«ABERTZALEOK IDEOLOGIKOKI SOBERA AITZINATU GARA»


2021eko uztailaren 19an
Hiriburu lekune estrategikoa da garraioari dagokionean. A63 (Baiona-Bilbo) eta A64 (Baiona-Okzitaniako Tolosa) autobideak bertatik iragan dira. Laburrean bada ere, datozen urteetan eraikiko diren azpiegiturei buruzko iritzia eman digu auzapez honek: «Gaia konplexua da eta hainbat mailetan garatu beharrekoa. Erabakiak ez dira Herriko Etxeetan hartzen, hau da, udaletxeek ez ditugu hautatzen garraioa bideratzeko eraiki beharreko azpiegitura motak. Heldu diren urteetan funtsezko erabakiak hartuko dira, baina Frantzia eta Espainiako estatuek eta Europak orobat hartuko dituzte». Alain Iriartek trenbidea lehenesten du, baina horretarako dirua behar dela, eta funtsean, dirua estatuen eskuetan dagoela erran digu. Bien bitartean, A63 autobidea zabaldua izanen dela erran digu: «Egin beharreko lana da, seguritate arazoak baitaude, baina beste autobide bat egin gabe. Oraingo autobidea zabaltzen bada ingurumena errespetatu beharko litzateke, lanak tokian tokiko Herriko Etxeekin eta elkarteekin aztertu beharko lituzkete lehenik, baina, egia erran, orain arte ez dute hori egin. Kostaldeko Herriko Etxeek prefetari helegite bat igorri diogu kari horretara. Informazioa eskatu diogu eta zabaltze obrak egiteko gure iritzia kontuan har dezaten».

Herrigintzaz aritu gara hastapenean eta honi buruzko solasaldiaren zati handiena koadro batean paratu dugu. Jarraian, politika orokorrari buruzko elkarrizketa doa.

Batasuna sortzearekin zatiketa eman zen ABn. Zer gogoeta egin duzu duela urtebete izandako gertaeraz?
Zatiketa hau ez da lehena izan eta ez da azkena izanen. Zatiketek ez dute abertzaletasuna laguntzen, baina beharrezkoak dira jarrerak argitzeko. Batasuna eta ABren arteko zatiketa, Iparralderako estrategian ez garelako ados eman da, ezta Hegoaldeko egoeraren azterketan ere. Zatiketak, halaber, eztabaida izan dela erran nahi du, eta egunen batez, menturaz, bilduko gara.
Iparraldeak aitzina egin behar badu, Batasunaren jarrerak ez dira egokiak Iparraldean. Nire ustez, abertzaleok ez dugu gobernuei begira politika egin behar, haiekin negoziatzeko gisan. Ez dut uste hori aitzinatzeko bidea denik. Alderantziz, guk herritarrengana joan behar dugu eta haiekin mintzatu. Herri Taldeen eta EMAren espiritua hori izan zen, eta ABk bide hori segitzen du orain.

Batasuna legez kanpo gelditu da Hegoaldean. Zein neurrian eragin dezake Iparraldeko politikagintzan?
Lehenbizi, Hegoaldean gertatzen ari dena biziki larritzat jotzen dut. Espainiako Gobernuak eta Justiziak egin dutena ezin onartuzkoa da, Batasunaren legez kanporatzea ez da demokratikoa.
Maleruski, hemengo jendea ez da horretaz ohartzen, Iparraldeko euskaldunak oso urrun daude Hegoaldeko errealitatetik. Hango egoerak ez du batere baldintzatzen hemengoa, muga alimalea dago bi aldeen artean. Orduan, ez dut uste erabakiak hemengo politikan eragiten duenik edo ABren ibilbidea trabatzen, mementoz ez behintzat.

Udalbiltzako kide izan zara. Egitasmoa ez da hasieran pentsatu bezala abiatu. Zer iritzia duzu garai hartako esperientziaz?
Udalbiltza esperientzia ona izan zen, hautetsi abertzale guztiak egitura batean bildu baitzituen. Iraun izan balu, menturaz, anitz gauza egin izango ziren han eta hemen, elkarrekin, baina funtsean bertan behera gelditu da. Maleruski, alderdi politiko bakoitzak bere estrategiak ditu, eta ez gara aski abilak elkarrekin aritzeko. Udalbiltzak, euskaldunen, oro har, eta partikularki abertzaleen ahuleziak erakutsi zituen, Hegoaldean bereziki. Hots, gure artean ez bagara deus eraikitzeko gauza izan, Frantziako nahiz Espainiako Estatuek ez digute deus emanen. Lehenbizi, abertzaleok elkarrekin zerbait egiteko gai garela erakutsi behar diogu gure buruari, horretarako hainbat gauza gaindituz. Mementoz ez dakigu egiten. Badakit konplikatua dela, nik ere ez dut gakorik eskaintzen. Alta, interesgarria litzateke berriz ere abertzale guztiok beste egitura batean biltzea.

