Armada handiei sarritan gertatzen zaiena jazo zaio Errusiakoari: hamabost egunetan paratxutista dibisio batekin konkistatuko zutela iragarri zuten jeneralek, eta zortzi urteren buruan Afganistanen baino gizon gehiago galdu dituzte Txetxenian. Militarrek urteotan 6.000 soldaduren galera onartzen dute, baina Soldaduen Amen Batzordearen ustetan 15.000 hil dituztela esatea hurbilago dago egiatik.
Gerraren hasieran milioi bat inguruko biztanlegoa zuen errepublika honek hil kopuru beldurgarri horretaz gain, biztanleen erdia ihesi joaten ikusi du. Asko inguruko errepubliketara, Ingushetiara batik bat, baina baita Dagestan, Georgia eta Errusia bertara ere. Eta beste askok, Txetxenia barruan lekuz aldatu behar dute, beren etxe, lan eta gainerako guztiak galduta.
Kaukasoko herri txiki baten historia.
Lurraldez Euskal Herriaren hiru laurdeneko tamaina duen herri ttiki hau, Kaukaso mendi katearen iparraldean dago. Bere hizkuntzan Ixkeria (edo Ichkeria izenez deitua) Georgia, Azerbaijan eta Armenia Errusiagandik independizatu ondoren, honek bere mugaldean dituen errepublika autonomo ugarietako bat da Txetxenia, muga Georgia eta Dagestanekin egiten duela.
Hainbat etnia eta hizkuntza biltzen ditu eremu txiki samarrean Kausako mendialdeak, hori da bere aberastasuna eta baita egoera korapilatsu askoren iturria ere. Erreportai honen bukaera aldeko mapari begiratu besterik ez dago horretaz jabetzeko.
Herri hauek beren bizimodu menditarraren barruan (artzaintza eta laborantzari lotuta) izan duten zibilizazioaren aztarna ugari gelditu dira, gutxienez Erdi Arotik. Txetxeniak XI. mendetik hasi eta XVIII. mendea arteko hainbat eraikuntza zibil eta erlijioso ditu erakusgai, gazteluak, elizak, hilobiak eta beste.
Beren historian, Kaukasoak eta Errusiako inperioak ezagutu dituzten astinaldi guztiak nozitu dituzte txetxeniarrek. Islamera berandu iritsi ziren Nakh edo Vainakh etniako klanetan biltzen ziren menditarrok, XVI. mendean, gaur Txetxeniako laborantza eta industria biltzen dituen lautadara jaitsi ahala. Eta errusiarrak ere berandu sartu ziren lurralde hauetan: 1791an galdu zuten lehen gudu garrantzizkoa txetxeniarrek. Eta XIX. mendearen lehen erdian ere segi zuen gerrak. Historigileek diotenez, errusiarrek Kaukasoa kolonizatzeko Napoleonen kontra baino soldadu gehiago erabili zuten.
Errusiako inperioan sartuta, 1917ko iraultzak Mendialdeko Errepublika Autonomoan sartu zituen eta 1936an Txetxenia-Ingushetia errepublika eman zien Stalinek. Baina honen kolektibizazio planen kontra altxatu ziren txetxeniarrak, eta alemanekin kolaboratu omen zuten aitzakiatan -egia esan, naziak ez ziren sekula Txetxeniaraino iritsi- Siberiara deportatu zuen Stalinek herri osoa 1944ko otsailean, beste herri batzuekin batera. 130.000 txetxeniar eta ingushetiar hil omen ziren bidaian zehar.
Itzulera.
Khrushovek hamabi urte beranduago, 1956an, itzultzeko baimena eman zienean, lur eta lantoki onenak estatu errusiarren konpainiekin etorritako etorkinen eskuetan aurkitu zituzten. Borroka artean gertatu zen etxeratzea, eta oraindik Txetxeniako gizartean asko nozitzen dira orduko iskanbilen oihartzunak. 1994an gerra berria piztean, biztanleriaren laurden bat errusiarrek osatzen zuten, Grozni hiriburuan eta lautadan bidenabar, nagusi ziren industrian eta txetxeniarren langabezia %30ekoa zen 90eko hamarkada hasieran.
Sobiet Batasunaren lurreratzea etorri zen gero, eta honen hondarrekin Errusiako agintariek egitura federal berria martxan jarri nahi izan zutenean, txetxeniarrek Dudayev jenerala buru zutela sinatzeari uko egin ziotenean, orduan hasi ziren kaukasiar hauen malurrak berriro. Ieltsin eta Putinen soldaduek berdindu egin baitituzte Stalinen basakeriak.
