"ABERTZALEOK 98KO BATASUNERA IRISTEN EZ BAGARA, JAI DUGU»


2021eko uztailaren 20an
Duela lau urte elkarrizketatu genuen azkenekoz Iñaki Esnaola, garai berdintsuan, Lizarra-Garaziko Akordioa gauzatu ondorengo egunotan. Guztiz bestelako egoera da gaur egun bizi duguna, irakurleak ondo ezagutzen dituen arrazoi ugarirengatik eta, bereziki, egunotan Batasuna jokaera legalaren esparru politikotik kanpo uzten ari direlako. Azken 25 urteetako egoera berri esanguratsuenetakoa irekiko da euskal esparru politikoan eta hortaz hitz egiteko jo dugu Esnaolarengana, HBren sorreratik 1991ra arte HBko zuzendaritzan aritua. Abokatu lanetan dihardu gaur egun, baina bere bizitza neurri handi batean baldintzatu izan duen eremu politikoa ere gertutik jarraitzen du.

n Zuk HBn egin zenuen garaian imajinatzen zenuten halako ilegalizazio egoerarik etor zitekeenik?

Hainbeste agian ez. Oso egoera desberdina zen. Gu beti egon gara kili-kolo, baina une bakoitza begiratu behar da hori zergatik gertatzen den ulertzeko. Trantsizioa gertatu ondoren, Estatuan oso gertaera garrantzitsua eman zen: 1981eko estatu kolpe saiakera, eta gertaera hau LOAPArekin lotua dago. Honek esan nahi zuen, azken finean, Estatu honekin behin ere ez dela beteko Gernikako Estatutuaren %100. «Café para todos» izan zen egoera deskribatzeko orduan erabiltzen zen esaldi ospetsua. Orduan nahiko beldur handia izan zen frankismoa itzuliko ote zen eta abar. Horrez gain, geroxeago, EAJren zatiketa etorri zen. Ezker abertzaleak ere sofritu zuen pixka bat beldur hori eta 1984ko hauteskundeetan behera egin genuen. Gero, poliki baina negoziazioaren gaia ateratzen hasi zen apurka -1986an hasi zen Aljerrekoa- eta guk ere gora egin genuen hauteskundeetan. Garai hartan erantzukizunak penalak ziren eta pertsonalak, eta asko izan ziren auzitegien aurretik pasatu ziren politiko eta kazetariak, baina ez zegoen egungo erantzukizun kolektiboen bidea abiarazia.

90eko hamarkadan gauzak dezente aldatu ziren zentzu askotan.
Bai eta Estatuaren aldetik ere horregatik datoz aldaketak. Atzean geratu ziren Aljerreko negoziaketaren kontuak. Denok egin genituen akatsak orduan, bai guk, eta EAJk oraindik gehiago, ia-ia negoziaketaren aurka jo zuen-eta. 90eko hasieran PSOE desegiten ari zen, EAJk ez zekien ondo zer egin eta PP etorri zen. PP boterera iritsi zen eta Madrilen finkatu ondoren, hemengo hauteskundeak irabaztea izan du helburu. Testuinguru horretan hasi ziren abertzaletasunaren aurkako beren politika gogorrarekin.

