«Liburuz jositako dorrean sartuta ematen dut eguna. Horri eskerrak bizi naiz»

Zarata mediatikoz beteriko garai nahasiotan, merkatu logiketatik urrun eta irakurleengandik gertu dagoen kazetaritza beharrezkoa dela uste baduzu, ARGIA bultzatzera animatu nahi zaitugu. Geroz eta gehiago gara, jarrai dezagun txikitik eragiten.
Zure memorien lehen tomoa idatzia duzu, orain Bilboko Udalak argitaratzeko zain zaude. Oroimena ordenatu duzun horretan, nola gogoratzen duzu ume garaia?

Seme bakarra nintzen eta guraso zaharrak nituen. Gehiago ziren aiton-amonak gurasoak baino. Aitak 51 urte zituen ni jaio nintzenean, amak 36 inguru. Bi osaba mutilzahar bizi ziren gurekin, eta umerik ez zuten beste osaba-izeba batzuk beren umea bezala zaintzen ninduten. Donostiara eramaten ninduten uda pasatzera.
Hain mimatua izanik, nahi nuen dena neukan eta nahi nuena egiten nuen. Oso bihurria nintzen eta eskola denetatik botatzen ninduten. Ez nuen ezer txarrik egiten, baina ikasgela hankaz gora jartzen nuen eta ikasle txarra nintzen.
La Salletik bidali, eta institutura joan nintzen, 9 urterekin. Han bai gogoak agindutakoa egiten genuela. Greba denen alde beti. Gaur honen alde, eta bihar guztiz kontrakoa defendatu. Festa egin beti, eta sekula kolpe zorrik jo ez!
Nirekin ez zutela karrerarik aterako ikusita, gurasoek barnetegira bidali ninduten.

Castroko «Corazon de Maria» barnetegira bidali zintuzten, aita klaretarrengana. Nolakoa zen hango giroa?
Zibilizatuagoak ziren Lasalleko fraideak baino. Lasallekoek zigortzeko lurra mingainarekin garbituarazten ziguten, besoak zabalduta gurutze gisa luze edukitzen gintuzten, halako hitza mila bider idatzi behar izaten genuen (bi edo hiru egun pasatzen genituen horretan)...
Castroko barnetegian, berriz, baneukan entxufea. Gure aita Balmasedako alkate izan zen, eta parean komentua zeukan. Pasabidea zegoen etxetik komentura, eta zuzendari zen Aita Lazkanorekin laguntasun handia zeukan. Aita Lazkano Castroko eskolako zuzendari egin zuten, eta horrela sartu ninduten ni barnetegi berean.

Barnetegian goitik behera aldatu omen zinen. Zergatik?
Kontuan hartu nindutelako, aparta sentitzen nintzelako. Beharrezkoa zarela sentitzen duzunean, aldatu egiten zara erabat. Eskolan garrantzia hartzen joan nintzen. Pentsa, laugarren eta bosgarren urtean ni nintzen gelako arduraduna. Orduan hasi nintzen antzerkia idazten, 13 urterekin. «Secreto de confesión» izan zen idatzi nuen lehen antzezlana, eta eskolan taularatu genuen.
Gurasoek Gabonetan bakarrik ateratzen ninduten barnetegitik. Aste Santutan beste lagun denak etxera joaten ziren, baina nire bila ez zen inor etortzen.

Gerra nola bizi izan zenuen?
Gerrara joan behar ez izateko zortea izan nuen. 15 urte nituen garai hartan. Etxekoei dirua kendu eta karta jokoan xahutzen nuen. Errepublikaren aurkako etsai denak etxe inguruko plazan elkartzen ginen, arratsalde pasa. Lehen aldiz bonbardatzera etorri zirenean, ez ginen babesera gorde. Hurrengo aldi batean, gure inguruan erori zen bonba bat. Hartu, eta kuartelera sartu gintuzten. Etxera bidali gintuzten hurrengo egunean, eta handik denbora gutxira bila etorri zitzaizkigun «Burdinazko Gerrikoa»n lubakiak egiteko. Han aritu nintzen, ahalik eta lanik gutxien eginaz.
Bilbo hartu zutenean, karlistekin frontera joateko izena eman nuen, 15 urterekin. Baina aita etorri eta etxera eraman ninduen.