Ekaineko bozen ondoren, abertzaleen boto portzentaia errepikatu da. Zein da bidea boz abertzaleen %10etik haratago joateko eta abertzaletasuna eraginkorragoa izan dadin politikan? Zer bide landu behar luke ABk, kasu?
Lehenik, jendeek pertsonalki nahiz kolektiboki taldeen barnean kokatu behar dute beren burua, militante guztien lana biziki inportantea da. AB norabide horretan ari da eta gazteei, kasu, ahalbideak jarri behar dizkiegu.
Nire irudiko, gure politika instituzionala Herriko Etxeko bozetan eta kantonamenduetan finkatu behar dugu. Herriarengana hurbildu behar dugu herriko bozetatik abiatuz. Halaber, herritarrak guregana hurbiltzeko, lehenik haien kezkak aztertu behar ditugu, gero etorriko da beste instituzioetarako bozetan lana egiteko mementoa. Iparraldean jendea prest egon daiteke abertzaleen bidera hurbiltzeko, baina gu ez gaude diputatu edota senatariak lortzeko lehia politikoan aritzeko gisan.
Adibidez, ongi da departamendua eskatzea, baita Hegoaldearekin harreman politikoak garatzea ere. Alabaina, hemengo herritarrak ez dira axolatzen instituzio berriak sortzeaz edo egitura berriez interesatzen. Jendeak arazoak konpontzea nahi du: lana, etxebizitza, hezkuntza, hondakinen eta ingurumenaren arazoak... Abertzaletasunak eremu horiek ere landu behar ditu, jendearekin mintzatuz nahiz beste alderdi politikoetako kideekin arazoak alderatuz ere. Konparazione, guk euskararen egoeraz dugun arrenkura agertu behar diegu, baina batez ere herritarrei. Estatuarengandik edota sostengatzen duten alderdiengandik ez dugu deus erdietsiko.

Non dago gakoa aitzina egiteko?
Abertzaleok ideologikoki sobera aitzinatu gara Iparraldean, eta Hegoaldean, naski, baita ere. Ez dut uste hori egokia denik. Guretzat behintzat ez da egokia. Gakoa, hein batean, arazo ideologikoetan finkaturik ez gelditzea da, ez osoki bederen. Bestela beti egonen gara bozen %10-11n. Anartean, ez dugu departamendua ez eta euskararen ofizialtasuna erdietsiko ere. Usu gobernuak departamendua emanen ote duen zain gaude. Zer ematen digu? Deusik ez! Ahalbideak beste molde batez landu behar ditugu. EAJ-PNB, EA, Batasuna eta ABko hautetsiek bildu beharko genuke bide komun bat elkarrekin urratzeko.

Batzuen ustez, ABk ez du eztabaida aski sakona landu indarkeriaren gaian, jarrera argiagoa agertu behar lukeela diote. Hori argitzea gakoa izan liteke aitzina egiteko?
Ez dut uste, ez guztiz bederen. Gure historian indarkeria erabili da eta den bezala hartu behar da. Nik abertzaletasunak Iparraldean eraman bidea nire gain hartzen dut, osoki. Orain, naski, jakin behar dugu erraiten bide hori ez dela beti egokiena, guri dagokigu hori azaltzea.
Bortizkeria edo borroka armatua gai minberatsua da. Atentatu bat delarik herritarrek nekezago konprenitzen dituzte gure ideiak. Zenbait hautetsik ETAk hartu duen bidea ez genuela ontsa ikusten erran dugu publikoki eta zenbait ekintza kondenatu ere bai. Mezu hori helaraztea inportantea da.
Zer nahi gisaz, ABk bere hautuak egin ditu, beharrezkoak, Batasunatik bereiztea, kasu. Halaber, ez ditugu borroka armatuari buruzko eztabaida ideologikoa eta estrategikoa erabat trenkatu. Batzuek borroka armatua ez dela bidea diote, beste batzuek baliagarria izan daitekeela, beste batzuk ez dira mintzatu. ABk horrela segitu behar du, bakoitzak bere jarrerak atxikiz, eztabaida ona da beti. Edonola ere, Iparraldean indarkeriari buruzko auziak edota erabakiak ez ditu trabatzen gure bidea eta proiektua. Ez gara jendearengandik aski hurbil horrela izan dadin

HERRIKO ETXE ABERTZALE HANDIENAREN BURU
Hiriburun sortua 1959an. Hiriburu Maita taldearen izenean auzapeza da, abertzale batek Iparraldean kudeatu duen herririk handienaren auzapez. Hiriburu kantonamenduko (SIVOM) sindikataren presidentea. Hogeitabost urteko militantzia politikoa du Herri Taldeak, EMA eta ABn. Auzapeza izan aurretik, hautetsia izan zen eta Udalbiltzako kidea. Herriko Etxeko eta KPNG -kudeaketa, finantza, aholkularitza- enpresako lanak uztartzen ditu.