Eta testuinguru horretan, halaber, Lizarra-Garaziko Akordioa eman zen duela lau urte. Oso atzean geratutako garaiak dirudite.
Hor ere egin genuen akatsa, bakoitzak bere mailan: EAJk, ezker abertzaleak, EAk eta Ezker Batuak. Akats nagusia itun horrekin ez jarraitzea izan da, batetik horrek aurkariari mina egin diolako, eta bestetik, horrekin ez jarraitzeak orain Alderdien Legea eta abarrekin aritzeko aitzakia ematen duelako. 1998an PP oraindik ‘nobatillo’ samar zegoen eta ezker abertzaleak ondo jokatu zuen jokaldi hura. Bi urtetan politikoki asko aurreratu da, eta orain beherantz goaz berriz. Nola da posible beste estrategia batzuei hainbeste urte ematea eta orduan hasi zenari urte eta erdi besterik ez? Lizarra-Garazirekin ikaragarri izutu ziren eta orduz geroztik bikain eraman dute mugimendu abertzalearen aurkako estrategia. Lizarrako Ituna ETArekin nahastu zuten lehenbizi, gero EAJk eta EAk soberanismoaren diskurtsoan jarraitu zutenez, EAJ ETArekin parekatu zuten. ETAk ez zuen ikusi EAJn emandako mugimendua nahiko handia zela eta berriz jarduera armatuan hasi zenean, PPk lortzen du abertzaleek beraien artean zartadaka hastea. Aldi berean, abian jartzen du independentismoa legez kanpo jartzeko bidea, hain zuzen independentismoa nonbaitetik praktikatzekotan EAJtik izan dadin, eta hori nahiko zaila da. Eta azken urratsa izango da, EAJrekin eskumen mailako akordio bat lortzea. Hori gertatzen bada, hemen berriz luzarorako giro beltza izango dugu.

Azken 25 urteetan negoziazioa ez gauzatu izana zure etsipenetakoa dela aipatu izan duzu. Aurrera begira hiru eszenategi handi ikusten dira, nahiz eta bakoitzean egoera desberdinak izan daitezkeen: gatazkak bere horretan dirau, Espainiak ETArekin amaitzen du edo negoziazio politiko bat gauzatzen da.
ETA hor dago, zalantzarik gabe, eta bere indar armatuaz gain, jende baten sostengua du. Hala aitortu behar da eta, beraz, errealitate den neurrian, haiekin hitz egin behar da, ez hemengo auzi politikoa konpontzeko, baina bai ETAren arazoari irtenbide bat emateko. PPk bere hautua egin du, bide polizialarena, baina bide horrek orain arte porrot egin du. Batasuna desagerrarazten badute, ETArekiko sostengua bultzatzen ari dira.

Zein helburu politiko lortu nahi du PPk jokaldi hauekin guztiekin?

PP bere jokaldia egiten ari da eta independentista izatea ETAren aldekoa izatea dela saltzen ari da. Ez da horrela jakina, baina joko politiko horrek zenbait gauza lortzen du: zatitu, izorratu, gero beldurtu eta, azkenean, independentismoa joko politikorik gabe uztea. Une honetan independentismoak zer joko politiko du Euskal Herrian? Batere ez. Zergatik? PPren arabera, Batasunakoa baldin bazara ETAkoa zara eta, beraz, legez kanpo geratzen zara. Beraz, independentista asko etxean geratzen da.

Eta nola ikusten duzu EAJ jokaldi hauen guztien erdigunean? Hor dago, adibidez, Eusko Legebiltzarrean uztailean onartutako autogobernuaren ponentzia. Batzuek garrantzi handia ematen diote. Zuk nola ikusten duzu?
Ez dakit, ez dut ponentzia osoa irakurri eta prentsatik jarraitu nuen gaia. Dena den, alderdi abertzaleek nahi badute, izan daiteke bide bat abiarazteko modu bat. Baina argi, transferentzien gaian dator PPren beste jokaldia: Batasuna legez kanpo geratuko da, independentista asko etxera joango da edo EAJra eta orain geratzen zaigu ikustea EAJk eta Estatutuaren inguruan diren beste alderdiek zer egingo duten. Egunotan PPtik transferentzien negoziazioa eskaintzen ari dira eta ikusi beharko da zer gozoki jartzen dioten EAJri, alderdi hau eta alderdi espainiarren arteko lotura berriz gauza dadin. Beraz, gerta daiteke berriz, alderdi horiek -EAJ, EA- amore ematea euskal herritarren eta espainiarren arteko egungo markoa auzitan jarri gabe.

