Sinetsi samartuta nago pozik biziko nituela xarmaz eta izarrez jositako 50eko hamarkadako lehen jaialdi haiek. Izarren artean, Gloria Swanson eta Kirk Douglas handiak, esaterako; sarien artean, «Jainkoaren eta sabelaren gerra» bezalako inozokeriak; itzal handiko pertsonaietan, Alfred Hitchcock bera, alajaina. Orduan, denetarik izaten zen: hantxe agertzen zen Sara Montiel, baina baita Anthony Mann bere senarra ere. Ziur aski, ederki gozatuko nuen 60ko esperimentuekin; "nouvelle vague" mugimendukoekin, adibidez: denak hantxe beren bidearen bila; edota "free cinema" taldekoekin, ahal zutena egiten zuten haiekin; itzaltzen ari ziren izarrekin eta bandera ziren zinegileekin. Ez dakit estilo nahasiko 60ko hamarkadak gogobeteko ninduen, baina, hori bai, estimatuko nituen zinema espainoleko pelikula batzuk, hala nola, José Luis Borau edo Victor Erice zuzendarien izenak goratu zituztenak eta Luis Buñuel bezalako beteranoek inguratu zizkigutenak, eta, egia esan, ohiko eskaintza amerikarra bera ere gustura ikusiko nuen: lehen buruan, Steven Spielberg jaunaren «Marrazoa» edo «Galaxietako Gerra», zeinetan Harrison Ford ezezagun bat agertzen baitzen. Alabaina, niri 80ko zinemaldia bizitzea egokitu zitzaidan, oraintxe A kategoriakoa eta hurrena apalagokoa zen hura, zuzendariek urtebete irauten zutenekoa eta polemika handiena Victoria Eugenia antzokiaren fatxadan Batmanen irudi erraldoia jartzeak ala ez jartzeak sortzen zuenekoa; hain zuzen ere, Coen anaien «Heriotza loreen artean» pelikula ez saritzeko burugabekeriarekin amaitu zen hamarkada hura. Hartarako arrazoia? Bada, pelikula amerikarra izatea. Eta nork hartuko erabaki hura? Bada, Ken Loach eta Axel Corti miretsiek (jenioak ere erratzen diren seinale). Eta nor gertatuko makur haren erantzule? Bada, José Luis Borau lehendakaria, ezinbestean. Azkenean, saria norentzat? Bada, Montxo Armendariz zuzendariaren «Alouren gutunak» filmarentzat. Bai, batzuetan horrelaxe izaten dira kontuak. Aurreko guztia erreferentzietatik bakarrik ezagutzen dut, funtsean, eta horregatik ederragoa da irudia, mitifikatuagoa, historian finkatuagoa, baina orduko hark ematen dit eta digu jaialdiaren irudia.
Nolanahi ere, jaialdi batek hainbat irudi ditu. Antolatzaileena, adibidez: beti irribarretsu, beti arretatsu, beti jaialdiaren bilakaerarekin pozik; nekea neke, beti dotore arraio; nerbioak nerbio, beti garbi-garbi; egunean 30 ordu lan eginez eta behingoz eta betiko tormentua noiz bukatuko zain. Gonbidatuena ere beste irudi bat da, izarrak, epaimahaikoak eta gainerakoak barne direla. Horiek guztiak ere beti zoratzen edozerekin: antolaketarekin; publikoarekin, zeinek, zineman hain aditua izanik, bai baitaki aurkezten zaion filma aintzat hartzen; bertako gastronomiarekin, zein exotikoa baita benetan, nahiz eta hanburgesa koipetsuen eta garagardo garratzagoaren mira egin; filmak hautatzeko batzordearekin, zeinek ekarri egin baititu jaialdira; egokitu zaien epaimahai bikainarekin, baina betiere, noski, hark erabakia noiz emango, ez baita bizimodua zerbait jasoko dutela aditu eta zain eta zain egon behar izatea. Bien bitartean, epaimahaia erabat ernegatuta, hainbeste lelokeria ikusi beharrarekin (gogoan al du norbaitek «Goldberg bariazioak» filma? Hungariako pelikula zen, eta butaken gela batean gertatu diren berriketaldi eta ihes nabarmenenak sortu zituen). Kideen nahia, beraz, lehenbailehen bukatzea, hots, egundo denen asebetekoak izango ez diren sari dontsuak banatzea. Nik neuk aitortu behar dut, dena den, jaialdi bateko epaimahaiko izan ostean, inork ez dugula beste ezer izan gura horrelako lehiaketetan, zeren, filmak oso itxurazkoak ez izanagatik, tratua bikaina izan ohi da eta lana neurri-neurrikoa. Ordea, ia beti kazetarion irudiarekin gozatzea