DEBEKUA, ERRESISTENTZIA ETA ENFRENTAMENDUAREN ARO BERRIA


2021eko uztailaren 19an
Une historikoa bizi dugula nahiko sustraitua dago klase politikoan eta arlo politikoaren nondik norakoak jarraitzen dituztenen artean. Azken 25 urteetako gertakizun politikoen artean garrantzitsuenetakoa bizitzen ari gara Euskal Herrian. Batasunaren ilegalizazioaren aldekoak zein kontrakoak, guztiak jabetzen dira erabakien garrantziaz. XIX. mende bukaerako Gamazada, Primo de Riveraren garaiko ilegalizazioak, 1936ko Estatutua, edota Gernikako Estatutuaren onarpenak berak utzi duten antzerako lorratz historikoa utz dezake Batasunaren ilegalizazioak. Goizegi ere izan daiteke halakorik aipatzeko, baina epe motz eta ertainera, neurri honek ondorio ugari izango dituela dago gehientsuenon burutan.

Ondorio horien sakontzean datoz hipotesi desberdinak, eta hauek era guztietakoak dira, hartzen diren betaurrekoen arabera. Euskal gizartean, dena den, PPk eta PSOEk ordezkatzen duten gizarte sektorean izan ezik -eta hor ere neurtzekoa litzateke boto emaileek uste dutena-, argi dago neurri hauek egoera politikoa biziki korapilatuko dutela, irtenbiderik eskaini gabe eta elkar bizitza kaskartuz. Hortik aurrera balizko eszenatoki desberdinei buruz dauden hipotesiak ugariak dira.


Madrilen helburuak.

Ilegalizazioarena moduko tamainako neurri bat hartzen denean nekez izaten da helburu bakarra lortzeko, baina ez da zalantzarik ezker abertzalearen jarduera politikoa oztopatzeaz gain, abertzaletasun guztiaren muinean ziri sakon bat sartzea dela Madrilek duen helburu garrantzitsuenetako bat. Hala aitortzen da abertzaletasunaren adar desberdinetan, elkarri mokoka aritzeko tarteek hausnarketarako uzten duten uneetan.
Madrilen Terrorismoaren aurkako ituna sinatu zenetik ate asko zabalik geratu zen. ETA eta ezker abertzaleari erantzun berri baterako oinarriak jartzeaz gain, funtsean, Lizarra-Garaziko garaian Euskal Herri osoan zabaldu ziren aurreikuspen berri askori ohiko Espainia handiaren erantzuna emateko sortu zen. Eta Espainia horrentzat, oro har, ETAren aurka egiteaz gain, berak kontrolatzen ez duen nazionalismo indartsua da helburu sakonena; ETA, haren ikuspegitik, euskal nazionalismoak babestu eta elikatzen duen piztia da, eta oinarrian, haren sehaska.
1996an Espainiako Gobernura iritsi zenetik, PPk molde politiko berri batez heldu zion Euskal Herrian bizi den gatazkari eta akordio hori eta ondoren etorri direnak estilo berri horren klabeetakoak dira. XIX. mendean gerra karlista biak irabazi zituzten espainiar liberalen estilo bera da, edo XX. mendean "Una, grande y libre" haren jokaldi modernoa, Mendebaldeko demokrazietan guztiz homologatua, ekonomikoki aurreratua eta XXI. mendeko Espainia "patriotismo konstituzionalaz" harro akuilatu nahi duena.
Laborategietako estrategia politiko potoloez gain, beste osagai bat ere izan daiteke estrategia politiko honen bultzagileen artean: klase politikoak zuzen-zuzenean pairatutako sufrimendua. Espainiako klase politiko nagusiak hartuko al zituen oraingo neurri hauek ETAk PP eta PSOEko politikari eta zinegotzien aurkako hilketak egin izan ez balitu? Airean da galdera, baina Iruñeko entzierroa hesiaren bestaldetik edo Santo Domingo kaletik bertatik jarraitzea zeharo desberdina da. Bizitzaren alor guztietarako balio duen araua da; horregatik, besteak beste, horren kaltegarria izan den "sufrimenduaren sozializazioaren" teoria.

Eremu judiziala.