«Abertzaleak urrun bizi gara herritarrengandik eta hurbildu behar dug u»
Hiriburuko auzapeza hautatua izanez gero, nazionalisten tesiak gauzatzeko arriskua eta zatiketa kulturala izateko arriskua» zegoela erran zuen eskuineko Victor Saussie hautagaiak?
Oposizioak bozen kanpainan erabili zituen jukutriak izan ziren adierazpen horiek. Herriko Etxearen gidaritza galtzeko zorian ziren eta abertzale bat auzapeza izateak jendea izuaraziko zuela erran zuten. Sobera urrun joan ziren, beldurra eta arriskuaren mamuak zabaldu zituzten, baina alferrik. Hiriburutarrak gure asmoez ohartu ziren, hots, gurea zerrenda anitza zela: abertzaleak, aurrerakoiak eta funtsean solastatzeko jende irekia. Honen lekuko herriko kontseiluan ez arazorik ez zatiketarik ukan ez izana, ezta oposizioarekin arazorik ere.

«Hiriburuko esperientzia euskal gizarte berri baterako eredua» izan daitekeela azaldu zenuen. Zer diozu orain?
Ez dakit kanpotik so eginik nola ikusten den, guretzat esperientzia berri bat da. Abertzaleak herriko kontseiluetan egotea biziki inportantea da. Betidanik oposizioan kokatu gara, sortzaile gara, baina gero franko urrun izaten gara Herriko Etxeetatik nahiz herritarrengandik. Jendearengana hurbiltzea funtsezkoa da, gure ideiak aurkeztu eta herritarrekin gehiago solastatu behar dugu. Hiriburuz ari naizelarik, kostaldeaz ari naiz oro har. Izan ere, barnealdean ez bezala, euskaldun agertzea arraroa da hemen. Alta, anitz jendek bere burua euskaldun sentitzen du. Euskal Herrian beren burua kausi dezaten ahalbideak eman behar dizkiegu herritarrei.

Jendea abertzaleen ideietara hurbiltzeko prest al dago?
Jendea prest da ene ustez, baina jendeak ez ditu gure ideiak lege dekretuz bereganatuko, ez bederen mezu politiko huts baten bidez. Abertzaleak urrun bizi gara herritarrengandik eta haiengana hurbildu behar dugu. Hiriburun saiatzen ari gara, eta kostaldeko beste herrietan ere hori egin daiteke.

Zertan da BAM distrituarekiko zuen harremana?
Baiona-Angelu-Biarritz (BAM) distrituak Hiriburu eta gure kantonamendua alde batera utzi zituen. Distrituan bildu nahi izan gintuzten, baina beren baldintzapean. Ez genuen onartu, bistan da. Nik begi onez ikusiko nuke Hiriburu eta Uztaritzeko kantonamenduen arteko Herrien Elkargoa, gure behar eta arazo ezberdinak aztertzen ari gara horretarako. Proiektu konplexua da, urraska landu beharrekoa. Elkarrekin ez izanik ahulak gara eta BAM distritua gutaz baliatzen da. Gure herriekiko elkartasuna agertzen dute usu, baina errealitatea besterik da, aitzitik, nahi dutena inposatzen dute. Jakina, guk ez dizkiegu gure akatsak eta ahuleziak haiei leporatu behar, guri antolatzea dagokigu-eta. Izan ere, egunen batean elkargo berean biltzeko, lehenik guk ongi antolatuak izan behar dugu gure eskualdeetan


Azkenak
Omenaldia egin diote Txillardegiri, haren heriotzaren hamahirugarren urteurrenean

Hamahiru urte beteko dira asteartean, hilaren 14an, Jose Luis Alvarez Enparantza Txillardegi hil zela, eta hura gogoan, ekitaldi jendetsua egin dute Antiguako Gaskonia plazan. Urteroko legez, Txillardegiren senideak, lagunak eta euskaltzaleak elkartu dira bertan, Eta non du... [+]


2025-01-13 | Garazi Zabaleta
Urteaga-Urkulegi baserria
Barazki, fruitu eta haragi, dibertsifikazioa ekoizpenaren oinarri

Itsason (Gipuzkoa) elkarren ondoan dauden bi baserri dira Urteaga eta Urkulegi, duela zenbait urte elkartu eta proiektu bateratua martxan jarri zutenak. “Bi baserriak elkartu eta ekoizpen proiektua abiatu genuen, eta 2011tik dedikazio osoarekin ari naiz honetan”,... [+]


