NEGOZIO BIRIBILA HIRUGARREN MUNDUAREN LEPOTIK

Kirolak saldu egiten du. Erruz saltzen du, gainera. Hemen eta orain, ez dugu jardungo salmenta bezain negozio berebizikoa den jokalarien fitxa edo kontratu itzelez, haien eskualdatzeez eta kirolak sortzen duen milioikako publizitateaz. Hemen eta orain, kiroletako produktuen negozioaz idatziko dugu; batez ere, kiroletako zapatilen komertzializazioaz, egunero eta noiznahi milioika pertsonek janzten dituzten oinetako berezi horietaz, hau da, munduan ongizateko estatua garatu ahala, egunez egun oin gehiago biltzen dituen produktu estandarraz.

Zifrek adieraziko diguten moduan, berebizikoa da, bai, kiroletako produktuen negozioa. Datuek azaltzen digutenaren arabera, produktuen negozioaren parekoa da, izan, sektoreko multinazionalen uztarripean lanean aritzen diren hirugarren munduko milaka pertsonaren esplotazioa: 4 euro bakarrik kobratzen dituzte 13 orduko edo ingurutsuko lanegunaren truke. Egitate horretaz jabetuta, Europan kanpaina bat egiten hasi dira hainbat eratako erakunde sozial eta sindikal.
Euskal Herriko datu propiorik ez dugunez gero -oraindik multinazionalek ere ez gaituzte burujabe aitortzen-, Espainiako Estatukoetara jo dugu. Datu ofizialen arabera, eta Espainiako Estatuari gagozkiola, kiroletako sektorean 1.633 milioi euro fakturatu ziren 1998. urtean. Jakina, zifra hori askoz handiagoa izango zen 2001.ean, eta, 2.386 milioi euro inguruan geratuko zen.

SEKTOREKO DATU GLOBALAK.

