«HAUTESKUNTEETARA AURKEZTUKO GARA, MILITANTEEK NAHI BADUTE»


2021eko uztailaren 19an
Ez da atzo goizekoa Iñaki Aldekoak ezker abertzalean egindako ibilbide politikoa. 1952an jada Eusko Gaztedin hasitakoa, 65etik-76rara ELArekin jarraitu zuen. 77an ESBko sortzaileetakoa izan zen. 78an HBren sorreran parte hartu eta bertan aritu zen 92ra arte. Mahai Nazionaleko kide izan zen garai desberdinetan, Espainiako Kongresuko diputatua eta hamabi urtez foru parlamentaria. Zornotzan jaio zen baina Nafarroan bizi izan da bere azken 30 urteotan. Ingeniari kimikoa da eta lan kontuak medio 96an Txilera abiatu zen eta han izan zen lau urtez. Itzuleran, EHko Aralar korrontean ekin zion eta gero Aralarreko sortzaileetakoa izan da. Kartzelan ere izan da garai desberdinetan. Izaban du bizileku ofiziala, baina astean zehar, Algortarainoko tarte osoan aritzen da, atzera eta aurrera. Begirada eta berba zorrotzez, modu analitikoan erantzuten die mahai gainean utzitako galderei. Edozein soegilek baieztatuko lukeen legez, itxurari dagokionez behintzat, primeran daramatza bere 62 urteak. Adin horrekin, bere azken abentura politikoan dagoela aitortzen du.

Ibarretxe lehendakariaren proposamenetik ekingo diogu. 1977an gaizki itxitako trantsizio bat amaitzeko aukerarik eskaintzen al du?
Euskal Herriko ikuspegitik, ez dut gustuko trantsizioaz hitz egitea, eta gehiegizkoa iruditzen zait bigarren trantsizioaz hitz egitea. Hala ere, iruditzen zait gatazkaren aurrean irtenbide politiko bat bilatzeko ahalegin bat dela. Etorkizunari begira, borroka politikoa biolentziarik gabe garatzeko proposamen bat da. Ez da independentista, bistan da, baina independentistek, federalistek eta autonomistek beren proiektuak garatzeko aukera eskainiko luke.

Alde positibo gehiago?
Demokratikoa da, hori da lehenengo azpimarratu behar dena. EAJ eta EAren posizio subiranozaleak eta Ezker Batuaren federalismoa ondo uztartzen ditu. Horrez gain, oso ondo landua dago; ingeniaritza politikoaz hitz egin izan da proposamenaz hitz egitean eta. Oso erreakzio bortitza eragin du, baina edukiari heldu gabe. Gatazkaren amaiera izan liteke, edo behintzat gatazka amaiera bidera eraman dezake. Autodeterminazio eskubidea eta Euskal Herria historiko eta kulturala bere baitan hartzen ditu. Proposamen berritzailea eta ausarta da, etorkizunekoa.

Lurraldetasunaren ahuldadea da, hain zuzen, Batasunaren aldetik azpimarratu dena.
Ohikoagoak diren beste posizio subiranozaleek modu esentzialistan aztertu ohi dute lurraldetasunaren arazoa eta proposamen honek beste era batera heltzen dio. Euskal lurralde desberdinen arteko harremana, etorkizunean lurralde horiek atxikimendu librean oinarrituta nahi duten harreman mota eraikitzeko aukera zabalik uzten du. Euskal abertzaleen artean Euskal Herria historikoa eta Euskal Herria politikoa nahasteko joera egon da. Etnikoki herri bat gara, germaniar herriek herri bat osatzen duten bezala. Baina osotasun hori osatzen duten herri desberdinek aukera politiko desberdinen aldeko hautua egin dezakete. Suitzako alemanak gustura daude Suitzan eta ez dirudi Alemanian egon nahi dutenik. Berdin austriarrak. Euskal Herria herri txikia da eta komeni zaio batuta egotea, baina hori herrialde desberdinek erabaki behar dute, herrialde horien sustrai historiko eta politikoak oso sakonak dira eta.
Proposamen modernoa da eta Europan modan dauden kontzeptuak jartzen ditu mahai gainean: atxikimendu librea, koosoberania... Baina gai horiek, halaber, sustrai sakonak dituzte historian, euskal instituzioetan soberaniaren banaketa orekatua -herriak eta erregea, adibidez- oso ondo zaindu den kontua baita. Azkenik, balorazio honetan ezin da atzean utzi ekimen politikoa hartzeko duen gaitasuna.

Itzalik ikusten al diozu?
Teknikoki konplexua da. Ingeniaritza eraikuntza politiko-instituzional bat da eta hori nola gauzatuko den pentsatzean sortzen dira zalantzak.

