Urretxu eta Zumarraga elkarrekin eta beharrean

  • Lehen aldiz bi ibilbide prestatu dituzte hurbilduko direnentzat. Kilometro hauetan bi herriak ezagutzeko aukera izango dugu.

2007ko otsailaren 21ean
Urriaren 6an Urretxu eta Zumarragara hurbilduko diren milaka euskaltzaleek eguna ahalik eta ondoen igaro dezaten, ikastolako ikasle, irakasle eta gurasoek gogor egin dute lan urte guztian zehar. Gainerako herritarrek ere hartu dute parte antolaketa lanetan, eta urriaren 6an euren laguntza ezinbestekoa izango da. Hain justu, antolatzaileek talde lanaren garrantzia azpimarratu nahi izan dute, eta "Elkarren beharrean" lelopean ospatuko da Kilometroak festaren 26. edizioa. Mezu honek, hainbat gauza aurrera atera ahal izateko auzolanak duen garrantziaz ohartarazi nahi gaitu, eta orain arte bezala, bai Urretxu-Zumarraga Ikastolak berak eta bai euskalgintzak guztion partehartzearen beharra izango duela aurrerantzean ere. Era berean, Euskal Eskola eraikitzeko gure herrietako eskola eredu guztiek elkarrekin lan egitea ezinbestekoa dela adierazi nahi du.


ERRONKA TEKNOLOGIKOEI AURRE EGITEA HELBURU

Igandean lorturiko dirua erronka teknologikoei aurre egiteko erabiliko du Urretxu-Zumarraga Ikastolak, teknologia berriek eskatzen dituzten beharrei erantzun ahal izateko ezinbestekoa baitu instalazioak eta baliabideak egokitzea. Horrez gain, Kilometroak 2002 euskara normalizaziorantz daraman bidean urrats garrantzitsua izan dadin nahi dute antolatzaileek, eta baita euskaraz bizitzea posible dela aldarrikatzea ere.


URTEAN ZEHAR IZANDAKO EKITALDIAK

Urriaren 6a baino lehen, Urretxu-Zumarraga Ikastolak hainbat ekitaldi antolatu du. Iazko abenduan, adibidez, Kilometroak 2002ren aurkezpen ekitaldian, moda desfile berezi bat burutu zuen. Logoa eta leloaz gain, ekitaldiaren arropa ere aurkeztu zuten antolatzaileek, eta jantziak jendaurrean erakusteko pasarela bat prestatu zuten. Haren gainetik ikastolako ikasleak eta herriko kirolari eta kultur elkarteetako kideak igaro ziren, horien artean Anjel Arrospide aizkolaria eta bertso eskolako lagunak. Gainera, Gorka Igartua ikastolako ikasle ohi eta Hasi Berriak telesaileko aktorea ere bertan izan zen, programako kide gehiagok lagundurik. Aurten, besteak beste, gastronomi lehiaketa, bertso-trama, Txotx Festa, Haurren Eguna eta herriko musikariek eskainitako kantu emanaldia antolatu dira.


ANTONIO CAMPOSEK EGINIKO LANA GOGOAN

Urretxu-Zumarraga Ikastolak 22 urtez Gipuzkoako Ikastolen Elkarteko lehendakaria izan den Antonio Campos omenduko du igandean. Camposek aurten utzi du bere kargua, eta 1980az geroztik Kilometroak guztietan izan arren, ez du sekula zinta moztu.
Hala, urte hauetan guztietan egin duen lanaren errekonozimendu moduan, Camposek besteei emandako aukera berari eskaini nahi izan diote antolatzaileek, eta berak inauguratuko du jardunaldia. Aldi berean, Ikastolak bere historian izan dituen lehendakari guztiak ere omenduko dituzte, eurek buruturiko lana baita ehunka lagunek eginiko esfortzuaren adierazle.


