SINDIKATUEN BILKURA DONOSTIAN KAPITALISMOAREN KONTRA


2021eko uztailaren 27an
Zarata mediatikoz beteriko garai nahasiotan, merkatu logiketatik urrun eta irakurleengandik gertu dagoen kazetaritza beharrezkoa dela uste baduzu, ARGIA bultzatzera animatu nahi zaitugu. Geroz eta gehiago gara, jarrai dezagun txikitik eragiten.
LAB sindikatu abertzaleak mundu guztiko sindikatuak gonbidatu ditu neoliberalismoaren kontrako Nazioarteko Konferentzia Sindikalera, hau da, oraingo kapitalismo basatia mozorrotzeko baliatzen den termino berriak ezkutatzen duen egitatearen kontrako bilkurara. Ordezkariak Donostiako Amara Plazahotelean elkartuko dira urriaren 17an eta 18an. Nazioarteko Konferentziak "Beste mundu bat posible da" du lelo, eta azken urte hauetan globalizazio kapitalistaren kontra izan diren mobilizazio sindikalak eta sozialak gogorarazten dizkigu, hala nola, Seattle, Praga, Genoa, Niza, Biarritz, Porto Alegre, Bartzelona eta Sevilla hirietan ezagutu ditugunak.

Gaur egun arte, sindikatu abertzaleak aktiboki hartu du parte globalizazio kapitalistaren kontrako mugimenduan. Alde horretatik, gainera, indartu egin du nazioarteko jarduna: foro guztietan erakutsi du bere burua, bereziki estaturik gabeko nazioei zegozkienetan, eta, oraingoan, bere gain beste ardura bat hartuz, Nazioarteko Konferentzia Sindikala antolatzeari ekin dio. Joan den uztailean iragarri eta komunikatu zuen konferentzia, Munduko Sindikatuen Federazioko Europako sekzioak Estrasburgon egin zuen bilkuran, hain zuzen.
Besteak beste, ondoko herrialde hauetako sindikatuek eman dute konferentziara agertzeko hitza: Errusia, Hegoafrika, Guyana, Peru, Kolonbia, Japonia, Kuwait, Sardinia, Libano, Jamaika, India, Sahara, Angola eta Kuba. Euskal Herriko sindikatuei dagokienez, ELA, EHNE eta ELB gonbidatu dituzte.

NAZIOARTEKO JARDUN SINDIKAL SOLIDARIOAREN BILA.

Nazioarteko Konferentzia Sindikala sindikalismoaz libreki gogoeta egiteko gunea izatea nahi du LAB sindikatuak, eta, aurrera eginez, analisietan eta alternatibetan sakontzeko elkarbidea, modu horretan posible izan dadin nazioarteko gero eta ekintza sindikal efektiboagoa eta solidarioagoa. Bilkura hori antolatzeko garaian, sindikatu abertzaleko arduradunek oso gogoan izan dituzte globalizazio ekonomikoaren testuingurua eta kapitalismo basatiaren eboluzioa, hots, gaur egun neoliberalismo terminoarekin mozorrotu nahi den sistema. Azken batean, etengabe desoreka sozialen sortzaile ez ezik, txirotasunaren, esplotazioaren eta mendetasun ekonomikoaren iturburu den egungo kapitalismoa da elkarretaratzearen arrazoi nagusietako bat.
Gorabehera horri gagozkiola, aski da munduko egoerari erreparatzea: batetik, pobreziaren eta eritasunen tasa izugarriak; bestetik, herrialde handiekiko morrontza, batik bat Estatu Batuekikoa. Gogoratze aldera, hona hemen errealitate horren gaineko hainbat datu: planetako aberatsenen %20k kontsumitzen dute produzitzen denaren %80 inguru; hortaz, ia %14 bakarrik kontsumitzen du gainerako %80ak. NBE erakundearen arabera, 1.300 milioi pertsona bizi dira herrialde pobreenetan, eguneko euro bat soilik izanik.
Testuinguru horretan, Nazioarteko Konferentzia Sindikala antolatzeko ardura hartu dutenak oso jabe dira nazioarteko mugimendu sindikal tradizionala, hain burokratizatua eta ofizialista izanik, indarra eta sinesgarritasuna galtzen ari dela. Alabaina, uste dute existitzen dela sindikalismo alternatiboa, egungo globalizazio prozesuari aurre egiteko gai dena. Horregatik, sindikatuen arteko kolaborazioa suspertu nahi dute, eta, era berean, horrelako erakundeen nazioarteko elkarlana bultzatu, munduko herriak beregain eta kooperatzaile izateko bidean jar daitezen.
Konferentziako arduradunek konpromiso zehatzetara iristeko dinamika sortu nahi dute; bestela esan, globalizazioari buruzko hitz, adierazpen eta diskurtsoetatik ekintza zehatzetara pasatu nahi dute. LAB sindikatuak presazko irizten dio herrien nortasuna oinperatzen ari diren globalizazioari eta inperialismoari aurre egiteko ekintza sindikalak bateratzeari, eta, aldi berean, ezinbesteko jotzen du gehiengo sozialaren interesen kontra Europan garaitzen ari diren politika neoliberalak arbuiatzea.

