«GURETZAT NAZIOA EZ DA ESPAINIAN BUKATZEN»


2021eko uztailaren 19an
Maiatzeko azken kongresuaren ondoren PSE-EEk idazkari nagusi berria izendatu zuen. Nola ikusten duzu alderdia Patxi Lopezen eskutik?
Ondo ikusten dut, PPrekiko politika ezberdin bat garatzeko moduan ikusi ere. Hori izan da alderdiaren barruko hainbat sektorek Nicolas Redondoren azken garaian egiten genuen kritika, hau da, gure mezu politikoek eta PPrenak inolako diferentziarik ez izatea. Ordezkatzen ditugun herritarren begietara behinik behin, irudi hori zabalduta zegoen gure gizartean.

Zertan ezberdintzen da Patxi Lopezen PSE Nicolas Redondoren PSEtik?
Lehenik eta behin, esan dezadan, aspektu batean ez dela ezberdintzen, hau da, gaur gaurkoz PP eta gu eremu berean gaude, mehatxu terroristaren eremuan. Halaber, une honetan balore berdinak defenditzen ditugu: Konstituzioa eta Gernikako Estatutua. Agian beraiek ez dituzte horiek horrela defenditu beti, baina orain bai. Alabaina, PP eta sozialistak oso diferenteak gara, Patxi Lopez mezu eta jarrera ezberdin bat lantzen ari da, honela barnebildu daitekeena: Gu ez gaude ezeren aurka, ez nazionalismoaren aurka, ez bestelakoren aurka ere. Gu sozialistak gara. Guretzat nazioa ez da Espainian bukatzen, gu zerbait gehiago gara. Gizarte honetan nazionalista espainolak deitzen gaituzte, baina ez gara inola ere nazionalistak. Era berean, ez gaude Espainia edota Euskal Herria munduko hoberenak direla uste dutenen aurka. Guretzat biak oker daude, besterik ez.

Patxi Lopezek gatazka gainditzeko EAJk bere esentzialismoa gainditu eta aniztasuna errespetatu behar dituela azpimarratzen ditu. Ikuspegi horrekin bat al zatoz?
Ez dakit, ez da erraza hori ebaztea. Ez dakit EAJren jarrera esentzialista ote den, ia-ia esentzialista edo oso hurbilekoa. Bere jarrera fundamentalista dela esaten ausartuko nintzateke, ordea. Alegia, politikan ezin duzu jokatu zure ideiak munduko onenak diren ustetan eta arerioarenak deus balio ez balute bezala. Herri hau ezin da eraiki alde guztien bitartez ez bada.

Azken hau ez al du EAJk esaten edo defenditzen?
Hori denok esaten dugu. Ados. Baina, hori sinetsi egin beharra dago, hau da, praktikara eraman behar da egunero. EAJk ezin du honezkero bere proiektuaren ontasunez inor konbentzitu hitz soilen bitartez, eta gu, konbentzituak ez gaudenok, kanpoan utzi eta infernura kondenatu. Gu infernuan bizitzera kondenatuak baigaude. Gazte ginela esaten zitzaigun: «Ez baduzu hau egiten infernura joango zara». Bada, EAJko batzuek gaur egun, sotana aspaldi utzi bazuten ere, horrela egiten dute. Eta ezin da inondik inora horrela izan. Hortik esentzialismoa eta aniztasun eskasarena.

Hizpide eman didazunez gero, esate baterako, bere burua euskal nazionalistatzat ez duen pertsona bat ezin da Euskal Herriaren independentziaren alde izan? Jokabide hau ez da egingarria?
Ez dakit (irriak). Gaur egun, egia da, badaude herrialde txikiak, Andorra, San Marino eta abar, independenteak...

... nik aipatua espresio demokratikoa ote den galdetzen dut.
Errespetagarria da, baina, guztiz absurdua da egoera horretan bizi nahi izatea, joko arau ekonomikoek banku handien eta multinazionalen esparrura jokatzera eramaten zaituztenean...

Nire asmoa ez da aukera ona edo txarra den argitzea, demokrazia honetan aukera hori ba ote dagoen argitzea baizik. Esaterako, Fernando Savaterrek «Derrigorrezko nazionalismoaren aurka» leloa aldarrikatzen du. Hori aldarrikatzea dagoen bezala, euskal herritar batek espainiarra edo frantsesa ez izateko eskubidea aldarrikatzea izan beharko luke. Ez duzu uste?
Tira... Nazionalismo espainiarrak ba al du eskubiderik euskaldunak Espainiatik botatzeko?

