«Kontxan lehen kalea eta lehen txanda da onena»

  • Kaia inork baino hobeto ezagutzen du, baita Donostiak udan turistekin hartzen duen kolorea ere. Herri kirolak, apustuen mundua, soziedadeak... Kaleko bizitza artikulu eta liburuetara eramaten jakin du beti.
Herri kirolei buruz asko idatzi duzu. Nola sartu zinen mundu horretan?
Kultur eta Turismo Ekintzetxean (KTE) lanean hasi nintzenean, konturatu nintzen alde ofizialetik ez zitzaiela herri kirolei merezi adina jaramonik egiten. Baserritar jende «inkultuaren» kutsua hartzen zieten herri kirolei. Aldiz, herriko jendeak oso atsegin zituen. Pentsa, apustu bat jokatzen zenean, Donostiako zezen plaza ia bete egiten zen, alegia 10.000-15.000 ikusle biltzen ziren.
KTE era guztietako txapelketak antolatzen hasi zen. Konturatu ginen herri kirolei buruz ez zegoela ia ezer idatzita. Horregatik idatzi nuen Auñamendiko liburua.
Materiala biltzen eta erosten ere hasi nintzen. Esaterako, aizkora zaharrak. Orain, material horrekin herri kirolen museo bat osatzen ari naiz. Laster Tolosako kultur etxean egongo da ikusgai.

Urte asko eman dituzu Kultur eta Turismo Ekintzetxean. Zertan aldatu da hor egin beharreko lana?
Lehen, antolakuntza lana boluntarioa zen, bizitzako arlo guztietan. Orain profesionalizatuta dago, eta dena askoz ere diru gehiagorekin antolatzen da. Lehen, Kontxako estropadako aurrekontuen %80 baino gehiago saritarako izaten zen. Orain aurrekontuen hirutik bi azpiegituretan erabiltzen da.

Nolakoa zen hasierako urteetako turismoa?
1964-69 urteetako Donostiako turistak uda osoa pasatzera etortzen ziren, hilabete bat edo birako. Estatuko leku beroetatik zetozen, Madrildik, Zaragozatik, Sevillatik... Britainia Handiko turismoak ere indar handia zuen. "Espainia eguzkitsua" saltzen zieten, eta autobusez etortzen zirenez, penintsulako beheko muturrera iristea bi egun luzeago egiten zitzaien. Beraz, hemen bertan geratzen ziren. 1970eko hamarkadan egon ziren istilu politikoek turistak uxatu zituzten. Baina egoerari eutsi egin zitzaion, Euskal Herriko jendeak kanpora ateratzeko joera gutxi zuelako, eta barnealdeko euskaldunak etortzen ziren urte horietan Donostiara. 80ko hamarkadan kale mailako istilu politikoak baretzen joan ziren, eta turismoak berriro gora egin zuen.

Zein dira egungo turismoaren ezaugarriak?
Asko jota astebete pasatzen dute turistek Donostian, baina gehienak denbora gutxirako etortzen dira. Egun bat edo asteburu bat ematen dute bertan. Abuztuan etorritako turisten erdiak italiarrak dira. Ez datoz eguzki bila, hondartzan tripaz gora egotera. Gazte jendea da hona datorrena, eta oso turismo aktiboa egiten dute. Museoak eta paisaia arakatu, hemengo sukaldaritza probatu eta kaleko giroa bilatzen dute.

Estropaden mundua ere barrutik ezagutzen duzu. Nola joan dira traineruak garatzen?
Gaur egungo traineruek antzinakoengandik gordetzen duten gauza bakarra, 12 metroko luzera da. Gainerakoak ez du zerikusirik. 1870-1910 urte bitartean, arrantzaleek hartzen zuten parte estropadetan. Eguneroko lanean erabiltzen zuten traineruekin, gainera.
1910 urte inguruan baporezko motorra sartu zen barkuetan. Arrantzaleek jada ez zuten arraunean egiten. Gainera, lau edo bost egunerako ateratzen zirenez itsasora, ezin izaten zuten entrenatu edo estropadarik jokatu. Kontraesana badirudi ere, garai haietan arrantzale izatea zen arraunean aritzeko lanbiderik txarrena.