Orduan ez diozu garrantzi handirik ematen autogobernuaren ponentzia horri.
Garrantzitsua izango da Jaurlaritzak esandakoa betetzen bada eta hori gertatuz gero zein posiziotan geratuko den ikusi beharko da. Irailean Eusko Legebiltzarrean Batasunak posizio horri eutsiko dio, ala EAJrekin erabateko enfrentamenduan egongo da?

Beraz, zuk uste duzu Batasuna eta EAJren artean enfrentamendua areagotuko dela.
Alderantzizkoa gertatzea nahiko nuke, baina bai, areagotuko delakoan nago. Ertzaintza, Ibarretxek adierazi duen bezala, Garzonen aginduak betetzen hasten bada, ETAk Ertzaintzaren aurka joko du? Ikusi behar, baina orduan gureak jai du. Posibilitate erreal gisa ikusten dut hau. Eta nola eman buelta honi? Inkestetako gehiengoa izatetik errealitate politikoaren gehiengoa izatera pasatuz. 98ko batasun egoerara iritsi beste aukerarik ez dago, bestela jai dugu.

Su-etena ezinbestekoa al da horretarako?

Bai, su-eten bat beti dator ongi, eta hala ere denbora eramango luke. Adibidez, Ibarretxe jaunak non eskatuko luke gehiengoak ematen dion onarpen politiko horren ezagutza? Baskongadetan, jakina, bere eskumen eremuaren barruan. Bere kontraesanak ekarri arren, Batasunak ere esan du sostengatuko lukeela Ibarretxek eman gabeko eskumenen eskuratzea. Hor bada eremu bat elkar lanean hasteko. Hori gertatu ezik, independentismoa proiekzio politikorik gabe geratuko da. Edo ezker abertzaletik jendea Aralarrera joango da? Dagoen testuinguru politikoan oso zaila ikusten dut hori.

Tesi batzuen arabera, Garzon aurreratu egin zaio PPren Gobernuari eta bere planak izorratu dizkio.
Alderantziz, Garzon arrazoi gehiago ari zaio ematen Espainiako Auzitegi Gorenari, bere unean honek Batasuna legez kanpo uzteko arrazoi gehiago izan dezan.

Zer gerta daiteke Batasuna legez kanpo dagoen egoera berri honetan?
Ezker abertzaleak bere estrategia politikoa aldatu behar du, berdin ETAk eta baita EAJk eta EAk ere. Bestela, egoera honetan denok galduko dugu. EAJk ezin dezake pentsatu egoera ondo datorkiola udal hauteskundeei begira, horrela pentsatuko balu beste akats bat egingo luke eta. Ezinbestekoa da proiekzio politikoa izango duen itun berri bat egitea, 98koa bezala, horrek bai izutzen baititu PP eta PSOE. Hori lortzen ez bada, guztiok itoko gara. Autogobernuaren ponentziak agian eman dezake norabide horretan zerbait egiten hasteko aukerarik.

Horrek gatazka instituzionala piztuko luke?
Jakina, baina hori da konfrontazio politikoa; ea nola ikusten den Europan legebiltzar batean emandako gatazka politikoa. Hor ez daudela Nafarroa eta Ipar Euskal Herria? Bai, baina abiapuntu gisa balio dezake, ez dugu orain eskatuko zazpi lurraldeen independentzia!

