BIZITZA JOAN-ETORRITAN

Taxiak berezkoa du dotoretasun garestiaren distira. Baina gaur egun, hain justu gazteak eta edadetuak dira luxuzko garraiobide hau gehien hartzen dutenak, beharrak eraginda. Etxe bakoitzean ipurdiak adina auto dauden honetan, «larrialdiko» egoeratan soilik hartu ohi da taxia: gehienetan parrandatik itzultzeko, edo ospitalera joateko (inork biak batera ere egin izan ditu). Beraz, taxira jotzen duena ezohiko egoera batean aurkitzen da: presa bizian, edo lanetik berandu aterata, edo galduta, edo gaixorik, edo gehitxo edanda... eta taxilariek egoera «xelebrean» dagoen pertsonaia horrekin auto baten barruan joatea dute lanbide. Taxilarien egunik arruntena ere, Woody Allen-en film bat izan daiteke, alajaina. «Batzuetan benetako psikologo lana egiten dugu!», aitortu digu taxilari batek. «Parrandatik kazkartuta datoz, eta bat negarrez hasiko zaizu desamodio kontuak direla-eta, edo besteak amaren gaixotasuna kontatuko dizu... aldiro tentuz egon beharra izaten dugu, bezeroa zer tenpletan datorren antzeman, eta hari nola hitz egin neurtu...».


Bezero-ero.

Kasu bitxiak kontatzen hasita, luzerako dute taxilariek: «Behin herriko anbulatoriotik deitu zidaten. Bihotzekoak jotako gizon bat eraman behar izan nuen ospitalera! Pentsa zer beldur pasa nuen bidean. Beste lagun bati taxian bertan hil zitzaion aitona bat». Bezero berezirik bada, hori beste taxilari batek deskribatu diguna da: «Txakur bat eraman behar izan nuen Arano herrira, gidakidearen aulkian jarrita gainera! Nagusia bitartean tabernan, lasai asko, txakurra nirekin bidalita!». Bezeroa bide ertzean utzi duenik ere bada: «Neska gazteak sartu zitzaizkidan, edanda, txolinduta, musika jartzeko eta jartzeko, builan. Esan nien ez nuela kaseterik, eta haietako batek: ‘Horixe polita! ordaindu egiten dizugu gainera-eta!’. Esku-frenoa bota, eta hantxe utzi nituen. Txispatuta datozenei gu lanean ari garela ahaztu egiten zaie: lehenengo euren txorakeriak jasanarazi, eta gero haserretu egiten dira kobratu egiten diegulako!».

Istripu bidean.

Errepidea da istripuen paradisua: 2001. urtean, Hego Euskal Herrian 205 istripu izan ziren, eta 231 hildako. Istripuok, gehienetan gauez izaten dira, eta arrazoia alkohola dela. Faktore horiek denek bat egiten duten orduan, hain justu, izaten dute taxilariek lanik gehien: asteburutan, goizaldeko 4etatik aurrera, festan dabiltzanak erretiratzea tokatzen denean. Ordu horretan, gutxik bezala estimatzen dituzte taxilariek alkoholemia kontrolak.
Segurtasunik ematen ez diena, berriz, aseguru etxeak dira. Errepideko istripu kopurua ikusita, aseguru etxeek ez dute traturik nahi izaten taxilariekin. Beraz, asegurua garesti jartzen diete oso, eta taxilariak tratua onartu beste erremediorik ez du izaten. Taxiaren Espainiako Konfederazioa bere bazkideei seguruak prezio onean eskainiko dizkion erakundea sortu nahian dabil, Taxiaren Profesionalen Mutua Nazionala izango dena. Taxilaria batek esan digunez, 1.200 euro pasatxo ordaintzen ditu berak, hirugarren pertsonei kategorian gainera, arrisku guztietarakorik egin ezinda.


Arriskuaren estaxia.

