengurik. Alta, azken bi urteetan gure jarrera plazaratzen aritu gara. Aurtengo otsailean 6 pilotarik uko egin genion Frantziako Selekzioari, eta hemengo elkarteetatik laguntzarik ukan ez badugu ere, gure inguruan sostengua ukan dugu. Jendeak zertan ari ginen jakin izan du, eta pilotazale guztiek badakite Euskal Herriko Selekzioaren alde gaudela. Ekimena positiboa izan da», adierazi digute Pilotarien Kolektiboko kide hauek.

PILOTARI hauEN kuraiA.

Euskal Selekzioaren aldeko izen biltzea izan zen pilotari hauen lehen urratsa: pilotari, entrenatzaile, epaile eta klubetako arduradunei eman zieten aldarrikapen honen berri. Frantziako Federazioari eta Iparraldeko Ligari ere azaldu zizkien beren asmoak. Ondoren, informazio kanpaina eta txapelketa alternatiboa gizarteratu zuten: «Pilotan ari diren eragileen artean lan egin dugu lehenbizi, esparru horretan eman dugun urratsa izugarria izan da. Orain arte gaia gutxi aipatzen zen. Pilota munduan gaia isilean gordetzeko joera zegoen, tabu zen, hobe inork ez aipatzea. Iruñeko Txapelketaren ondoren pilotarien arteko lehen gaia izatera pasa da eta horri buruz lasai mintzatzen da», diote pilotariok.
Beren ustez, azken urte honetan urrats handiak eman dira Euskal Selekzioa Euskal Herri osoan egituratzeko. Lehenbizi, Euskal Herriko Federazioa antolatu beharra ikusten dute eta horretarako hiru zutabeak ezarri direla diote: Euskadiko Federazioa, Belate eta Pilotarien Kolektiboa. Iparraldeko Pilotaren Liga deritzanean, bederen, badute beren asmo honen berri, eta hasteko, ez dela gutxi diote.
Herriaren aldetiko babes gehiago beharko luketela aitortzen badute ere -Iparraldean nahiz Hegoaldean- pilotariok ez dute beren burua bakardade osoan ikusten. Iruñeko Txapelketa ez da normalizazio osoz jokatu, erresistentzia gisako bat agertu zen. ESAITeko partaide dira eta begi onez ikusten dute talde hau. Alabaina, talde honek kirol guztientzako selekzioaren aldarrikapena egiten du eta horrek jendea nahasten du zenbaitetan. Agian, ez dela aski diote. Haatik, Belate eta PK pilotaren munduan agertzearekin hasi da ESAITen helburuak gauzatzeko bideak argitzen: «ESAIT bai, baina gizartea ez da horretaz hainbeste jabetzen», erran digute halaber.
Etsituta ote dauden galdetu diegu: «Gu ez gara guretzat ari, bestela Frantziako Selekzioan jokatuko genuke. Ez dugu gure nortasuna ukatu nahi, eman dugun urratsean sinesten dugu. Iruñean une aproposa izan da urrats hori emateko, Iparraldeko gero eta gazte gehiago ohartu da euskal nortasunaz. Sakrifizio bakarra Munduko Txapelketan ez jokatzea izan da, baina Frantziako ekipoarekin jokatu dugularik ez dugu lasai jokatu, gure herria eta nortasuna ukatzen duen instituzio baten barnean jokatu baitugu». Pilota sistemaren barnean egon ziren Iruñeko Munduko Txapelketa arte, haustura egiteko unea ikusi dutelarik planto egin dute: «Ikurriña atera eta ekintza sinboliko bat egitea ez genuen ongi ez aski ikusten. Prentsa boteretsuan ez ohi da ezer agertzen. Gaia hurrengo Munduko Txapelketan aterako da berriz ere. Aitzinantzean ere lanean segitu behar dugu, isilean, azkartu, eta, agian, Euskal Herriko Federazioa sortuko da». Ramuntxok honela jarraitu du: «Lehen Euskal Selekzioan pentsatzea ametsa zen eta orain errealitate hurbilagoa da. Ez guretzat bereziki, gure gibeletik heldu diren pilotari gazteentzat baizik».
Hartu duten jarrera harturik ere, ez omen dute tokian tokiko klub eta herri taldeekin haustura sentitu. Pilotaren instituzioetako agintariekin ontsa eraman dute afera. Frantziako Kirol Saileko Erbiti zuzendari teknikoa, Zuraidekoa, Euskal Selekzioaren aldekoa dela diote. Honek, jakina, pilotariok Frantziako Selekziora eraman behar ditu. Dominique Boutineauk beste hainbeste: «Baina goxoan aritu dira, denek onartu dute gure jarrera. Pilotaren munduan badago elkarrekin eta errespetuan bizitzeko nahikaria. Ez dugu bazterketarik sentitu»

