Zazpigarren alaba ere etxekoa da


2021eko uztailaren 23an
Asmo onez betea omen dago infernua. Izan ere, zenbaitzuetan, gure borondate onak egundoko liskarrak sorraraztera garamatza. Begira bestela, hainbestera iritsi gabe, nolako ondorioa izan zuen ZERUKO ARGIAren lehen orrialdean azaldutako pasartetxo batek. Fermin Irigarai Goizueta «Larreko» zenari egiten zitzaion gorazarrea zeukan hizpide Errialdek sinaturiko idazlan hark, eta honek, halako batean, bihotzak agintzen zionari jarraika-edo, Nafarroa euskalduna zela gogorarazi zien horretaz ahazturik egon zitezkeenei. Eta nafarrak ez dakit, baina Gorka Knörr mindu egin zitzaion behintzat. Hona hemen gorabehera haren nondik norakoak.


AUKERA-MAUKERAKO EGUNA

Auritzekoa zen sortzez «Larreko» idazlea, eta Auritzen antolatu zuen Euskaltzaindiak hari eskaini behar zitzaion eguna. Gauzak horrela, egingo ziren ekitaldien berri eman ondoren, Z. ARGIAko irakurlea haietara gonbidatu nahian ziur aski, honakoxea idatzi zuen Errialdek: «Aukera-maukerako eguna igande hau edozein euskaltzaleentzat. Nafarroan da gainera. Nafarroa euskaldunean. Askok ez bait dakite Nafarroa euskaldun denik. Nafarroa berriz, bai hizkuntzaz, bai dantzez, bai kondairaz, bai kulturaz eta abarrez oso euskalduna dugu, oso zahar eta aberats».
Gero, gauza orokortzen saiatzen zen Errialde, esanaz «beharrezkoak» ditugula «denok noizbehinka arnasartzeak eta indarberritzeak. Erdal giro eta etsipenezko joeran bizi gara askotan, zoritxarrez. Euskal giro garbian egurasteko egokiera izango dugula uste dugu Auritzen ‘Larreko’ zenaren omenez».
Baina alferrik zen, jada, aurretik idatzitakoa han gelditu baitzen. Eta hara non, handik pare bat astera, Gorka Knörrek zekarkiona!
Gorka Knörrek «Gasteiztik» izenburua zeukan idazlan oso bat bidali zuen 499. zenbakian argitaratzeko, 1972ko udan izandako euskal jaien berri emanaz. Azaltzen zituenen artean, Gasteizen bertan ospatu zen Dantzari Eguna, Olarizuko erromeria, Abornikanoko jaiak zirela eta egin zen euskal kanta jaialdia, Donostiako Euskal Jaiak, Manuel Iradier abesbatzari eman zitzaion «Celedón de oro» saria eta beste, zeuden. Nolanahi ere, idazlan horrek «Euskaldunak gara, ez besterik» zeritzan atal luze samar bat zekarren, eta begira zer agertzen zuen hartan.


ARABARREN HASERREA

«Aspalditto hontan -zioen Gorka Knörrek-, eta erdal eta euskal izperringietan agertu izan diren albisteen bidez, zenbait euskal jaialdiren berri jaso dugu Araban. Eta ni behintzat haserre bizian jarri naiz, zeren haatikan arabar gixajook boskarren inpernuko seme-alabak izaten jarraitzen dugula ikus-ahal izan dut. Nunbait euskaldun ‘de primera’ direnak ez omen dira konturatu ezen Araban ere euskaldun gixajo pranko bizi garela. Ez eta beste gauza aunitzetaz ere. Euskaldun ‘de primera’ horientzat ez omen da Araban euskaldun jenderik, ez kanta talderik, ez kanta zaharrik, ez dantza talderik, ez eta euskal kantari soilik ere. Eta arabarrok leporaino gaude, bai horixe! Euskaldun ‘de primera’ hoik baitira errespetu guztia! Eta txarrena, okerrena, euskaldunek berek ez dutela aldatzeko gogorik erakusten. Aipa ditzadan, exenplu gisa, gertatu zaigun zenbait kasu».
Eta jarraian, Arabako «euskaldun gixajo»en samina piztu zuten hainbat gertaera azaltzen zituen. Adibidez, 1970ean Zarautzen ospatutako lehen Dantzari Egunera bi dantza talde arabar joan, eta ez zituztela aipatu ere egin, «besteak dantzatzen ari ziren bitartean, ez eta mugitu ere. Hura bai haserraldia! Gero bai, altabozetik barkamena eskatu eta abar...».
1972ko Donostiako Euskal Jaien barruan, «Kanta Zahar» saioa eratu zutela, «La Voz de España» deitu egunkarian «vinieron hasta los apartados zuberotarras» irakurtzeko aukera eman zitzaiela, eta... «Ederki -zioen Gorka Knörrek-, baina nik dakidanez saio hartan ez zegoen arabar kantaririk eta Araban ba da euskal kanta zaharrik, bai eta Euskal Herriko poema epiko zaharrenetakorik...».
Beste hainbeste gertatu bide zen Hondarribiako Euskal Jaietan. Kantaldi bat antolatu, «zuberotarrak ahantzi gabe», baina... «arabarrok ahantziz (Kasu hontan ere ez dute bizkaitar kantaririk aipatzen). Baina tira! Ia urrengo jaialdirako zuzentzen duzuten edo!».
Eta bukaera gisa, «Araba euskalduna» titulutzat zuen pasartea mahaigaineratzen zuen Gorka Knörrek, hain zuzen ere Z. ARGIArekin - edo Errialdek hartan idatzitakoarekin, nahi bada- zuen nahigabea agertuz: «Azkeneko ‘Zeruko Argia’ daukat nere aurrean, aurreko orrialdean ‘Larreko’ zenaren omenaldia aipatzen duena. Eta lerro batzutan esaten da ezen ez dugula ahantzi behar Nafarroa oso euskalduna dela, hizkuntzaz eta historiz, eta abar. Baina zeinek ahantzi? Batzutan ere holakoak esaten dira Arabaz. Eta pentsatu behar duzute, jaunok, ezen gauza horiek gogaitzen gaituztela, zeren-haatikan, gure iritziz, ez dago holakorik esan beharrik, ondo baino hobeto baitakigu Araba euskalduna dela, hontan dudarik ez»