LEHEN ALDIZ, BI IBILBIDE

Kilometroen historian aurreneko aldiz, euskaltzaleek bi ibilbide izango dituzte aukeran, 9,5 kilometrokoa bat eta 7 kilometrokoa bestea. Eta hau zergatik? Bada, azalpena 1985eko edizioan bilatu behar da. Izan ere, duela hamazazpi urteko zirkuituaren puska handiena Urretxun zegoen, eta antolatzaileek kontuan izan dute hori. Hala, Zumarraga eta Urretxuko gune garrantzitsuenak lotu nahi izan dituzte aurten, Antioko baseliza eta Santa Barbara, hain zuzen. Hala ere, 9,5 kilometro hainbat lagunentzat gehitxo direlakoan, ibilbide motxago bat ere prestatu dute. Hau, aipatu arrazoiengatik, ez da Santa Barbarara iritsiko, eta l. gunetik zuzenean pasako da 4.era.
Ibilbidean kokaturik egongo diren bozgorailuek, bestalde, sarri eskainiko dute Kilometroak 2002ko kanta. "Elkarren beharrean" du izenburua, eta hitzak Arantxa Gabiriak eta Estitxu Sudupek idatzi dituzte. Estitxu duela gutxi desagerturiko Uga taldeko abeslaria zen, eta Urretxu-Zumarraga Ikastolako ikasle ohia da. Hitzei ahotsa jartzeaz eta musikaz ere bera arduratu da, eta Mendiaraz anaien txalaparta doinuak izan ditu lagun.


GUSTU ETA ADIN GUZTIENTZAKO EKITALDIAK

Kilometroak 2002ko ibilbideak dituen zortzi guneetan Zumarraga eta Urretxura hurbilduko diren lagun guztiak asetzeko moduko egitaraua prestatu da. Haur, gazte zein helduei eskainitako hamaika ekitaldi izango da egun osoan zehar: pailazoen emanaldiak, txotxongiloak, txiste kontalariak, bertso saioak, herri kirolak, goming-a eta abar luze bat. Dena den, urtez urte gertatu ohi den bezala, lagun gehien musika kontzertuek erakarriko dituzte, giroa bero-bero jarriko duten taldeak izango baitira urriaren 6an Zumarraga-Urretxun. Besteak beste, Etzakit, Sen, Alaitz eta Maider, Hira, Fits, Bide Ertzean, Kuraia eta Tapia eta Leturiaren emanaldiez gozatu ahal izango da. Tapia eta Leturiak emango diote amaiera, hain zuzen ere, Kilometroak 2002 festari, Zumarragako Euskadi enparantzan. Ondoren urtean zehar eginiko lanaren balantzea egiteko txanda helduko zaie Urretxu-Zumarraga Ikastolako kideei, eta Lazkaoko San Benito Ikastola, aitzitik, orduan hasi beharko da jo eta ke lanean, berari egokitu baitzaio hurrengo urtean Gipuzkoako ikastolen aldeko festa antolatzea.


GARRAIO PUBLIKOA ERABILTZEA GOMENDATZEN DUTE

Igandean Urretxu eta Zumarragara joango diren euskaltzaleek ahal izanez gero garraio publikoa erabil dezaten gomendatzen dute antolatzaileek. Horrela, Donostia ingurutik, Tolosaldetik, Goierritik edo Araba eta Nafarroatik joateko Renfek jarriko dituen tren bereziak erabil daitezke, eta Urola Kosta ingurutik bertaratzeko Eusko Treneko autobusak. Autobus pribatuek, bestalde, 2. eta 3. sarreren ondoan utziko dituzte bidaiariak eta, azkenik, autoan hurbiltzea erabakitzen dutenak 3. edo 4. sarreretatik gertu geratuko dira, Donostia, Goierri eta Nafarroatik joango direnak izan ezik. Horiek autoa bidean utzi beharko dute, eta bertan ibilbidera hurbilduko dituzten autobusak izango dituzte.


WWW.KILOMETROAK.COM

Kilometroak 2002ri buruz jakin beharrekoa www.kilometroak.com web gunean duzue eskuragarri: helburuak, ibilbidea, egitaraua, 1985eko ekitaldiaren inguruko datuak... Gunea hainbat argazkiz horniturik dago, eta besteak beste, aurtengo abestia jaisteko aukera eskaintzen du. Urretxu eta Zumarragako irudiak biltzen ditu, eta herrian euskarak duen egoera ere badu hizpide q

Aita Pasiotarren fruitua
Francoren diktadurak euskal kulturarekin loturiko ekimen oro debekatu zuen 1937ko gerra amaitzean eta egoerari aurre egiteko orduan, elizak babestu zituen euskaltzaleak. Urretxuar eta zumarragatarrek Aita Pasiotarren laguntza jaso zuten, eta 1947an euskal kultura suspertu zuen "Nekaldiaren Anaidia" elkartea sortu zen, gehienetan ezkutuan aritzen zena.