Sinesgarria ote den aldetik?
Ez, sinesgarria da, horregatik jarri dira horren artega Espainia aldean. Ibarretxeren proposamenean dagoena oso ondo ulertzen da Europan eta AEBetan, ados egon zaitezke ala ez, baina ulertzen den hizkuntza da. Proposamenaren bukaerako faseak, bestalde, badirudi ez duela irtenbiderik aurka dauden bi muturrak integratzea lortzen ez bada. Proposamenaren testuak legaltasunari heltzen dio guztiz, baina beti ere Konstituzioa bere osotasun zabalean hartuta, hau da, Konstituzioa gehi hau inguratzen duen legedi dena, baita nazioarte mailan Estatuak sinatuak dituen akordioak, Konstituzioaren gainetik direnak. Hala ere, proposamenaren bukaeran itzalak ikusten dira, ez baita garbi erreferendumarekin, kontsultekin, hauteskundeekin edo zerekin egin ahal izango den aurrera.

Aralarrek, beraz, apustu sendoa egingo du proposamena bere sorreran aipatu den gisan gauza dadin.
Oraingoz guk egin dezakegun bakarra balorazio lanarekin jarraitzea da. Bake planen bat atera dadin ahalegin paraleloren bat egin beharko litzateke, hor indar handiagoa jarri behar da. Argitu behar da, halaber, zein indar dauden alde, ezker abertzale soziologikoa alde ez badu ez baita aterako. Hor dago Ibarretxeren erronka handia. Alderdiak gaur egun arazoaren tapoi gisa funtzionatzen ari gara, eta erreferenduma izan daiteke tapoi hori gainditzeko modua, eta erreferenduma ez bada herri kontsulta... hori arriskutsua da deitzen duenarentzat, baina baita aldaketarako gaitasunik erakusten ez duten alderdientzat ere. Bestalde, kontsulta zuzena edo ez zuzena izan daiteke, azken hau, adibidez, legebiltzarra deseginez, hauteskundeak aurreratuz eta proposamena hauteskunde programan sartuz... Horrez gain, hau Ibarretxeren erronka pertsonala ere bada eta hala aitortu du. Iruditzen zait gero eta gehiago ari dela azaleratzen Ibarretxeren nortasuna, eta oso gizon tematia eta ‘burugogorra’ da.

Batasunaren ilegalizazio prozesuak modu gordinean eragiten du proposamen honetan. Hipotesi desberdinak daude, zure ustez zer lortu nahi da Batasunaren ilegalizazioarekin?
Batasunaren ilegalizazio prozesuaren hasiera kontu txiki batean dago nire ustez, baina Estatuarentzat esanguratsua dena: Estatuak Batasunarekin duen hauteskunde zorra. Duela urtebete, helegite guztiak galdu ondoren, Estatuak jada 1.000 milioi pezeta (6 milioi euro) zor zizkion Batasunari, eta eman beste erremediorik ez zuenez, pentsatu zuen ilegalizatuz gero ez ziola eman beharko, hori haientzat ETAri dirua ematea litzatekeelako. Behin parekotasun hori eginda, Estatuak pentsatu zuen hobe zela formalki Batasunarik ez egotea, jakin bazekien hor zegoela, baina ez zen ikusiko eta gero ikusiko litzateke nola kudeatu sortutako egoera.
Horrez gain, Estatua konturatu zen epe laburrean ezker abertzale desberdin batekin egin zezakeela topo eta aldaketaren zantzu batzuk ikusten zituen (Aralar, 80.000 botoren galera...). Mundu horrek eboluzio normal bat izateko aukera saihetsi nahi du. Ilegalizazio prozesuaren lehen kaltetua Batasuna bera da, bistan da, baina ondoren gu. Aralarri egundoko kaltea egin diote, guk Batasunarekin indarrak neurtu nahi ditugulako, baina egoera demokratiko batean. Batasuna guztiz lotzen badute eta begiak bendatu, gu ezin gara horrela lehiatu.
Jakina, Lizarra barruko indarren liskarra ere bilatzen dute, eta gainera, pentsatzen dute ezker abertzalean eragindako aldaketekin, esparru politiko-instituzionala ere alda dezaketela.

Ilegalizazioaren aurka dauden indarrei, Batasunak galdetzen die ea zer egin behar duten Batasuna hauteskundeetara aurkeztu ahal izateko.

