Hilabete baino gehiago da udako oporraldia amaitu dela eta lehenago edo geroago bakoitzak betiko abiada hartu du. Helduak lanera, gazteak unibertsitatera eta txikienak eskolara bueltatzeko ordua da, azkar baino azkarrago igarotzen den urteko sasoirik goxoenari agur esanez. Egunerokotasunera bueltatzea denoi kostatzen bazaigu ere, agian etxeko txikienak dira aldaketa gehien nabaritzen dutenak, hiru hilabetez jolaskide izan dituzten mendi, parke, hondartza eta itsasoa, ikastolako aulki, arbel, irakasle eta liburuengatik aldatzea oso gogorra egiten baita. Baina beharbada, gaur egungo ume eta gaztetxoei ez zaie ikasturte hasiera hain zorrotza egingo, ikasturtean zehar oso sarri bisitatuko baitituzte parke eta mendi maiteak. Izan ere, ikastola ororen hezkuntza programek klasetik kanpo burutzen diren ekintza anitz biltzen dute. Mendi irteerak, museoetara bisitaldiak, eskiatzera joateko txangoak... Hamaika dira ikasleek gelatik kanpo jolastuz ikasten dituzten gaiak.
Guk ikasgelatik at egiten diren aktibitate horien guztien filosofia eta helburua zein den jakin nahi izan dugu eta horretarako bi solaskide izan ditugu: Donostiako Axular Lizeoa Ikastolako ikasketa burua eta Iruñeko Axular Udal Ikastolaren zuzendaria. Eurekin mintzatuz, bi ikastola hauek izenaz gain beste hainbat antzekotasun dutela jakin ahal izan dugu, gelatik kanpo burutzeko prestatzen dituzten ekintzen helburua, adibidez.
BALIABIDE PEDAGOGIKOEN FILOSOFIA.
Garai batean ikasleek eskola barruan ikasten zuten ikasi beharreko guztia eta noiz edo noiz, irteeratxoren bat egiten zuten. Egun, berriz, ikasgelatik kanpoko hezkuntza hori indartzen duten ekintzak anitzak dira eta helburu oso zehatzekin pentsatuak gainera. "Orokorrean, helburu ludikoa, hizkuntz normalkuntza, euskal kultura ezagutzea, ikasleen arteko elkarbizitza, kirola, baloreen lanketa eta ikasleen autonomia indartzea dira, prestatzen ditugun aktibitateek dituzten helburuak", adierazi digu Joxe Ramon Iturainek, Axular Lizeoa Ikastolako ikasketa buruak. Baliabide pedagogiko hauen artean, badaude batzuk oso finkatuak daudenak, hau da, urtero burutzen direnak eta beste batzuk, aldiz, gehitzen joaten dira urtero. Izan ere, egun ikasgelatik kanpo burutzeko existitzen diren ekintzen eskaintza izugarria dela ziurtatzen digu Iturainek, urtez urte hazten baitoa. Honela, duela hamabost urte hainbeste irteera eta ekintza osagarri burutzen ez baziren, aukerarik ez zegoelako zela dio Donostiako Axular Lizeoa Ikastolako ikasketa buruak, eta ez asmo edo nahirik ez zegoelako. Egun, beraz, eskaintza hain handiaren artean gustuko baliabideen aukeraketa egitea lan erraza da, baina baita zaila ere batzuetan, asko baitago.
Iñaki Berasaregi Zurutusa Iruñeko Axular Udal Ikastolako zuzendaria da. Eurek burutzen dituzten ekintzen helburua zein den galdetzen diogunean hala erantzuten digu: "Helburu nagusia, gela barneko hezkuntza osatzea litzateke. Ikastola barruan ordu asko igarotzen dituzte ikasleek, liburu eta mapa artean. Baina hori, gure iritziz, ez da nahikoa eta horretarako antolatzen dira jarduera osagarriak ikastetxetik kanpo. Askoz ere hobeto ikasten dira gauzak bertan bizitakoan edo haiekin harreman zuzena izandakoan". Horrexegatik, gauzak aldatzen joan badira ere, Iruñeko Axular Udal Ikastolan hasiera hasieratik, duela 25 urte, egin izan dira ekintza osagarri hauek.
IRAKASLEEN AUKERA, IKASLEEN ZORAMENA.
Gure solaskideei umeek ekintza osagarri hauei buruz zer dioten galdetzen diegunean, biak ados agertzen dira: umeen zoramena izan ohi dira. Izan ere, klaseko egunerokotasuna hautsi eta zerbait berria egiteko irrikaz egon ohi dira haurrak, eta are gehiago ikastolatik kanpo bada. Baina bera izango al da irakasleen iritzia? Biek baietz diote. Etxera egun arrunt batean baino askoz ere nekatuagoak iristen badira ere eta umeekin kalean zehar ibiltzearen ardurak eragiten duen tentsio puntua saihestea ezinezkoa bada ere, ekintza hauek oso onuragarriak direla irizten dute irakasleek eta oso gustura burutzen dituzte.