Arrauna lanbide izatetik kirol gisa praktikatzera pasatu zen beraz...
Urteak joan ahala, arrantzarako ontziak utzi, eta estropadetarako propio egiten hasi ziren traineruak. Diru asko zuenak arinak egiten zituen, eta besteek astun-astunak. Orduan arautu ziren neurri guztiak. Traineruek sortzen zituzten ezberdintasunak orekatzeko, KTEak sei traineru berdin egin zituen, eta estropada jokatzen zutenei zozketaz banatu. 1951-1970 urte arte erabili ziren traineru hauek. Baina 1958an beste hiru egin ziren, eta beranduago beste bi. Noski, azkenak egin ziren traineruak askoz hobeak ziren aurrekoak baino. Eta norbera bere traineruetara itzuli zen berriro.

Gaur egun zuntzezko traineruak dira nagusi...
1993an hasi ziren zuntza erabiltzen. Zuntzezko lehen trainerua Cuesta galiziarrak egin zuen, Fontanen ereduari jarraituz. Egun ez dago batere alderik traineru batetik bestera. Iaz Kontxa jokatu zuten zortzi traineruak Orioko Amilibiak egindakoak ziren, berdin-berdinak gainera. 18.000 euro kostatzen da traineru bakoitza. 1920an Kontxako lehen saria 6 traineru erosteko modukoa zen. 90,15 euroko saria egoten zen jokoan, eta 12,02 euro balio zituen traineru bakoitzak. Egun, Kontxako sariarekin justu iristen da traineru bakarrerako.

Traineruarekin batera, arraunketa ere aldatuko zen...
Frogatu da indarrik gehiena paladaren azken zatian egiten dela. Alegia, uretatik ateratzerako garaian. Lehen besoek tiratzen zuten, eta bizkarra geldi eduki. Orain luze etzaten dira. Traineruak arintzean, erritmoa ere asko bizkortu da. Erritmorik bizkorrena 1965-69 urte bitartean eramaten zen. Hondarribik irabazi zituen banderak, eta 48 palada ematen zituzten minutuko. Orain 38-39 ematen dira, palada askoz sakonagoa eta luzeagoa delako, eraginkorragoa. Banku mugikorreko teknikak markatu du banko finkokoa ere.
Egun traineru denek daramate minutuko palada antzerakoa, eta estiloa ere bai. Ahalmena duenak, hasierako txanpa luzatu egiten du. Esaterako, Oriok 30-35 segundoz txanpa hartu beharrean, 50 segundoraino eusten dio txanpari, potentzia handia duelako. Txanpan bertigoa emateko moduko abaila hartzen dute, minutuko 45 paladetara iristen dira.

Garai hartako arraunlariek ba al zekiten igerian?
Arraunlariak arrantzaleak ziren garaitan, jakiten zuten igerian. Denak baitziren txikitatik portu inguruan haziak, eta ez ondoegi, baina flotatzen eta besoei eragiten moldatzen ziren. Baporearen eraginez lehorreko jendea hasi zen arraunean, eta horiek ez zuten arrastorik ere. Pentsa zein arriskutsua zen, trainerua irauliz gero! Itsaso zakarra zegoenean beldurtuta aritzen ziren arraunean, eta denbora txarragoa egiten zuten. Kostaldeko herrietako jendeak zerbait jakiten zuen, baina Lasarteko trainerua osatzen zuten baserritarrek ez. Federazioak arraunlari fitxa emateko igerian jakitea derrigorrezko baldintza jarri zuen, eta Donostiako igerilekura ekartzen zituzten ikastera.

Garai batean derrigorrezkoa zen trainerua herrikoez bakarrik osatzea. Egun gero eta fitxaje gehiago dabil...
Ur Kirolakek lau errumaniar ditu, bere herrian txapeldunak direnak. Jatorriz pobreak dira, eta hona etorri dira lantxo baten bila eta diruaren truk arraun taldea indartzera. Korta, berriz, Castron dabil eta Astilleron galiziar bat dago. Alegia, fitxaje-mugimendu bat sortzen ari dela Kantauri osoan.

