Zarata mediatikoz beteriko garai nahasiotan, merkatu logiketatik urrun eta irakurleengandik gertu dagoen kazetaritza beharrezkoa dela uste baduzu, ARGIA bultzatzera animatu nahi zaitugu. Geroz eta gehiago gara,
jarrai dezagun txikitik eragiten.
Ez hemengo eta ez Errusiako komunikabideek eskaintzen dute informaziorik Txetxeniako gerraz. Eta gerrak, aldiz, bizirik dirau. Duela aste pare bat bezala ehun militar errusiarrek hil behar dute bataila ezkutaezina gerta dadin. Bide batez, horrela jakin dugu gerrillari txetxeniarrek munduko helikopterorik handiena lurreratzeko moduko armak badituztela. Eta errusiarrek minak erabiltzen dituztela gerra honetan. Interneten ikusgai zeuden lehendik ere mina horien ondorio beldurgarriak (ikusi orriotako haurren argazkiak) baina soldaduek beraiek erori behar izan dute erdian egia aitortu dezaten. Gainerakoan, urriak dira hango albisteak dakarzkiguten kazetariak. Horien artean, berrikitan han -ezkutuan noski- Txetxeniatik ibili den Anne Nivat eta Jean-Baptiste Naudet frantsesak.
Gerrilla mendialdean ari da gogor. Groznin ez omen dira ikusten, baina kazetari honek gerrillarien informatzaileak bai aurkitu ditu, eta hiriburuan sabotaiak egiten dituztela jakin ere bai.
Ordainetan, errusiarrek hirietatik atera eta inguruko herri eta auzoetan sarekadak burutzen dituzte. Beren kontsigna, aurrez aurreko erasoei ihes egitea da, lautadetan baina batik bat gune menditsuetan. Taktika berria zera da: «terroristak» edo «lapurrak» herri batean dauden aitzakian, sarekadak egiten dituzte burua estalita daramaten kontraktnikiek. Ezin konta ahala ugaritu dira biktimak horrela, eta militarrak ez dira sekula esku hutsik etxeratzen. Uda honetako kasu batzuk bildu ditu Nivat kazetariak, 15 eta 11 urteko mutikoen heriotzak, torturak, mutilazioak.
Hilez gain bahituak ere eramaten dituzte militarrek. Familiek eskatutako dirua lortzen badute, jipoiak, gosea eta agian torturak ere jasanda, baina bizirik ikusi ahal izango dute senidea. Pagatuta, noski. Jean-Baptiste Naudet kazetariari Hussein Ishanov diputatu txetxeniarrak aitortu dio 101 egunetan tren bagoi batean eduki zutela preso. «Animaliak bezala pilatuta geunden, ez komunik ez ezer. Kanpamenduko errusiar guztiak azaltzen ziren gu egurtzera, baita sukaldaria ere, gauez bezala egunez. Ez genuen ia ezer jaten». Hiru hilabete horien ondoren, 1.600 dolarren truke askatu zuten. Beste lau diputatu txetxeniarrek ez dute zorte hobea izan: biren gorpuak aurkitu dituzte eta beste bi desagertuta daude.
Bahituen bizia, batzuetan, dirutan ez baina armatan ordaintzen da. Hainbeste arma, bahitua bizirik ateratzearen truke. Armak, jakina, errusiarrek beraiek saltzen dituzte. Eta trafikoa behin bukatu ahala hasten da ostera.
Gerra eremu horietara iritsi ahal izan diren kazetari urriek tortura eta basakeria lekukotza ugari bildu ahal izan dituzte. Nazioarteko erakunde humanitarioek beren informeetan bildu dituzten bezala. Baina armada errusiarrak bere soldaduei ematen dien tratuaren testigantzak ere badira. Adinagatik behartutako soldaduek holako gerra kolonialetan (Aljeriara bidali zituzten euskaldunek badakite horren berri) beren papera izaten dute: eliteko tropek «garbitu» nahi dituzten eremuen inguruko bideak blokatu, lurraldearen kontrola segurtatu, eskorta lanak egin... Soldadu hauentzako zen janaria salduz gainsari bat eskuratzen dute askotan ofizial errusiarrek, hasteko. Baina kaserna barruko liskarren ondorioz, heriotz kopuru handiak gertatzen dira tropen artean. Eta izan dira etxeratu ondoren ikusitako lapurretak aitortu dituzten soldaduak ere.
Kosovon eskuhartzeko bidea aurkitu zuten mendebaldarrak -hemen ere estatu mugiezin baten barne arazoa omen zen arren- mutu daude txetxeniarrei errusiarrak egiten zaizkien basakerien aurrean. Berme horrekin dihardu Vladimir Putinek. Eta KGBn karrera egindako presidenteak Stalinen markak hautsi ditu Txetxenian