Munduko ekonomiari dagokionez, kiroletako produktuen sektorea BPGren %1 da gaur egun. Merkataritzako truke guztien artean, berriz, %2,5era iristen da. Globalizazioa eta kiroletako ekitaldi handiak dira, neurri batean, datuetan horraino heldu izanaren erantzule. Futboleko mundu txapelketek, olinpiar jokoek, NBAk, NFLk... telebista tarteko dutela, Coca Cola bezain ezagun bihurtu dituzte mundu guztian Nike, Adidas, Reebok eta antzeko marka mitikoak. Oraintsuko futboleko mundiala Korean eta Japonian jokatu da. Leku horiek ez zituzten iritzira edo hala edo nola erabaki: futbolaren onuradunek Asiako merkatua hartu nahi dute, eta zapia nora, eguzkia hara.
Makina bat euri bota du, Converse firmak 1922an saskibaloiko lehen zapatila egin zuenetik. Egungo egunean, kiroletako oinetakoen industriak teknologia propioa, bi urtez behingo bildumak, banaketako zirkuitu beregaina eta komertzializatzeko estrategia berariazkoak dauzka mundu guztian. Sektoreko datuen arabera, 3 bilioi dolarretik gora mugitzen da, %40tik goitiko hazkundea gertatzen da urteko eta 6.000 erreferentzia berri sortzen dira denboraldiko, aisiako eta kiroletako merkatu mundialean. Ipar Amerikako Athletic Footwear Association federazioak dioenez, Estatu Batuetan saltzen diren 10 oinetako-paretik 4 kiroletako zapatilak dira; Espainiako Estatuan, 10etik 2 da kopurua.
Kiroletako produktuetan munduan lider diren enpresek honenbeste fakturatu zuten 1998an: Estatu Batuetako Nikek bilioi bat dolarretik gora (1.435), Alemaniako Adidasek 832.000 milioi dolar, Estatu Batuetako Reebok-ek 485.000 milioi euro, Japoniako Mizunok 370.000 milioi dolar eta Japoniako Asics-ek 172.000 milioi dolar.
Ez daukagu Euskal Herriko datu estatistikorik. Izan ere, enpresek eta erakunde handiek ez dute kontuan hartzen gure errealitate nazionala, eta datuak Espainiakoekin edo Frantziakoekin batera jartzen dituzte. Espainiako Estatuko salmenten gaineko datuak bakarrik dauzkagu, oraingoz. Adituek diotenez, fakturazioa %200ean hazi da azken urte hauetan. «El Correo del Mercado Deportivo» (CMD) aldizkariko datuak dira ondoko hauek. Espainiako Estatuari gagozkiola, 1998an, 1.570 milioi eurokoa izan zen kiroletako produktuen salmenta totala. Zenbateko horren %36 jantzigintzari dagokio, %32 kiroletako oinetakoen sektoreari eta beste %32a gainerako materialari. Nahiz eta 1999 eta 2000 urteetako datu ofizialik ez izan, uste izatekoa da ederki haziko zirela zifra horiek bukatu berria den 2001. urtean
Iturri bereko datuekin eta Espainiako Estatuan segituz, 1998an 538 milioi euro saldu ziren kiroletako oinetakoetan, atalik atal honela banatuta: %19,2 tenisean, %14 cross training-ean, %13 lonetan, %12,2 saskibaloian, %12,2 running-ean, %12,1 futbolean, %8 fitness-ean, %6 aretoko futbolean eta %5,5 senderismoan.
Hiru multinazionalek betetzen dute poltsikoa, Espainiako estatuko kiroletako produktuen etekinarekin: Nikek salmenten %28 bereganatzen du, Adidasek %21 eta Reebok-ek %12. Gainerako markak edo enpresak ezezagunagoak dira: Joma eta Munich (futbola eta aretoko futbola), Boreal eta Bestard (kanpoko kirolak) eta Chiruca. CMDko datuen arabera, 1997an kiroleko 23 milioi oinetako-pare saldu ziren Espainiako Estatuan. Totalaren %35 saldu omen zen oinetako denda ohikoetan, hots, 8 milioi pare inguru. Gainerakoa denda berezituetan (3.500 edo) eta azalera handietan saldu omen zen. Argitalpenean ageri denez, 4 denda espezializatuk hartzen dute merkatu guztiaren %48,83. Hona hemen zein diren: El Corte Inglés (%20,38), Intersport (%11,46), Detall Sport (%9,28) eta Decathlon (%7,72).
Dena dela, multinazionalentzat ere dena ez da pagotxa. Zelatan daukate konkurrentzia. Marka handiak, sortuz geroztik, oraintxe hasi dira arazoak zer diren ikasten: Asiako krisia, eskari gutxiago, adin txikikoen kontratazioen gaineko polemika, kirolari onenak fitxatzeko norgehiagoka... eta, zer erremedio, berritu egin behar, atzetik datozkien lehiatzaileei aurre egingo badiete. Teen Age Research Unlimited konpainiak 12 eta 19 urte bitarteko 12.000 lagun inkestatu ditu, merkatuaren nondik norakoak jakiteko. Emaitzen arabera, gazteek gogokoen dituzten markak ez dira gurasoek gustuko zituztenak edo betikoak, eta, horregatik, marka berriek ere lortu egiten dute pastel handi horren zati bat, nobedadea bera ere salmenta baita. Hortxe ditugu, esandakoaren adibide, Fila, Superga, Camper edo Benetton (Rollerblade eta Playlife hartzen ditu barne)

"HAUEKIN EZ DUGU JOKATUKO"
Nahiz eta kiroletako oinetakoak edo arropak egunero jantzi, ziur aski pertsona askok ez dute jakingo hirugarren munduko herrialdeetako eskulangileen esplotazioan funtsatzen dela kirolaren arloko multinazional handien negozioaren parte eder bat. Jar dezagun adibide bat. Nike da sektoreko multinazional handiena. Enpresa horrek honela dauka banatua produkzio subkontratatua: Indonesia (38%), Txina (34%), Hego Korea (11%), Taiwan (5%), Thailandia (10%) y Vietnam (2%). Hego Amerikako herrialde batzuetako eskulangileak ere, El Salvadorkoak, esaterako, sektoreko multinazionalen esplotazio-iturri dira.