Falangista zen zuen familia. Zer presio bizi zenuten?
Egunkariak hizki handitan ekarri zuen nola Errepublikak gure aitari ondasun denak konfiskatu zizkion. Hala ere, Bilboko banku bateko zuzendariak aitari diru dena ateratzen utzi zion. Baina itxura gordetzearren, aitak lanean jarri ninduen janari denda batean. Karroa eta astoa hartuta han ibiltzen nintzen, San Frantzisko auzoko kabaret inguruetan kafea banatzen. Janari dendan bertan zegoen txigorgailuan egiten genuen «kafea», garbantzu aleak xehatuta! Jendeak asko eskertzen zigun, antza denez kafea bera baino hobea da garbantzuekin egindakoa!
Pasatakoa pasatuta, aita Antonio Iturmendiren etxean gorde zen, Estatuko abokatua garai hartan, eta ondoren Espainiako Gorteetako lehendakari izan zena.
Ni batzuekin eta besteekin gaizki ibili nintzen. Falangistak ziren nire lagun batzuek kartzelara sartu zituzten, edo erreformatoriora bestela.

Nolakoa zen gerra garaiko Bilbo?
Gipuzkoa erdia etorri zen hona. Asturiarrak ere bai. Jende asko bildu zen, bakoitza alde batekoa.

Oviedora joan zinen Zuzenbidea ikastera. Garrantzitsua izan zen zure bizitzan...
Unibertsitateko antzerki taldean hartu ninduten, baita Carmen Asensio Bretones ere. Protagonistak izatea tokatu zitzaigun, eta antzezlan baten ostean deklaratu nion antzerkian esandako guztia sentitzen nuela. 24 urterekin ezkondu nintzen, eta hamaika seme-alaba, hamasei iloba eta bi birbiloba izan genituen.

Bertolt Brecht-en lana taularatzen lehena izan omen zinen...
Hil egin zen, eta bere alargunarekin harremanetan jarri nintzen. Aktorea zen, eta baimena eman zidan «Aquél que dice sí, aquél que dice no» obra estreinatzeko.

Krudeltasunaren antzerkia asmatu zuen Ghelderobe-ren lanak taularatzeko esklusibotasuna omen zenuen...
Bere etxean egon nintzen Bruselan, hiru egunez. Halako konfiantza transmititu nion, 40 antzezlanetik gorako bere obra osoa esklusibotasunean eman zidala. Bere lanetatik lau edo bost bakarrik estreinatzea lortu nuen. Ondorenean zailtasun handiak izan nituen zentsurarekin, anarkista zelako. 1968an bera hil zenean esklusibotasuna itzuli nien bere ondorengoei.

Noiz aldatu zinen karlismotik nazionalismora?
Oviedon ikasten ari nintzela. Alemanek garaitzen zuten bakoitzean, ospatzeko kalean desfile moduko manifestazio bat izaten zen. Emaztea «margarita» zen, karlista, eta elkarrekin joaten ginen. Manifestazio batean jakin genuen kontzentrazio zelaietan gertatzen zena, eta orduan desengainatu nintzen erabat.
Ondoren, 60kohamarkadako nire lagun denak nazionalistak izan ziren. Besteren artean Benito del Valle Larrinaga (ETAko sortzaileetako bat), Eduardo Estrade (Eusko Legebiltzarreko lehendakari orde izan zena), Luis Maria Retolaza (Eusko Jaurlaritzako kontseilari izandakoa)... Larunbatero tertulian biltzen ginen Bilboko Monako kafetegian.
Ni ez naiz sekula alderdi bateko kide izan, sarri eskaini badidate ere. Zergatik? Etengabe ideiaz aldatzen dudalako. Nik katoliko-sabindartzat daukat nire burua.

