GARAILEEK GUREAN EZARRITAKO HERIO ZIGORRA


2021eko uztailaren 28an
Zarata mediatikoz beteriko garai nahasiotan, merkatu logiketatik urrun eta irakurleengandik gertu dagoen kazetaritza beharrezkoa dela uste baduzu, ARGIA bultzatzera animatu nahi zaitugu. Geroz eta gehiago gara, jarrai dezagun txikitik eragiten.
Herri oroimenerako nahitaezko harribitxi diren lan horietako bat eskaini berri digu Euskerazaintzak. "36'ko gudaldian su-izkillatutako idazle gazteak. Lauaxeta-Lurgorri-Josu Peña (Aitza)" da Euskeraren Erri Akademia deitu erakundeko partaideek, Mari Karmen Garmendia Kultura sailburu ohia eta beste hainbaten laguntzaz, elkarlanean egin duten liburu honen izenburua. Baina bertan, fusilatutako idazleei eta haiek eginiko lanei eskainitako tarteaz gainera, Gerra horretan garaile gertatutakoen esku heriotza jasan behar izan zuten era guztietako gizon-emakumeen berri ere ematen zaigu.


HAIN GERTU ETA HAIN URRUN.

Liburuak zenbaiten memoria lausotua eta beste askoren ezjakintasuna nahi ditu argitu. Horretarako, «Lauaxeta», Jose Mari Azkarraga Mozo «Lurberri» eta Jesus Peña «Aitza» idazle fusilatuei eskaintzen dizkieten atal zabalak alde batera utzirik, memoria astintzen lagun diezaguketen hainbat lanekin ekin diote bideari.

Hasiera gisa, Kortajarena'tar Andoniren "Gaztaro negargarria" dator, non Gerrara joan beharrean aurkitu zen 21 urteko gudari bati gertatutakoa agertzen zaigun. Beste asko bezala, bere borondatez bihurtu zen gazte hura gudari, garbi zeukalako nork zuen arrazoia, baina baita ere "bera ez bazan aurreratzen derrigorrean eramango" zutelako. Eta Gerra anker hartatik eta hura galdu ondorengo urteetan jasandakoetatik bizirik ateratzea lortu bazuen ere, bereak eta bi pasa ondoren izan zen.
Arrinda'tar Anesen "Ondarreta'ko fusilatuak" lanean, berriz, bere lekukotza eskaintzen du gizon honek, Gerra hasi eta gero Gipuzkoan gertatutakoa azaltzerakoan eta, besteak beste, Donostiako espetxe horretan lanean ari zen «guardia de asalto» baten ahotik entzundakoa kontatzen du: "Este mes (1936ko azaroa) hemos fusilado a dos mil" esan omen zuen hark, gaur euritsu dago esango balu bezala.

IDAZLE FUSILATUAK.

Nortzuk eta zenbat izan ziren 36ko Gerran Euskal Herrian fusilatutako euskal idazleak? Horixe omen zen Latxaga jaunak Euskerazaintzako batzarrean agertu zuen libururako asmoa. Baina lana aurrera eramateko orduan, arazo frankori egin behar izan zioten aurre. Horien artean, Atutxa'tar Paulek azaltzen duenari: "Ez dago euren bizibidearen arabera egindako izkillatuen zerrendarik". Horrez gain, Rodolfo Martin Villa Espainiako Barne ministro zela, Bilbo, Donostia, Gasteiz eta Iruñeko artxibo ofizialetatik berrogei urte lehenago fusilatu, urkatu edota garrotez hildakoen zerrendak desagertarazi omen zituzten…
Haatik, Euskerazaintzakoak ez ziren uzkurtu, eta liburuetan arakatuz edota Sabino Arana zein Sancho El Sabio bezalako fundazioetara joz, Gasteizko elizbarrutian "gorrien" garaian hil zituzten 47 apaiz eta erlijiosoen zerrendaz gainera, frankistek fusilatu, espetxeratu eta deserriratu zituztenena ere agertzen dute. Gai honen inguruan, gaur egun Euskerazaintzako buru den Olazar'tar Martinek -apaiza bera ere-, honako galderak egiten dizkio liburuan entzun nahi dionari: "Zergaitik dira santuak alde batekoak eta bestekoak ez? Zergaitik ez dagoz zoriondun edo deun izateko bidean Euskalerriaren alde bizia emon dabenak? Zergaitik da Santu-bidean onartzekoa 'Viva España' eta ez 'Gora Euzkadi Askatuta'? Zergatik ez santu izateko bidean amasei abade euskaldun eta Lauaxeta'ren antzeko ainbeste laiko abertzale? Edo Mujika'tar Mateo Gotzaiña, eraila izan ez arren?".
Atal honi loturik, Anes Arrindak, fusil tiroz hilko zuten Jose Ariztimuño «Aitzol» Bou itsasontzian harrapatu zutenekoa dakarkigu gogora. Aitzoli eginiko galdeketa zuzendu zuela-eta harro agertzen zen polizia batek, zera kontatu omen zuen handik gutxira, Arrinda tartean zen dozena bat soldaduren aurrean: "Galdetu nion, nazionalista izan al zara? Eta berak: Bai, jauna. Nik, orduan: nazionalista izaten jarraitzeko asmoa al duzu? Eta berak: Bai, jauna. Eman nion ostia bat!".

