Oraintsu egin du nekazari-abeltzainen EHNE sindikatuak IV. Kongresua, Arabako Agurain herrian. Krisialdi gogor samarra izan du azken hilabete hauetan, eta, hain zuzen, krisia gainditzen eta beste aldi bati ekiteko bidea jartzen ahalegindu da. Maite Aristegik, azkeneko idazkari nagusiak, bere burua hautagai gisa ez aurkeztuta utzi zuen kargua. Patxiku Irisarri nafarra bakarrik aurkeztu zen idazkari nagusi izateko, eta huraxe hautatu zuen batzarrak aurrekoa ordezteko. Kongresuko 182 botoetatik 119 bereganatu zituen Irisarrik. Zuzendaritza Batzorde berriak, berriz, 173. Berrehun bat ordezkarik parte hartu zuten, bada, EHNE sindikatuaren IV. Kongresuan, 6.790 bat afiliaturen izenean. Idazkari nagusi berria, haren gidaritzapeko zuzendaritza berria eta antolamenduzko beste eredu bat tarteko, bere burua batzeko ahalegina egin nahi du nekazari-abeltzainen euskal sindikatuak, hau da, alde batera utzi nahi du azken boladako barruko krisia.
Bederatzi lagunek osatzen dute sindikatuko zuzendaritza: Patxi Irisarri idazkari nagusiak eta Hegoaldeko lurralde bakoitzeko bina ordezkarik. Lurraldeetako ordezkariek IV. Kongresuaren aurreko lanetan lortu zuten onespena, eta, horrenbestez, kontsentsuzko hautagaiak izan ziren kongresuko egunean. Ondoz ondo, hauexek dira lurraldeetako ordezkariak: Arabako Felix Ajuria eta Iñaki Fernández de Larrea, Bizkaiko Unzaluz Salterain eta Arantxa Arrien, Gipuzkoako Alberto Aldasoro eta Eneko Carrera eta Nafarroako Fermin Iragarai eta Natxo Larrainzar.
BARRUKO BESTE ANTOLAMENDU BAT. IV. Kongresuan, barruko beste antolamendu bat erabaki du EHNE sindikatuak. Organo konfederatuen eta dagozkien arduradunen egitekoak indartzearen alde egin du, eta, beste ezeren aurretik, EHNE bere osoan ordezteko eskakizuna ezarri die kargudunei. Sindikatuak jasan duen barruko krisia da, funtsean, deliberamendu horien arrazoia. Ikusi denez, antolamenduzko eredua zen bat ez etortzeen iturri nagusia, eta, hain zuzen ere, lurraldeetako erakundeen arteko diferentziek atzeratu zuten IV. Kongresua. Barruko negoziazio prozesu luze baten ondorioz erabaki dute azkenean antolaketa berria. EHNEren barruko batasuna indartzeko apustua da, eta IV. Kongresuak hautatu idazkariak publikoki eman du egiteko horretan aritzeko hitza.
Aurrekoarekin batera, EHNEren izate beregaina, unitarioa eta nekazari guztien parte-hartzearen aldekoa berretsi du Kongresuak. Bestalde, zuzendaritzako organoak, sektoreak eta areak gehiago dinamizatzeko erabakia eta horretarako behar adina giza baliabide eta baliabide material izendatzekoa ere hartu ditu.
Laborantzako politikaren ponentzia eztabaidatu zuten, berebat, IV. Kongresuko ordezkariek. Nekazaritza Politika Bateratuak (PAC) Europako Batasunean zer ondorio dituen aztertu zuten, eta programa hori berritzeko eskaria nagusitu zen. Ordezkarien iritziz, honako alde hauek lehenetsi beharko lituzke programak: Europako produkzioa, gizartearen eta laborarien zerbitzuko jarduna, nekazaritzako enpleguaren defentsa, prezio etekindunak eta bidezkoak eta jakien segurtasuna. Ildo berean, landaguneak garatzeko politikak indartzeko premia eta lurra zaintzeko nahiz babes sozial duina lortzeko beharra azpimarratu zituzten.