Arlo judizialean 1997tik gaurdaino hartu diren erabakiak nekez uler daitezke PPren garaiak ekarri zuen giro politiko berri horretatik kanpo. Erantzukizun penala ia bi hamarkadetan pertsonari lotua egon zen moduan, estrategia politikoen aldaketak eragina izan zuen eremu juridikoan eta erantzukizun penalaren kolektibizazioa etorri zen. HBko Mahai Nazionalaren espetxeratzea 1997an, "Egin" egunkaria eta irratiaren itxierak, Ekinen aurkako sarekadak, Xaki, ABB, Haika, Segi, AEK eta euskal kulturaren alorreko beste ahalegin batzuk... Aldaketa agerikoa da eta ez dirudi bide hori Batasuna legez kanpo jartzearekin amaitzen denik.
Epaile aurrerazale askori entzun eta irakurri izan zaio Espainian botere banaketa egiazkoa dela epaitegien egunerokotasunean; Estatuarentzat sakratuak diren gaietan, ordea, ez da zalantzarik botere judizialak exekutiboarekiko duen menpekotasunaz, Euskal Herrian behintzat. Hogei urtetan era batera indarrean izan den kode penala beste era batera erabiltzen da gaur egun, haize politikoen eraginez. Eta hori gutxi balitz, Alderdi Politikoen Legea moduko tresna berriak sortzen dira.
Aznarren Gobernuak aste hasieran jarri ditu mila froga inguru Auzitegi Gorenaren esku, honek Batasunaren ilegalizazioari buruz bere ebazpena eman dezan. Era guztietako 'frogak' dira zorro horretan, horien arabera ehunka mila pertsonaren pentsamoldea bildu dezaketen ideiak eta leloak alderdi bat legez kanpo jartzeko balio dezakete eta, beraz, batek daki noiz, berdin milaka pertsona horiek. Hala izan liteke "Euskal presoak Euskal Herrira" moduko lelo onartuak ETArekiko harremanaren froga badira, edo txupinazo alternatiboak botatzea "demokratikoki eratutako instituzioei aurre" egitea delitu bada, edo...
Ez dirudi Espainiako Diputatuen Kongresuak botoen %90arekin onartutako froga multzo hori eta brunete mediatikoak eraikitako giroaren aurrean, epaile multzo batek ilegalizazio prozesurik geldiarazi dezakeenik. Entzutegi Nazionalean izan dira Baltasar Garzonen epaiak zalantzan jarri dituzten epaileak eta larrutik ordaindu dute, duela hilabete gutxi gainera.

Eta hurrengoa?

Mila frogadun dosierra dauka esku artean Auzitegi Gorenak, eta beste hainbeste edo gehiago biltzen duen txostena bidaliko dio Estatuko Fiskaltza Nagusiak aste honetan bertan. Hiru fronte zabalik, beraz, seguruenik luze iraun dezakeen estrategiaren zutoin gisa. Galdera ugari egin dezake soegileak, baina hurrengoa nor izango den da airean dagoen galdera esanguratsuenetakoa. Ezker abertzalearen ahots politiko sendoenaren txanda izan bada oraingoan, hurrengoan zergatik ez haren ahots sindikalik sendoena, LABeko idazkari nagusi Rafa Diezek azaldu duen gisan. Edota zergatik ez ezker abertzalearen ahots mediatiko garrantzitsuena den egunkaria, areago antzerako funtzio komunikatiboa betetzen zuen bere aurrekoa itxi bazuten? "Edo zergatik ez?..." ugari egon daiteke airean, lehenbiziko urrats honen emaitzen arabera. Brunete mediatikoak, PPk eta PSOEk ETArekin amaitzeko ezinbesteko urrats gisa saldu dutena, aurrerantzean agian ez da izango ETArekin amaitzeko nahikoa, "baina ETAk eta bere ingurukoek zailago izango dute bizitzea". Ekaina, uztaila eta abuztuko lehenbiziko asteetan "ETArekin amaitzeko" mezu horren gisako dozenaka topa daitezke hemerotekan; abuztuko azkeneko astean mezuaren aldaketa nabarmena da. Hori ere hemerotekan dago eta Aznar presidenteak herritarrei eskatutako "sakrifizio gehiago" hori da mezuaren gailurra.
Ahuldu ala indartu? Hor dago beste gakoetakoa. Ahultzeko eginda dago, baina askok pentsatzen du Batasuna indartua atera daitekeela ataka honetatik, HB sortu zenetik, eta lehenago ere, erresistentziaren uretan ondo mugitzen den arraina dela erakutsi baitu ezker abertzaleak.