Errealitate zehatzetatik alde egin eta ikuspegi makroa zabalduz, oso kontzeptu orokorrei buruzko bere iritzia eskatu diogu Iñaki Esnaolari:

Euskal Herria munduan. Politikaren eremuan ahul ikusten dut, baina herri gisa nahiko ondo. Arazoa da nola lotu herri den Euskal Herri hori kontzeptu politikoarekin. Espainiarrek eta frantsesek beti bezala darraite, jo eta su gu nola banatuko gaituzten pentsatzen, eta gu horrela hemen. Mundu Pilota Txapelketan ikusi da politikoki nola gauden: bi euskaldun elkarren aurka, bata Frantzia eta bestea Espainiaren izenean, hori Iruñean, Euskal Herriko hiriburuan. Ondo gaude!
Abertzaletasuna. Ez dago ongi. Abertzaletasun militantea hor dago, eta ezker abertzalea da hor erreferentzia nagusiena, baina joko politikoaren egoeragatik abertzaletasun militantearen sektore handi bat geldi dago arrazoi desberdinengatik. Abertzaletasunak politikoki gaur egun dena baino garrantzitsuagoa izateko aukera du eta hori gauzatu behar da.
Espainia. PPkoek bultzada handia eman diote Espainiaren betiko kontzeptuari eta une honetan konstituzionalismoarekin Euskal Herrian beti izan direna izan nahi dute. Historian zehar hemen populazioa espainiarzaleak eta espainiarrak sentitzen ez direnen artean banatua egon da. Esaten ari gara egundokoak egin ditugula, baina duela 25 urteko hauteskundeetan abertzale eta ez abertzaleen arteko proportzioak egungoak dira gutxi gorabehera. Dena den, azken boladan Espainia bakarraren militantzia hori berpizten ari da.
Aznar eta PP. Espainia bakarraren militantismo berri horren bultzagileak.

PSOE. PPren monagilloak gaur egun. Guk hemendik ikusita baloratzen ditugu gauzak, baina, antza denez, Guadalajaran eta Albaceten botoak atera nahi badira, hemen PPk jokatzen duen bezala jokatu behar da. Dirudienez, gaur egun, ez da posible PSOEk hemen Maragallek Bartzelonan federalismoari buruz egiten duen planteamendua egitea.
Gernikako Estatutua eta Foru Hobekuntza. LOAPAk %50ean utzi zuen Estatutua. EAJ eta EA hor barruan bizi izan dira 20 urte hauetan, baina Estatutua hilda dagoen idea saltzen ari dira, eta hori ona da ezker abertzalearentzat. Baina beldur naiz Estatutua pixka apaintzen badute berriz kosk ez ote dioten egingo. Foru Hobekuntzaz zer esango dut bada, bertako herritarrek oraindik bozkatu ez dutenean?


Azkenak
Alternatibei zirrikitua irekitzeagatik

Zerbait egin beharra izan liteke aurtengo Argia Sarietan garaikurra jaso berri dutenen oinarria. Zapalkuntzaren, bazterkeriaren, ahanzturaren aurrean antolatzearen erabakia hartu izana. Edo ilunetik argia ateratzea, zirrikituak bilatzea eta komunitateari eskaintzea. Balio... [+]


Hondarribiarren gehiengoak alarde parekide bakarraren alde egiten du, udalaren inkesta baten arabera

Inkestatuen %45,6k alarde parekide bakarra nahiago du herriarentzat eta %65ak baino gehiagok alardearen gatazka konpontzeko herritarrek gai horren inguruko hitzaldi eta tailerretan parte hartu behar dutela adierazi dute.


2025-02-05 | Iñaki Murua
Bide luzea pauso ttikitan!

Bidea pausoka egiten da, eta hasiak egina dirudiela ikasi nuen aspaldi xamar. Baina jendeak esaldi hori edukiz betetzen ere ikasi nahi du. Bakarrik ezer gutxi lor genezake, hasi orduko etsi, akaso. Sekulako jendetza biltzeak ere antolaketa zaildu eta ikusi beharrekoa gandutu... [+]


Gutxiengoa

Ez zuen egoki jokatu, neurriak hartu behar ziren, bestela, ez dugu ikasten. Itxuraz, ez zen ohartzen egindakoaren inpaktuaz, normal jarraitzen zuen, batzuetan, ingurukoek baino itxura zoriontsuagoz. Gainera, altuegi hitz egiten du, hori ez zaio inori gustatzen. Darabiltzan... [+]