Jo dezagun pixka bat atzera. HB borroka instituzionalerako jaio zen, 77ko abstentzioaren akatsaren ondorioz, eta orduan ezker abertzalea ere apurtu zen. Horregatik sortu zen HB 78an, borroka instituzionalean parte hartzeko. Gaurko egunetara etorriz, 2000ko hauteskundeetan lehenbiziz abstentziora jo zuen EHk. Iazko maiatzeko hauteskunde autonomikoetan ere abstentziora jo zuen ia, eta ez bazuen hori egin izan zen bere baitan egoneza handia sumatu zuelako. Zergatik sortu zen, bada, Aralar hauteskundeen bezperetan? EH hauteskundeetara joango ez zela pentsatzen genuelako. Ez zen lortu EHk publikoki esatea Legebiltzarrera joango zela eta han PP geldiaraziko zutela. Hori izan zen Aralarrek Batasunarentzat botoa ez eskatzearen arrazoia. Beraz, lehenengo kontua da Batasunak bere burua argitzea. Batasunak badu oinarri sozial oso aberats, indartsu eta baliagarria, hor badaude imajinazioa eta giza baliabideak, eta nahi badu, inork ez du zapuzterik izango hauteskundeetara aurkeztea.

Zuk zalantzan jartzen duzuna da Batasunak hauteskundeetara aurkeztu nahi izatea.
Bai, hori da. Berak bere burua argitzen ez badu ezin gaitzake gainerako guztiak boikot batera eraman. Guk zera diogu ozen eta garbi: ez dugu inongo atzera pausorik emango, PP eta PSOEk herri honetan botere instituzional gehiago har dezaten. Ez dugu 77an bezala egingo, hauteskundeak baldin badaude, eta militanteek hala erabakitzen badute, Aralar aurkeztu egingo da.

Oker ez banago barne eztabaida ere egon da aurkeztu ala ez horrekin.
Ez da halakorik egon, denok izan dugu argi aurkeztu behar dugula. Beste kontu bat da nola aurkeztuko garen.

Batasuna ez bada aurkezten eta zuek bai, pentsatzekoa da presio gogorra jasango duzuela.
Bai, baina zoritxarrez guretzat egiten zaigun ‘presioa’ inoiz ez da gutxitu. Joan den ostiralean Altsasun aurkezpen bat egin genuen, ehun pertsona izan ziren bertan eta irteeran traidore deitzen zigun ohiko kartela zegoen.

Eta hauteskundeei begira, bakarrik aurkezteko asmoa duzue, Batzarrerekin, Zutik, beste batzuk...
PP eta PSOE ahalik eta instituzio kopuru handiena eskuratzen saiatuko dira eta, iazko maiatzean bezala, abertzale eta ez abertzaleen arteko oso kanpaina polarizatua izango da. Beraz, guda elektoral interesgarriak egon daitezke, esate baterako, Nafarroako Gobernutik UPN kanporatzeko aukera. «PSNrekin?» galde dezake norbaitek, eta egia da, ez da oso atsegingarria, baina hizkuntz politikan, gizarte, kultura eta ekologia gaietan oso gauza larriak gertatzen ari dira Nafarroan, eta bide horretatik, eta unean uneko akordioekin, agian lortzen dugu egoera berbideratzea.

Horrek esan nahi du Nafarroan asko espero duzuela, bestela kontuak...

Bai, asko espero dugu. Nafarroan boto bat edo biren arabera egon daiteke gobernu osaketa. Inkesta batzuen arabera, posible litzateke UPNk gehiengoa galtzea. Araban ere diputazioarekiko lehia gogorra izango da. Nazio mailako emergentzia egoera bat dago eta horri erantzun behar zaio. Gu oso gustura geunden su-etenaren garaiko EHn. Gu gustura helduko ginateke Batasunarekin akordioetara ekimen bateratuak sortzeko. Hori, dena den, ez dago gure eskuetan


Azkenak
Joxe Mari Esparza: “Txikitik handira borrokatu behar dugu, egunerokoan gertu ditugun gauzak aldatuz”

Tafallan, nekazal giroko etxe batean sortu zen 1951. urtean. “Neolitikoan bezala bizi ginen, animaliez eta soroez inguratuta”. Nerabe zelarik, 'Luzuriaga’ lantegian hasi zen lanean. Bertan, hogei urtez aritu zen. Lantegian ekintzaile sindikala izan zen;... [+]


2025-01-20 | dantzan.eus
Martxora arte kalez kale eta etxez etxe ibiliko dira kaskarotak Lapurdin

Bi asteburu direla atera dira lehen kaskarotak: Beskoitzekoak. Eta martxora arte larunbatez eta igandez astero ibiliko dira herriko auzoetan etxez etxe dantzan eta festan. Goiztiarrenak eta irteera gehiena egiten dituztenak dira Beskoitzeko kaskarotak, baina ez bakarrak... [+]


2025-01-20 | Bertsozale.eus
Gasteizen aurkeztu da 2025eko Arabako Bertso Kuadrilla artekoa
Gasteizko Amaia Zentroan elkartu dira larunbatean Arabako Bertso Kuadrilla artekoan parte hartuko duten 14 taldeetako ordezkariak. Kuadrillartekoaren zortzigarren edizioa izango da aurtengoa.

