Umeekin ere oso ongi konektatzen duzu, badakizu haiei nola hitz egin. Eman zure haurtzaroaren berri...
Etxean bost anai-arreba gara, eta ni erdi-erdikoa naiz, bosteko urrea bezala. Bihurri samarrak ginen lau anaiok. Eta bihurrikeri gehiago ez genituen egiten, gure amak dena jakiten zuelako! Gure amak beti jakiten zuen kristalen bat puskatzen bagenuen, edo automobilen bati potea erantsi, edo zakurren bati isatsetik zerbait lotzen bagenion. Herriko ostatukoak izanda, iluntzean denak etortzen ziren kafea hartu eta musean aritzera, eta kontu-kontari hasten ziren: "Anjel Mari han ikusi dut..." Haiek ipurdikoak hartzen genituenak!
Eskolan zer giro?
Ni naiz eskolan "viva España" eta "Cara al sol" kantatzen zeneko azkenetakoa. Eskola nazionalean ibili nintzen. Anaia zaharrago batek oso gogoan du ez zietela eskolan euskaraz hitz egiten uzten. Ni hurrengo maisuarekin hasi nintzen, eta guri ez zigun zigorrik jartzen.
Etxean zer ikusi zenuten?
Gure aita artisaua zen. Saskiak egiten zituen. Garbi zeukan azken ofizioa zela berea, horrek ez zuela etorkizunik. Ama ere baserritarra zen, baina bi anaia kaputxinoak zituen eta osaba jesuita. Gure amak ere irakurri asko egiten zuen. Berak balio zuen ikasteko, baina ez zuen aukerarik izan, eta guri ikasketak ematen saiatu zen. Euskal munduan sartu bagara, amarengatik izan da.
Zer jolas mota egiten zenuten?
Txori habiak biltzen amorratuta ibiltzen ginen. Txepetxenak, txantxangorrienak, okilenak bilatzen genituen. Txorikumeak atera eta lepoa mozten genien. Hor ere gurasoak izan ez balira, ez hiru eta lau, hamabost-hamasei kabi aterako genituen! Amak esan zigun ezetz, zepo jartzen utziko zigula neguan, baina txori habiak bakean uzteko.
Zepoa jartzen genuen zozoa harrapatzeko. Baina zenbat txantxangorri erortzen ziren! Orduan esan ziguten txantxangorria harrapatzea bekatua zela, Jesukristo gurutzean zegoenean argi egin omen ziolako bere papar gorri horrekin. Guk kontzientzia garbitzeko hilerri moduko bat egin genuen elkarren ondoan harriak jarrita. Eta txantxangorria akabatutakoan han lurperatzen genuen.
«Ostatuko Anjel Mari» omen zara Albizturren.
Ni ez naiz baserrikoa, baina bai herriko ostatukoa. Txiki-txikia nintzela gure etxean ezagutu nituen Uztapide, Lazkao Txiki, Joxe Lizaso, Joxe Agirre, Txomin Garmendia, Arozamena eta Patxi Etxeberria... Gure etxetik pasa gabeko bertsolari gutxi zen. Sasi bertsolariek ere askotan kantatzen zuten, eta adi-adi egoten nintzen entzuten.
Noiz hasi zinen bertsotan?
Nire kasa ikasi nuen bertsotan. Txirritaren liburuak irakurri, eta beti bertsoa ibiltzen nuen buruan. Amurizak lehenengo txapela irabazi baino hilabete lehenago debutatu nuen nik, 1979ko abenduan, 22 urterekin. Gaur egun jakin egiten da 22 urtetarako bertsolaria aterako den. Soldadutzara joan aurretik kantatzen nuen, eta soldadutzan nire aldetik landu nuen. Iruditzen zitzaidan zerbait egiten nuela, baina salto hori eman egin behar zen.
Xenpelar sarian lagun batek eta biok eman genuen izena, isil-isilik, inori ezer esan gabe. Gero zer egingo, eta Joxe Mari Iriondok Herri Irratian dena kontatu! Etxera sartzeko ere lotsetan egoten nintzen. Aitak eta amak ez zidaten gaia atera ere egin, bazekiten-eta nerbioak jota nengoela.