«Hona hemen jarraikitzeko bidea: 'bai' pilotari eta 'bai' Euskal Herr iari»
Frantses selekzioari uko egin zioten sei pilotariak ezagunak ditut, ezagunak eta lagunak gehienak. Eta lagunak ditudanez gain baiezta dezaket azpimarragarriena beren jokaeran ez zela izan frantses selekzioari ez erraitea, beren funtsezko xedea euskal selekzioari «bai» erraitea zela, duda izpirik gabe. «Bai» hori estali nahi ukan dute pilota erakunde batzuek (frantses, espainol eta nazioarteko federakuntzek besteak beste) eta gordeka eta maltzurki erakunde politikoek ere, betiko aitzakiak emanez: ez dela unea, gauzak urraska egin behar direla, gehiengoak errespetatu behar direla, estaturik ez duten nazioek lekurik ez dutela nazioartean eta gainerateko...

Sei pilotari hauek ordea, «bai» ausarta plazaratu dute, luzazago igurikatu gabe, nora doazen argi dutenen konfiantzarekin. Gogorarazi diote ere bidenabar EAEko Euskadiko Federakuntzari ez dela berez euskal pilotari guzien ordezkari eta ez duela zilegitasunik euskal selekzioaren ikurraren monopolizatzeko. Beren nahia ere nehongo gehiengoak ez duela baldintzatuko eta mugatuko erakusterat eman dute. Mundialetarik kanpo utziko dituzte beharbada berriz ere baina argi ikusten da gero eta pilotari gehiago holako ekimenean jarraikiko zaiela.
Anitzek «bai» hori entzun du jendartean, eta ondorioz oihartzun zabala ukan du Euskal Herri osoan. Erakunde publikoetarik berriz gai izan behar genuke sendimendu aldaketa hauei bide emaiteko bai Ipar Euskal Herrian (guttiengoan izaiteko beldurrik gabe) eta bai Euskal Herri osoan ere. Bestenaz karrikako aldarrikapenen gibeletik ibili beharko dugu beti, aitzinean joaiteko ordez.
Hor dugu jarraikitzeko bidea, «bai» pilotari eta «bai» Euskal Herriari. Sei pilotari hauek, besoz indartsu eta zangoz arin, partida hasi dute ustegabean eta aurkaria ustegabean harrapatzeak beti abantaila emaiten du guziz holako ausardia erakusten denean. Oroitarazi beharko diegu irakurleei irabazteko partida dela hau. Eta milesker lagunei hain zintzoki jokatzen hasirik

Euskaldunon paradoxa
Mikel Funosas hazpandarrak eta Joxi Lopetegi iruritarrak bikotea osatzen dute xare jokoan, elkarrekin aritzen dira urtean zehar. Euskaldunak izanagatik, Munduko Txapelketa iritsitakoan, bata «frantsesa» eta bestea «espainola» bilakatzen dira. Aurreko txapelketetan elkarren aurka jokatzea tokatu zaie. Horra euskaldunon paradoxa. Iruritakoak Iruñeko Munduko Txapelketan parte hartu zuen eta honela adierazi ere: «Nik ez nuke sekula Euskal Selekzioaren aurka jokatuko». Bere jarrera hizpide izan dugu Mikelekin: «Orain arte elkarren kontra jokatu dugu munduko txapelketetan. Guk, garaia zelakoan, Frantziako Selekziotik ateratzea erabaki dugu. Otsailean erabaki genuen parte ez hartzea, berak bazekien, eta berak nahi izan du jokatu. Mementoan kirol lehia sentimenduen gainetik daudela dio. Bakoitzak baditu bere arrazoiak. Hautua errespetatzen dut»


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Euskal selekzioak
Euskal Herriak ofizialtasuna lortu du Ardi Moztaileen Munduko Txapelketarako

Euskal Herriko ardi moztaileek ofizialtasuna lortu dute nazioarteko lehiaketetarako, eta 2026ko munduko txapelketan parte hartzeko asmoa daukate. Lehenago, 2025ean, Euskal Herriko txapelketa egin nahi dute.