Balizak jartzeak nahiko lan eman izan ditu Kontxan.
Askotan estropadak bertan behera geratu baziren, itsaso txarragatik baino gehiago izan zen baliza gisa jartzen genituen ontziak hondoratu egiten zirelako. Bi brankako batelak ziren, eta 1969an hondoraezinak ziren baltsak egin genituen.

Zein da balizarik onena?
Galdera horri erantzuteko, urte askotan zehar baliza bakoitzean egindako denborak batu ditut. 1991 urtera arte, balizarik txarrena lehenengoa zen, alegia, Urgulleko gaztelutik gertuen dagoena. Izan ere, haitzen oso gertutik pasatzen zen kale hori, eta olatuak haitza jota bueltan etortzen ziren. Baina 1991n estropada eremu osoa 30 metro desbideratu zen, eta ordutik kalerik onena lehenengoa da.

Lehen edo bigarren txandan suertatzeko errezatu behar da?
Kasu honetan ere, 40 urtez lehen eguneko estropadetan egin diren denborak gehitu ditut. Izan ere, bigarren egunerako bereizi egiten dira puntaren puntan dabiltzan traineruak. Ondorioa izan da, lehen txanda dela onena.
Izan ere, inguru honetako haizearekin gertatzen dena oso bitxia da. Zumaiako faroak emandako datuen arabera, gaueko 00:00etan ez da ia batere haizerik egoten. Pixkanaka haizea gehitzen joaten da goizeko 3:00-4:00ak aldera arte. Ostera 11:00k bitartean jaisten joaten da, eta ordu horretatik aurrera haizea altxatzen doa berriro. Horregatik, bigarren txandan haize eta itsaso handiagoa egoten da. Batez beste, bigarren txandan 3,5 segundo beranduago bukatzen dute traineruek lehen txandan baino.

1945. urtera arte Kontxako estropaden eremua gaizki neurtuta zegoen...
Araudiak zion 4 miliako joan-etorria zela eta, aldiz, 21 minutu bakarrik behar izaten zuten bidea egiteko, 400 kiloko traineruekin. Beraz, 2,5 miliako ibilbidea edo egingo zuten. Irteerako balizak ondo lerrokatzen zituzten, baina itsasaldeko balizetan, lehenengo baliza besteak baino gertuago zegoen, ondoren bigarrena, eta laugarren baliza zegoen urrunena. Esaten zuten islako korronteen erruz galtzen zela denbora, baina baita zera ere! 140 metro gehiago egin behar zituen laugarren kaleko traineruak, lehenengo kalekoak baino!

Kontxako banderan apustu asko egiten da.
Lehen askoz gehiago jokatzen zen. Izan ere, dirua jokatzeko aukera bakarra herri kirolak ziren; estropadak, pilota partidak, aizkolariak... Orain kasinoak direla, makina txanponjaleak... dirua jokatzeko aukera gehiago dago.
Herritik herrira alde nabarmena dago. Oriotarrek izugarri jokatzen dute, Hondarribin ez dago apusturako zaletasunik... Herriarekiko duzun loturak asko eragiten du, bihotzarekin jokatzen baitute.
Bitxikeria modura edo, hor dago Ondarroako kasua. 1890ean Ondarroan 1.803 euro baino gehiago galdu ziren. Alegia, garaiko udalaren urte hartako aurrekontua baino gehiago.