Nola joan zen lehenengo saio hura?
Nik pasatu nituenak! Hura dardara! Amstrongek ilargira iristean minutuko berrehun taupada omen zituen, baina ni seguru nago saio hartan haren markak hautsi nituela! Bukatu zen, eta ez dakit neure buruari zer esan nion, edo "zailena egin diat" edo "ez diat berriro egingo". Horixe ez naiz gogoratzen.
Ordutik aurrera hasi zinen plazaz plaza?
Teileria herrikoa nuen, eta sariketan atera nintzela ikusita, niri deika hasi zen plazetan kantatzeko. Orduan ere oso gaizki pasatzen nuen. Zenbat aldiz joan naizen saioa hasteko zorian zegoela botaka egitera! Nik ez dakit nola segi nuen bertsotan, hain gaizki pasatzen nuen eta. Bere kasa joan zen korapilo hori, orain ez dut horrela sufritzen.
Osinalde sarira joan nintzen hurrena, eta orduan ere hiru edo lau plaza bakarrik eginda. Hurrengo urtean Xenpelar saria irabazi nuen. Ene! Mundua gainera erori zitzaidan. Karga handia sentitu nuen: "Non sartu naiz?". Saio batzuetarako deitu zidaten, eta nik lotsatuta, ez nuen joan nahi izaten. Agirrerekin eta kantatu behar nuen batean gezurra esanda joan gabe ere geratu nintzen. Ez nuen sinesten bertsolaria nintzenik.
Handik berehala Zaldibiako saria irabazi nuen, txapela eta entzulearen saria ere bai. Teileriarekin plaza dezente egiten nituen, eta orduantxe hasi nintzen zerbait sinesten.
Nola moldatzen zinen aurreko belaunaldikoekin?
Niretzako oso gogorra zen haiekin kantatzea. Gaur ez dago belaunaldien artean hainbesteko koskarik. Baina orduan eten handia izan zen, bertsolari gazteak oso gutxi baitziren. Lasarteren bertso hain txukunak irakurri, eta pentsatzen nuen, "zer esango du Lasartek ni horrela kantuan ikusita!". Beste giro batekoak ziren. Hamaiketakoa egin, eta "ez, koparik ez. Ez, pururik ez" esaten nuelako, zenbat aldiz entzun dudan "zer bertsolari mota haiz hi?".
Gogoratzen naiz berarekin lehen plaza egin nuen unetik, Amurizak asko lagundu zidala. Sekulako aholku piloa eman zizkidan, eta ateak zabaldu. Amuriza izan zen une horretan "beldurrik gabe, hik hire bidea egin ezak" esan zidana.
Bertsotan nolakoa zen Amuriza?
1980ko txapelketan "bihur bekizkit hesteak harri hori ez bada horrela" bota zuenean, zur eta lur geratu nintzen, ez zuen besteek bezala kantatzen. Doinu berriak, eta besteek esaten ez zituzten gauzak esaten zituen. Txapelketa hartan pentsatu nuen, "basajaun hau, hau ez duk pertsona arrunta, hau mesias bat duk!". Amurizak txunditu egin ninduen.
Ongi aprobetxatu duzu gaztaro osoa jairik jai ibiltzeko...
Parranda asko egiteko boladan, eguerdi batean jeiki eta bazkaltzera mahaira eseri nintzen. Bezperan berandu oheratu nintzen, noski. Sekula ez zait ahaztuko aitak zer arrazoi eman zidan: "Hara, Anjel Mari. Amak arropak garbituko dizkik, bazkaria eman eta gaixo hagonean zaindu ere bai. Baina lo heuk egin beharko duk. Hortik aurrera, nahi dekena egin zak!" Handik aurrera ez zidan gehiago errietarik egin.
Saioz saio zabiltzala pasadizo politak biziko zenituen...
