«ESPAINIAKO ESTATUAN INBOLUZIO DEMOKRATIKOA EMATEN ARI DA»


2021eko uztailaren 19an
Enric Marin Otto Bartzelonan jaioa da, 1955ean. Curriculum akademiko oparoa osatua du eta ugari dira komunikazioaren gainean idatzi dituen liburuak. Hamaika dira kazetaritzaren alorrean burutu dituen kongresuak. Hitz gutxitan: komunikazioaren aditu batekin mintzatu gara.

Adierazpen eskubideak historia modernoan aipatuz hasi dugu solasaldia, adierazpen eskubidearen ikuspegi kontzeptuala argitu digu lehenbizi: «Adierazpen eskubidea demokraziaren aldeko borrokan sortu zen, monarkia absolutuaren despotismoaren aurkako borrokari lotua. Bere hasieran, burges edukia zuen batez ere, eta XIX. mendean eta XX. mendearen lehen aldean bereziki, burges izaera hori inpresiorako -liburuak tarteko- askatasuna helburuz garatu zen prentsa askatasunerako helburuz baino».
XIX. mendean zehar errebindikazio honek eduki zabalago bat hartu zuen eta nazio-estatuaren demokraziaren kontzeptuari lotu zen. Nazioaren eta hiritarren inguruan garatzen hasi zen orduan. Eskubideen subjektu historikoak hiritarrak edo nazioak dira harrezkero, nazioa betiere estatu bezala ulerturik: «Egungo teoria liberalaren arabera -iparramerikarren zentzuan edo zentzu aurrerakoietan ulerturik-, demokraziaren garapenak subjektuen disfuntzioa dela zio huts egiten du. Gaur egun, eskubideen subjektua birdefinitzeko eztabaidatzen ari da, eskubide kolektiboen beste subjektuak ez baitira historikoki definituak izan; komunitate historikoak ez dira aintzakotzat hartuak izan, kasu».
Enric Marinen ustez, puntu hau ez da egungo demokraziaren disfuntzio bakarra, baina bai gakoetako bat.

Zein da egungo demokrazia honetan kazetaritzak jokatzen duen rola?
Kazetaritzaren une zail eta gaiztoenak gerra garaian ematen dira betiere. Kazetaritza hazi egiten da, eta paradoxikoki, bere narrazio moldetan, zabalkuntzan eta adierazpen askatasunari dagokionean galdu egiten du. Espainiako Estatuaren botereek kazetariak estatu arrazoiaren eledunak bezala hartzen edo jotzen dituzte.

Zure hitzaldian adierazpen eskubideak landu dituzu. Zein da beren egoera Espaniako Estatuan?
Ez gara aldaketa garaian bizi, garai aldaketan baizik, eta hori hainbat aspektuetan agertzen da. Aldaketa honek informazioaren kudeaketarekin zer ikusia du eta orain arte funtzionatu duten parametro asko zaharkitze fasean sartu dira. Adibidez, eskubide kolektiboen kasuan, nazio-estatuaren krisia oso azpimarragarria da. Eta ez bakarrik Espainiako Estatuan eta zehazkiago Euskal Herriaren edo Kataluniaren auziak daudelako. Auzi hauek ziklo politiko baten amaierarekin batera etorri dira, badirudi trantsizioaren bulkadak berea eman duela eta beste aukera bat zabalduko dela. Dirudienez, Euskal Herria, Katalunia eta Galizian estatuarekiko kontratuak eztabaidatzeko garaian gaude berriz ere, eta horietan eskubide kolektiboak birnegoziatu beharko dira.

Euskal Herrian nola ikusten duzu hedabideen rola?
Argi dago, hemengo gatazka formatu beliko batez garatzen den neurrian, presioa handia dago eta izango da hedabideek estatu-nazioaren arrazoiarekin bat egin dezaten. Zeru honen azpian ez dago ezer berririk, horrela gertatzen da beti.