Zer esan nahi duzu horrekin?
Bada, nik egin dizudan galdera astakeria bat dela esan nahi dut. Zuk aipatu duzun aspektu horri buruz euskaldunek eskubidea ote dugun galdetzen didazu? Arraioa. Galdera hori Konstituzio batek ekarri duen Estatutu bat onartu ondoren egina dago. Konstituzio hori alda daitekeenik? Bada, bai. Ados. Baina horretarako kontsentsu zabal bat behar da, baita Gernikako Estatutua aldatzeko ere bai. Egingarria da. Baina joko arau batzuk daude. Eskubideak izan daitezke edo ez, baina berauek erabiltzea bestelakoa da. Alegia, nik nazionalisten ahotik hauxe entzuten dut sarri: «Nik autodeterminazio eskubidea izan nahi dut, baina ez dut erabili nahi».

Esan dezagun bestera: «Nik autodeterminazio eskubidea nahi dut eta erabili ere bai».
Bai noski. Baina hori esaten duten bakarrak Batasunekoak dira. EAJko kideek ez dute inola ere horrela planteatzen. Hor daude: bai baina ez, nahi dugu baina ez dugu nahi. Serioak izan gaitezen. Eskubide hori izan bada, eta jakina, erabili nahi baduzu traba guztiak jarriko dizkizute beti: ez dela ona, ez duela balio, erreferenduma ez dela egokia. Botoa emateak edo ez emateak eskubidea ukatzen du? Nik ez dut hori garbirik ikusten. Gaia oso konplexua da.

Batasuna hizpide, nola aurreikusten dituzu 2003ko maiatzaren udal hauteskundeak alderdi hau legez kanpo izaki?
Batasunak ezin izango duela hauteskundeetan parte hartu aurreiritzi bat besterik ez da. Bitxia da, herri hau zoragarria eta izugarria da halaber. Oso erraz joaten gara alde batetik bestera. Baltasar Garzoni izugarriak egiten dituela kritikatzen zaio, ezin duela Euskal Legebiltzarra behartu hau edo beste egitera. Tira, ni neu ados egon naiteke Garzoni egiten zaizkion hainbat kritikekin. Baina ezin da esan Batasuna legez kanpo dagoenik. Orain arte Auzitegi Gorenari ilegalizazio prozesua planteatu baino ez zaio egin.

Demagun ordurako Batasuna legez kanpo dagoela. Udal hauteskundeak burutzeko egoera hobeagoa izango al da?
Egoera oraingoa bezain txarra izango da. Batasunekoek ezin izango dute hauteskundeetara aurkeztu, legalki eragozten zaielako. Guk, berriz, arazoak eta eragozpenak ditugu, gu ez aurkezten beste modu batez saiatzen direlako. Hau da, ETAk gu hiltzen gaitu, edota bien bitartean, bizi garen tokitik kanporatzen saiatzen dira eraso bortitzen bitartez. Egoera gaiztoa izan da eta izango da kargu sozialista nahiz popularrentzat. Hemendik aurrera, berriz, Batasuneko jendeari bizitza konplikatzen hasiko zaio.

Demokraziarako ona izango ote den esan nahi dut.
Demokraziarako egoera txarra zen eta izango da, baina ez txarragoa. Guk gure eskubideen erabilpena garatu ezin dugun bitartean, ETAren presio terrorista dagoen bitartean askatasunik ez dago, eta ondorioz, demokraziarik ere ez

ANAKAKO AUZOKIDEA
Zaragozako Ardisan jaioa 1942an. Hamahiru urterekin etorri zen Donostiara eta hogeita seiekin Irunera. Bertako Anaka auzo elkarteko sortzaile eta presidentea izan zen. 1977ko udal hauteskundeetan zinegotzia hautatu zuten, artean alderdi sozialistako kide izan gabe. 1981ean afiliatu zen PSEn. 1983tik Irungo alkate izana da. Bost udal hauteskunde irabazi ditu jarraian. Hemeretzi urte alkatetzan aritu ondoren eta hurrengoetarako hamar hilabeteen faltan dimisioa aurkeztu du.