Célestin Freinet-en seme-alabak
Dinamarkako Hillerod herri txikian bildu dira, hamabost herrialdetatik berrehunen bat hezitzaile joan dan udan. Izan ere, Boskarren Nazioarteko Freinet-Hezitzaileen Topaketa ospatu da Copenhage-tik 40 kilometrotara dagoen herrixkan. (...) Bada oraintxe mende erdia Célestin Freinet-ek heziketa lanetan aurrea arrapatu zuela. Ikasleengan batez ere kritika eta askatasun zentzuak sortarazi eta hazten saiatu zen. Hortarako, eskola-liburu eta etxerako lanak baztertu egin zituen. Ez zuen ezer buruz bakarrik ikasteko agindurik ematen. Eskola-liburuak, irakur-gaiak, ikasle txikiek berek egiten zituzten, nahi zituzten hitzak jarriz. Irakur-liburua baino gehiago, beste eskoletako haurrekin idatziz zituzten harremanak zerabilzkiten lan-tresnatzat. Haurrak berak aurki zezala jakinduria, nahi zuen Freinet-ek, eta inolaz ere ez jakinduria haurrei ezarri indarrez bezala. Eta hau «la letra con sangre entra» nagusi zen garaian. Bere denboran Freinet jauna eskola nazionaletatik bota egin zuten, iraultzailea baitzen. Eta bere jarraitzaileek ere, urteak igaro zituzten bazterturik, beste irakasleen ezin ikusia jasan beharrez. Garai haietan, Freinet-zale izatea, iraultzaile izatea zen. Gaur ez da hainbesterainoko iraultza. Direla hamar bat urte mundu guztian onartuak izan dira Freinet-en ideiak. Askotan, nahiz eta bere izena ez aipatu, heziketa-planetan oso osorik erabiltzen dira (...) (1972-IX-24)

Fanderiako pentsuak
Iragarkia, 1972-IX-24
Fanderia: Ez Merkeenak, Bai Onenak! Errenteri. Janari bidez izaten dira / ganadu on, indartsuak / Eta nora jo jakin bear du / baserritar burutsuak / Berebiziko aragi pillak / Gañera esne putzuak / Oiek guziak berekin ditu / Fanderia’ko pentsuak

Emakumearen lekua
Gure gizarteko ezberdintasun ugarienak, emakumeen arloan ikusten ditugu oraindik, Sartaldean eta Sortaldean. (...) Lanean, emakumeen eskubideak zaintzeko, nazio aurreratu guztiek erabaki garrantzitsu bat onartu zuten, oinarri orokorra bezela: «Lan berdinari sari berdina dagokio». Ahatik, erabaki ori astiroegi egiztatzen dalako, EEE-ren (Ekonomizko Erkide Europarra edo CEE erderaz) Batzordeak, azalketa bat erabilli du oraintsu, nolako neurriak laterri bazkideetan artu diran jakiteko. Egoera, 1968-ko Abenduaren 31koa izango da. (...) Oraindikarren, onetariko ezberdintasunak azaltzen dira: emakume langileen zailtzea lansari maila beherengoetan; lanerako gertuak dauden emakumeak, lanleku apaletan erabiltzea; sariak eta lantegiko aurrerakadak, iritzi arbitrariokaz egitea, bidezko iritziak ahaztuta. (1972-IX-24)


Azkenak
Maiatzaren 10ean Sorionekuak ekimenak zubi eta ate zeharkatuko ditu euskara nafar guztiona dela aldarrikatzeko

Goizez Nafarroako zubirik esanguratsuenak jendez beteko ditu Sorionekuak dinamikak. Arratsalderako mobilizazio herritarra deitu dute Iruñeko Kostarapea parketik Alde Zaharreko Takonera parkeraino.