Independentzia aldarrikatu eta hiru urte beranduago, 1994ko azaroan, Boris Ieltsinek, piztu zuen gerra. Militar buruek eskualdea azkar menderatuko zutela sinetsita, 40.000 soldadu errusiar bidali zituen bertara, Grozni hiriburua bonbaztatu eta beste hainbat herri suntsitu zituen.
Baina azkar korapilatu zen gerra. Espero baino erresistentzia gogorragoa aurkitu zuten errusiarrek eta herritar armarik gabeak gero eta gogorrago harrapatzen zituzten «garbiketa operazio» direlakoetan sartu ziren. Dudayeven tropek berriz, herrialde barruko operazioez gain Errusian eta Dagestanen bahiketa eta gerra operazio gogorrak burutu zituzten. 1995eko ekainean Errusiako Budionnovosk hiriko ospitalean 2.000 pertsona bahitu eta horietako hainbatekin Txetxeniaraino itzultzea lortu zuten. Dagestaneko beste ospitale baten bahiketa ez zen hain ongi pasatu eta dozenaka pertsona hil ziren errusiarrek erasotakoan.
bakea?
Ieltsinek berehala ikusi zuen ordea irtenbide bat bilatu behar ziola egoerari, eta 1996an bere izenean negoziatzera bidalitako Lebed jeneralak bakea sinatu zuen Txetxeniarekin.
Bake itunak orduan irtenbide egokia zirudien, nahiz eta orain adituek dioten oinarri ahulen gainean zegoen eraikia. Negoziaketen erdian Dudayev lehendakaria bera hil zuten misil batekin errusiarrek, eta gaur presidente den Maskhadov berak hartu bazuen ere negoziatu eta bakea sinatzeko lana, lehendik klanen sistema oso indartsua duen Txetxeniako indarren arteko sakabanaketa areagotu egin zen.
Errusiako hauteskunde barruko interesak ere tartean zeuden. Eta Lebed bera, egunen batean Errusiako lehendakari izan behar omen zuen jeneral famatua, istripu batean hil zen urte gutxiren buruan.
Gerra hiru urteren buruan piztuko zen berriro, 1999ko urrian. Bitarte horretan, Txetxeniako agintea eta bere tropak nahastu, sakabatu eta kakaztuz joan ziren: petrolioaren garrioaren inguruko interesak eta lehengai garrantzizko horren inguruko trafikoaren kontrola batetik, Errusiako mafia bestetik, urte luzez horren barruan dabiltzan txetxeniarrak bestetik, txetxeniarrei laguntzera Ekialde Hurbiletik etorritakoak ere bai, Errusiako zerbitzu sekretuen manipulazioak tartean... Txetxeniako gerrillariak eta beren agintaritza osoa mafioso, lapur eta gaiztaginez osatutako taldea direla, Errusian errez saltzeko moduko irudi bat bihurtu zen.
Errusian, bitartean, hauteskunde giroan gerra berri baterako giroa berotuz zihoan. Lebed jeneralak sinatutako akordioarekin ez zeuden ados militar errusiar nagusiak ("politikoek ez digute txetxeniarrak akabatzeko denborarik utzi" esan zuten batek baino gehiagok) eta zerbitzu sekretuek beren maniobrak ugaritu zituzten, herrialde honen kokagune geoestrategikoa kontrolatu nahian. Txetxeniar integrista batzuek Dagestanen egindako erasoak batetik eta Moskun bertan lehertutako bonba batzuek bestetik, guztiak ekarri zuen gerra berriaren leherketa.
Geroztik, bere karrera politikoa zerbitzu sekretuen buru lanetan egin zuen Putin lehendakari errusiarrak gerra ez baina Txetxeniako lapur eta gaiztaginen kontrako operazio bezala saltzen du mundu osoan gatazka. Txetxeniarren aldetik Maskhadovek segitzen du izaten ofizialki lehendakari, baina askok duda egiten du zenbateraino kontrolatzen dituen gerrillari taldeak. Hauek mendialdean dute babesa baina hirietan ere badute presentzia, eta etengabeak dira errusiarrei ematen dieten egurra, duela aste pare bat helikoptero bat lurreratu eta 115 soldadu hil zituztenean bezala.
Eta beste aldetik, ofizialki onartu gabeko gerra batean desmasiarik beldurgarrienak egiten ditu bere "garbiketa" operazioetan armada errusiarrak. Bi aldeen arteko kontaktoak berriro antolatzen hasi ote diren aipatzen da baina ez da aurrerapen nabarmenik ikusten. Eta populazio zibilaren kontrako genozidioa salatzen duten erakundeak (World Watch Fundation, Memorial eta beste) europarren indiferentziaren aurrean alferrik ari direla dirudi.
