DOINUZ BETERIKO KAXA


2021eko uztailaren 19an
Leihotik begira plazaren erdira, Arraldeko bira...". Gaueko hamarrak aurtxoan Euskal Herriko etxe askotan esaldi kantatu honen zain egon ohi dira milaka telebista ikusle. Harrigarria da, buruak zein neurritarainoko ahalmena duen, doinu jakin bat egoera jakin batekin lotzeko, kasu honetan, telebista saio batekin identifikatzeko.

Telebista saiorik gehienetan dauka musikak nolabaiteko txokoa. Albistegien kasuan, normalean, hasierako sintoniara mugatzen da. Telesailetan, sintonia horretaz gain, eszena batetik bestera pasatzeko bidea ere markatzen du musikak. Dokumentaletan, ordea, protagonismo eta esanahi zabalagoa har dezake, hitzak toki gehiago uzten baitio.
Musika horren jatorria ez da beti berdina izaten. Badira, musika originala erabiltzen duten saioak. Kasu horietan, musikari bati eskatzen zaio doinu horiek konposatzeko. Iñaki Salvador musikagileak, esaterako, «Jaun ta Jabe», «Bi eta Bat», «Maite» edo «Ertzainak» bezalako telesail arrakastatsuetan entzun diren melodiak egin ditu. Berak dioenez, saioaren arduraduna musikariarengana gerturatzerako, ideia argi xamarra izan ohi du. Programaren izaera erabat diseinatuta egoten da eta horren araberako musika eskatzen zaio. Benetako lana, ordea, irudien gainean egiten da. Telesaila, erabat muntatuta dagoenean hartzen du musikariak eta horren gainean egiten du konposizioa. Salvadorrek dioenez, "zuzendari artistikoekin etengabeko harremana izan ohi da eta zinta ematen dizutenerako, musika zein zatitan behar den esaten dizute eta hori ongi etortzen zaigu guri, erreferentzia bezala".
Funtzio desberdinak betetzen ditu musikak telebista saio baten barruan. Hasierako doinua izaten da, oro har, jendeak gehien barneratzen duena. Musika entzutearekin batera, ikusleak saio jakin bat burura ekartzea lortu behar dute lehenengo notek. Horregatik saiatzen dira arduradunak musika eranskor bat egiten.
Behin programa hasitakoan, toki eta betebehar desberdinak izan ditzake musikak. Memento batzuetan, erabateko protagonismoa bereganatzen du. «Sorginen Laratza» saioan, esaterako, sarritan kantatzen dituzte euskarazko kanta ezagunak. Une horietan, arreta osoa musikaren gain dago. Aitor Furundarena musikaria aritu izan da kantariek doinu horiek kanta ditzaten, oinarriko musika prestatzen.
Furundarenaren denborarik gehiena, ordea, «Betizu» haur saioak irensten du azken aldian. Euskal Telebistako programazioan, haur saioek toki zabala dute gaur egun eta «Betizu» da saio nagusienetako bat. Saio honetan gainera, musikak aparteko garrantzia du, protagonista diren behitxoek musika talde bat osatzen dutelako.
Arreta handia bereganatzen duten kantu horietaz gain, ordea, musikak janzten dituen beste une asko daude. Karaoke lehiaketa egiten denean, esaterako, oinarriko musika prestatu beharra izaten da. Saioko atal batetik bestera pasatzeko ere, beharrezkoak izaten dira rafaga motzak.
Kasu horietan, Furundarenak dioenez, "musika ez da protagonista. Laguntzaile lana egiten du eta irudiak berak garrantzia gehiago dauka".
Arrakastatsu den beste haur saio bat «Altza Porru» da, Txirri Mirri eta Txiribiton pailazoen programa. Kasu honetan, pailazoen kantuak dira saioan zehar entzuten direnak.
Bestelakoa da musikak dokumental batean izan dezakeen funtzioa. Pascal Gaignek telebistarako azken aldian lan gutxiago egin du, erritmo bizi horretan eroso sentitzen ez delako. Alberto Iñurrategi mendizaleak zuzentzen duen "Oinak Izarretan" dokumental sortarako doinuak egitea onartu zuen, ordea, orain gutxi "arduradunen aldetik zerbait duina egiteko interesa ikusten nuelako". Dokumentaletan, musikak toki gehiago izan ohi du normalean. Hitzak pausatuago etortzen dira eta irudiak ikusteko garaian, lagungarri izan behar du melodiak.
Pascal Gaignek beti irudien gainean lan egiten duela dio, irudi bakoitzari ondo datorkion doinua jarriz. "Eskalada hutsezko irudi batzuk badira, pop doinu biziak datozkio ondo. Himalaya inguruko bizimoduari buruz hitz egiten denean, ordea, erritmo eta doinu etnikoagoak sartzea komeni izaten da".

Musika tresna gutxi.