Urtetako batailatxoak kontatzen hasi dira taxilariak, eta terrorezko film baterako adina eszena bildu dituzte. Bezero itxuran datozen lapurren beldur izaten dira. Ustekabeko eraso horientzat, taxilari bakoitzak bere txertoa du: badira makila, labana edo antzerakoak eramaten dituztenak, euren burua defendatzeko. Beste askok nahiago izaten du armarik ez hartu, «hartara, erabiltzeko arriskurik ez dagoelako».
Lapurtzen hasita, autoa kendu ziotenekoa kontatu digu batek. Bi gazte autoan sartu, «halako tokira» esan, eta bidean abiatuta pistola bat buru atzean jarri, eta begiak estali zizkioten. «ETAkoak gara. Jaitsi bertan. Lasai, esan Guardia Zibilei ez diogula lehergailurik jarri autoari». Hiru ordutara autoa beste herri batean aurkitu zuten.

Taximetroa: denbora eta espazioa dirutan.

Bezeroak bide osoa bi galderari erantzun ezinda ematen du beti: «Zer da taximetroko zenbakiak gisa horretan aztoratzen dituena: kilometro kopurua, abiadura ala denbora?». Eta bigarren galdera: «Diru-zorroko txanpon denak batuta, zenbat diru ote dut?». Patrikako txanponena, eskua sartu artean erantzun ezinezko inkognita izaten da, baina taximetroak badu bere azalpena: denbora eta kilometroak dira bidaiari prezioa jartzen diotenak. Taxia 20 km/ordukotik gora doanean, kilometroen arabera joaten da taximetroa gizentzen. Baina taxia 20 km/ordutik behera doanean, edo semaforo aurrean gelditzen denean, denboraren baitan hasten dira zenbakiak igotzen. Taxilariek diotenez, «askok uste du apropos joaten garela semaforo gorrien bila, baina bai zera! Guri komeni zaiguna bidaia ahalik eta azkarren egin eta beste bezero bat hartzea da».
Beste errezelo txarrik ere izaten du bezeroak: «Seguru tranparen bat jarri diola makinari, hau azkarregi dabil-eta gauza onerako...». Gremiokoen esanetan, halako taxilari iruzurtirik ez dute sekula ezagutu, eta saiatzen jarrita ere oso zaila omen litzateke: taximetroa giltzatu egiten diete tailerrean, eta Ibilgailuen Azterketa Teknikoa (IAT) pasatzerakoan zorrotz aztertzen omen dute. Gainera tramankuluaren tripetan zer egin ez omen dakite, tailerrekoek makina berezi batekin mugitzen baitituzte zenbakiak.

Bere patrikatik.

«Taxia garraio garestia da berez», onartu digute txoferrek, «baina guri ere majo kostatzen zaigulako! Gasolina, mantenu gastuak, asegurua... gastu kate bat da azkenean, eta guztia garestitzen denean, geuk ere tarifa igo behar». Taxilariak badu, gainera, zama gainetik kentzeko nahikoa zor: «Postua erosi egin behar da, hasteko. Jubilatzen denak saldu egiten dio bere lekua atzetik sartzen denari. Legez hala behar lukeen ez dakit, baina halaxe funtzionatzen da behintzat. Neronek 12 milioi ordaindu nituen, eta Donostian 32-33 milioi ari omen dira ordaintzen». Autoa bera ere erosi egin behar, nork bere patrikatik. «Auto enpresek erdi-prezioan saltzen digutela uste du jendeak, baina ez da hala. 35.000 euro pasatxo balio dituen taxia, 3.000 euro inguruko deskontuarekin lortzen da, hor nonbait».
Egoera ere ez omen dago bere onenean: «Gaur egunean, etxe bakoitzean bi auto daude, hiru ez badira. Eta taxilari kopuruak ez du behera egin, lehen bezalaxe biztanleria kopurua hartzen baita kontuan». Gainera, hiriburutan asteburuz autobus zerbitzuak gau osoan jarri dituzte, eta «horrek hilabetean 250 euro gutxiago ekarri dizkit», dio etsita.


Hamar orduko lana.