Kontuak horrela, azken urte hauetan garapeneko 50 erakunde ari dira egiten Europa guztian, egoera salatzeko kanpaina bat: erakunde sindikalak, sozialak eta kontsumitzaileenak dira antolatzaile. Guk dakigula, kanpaina ez da iritsi Euskal Herrira, baina bai Madrilera eta Bartzelonara, esate baterako. Iaz, bi hiriburu horietan, manifestazio bana antolatu zuten Gobernuz Kanpoko Erakundeek: Madrilen Adidasen aurrean eta Bartzelonan Nikeren aurrean. Manifestariek marka horietako kiroletako zapatila erabiliak bota zituzten atarira, "fabrikazioko akats sozialak" zeuzkatela esanez. Horrela salatu zuten oinetakogileen eskubide humanoen eta sozialen zapaltzea, bereziki, jakina, Asiakoena eta Hego Amerikakoena.
Salaketako afixetan, hondoan hainbat pertsona ageri ziren lanean eta haien gainean Nike eta Adidas markako zapatilak. Karteleko tituluak, berriz, honela zioen: "Hauekin ez dugu jokatuko, fabrikazioko akatsa daukate eta". Afixako testuan, "ez dugu jokatuko" horrez gainera, "hirugarren munduko pertsona askoren eskubideak zapaltzen dituztelako" ere jartzen zuen: sindikatuetan elkartzeko debekua, miseriazko soldatak, gizalegez kanpoko lanegunak, emakumeen diskriminazioa eta egitatea salatu ezin izana. Ez dakigu zenbatean erasan dien kanpainak multinazionalen salmentei. Edonola ere, Nike eta Adidas ez dira batere eroso ibiliko, kanpaina hedatzen eta orokortzen bada

EL SALVADORKO EMAKUME LANGILEAK ADIDAS-ENTZAT LANEAN 4 EUROREN TRUKE
Erruz esplotatzen dutenez, irabazi ere erruz irabazten dute kirolaren arloko multinazionalek. Bat ez datorrenak galde diezaiela Hego Amerikako San Salvadorko emakume langileei, 4 euroren truke Adidasentzat 13 orduko laneguna osatzen dutenei. Egitate horren berri ematen du orain dela hilabete gutxi argitaratzen hasitako «Artículo 20» izeneko Madrilgo astekarian elkarrizketatu duten lekuko batek. Hona hemen zer eta nola dioen:

"San Salvadorko gazte bat da Violeta Vega, eta oraintsu arte Formosa Textile, S.A. enpresan ibili da lanean. San Bartolo de Llopango herrian dago fabrika hori, dena hesiz eta txarrantxaz inguratuta. Segurtasuneko zaintzaileak edukitzen ditu sarreran, eta benetako kontzentrazio esparru bat ematen du. 1.500 bat enplegatu dauzka: %95 inguru emakumeak, 14 eta 18 urte bitartekoak. San Salvadorko fabrika horretan, 1997ko azaroaz geroztik fabrikatzen dute Adidas enpresarentzat. Langileak goizeko 7:00etan sartzen dira lanera eta iluntzeko 20:00etan ateratzen. Astelehenetik larunbata bitartean aritzen dira lanean, eta eguerdiko ordu eta erdiko etena bakarrik izaten dute egun osoan. Egunean bi aldiz soilik joan daitezke komunera, eta kontrolatu egiten diete denbora. Egun bateko soldata, hots, 43 kolono edo 4 euro, kentzen diote hiru minututik gora pasatzen dituenari.
Formosa Textile enpresan, emakumeei probak egiten dizkiete, haurdun ote dauden jakiteko. Probak baiezkoa emanez gero, dena delako emakumea kalera botatzen dute ziztu bizian. Halaxe gertatu zitzaion Violetari ere. Alemaniako telebistak salatu zuen kasu hau, eta, besteak beste, garbi adierazten du Adidas enpresak iaz onartu zuen karta deontologikoa hutsaren pare geratu dela. Horixe salatu du Francisco Corretjék, hots, Setemek koordinatzen duen "Ropa Limpia" kanpainaren arduradunak: "Nike eta Adidas enpresek produzitzen duten herrialdeetako sindikatuek esaten digute kode etikoak itzuli ere egin gabe eta fabrikan jendaurrean jarri gabe daudela leku askotan, eta, horrenbestez, langileek ez dutela beren eskubideen berri".
Corretjék dio aldaketaren bat sumatu dutela, Niken batez ere. Izan ere, Amerikako 60 unibertsitatetako ikasleek boikota egiteko mehatxuaren presiopean daukate enpresa. Mugimendu horrek lortu du, gainera, Andrew Young-ek, AEBetako NBEko enbaxadore ohiak, bere kabuz ikuskapen batzuk egitea.
Azaldu dugun bezalako arazoak dauzka Adidasek Salvadorren, eta antzekoak dauzka Nike enpresak munduko beste parte batzuetan. Asian, esate baterako, gutxiago fakturatu zuen iaz, eta, ondorioz edo, milaren bat lagun utzi ditu kalean. Bestalde, irudi soziala zimeldu dio "Ropa Limpia" kanpainak, zeinetan gogortxo salatzen baita zer lan baldintza kaskarretan dauzkan Asiako Hego-ekialdeko enplegatuak. Internet ere etsaitzen ari zaio: gogotik ugaritu dira Nikeren kontrako orriak, azken bolada honetan.
Amerikako Nike multinazionalak Espainiako Estatuan ere izan du gorabeheraren bat. Auzitegi Gorenak, iaz, Nikeren kontrako epai bat eman zuen: galarazi egin zion Espainiako Estatuan saltzen zituen ehunezko produktuetan markaren izena erabiltzea (100 milioi euroko fakturazioa da hori, gutxi gorabehera). Auzitegi Gorenak Cidesport enpresari eman zion arrazoi. J. Rosell ehungintzako enpresaren eskubideak erosi zituen Kataluniako enpresa txiki bat da Cidesport. J. Rosell enpresak marka baten izenean fabrikatzen zuen 1932az geroztik. Markak Samotraziako garaipena irudikatzen zuen eta Nike hitza (garaipena, grekeraz) zeukan barnean. Azkenean, joan den azaroaren bukaeran, Bartzelonako epaitegi batek bertan behera uztea erabaki zuen Nike enpresak eskatuta Cidesport enpresaren kontra hartutako neurriak, zeini esker 3,5 milioi euroko fakturazioa egin baitu. Aurrerantzean, Kataluniako enpresak merkaturatu ahalko ditu bere jantziak Ipar Amerikako kirol markarekin


Azkenak
2024-12-20 | June Fernández
Saioa Baleztena eta Nel Santacruz
“Frustrazioa eragin dezake bularra ematearen onurak azpimarratzen dituen diskurtsoak”

Askotariko edoskitze ereduak ikusarazten ditu Todas las lactancias (Txalaparta) liburuak. Erakundeek bularra ematea gomendatzen dute, baina ez dituzte nahikoa baliabide eskaintzen eskubide hori bermatzeko. Ondorioz, edoskitzea nahi dutenek zein biberoia ematea  erabakitzen... [+]


Energetikoei zerga berezia kentzeak bateratu egin ditu PP, Vox, EAJ eta Junts

Ostegun honetan lau indar politiko horiek ezezkoa eman zioten enpresa energetiko handiei behin-behinean jarritako zerga luzatzeari. Ukrainako gerraren ondoren energiaren multinazionalek izandako irabazi handiei jarri zien zerga berezia Espainiako Gobernuak.


Mila euroko soldata artistentzat

Lanartea Elkarteak Euskal Artisten Lan eta Bizi Baldintzen I. Inkesta argitaratu berri du. Inkesta bete dutenen %40k du jarduera artistikoa lanbide. Batez beste, hilean, 1.027,5 euro irabazi zituzten 2023an. Inkestatuen %33,8k erantzun du azken urtebetean jarduera uztea pentsatu... [+]


Globo morean

Ztandap
Nork: Mirari Martiarenak eta Idoia Torrealdaik.
Noiz: abenduaren 6an.
Non: Durangoko San Agustin kultur gunean.