«Alardearen auzian EAEko Justizia Auzitegiak eman dit satisfazio baka rra»
Alkate kargua bertan behera uzteak bapatean harrapatu du bat baino gehiago, ez ustekabean ordea. Udaleko oposizio osoaren arabera PSEk zure kargua alderdi partidistetarako erabili du.
Hori, berez, ona da. Oposizioak gobernuan egiten den guztia ontzat emango balu, zerbaitek huts egin duen seinale litzateke. Alderdi politikoak ez gara berdinak, zorionez, eta gizartea hobetzeko bakoitzak dituen estrategiak ezberdinak dira. Alkatearen aldaketa honen atzetik ez da nirekiko azpijokorik izan, alderdiaren estrategia dago atzean, eta ni guztiz bat nator.

PSEk PPrekin akordioan gobernatzen du udala. Zu zeu ez omen zinen akordio horren guztiz aldekoa, EAJrengandik hurbilagoa ibili zara betidanik.
Azken udal hauteskundeetan EAJ eta EAko herri batzarrek ezintasun handiekin topo egin zuten erabaki autonomoak hartu ahal izateko. Haiek beren erabakiak udal mailan hartzen direla diote, ez dutela beren alderdien batzorde eragileei ez azalpenik ez konturik eman behar. Irungo kasuan errealitatea oso bestelakoa izan zen, eta errealitate hau bertatik bertara ezagutzen dut. Udalerriak gobernatzeko premia nagusia egonkortasuna da, azken udal hauteskundeen ondoren sozialistek egonkortasun hori lortzeko izan genuen aukera bakarra PPrekin akordio batera iristea izan zen. Egia da, ni ez nintzen akordio horren aldekoa, gainera, ni prest nengoen bakarka gobernatzen ahalegintzeko.

Ia hogei urte alkate gisa eman ostean, senatari edo Arartekoaren ondoko postua izaten saiatu zara. Batzuek zure karrera politikoan irteera moduko bat bezala ikusi dute. Ez duzu lortu. Zer duzu honetaz guztiaz esateko?
Horri erantzutea ez da samurra edo gustukoa. Alegia, esaten da, nire alderdiak udaletxetik nire irteera bilatu duela horretarako nirekin negoziatuz. Bego. Kargu horiek ez nituen lortu euskal politikaren egoera oso narrastuta dagoelako. Senatariaren kasuan, adibidez: Batasuna legez kanpo geratzen bada milaka herritarrek beren ordezkaritza galduko dutela esaten da egun. Bitxia da, to! Senatari izateko hauteskundeetan hiritar pilo bat ordezkaritzarik gabe geratu zen -beren borondatez, jakina- EHk ez zuelako parte hartu. Hiritarren boto horiek EAJ-EAk koalizioak eraman zituen eta hiru senatari bereganatu. Gipuzkoan, PSE-EEn hiru senatari izatetik bat bera ez izatera pasa ginen, ni PPko senatariarengandik 1.000 botoetara gelditu nintzelarik.

Arartekoaren ondokoa izateko izendapenaren zaputza Alardearen auziari lotua dago. Auzi honetan hartu dugun erabakia akats politikoa bezala jo du udal oposizioak, gogor kritikatuak izan gara. Bestalde, matxista bat bezala jarri naute, talibanen buruzagi bat banintz bezala. Herrian badakite ez dudala horrela jokatu. Alardearen auziak arazo asko ekarri dit, buruko mina franko, eta satisfazio gutxi. Orain gutxi EAEko Justizia Auzitegi Gorenak onetsi duen bezala, gure goiko instituzioetatik iritsi zaizkidan agindu guztiak -eta ez ziren Garzonenak, hain zuzen ere- bete ditut. Hori da gelditzen zaidan satisfazioa bakarra


Azkenak
2025-01-21 | Hala Bedi
Ekaitz Samaniego (All In Da Haus): “Hemen irabazle bakarrak preso politikoak dira”

Joan dira All In Da Hauseko hiru final aurrekoak. Oñati, Gernika eta Hendaiako Gaztetxeetaraino iritsi da freestyle txapelketaren bederatzigarren edizioa. Orain arte egindako bide honen balorazio positiboa egiten dute antolatzaileek, "Euskal Herriko txoko hauetan,... [+]


Moriartitarrek ere badute Urrezko Danborra

Aitor Arregik, Jon Garañok, Jose Mari Goenagak, Asier Achak eta Xabier Berzosak osatzen dute ekoiztetxe donostiarra, eta euren lana aitortu nahi izan du Donostiako Udalak.