2025-01-20 | Euskal Irratiak
%221ko gainpopulatzea, Baionako presondegian

Alarma jo du, beste urte batez, OIP Presondegien Nazioarteko Behatokiak. Abenduaren lehenean marka berri bat hautsi zen frantses estatuan, 80.792 pertsona atxiloturekin. Espetxe-administrazioaren aitzinikuspenen arabera, gainera, 86.000 baino gehiago izan litezke 2027an egungo... [+]


‘Goazen lagunok’: sare sozial toxikoetatik fedibertsora trantsizio kolektiboa

Trumpek AEBetako presidentetza hartuko duen eguna baliatuta, Goazen lagunok lelopean, multinazionalen jabetzako sare sozial "toxikoak" utzi eta fedibertsora trantsizio kolektiboa bultzatzeko kanpaina egiten ari dira eragile ugari. “Internet gizatiarrago batean... [+]


Aurtengorako irakurgaiak

Urte berriaren hasieran asmo berritu egiten gara dirudienez, eta egin beharreko zereginen zerrendak egiten ditugu gutako batzuk. Egiteko horien artean irakurtzeko ditudan liburuen zerrenda izaten da bat, gero eta zerrenda gizenagoa. Zuetako ez gutxik zer irakurtzen dudan galdetu... [+]


2025-01-20 | Iñaki Sanz-Azkue
Hotza maite duen igela

Arboletako hostoak eroriak dira eta basoko lurra estalia dute. Lurraren eta hosto gorrituen artean, alabaina, sortzen da geruza fin bat, arreta gutxi jasotzen duena, baina espezie askoren biziraupenerako garrantzi handia izan dezakeena. Hezetasuna mantentzen du, zomorroak... [+]


2025-01-20 | Jakoba Errekondo
Euskal Herria banana errepublika

Sekula bananarik jan ez duten bi lagun ezagutzen ditut; nerau bat. Bananazalea da, ordea, jendea. Afrika eta Asia aldean sortutako landare generoa da banana (Musa x paradisiaca), baina gaur egun Ameriketan ere asko egiten da. Ekoizlerik handiena India da, eta esportatzaile... [+]


2025-01-20 | Garazi Zabaleta
Aleko
“Nekazaritza birsortzailerako eta proiektu kolektiboetarako test gunea da gurea”

Nekazaritzan trebatzeko eta proiektu propioak abiatu aurretik ekoizpenean eta merkaturatzean norbere burua probatzeko, abian dira gurean nekazaritzako hainbat test gune. Araban, 2023an abiatu zuten Aleko nekazaritzako test gunea, baina, antzeko egitasmo gehienekin alderatuta,... [+]


2025-01-19 | Urtzi Ugalde
Agur, amatxu

Hauek izan ziren nire azken hitzak zure lo arnas sakonean eskutik helduta ginela joan zinenean. Aparteko minik gabe, xume, duin, geratu zen betiko zure bihotza. Zuk nahi eta eskatu bezala. Guk nahi eta errespetatu bezala.

Jada hilabete, neguaren atarian, gaurik luzeenak diren... [+]


Amatasunaren giltzarik gabe

AMAK
Konpainia: Txalo teatroa.
Sortzailea:  Elena Diaz.
Zuzendaritza:  Begoña Bilbao.
Aktoreak: Intza Alkain, Tania Fornieles, Oihana Maritorena eta Iraitz Lizarraga.
Noiz: urtarrilaren 10ean.
Non: Itsas Etxea auditoriumean... [+]


Bayrouren aurkako zentsura mozioak porrot egin ondoren, Herritar Fronte Berria zatituta dago

Ostegun arratsaldean egin dute bozketa eta, aurreikusitako moduan, François Bayrou lehen ministroaren aurkako zentsura mozioak ez du aurrera egin. Izan ere, eskuin muturreko Batasun Nazionalaren sostengurik gabe, ez zuen aurrera egiteko aukerarik.


2025-01-17 | ARGIA
Hasi da denboraldia, Saizarren eta Alorrenenean txotxa irekita

Asteazkenean egin zuten ekitaldia Astigarragako Alorrenean, Sagardoaren Lurraldeak hala erabakita. Ostegunean egin du txotx hasierako festa propioa Usurbilgo Saizarrek.


Iruñeko Erorien Monumentuaren eraispena eskatzeko manifestazioa egingo dute larunbat honetan Iruñean

Talde memorialistek deitutako manifestazioa Erorien monumentuan hasiko da 18:00etan eta Gazteluko plazan bukatuko da. Amaierako ekitaldian El Drogas, Gran Ritxarson, Ilargigorri eta La Chula Potrak esku hartuko dute, besteak beste. Gaia orokorrean nola dagoen azaldu dugu... [+]


Eguneraketa berriak daude