Sabino Aranaren biografia argitaratu berria duzu. Zergatik miresten duzu?
Egun inork ez du Sabino maite, ez dute ikusi ere egin nahi. Berataz hitz egiten badute ere, erabat ahaztuta daukate.
Lau tomo idatzi nituen, gerrara arteko bere bizitza kontatuz. Jose Antonio Ardantzak eskatu zidan lehendakaritzarentzako beste tomo bat idazteko, bere bizitza osoarekin. Idatzi nuen, eta hizkuntza askotara itzuli da.
Bera izan zen nazionalista egin gintuena. Espainolista egiteko zuhurtasuna izan zuen, baina espainolistak engainatzeko bakarrik. Hori izan zen bere azken jokaldia. Alderdi espainolista bat egin zuen, autonomiara bakarrik iristeko, eta alderdia salbatzeko.
Nazionalismoa Manuel Larramendik sortu zuen. Berak idatzi zuen lehenengoz Gipuzkoako nazionalismoaz. Praktikan, Gipuzkoa independentea izan zen frantsesekin.

Egungo egoeraz zer duzu esateko?
Arnaldo Otegiri-eta sinpatia handia diet, baina hankak lurrean ditut. Ezin da ameskerietan ibili. Pausoz pauso joan behar dugu, pixkanaka. Orain konpetentzien arazoa dugu, eta horri erantzun behar zaio. Tamalgarria da elkarren aurka aritzea.
Espainiako estatua bere onetik aterata dago. Edozein egunetan bidaltzen badigute 10.000 soldaduko tropa, hemen ere 5.000 boluntario segituan bilduko dira. Horretan ez dudarik izan. 1936ko gerran, egunero biltzen ziren 2.000 boluntario, faxismoaren aurka borrokatzeko.
Baina ni oso baikorra naiz, eta uste dut gure ondorengoek ikusiko dutela herri hau bere bete-betean.

Oteizarekin laguntasun handia omen duzu...
1949an ezagutu nuen, Bilbora etorri zenean. 1951n «El inventor de la luna» antzezlana eskaini nuen Madrilen. Oso harrera txarra izan zuen, eta erabat lur jota geratu nintzen. Oteiza ikusleen artean zen, eta berak esan zidan «ez dago eskubiderik zure lana hankekin txalotzeko. Zoaz mendira, idatzi lasai, eta ez egon publikoari begira». Kasu egin nion, eta horrela erosi nuen dorre hau.
Abuztuan egon nintzen azken aldiz berarekin, eta berari buruzko liburua argitaratzeko baimena eman zidan. «Oteiza, el hombre» izena eramango du. Euskal poetek Oteizaz idatzi dutena, Oteizaren poema batzuk eta nire sarreraz osatuko da, besteak beste. Baina kaleratu aurretik, berak irakurri eta bere onarpena nahi dut.

«Autores vascos» izeneko liburuan 13.000 euskal idazle jaso dituzu. Zergatik egin duzu euskal idazleei buruzko lan hori guztia?
Hemen egiten denaren berri jaso dadin. Euskal idazleak erabat ezezagunak gara, geure herrian ere. Zer esanik ez, kanpoan. Ez dakigu bertako lana estimatzen, eta ez die beste kulturetakoei zertan inbidiarik izan.
Lan hau osatzeko liburutegi eta artxibo piloa arakatu ditut. Madrilgo Liburutegi Nazionala, Paris, Valladolid, Amsterdam, Baugancy, Coimbra, Sevilla, Salamanca...

Hainbeste lan egiteko, nolakoa da zure egun arrunt bat?
Liburuz jositako dorre honetan sartuta ematen dut eguna. Iluntzeko zortzietan oheratzen naizen arte. Literaturari eskerrak mantentzen naiz. Hori da gizakiak duen irteera balbularik onena

Doinua: Antton eta Maria
Haseran egin gabe
ahalik ondoen
bizi zenak nahiko lan
egin du ondoren.
Ideiei zabaldua,
ametsei baino lehen,
zure bizitzak garbi
uzten du bederen
definitzen duela
bizitza bat zer den.