Kataluniatik, esaterako, nola hautematen da hori?
Kataluniatik ikusita, oso argazki zehatza gelditu zaigu joan den urteko maiatzaren hauteskundeen ondoren: estatuko hedabideek euskal gizartean orokorrean eta Eusko Jaurlaritzan partikularki -Ibarretxerengan zehaztu zena- presio mediatiko izugarria eragin zuten. Hedabideek egoeraren oso kontzepzio instrumentala edo manipulatua egin zuten, politikari autoritarioen joera bera izan zuten. Hau da, estatuko botereek iritzi publikoa buztina bezalakoa dela uste dute, baldin eta hedabideak kontrolatzen badituzte iritzi publikoa beren erara moldatzen ahal dutela.
Alabaina, EAEko azken hauteskundeetan, estatuko «brunete mediatikoak» horren basati eta neurrigabeki jokatu zuenez, hemengo jendearen zentzu komunaren kontraesanetan, bada, kontrako eragina sorrarazi zuen. PPk EAEn jasan zuen porrota, neurri batean, hedabideez egin zuen erabileraren ondorioa izan zen, iritzi publikoan eragiteko hedabideekiko daraman politikaren ondorioz.

Zer iritzi duzu orduan, Espainiako Estatuaren egungo demokraziaz?
Objektiboki hauxe esan dezakegu: Espainiako Estatuan inboluzio demokratikoa ematen ari da. Areago, arazo hau euskal nahiz katalan auzien gainetik dago, ez du auzi hauekin hainbesteko zerikusirik -nahiz aitzakia gisa erabili dezaketen- baizik demokraziaren kontzepzioarekin. Espainiako eskuinak demokraziaz duen kontzepzioa dago tartean, nik uste.

Nola agertzen da kontzepzio hau?
Hasteko, estatuak botere banaketan zailtasun handiak ditu: botere eragilean, legegilean eta judizialean. Oso nabarmena da botere eragileak legegilearengan duen eskuhartzea, eta halaber, botere judizialarengan. PPk gehiengo absolutua izateak erraztu du hau guztia. Ondorioz, demokraziaren oinarrizko printzipioa ez da errespetatzen. Baina, gainera, masa komunikazioaren gizarte moderno honetan badago beste botere bat: hedabideen boterea.
PPk hedabideen kontrol monopolista ia osoa erdietsi du, ikusentzutezko hedabide publikoen bidez, modu zuzen batez; eta zeharbidez, medioen pribatizazioaren bitartez. Eta hau demokraziarako mehatxu izugarria da. Izan ere, ez dago ikuspegi ezberdinetarako aukerarik, ez dago kultura demokratiko bat sortzeko aukerarik, finean, ez dago aniztasun politikorik. Espainiako paisaje demokratikoa monolaborantzak mehatxatuta dago, ale bakarreko ereintza landu nahi da eta kolore bakarreko paisajea islatu.

Tokian tokiko hedabideek zer egin dezakete egoera honen aurrean?
Helburua politika orokorra kuestionatzea bada, horrek politika kulturala eta linguistikoa aztertzea eskatzen digu. Hots, estatu-nazionala eraikitzeko erabili den politikaren eskemetatik kanpo pentsatzen ikasi behar dugu. Oso premiazkoa da jokamolde hau. Datozen 10-15 urteetan aldaketa eta emaitza izugarriak emango dira hedabideen esparruan. Digilitazioaren iraultza, behialako iraultza industriala bezain garrantzitsua da, edota neolitikoaren adinakoa. Joko arau guztiak aldatuko dira, eta hortaz, edo ikasten eta ulertzen ditugu aldaketen adierazleak edo bestela errezeta zaharkituak aplikatuko dizkiegu egoera berriei.