KONFERENTZIAKO PROGRAMA.

Nahiz eta konferentzia bi egunetakoa bakarrik izan, programa betea osatu dute antolatzaileek. Sindikatuen bilkurak bi ponentzia handi izango ditu ardatz: globalizazioaren ezaugarrien gainekoa da bata eta gizartearen eta herrien Europari buruzkoa bestea. Lehenbiziko egunean, Rafa Diez LABeko idazkari nagusiak estreinatuko du ekitaldia, kargudun horrexek egingo baitu hasierako hitzaldia. Ondoren, oraingo globalizazioaren ezaugarriak izango dituzte aztergai. Saio horretan, Mexikoko Unibertsitate Autonomoko Han Dieterich katedratikoak azalduko du bere iritzia krisi ekonomiko neoliberalaz eta haren ondorioez. Goizak aurrera egin ahala, inperialismoari buruz arituko dira, eta, gai horrekin batera, herrien nortasunaz, hegemonia ekonomikoaz, botere politikoaz eta burujabetasunaz. Arratsaldean, lehenbizi Argentinako krisia izango dute solasgai. Gero, iraultza bolivarianoa, Kubako blokeoa eta Saharako egoera aztertuko dituzte, eta, horretan, Vía Campesina nazioarteko federazio sindikaleko ordezkariek eta beste herrialde batzuetako sindikatuetakoek hartuko dute parte.
Bigarren egunean, hau da, azken egunean, gizartearen eta herrien Europa gaiak hartuko du gaina. Txomin Lorca LABeko ekintza sindikaleko idazkariak sarrera egin eta gero, EHUko irakaslea izateaz gainera, eurodiputatu abertzalea den Koldo Gorostiagak aurkeztuko du Europa eratzeko prozesuari buruzko ponentzia. Arratsaldean, herrien autodeterminazioa eta Europa soziala izango dituzte mintzagai. Saio horren barruan, Euskal Herriko, Quebeceko eta antzeko errealitateak aztertuko dituzte. Berebat, Europako sindikatuetako hainbat ordezkarik gai horri buruzko mahai-inguru batean hartuko dute parte; besteak beste, Grezia, Eskozia, Portugal, Italia, Korsika eta Kanarietako sindikalistek azalduko dute beren iritzia.
Egun bakoitzaren amaieran, baterako adierazpen bat onartuko dute nazioarteko konferentziako sindikatuek. Gerora, Donostiara azaltzerik izan ez duten sindikatuek, nahi izatera, posible izango dute adierazpen biak bere egitea

Klase sindikatua, soziopolitikoa, internazionalista eta hazten ari de na
LAB sindikatu abertzaleak, Sindikatuen Nazioarteko Konferentzia honen antolatzaileak, honela definitzen du bere burua: "Klase sindikatua, soziopolitikoa eta internazionalista". Bestalde, erakunde horren afiliazioari buruzko datuek garbi erakusten dute etengabe hazten ari den sindikatua dela. Horiexek dira, bada, sindikatu abertzalearen ezaugarriak, eta antolatu duten konferentzian ere definizio edo izan horrek eskakizun dituen gaiak landuko dituzte. Globalizazioa eta globalizazioaren ondorioak gehiengo sozialean edo langile klasean da zehazki gaietako bat, eta aukera horrek berak LABek klaseko sindikalismoa jomuga duela adierazten du. Era berean, herrien burujabetza Europako Batasunean eta herrien eta gizartearen Europa gaiek ezaugarritzen dute sindikatu horren izate soziopolitikoa eta internazionalista. Esanaz gainera, azpimarratzekoa denez gero, seinala dezagun sindikatu abertzaleak egunez egun presentzia eta parte-hartze handiagoa daukala munduko hainbat eratako foroetan, baita planeta osoan egiten diren globalizazio kapitalistaren kontrako mobilizazioetan ere.