Urteak pasa ahala, ikastola bat sortzeko beharra ikusi zuten abertzaleek, eta horrela, 1966ko udaberrian Ikastola martxan jartzeko proiektu bat finkatu zen. ikastolak bi helburu zituen: haurrak euskaraz hezi eta, aldi berean, haur erdaldunak euskaratzea. Desioak errealitate bilaka ahal izateko, Aita Lizarraga pasiotarren buruak ikastola "Nekaldiaren Anaidia" elkartearen kultura sailaren barruan irekitzea onetsi zuen, eta gainera erlijiosoek Urretxuko Pagoeta auzoan zituzten egoitzak ikastolari utzi zizkieten.

1966ko urriaren 3an ireki zituen ateak Lourdesko Ama Ikastolak, gerora Urretxu-Zumarraga Ikastola izango zenak, eta 3 eta 6 urte bitarteko 88 haurrekin eman zituen lehen urratsak. Heziketa euskaraz egiteko testu eta metodologiak oso urriak zirenez gero, ikastolako irakasleek beraiek sortu behar zituzten.
Urteek aurrera egin zuten, eta Lourdesko Ama Ikastolako arduradunek ikastola irakaskuntza ertainera zabaldu behar zela ikusi zuten, 8. mailara arte egiten zuen lana jarraipenik gabe geratzen baitzen, inguruan ez zegoelako batxilergoa euskaraz eskaintzen zuen ikastetxerik. Hala, 1981. urtean Garaialde Lizeoak bere lehen pausoak eman zituen.


KILOMETROAK 1985

Urretxu-Zumarraga ikastolak Legazpiko Haztegi Ikastolarekin batera antolatu zuen 1985eko ekitaldia. Orduan ere urriaren 6an ospatu zen, eta data hori heldu baino lehen eta egun horretan bertan 1.500 lagun inguru aritu ziren lanean. Edizio hartako ibilbideak sei kilometro zituen, eta eguraldi zoragarria lagun, 50.000 euskaltzalek eman zioten itzulia. Orotara 210.354 euro baino gehiago jaso ziren, eta horietatik 96.161 euro geratu ziren etekin garbi moduan. Ordurarte Kilometroetan bildutako dirua herriko ikastolen beharrei erantzuteko erabiltzen bazen ere, 1985ean jatorriz erdaldunak ziren haurrek ikasketak euskaraz egin ahal izateko plangintza prestatzera bideratu ziren irabaziak. Horrela, Haztegi Ikastolak eta Urretxu-Zumarraga Ikastolak proiektu bana jarri zuten abian. Bigarren honek federazioaren eskolaurreko "Haurtxoa" proiektua egokitu zuen hasiera zikloan jarraipena izan zezan, eta irakasle batzuk liberatu ostean, 90eko hamarkada hasieran argitaratu ziren "Otsoko" hizkuntza eta ariketa liburuak prestatu zituzten.


IKASTOLA GAUR EGUN

1992an Aitor Zubizarreta eskoriatzarrak hartu zuen Ikastolako zuzendari kargua, eta oraindik berak jarraitzen du. 1993an Ikastolako Batzar Nagusiak sare kontzertatuan jarraitzea erabaki zuen eta bi urte geroago Kooperatiba Integrala bilakatu zen. Gaur egun hiru lerroko ikastola da eta 846 ikasle ditu: Haur Hezkuntzan 198, Lehen Hezkuntzan 328, Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzan 237 eta Batxilergoan 83. Bestalde, 600 bat familia batzen ditu, eta 75 lagunek egiten dute bertan lan. Urretxu-Zumarraga Ikastolako lehendakaria Maria Luisa Mujika da egun q

Aitor Zubizarreta
Aitor Zubizarreta
Urriaren 6an, 1985ean antolatu zenuten Kilometroak. Zergatik antolatu du berriro Gipuzkoako ikastolen aldeko festa Urretxu-Zumarraga ikastolak?

1985ean antolatu zenean ikastolaren erronka nagusia euskalduntzearena zen, eta horretarako dirua behar genuen. Egun, teknologia berrien munduan sartzea da gure xedea, eta ezinbestekoa da babes ekonomikoa.
Bestalde, kontuan izan behar dugu ikastolak zentzurik duela baldin eta guraso, langile eta ikasleek proiektua aurrera ateratzeko bat egiten badute. Neurri batean, Kilometroak antolatzea horren adierazgarri da, auzolanari esker hainbat gauza egitea posible dela erakusten baitu. Norberaren ekarpena diru kopuru bat ematera mugatuko balitz, osagai soziala galdu egingo litzateke. Dauzkagun beharrak kontuan izan behar ditugu, baina baita horiek lortzeko moduak ere.