Ikaste eta ulertze hori bideragarria ikusten duzu egungo demokrazia ereduaren barnean?
Demokraziaren hazkunde krisian gaude eta honek inboluzio batera eraman gaitzake, krisia hiritarrok jokatzen dugun arabera gaindituko da. Kultur demokratikoaren hazkundea, informazioaren globalizazioa nahiz tokian tokiko hedabideen informazioa demokraziaren kontzepzio partehartzaile handiago baten gainean oinarritu beharko lirateke. Aukera hau komunikaziorako teknologiaren interaktiboek errazten dute, demokraziaren kontzeptu udalekotuago edo munizipalistago bat garatu daiteke. Demokrazia prozesu bat bezala ulertu behar da, eta bere kontzepzio etimologikoarekin errespetutsuak izanik, demokrazia herriaren boterea izaki, demokrazia udalen oinarrietatik sortu behar da, demokrazia partehartzailea oinarri horretatik eraiki daiteke. Horretarako jakina, eztabaida publikoan eta erabakigunetan partehartze demokratikoago bat garatu behar da. Hedabide lokalak sustatu behar dira udal botere politikoaren menpe erori gabe -nahiz laguntza publikoa jaso izan- eta bere autonomia gordez

«Irakasle magistralaren klaseak zentzua galdu du»
Teknologiek informatzeko moduak aldatu dituzte. Irudiak zer ekarri du informazioaren sinesgarritasunean?
Lehen-lehenik, oso inportantea da aldaketa karakterizatzea. Hau da, bizitzen ari garen aldaketa historikoa da, laborantzaren eta industriaren iraultza bezain handia, erradikala eta inportantea. Aldaketa hau bizitza sozialaren hainbat alderditan ageri da, eta hauetan guztietan badago ezaugarri komun bat: berrikuntza hauek ez dute alde baikor bat eta beste ezkor bat, bi aldeak dituzte. Alde baikorrak jendearen funtzioak, bizi egoerak eta demokraziaren kalitatea hobetzea ekar ditzake, baina hori guztia, teknologiaz egiten den erabilpenaren menpe dago, berauetan sozialki parte hartzen den arabera.

Nola dakusazu erabilpen hau?
Hedabideen kasuan paradoxa izugarri bat dago: informazioaren teknologia digitalek gero eta kalitate handiago batez ekoizten dute, eta gero eta prezio apalagoan. Egundo ikusi ez dugun kontzentrazio prozesu global eta internazional bat bizitzen ari gara, monopolio eta multinazional handiak sortzen ari dira. Ordea, paradoxikoki, hau guztia honela izanagatik, zabaltzen ari diren aukerek berebiziko aukera demokratikoak ekar ditzakete.

Adibidez?
Bakar bat agertu aldera: irakasle lanbidea krisian dago. Orain arte, irakasleak agintarien modura espresatu gara informazioaren monopolioa genuelako. Klasean apunteak diktatu izan ditugu. Orain, aldiz, nik izan dezakedan baino askozaz informazio gehiago dago Interneten. Ikasleek Interneten sartu eta nik ez dudan informazioa ere ateratzea daukate. Irakasle magistralaren klaseak zentzua galdu du. Klase partehartzailea da zentzua duena, komunikatiboagoa, demokratikoagoa funtsean

«Ibarretxe lehendakariaren proposamena oso modernoa da kontzeptualki»
Nola ikusten dituzu nazionalismo katalana eta euskalduna egun? Historian zehar izan diren baino urrunagoak edo hurbilagoak al daude elkarrengandik?
Kulturari dagokionez, hurbiltzeko joera dagoen inpresioa daukat, historian izan diren baino hurbilago ikusten ditut. Hala ere, bi komunitate oso ezberdinak gara, bi nazio ezberdinak garelako. Hori horrela da eta horrela esan behar da, nik uste.

Politikari dagokionez, zer iruditu zaizu Ibarretxeren proposamena?
Ibarretxeren proposamena -ados edo aurka izanda, ez naiz horretan sartzen- oso modernoa da kontzeptualki. Berean artikulatzen diren kontzeptuek, modu batez, zenbait irakasle katalanen proposamenak gogoratzen dizkidate. Hau da, munduko estaturik gabeko nazioen autodeterminazio eskubidea edo subiranotasuna artikulatzeko modua planteatzen du. Bere proposamenaren bidean egingo den gogoetak ikuspuntu kontzeptual eta perspektiba zabalago bat izatera eramango gaitu. Proposamenaren eredua demokrazia liberalaren birfundaziotik dator, Quebecetik dator. Gogoeta hori teorialari inportante batzuek egina da eta Kanadako esperientzian izan du abiapuntu. Euskal Herria, Katalunia eta Quebeceko esperientziak oso konplexu eta ezberdinak dira, baina perspektiba komun bat partekatzen dute.