-------------------------------------------------

Laugarren pareta hautsi eta zuzenean, zutik eta beldurrik gabe interpelatzen du publikoa stand... [+]


2024-12-20 | Leire Artola Arin
ANALISIA
Zure herriko Baltasarrek ere ‘blackface’ egiten du?

Badatoz urteko asterik magikoenak, edo hobe esanda, kontsumistenak. Askori gustatuko litzaieke opariak Olentzeroren zakutik jasotzea, zerutik erorita bezala, baina errealitatea da Gabonetan gure zakutxoak direla gehien sufritzen dutenak, poltsikoak hustuta hasten dugula urtea... [+]


Existentzia mugimenduan jartzea

TU-K
Non: Ahotsenean (Plateruena, Durango)
Noiz: Abenduaren 8an

-----------------------------------------

Bufandak, aterkiak eta begi-zuloak ditu abenduaren 8ak Durangon. Azokaren azken egunari igande eguerdia eta negu giro sarkorra gehitu zaizkio eta erdi hutsik daude... [+]


Oasiaren ondorena

Nobedadea izan ohi da Durangoko Azokari lotzen zaion hitz entzunenetako bat. Nobedadea han, eta nobedadea hemen. Zenbaitetan, ordea, lehengokoari beste itxura ematea aski izaten da etiketa hori itsasteko. Talentu berriztagarriz birmasterizatutako CDek eta berrargitalpenek badute... [+]


Euskararen Eguneko manifestu bat

Euskara txikitasunean handia den ur emaria dugu. Bertako tanta bakoitzak gure kultura ureztatzen eta biziberritzen du. Egarri den hari itsaso bete ur eskaini. Euskara putzu sakon eta ilun batetik etorri izan bada ere, guztiok atera dugu gure ur-gazi lagina, eta guztiok bilakatu... [+]


Atzerritartasun legearen erreforma, Regularización Ya taldearen borroka alboratzen duen sasi-konponbidea

Fernanda Callejasek, Tatiana Romerok, Leo Bueriberik eta Vanessa Uyiguosak parte hartu dute Pikara Magazinek antolatutako "Emakume migratuen lana eta egoera ekonomikoa" eztabaida-mahaian.


Frantziara eta Espainiara bidean

Azaroaren erdialdean ARGIA komunikabidearen efemeridearen bitartez gogoratu dut espainiar selekzioan jokatzen jarraitzeko ukoa duela 25 urte egin nuela. Efemeride horrek atzera begiratzeko eta hausnarketa egiteko aukera eman dit.

Nazioarteko Kirol lehiak herrialdeen arteko... [+]


2024-12-20 | Hainbat egile*
Pornografia gaztetan

Gazteak gero eta lehenago hasten dira pornografia kontsumitzen; izan ere, bere sexu heziketa bakarra da pornoa. Nola demontre heldu gara honaino?

Gaur egun, onartu behar da Interneti esker pornografia ikustea askoz errazagoa dela. Tamalez, klik baten bidez 7-9 urte arteko... [+]


2024-12-20 | Gedar
Eraso faxista Irungo Lakaxita Gaztetxearen aurka

 Eraikin osoan zehar egin dituzte margoketa faxistak. Erasoa salatzeko, protesta bat antolatu dute larunbaterako.


2024-12-20 | Euskal Irratiak
France 3 Euskal Herri katearen berri saila, berriz ere murrizturik

France 3 Euskal Herri telebista katea apalduz doa. Kate horretako kazetari eta langileek jakin berri dute berriz ere programazio eta finantzaketa apaltze bat pairatuko dutela. Egun oroz, zazpi minutuko berriak eman izan dituzte, baina iragan udatik bi minutuz murriztu zieten... [+]


Hedabideen iruzurrak
Preso siriarra askatzen duten CNNren bideoa: iruzur salaketak

Bideoak erakusten du nola CNN telebista kateko nazioarteko buru Clarissa Ward kazetaria ari den sartzen Siriako kartzela sekretu batean, eta nola grabatzen den preso bat askatzen duten unea.


Eguneraketa berriak daude