Ea batzuk gogoratzen ditudan... Egañarekin nintzen behin bertsotan, Berrobin. Gai jartzaileak horrelaxe jarri zigun gaia: "Peña, zu senarra zara, eta Egaña, emaztea. Ume gehiegi eduki dituzuela-eta, hor eraman dute Peña senarra ospitalera, mazedonia egitera". Basektomia mazedonia bihurtu zuen gai jartzaileak, eta guk, gaiari kasurik egin gabe mazedonia gora eta behera aritu ginen bertsotan.
Beste behin, berriz, Teileria eta biok ginen afaritan, Zumaiako elkarte batean. Zumaian oso plater ezagunak dira olagarro zopa eta olagarroa patatekin. Nik ez nuen olagarro hitza ezagutzen ordura arte, guretzat beti "pulpoa" izan baita. Hasi gara bertsotan, eta bukaera hau neukan pentsatua: "benetan gauza goxoa dela/ olagarroa patatakin". Baina bertsoa aurrera joan ahala, hitz berri hori ahaztu, eta horrela bukatu nuen "benetan gauza goxoa dela/ kakalardoa patatakin".
Hitz bakarra ahazteak bertso osoa aldrebesten du, beraz.
Hitzak bakarrik ez, silaba batek ere nola baldintzatzen duen bertsoa! Etxalarren gertatu zitzaidana, entzun bestela. Sebastian eta biok ginen bertso afaritan. Albaitaria zen emakume bat bazen afari hartan, Lurdes izenekoa. Hasi ginen emakume hari bertso kantari, eta nik bukaera hau pentsatu nuen: "(emakume hori) hemen badago/ altxa dadila mesedez/ zerri muturra ikusi dugu (Lizasogatik)/ eta Lurdes oraindik ez". Baina kantatzen hasitakoan, "eta" hitza "ta" esan nuen, gero nolabait puntua betetzen hasi, eta hara zer atera zitzaidan: "zerri muturra ikusi dugu (Lizasogatik)/ ta Lurdesena oraindik ez". Konturatu orduko altxa eta barkamena eskatu nuen, bertsoak berez behar zuen bezala kantatu, eta eskerrak, Lurdesek ez zuen gaizki hartu!
Gaur egun zergatik kostatzen da saiotara jende piloa inguratzea?
Aukera handia dagoelako. Jendea biltzea zaila da, baina alor guztietan gertatzen da hori. Lehen urtean bi aldiz entzungo zituzten bertsolariak. Orain telebista eta irratia direla, astean lau aldiz. Lau bertsolari ekartzea ez da nobedadea, beste batean entzungo dituzte eta kito. Kontua da zerbait berria eskaintzea, esaterako, Anoetan egin den bertso antzerkia. Edo bertso pilota, baina hori ere eliteko pilotariekin. Futbolarekin berdin gertatzen da. Nor doa Eibar ikustera? Eliteko gauzak bakarrik nahi ditu jendeak, aseta dago-eta. Gainera gu kultura minorizatu baten barruan mugitzen gara. Eta euskararen kontua ere ez dut ikusten esaten den bezain ongi dagoenik.
Nola ikusten dituzu bertsolari gazteak?
23 urterekin ez nintzen oraingoen pare, ezta gutxiagorik ere. Oraingo bertsolariak hobeak dira. Gogoan dut Alkizan Teileria eta biok bertsotan hasi ginela gure kasa, aurrez ezer prestatuta izan gabe. Zenbat jende jarri zen guri entzuten! Ume mukizu batzuk ginen, bertsotan justu-justu egiten genuenak. Baina berria zen gazte jendeak bertsotan egitea. Orain gazte piloa dago, eta ez dute gure garaian bezain beste entzule erakartzen, jada ez baita nobedadea.
Elitean mantendu zara orain arte. Nolakoa da bertsolaritzaren elitea?