Udalek espresuki euskaraz jardutea baliogabetu du Gorenak

EAEko udal legearen euskararen arloko zenbait artikuluren aurkako epaia eman zuen Justizia Auzitegi Nagusiak 2023an, eta orain Gorenak berretsi du. Eusko Jaurlaritzak ez du garaiz aurkeztu epaiaren aurka egin zezakeen helegitea.


2025-04-11 | ARGIA
Lekeitioko musika bandaren zuzendariak jazarpen salaketak jaso ditu

Lekeitioko Udalak jakinarazi du bandako zuzendariak tratu txarrak eman izana jaso dutela, hainbat testigantzaren bidez. Udalak azaldu du, Eusko Jaurlaritzaren aholkuak jarraituta, hainbat pauso eman dituztela, besteak beste, zuzendariarekin hitz egin, eta testigantzak jaso... [+]


Turismo bidaiak antolatu ditu Israelgo Armadak Siriari lapurtutako lurretan

Zibilentzat antolatutako txangoak igande honetatik aurrera egin ahal izango dira, printzipioz astebetez, eta egunero bi ateraldi antolatu dira. Sarrerak berehala agortu dira.


Erdi Aroko emakume kopistak

Orain arte uste izan dugu Erdi Aroan eta inprenta zabaldu baino lehen liburuak kopiatzeaz arduratu zirenak gizonezkoak zirela, zehazki, monasterioetako monjeak. 

Baina Bergengo (Norvegia) unibertsitateko  ikerlari talde batek ondorioztatu du emakumeak ere kopista... [+]


Italiar sukaldaritza ez da existitzen

Florentzia, 1886. Carlo Collodi Le avventure de Pinocchio eleberri ezagunaren egileak zera idatzi zuen pizzari buruz: “Labean txigortutako ogi orea, gainean eskura dagoen edozer gauzaz egindako saltsa duena”. Pizza hark “zikinkeria konplexu tankera” zuela... [+]


Salaketa jarriko du Ertzaintzaren tiro baten ondorioz barrabila galdu zuen gizonak

Ospitaletik irten eta berehala prentsaurrekoa eman du Iker Aranak, Errekaldeko gaztetxearen aurrean. Gaztetxearen desalojoan ertzainek "neurrigabeko indarkeria" erabili zutela salatu du, eta salaketa hurrengo egunetan aurkeztuko du.


Aposapo + Mäte + Daño Dolor
Hutsuneak

Aposapo + Mäte + Daño Dolor
Noiz: apirilaren 5ean.
Non: Markina-Xemeingo Akerbeltz Gaztetxean.

---------------------------------------------------------

Erosketetarako orgatxoa barazkiz beteta egin dut gaztetxerako bidea, eta haiek mozten eman dugu iluntzea... [+]


2025-04-11 | Estitxu Eizagirre
Bertso eta pilota zaleentzat saio berezia Zumarragan larunbatean

Gipuzkoako Euskal Pilota Federazioak 100 urte betetzen ditu aurten. Ospatzeko antolatu dituen ekitaldien artean dago apirilaren 12an Zumarragan egingo den bertso saio berezia. Pilotari bat arituko da gai-jartzen, eta pilotarekin harremana duten Gipuzkoako lau bertsolari kantuan... [+]


2025-04-11 | El Salto-Hordago
“Gatazka eta abusua ez dira gauza bera”, feminismoko eztabaidei heltzeko

Laura Macayaren liburua ekarri du euskarara Katakrakek. Amaia Astobizak itzuli du, feminismoaren baitako eztabaidak ireki eta beste begirada batzuetatik ekiteko helburuarekin.


Palestinaren alde mobilizatu diren 300 ikasleri bisa kendu diete AEBek

Palestinaren aldeko manifestazioetan parte hartzen duten atzerriko ikasleak kanporatzea baimentzen duen dekretua izenpetu zuen urtarrilaren 30ean AEBetako presidente berriak. Orduz geroztik ikasleen bisen baliogabetzeak errepikatzen dabiltza.


Eguneraketa berriak daude