CiUk eta EAJk perspektiba bera parteka lezakete?
Uneon zaila da. Xabier Arzalluz CiUren aldean ezker muturra litzateke Katalunian. Eta Iñaki Anasagastik berak, EAJko moderatua, CiUk alderdi politikoen legeari eman dioen sostengua kritikatu du gogorki. Katalunian ziklo politiko baten amaieran gaude, eta Euskal Herrian ere, antzean. Egoerak ez doaz parez pare, baina Katalunian gertatuko denak eragingo du Euskal Herrian. Katalunian datorren urteko hauteskundeetara arte ez da ezer gertatuko. CiUk boterean egon nahi du -izugarria da, CiUk PPren laguntzaz gobernatzen du Katalunian!-, baina PPk sostengua kentzen badio hauteskundeak aurreratuko dira. Artean, hurbiltze eta urruntze eszenifikazioak eginen dituzte.

Maragallek zer ekar dezake estatu ereduaren aldaketan?
Pascal Maragall pertsonaia bitxia da. Haatik, proposamen taxuzko bat egiteko gauza ikusten dut. Esaterako, ERC, IC eta PSCk Konstituzioa eta Estatutua hobetzeko aurkeztu zuten agiri bateratua Maragallek sinatu zuen. Baina, PSOEko zuzendaritzari ez zion graziarik egin, jakina. Ekimena izoztua geratu zen.
Jose Maria Aznar Margaret Thatcherren rola jokatzen ari da. Hau da, arazoa konpontzeko asma ditzakeen astakeria guztiak saiatzen ari da eta saiatuko da, eta porrot eginen du. EAEko azken hauteskundeetan gertatua errepikatuko da, ezin da beste modu batez izan. Orduan, Rodriguez Zapaterok Tony Blairren papera jokatu nahi ote duen erabaki behar du. Blairren bidea hautatzen badu Maragallen tesiek aukera izango dute, baina ez badu honen rola jokatu nahi, Maragallek ez dauka zereginik


Azkenak
2024-12-13 | ARGIA
Euskarabideak 13,4 milioi euroko aurrekontua izango du 2025ean, iaz baino %9,7 gehiago

Nafarroako Legebiltzarrean datorren urteko aurrekontuak ixteko negoziazioetan ari dira egunotan alderdiak, eta horietan adostutakoaren arabera, euskararen Euskararen Nafar Institutuak iaz baino 1,3 milioi gehiago izango ditu.


Ipar Kataluniako udaletan katalana erabiltzea debekatu du Frantziako justiziak

Okzitaniako Tolosako Apelazio epaitegiak eman du epaia, eta horren arabera, udaletan ezingo da katalana lehen hizkuntza moduan erabili, eta izatekotan, frantsesez egin ondoren, hura katalanera itzuli ahal izango da.


Samira Belyouaou, amazigera hiztuna
“Ni, diasporako alaba, neure buruaren kontra borrokan bizi nintzen Alemanian”

Samira Belyouaou (Heidelberg, Alemania, 1994) diasporako alaba da. Gurasoak Rifen (Maroko) jaioak, Alemanian Samira alabak eta lau seme-alaba gehiagok amazigera izan zuten etxeko hizkuntza. Itzulpengintza ikasketak egina, software enpresa batean ari da, beren produktuak 80... [+]


2024-12-13 | ARGIA
Gipuzkoako Foru Aldundiaren dirulaguntzarik gabe abiatuko da KoopFabrikaren ekintzailetza eskola