Musika konposatuta dagoenean, grabatu beharra etortzen da. Horretarako, ordea, ez da normalean bitarteko gehiegirik izaten. Benetako instrumentu gutxi erabiltzen dira, denerako musikariak kontratatzea garesti irteten delako.
Horregatik bihurtu da lan hauetarako ezinbesteko ordenagailua. Bizitzako beste esparru askotan bezala, musikarenean ere ordenagailuak eta teknologiaren aurrerapenak sartu dira. Musika konposatzeko erraztasunak jartzeaz gain, kostuak merketzea ekarri du honek. Orain urte batzurekin alderatuz, errazagoa da orain musikari batentzat etxean estudio bat izatea. Diru eta toki gehiegirik gabe egin omen daiteke.
Aldi berean, ordenagailu eta teklatuek aukera ematen dute edozein musika tresna imitatzeko. Azken emaitza, ordea, ez da inola ere berdina. Saxofoi baten doinua behar bada, ordenagailu bidez sortutako saxofoi hotsa eta benetako saxofoi batena, elkarrengandik urruti daude.
Aitor Furundarenak dioenez, "kalitate kriterio oinarri batzuk jartzen ez badira, azken emaitza kaxkartu egin daiteke. Produktoreek beti ordenagailu bidez musika egitea nahi badute, asko jaitsi daiteke kalitate maila. Nire kasuan, duintasun bat mantendu dugu denok. Zerbaitetarako benetako musika tresnak erabiltzea komeni zela iruditu zaidanean, produktoreek errespetatu izan dute".
Iñaki Salvadorrek «Ertzainak» telesaila gustura gogoratzen du. Gutxitan bezala lan egin ei zuen, bitarteko gehiagorekin eta detaileak zainduz.
Erabiltzen diren musika tresnak edo ordenagailu bidez imitatu ohi direnak saioaren araberakoak dira beti. Dokumentaletan, gehienbat musika mantsoak behar izaten dira, hitzen lokuzio lasaiarekin eta irudien joanarekin bat datozenak. Kasu hauetan, orkestra sinfoniko batean erabiltzen diren musika tresnak imitatzen dira askotan ordenagailu bidez.
Beste saioetan, musika biziagoak izaten direnez, musika tresna modernoagoak erabiltzen dira. «Betizu» saioan esaterako, behitxoek gitarraz, bateriaz, teklatuz eta baxuz osaturiko musika talde bat dute. "Musika egiteko erabiltzen ditugun edo ordenagailuz imitatzen ditugun tresnak ere horiek dira", dio Aitor Furundarenak.

Azkar mesedez.

Aurrekontua mugatua izateaz gain, bada telebistarako lan egiten duten musikariek izaten duten beste amesgaizto bat: presa. Oso erritmo bizian lan egiten da. Telesail askotan, egunean kapitulu bat grabatu behar izaten da eta horrek parte hartzen duten agente guztiei eragiten die, baita musikariei ere.
Iñaki Salvadorrek, atzera begiratu eta hainbat telesailetako esperientzia ikustean, denborak eragindako larritasuna oroitzen du. "Astero emititzen zuten telesail batean, aste bateko kapitulua telebistan ikusten nuen eta biharamunean jasotzen nuen hurrengo asteko atala. Hiru edo lau egun besterik ez genituen izaten, musika konposatu, grabatu eta telesailean sartzeko".
Hain azkar ibiltzea ez zaie oro har musikariei gustatzen. Pascal Gaignek dioenez, "dinamika makur batean sartzen zara konturatu gabe. Ez duzu ezertarako denborarik izaten eta doinuak txurroak bezala egiten dituzu. Azkenerako bost axola zaizu dena eta nik uste dut musikariaren lanak ez duela horrelakoa behar. Horregatik saiatzen naiz telebistarako ahalik eta gutxien lan egiten".

Doinu original gutxi.

Komeriak izaten dituzte musikariek askotan, telebista saioetarako doinuak konposatzeko. Baina ez da beti horrela izaten.
Telebistan gero eta gehiago erabiltzen dira, "liburutegi musikalak". Era desberdinetako musika biltzen dute disko hauek, egoera desberdinetarako balio duena. Doinu luze edo motzak; alaiak, tristeak edo beldurrezkoak; estilo desberdinetakoak... Argitaletxe jakinek kanpoan egindako musikak dira hauek, egoera desberdinetarako balio dutenak eta telebista ekoizleei, denbora eta dirua aurrezten laguntzen dietenak. Era honetako diskoen berezitasuna egile eskubideetan datza. Telebista saioaren ekoizleek, ez dute horrelako diskoetan egile eskubiderik ordaindu behar izaten eta horregatik merkeago ateratzen zaie. Nahikoa dute beraien beharretara egokitzen den musika bat aurkitzea. Musikariek diotenez, ordea, inola ere ez da lortzen musika originalarekin lor daitekeen emaitza. Pascal Gaigneren esanetan, "saio baterako espreski egin den musikak, zigilu pertsonala ematen dio saioari berari, nortasun gehiago izaten du".
Itxura denez, era honetako diskoek musika ekoizpenari eragin diote. Iñaki Salvadorrek, esaterako, gaur egun, telebistarako orain hamar urte baino askoz ere musika original gutxiago egiten dela uste du. "Azkar egin nahi dira gauzak eta merke. Musika originala egon badago, baina lehen baino gutxiago. Mimoarekin lan egitea falta da telebistan"


Azkenak
Maiatzaren 10ean Sorionekuak ekimenak zubi eta ate zeharkatuko ditu euskara nafar guztiona dela aldarrikatzeko

Goizez Nafarroako zubirik esanguratsuenak jendez beteko ditu Sorionekuak dinamikak. Arratsalderako mobilizazio herritarra deitu dute Iruñeko Kostarapea parketik Alde Zaharreko Takonera parkeraino.