- Jaio: Bilbon, 1921.urtean.
- Bizi: Getxon.
- Idazlea.
+Antzerkia, nobela, biografia, saiakera eta bibliografia izugarri idatzi du. Lan ezagunenen artean, «Autores Vascos» obra, 30 urtean bildutako 13.000 euskal idazleren biografia eta bibliografia.
+Prentsan kolaboratzaile: Egunkari hauetan guztietan kolaboratu izan du: Deia, La Gaceta del Norte, El Diario Vasco, La Hoja del Lunes, El Correo Español-El Pueblo Vasco, Egin, Muga, Diario 16, La Voz de Vizcaya, Arbola, Pérgola, Letras de Deusto, Historia Contemporánea, El Periódico de Álava, El Mundo del Paí­s Vasco...
- Merkatal Zuzenbidean lizentziatua.
- Sariak: »La Gaviota de Oro» (1989); 1996an «Real Sociedad Bascongada de los Amigos del Paí­s»ek ohorezko bazkide egina; 1997an Bilboko Udalak omendu zuen.

«Artritisa izan nuen 50eko hamarkada hasieran. Lagun batek esan zidan leku garai batera joateko. Eta hiru negutan egon nintzen Escorialeko San Lorenzon; sendatu egin nintzen eta gehiago ez dut izan artritisik. Felipe II.aren liburutegian inkunableak aurkitu nituen: salesianoek idatzitako guztia, eta tartean izen euskaldun asko eta asko. Nork esan du euskaldunek ez dakigula idazten?»
Zabalik
«Balmasedako gure etxean Carlos VII.ak lo egiten zuen eta hark utzi zuen bezala gorde zen, aldatu gabe.»
ARGIA, 1996-12-01.
"Idazlearen zeregina aztiarena da. Bide ertzean jarrita ibiltariak igaroten ikusi eta bati kontseilua ematen dio eta besteari, ostera, ziria sartzen dio.»
ARGIA, 1986-03-09.
"Uniformedun inor ez da demokrata.»
ARGIA, 1986-03-09.
"Adiskidetasunak eraginda iharduten dut beti. Ideologia guztien gainetik maite eta preziatu egiten ditudanak laguntzen saiatuko nintzateke postu politikoren bat izanez gero; beraz, hobe ez baledi halakorik gerta.»
ARGIA, 1986-03-09.
«Gaztetan baino askoz lan gehiago egiten dut orain, informazio biltegi bat naizelako. Asko irakurri dut eta asko idatzi dut, baina orain jada idatzi baino ez dut egiten.»
Zabalik

Iaz hil zitzaidan emaztea, 55 urte ezkonduta eman ondoren. Geroztik ezin dut bururik altxa. Maite duzun pertsona bat galtzea beldurgarria da. Bere hutsunea ezin da ezerekin bete, behartutako bakardadea delako, ez aukeratua. Hainbeste urtez jasan ninduen, eta artista bat jasatea ez da txantxetako kontua! Berari zor diot idatzi dudan dena.

Martín Simónek marraztutako Elias, Eliasekin buruz buru.


Azkenak
Birundaren aldeko manifestazioa egin dute Donostiako Parte Zaharrean barrena

Pasa den asteko "kaleratze ilegala" salatu dute hainbat herritarrek, ostiral arratsaldean.


2025-03-31 | Ahotsa.info
Burlatako Gazte Asanbladak gaztetxearekin jarraitzeko akordioa iragarri du Udalarekin

Manifestazio jendetsu batek herriko kaleak zeharkatu ditu, Poliziaren gehiegizko dispositibo batek zainduta, gazteek kudeatutako guneen defentsan eta Gaztetxeak erasoen aurrean defendatzeko. Manifestazioaren amaieran, publiko egin dute iragarpena.


BDZk CAFi exijitu dio Israelekin harremanak mozteko, igandeko manifestazioetan

Hego Euskal Herriko lau hiriburuetan egin dituzte manifestazioak. Israelek Palestinan egin duen eta aurrera daraman genozidioarekin kolaboratzen duten enpresei laguntza publikoa emateri uzteko eskatu diete Nafarroako Gobernuari eta Eusko Jaurlaritzari.


STEILASek eta LABek jakinarazi dute Hezkuntza Sailak bertan behera utzi duela gaurko deituta zuten bilera teknikoa

Hezkuntza Sailak EITBri azaldu dioenez, ikastetxe bakoitzean izan beharreko baliabideak batzar teknikoetan negoziatu partez, mahai negoziatzailean landu beharko lituzkete. Bihar eta etzi greba egingo dute EAEko ikastetxe publikoetako irakasleek.