Proiektu ekonomiko kooperatibo eta komunitarioak abian jartzeko grina duten pertsona eta taldeentzako doako eskola da KoopFabrika. Dagoeneko izena emateko epea irekita dago. Urtarrilaren 28an egingo da lehenengo saioa. Olatukoop, Gezki eta Lankiren baliabideei esker antolatu... [+]


Maritxu eta Katalina: Artxiboetan galdutako sexu eta genero disidenteen istorioak Historiaren parte direlako

XV. mende bukaeran edo XVI. mende hastapenean Belauntzako Katalina atxilotu, preso sartu, torturatu, guziaz desjabetu eta erbesteratu egin zuten, Oiartzungo Maritxurekin “haragizko harremanak” ukateagatik. 500 urtez isilean eta artxiboetan galdurik egondako... [+]


Nafarroa osoan euskararen ofizialtasuna bermatzeko lege aldaketak egitea eskatu die Kontseiluak alderdiei

Euskal Herri osoan euskara eta hiztun komunitatea larrialdi egoeran daudela berretsi zuen azaroan Kontseiluak eta, ostegun honetan, egoera hori Nafarroan zertan datzan azaldu du Iruñean. Era berean, herrialdean ataka horretatik ateratzeko egin beharrekoak azpimarratu ditu.


Kexaako monumentu multzoan hotel-spa bat eraikitzea proposatu dute

Estela Roca Rom arkitekto katalanak irabazi du Arabako Foru Aldundiak abiatutako ideia lehiaketa. Foru erakundeak proiektua finantzatzeko bide publiko-pribatuak bilatzeari ekingo dio.


2024-12-13 | Leire Ibar
Gerraren eta faxismoaren aurkako mobilizazioak antolatu ditu GKSk urtarrilaren 25erako

Mendebaldeko agintariek gerraren aldeko apustua egin dutela salatzeko mobilizazioak antolatu ditu Gazte Koordinadora Sozialistak Bilbon eta Iruñean. Faxismoaren gorakadaren aurrean mobilizatzeko deia egin du.


2024-12-13 | Julene Flamarique
Espainiako enpresarik handienetan, zuzendari exekutiboen soldata batez bestekoa baino 118 aldiz handiagoa da

Ia 24 milioi euroko ordainsaria jaso zuen Jesús María Herrerak, CIE Automotiveko zuzendari exekutiboak, 2023an. 2022an 20 milioi euroko aparteko prima jaso, eta sei bider handitu zuen urteko soldata. Iberdrolak ere lekua hartu du podiumean, eta 2023an, energia... [+]


2024-12-13 | Euskal Irratiak
Ardien mihi urdinaren eritasunaren ondorioei elkartasunez ihardetsi nahi die ELBk

ELB sindikatuak ardien mihi urdinaren eritasuna pairatu dutenendako elkartasunera deitzen du. Abendu hastapenean,departamenduko 650 ardi etxalde hunkiak izan dira. Kasu zenbaitetan, hamarka ardi galdu dituzte hazleek, bereziki marroak. Etxalde batzuek erraterako marroen %80... [+]


Foru Parlamentuko atean izandako istiluetan parte hartu zuten hemeretzi nekazari zigortu dituzte

Osoko bilkura egiten ari zelarik ganbera barrura indarrez sartzen saiatu ziren nekazariak. Akordioa lortu dute fiskaltzarekin instituzioen kontrako eraso delitua saihesteko.


Emakume zientzialariek esperientzia okerragoa dute komunikabideetan eta sare sozialetan

Ikertzaileen esperientziak komunikabideekin eta sare sozialekin duten harremanean” izeneko txostena argitaratu du FECYTeko Science Media Centre Españak (SMC), EHUko Gureiker ikerketa-taldearekin lankidetzan egindako inkesta batean oinarrituta. Emaitzen... [+]


Autonomia, urrats berria

EHBaik Autonomia estatutu baterako proposamena prestatu du, gure nazioaren burujabetza osorako bidean etapa gisa.


Eguneraketa berriak daude