Eta zein ote da ateraldi hauei buruz gurasoek duten iritzia? Izan ere, gurasoak ekintza hauekin ados egotea oso garrantzitsua da. Joxe Ramon Iturainek adierazten digunez, arazoak bi izan daitezke: "Batetik, arazo ekonomikoa eduki dezake hainbat gurasok, zenbait irteerak gehigarrizko gastua eskatzen baitu eta guk horren aurrean ezin dugu ezer esan. Bestetik, beldurraren arazoa dago. Badago zenbait guraso, beldurra duena euren umeak kalean zehar ateratzen direnean, eta zer esanik ez gaua kanpoan pasatzera joaten direnean. Guk inoiz ezer ez dela gertatu esaten diegu eta ekintza horiek bete beharrezkoak direla gehitu ere, baina batzuetan ezinezkoa egiten zaie beldur horri aurre egitea eta noski, guk ezin dugu ezer egin egun horretan umea gelara etortzen ez bada". Iñaki Berasaregik esaten digunez, bere ikastolan antzeko egoera gertatzen da. Izan ere, ikasleek gurasoek ahal dutena baino gehiago eskatzen diete eta hauek ezezkoa eman behar izaten diete zenbaitzuetan. Hau da, gurasoak dira haurren nahiei mugak jartzen dizkietenak.
EKINTZEN TIPOLOGIA.
Ikasleen adinaren arabera, baliabide pedagogiko hauen izaera aldatzen joaten da. Donostiako Axular Lizeoa Ikastolan Haur Hezkuntzan dauden txikitxoek aurten burutuko dituzten ekintzen artean, adibidez, Txu-Txu trenean bidaia, hostoak jasotzeko helburuz ikastola ondoko parkera irteera, Txiki-Parkera irteera, ingeleseko antzerki bat eta euskarazko filmak ikusteko ateraldia edota Aquariumera bisitaldia aipatu dizkigu Iturainek. Ikasleak adinean aurrera doazen heinean, aktibitateak aldatzen doaz eta baita aktibitate horien helburua ere. Haur Hezkuntzak eta Lehen Hezkuntzak biltzen dituzten ekintzek, esaterako, gehienbat helburu ludikoa dute eta baita ikasleen autonomia pixkanaka garatzen joatea ere. Hizkuntz normalkuntzarekin lotuak burutzen diren ekintzek garrantzi handia dute baita ere eta ikasleen adinari egokitutako euskarazko filmak ikustera joatea edo Euskal Festak antolatzea dira horietako batzuk. Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzan, berriz, irteera eta aktibitate osagarriek gelako gaiekin lotura zuzenagoa izan ohi dute eta baita kirolarekin eta euskal kulturarekin ere.
Iñaki Berasaregi esan digun bezala, Iruñeko Udal Ikastolako haurrek aurtengo ikasturtean ekintza asko egingo dute. Horien artean, azoka batera bisita, Urbasara bidaia, "Diario de Noticias" egunkarira bisitaldia, Donostia eta Gasteizera egun pasa, Hiper Iruñeara bisita, Sakana-Aralarrera irteera, Iruñeko Planetariora bisita eta Zestoa eta Lizarra herriak ezagutzera bidaia daude. Berasaregik adierazi digunez, irteera hauek guztiek teorian ikasitakoa praktikara eramateko edo praktikatik gero teoriara pasatzeko helburua dute, beste batzuen artean. Izan ere, ados ageri dira bi ikastola hauetako solaskideek, ekintza batek hainbat helburu izan ditzakeela esatean. Hau da, aktibitate baten helburu nagusia klaseko gaia praktikan ikustea izan daiteke, baina baita ikasleen arteko edo ikasle eta irakasleen arteko elkarbizitza garatu eta indartzea ere. Edo batetik kirolarekin lotua dagoen aktibitate bat, bestetik euskal kulturarekin eta helburu ludikoarekin batua egon daiteke. Asko dira eman daitezkeen nahasketak.
IKASTOLAREN ARDURA ETA ERABAKIA.
Kurtso bakoitzean burutuko dituzten ekintza osagarri hauen aukeraketa egiteko metodologian hainbat parekotasun eta ezberdintasun dira bi ikastola hauen artean. Izan ere, Donostiako Axular Lizeoa Ikastola, ikastetxe pribatua da, Ikastolen Elkartea-Partaideko kidea. Elkarte honen barnean biltzen diren ikastola guztiek autonomia osoa dute euren erabakiak hartzeko, arlo guztietan. Honela, baliabide pedagogiko hauen aukeraketa egiteko mementoan ere, erabakia ikastolarena da soilik.
Iruñeko Axular Udal Ikastola, aldiz, Nafarroako Sortzen elkarteko kide da. Sortzen elkartearen pean dauden ikastolek ere, bere kabuz hautatzen dituzte ekintza osagarri hauek, hau da, ez dira ikastola guztientzako komunak. Modu honetan ere, ikastola bakoitzak autonomia osoa du erabaki hauek hartzeko, baina ezberdintasun txiki bat dago: baliabide horiek zeintzuk izango diren erabaki ondoren, Eskola Batzordeak onartu behar ditu