2024-08-26 | Jon Torner Zabala
Munduko Euskal Pilota Txapelketan, euskal pilota selekzioak lekurik ez

Iruñeko Labrit pilotalekuan ari da jokatzen 22 urtez azpiko XI. Munduko Euskal Pilota Txapelketa. Abuztuaren 31ra bitartean zazpi herrialdetako 200 pilotari baino gehiagok hartuko dute parte. Euskal selekzioak lehiatzerik ez duela-eta, haren ofizialtasuna eskatu dute... [+]


Espainia eta Frantziako selekzioekin jokatzeari uko egin diote 50 pilotarik

Euskal Herriko pilota selekzioa aldarrikatu du dozenaka pilotarik Hendaian egindako ekitaldi batean. Erabakia larunbatean, Hendaiako Beltzenia pilotalekuan egindako ekitaldi batean ezagutzera eman zuten.


Espainiako selekzioetan parte hartu ala ez erabaki ahal izango dute kirolariek

Esquerra Republicanak egindako lege proposamena onartu du Espainiako Kongresuak, eta 2022ko Kirol Legea aldatuko dute.


Euskal pilotan selekzioaren ofizialtasuna eztabaidatuko dute, Espainiako federazioa kontra izanik

Nazioarteko Euskal Pilota Federazioak batzarra egingo du, lehen aldiz euskal pilotarien estatusaren aldaketa aztertzeko prest azaldu ostean. Espainiako Pilota Federazioak bere aurkako "iraintzat" jo du asmoa, eta gaineratu du "izaera nazionalista aitortzea"... [+]


2022-11-03 | ARGIA
Espainiako selekzioaren deialdiei uko egiten dieten kirolari eta klubak zigortuko ditu Kirol Lege berriak

Ostegun arratsaldean dira onartzekoak legea Diputatuen Kongresuan. Aurretik ere Espainiako Selekzioarekin lehiatzeari ezezkoa ematen zion kirolariak zigorra zuen, baina lege berriak klubei ere ezarriko dizkie. Bi eta hamabost urte bitartez federazio lizentzia galtzea ekar... [+]


2022-10-14 | ARGIA
Euskal pilota selekzioa ofiziala izan dadila eskatu dute, Munduko Txapelketaren atarian

Hilaren bukaeran jokatuko da Biarritzen Munduko Pilota Txapelketa, baina euskal pilotariek ezingo dute haiek nahiko luketen taldearekin lehiatu. Ekintzak eskatu dizkiete instituzio, eragile eta alderdi politikoei.


“Garai bateko ilusioa galdu da eta denon artean konponbidea topatu behar dugu”

Grabatutako mezu baten bidez erantzun digu Athleticeko atzelaria den Mikel Balentziagak (Zumarraga, 1988). Klubari dagokionez zein kirolari gisa une goxoak bizi dituen arren, ez ditu izkutatzen Euskal Selekzioaren egoerak sortzen dizkion kezkak. Iraganean egindako akatsak... [+]


2021-10-21 | Jon Torner Zabala
Euskadiko Federazioak dio selekzioaren inguruko erabakia UEFA eta FIFAren kongresuek hartu beharko luketela

Pasa den uztailean, UEFAk jakinarazi zuen ez zuela Euskadiko Federazioa kide gisa onartuko, inor gutxi harritu zuen erabakia. Afiliazio-eskaera, baina, bi erakundeotako batzorde exekutiboek ukatu zuten, horretarako "eskumenik" ez dutenean, Euskadiko Futbol... [+]


Eguneraketa berriak daude