Batasunaren espazio politikoa.

Batasuneko buruzagiek behin eta berriro aipatzen dute beste garai historiko batzuetan ere ezker abertzalea egon dela legez kanpo, hala ere aritu dela eta orain ere arituko dela. Ez da horren zalantzarik, kontua da, besteak beste, bere eragin politikoa handitu hala txikituko den. Ez da ahantzi behar egoera pozoitsua dela eta bera legez kanpo dagoen bitartean gainerako indarrak legezkoak direla. Uko egingo al diote gainerako indarrek egungo marko legalak ematen dien esparru jokoari? Ez dirudi horrela gertatuko denik, ezta hauteskundeetan ere, nahiz eta oraindik ikusi beharko den datozen hilabeteetan gertatzen dena. Hori da dagoen aldaketa handiena, Batasuna eta ezker abertzaleko beste sektore batzuk direla legez kanpo, Madrilek zatiketaren bidez lortu nahi duen garaipena ondo baino hobeto erabili duelako.
2002ko irailean behinik-behin, Espainiako alderdi nagusi diren PP eta PSOE bat eginda azaldu dira haientzat garrantzitsuak diren helburu politikoetan. Indar abertzale nagusienek banatuta jarraitzen dute, ordea, urte eta erdiko salbuespenarekin azken 25 urteetan gertatu den legez. Eta ez dirudi banaketa hori argituko denik, gutxienez bi gai funtsezkoetan abertzaletasunaren bi polo nagusienak beren norabideak gehiago argitzen ez dituzten arte.
EAJk argiago azaldu beharko dio euskal gizarteari autogobernuaren estrategian noraino, nola eta norekin egin nahi duen aurrera, hauteskunde programetan erabilitako autodeterminazioak zer esan nahi duen eta kontsulta ospetsua zer izan daitekeen. Ezker abertzaleak argitu beharko du bere proiektu soberanista zer den eta bidea nola eta norekin egin nahi duen; hor, borroka armatuarekin zer egin nahi duen klabea da. Ez dira gutxietsi behar, halaber, Euskal Herrian nahiko aktibo diren gizarte sektore zabalak, eta horien araberakoa ere izango da bi bloke nagusi horiek har dezaketen jarrera.
Aipatutakoak argitzen -edo iluntzen- diren bitartean, hautetsiak izango dira Batasunako aktibo politiko esanguratsuena, Garzonek, Espainiako Auzitegi Gorenak edo erakunde zehatzetan nagusi diren PP eta PSOEk bestelakorik interpretatzen ez duten bitartean. PSE-EEk eta PSNk eskatuak dituzte Batasunako parlamentarioen jarduera indibiduala noiz bihurtzen den kolektiboa zehazteko eskaerak, eta erantzunak ere laster izango dira joko politikoaren taulan.

Ertzaintza.