HERIO ZIGORRARREN LATZA.

"Euzkadi Franco'ren menpean: Bizkaiko ta Gizpukoako agiriak" atalean, probintzi horietan frankistek hil zituzten gizon-emakumeen zerrenda ageri da, eta jarraian, Nafarroako herrietan bizi izan zuten errepresioa eta haren ondorioz hilik gertatutakoena. Jelkide, sozialista, anarkista, ezkerreko errepublikarra, komunista edota alderdi zehatz batera lerratu gabea izan, ziurtatu ahal izan dituzten izen guztiak agertu dituzte Euskerazaintzakoek zerrenda horietan.
Ondoren, gudako espetxeratuen hitzak azaltzen dira, noiz hilko zain zeudenen mezu larriak eta espetxean luzaroragoko zeudenen gutun zabalagoak. Eta hain zuzen, atal horretan datoz Esteban Urkiaga «Lauaxeta»k Gasteizko Karmeldarren komentuan igaro behar izan zituen bere azken egunetan egindako irudiak eta idatzitako eskutitzak eta olerkiak ere, bere azken testamentua haien artean.
Jarraian, Mari Karmen Garmendiak osatutako "Emakume Abertzale Batza" lana, Mitxelena'tar Manuelen "Euskaldun izkillatuen azken mezuak zaintzen", Olazar'tar Martinen "Ogeta amaseigarren urteko guda eta elertia", eta 36ko Gerran hildako gudarien zenbaketa dituzue, besteak beste. Eta hortik aurrera, ehunen bat orrialdeetan zehar, Azkarraga eta Mozo'tar Jose Mari «Lurgorri»ren eta Jesus Peña «Aitza»ren bizitzak eta ahal izan zuten artean idatzi eta han-hemen plazaratu zituzten lanak jasotzen dira. Idazleak eta abertzaleak ziren biak, eta oso gazteak hil zituztenean: 21 urterekin fusilatu zuten «Lurgorri», Derioko hilerrian, eta 22 zeuzkan «Aitza»k, "desagerrarazi" eta bizia lapurtu ziotenean. Bata eta bestearen arteko ezberdintasuna idazteko erabili zuten hizkuntzan dago, Jose Mari Azkarragak ez omen zekielako ondo euskaraz eta bere jatorrizko lanak erderaz zeudelako. Atutxa'tar Paul arduratu da horiek guztiak euskaraz eskaintzen. Dena den, zeuden bezala argitara eman dituzten batzuk ere badira: «Lurgorri»k heriotzaren hurren zegoela idatzi zituen agur-gutun hunkigarriak. Haietako bat, 18 urte besterik ez izan arren herio zigorra ezarri zioten bere anaia presoari zuzendu zion.
«Aitza»ri buruz, berriz, honela dio berari buruzko azterketaren ardura hartu duen Latxagak: "Josu Peña'k erakutsiko digu, nola ez, gure literaturaren argitasuna ta illuntasunak argitara eramaten; ortxe ikusiko degu nolako indarra daukan iruzurrak ta zenbateraiño izan diteken kaltegarria. Gaiñera gazte onek erakutsiko digu, anai-arteko gudaren erroak nun dauden; bear bearrezkoa da guk danok ezagutzea".
Aretxabaletan jaioa zen Jesus Peña, eta herri horren Gerra aurreko giroari eskaintzen zaio lanean zehar tarte zabala, ahal delarik ere umore tantaz azaltzen dena. Horrelakoxea omen genuen «Aitza» bera ere, idazten zituen gauzetan umorea alboratzen ez zuen gaztea, harik eta 1937ko abuztuaren 29an Gerran izandako zauriak sendatu zain zegoen Santandergo Ospitaletik "desagertu" zuten arte. Alferrikakoak izan omen ziren bere familiaren ahaleginak haren gorpua non egon ote zitekeen jakiteko orduan. Haren heriotzaren berri, Asturiaseko frontean Francoren aldeko indarrekin borrokan aritu beharrean aurkitu zen anaiari eman zioten, antza, baina beste edonolako argitasunik gabe. Handik gutxira galdu omen zuen bizia anaiak ere, eta honela agertzen da liburuan seme biei hiletak egin ahal izateko haien amak garaiko apaizekin aurrera eraman behar izan zuen borroka: "Gure amak gogor egiten zien apaizei Joxeri elizkizuna egiten baldin bazitzaion Jesusen aldekoa ere egiteko, eta biei batera egin beharko zitzaiela gainera, eta bestela bati ere ez. 1937ko abenduaren 1ean izan ziren bion hiletak, eta hain zuzen ere, ondoko txartelean agertzen denez, merkeago Francoren aldeko frontean hil zenarenak, Joxerenak, Jesusenak baino"