Taxilari gehienak autonomoak dira, elkarte baten barruan egon edo ez. Bakoitzak erabakitzen du zenbat ordu lan egin, baina legez, debekatua dute 10 ordutik gora lan egitea. Makina bat liskar etorri da bide horretatik: aurten, Bilboko 40 taxilarik lege honen aurkako denuntzia sartu dute epailearen aurrean, eta taxilari asko dira egunean 12 ordu sartzen dituztenak. Gehiengo handi bat «ordu extrak» sartzen dituzten horien kontra agertu da bestetik.
Autoan pilatutako orduek karga handia dute: «bizkarra zuzendu ezinda iristen naiz asteburutan; festetan, gau bakarrean 400 km egitera heldu nintzen, distantzia oso motzeko bidaiak eginda». Baina ez omen da askoz hobea bezerorik gabe orduak eman beharra ere, zain eta zain. Jubilatzerako zer amets dituzten galdetuta, batek oso garbi zuen erantzuna: «Autoari su eman, eta biderik gabeko mendi puntan egingo nuke baserria. Ez dut sekula gehiago autorik hartuko!»

Taxien datuak Hegoaldeko hiriburuetan
Taxista kopurua: hauetako gehienak, autonomoak izanagatik, elkarteren baten barruan daude.
- Bilbon: 774
- Donostian: 308
- Iruñean: 177
- Gasteizen: 157
Tarifak: Foru Aldundiek proposatu eta Udal Gobernuek zehazten dituzte urteko tarifak. Adibide gisara, Bilboko Udalak 2002rako onartu dituen tarifak hauexek dira (eurotan):
1 Tarifa: Hiri barruko ibilbidea denean, lan egunetan, goizeko 07:00etatik gaueko 23:00etara.
- Gutxieneko zerbitzua (2’3 Km edo 5-10 minutu): 2.84
- Bandera jeistea: 1.47
- Km bakoitzeko: 0.88
- Zain egondako orduko: 12.96
2 Tarifa: Hiri barruko ibilbidea, kasu hauetako batean denean: lan egunetan gaueko 23:00etatik goizeko 07:00etara, edo igande eta festetan, edo larunbatetan eguerdiko 13:00etatik aurrera.
- Gutxieneko zerbitzua: 3.50
- Bandera jeistea: 1.47
- Km bakoitzeko: 0.74
- Zain egondako orduko: 18.51
l3 Tarifa: Hiriz kanporako ibilbidea denean, lan egunetan, goizeko 07:00etatik gaueko 23:00etara.
- Gutxieneko zerbitzua: 3.88
- Km bakoitzeko: 0.41
- Zain egondako orduko: 11.64
4 Tarifa: Hiriz kanporako ibilbidea, kasu hauetako batean denean: lan egunetan gaueko 23:00etatik goizeko 07:00- etara, edo igande eta festetan, edo larunbatetan eguerdiko 13:00etatik aurrera.
- Gutxieneko zerbitzua: 4.26
- Km bakoitzeko: 0.45
- Zain egondako orduko: 12.24


Azkenak
Haurrak gara behelaino artean

Ardatzean haur filosofia izango duen Galdera Basatiak podcastak, ez alferrik, haur filosofia tailerretan barneratzeko asmoa du. Horixe hitzeman digu Iñigo Martinezek lehen atal honetan. Podcastaren zimenduak ezarri dizkigu, markoa marraztu, eta, batik bat, haurtzaroaz... [+]


Langileek epaiketari uko eginda, Guardian enpresak xake mate egin du Laudion, urte luzez jokaldia prestatu eta gero

Guardian Llodio fabrikako behargin gehienek epaitegira jotzeko bidea bertan behera utzi ondoren, multinazionalak lortu du nahi zuena: enpresa errentagarri bat ixtea erabateko inpunitatearekin. Ez da egun batetik bestera sortutako estrategia, eta bide luzea izan arren, erabat... [+]


2025-04-07 | Behe Banda
barra warroak
Zutitu berri denari

Testu hau balorazio bilera baten ondorio dela esan genezakeen agian. Ordea, balorazio bilerek sarritan uzten dute aho zapore lehor eta gazi-gozoa. Astearte arratsalde eguzkitsu bat da. 16:53. Balorazio bilerara konektatu, eta erabaki dugu limoizko karamelu bana sartzea... [+]