SARRASKIA.
Berez baldin bada beldurgarri, Txetxenian gertatzen direnez zenbait kazetarik egin dituzten kontakizunak irakurlerik hotzenari ere barrenak mugiarazteko bezain ikaragarriak dira. Kosovon edo Bosnia-Herzegovinan gertatu diren eta iritzi internazionalak genozidiotzat jo dituen triskantzak eta handiagoak ere egiten dituzte egunero Txetxenian.
Konparaketa makabroetan hasita, aurrea hartu dio Txetxeniako sarraskiak Palestinan israeldarrek egiten dutenari. Eta komunikabideetan duen oihartzuna aldiz hutsaren hurrengoa da. Urruntasunaren eraginak badu garrantzia, baina 2001eko irailaren 11z geroztik terrorismo etiketapean bildu dira munduko mila gertakizun eta mugimendu ezberdin, eta Moskuko gobernuari Ixkeriako errepublikaren aldeko gerrillari guztiak terrorista islamiar gisa aurkezteko aukera azaldu zaio.
Errusiarrek 1996ko gerran soldadu arruntak bidali zituzten Kaukaso alde horretara. Armada sobietar ohiak bizi duen krisi ekonomikoaren eraginez, gaizki hornitutako tropak ziren, eta ezin izan zitzaizkien txetxeniarrei gailendu, abioi, helikoptero eta artileriaz herrialdea birrindu bazuten ere. Bigarren gerran soldadu arrunt hauek ere hartzen dute parte, baina pagatutako boluntario tropak dira -kontraktniki deituak- oinezko gerrako lan funtsezkoenak (eta zikinenak) egiten dituztenak. Kontraktniki hauek okupatzen dituzte herriak, hauek burutzen dituzte "garbiketa" operazioak. Eta hauen eskutik jasaten dituzte zibil txetxeniarrek torturarik basatienak: kolpeak, elektrizitatea, mutilazioak (behatzak, belarriak, esku zein hankak moztea, begiak ateratzea...), emakumeei egiten zaizkien bortxaketak eta baita pertsonen bahiketa eta horien inguruko negozioa ere. Eta horien guztien oso berri gutxi heldu da gureganaino.
Kazetarientzako itxita daude Txetxeniara iristeko bideak, baina tarteka ausarten batek lortzen du bertaraino sartzea. Han ibili ondoren Jean-Baptiste Naudek "Le Nouvel Observateur" astekarian duela pare bat hilabete egin du ikusi duenaren kontakizuna, eta benetan errealitate beldurgarri bat erakutsi digu. Gerraz edo borroka antiterroristaz beztitutako operazio hau sarraskia izan baita hasieratik. Lehen gerran mundu osoan zabaldu ziren Grozniko azokaren gain 200 heriotz baino gehiago eraginez jaurtikitako bonbaketaren argazkiak, hiriburuaren txikizioarenak... «Eskandalu handia eta emaitza kaskarrak» kalkulatu bide zuten Moskuko militarrek.
Bigarren gerra honetarako, akabo argazkiak eta espektakulua. Orain, ongi hornitutako mertzenario banda bati gauez lan egiteko agindua eman diote, bertan harrapatu dezaketen edozer berenganatu eta aberasteko baimena ere emanez. Horrela diseinatutako operazioaren ondorioak kontatu ditu kazetari frantsesak. Beste hainbat basakeriaren berri bildu dute Giza Eskubideen aldeko Nazioarteko Federazioa, Amnesty International, Mugarik gabeko Medikuak edo Human Rights Watch elkarteek. Erreportaje honen Interneteko bertsioan aurkituko ditu irakurleak (www.argia.eus/nethurbil helbidean) horiekiko guztiekiko loturak. Kontakizunak latzak dira, eta argazki asko berriz, ikaragarriak.
Petrolioaren trafikoak sortu dituen interesen eta beren kokagune geoestrategikoaren gabitu, Europatik laguntza handirik ez dute jaso txetxeniarrek. Azken hilabeteotan zenbait komunikabide eta intelektual mugitzen hasi dela dirudi, ordea. Eta Parisen, Errusiaren enbaxadaren aurrean, astelehenero arratsaldeko 18:00etatik 20:00ak arte Txetxeniaren aldeko jende bilketa burutzen da. Indar gutxitxo, Vladimir Putin mugiarazteko