Eusko Jaurlaritzako Nekazaritza eta Arrantza Sailaren «Sustrai» aldizkariaren 61. zenbakian, Arabako Foru Aldundiaren Mahasgintzako eta Enologiako Zerbitzuko Pablo Marañon, Enrike Lopez eta Jose Baigorri teknikarien txosten bat eman dute argitara. Hiru lagun horiek honela laburbildu dute Arabako Errioxako 2001eko denboraldia: "Iaz, jeneralean, ez zen batere gorabeherarik izan, klimari, fenologiari eta fitopalogiari dagokienez, eta, ondorioz, «ohiz kanpoko» kanpaina gertatu zen. Uzta handia izan zen kantitatean batez beste, kalitatean «berebizikoa» eta ez zen inolako gorabeherarik izan ardogintzan".
Teknikari horien txostenak argi erakusten du klimak nola determinatzen duen mahatsaren prozesua. Fruitu hori klimaren mende egoten da ernetzen denetik heltzen den arte, eta eguraldiak erabakitzen du uzta kantitatez txarra, eskasa, ona edo berealdikoa izatea, baita kalitatez arrunta, ona, oso ona edo berebizikoa izatea ere. Iruditzen zaigu interesa baduela prozesu horren berri izateak, eta, horrenbestez, goiko artikulu hori baliatuko dugu orain arteko azken uztaren nondik norakoak azaltzeko. Produkzioari dagokionez, 1999-2000 aldikoa baino %20 edo %25 urriagoa izan zen 2001eko uzta: 80 milioi kilo-mahats bildu ziren; landu, berriz, 99,7 kilo.
HORNI HIDRIKO EGOKIA.
Behin 2000ko uzta oparoa bildu eta gero, berehala izotzik egin ez zuenez, mahatsondoek hostorik galdu gabe iraun zuten luzaroan. Hala, zur erreserba ona metatu zuten, eta ederki kimatu ziren hurrengo aldi begetatiboan. Horrez gainera, euri ugari egin zuen geldialdi begetatiboan (386 l/m2), lurra ongi hornitu zen urez eta elikadura hidriko egokia izan zuten mahatsondoek, aktiboki hazten ari ziren bitartean.
Arabako Errioxan, martxoaren 22an hasten da, batez beste, kimatzeko garaia, baina iaz bi egun beranduago hasi zen, eta, sasoi horretatik apirilaren 15a arte, ohi baino tenperatura handiagoa izan zuten: 1°C gehiago, hain zuzen. Baldintzak horrela, fase begetatibo homogeneoa gertatu zen eskualde osoan, bizkortu egin ziren aihenen hazkundeko lehen estadioak eta horrek gaitasun produktibo handia eman zien mahastiei.
Aldi horretan, ohi bezalako erasoak jo zituen «akariosiak», eta betiko moduan egin zioten aurre. Apirilaren 15ean eta maiatzaren 1ean, berriz, udaberriko izotz arriskutsua azaldu zen Mañuetan, Eltziegon, Bastidan, Biasterin, Paganosen, Lezan eta Urionan. Horrek guztiak egin zituen bere kalteak, baina, hala ere, ongi kimatu ziren mahatsondoak, eta, produkzioa zerbait urritu arren, uzta ona izan zen.
BIZKORTU EGIN ZEN MAHASTIEN LORATZEA.
Maiatzaren lehen partean, izotza eta tenperatura apalak nagusitu ziren, eta hainbat mahastiri erasan zien. Tenperatura, ordea, hil bereko bigarren partean goratu zen -maiatzaren 28, 29 eta 30ean 25°C egin zituen batez beste-, eta, egun horietatik aurrera, mahastien loratzearen bizkortzea segitu zen.
Ekainean loratu eta mamitu zen fruitua. Hil horretan, tenperatura garaia izan zen batez beste -19,3°C, hots, 2000an baino 1°C altuagoa-, eta, ia euririk egin ez zuenez gero, ongi zertu ziren mahats tortoak. Eguraldi onari esker, akariosiak eraso batzuk jo arren, ez zen aipatzeko moduko gaixotasunik gertatu aldi kritiko horretan. Uztailean eta abuztuan, batez besteko tenperatura epela izan zenez (20,5°C) eta euri gutxi egin zuenez (60 l/m2), gelditu egin zen zertxobait fruituaren loditzea eta heltzea.
Irailean, berriz, hoztu egin zuen eguraldia: 15,6°C batez beste; urteko batez bestekoa baino 2°C gutxiago. Halatan, nahiz eta etengabe ondu, astiro heldu zen fruitua, eta atzeratu egin zen mahats biltzea leku gehienetan. Oionen, La Puebla de Labarkan eta Lasernan, adibidez, non jeneralean goiz heltzen baita mahatsa, urriaren lehen astean hasi ziren fruitua jasotzen. Lezan, Urionan, Samaniegon, Bilarren eta Kripanen, aldiz, non berez ere berantagoa izaten baita fruitua, urriaren erdi aldean ekin zioten lanari. Biltzeko garaian, eskualde osoan eguraldi ona egokitu zitzaienez, aski arin bukatu zen denboraldia, eta, horrenbestez, Arabako Errioxako ia mahats guztia upategietan zegoen urriaren 28rako.