Elitean sekula ez da jende asko egongo, baina egun inoiz baino bertsolari gehiago daude elitean. Baina herri hau oso txikia da, eta merkatua ere bai. Berriro ere bertsolari on askok geratu beharko dute, zoritxarrez, ibili gabe. Ez ez dutelako kalitaterik, merkaturik ez dagoelako baizik.
Gaur egun sekula baino bertsolari on gehiago dago. Txapelketa honetan agertu den generazioa izugarria da.
Ni konturatzen naiz zenbat plaza ditudan urterokoak direnak. Urteroko plaza horiek huts egiten dutenetan 10 plazatik 6ra jaitsiko naiz. Nik uste dut moda kontua dela. Zergatik nago ni oraindik modan eta beste bat ez? Ez dakit. Teileria garai batean oso modan egon zen, eta urte batetik bestera bukatu zen hura. Eta orain ez da, bada, orduan baino txarragoa! Jon Enbeita bertsolari ona da eta txapelketetan beti egin du ongi, eta herriz herri ez da asko ibili. Zergatik? Ezin izan dut sekula modaren kontu hori azaldu.
Herrietako jende dena ezagutzen duzu...
Urteekin jende asko ezagutzen da, bai, eta bertso afarietarako ongi etortzen da hori. Baina bertso afarietan dena librean eginez gero bizio txarrak hartzen dira. Beti izaten da norbait edo ezkondu berria, edo istripua izan duena, edo ehizean ikaragarriren bat pasatu zaiona... Eta beste zer esanik ez daukagunean, jende horrengana jotzen da beti. Betiko arrazoietan eta topikoetan erortzeko arriskua egoten da. "Betiko topiko tipikoa" deitzen diogu guk horri. Horregatik gustatzen zait hiru bat ordu laurden librean gogor egin, eta gero gaiak jarrita aritzea.
Gai bati hiru-lau bertso on botatzen jakitea da gaur egun bertsolariaren bizkarrezurra. Gaiari ongi eusten jakitea. Gaietan ongi egiten duenak, bazkalondoan ongi kantatzen ikasten du. Zailagoa da gai bat jarri eta hiru bertso eder botatzea. Librean kantuan hasi, eta badakit jendea gustura uzteko moduko saio bat egin nezakeela, 30 bertso botaz gutxi-gehiago. Pilotu automatikoak funtzionatzen du bertso afarietan, huts egiteko aukera handiagoa da.
Anjel Maritik Peñara zer alde dago?
Handia. Denok gara ezberdinak oholtza gainean. Nahita edo nahi gabe bertsolari bakoitzak eman du irudi bat. Jendeak pentsatzen du beti txiste kontatzen ibiltzen naizela. Baina eguneroko bizitzan serioa naiz. Eta ez naiz dirudien bezain berritsua. Oholtza gainean aktoreak gara, eta esaten duguna exageratuta esaten dugu. Futbolzalea banaiz, baina ez nago Athleticekin zoratuta. Hainbeste milioi kobratzen duen jendeagatik sufritu?
Askotan ez zara deseroso sentitu zure estereotipoaren barruan?
Nik esan izan dut saioetan "niri gaur ez kirolari buruzko gairik jarri"; eta asmatu gainera, gai jartzaileak kirolari buruzko gaia prestatua baitzeukan niretzat. Agurra serio-serio kantatu izan dut propio. Edo txapelketan gazteak nola ikusi ditudan galdetu zidatenean, berdin. Jendeak espero zuen nik haiengatik kristorenak esatea, eta ez. Jakin behar da gai serioak umoretik hartzen eta barrea espero den lekuan ere serio kantatzen. Politikarekin ere berdin gertatzen da. Horregatik hartu nuen erabakia ez inongo ekitaldi ofizialetan parte hartzekoa. Jendeak bakoitzari pegatina bat jartzen baitio.
1991ko Urte Zahar gaua aurkeztu zenuen telebistan, Ane Igartibururekin. Zer moduzko esperientzia?
Halako nahastea ekarriko zuenik jakin izan banu, ez nukeen egingo. Kalean jende dena Anegatik galdezka aritu zitzaidan!