Estrategia nazionalari dagokionez, berriz, LAB sindikatua ELA sindikatu abertzale nagusiarekin batera aritu izan da ekintza sindikalean: elkarren arteko hainbat adierazpen eta ekintzetan gauzatu da batera aritze hori, eta, inoiz edo behin, maila sozial edo politikoagoko ekintza baterakoak ere sortu dira bi sindikatuen arteko jardunetik. Egia da, bestalde, baterako jardun horretan krisiak ere izan dituztela eta memento hau ez dela beren harremanen gailurra. Hala eta guztiz, ELA da LABek Nazioarteko Konferentzia Sindikalera gonbidatu dituen sindikatuetako bat.
Afiliazioari gagozkiola, erruz hazi zaio LAB sindikatuari kide kopurua; batik bat azken bi urte hauetan. Duela bi urte, 2000ren amaieran, 28.629 lagun zeuden LABen afiliatuen zerrendan; urtebeteren buruan, 2001aren hondarrean, 31.052 pertsona. Hau da, urtebetean bakarrik 2.368 lagun gehiago bildu zitzaizkion sindikatuari. Gainera, beste irabazi nabarmen bat ere izan zuen sindikatu abertzaleak: lehenbiziko aldiz, Iparraldeko lagunak afiliatu zitzaizkion (190 pertsona guztira). Azkenik, ondoko datu hau ere agerian uzteko modukoa da: afiliatu berrietan, gazteak eta emakumeak dira gehienak.
Esan dezagun, bestalde, lurralde guztietan izan zuela hazkundea 2001. urtean. Gipuzkoan irabazi zuen afiliatu gehien (+840), gero, ondoz ondo, Bizkaian (+777), Nafarroan (+281), Araban (+280) eta Iparraldean (+190). Urte horren bukaeran, 3.499 afiliatu zeuzkan Araban, 11.534 Bizkaian, 11.144 Gipuzkoan, 190 Iparraldean eta 4.685 Nafarroan. Sektoreka, berriz, hauxe da sailkapena handitik txikira: 9.788 metalean, 4.740 merkataritzan eta ostalaritzan, 3.173 irakaskuntzan, 2.876 administrazio publikoan, 2.832 erretiratu eta autonomoetan, 2.044 kimikan eta energian, 1.635 osasunaren arloan, 1.541 eraikuntzan, 1.069 garraioan eta abar.
Erreferentzia bat ematearren, ELA Euskal Herriko sindikatu abertzale nagusiaren datuak jarriko ditugu orain. Iazko urtearen amaieran, 96.945 afiliatu zeuzkan sindikatu horrek; aurrekoan baino %6,44 gehiago, eta hazkunde bera espero du, halaber, aurtengo urtean. Bestalde, ELAko afiliatu berrietan ere, 30 urtez beherako gazteak eta emakumeak dira gailen. Lurraldeka, berriz, honela banatzen dira ELAren afiliatuak: 11.582 Araban, 44.834 Bizkaian, 31.558 Gipuzkoan eta 8.701 Nafarroan


ASTEKARIA
2002ko urriaren 13a
Irakurrienak
Matomo erabiliz
Azoka
Azkenak
2025-03-08 | ARGIA
ARGAZKI GALERIA
Mugimendu Feminista: “Faxismoaren kontra, ausardia eta aliantza feministez armaturik gaude”

Mugimendu feministak manifestazioak egin ditu goizean Donostian, Gasteizen eta Iruñean eta arratsaldean Baionan eta Bilbon. Oinarrizko irakurketa partekatu dute, eta horri gehitu diote hiri bakoitzean bertako problematika, eragile eta ekimenen erreferentzia.


2025-03-08 | ARGIA
Bilgune Feminista
“Feminismoa da heldulekurik argiena desio dugun Euskal Herrirako”

Bilgune Feministak Heldulekuak argi, Euskal Herria feminista leloa baliatu du M8an, azpimarratzeko feminismoak ematen dituela “datorrenari aurre egiteko tresnak”, eta gogorarazteko faxismoaren gorakadaren testuinguru hau helduleku horretatik irakurri eta borrokatu... [+]


Iruña-Veleia: epaiketatik bost urtera

Otsailean bost urte bete dira Iruña-Veleiako epaiketatik, baina oraindik hainbat pasarte ezezagunak dira.