Euskerazaintzaren nondik-norakoak
Euskaldun gara eta anaiak, ez etsaiak" zioen Latxaga jaunak "36'ko gudaldian su-izkillatutako idazle gazteak" liburuaren aurkezpenean. Eta jakina da Euskerazaintzakoek ez dutela euskara batua batere maite, eta are gutxiago harekin batera datorren «h» hizkia, baina liburu hau Euskerazaintzako ez direnekin elkarlanean egin dute, eta euskara batuaz doaz hainbat lan, Mari Karmen Garmendia eta Latxagari Aretxabaletako giroa eta «Aitza»ren bizitza eta lanak plazaratzen lagundu diotenen idazlanak, kasu: alegia L. Peñak, J. Atxak, Antxia'tar Aitorrek eta Joxe Iñaxio Salaberriak egin dituztenak.

Euskerazaintza, 1978an Euskaltzaindiak deituta Arantzazun egin zen euskararen inguruko Batzarraren ondoren sortua dugu. "Hamar urte ziren euskera batua sortuta zegoela. Eta nik beti euskera batu hori alboratu egiten nuen, ez ikasi eta ez ikusi, ez nuelako ontzat hartzen, arrazoi batzuengatik, euskera batu bat egitea bera ere", adierazten zigun Euskerazaintzako buru den Olazar'tar Martinek.
Ez zen bakarra horrela pentsatzen, Kardaberaz taldearen inguruan zebiltzan ehun eta berrogeita hamar bat idazlek ere gauza bera uste omen baitzuten. Eta euskara batuaren aldekoekin konpontzeko erarik aurkitu ez zutenez, Arantzazuko Batzarra amaitu aurretxu, beraietako bat aurreratu, eta denen aurrean hauxe esan omen zuen: "Zuek herriko euskeraren alde lan egitea nahi ez baduzue, guk herriko euskerarentzat Akademia bat sortuko dugu, eta orduan izango dira akademia bi: Euskaltzaindia eta Euskerazaintza".
Esan eta egin. Baina gaur egun Euskerazaintzan dirua omen dago urri. "Euskaltzaindiak, ostera, dirua dauka oso ugari -dio Olazar'tar Martinek-. Berak eduki ditzake behar diren beste langile ordainduta, seguru eta guzti. Baina guk ez dugu langile bat ordaintzeko ere, eta lan guztiak borondatez egin behar ditugu. Larrialdi batean aurkitzen gara. Nik 75 urte dauzkat oraintxe, eta gazteena izan naiz, orain etorri dena iritsi arte".
Gehitu berri zaiena gaztetan jubilatutako laguntzaile on bat dute, "lan asko eta ondo" egiten dituena. Bestelakoan, Bizkaian eta Gipuzkoan dituzte bazkide gehienak. Eta Iparraldean, laguntzaile pare bat oso onak. Azken batean, aurrera doaz: hilero egiten omen dute batzarra, eta hartzen dituzten lanak ondo bete.
Pozik daude ere, "36'ko gudaldian su-izkillatutako idazle gazteak" liburua jaso duen jendearen esker ona jasotzen ari direlako. Dagoeneko Txillardegik, Gotzon Garatek, Endrike Knör-ek, Davantek, Lizundiak, Euskaltzaindiak, Pako Aristik eta beste hainbatek idatzi omen diete