Horregatik "Elkarren beharrean" leloa?
Bai. Batetik, globalizazioaren ideiaren aurrean, guk pertsona bakoitzaren nortasun propioa defendatu nahi dugu, baina baita besteekiko elkartasuna ere. Urretxu eta Zumarragaren kasuan adibidez, bakoitzak du bere nortasuna, baina hainbat gauza aurrera eramateko gai dira elkarlanean aritzeko. Urretxuk ez du zentzurik Zumarragarik gabe, eta alderantziz.
Bestalde, bere garaian guraso, irakasle eta ikasle guztien laguntza izan zuelako heldu da ikastola orain dena izatera; auzolana izan duelako oinarri. Elkartu beharra daukagu, eta are gehiago egun bizi dugun egoera politikoa kontuan izanik. Bakoitza bere aldetik joateak Euskal Herriari ez dio mesederik egiten.
Kilometroak antolatzen jarraitzea seinale ona ala txarra da?
Ez dut baloratzen ona ala txarra den. Kilometroak eta ikastolen aldeko gainerako festak oso txertatuta daude. Hainbat gauza aldarrikatzeko guneak izateaz gain, festa horiek elkar ikusi eta eguna jai giroan igarotzeko aukera paregabea eskaintzen dute. Euskaltzaleok horrelako mementoak behar ditugu. Helburu ekonomikoa hor dago, baina baita helburu sozial hori ere. Noski oraindik gauza asko daudela egiteko, eta Kilometroak festak lanean jarraitzea beharrezkoa dela jabetzeko balio du.
Kilometroak egunerako eta aurrera begira zer itxaropen duzu?
Kilometroak antolatzeak Ikastolako guztiok elkarlanean aritzea eskatu du, eta egunean bertan dena ongi atera dadin ezinbestekoa izango da gainerako bizilagunen nahiz beste herrietako jendearen laguntza. Urriaren 6an lagun horiek guztiak lanean gustura aritzea da nire desioa, eta hurrengo edizioetan ere lan egiteko prest egongo den jendea irtetea. Bestalde, ikastolak bizirik iraun behar du, eta talde lanak aurrerantzean ere jarraipena izatea gustatuko litzaidake. Ikastola bere ibilbidean basamortu bilakatzerik ez dut nahi, elkarlana ardatz izatea baizik. Nik uste dut urtean zehar lan egin duten horiek esperientzia baloratu eta etorkizunean ere bide horri jarraitzeak merezi duela ohartuko direla q


Azkenak
Omenaldia egin diote Txillardegiri, haren heriotzaren hamahirugarren urteurrenean

Hamahiru urte beteko dira asteartean, hilaren 14an, Jose Luis Alvarez Enparantza Txillardegi hil zela, eta hura gogoan, ekitaldi jendetsua egin dute Antiguako Gaskonia plazan. Urteroko legez, Txillardegiren senideak, lagunak eta euskaltzaleak elkartu dira bertan, Eta non du... [+]


2025-01-13 | Garazi Zabaleta
Urteaga-Urkulegi baserria
Barazki, fruitu eta haragi, dibertsifikazioa ekoizpenaren oinarri

Itsason (Gipuzkoa) elkarren ondoan dauden bi baserri dira Urteaga eta Urkulegi, duela zenbait urte elkartu eta proiektu bateratua martxan jarri zutenak. “Bi baserriak elkartu eta ekoizpen proiektua abiatu genuen, eta 2011tik dedikazio osoarekin ari naiz honetan”,... [+]


2025-01-13 | Jakoba Errekondo
Ezin usainik hartu

Sudurrak egia dio. Zaila da sudurra engainatzea. Usaimena saihestea ezinezkoa da. Sudurretik garunerako lotura bidearen ikerketa zirraragarria, liluragarria, zoragarria da makina bat ikerlarirentzat. Usainaren eta memoriaren arteko zubia azkarrena ez bada, bizkorrenetakoa bai... [+]


Bagera, gu ere bai, gu beti pozez... angulak ez hainbeste

Duela 180 milioi urte Pangea kontinentea zatitu zenerako ikasia zuen aingirak Thetis itsasoa zeharkatzen. Ordudanik kontinenteak mugituz joan dira, eta aingira espezieak ezberdinduz. Jatorrizko arbaso beretik bereizi diren 20 aingira espezieen artean, gurea da, ibai-aingira edo... [+]