1983ko gertakariak izan omen dira zure antolatzaile bizitzako ilunenetakoak. Zer gertatu zen?
Sailkapen egunean, hemeretzi traineru atera ziren Kontxarako zazpi postuen bila. Arratsaldeko seietan, eguraldi ederra egiten zuen. Baina ordulaurden beranduago galerna ekarri zuen. Gero eta itsaso txarragoarekin jokatu ziren estropadak, eta traineru batzuek erretiratu beharra izan zuten. Beste batzuei arraunak hautsi zitzaizkien, eta denek sekulako ur pila zuten ontzian. Baina txarrena izan zen, ekaitz giro hartan, epaileek ez zutela ongi bereizten traineru bakoitza zein taldetakoa zen. Izan ere, arraun elkarte batzuk beste elkarte batzuen traineruekin atera ziren, hobeak zirela eta. Bozgorailuetatik ematen ziren denborak eta epaileen denbora ofizialak ez zetozen bat.
Estropadaren ostean sekulako eztabaida sortu zen delegatu, antolatzaile, epaile eta Arraun Federazioaren artean. Erabaki ofizialaren arabera, zazpigarren postuan Orio sartu zen, baina delegatu gehienek Pedreña sartu zela zioten, eta Orio Kontxatik kanpo geratu zela. Epaileek, denbora ofizialei eustea erabaki zuten.
Kontxako egunean, sekulako eguraldi ederra egiten zuen. Gainera, telebistaz zuzenean botatzen zen lehen aldia zen. Orio ateratzeko prest jarri zen, egokitu zitzaion balizan. Baina txanda bereko beste hiru traineruak (Kaiku, Zumaia eta Castro) eta Fortuna aurrean jarri zitzaizkion trabeska. Gogoratzen dut, orduan Kaikuko patroi zen Kortarengana joan, eta mesedez kentzeko erreguka ibili ginela! Boikota zela eta bertan behera geratu egin zen Kontxako bandera. Egun batzuk beranduago jokatu zen, baina boikota egindakoek ez zuten parte hartu.

Noiz eta nola hartu zuen traineru bakoitzak bere kolorea?
XIX. mende bukaeran eta XX. mendearen hasieran oso zaila zen ikusleentzat traineruak bereiztea. Batzuk zuriz janzten ziren eta besteak urdin ilunez, baina ez zegoen beste ezberdintasunik. Gainera ez zegoen estropadaren berri ematen zuen bozgorailurik, ez irratirik... 1910 urte inguruan nolabait bereizteko eskatu zuen antolakuntzak, eta 1917an udala koloretako kamisetak banatzen hasi zen, zozketaz. Baina zaletuak ezin izaten zuen kamisetarik eraman, urtero zozketaz aldatzen baitzen bere traineruari zegokion kolorea. 1940an Oriok eskatu zuen herriaren izenagatik kolore horia nahi zuela, eta beste taldeek ere bakoitzak berea aukeratu zuen. Donostiarrek zuria hartu zuten, ziurrenik, herriko banderaren kolorea delako. Ez dakit beste taldeek nola aukeratu zuten, gustuen arabera edo. Geroztik mantentzen dira bakoitzaren koloreak.

Herri kiroletara itzuliz, elkarri jokatutako apustuak galtzen ari dira...
Garai batean ez zegoen erakustaldirik, eta kirolariek ez zuten elkar ezagutzen. Aurten Olasagastik hiru apustu jokatu ditu egun bakarrean. Urtean 80 bat plaza izango dituzte eliteko aizkolari eta herri kirolariek. Denak oso ikusita daude, elkar oso ondo ezagutzen dute, eta zer desafio jokatuko diote elkarri, aurretik nork irabazi behar duen oso garbi dago eta!
Bestalde, salatzekoak dira jokatu izan diren apustu faltsuak. Alegia, kirolari batek besteari itxuraz desafioa jo, baina egiaz bien artean hitzartuta utzi nork irabazi behar duen. Normalean apustuetan zure berezko nortasuna ezkutatu egiten da. Hau batez ere lehen gertatzen zen, elkar ezagutzen ez zutenean. Hartara, besteak ez zuen igartzen zenbateraino gai zinen, eta apustua errazago onartzen zuen. Horregatik uste dut hemengo kasta oso isila, azeria dela. Orain, erakustaldietan, ez dago horrela aritu beharrik.

Pilota eta arrauna kirol masiboak dira, besteak ez. Zergatik?
Pilotak askoz espektakulu gehiago eskaintzen duelako aizkorak edo harri jasotzeak baino. Joko biziagoa da, emozio gehiago du... Arraunarekin berdin, gainera kasu horretan ez da estropadaz bakarrik gozatzen. Estropaden aitzakian jendea beste herri batera doa hamaiketakoarekin, egun pasa egin eta paraje berriak ezagutzen ditu.