egokitzen zait, zein bi multzo handitan bereiziko baititut. Batetik, aktibitate sozialen arloan mugitzen direnak daude: beti idoloaren adierazpenen irrikan, itxaroten eta itxaroten, film bakar bat ere ikusi gabe. Bestetik, kritikoak ageri gara edo zaizkigu: egunean hiru, lau pelikula ikusten ditugu (batzuetan bost ere bai). Hala ere, hori ez da larria, zeren ohituta baikaude. Larria ondoko hau da, hots, kokteletan eta jaietan kanape bat ahoratzeko borroka. Egia, denak hantxe harrapaka, eta orain are amorratuago, zeren horrelako jaialdietan gutxitu egin baitira mokadu goxoak. Arrazoia? Produktoreek ez dutela dirurik diote, eta instituzioak jabetu dira aski direla kopakada bat ardo eta pintxo batzuk, klase informatzailearen burmuina mantentzeko otordu gisa. Azkenik, publikoaren irudia ere hortxe dago: beti pilatuta, dela leihatilan, dela saletan, dela ospetsuen agerraldietan eta Maria Kristinaren inguruan (han, autografo gosearen gosez, zenbaitetan honela galdetzen diote dena delakoari: "Aizu, nor zara?"). Publikoak jaialdiaren irudi ona du, sekzio batzuetan pelikula interesgarriak ikusteko modua izango duela baitaki (alabaina, ez daki hilabete gutxiren buruan horrelako itolarririk gabe ikusi ahalko dituela). Nolanahi ere, alde batera uzten ditu omenduen filmen proiekzioak eta izarrak ikusten saiatzen da, baina, salbuespenak salbuespen, horretan ere ez du denbora askorik xahutzen. Badaki han dabiltzala eta telebistan ikusiko dituela. Publikoak, bestalde, ez daki horiek ere humanoak direla, gauza xumeak eskatzen dituztela ("Chinchón" bat; Dom Perignon eta antzekorik ez); gainerakoak bezalaxe, kokteletan kanape harrapaketan ibiltzen direla; batzuetan, besteren logelara sartzen direla Los Angelesekin telefonoz hitz egitea doan gerta dakien; zenbaitek uste duela azafaten beharra dela, besteak beste, zinemagileen apeta sexualari erantzutea eta abar. Bizimodua bere soilean; zineman oso gutxitan ispilatzen den bizitza, alegia. Bai, halaxe da, nahiz eta 50 urtetan film mordo bat betetzeko adina gertaera eta anekdota txiki metatu.
Jaialdiaren distiran sinisten dutenei esan beharrean gara azken batean dena errutina hutsean oinarritzen dela. Goizean, 9:00etan, prentsarentzako emanaldi berezia; segidan, prentsaurrekoa, betiere proiektatu den pelikularekin ikuskizun duen norbaitekin; gero, hamabietako emanaldian, aurreko guztiaren errepikapena. Tartean, kazetaritzako lanen bat: kritika idaztea, irratian zerbait komentatzea, telebistarako zerbait grabatzea... Ondoren, aitaren bateko bazkaria, zeren berriekin jarraitu beharra baitago, eta, izarra nekatuta dagoelako, inoiz egingo ez den elkarrizketa egiaztatu beharra baitago. Eta, zinta eskuan hartuta, beste itxaronaldi bat gainerako berriemaileekin, B planeko elkarrizketa harrapatzeko. Hurrena, lortu dena editatzera, zein, jeneralean, autografo goseen arteko inkestaren bat izaten baita, horni duelarik saihestu gaituen izarraren altuerari edo antzeko zerbaiti buruzko komentario barregarriren bat, edota, proiekzio jakinen bat, baina hori ahal denean, zeren ziur aski, zein film ikusi nahi harexen sarrerak ahitzen baitira. Horrez gainera, behin behar eta, gaueko hamabietarako programatutako jaira joan gabe geratuko gara, zeren ordu bietan izango baita azkenean (artistek inoiz presarik ez, eta hurrengo goizean jokaera bera). Kondizio horietan, nola gustatuko zaizkigu, bada, ikusten ditugun filmak? Eta, horrelaxe gabiltzala, ezustean, jaialdiaren 50 urteak iritsi zaizkigu; Oscar saririk lortzen ez zuten zinemagileak saritzetik (Alfred Hitchcock kasu) gerora urrezko estatua eskuratu duten izarrak saritzera (Susan Sarandon eta Nicolas Cage, adibidez) heldu den jaialdia. Aurrerapen handia dirudi bizialdi oso bat iragan duen lehiaketa batentzat