Azkenak
2024-11-30 | ARGIA
2025ean “larrialdi linguistikotik indarraldirako bideari ekiteko beharra” aldarrikatu du Kontseiluak

Euskalgintzaren Kontseiluak Larrialditik indarraldira adierazpena plazaratu du Euskararen Egunaren atarian. 2025a euskararen normalizazio eta biziberritze prozesua “noranzko egokian jartzeko urtea” izango dela adierazi du. Bide horretan, lehen eginkizuntzat jo dute... [+]


Zergatik Durangora joan abenduaren 7an?

Euskalgintzaren Kontseilua hizkuntza larrialdia bizi dugula ohartarazten ari da azken astetan. Urte dezente pasa dira euskararen biziberritze-prozesuaren egoera bidegurutzean, errotondan, inpasse egoeran eta antzeko hitzekin deskribatzen hasi zenetik, hizkuntza politikek... [+]


Iruñerriko hondakinak bilduko dituen Imarkoaineko gunea %33 garestitu da

Iruñerriko Mankomunitateak Imarkoaineko Hondakin Zentroaren proiektuaren aldaketa onartu zuen ostegun honetan eta, horren arabera, azpiegitura 2026ko urtarrilaren 21ean hasiko da lanean.


Tuterako alkateak aurrekontuak aurkeztu ditu talde neonazi baten abestiarekin

Estirpe Imperial da talde neonazia, besteak beste ezagun egin dena erabiltzen dituen letra faxista eta arrazistengatik.


2024-11-29 | Axier Lopez
EAJ, PSE eta PPk mendietako gurutze katolikoak babestu nahi dituzte “euskal kultura eta ohituren parte” direlako

Gipuzkoako Batzar Nagusietako Kultura Batzordeak, EAJ, PSE eta PPren aldeko botoekin, azaroaren 22ko bilkuran erabaki du Eusko Jaurlaritzari eskatzea azter ditzala “euskal kulturan hain esanguratsuak diren” gurutzeak eta haien inguruko “ohiturak”... [+]


Boikota Israelgo datilei (eta datil horiek saltzen dituzten supermerkatuei)

Israelek gosea erabiltzen du palestinarren aurkako gerra-arma gisa, eta nekazaritza-produktuak mundu osoan merkaturatzen ditu.<


2024-11-29 | Gedar
Etxebizitzarako eskubide unibertsala aldarrikatu dute Iruñean

Etxebizitza Sindikatu Sozialistak eta Harituk antolatuta, manifestazio bat izan zen ostegun arratsaldean Iruñeko Alde Zaharrean. "Etxebizitzaren negozioaren aurrean, eta hura sustatzen duten politikarien aurrean, etxebizitza eskubide unibertsalaren benetako defentsa... [+]


2024-11-29 | Estitxu Eizagirre
EH Bizirik sarearen manifestazioa martxoaren 22an Gasteizen
“Indarrak batuta soilik lortuko dugu makroproiektuen oldarraldi hau gelditzea”

EH Bizirik sarea makroproiektuen aurkako plataformen elkargunea da eta martxoaren 22an manifestazio nazionala deitu du Gasteizen: "Lekuko borrokez gain, esparru zabalagoan lan egitea ezinbestekoa dela jakitun, manifestazio honek sare osoari eragiten dien puntuak izango ditu... [+]


Gaindegiaren 20 urteko argazkia
Euskal Herriak biztanlerian, energian eta pobrezian gora egin du, CO2 isurketetan eta elikagaien kontsumoan behera

Hogei urte bete ditu Gaindegiak, Euskal Herriaren garapen sozial eta ekonomiko iraunkorrerako Behategiak. Horren harira, denbora horretan Euskal Herriak esparru horietan izan duen garapenaren berri ematen duen azterketa aurkeztu dute, eta datuok Europar Batasunekoekin konparatu... [+]


Komunikazio libreago baterantz

Azaroaren 21ean Errenteriako Torrekuan eta Badalaben egon nintzen "Komunikazio libreago baterantz trantsizioan" izeneko jardunaldian.


Eguneraketa berriak daude