Zer etorkizun dute herri kirolek?
Lehen segan aritu beharra izaten zen abereei jaten emateko. Orain segamakinarekin mozten da baserrian belarra. Hasierako sustraiak galtzen ari dira. Herri kirolak ikustera doan jendea ere baserri girokoa da. Etorkizunean ez dira apustuak jokatuko, baina udaletxe eta festa antolatzaileak kontzientzia badute herri kirolak mantentzeko. Beraz, erakustaldiek iraungo dute.

Liburu bat idazten ari omen zara...
Bai, Euskal Herriko istorioak kontatuko ditut, pertsonaietan oinarrituta. Hainbeste urtean KTEn ibilita, jendea ezagutzen da, eta bakoitzak ateratzen ditu beste pertsonekiko ondorioak eta bere jokaeren interpretazioak...

Doinua: Espainian behera

Estropadak prestatzen
hainbeste denbora
igaro duzu eta
beti ez gustora.
Adrenalina joaten
bada neurriz gora,
berdin zaio zer kale
berdin ziaboga,
Kontxan berriro ere
saltsa izango da.

- Jaio: Donostian, 1937. urtean.
- Donostiako KTEko (Kultur eta Turismo Ekintzetxea) zuzendari izan zen 1964tik 1997ra.
- Argitalpenak:
+ Kontakizunak: «Mundo feliz» (1962)
+ Saiakerak: «Juegos y deportes vascos», «Remo tradicional en el mundo», «Trikitixa», «Las Sociedades Populares», «Donostiako kaia», «Geografía de sombras», «En estado de alarma», «Gipuzkoa 1883-1983», «Carteles», «El Cantábrico entre la vela y el vapor», «Violencia y paz», «Los Fuegos Artificiales».
+ Nobelak: «Aquellos dos meses», «Contra la pared», «Mas allá de Lagos», «Pacífico Sur», «Esta vez irá Billy» eta «Alkatesa».

«Talkarako ahariak prestatzeko, oso garrantzitsua da ariketa fisikoa eginaraztea. Egunero bost kilometro ibili behar ditu, ahal dela harritan, hankak sendotzeko. Bera baino ahulagoa den sparring-ekin entrenatu behar da, bere buruarengan konfidantza hartu dezan. Eta baserritar batzuk, zurezko mailuarekin kolpatzen diote kopeta, ohitzen joan dadin.»
«Deporte rural vasco» liburua, 68.orr.
«Aurreko mendeetako korrika apustuak mendi-bide eta errepideetan jokatzen ziren. Oso luzeak ziren eta atletak, korrika baino gehiago, pauso azkarrean joaten ziren. Desafio haietan, korrikako gaitasunez gain beste ezaugarri bat ere neurtzen zen: orientazioa eta bideak ezagutzea. Irteera puntua eta helmuga bakarrik seinalatzen ziren, eta korrikalaria libre zen bidea aukeratzeko.»
«Deporte rural vasco» liburua, 82.orr.
"Probatarako idiei jateko babak, zahia eta bi litro ardo ematen zaie egunero. Probalari batzuek desafioa jokatu aurretik botila bat kafe ematen diete, lauzpa bost kopa koñakekin, bizigarri.»
«Deporte rural vasco» liburua, 82.orr.
«Euskal herri kirolak eguneroko lana denbora pasa bihurtzean sortu ziren. Horregatik, herri kiroletako athletak sarri kirol ezberdinak menperatzen ditu. Baserrian, denetik egin behar baita. Lehiarako senak bultza zituen, kirol izpirituak baino gehiago, proba hauetara.»
«Deporte rural vasco» liburua, 7.orr.

Nire bizitzako pasarterik ilunenetakotzat daukat 1985eko abuztuaren 14an su artifizialekin gertatutakoa. Garai hartako segurtasun neurriak askoz urriagoak ziren. Valentziako etxe batek bota zituen su artifizialak, eta suziri bat jende artean lehertu zen. Hildako bat eta zauritu asko izan ziren.