11 urteko gurutze-bidea. Arabako Foru Aldundiak (AFA) kereila jarri zuenetik epaiketa burutzera 11 urte luze pasa ziren. Luzatzen den justizia ez dela justizia, dio... [+]


Superwoman

MAITE: (biharko eguna antolatzen bere buruaren baitan) Jaiki, gosaldu, bazkaria prestatu, arropa garbitu, etxea garbitu, gizon hori jaiki, seme-alabak jaiki, hiru horien gosaria prestatu, haiek agurtu, erosketak egin, lanera joan, seme-alabak eskolatik jaso, merienda eman,... [+]


Espainiako Sustapen Ministerioa: “Ez dakigu Ezkioko lotunea oso bideragarria den”

Josu Estarrona EH Bilduko Arabako senatariak egindako galderari erantzun dio Espainiako Sustapen Ministerioak, eta hor berretsi du Ezkioko aukera zailtasunez beteta dagoela.


2025-03-07 | Laia Alduntzin
Hezkuntza gotorleku

Matxismoa normalizatzen ari da, eskuin muturreko alderdien nahiz sare sozialetako pertsonaien eskutik, ideia matxistak zabaltzen eta egonkortzen ari baitira gizarte osoan. Egoera larria da, eta are larriagoa izan daiteke, ideia zein jarrera matxistei eta erreakzionarioei ateak... [+]


Mazónek ez du lortu bere misioa: Valentziako gurasoek katalanaren alde egin dute

“Askatasunaren” izenean, ikastetxean zein oinarrizko hizkuntza nahi duten galdetu diete guraso valentziarrei. Helburua katalana zokoratzea zen. PPren eta Voxen gobernuak ez du lortu. 33 eskualdeetatik 22tan katalana gailendu da. Emaitzarekin oso pozik agertu dira... [+]


800.000 euro gastatuko ditu EBk errusiar inbasioaren mamuari aurre egiteko

Europar Kontseiluak onartu du Ursula Von der Leyenek gastu militarrean proposatu duen 800.000 milioi euroko gastuarekin aurrera egitea. Horretarako bi arrazoi nagusi argudiatu ditu: Errusiari aurrea egitea eta Europar Batasunak aurrerantzean bere burua AEBen babes militarrik... [+]


Gizakunde
Badator, esnatu da

Gizakunde (Inauteriak)
Noiz: otsailaren 15ean.
Non: Arizkun eta Erratzun. plazan.

------------------------------------------------

Amaitu dira inauteriak, sutan erre ditugu gaiztoak, gaizkiak, sardinak eta panpinak. Baina xomorroak esnatu dira eta badator... [+]


Kontzertuak, hitzaldiak, antzerkiak, dantzak, bertso-saioak... M8ko ekitaldi kulturalen bilduma

Festa egiteko musika eta kontzertu eskaintza ez ezik, erakusketak, hitzaldiak, zine eta antzerki ikuskizunak eta zientoka ekintza kultural antolatu dituzte eragile ugarik Martxoaren 8aren bueltarako. Artikulu honetan, bilduma moduan, zokorrak gisa miatuko ditugu Euskal Herriko... [+]


Bizi testamentua: aurretiazko borondateen agiriaren gakoak

Soco Lizarraga mediku eta Nafarroako Duintasunez Hiltzeko Eskubidea elkarteko kidearen ustez bizi testamentuak heriotza duin bat eskaini eta familiari gauzak errazten dizkio.


2025-03-07 | Uriola.eus
Iker Egiraun, Etxebarrieta Memoria Elkartea
“Bizi dugun testuingurua urteetan emandako borroken ondorioa dela sinbolizatu nahi dugu”

Bilbo Hari Gorria dinamikarekin ekarriko ditu gurera azken 150 urteetako Bilboko efemerideak Etxebarrieta Memoria Elkarteak. Iker Egiraun kideak xehetasunak eskaini dizkigu.


2025-03-07 | Aiaraldea
Ferosca I zentral eolikoaren kontrako alegazioak zabaldu ditu Aiaraldeko Mendiak Bizirik plataformak

Laudion, Aiaran eta Okondon izango du eragina energia azpiegiturak eta plataformaren aburuz, proiektuak eta ingurumen-inpaktuaren azterketak gabezia garrantzitsuak dituzte.


Eguneraketa berriak daude