2025-01-13 | Jakoba Errekondo
Ezin usainik hartu

Sudurrak egia dio. Zaila da sudurra engainatzea. Usaimena saihestea ezinezkoa da. Sudurretik garunerako lotura bidearen ikerketa zirraragarria, liluragarria, zoragarria da makina bat ikerlarirentzat. Usainaren eta memoriaren arteko zubia azkarrena ez bada, bizkorrenetakoa bai... [+]


Bagera, gu ere bai, gu beti pozez... angulak ez hainbeste

Duela 180 milioi urte Pangea kontinentea zatitu zenerako ikasia zuen aingirak Thetis itsasoa zeharkatzen. Ordudanik kontinenteak mugituz joan dira, eta aingira espezieak ezberdinduz. Jatorrizko arbaso beretik bereizi diren 20 aingira espezieen artean, gurea da, ibai-aingira edo... [+]


Mundu berri onak

Gaizki erabilitako zorionak eta buklean errepikatutako urte berri on guztiak atzean utzita, berriz ere hasi da gurpila martxan –inoiz gelditu al da?– eta gu arnasa hartzen –edo horrelako zer edo zer–. Honetan ere artzaina izatea abantaila da, ardi-lanetan... [+]


2025-01-13 | Sustatu
Applek albiste-laburpenak asmatzen ditu inolako axolarik gabe

Adimen Artifizialarekin egindako disparateen biltegia handitzen ari da. Erabiltzaile arruntok sortutakoak txorakeriak izan daitezke neurri handi batean, baina Interneteko erraldoiak berak ari dira halakoak errepikatzen eta horrek larriagoa dirudi, eragin globala izan... [+]


2025-01-13 | Behe Banda
Barra warroak |
Goizegi al da nostalgiaz hitz egiteko?

Negua beti gertatu izan zait malenkoniatsu. Leihotik begira eta oroitzeko garaia, besterik ez. Udazkenaren eta udaberriaren tarteko burokrazia saihestezina, paramentu bertikal batean zuriz margotzea ostera gainean nahi dena islatzeko. Ez da nire kontua bakarrik, elurra bustia... [+]


Herritar uholdea preso, iheslari eta deportatuentzako behin betiko konponbidearen alde

Urte hasiera honetan ere Bilboko kaleak bete ditu Sare Herritarrak larunbatean Bilbon antolatutako manifestazioa. Presoei ezartzen zaizkien salbuespeneko lege eta tratamenduekin amaitzea eskatu dute amaierako ekitaldian, eta memoria “kolektibo” bat eraikitzea... [+]


PAIren biktima guztiak

PAIk sortutako biktimak ez dira bakarrik PAIren Legeak eragindako egonkortze prozesuari esker funtzionarizatutako irakasleak, baizik askoz gehiago. Batzuei nolabaiteko ikusgarritasun mediatikoa eman zaie Steilasek jarritako errekurtsoaren ondorioz; gehienak, alabaina, ikusezinak... [+]


Erriberarako kalitatezko trenbide zerbitzu publikoaren alde

Azken asteotan Castejón-Soria trenbidea berreskuratzeko eta Tuterako tren-geltokia gaur egun dagoen tokian mantentzeko edo, Nafarroako Erriberako hiriburuan Abiadura Handiko Trenaren ustezko geralekuak aitzakiatzat hartuta, hirigunetik kanpo beste bat egiteko... [+]


Ez goaz gerrara. Gerrarik ez, ez gure izenean!

Gerra Urte, Gezur Urte!

Horrela dio esaldiak eta horrela berresten du errealitateak.

Munduan eta Europan dagoen gerra-egoera, horren gorakada etengabea eta horrek Euskal Herrian izan dituen eta izango dituen balizko ondorioak aurreikusita, joan den abenduan hainbat... [+]


Laga hondartza leheneratzea

Laga hondartzaren ezaugarri naturalen leheneratzea duela hiru hamarkada abiatu zen, eta aurrera darrai etenik gabe, erlojuz kontrako lehengoratze mailakatuan.

Laga (Bizkaia) gune aparta da, natura eta gizarte ikuspegitik oso esanguratsua. Kostaldeko legeak eta Urdaibaiko... [+]


135 preso politiko daude eta 66 ateratzen dira kalera baimenen batekin

Larunbat honetan egingo da Bilbon euskal preso politikoen aldeko urteroko manifestazioa. Gero eta preso gutxiago dago, baina 2011n ETAk bere jarduera armatua eten zuenean inork gutxik irudikatuko zuen handik hamabost urtera oraindik gatazka haren ondorioz espetxeratutako... [+]


Eguneraketa berriak daude