Nekazari-abeltzainen EHNE sindikatuak ondo markatu zuen bezala, gogoan izan behar dugu ezen Euskal Herrian 17.000 laborari pasatxok bakarrik kotizatzen dutela Laborantzako Gizarte Segurantzan eta urtero %4 murrizten dela kotizatzaileen multzoa. Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan gertatzen da galera handiena: gorabehera larriak daude lurralde horietan, belaunez belauneko aldaketa ziurtatzeko. Kontuak horrela, belaunaldiak uztartzen laguntzeko konpromisoa eskatu die EHNE sindikatuak administrazio autonomikoei. Erakunde horren ustez, intzentiboak behar dira, gazteek gurasoen lurrak lantzen jarrai dezaten eta hiriaren truke utz ez ditzaten.
ELB ETA EHNE-REN ARTEKO HARREMANEN SENDOTZEA. Laborantzaren arloan Ipar Euskal Herrian ere antzeko beste sindikatu bat badela agerian jartzeko balio izan du EHNE sindikatuaren IV. Kongresuak: ELB sindikatua, hain zuzen. Erakunde horretako Christian Arroset kidea gonbidatu izan zen kongresuan, eta, jendaurrean adierazi zuenaren arabera, ELB sindikatuak "bere haurride nagusiarekiko" harremanak sendotzeko ahalegina egingo du. Ildo berean, GOAG koordinakundeko Eduardo Navarro idazkari nagusiak, hots, laborantzako erakundeen Espainiako estatu-mailako koordinakundearen ordezkariak, gogoz goraipatu zuen EHNE sindikatua. Arduradun horren aburuz, euskal sindikatuaren errebindikazioko lana eredu da gainerako sindikatuentzat.
Gonbidatu gisa, Eusko Jaurlaritzako Nekazaritzako eta Arrantzako sailburua den Gonzalo Saenz de Samaniego ere agertu zen kongresura: instituzioetako eta sektoreetako solaskideen arteko elkarrizketa defendatu zuen, betiere eraikitzea eta ahal dela inor ez baztertzea xede izanik. Kargua hartu berritan konpromisoak eta asmoak aurkeztu zituenean, sailburu horrek berak erabat lehentasunezko jo zuen nekazaritzako sektore produktiboa gaztetzea, zeinek, bestalde, eskakizun baititu laborarien autoestimuaren sendotzea eta landa lurren defentsa. Eta, belaunez belauneko aldaketa sustatze horretan, dagoeneko ari omen dira bere departamentuan "Nekazari Gazteen Plana" izenekoa lantzen.
KARGUAK UTZI ZITUZTEN ARISTEGIK ETA MARAÑONEK. IV. Kongresuko gorabeherei gagozkiela, eta bukatzeko-edo, esan dezagun Maite Aristegik batzar horretan utzi ziola idazkari nagusi izateari. Betetako karguaz ari zela, adierazi zuen "benetako unibertsitate" gertatu zitzaiola: "Laborantzako beste politika modu bat posible dela ikasi dut , hurrengo gazte belaunaldiek ustialekuei eusteko bidea emango duen beste jardunbide bat". Gaineratu zuenez, horretarako beharrezkoa da administrazioen bermea, baita alderdi politikoena, sindikatuena eta mugimendu sozialena ere. IV. Kongresuan erabakitako egitura antolamenduzkoaren ondorioz, Aristegik berea bezalaxe, Manu Marañonek ere utzi egin du EHNEko koordinatzaile postua. Urte askotan jardun du lanean sindikatuan, eta hainbatetan polemika sortu izan du bere gestioak. Idazkari nagusi ohiak eskertu egin zion kudeaketa, eta adierazi zuen denborak emango duela lankide militante horren aldeko epaia
Sintrabi gabe bada ere, HIRUk Euskal Herriko garraiolari autonomoen sindikatu bilakatu nahi du
Prozesuak aurrera jarraitzen badu, litekeena da euskal garraiolarien HIRU sindikatua irailean bertan bilakatzea Euskal Herri osoko garraiolari autonomoen sindikatu. Nolanahi ere, litekeena da, halaber, Sintrabik, Bizkaiko garraiolari autonomoen sindikatuak, zeinek baitio sektore horretan berak duela ordezkari gehien Bizkaian, bere kabuz funtzionatzen segitzea. Horrela gertatuko balitz eta oraingo afiliazioari eutsiko balio, HIRUren ordezkaritza aski murritza izango litzateke Bizkaian.