Eskaini izan didate Euskal Telebistako hainbat programatan lan batzuk betetzeko aukera. Ezetz esan diet. Ni bertsolaria naiz, ni ez naiz polifazetikoa eta telebistan bertsotan atera nahi dut. Bestela ez. Zer eskaintzen diot neure buruari eta ikusleari astero hamabost minutuz hitz eginda? Zer daukat esateko? Edo aktore lana eginda, ez banaiz aktore? Nire irudia kakaztu besterik ez nuke egingo.
Pernando Amezketarraren marrazkiei ahotsa jartzea ongi iruditu zitzaidan, bertsolaria zelako. Baina jakin banu telebistak hainbeste bider errepikatu behar zuela, hiru aldiz pentsatuko nuke. Jendea nazkatzeraino eman baitute.
Zu izan zinen oporrak hartu zituen lehen bertsolaria, alegia, abuztua jai hartzen zuena.
Konturatzen nintzen urte osoan lanean eta bertsotan arituta arnasa hartzeko denborarik ez neukala. Koadrilarekin nuen harremana ere ez nuen eten nahi. Bizitza ez da bertsoa bakarrik. Hiru gauza lortzen nituen abuztuan jai hartuta. Lehenengoa, nire burua lasaitzea. Bigarrena, atseden hartzea. Eta hirugarrena, beste bertsolari bati lekua uztea. Gainera, bertsotan ibiltzeko ona da hausnartu eta irakurtzeko denbora hartzea. Urte osoan saiotik saiora, pentsatzeko ere denborarik gabe ibiltzen nintzen. Saioan bertan baino gehiago ikasten da plazan botatakoa errepasatu eta bertso hura hobetzen saiatuta.
Badakit herri batean baino gehiagotan esango zutela: "horrek merezi dik gehiago ez deitzea". Jendeari ez zaio okurritu ere egiten bertsolariak ezetz esan behar duenik. Baina jakin egin behar da ezezkoa esaten.
Zer ez zenuke esango jendea pozik uztearren?
Entzuleari errespetua zor zaio, baina norberarekiko leiala izatea ere ez dago gaizki. Ez da kantatu behar jendeak entzun nahi duen hura, zuk hala sentitzen ez baduzu. Gainera, Xalbadorri txapelketan egin ziotenarekin garbi geratu zen, entzuleak une batetik bestera jartzen zaituela infernuan eta hurrena zeruan. Lehen hain txarra omen zenari zazpi minutuz txistua jo, eta hurrena horrelako txalo zaparrada!
Neronek ere, ez nuke sentitzen ez dudanik kantatuko. Adibide bat jartzeagatik, Jose Luis Korta Zumaiako enpresaria ezagutzen nuen. Bertsozalea zen, herriko ikastola sortu zuena, euskaltzalea... Ez zitzaidan batere ongi iruditu hari bonba bat jarri izana. Afariren batean ekintza horren aldeko jendearekin suertatzen banaiz, ez dut bonba hori ederki jarri zutenik botako. Bakeagatik isilik geratu bai, agian.
Ezkondu artean beti izan duzu urrezko ezkongabearen fama... Zein da jaso duzun lorerik politena?
Sendoa argitaletxearentzako liburu saltzen aritzen nintzenean, erosle izan zitezkeenen izenekin zerrenda bat osatzen nuen. Horien artean bazen emakume nafar bat, eta hari hots egin nion: "aizu, begira, Sendoatik deitzen dizut, Peñagarikano naiz...". Emakumeak, ordea, ez sinesten Peña nintzenik! Hala bota zidan azkenean: "Halako lekutan lan egiten dut, eta Peña horrek zerbait esan behar badit, hona etor dadila. Nik ez dut sinetsi zu Peña zarenik". Nik zer egingo, eta lantokira azaldu. Sartu naiz bere bulegora, eta sekulako sorpresa aurpegiarekin, horrelaxe atera zitzaion barru-barrutik: "Oh, Dios mio, porqué a mí tanto bien!"