Armen lobbyek (Euskal Herrikoak barne) gerrara eraman nahi gaituzte

Joan den ekainaren amaieran bukatu genuen Conversión de la industria militar en Euskal Herria para no fabricar más guerras (Armagintza industriaren moldaketa Euskal Herrian, gerra gehiago ez sortzeko) liburuaren lehenengo zatiak Gerra badatorrela! du izenburu, bertan... [+]


2025-03-31 | ARGIA
Iruña-Veleia afera argitzea eta ondarea ez suntsitzea eskatu dute Gasteizen

Iruña-Veleia auzia “behin betiko” argitzea eskatu dute martxoaren 30ean, Gasteizen egindako manifestazioan. Iruña-Veleia argitu, ez suntsitu plataformak aztarnategian egindako “txikizioak” salatu ditu eta Arabako Foru Aldundiaren ardura... [+]


2025-03-31 | Gedar
Etxebizitza-arloko arrazakeria salatu eta apirilaren 5ean mobilizatzera deitu dute hainbat kolektibok

Etxebizitza eskuratzeko orduan pertsona arrazializatuek eta migratzaileek jasaten duten bazterketa sistematikoa salatu dute Gasteizen, agerraldi baten bidez. Apirilaren 5ean Donostiara bertaratzera deitu dute, etxebizitza-eskubide unibertsalaren alde.


2025-03-31 | Usurbilgo Noaua
Zaintza eredua eraldatzeko ahalegin betean segitzen du Usurbilek

Usurbil herri zaintzaileagoa izateko lankidetzan ari diren herrikide, eragile eta erakundeen talde argazkia duzue albiste honi atxikitakoa. Larunbatean Sutegin egindako "Usurbil, herri zaintzailea" izeneko ekitaldian atera genuen. Norabide horretan herri hau egiten ari... [+]


Aitor Esteban EAJko presidente berriak batasunerako deia egin du alderdiaren IX. Batzar Nagusian

Kargua "ohore handiz, erantzukizunez eta apaltasunez" hartuko duela adierazi du Atano III.a pilotalekuan, 1.800 lagunen aurrean. Aberri Batzarrak Euskadi Buru Batzar berria osatuko duten zortzi kideak ere hautatu ditu.


GALek eraildako Xabier Galdeano oroitu dute Algortan 40. urteurrenean

Egin egunkariko zuzendaritzako kide eta langilea Donibane Lohizunen erail bazuten ere, Algorta jaioterrian egin diote oroimen ekitaldia, igande eguerdian. Bertaratutako lagun zein senitartekoek presente izan dute estatuaren indarkeriak hil zuela.


analisia |
Save the Children, saldu bonbak (II)

Historia errepikatzen dela idatzi zuen Marxek, “lehenik tragedia gisa, gero fartsa moduan”. Armagintzaren eta militarismoaren inguruan errepikapen hutsa ez, espiralean goraka doan buklea ari gara bizitzen, fartsatik asko duena, eta tragedian amaitzeko gero eta aukera... [+]


Miranderi buruzko zikloa abiatuko dute Iruñean, bere obraz eta figuraz gogoetatzeko

Astelehen honetan hasita, astebetez, Jon Miranderen obra izango dute aztergai: besteren artean, Mirande nor zen argitzeaz eta errepasatzeaz gain, bere figurarekin zer egin hausnartuko dute, polemikoak baitira bere hainbat adierazpen eta testu.


2025-03-31 | Jakoba Errekondo
Ohea berotzearen teknika

Ohe beroan edo hotzean egiten da hobeto lo? Nik zalantzarik ez daukat: hotzean. Landare jaioberriek bero punttu bat nahiago dute, ordea. Udaberriko ekinozio garai hau aproposa da udako eta udazkeneko mokadu goxoak emango dizkiguten landareen haziak ereiteko.


2025-03-31 | Nagore Zaldua
Udaberrian sakura loreak eta itsas-tomateak

Itsasoan badira landareen itxura izan arren animalia harrapari diren izaki eder batzuk: anemonak. Kantauri itsasoan hainbat anemona espezie ditugun arren, bada bat, guztien artean bereziki erraz atzemateko aukera eskaintzen diguna: itsas-tomatea.


Eguneraketa berriak daude