Udalek espresuki euskaraz jardutea baliogabetu du Gorenak

EAEko udal legearen euskararen arloko zenbait artikuluren aurkako epaia eman zuen Justizia Auzitegi Nagusiak 2023an, eta orain Gorenak berretsi du. Eusko Jaurlaritzak ez du garaiz aurkeztu epaiaren aurka egin zezakeen helegitea.


2025-04-11 | ARGIA
Lekeitioko musika bandaren zuzendariak jazarpen salaketak jaso ditu

Lekeitioko Udalak jakinarazi du bandako zuzendariak tratu txarrak eman izana jaso dutela, hainbat testigantzaren bidez. Udalak azaldu du, Eusko Jaurlaritzaren aholkuak jarraituta, hainbat pauso eman dituztela, besteak beste, zuzendariarekin hitz egin, eta testigantzak jaso... [+]


Turismo bidaiak antolatu ditu Israelgo Armadak Siriari lapurtutako lurretan

Zibilentzat antolatutako txangoak igande honetatik aurrera egin ahal izango dira, printzipioz astebetez, eta egunero bi ateraldi antolatu dira. Sarrerak berehala agortu dira.


Erdi Aroko emakume kopistak

Orain arte uste izan dugu Erdi Aroan eta inprenta zabaldu baino lehen liburuak kopiatzeaz arduratu zirenak gizonezkoak zirela, zehazki, monasterioetako monjeak. 

Baina Bergengo (Norvegia) unibertsitateko  ikerlari talde batek ondorioztatu du emakumeak ere kopista... [+]


Italiar sukaldaritza ez da existitzen

Florentzia, 1886. Carlo Collodi Le avventure de Pinocchio eleberri ezagunaren egileak zera idatzi zuen pizzari buruz: “Labean txigortutako ogi orea, gainean eskura dagoen edozer gauzaz egindako saltsa duena”. Pizza hark “zikinkeria konplexu tankera” zuela... [+]


Salaketa jarriko du Ertzaintzaren tiro baten ondorioz barrabila galdu zuen gizonak

Ospitaletik irten eta berehala prentsaurrekoa eman du Iker Aranak, Errekaldeko gaztetxearen aurrean. Gaztetxearen desalojoan ertzainek "neurrigabeko indarkeria" erabili zutela salatu du, eta salaketa hurrengo egunetan aurkeztuko du.


Aposapo + Mäte + Daño Dolor
Hutsuneak

Aposapo + Mäte + Daño Dolor
Noiz: apirilaren 5ean.
Non: Markina-Xemeingo Akerbeltz Gaztetxean.

---------------------------------------------------------

Erosketetarako orgatxoa barazkiz beteta egin dut gaztetxerako bidea, eta haiek mozten eman dugu iluntzea... [+]


2025-04-11 | Estitxu Eizagirre
Bertso eta pilota zaleentzat saio berezia Zumarragan larunbatean

Gipuzkoako Euskal Pilota Federazioak 100 urte betetzen ditu aurten. Ospatzeko antolatu dituen ekitaldien artean dago apirilaren 12an Zumarragan egingo den bertso saio berezia. Pilotari bat arituko da gai-jartzen, eta pilotarekin harremana duten Gipuzkoako lau bertsolari kantuan... [+]


2025-04-11 | El Salto-Hordago
“Gatazka eta abusua ez dira gauza bera”, feminismoko eztabaidei heltzeko

Laura Macayaren liburua ekarri du euskarara Katakrakek. Amaia Astobizak itzuli du, feminismoaren baitako eztabaidak ireki eta beste begirada batzuetatik ekiteko helburuarekin.


Palestinaren alde mobilizatu diren 300 ikasleri bisa kendu diete AEBek

Palestinaren aldeko manifestazioetan parte hartzen duten atzerriko ikasleak kanporatzea baimentzen duen dekretua izenpetu zuen urtarrilaren 30ean AEBetako presidente berriak. Orduz geroztik ikasleen bisen baliogabetzeak errepikatzen dabiltza.


2025-04-11 | Irutxuloko Hitza
Helena Tabernak irabazi du Giza Eskubideen Zinemaldiko Saria

Helena Taberna zinegileak jasoko du aurten Donostiako Giza Eskubideen Zinemaldiaren Saria. Sariaren entrega ostiralean, apirilak 11, 20:00etan Viktoria Eugenia Antzokian ospatuko den bukaera emanaldian izango da.


Eguneraketa berriak daude