Tentsioa gorenean zegoen abuztuaren 27an Ertzaintza hiriburuetako Batasunako egoitza nagusiak ixtera joan zenean. Ikusmira zegoen -batez ere Espainian- Ertzaintzak nola jokatuko zuen ikusteko. Begoña Errasti EAko lehendakariak ondorengo orrietako elkarrizketan dioen legez, ez da kasualitatea halako operazioak gehienetan Polizia Nazionala eta Guardia Zibilaren esku uzten direnean, oraingoan Ertzaintzaren esku uztea.
Inork gutxik pentsa zezakeen, ordea, Ertzaintzak ez zuenik Garzonen agindua beteko. Ez du behin ere egin eta gainera, aitzitik, askotan jo du ezker abertzaleko ekimen eta pertsona desberdinen aurka, sarritan oso modu desegokian gainera. Madrilen biziki txalotu zuten, eta hori kezkagarria da. Euskal Herrian, askori egin zitzaion oso gogorra -oso sektore desberdineko jendeari- Ertzaintza Batasunako egoitzak ixten ikustea, eta areago egin zuen moldean; molde desberdinak egon badaudelako. Eta Batasunak Ertzaintzaren zeregin hori politikoki baliatzea ere normala da, egungo joko politikoaren nondik norakoak kontuan hartuta. Begibistakoa baita, politikoki oso irudi desberdina eskaintzen duela Guardia Zibila edo Polizia Nazionalak egoitzak ixtea, edo euskal poliziak egitea, Ertzaintzak.
Iruñea eta Gasteiz, arrazoiak arrazoi, Batasunaren jarrera desberdinak dira. Baina badirudi logikoa dela bere egoitzetatik halako erabaki makurren bidez kanporatuak izan behar dutenek beraiek erabakitzea nola aterako diren, erresistentzia pasiboa egitea logikoena da eta. Halako uneetan, bozeramaile batek -Josu Jon Imazek ere bai- topatu beharko luke modurik esan behar dituenak beste era batera helarazteko, existitzen ez diren eta giroa berotzeko besterik balio ez duten «alfonbra gorrien» aipamena modukorik egin gabe.
Abertzale askorentzat, zoritxarrez ez dago ezusteko onik Ertzaintza eta ezker abertzalearen arteko liskar berri honetan, baina hain zuzen ere, Gernikako Estatutuarekin Ertzaintza polizia integral moduan sortu zenetik, jakina zen Ertzaintza izango zela ezker abertzalea eta gainerako abertzaleen arteko tira-bira gunerik nagusiena. Beste kontu bat da, ea lege eta arau guztiekin Ertzaintzak beti jokaera berdina agertzen duen.

Aurrerantzean ere, hortik etor daiteke ezker abertzalea eta Jaurlaritza sostengatzen duten alderdien arteko -EAJ bereziki- enfrentamendu iturri nagusiena. Oraingoz behintzat egoera okerrera doa eta Batasunako egoitzen itxierak aurrera egin ahala, gehiago okertuko dela dirudi. Eta egoitzen itxieraren zalapartaren erdian, irailaren 12an, Eusko Legebiltzarrean duela bi hilabete egindako erronkaren lehenbiziko emaitzak izango ditugu ikusgai. Hilaren bukaeran, halaber, une larri zenbaitzutan -beste egoera larri batzuetan bezala- azkarrago hitz egin beharko lukeen Ibarretxe lehendakariaren proposamen berria aurkeztuko da, prentsa notizia zenbaiten arabera, Gernikako Estatutuaren erreforma.

Kode penala edo araudi desberdinak eskuan, adituek aurretik egoera argitzen ez badute, agian egun horretan ikusi ahal izango dugu modu grafikoenean Sozialista Abertzaleak taldeari dagokionez behintzat -Legebiltzarrean bada- instituzioetan aritzean zer den "jarrera indibiduala" eta zer "kolektiboa"


Azkenak
LAB: “Klase elkartasunaren oinarrizko printzipioa da langile migranteei harrera egitea”

Botere sindikalaren inguruko bigarren azterlana argitaratu du Ipar Hegoa fundazioak. 2016an argitaratu zuen lehena eta, beraz, orain 2016 eta 2023 arteko eboluzioa ikus daiteke. Ondorio nagusien berri emateko prentsa agerraldia egin dute ostiral honetan LABeko koordinatzaile... [+]


2025-01-03 | Leire Ibar
Etxegabetzeko arriskuan daude bi familia Burlatan

Burlatan, Nafarroan, bi familia euren etxeetatik kaleratuak izateko arriskuan daude. Iruñerriko Etxebizitza Sindikatu Sozialistak azaldu duenez, familia bat putre-funts batek bota nahi du, alokairu kontratua berritzea ukatu diolako; beste familia, berriz, etxejabeak bota... [+]


WordPress-en formularioak sortzeko Ninja Forms plugina euskaratu du Iametzak

WordPress-en formularioak sortzeko Ninja Forms pluginaren euskaratzea utzita zegoela ikusita, Iametzak bere gain hartu du itzulpena eguneratzeko lana.


Analisia
2025ean etxebizitza zer?