Lokizaldeako Euskararen Eguna
“Euskara gero eta gehiago entzuten da eskualdean, bereziki gazteen artean”

Aurtengo Lokizaldeako Euskararen Eguna Murieta herrian ospatu dute, larunbatean, goizean hasi eta ordu txikiak handitu arte. Zita garrantzitsua eta gozagarria da Nafarroako Lizarra ondoko eskualdeko euskaltzaleentzako.


Komunitateaz (eta III)

Komunitateari buruzko artikulu segida honekin hasi nintzenean, Antoine eta Antoine zeuden etxean, gazta-ganbara hutsik zegoen, hiltegirako bueltak asterokoak ziren eta hiru egunetik behin egiten genuen gazta. Hau idazten hasi naizenerako, Picardieko lagunak jaioterrira joan... [+]


2025-04-07 | Iñaki Sanz-Azkue
Suge arrantzalea, errekan barrena

Sugea entzun eta leku lehor bat etorriko zaio burura askori, narrastiek beroa behar dutela ondo barneratua baitu gizakiak. Suge guztiak ez dira berdinak, ordea; denek ez dituzte baldintza berak gustuko, eta horri esker dago, besteak beste, dagoen dibertsitatea. Bakoitzak bere... [+]


2025-04-07 | Jakoba Errekondo
Ustezko nekazaritza eta lur lantzea

Nekazariarentzat baratzea eragozpena besterik ez da. Egungo makina bat nekazari “aurreratuk” horrela pentsatzen du. Bere lanean ez dute baratzerik behar, ezta oilategirik, ezta sagarrondorik, ezta erlauntzarik ere.


2025-04-07 | Garazi Zabaleta
Soilik
Lursail txikian eta inbertsio erraldoirik gabe garatu daitezkeen proiektu agroekologikoak

Gasteizko Basaldea etxaldean dago kokatuta Soilik nekazaritza birsortzaileko proiektua, Abetxuko auzoan, eta Jaime Garcia, Joseba Vigalondo eta Javier Chaves dira bultzatzaileak. “Lehen sektorean, eredu agroekologikoan inkorporazio berriak bultzatzea da gure helburua,... [+]


“Errebeldia hazi egin da Argentinan, herri oso bat bultzaka ari da”

Argentinako Abokatuen Gremioa erakundean egiten du lan Laura Taffetanik (Buenos Aires, Argentina, 1963). Gobernuaren errepresioa pairatu duten maputxe ugarirekin lan egin du azken urteetan, eta Askapena antolakundeak antolatutako topaketa antiinperialisten barnean izan da Euskal... [+]


Ertzaintzak Etxarri II gaztetxea hustu du Bilboko Errekalde auzoan

Iragarrita zegoen moduan, Bilboko Errekalde auzoko Etxarri II gaztetxea hustu du Ertzaintzak 9.00etan abiarazi duen operazioarekin. Arratsaldean protesta manifestazioa egingo dute auzoan, 19:00etan Amezolako tren geltokitik abiatuta.


2025-04-04 | ARGIA
Langile bat hil da Agoitzen obra batetik jausita

Ezbeharra ostegunean gertatu da eta SOS Nafarroak 16:00 orduak jotzear zirela jaso du haren berri. Medikua, anbulantzia et Foruzaingoa bertarako dira, baina ezin izan dute gizona suspertu eta bertan hil da.


2025-04-04 | ARGIA
Euskaraldia Hika-rako 83 herrik eman dute izena

Aurtengo berritasuna da. Ahobizi eta belarriprest rolen artean aukeratzeaz gain, herritarrek Euskaraldia Hikan parte hartzeko aukera izango dute. Hitanoa erabiltzen ez den herrietan, toka eta noka, bien erabilera bultzatuko da, eta hitanoa bizirik dagoen herrietan nokaren... [+]


Eguneraketa berriak daude