Ondoko bi alderdi hauetan funtsatzen dute Euskal Herriko sindikatu konfederatu baten beharra: munduaren globalizazioa eta merkantzien mobilitate handiagoa ekarriko duten merkatuek determinatuko duten garraioaren hazkundea. Eta, nola Euskal Herria garraioko ardatz estrategiko baten barruan baitago, asmatu egin behar da egoera aprobetxatzen.
Ez da bart gaueko kontua HIRUren Euskal Herriko garraiolari autonomoen sindikatu bihurtzeko nahia, duela urte batzuk hasi baitzen gerora hainbat eratako trabak izan dituen prozesua. Behaztopak behaztopa, 2000. urtearen amaieran konprometitu ziren arduradunak egitasmoa behin betikoz gauzatzera. Azken hilabete hauetan, estatutuen zirriborro bat aztertzen aritu dira, eta, oraindik ere, gaia eztabaidatzen eta proposamenak osatzen dihardute. Araban eta Gipuzkoan, joan den ekainean jo zuten ontzat estatutuen zirriborroa. Bizkaian, Ipar Euskal Herrian eta Nafarroan, aldiz, erabakirik hartu gabe zeuden garai horretan.
Estatutuen zirriborroan jaso dutenaren arabera, Euskal Herri osoko garraiolari autonomoen sindikatu bilakatuko da HIRU sindikatua, eta, izatez, "demokratikoa, parte-hartzailea, aurrerakoia, solidarioa eta euskaltzalea" izan nahi du. Ideologiaren edo printzipioen atalean, lan harremanetako euskal esparrua eta Euskal Herriaren autodeterminazio eskubidea ageri dira, besteak beste. Dokumentu bereko datuekin segituz, erakunde konfederatu berriak helburu hau izango du Euskal Herri osoan: "garraiolari autonomoen batasuna finkatzea eta indartzea eta ororen artean, behingoz, behar dugun eta hain luze desiratu dugun etxea eraikitzen bukatzea".
HIRU sindikatuak Euskal Herriko garraiolari autonomoen sindikatu bilakatuz egin nahi duen aldaketa kopernikanoa bada ere, eragozpen handiak izango ditu Bizkaiko garraiolari autonomoen ordezkaritza bereganatzeko, zeren, egungo egunean, Sintrabi baita sektoreko sindikatu nagusia. 1991. urtean, EAEko garraiolari autonomoen hiru sindikatuek -Sintrabik, Sintragik eta Sintrarabak- HIRU Federazioa abian jartzea deliberatu zuten. Bizkaiko sindikatuak jokatu izan du uzkurren, hiru sindikatuen batasunaren kontuan. 1999an, liskar gogorrak gertatu ziren Sintrabin. Orduko hartatik, beste zuzendaritza baten osatzea, Egasen sorrera eta Jon Mikel Abellanal lider nagusiaren kaleratzea segitu ziren. HIRU federazioak, berriz, 2002ko apirilean erabaki zuen Sintrabi kanporatzea.
Sintrabik, ordea, aurrera egiteko asmoa du. Horrela gertatzen bada, HIRU sindikatuari Bizkaiko garraio autonomoaren ordezkaritza bereganatzea kostatuko zaio, zeren, aldaketa handirik ezean, Sintrabik dauka sektorean afiliatu gehien. Bizkaiko sindikatu horren arabera, Bizkaian berek daukate sektoreko ordezkaritza, 2.000 afiliatu inguru baitituzte guztira