URTE BIKAINA 2001EKOA. Teknikari txostengileen iritziz, iaz uzta bikaina sartu zen upategietan: mahats gaitz gabea eta ederki heldua, jeneralean. Ondorioz, ardoa ere ezin hobea atera zen: alkohol gradu handikoa (13,27°), azidotasun orekatukoa, kolore intentsitate handikoa eta polifenoletan aberatsa. Teknikariek honela diote artikuluaren amaieran: "Azken buruan, goian eman ditugun datuen eta egin diren dastatzeen arabera, kalifikazioz berebizikoak dira 2001eko uztaren ardoak. Arras egokiak dira ardo gazte gisa merkaturatzeko, bai eta upeleko edo botilako ontze prozesu luzerako ere".
UZTAILA ARTEKOAN %26 IGO DIRA SALMENTAK.
Aurtengo lehen sei hilabeteetan, %25,63 igo dira Errioxa jatorrizko izendapen kalifikatuko ardoaren salmentak, hala adierazi du bederen produktu hori begiratzen duen Kontseilu Erregulatzaileak. Urtarriletik ekaina bitartean, 123,4 milioi litro ardo merkaturatu dituzte. Kantitate horretan, ardo gaztea saldu dute gehien (66,28 milioi litro); hurrena, berriz, ardo ondua (42,57 milioi litro); azkenik, eta ondoz ondo, erreserbakoa (12,7 milioi litro) eta erreserba handikoa (2,36 milioi litro). Espainiako Estatuan, %27,31 goratu zaizkie salmentak eta atzerrian %21 (prezioen galgari esker esportatu dute horrenbeste).
Nafarroari dagokionez, oraingoz 2002ko lehen lau hilabeteetako datuak eman dituzte jakitera, ez lehen sei hilabeteetakoak, eta han ere aldekoa da emaitza. Guztira %5,75 igo zaizkie salmentak, eta, urtarriletik apirila bitartean, 11.524.658 litro saldu dituzte.
GUTXIAGO PRODUZITUKO OMEN DA 2002AN.
Lehen adierazi dugun moduan, 2001ean klimari esker lortu zuten ardoa kantitatez nahiz kalitatez asebetekoa izatea. Aurten, 2002. urtean, klima ez da iaz bezain aldekoa, eta litekeena da produkzioa eskasagoa izatea, baita ardoaren kalitatea urritzea ere. Oraingoz urtea aski lehor doa, tenperaturak ere apalak izan dira, eta aurreikuspena ez da iaz bezain itxaropentsua
Arabako Errioxan, aldi bateko 3.000 langile arituko dira uzta biltzen
Datu ofizialik eman ez duten arren, kalkuluen arabera aldi bateko 3 bat mila langile beharko dira Arabako Errioxan hastear den uzta bilketan. Gehienak Portugalgoak, Magrebekoak eta ijito etniakoak izango dira, bukatu baitziren uzta familiakoek, lagunek edo ikasleek biltzen zuteneko garaiak. Lantegi gogorra da mahatsa biltzea, eta, horretarako jende gutxi dago prest: orain, eskulangile atzerritar mordo bat bakarrik inguratzen da lan eske; horrelakoek soilik bihurritzen dituzte giltzurrunak 8 orduko lanegunetan, 60 edo 65 euroren truke. Batzuek destajura egiten dute lan, eta jasotako kilo mahatseko kobratzen dute (sei zentimo kiloko). Ostatua izaten da aldi bateko langile horien arazo handiena, eta, horretan laguntzeko, biltegiak edo etxe txikiak eskaintzen dizkiete laborariek.
Hala ere, adituek diotenez, Arabako Errioxako lansariak dira Espainiako Estatuan horrelako langintza gogorretan pagatzen diren altuenetakoak. Patata, laranja edo oliba biltzen jarduten direnek mahats jasotzaileek baino askoz gutxiago kobratzen omen dute. Arrazoi hori tarteko, aldi bateko langile ugari etortzen da urtero-urtero Arabako Errioxako herrietara mahatsa biltzera.
Dena dela, aski kaskarrak dira eskulangile horien lan eta bizimodu baldintzak. Eta, egia esan, hainbat bitartekarik du horretan erantzukizun handiena. Antzina ez dela, Arabako Eskuernaga herrian bi pertsona atxilotu zituzten albistea zabaldu zen. Antza denez, langile portugaldarrak kontratatzen zituzten Arabako Errioxan lan egiteko, eta, "esklaboen kondizioetan" iraunarazten zieten lanean. Berez, ez zituzten uzta garaian hartzen, baizik eta mahatsondoak kimatzeko sasoian, hau da, "udaberriko kimaketako" aldian, zein apirilean eta maiatzean izaten baita. Eskulangile horiek hamabi orduz aritzen omen ziren lanean batere kobratu gabe, eta giltzapean eta ondo begiratuta edukitzen omen zituzten.
Horren guztiaren berri izan zutenean, Arabako Errioxako Bastida, Eskuernaga, Samaniego, Leza eta Oion udalerrietako Batasunako zinegotziek salatu egin zuten egoera publikoki. Adierazi zutenez, esklabo legez tratatu zituzten eskulangile horien kasua hari matazaren muturra besterik ez da, aldi bateko langileen laborantzako lan baldintzetan. Argi dago, gaineratu zuten, batzuek etekina ateratzen dutelako gertatzen direla horrelakoak, "batik bat upategi handiak ateratzen dira irabazian eta Administrazioak ez ikusiarena egiten du". Talde horretako zinegotzien aburuz, laborariek eta upategietako arduradunek baztertu egin behar dituzte bitartekariak eta lansari duina bermatu behar diete aldi bateko langileei. Azkenik, Administrazioak kontratazioak jatorrian egiteko bidea jarri behar duela adierazi zuten