Urte berria hasi dugu, baina etxebizitza arazo oso potoloa bihurtu zaigula aspaldi honetan, hori ez da berria. Hala ere, azkenaldian zabaldu diren datuak ikusita, 2025a mugarri bat markatzekotan dela esan daiteke, eta iragar ezinak diren ondorio sozial eta politikoak antzeman... [+]


Boli Kosta: Frantziako armada kanporatzen duen zazpigarren estatu afrikarra

Joan den asteartean, hilaren 31n, Boli Kostako presidente Alassane Ouattarak iragarri zuen bertan behera utziko zituela Frantziarekiko harreman militarrak. Horren ondorioz, datozen asteetan 1.000 bat soldadu frantses atera beharko dira herrialdetik.


2025-01-03 | Leire Ibar
2025etik aurrera, Hego Euskal Herrian alokairuak gehienez %2,2 igoko dira berritzean

Espainiako Estatistika Institutuak erreferentziazko indize berria argitaratu du urtarrilaren 2an. Horren arabera, alokairuen prezioak gehienez %2,2 garestitu ahalko dira urtean. Indize hau 2023ko maiatzaren 25ean indarrean sartu zen Etxebizitza Legearen ondorio da, eta data... [+]


2025-01-03 | Gedar
Pertsona afroamerikar bat kolpeka erail dute kartzelariek AEBetako espetxe batean

Hiru funtzionariok jipoitu zuten Robert Brooks, eskuak bizkarrera lotuta zituela. Hurrengo egunean hil zen, eta autopsiak dio asfixia izan zela heriotzaren kausa.


2025-01-03 | ARGIA
Surf irakasle batentzat 85 urteko kartzela zigor-eskaera, adin txikikoei sexu gehiegikeriak egiteagatik

Gipuzkoako Fiskaltzaren ustez, 40 urteko irakasle hondarribiarrak 9 eta 17 urte arteko hamaika adin txikikori sexu gehiegikeriak egin zizkien 2011 eta 2021 urte artean. 2021ean kartzelatu zuten, bere sei ikaslek salaketa jarri eta gero.


2025-01-03 | Jon Torner Zabala
Espainiako Pilota Federazioa
“Eskura dauzkagun lege-erreminta guztiak baliatuko ditugu Espainiaren eskubideak babesteko”

Askok espero zuen moduan, Nazioarteko Pilota Federazioak Euskadikoa onartu ostean eskubide osoko kide gisa, Espainiako kirol-erakunde, alderdi politiko edota hedabideek erabakiaren aurkako oldarraldia hasi dute, nork beretik presioa eginez. Ostegunean, Espainiako Pilota... [+]


Euskararen kontrako oldarraldia salatzeko pintaketak egin dituzte epaitegietan eta CCOO eta UGTren egoitzetan

Baionako eta Donostiako epaitegiak margotu ostean, ostegun gauean Eibarko epaitegian pintaketa egin dute zenbait ekintzailek. "Oldarraldia gelditu" idatzi dute eta pintura berdea jaurti diote eraikinari. Abenduan, CCOO sindikatuaren egoitza ugari margotu dituzte, baita... [+]


Segi dezala akelarre antifaxistak

FERMIN MUGURUZA  40. URTEURRENA
Noiz: abenduaren 21ean.
Non: Bilbo Arenan.

-------------------------------------------

Urtero janzten da festa giroz Bilbo abenduaren 21ean. Sagardoa eta taloa protagonista, San Tomas eguneko azoka eguna da. Aurten, gainera,... [+]


Zunda bat Eguzkitik inoizko gertuen igaro da, arrakastaz

NASAren Parker zunda 6,1 milioi kilometroko distantziara arte gerturatu da Eguzkiaren azalera, bere misioaren lehen gerturatzean. Hala, Eguzkitik inoizko gertuen egon den objeku artifiziala bilakatu da. 692.000 kilometro orduko abiaduran igaro da, eta jasotako datuak funtsezkoak... [+]


Kultur transmisioa feminismotik zikloa izanen dute asteburuan Beran

Goldatz talde feministak antolatua, ortziralean, urtarrilaren 3an, Jantzari dokumentala proiektatuko dute Beralandetan (17:30ean) eta biharamunean, urtarrilaren 4an, Berako bestetako tradizioak aztergai izanen dituzte Maggie Bullen antropologoarekin leku berean (10:30).


Eguneraketa berriak daude