Ez ei dakite zergatik

Hezkuntza Sailak ez ei du ulertzen publikoko langileak zergatik joan garen grebara. LAB sindikatuari galdetzea dauka. Sindikatu horrek akordioa sinatu zuen sailarekin, 2023ko apirilean. Urte bi geroago grebara deitu dute haiek ere, aurrekoetan ez bezala, Hezkuntza Sailak... [+]


Julen Goldarazena, 'Flako Fonki'. Xakea eta jotak
“Ez dakit euskara hobetu dudan edo lotsa galdu, baina horrek oso pozik jartzen nau”

Aurretik bistaz ezagutzen banuen ere, musikaren munduak hurbildu gaitu Julen Goldarazena eta biok. Segituan ezagutu nuen Flako Chill Mafiak erakusten zuen irudi horretatik harago eta horrek baldintzatu dizkit, hein handi batean, proiektuarekiko harremana eta iritzia. Lauzpabost... [+]


Derrigorrezko hezkuntzaren etapa guztietan mugikorra debekatu nahi du Generalitateak

Haur Hezkuntzatik hasi eta Derrigorrezko Bigarren Hezkuntza amaieraraino, ikastetxeetan mugikorra debekatzea du helburu Kataluniako Generalitateko Hezkuntza kontseilariak. 6 urtera arteko haurren ikasgeletan material teknologikorik ez egotea eta eskolen digitalizazioa aztertzea... [+]


2025-02-05 | Tere Maldonado
Irakasle-klaustroak edo mundua nola hobetu

Erretiratu berri den lankide-ohi baten omenez, Historiako irakaslea. Bejondeizula!

Hezkuntza-legeek azpimarratzen dute zein garrantzitsua den ikasleengan pentsamendu kritikoa sustatzea. Baina irakasle-klaustroak, garai batean ideien eztabaidarako eta proposamenak... [+]


Demokraziaren muga geopolitikoak

Mendebaldeko herrialdeetako demokrazia liberalak demokrazia minimalista baten itxura gero eta handiagoa du. Definizioaren muina litzateke hauteskunde bidezko gobernu aldaketak errespetatzen direla. Horren aldaera autoritarioari Levitsky eta Way politologoek autoritarismo... [+]


Langabeziak gora egin du Hego Euskal Herrian, batez ere emakumeen eta gazteen artean

Langabeen artean, 2.302 pertsona gehiago erregistratu dituzte urtarrilean Hego Euskal Herrian, eta horietatik 2.173 emakumeak dira, Espainiako Lan Ministerioak emandako datuen arabera.


Napalmaren erredura sakonak

Vietnam, 1965eko otsailaren 7a. AEBetako aire-armadak lehenengoz napalma erabili zuen biztanleria zibilaren kontra. Ez zen gasolina gelatinatsua erabiltzen zen lehen aldia. Bigarren Mundu Gerran hasi ziren bonbekin batera jaurtitzen eta,  Vietnamen bertan, Indotxinako... [+]


Teknologia
Kanpokoa mehatxu

Zutabe hau idazten nengoela, gaia aldatu behar izan dut, nire arreta osoa harrapatu dutelako Trumpen muga-zergek. Azalpen gutxi beharko duzue, leku guztietan da berria, Txinako produktuei %10eko zerga eta Kanadako eta Mexikoko produktuei %25eko muga-zergak jarri dizkie. Trumpek... [+]


2025-02-05 | Ula Iruretagoiena
Lurraldea eta arkitektura
Etxeko komuna

Euskadi irratian baineraren ordez dutxa jartzeko iragarkiak etxeko komunean obrak ya hastera animatzen duen kuña hori. Obra erraza, inbestitze txikia eta aldaketa handia iragartzen da. Komunetako sanitarioen joerak aldatu dira eta ahoz aho zabaldu da zeinen eroso eta... [+]


Eguneraketa berriak daude