Mundu berri onak

Gaizki erabilitako zorionak eta buklean errepikatutako urte berri on guztiak atzean utzita, berriz ere hasi da gurpila martxan –inoiz gelditu al da?– eta gu arnasa hartzen –edo horrelako zer edo zer–. Honetan ere artzaina izatea abantaila da, ardi-lanetan... [+]


2025-01-13 | Sustatu
Applek albiste-laburpenak asmatzen ditu inolako axolarik gabe

Adimen Artifizialarekin egindako disparateen biltegia handitzen ari da. Erabiltzaile arruntok sortutakoak txorakeriak izan daitezke neurri handi batean, baina Interneteko erraldoiak berak ari dira halakoak errepikatzen eta horrek larriagoa dirudi, eragin globala izan... [+]


2025-01-13 | Behe Banda
Barra warroak |
Goizegi al da nostalgiaz hitz egiteko?

Negua beti gertatu izan zait malenkoniatsu. Leihotik begira eta oroitzeko garaia, besterik ez. Udazkenaren eta udaberriaren tarteko burokrazia saihestezina, paramentu bertikal batean zuriz margotzea ostera gainean nahi dena islatzeko. Ez da nire kontua bakarrik, elurra bustia... [+]


Herritar uholdea preso, iheslari eta deportatuentzako behin betiko konponbidearen alde

Urte hasiera honetan ere Bilboko kaleak bete ditu Sare Herritarrak larunbatean Bilbon antolatutako manifestazioa. Presoei ezartzen zaizkien salbuespeneko lege eta tratamenduekin amaitzea eskatu dute amaierako ekitaldian, eta memoria “kolektibo” bat eraikitzea... [+]


PAIren biktima guztiak

PAIk sortutako biktimak ez dira bakarrik PAIren Legeak eragindako egonkortze prozesuari esker funtzionarizatutako irakasleak, baizik askoz gehiago. Batzuei nolabaiteko ikusgarritasun mediatikoa eman zaie Steilasek jarritako errekurtsoaren ondorioz; gehienak, alabaina, ikusezinak... [+]


Erriberarako kalitatezko trenbide zerbitzu publikoaren alde

Azken asteotan Castejón-Soria trenbidea berreskuratzeko eta Tuterako tren-geltokia gaur egun dagoen tokian mantentzeko edo, Nafarroako Erriberako hiriburuan Abiadura Handiko Trenaren ustezko geralekuak aitzakiatzat hartuta, hirigunetik kanpo beste bat egiteko... [+]


Ez goaz gerrara. Gerrarik ez, ez gure izenean!

Gerra Urte, Gezur Urte!

Horrela dio esaldiak eta horrela berresten du errealitateak.

Munduan eta Europan dagoen gerra-egoera, horren gorakada etengabea eta horrek Euskal Herrian izan dituen eta izango dituen balizko ondorioak aurreikusita, joan den abenduan hainbat... [+]


Laga hondartza leheneratzea

Laga hondartzaren ezaugarri naturalen leheneratzea duela hiru hamarkada abiatu zen, eta aurrera darrai etenik gabe, erlojuz kontrako lehengoratze mailakatuan.

Laga (Bizkaia) gune aparta da, natura eta gizarte ikuspegitik oso esanguratsua. Kostaldeko legeak eta Urdaibaiko... [+]


135 preso politiko daude eta 66 ateratzen dira kalera baimenen batekin

Larunbat honetan egingo da Bilbon euskal preso politikoen aldeko urteroko manifestazioa. Gero eta preso gutxiago dago, baina 2011n ETAk bere jarduera armatua eten zuenean inork gutxik irudikatuko zuen handik hamabost urtera oraindik gatazka haren ondorioz espetxeratutako... [+]


Lortu da. Lortu duzue! Lortu dugu. Zorionak eta eskerrik asko

Hainbeste urte borrokan horren atzetik ibili ondoren, 34 urte, hain zuzen, oso pozik gaude orain egun batzuk, abenduaren 28an Inuzente egunean, Iruñean, Nazioarteko Euskal Pilota Federazioak antolatu zuen batzarrean hartu zen erabakiagatik. Zeren ondo bidean,... [+]


Eguneraketa berriak daude