Umeek debekatuta dute Debako liburutegian egotea, denboraren zati handienean

6 urtetik beherakoek 16:30-17:30 artean baino ezin dute liburutegian egon Deban, eta 2 urtetik beherakoek zuzenean debekaturik dute. Bestelako neurri baztertzaileak ere jasaten dituzte. Ageriko diskriminazioak haurrak literaturatik aldendu baino ez ditu egiten, eta borroka luzea... [+]


Depresioarekin lotutako hainbat gene identifikatu dira lehenengoz, mundu osoko populazioetan

Dibertsitate genetikoaren ikuspegitik inoizko metaanalisi zabalena egin dute, depresioaren arriskuarekin lotutako geneak identifikatzeko. Horri esker, aurrez ezagutzen ez zituzten 700 aldaera eta 300 gene inguru aurkitu dituzte.


Migratzaileen aurkako ehiza abiatuko duela hitzeman du Trumpek, larrialdi egoera ezarrita Mexikorekin mugan

"Ameriketako Estatu Batuen gainbehera aldia amaitu da", esanez abiatu du kargu hartze ekitaldiko diskurtsoa Donald Trumpek. Besteak beste, trans eta pertsona ez-bitarren eskubideak deuseztatuko dituela hitzeman du, baita energia berriztagarrien aldeko politikekin... [+]


2025-01-20 | ARGIA
Otegi buru, “belaunaldi berri batek” hartuko du EH Bilduren gidaritza

EH Bilduk astelehen honetan abian ipini du mahai politikoa berritzeko barne prozesua. Zuzendaritzak zerrenda proposatu du. Arnaldo Otegik buruzagi izaten segituko du.


2025-01-20 | Julene Flamarique
Iruñeko Erorien Monumentua eraistea eskatu dute

Elkarte memorialisten ustetan, Rozalejoko Markesaren Jauregia, Nafarroako Memoriaren Institutua kokatuko litzatekeen tokia, "omenaldi, oroimen eta oroimenerako lokal bat" izan daiteke, eta Maravillas Lamberto izena eraman. Manifestariek adierazi dute ez dela nahikoa... [+]


2025-01-20 | Leire Ibar
Ortuzar prest agertu da EAJren buru izaten segitzeko

Abian da EAJren barne prozesua. Lehen fasea urtarrilaren 20tik otsailaren 2ra bitartean egingo da. Gaurtik aurrera, Ortuzarrek alderdiaren buru izaten jarraituko duen erabakitzeko aukera izango dute EAJko afiliatuek.


2025-01-20 | Julene Flamarique
Sunsundegiren aldeko manifestazioa: “Sakanan bizi eta lan egin nahi dugu”

Sunsundegik “produktua eta merkatua” dituela azpimarratu dute Altsasun eginiko manifestazioan. “Nafarroarentzat enpresa estrategikoa” izan daitekeela defendatu dute langileek, eta itxiera “aukera gisa ulertzen ez dutela” ziurtatu.


2025-01-20 | ARGIA
Nazioarteko eskuin muturrak inguratuta hartuko du presidente kargua Trumpek

Donald Trumpek asteleheneko 18:00etan (12:00ak Washingtonen) egingo dio zin AEBetako presidente izateari. Europako eta beste hainbat herrialdetako eskuin muturreko estatu buruak gonbidatu ditu inbestidura ekitaldira. Egun bakar bat lehenago emandako mitinean aurreratu duenez,... [+]


2025-01-20 | Leire Ibar
Su-etena indarrean, Israel eta Hamas hasi dira bahituak trukatzen

Igandetik indarrean da Hamasek eta Israelek nazioarteko bitartekaritzarekin adostutako su-etena. Lehen egunean 69 emakume eta 21 nerabe askatu ditu Israelek, horietako bederatzi adingabeak, eta Hamasek hiru israeldar. Gazara laguntza humanitarioko 630 kamioi ere sartu dira.


Eguneraketa berriak daude