Azkenak
Kongok espero du tximino baztangari aurre egiteko adina txerto emango dizkiola Mendebaldeak

Kongoko Errepublika Demokratikoa ari da gehien jasaten tximino baztanga edo mpox-en epidemia. Urtea hasi zenetik 16.700 kasu atzeman dituzte, eta ia 600 pertsona zendu dira herrialdean; gehien-gehienak, haurrak.


Hainbat gizon atxilotu dituzte asteburuan indarkeria matxistagatik

Tuteran 30 urteko gizon bati 23 urteko bikotekideari erasotzea leporatu diote, eta Ondarroan 31 urteko gizon bati lankide bati ukituak egitea, herriko osasun etxean. Bilboko jaietan bi sexu eraso salatu dituzte, eta Donostian 20 urteko gizon bat atxilotu dute, hiriaren... [+]


2024-08-20 | ARGIA
Osakidetzan tratamenduari ekin nahi dioten transek psikiatriatik pasa behar dutela salatu dute

Hainbat kolektibok salatu du Gurutzetako ospitaleko Genero Identitatearen Unitatean arreta jasotzen duten transei lehen harrera psikiatrikoko profesionalek egiten dietela, horrek transak patologizatzen dituela eta harrera endokrinoak egin beharko lukeela. Harrera endokrinoak... [+]


2024-08-20 | Euskal Irratiak
Bigarren etxebizitzen kontrako aldarria entzun da Miarritzen

Etxebizitzen %20 baino gehiago jadanik bigarren etxebizitzak dira Ipar Euskal Herrian. Larrialdi klimatikoaz sentsibilizatzeko lau hilabetez, Nantesetik abiatu Alternatiba txirrindula itzulia, kostaldean zen aste buruan.


2024-08-20 | Mikel Aramendi
‘Txina komunismoaren aurretik’ ikuskizuneko sektaren atzean dagoen kuxidadea

Iazko urtarril-otsailean izan genuen Hego Euskal Herrian bisitari, egundoko propagandaz girotuta baina aparteko arrakastarik gabe, Shen Yun izeneko antolakundearen “Txina komunismoaren aurretik” ikuskizuna. Agian neuk ere esan behar nuen zerbait orduan, haren... [+]


2024-08-20 | ARGIA
Langile bat hil da Iurretan, baso-lanetan ari zela

LAB sindikatuaren kontaketaren arabera, dagoeneko 36 dira aurten Euskal Herrian lan-istripuz hildako langileak.


Epaileak ez du “hilketa saiakeratzat” ikusi emazteari labanaz eraso dion ertzainaren kasua

Mehatxu larriak egitea egotzi diote, eta behin-behinean aske utzi dute urruntze agindua ezarrita.


Taser pistola Foruzaingoaren armen araudian sartu nahi du Nafarroako Gobernuak

Nahiz eta Nafarroako hainbat udalerrietako udaltzaingoek taserrak dituzten, ez dago armen araudian jasota. Azkoienen lau aldiz erabili dute, eta Iruñean aurtengo ekainean erabili zuten lehen aldiz.


2024-08-19 | ARGIA
Palestinaren alde mobilizatu dira Bilboko eta Donostiako Aste Nagusian

Palestinarekin Elkartasuna plataformak deituta, bi hiriburuetako jaietan "Palestina presente" egoteko aldarria luzatu dute. Ostiralez Bilbon, eta larunbatez Donostian.


2024-08-19 | Behe Banda
Barra Warroak |
Soro bat, zoro bat

Testu hau goizeko ordu txikitan izaten diren hausnarketa batekin hasi da, Araba galduko herri batean zoruan jarrita, ortzimugan eguzkia ateratzen dela ikusirik. Zelai hori eta nabarren artean hegan egiten duten txoriei so eginez, mendietan dauden basoetan pentsamenduak galduta... [+]


2024-08-19 | ARGIA
Ikus-entzutea merezi duten sei lan

ARGIAko erredakzioaren eskutik, sei ikus-entzunezko proposamen.


Eguneraketa berriak daude