Izadiaren legeei lotuak bizi ohi gara, eta gutxi-asko, giza arrazaren gehientsuenok izan dugu barren-barrenean lege horiek gaindituko dituen gertakari miragarrien ametsa. Izan ere, gaixoa, magiaren erakargarritasuna inoiz sentitzerik izan ez duena! Eta era berean, zoriontsua, azti lana egin eta gertakari harrigarriak sortzeko ahalmena duena, nahiz Inkisizio garaian bezala sutan errea izateko arrisku larrian baden ere zenbaitetan. Horrelakoxea genuen Johanes, Bargotako Aztia, eta horrelakoxe itxura du Joanne Rowling idazle ingelesaren irudimenetik sortutako Harry Potterrek.
HEZUR-HARAGIZKO AZTIA.
XXI. mende honen hasieran, mundua magiaren lilurapean aurkitzen dela esan genezake, haur, gazte eta helduek zenbait fenomenoei jartzen dioten arreta kontuan izanda. Geureak, duela bost mende Nafarroako Viana aldean sortutako Bargotako Aztiak, alde handia du ingelesarekiko, besteak halako itzalik oraindik ez badu ere, hezur-haragizko pertsona baita. Felix Cariñanos historialariak dioenaren arabera, Bargotako Johanes pertsonaia historikoa dugula frogatzeko, aski da jakitea Antonio de Guevarak, XVI. mendean Europan modako idazle izan zenak, 1522an idatzitako gutun batean nigromantiko ospetsua bizi zela zioela.
Nolanahi ere, eta Viana aldeko jendeak belaunaldiz belaunaldi oso ondo ikasitakoaren arabera, makina bat gauza harrigarriren egile dugu Bargotako Aztia. Esate baterako, bere etxea gau batean eraiki omen zuen, eta hurrengoan bere ikuilua. Halaber, paraje nafar horretako inork ez dauzka ahazteko Joan Otsoa agramondarra eta Nafarroako Erresuma Zaharraren alde Bargotako Johanesek egin zituenak. Horrez gain, eta besteak beste, Alexandro VI. Aita Santuak estimu handian zuen ere, Inkisizioaren zigorretik libratu hainako estimuan, egia esanda. Zer zela-eta? Bada, Aita Santu hori gorteko dama batekin harremanetan ibilki, dama horren senarrak hil egin nahi izan omen zuen Alexandro VI. eta Bargotako Aztiak, bestearen asmo hiltzaileen jakitun, konplotaren berri eman omen zion delako Aita Santuari.
Hala izan bazen edo ez bazen, gauza da, gertakari miragarri frankoren egiletzat hartua dela geure Aztia, bere garaikideen ustez deabruarekin itunen bat egina zuen gizona. Baina hemen ezin ditugu denak aipatu, eta beraz, haren berri zabal jakin nahi duenak, Fultxo Crespo, Mikel Fernandez eta Josu Jimenezek Txalaparta argitaletxearen bidez plazaratu duten "Johanes, Bargotako Aztia" liburura eta CDra jo beharko du, edo bestela, Interneten murgildu eta www.pnte.cfnavarra/bargotakoaztia/ orrialdeak dioena kontuan hartu.
HARRY POTTER ANTIHEROI MAITEA.
Oso bestelakoa da Joanne Rowling idazle ingelesaren irudimenak sorturiko pertsonaiaren inguruan gertatzen ari den fenomenoa. Honek, mundu guztian izan du arrakasta. Nahiz heldu gehientsuenen ustean oraingo haurrak ez duten ia irakurtzen, beti telebistari begira ari direlako edo bestela Interneten sartuak, hara non haur horiek, bazter guztietan gainera, Harry Potterri buruzko liburu nahikoa mardul batzuk irakurtzeko irrikitan agertu diren. Nola uler daiteke hori?
Iñaki Mendiguren, mementoz "Harry Potter eta sorgin-harria", "Harry Potter eta sekretuen ganbera", "Harry Potter eta Azkabango presoa" eta "Harry Potter eta suaren kopa" euskaraturik dituen itzultzailearen ustean, alderdi ezberdinak izan behar dira kontuan fenomenoa ulertzeko orduan.
"Faktore asko daude. Lehenengoa eta oinarrizkoa, liburu horietan agertzen dena literatura ona dela. Harry Potterrena, istorio global bat da, aberatsa, polita eta ondo kontatua. Primeran birsorturik dago magiaren mundua, dauzkan aberastasun eta xehetasun guztietan, eta horrez gain, idazleak, fikzioaren eta errealitatearen nahastea erabat sinesgarria izatea lortu du. Batez ere barnetegi bateko bizitza ezagutzen dugunoi, oso hurbileko gauza gertatzen zaigu liburu horietan agertzen dena".
Liburuek haur, gaztetxo eta helduen munduan funtzionatu dute ondo.
Ongiaren eta gaizkiaren arteko borroka azaltzen da haietan. Protagonista, gurasorik gabeko haur bat da, Harry Potter, hamaika urteko mutikoa. Bere gurasoak aztiak izan ziren, berak ere ahalmen hori du, eta orain arte kaleratu diren lau liburutan, Lord Voldemort deritzan jaun ilunarekin ari da mutiko hori borrokan. Dena dela, J. K. Rowlingek kontatzen duen istorioa ez da batere moralista.
Zergatik egin ote da istorio hau hain erakargarria leku guztietan? Hona hemen Iñaki Mendigurenen azalpena:
"Batetik, denok omen daukagu guraso galduen beldur hori. Harry Potterrek gurasorik ez du, baina izaten ditu oroitzapenen bidezko halako topaketa emozional batzuk haiekin. Gurasoekin topo egin nahi duela adierazten da istorioetan, eta hori, dirudienez, oso erakargarria da psikologiaren ikuspegitik. Bestalde, ez da mutiko heroiko bat, oso arrunta baizik, baita fisikoki ere; hanka sartzen du bere ekintzetan askotan, arazo handiak ditu, negar egiten du, ia-ia galtzeko zorian egoten da, eta galdu ere egiten du maiz, baina azkenean lortzen du aurrera segitzea. Hortik uste dut datorrela jendeak harekiko sentitzen duen erakargarritasuna".
Baina ez hortik bakarrik, antza denez, zeren Iñaki Mendigurenek dioenez fenomeno literario on baten inguruan gaur egungo gizarte kontsumistak jada ia-ia fenomeno extraliterario bihurtu duen zerbaiten aurrean ere bagaude.
EUSKAL HERRIAN ERE BAI.
Elkarlaneaneko Joxan Ormazabalek proposatu zion Iñaki Mendigureni Harry Potterren liburuen euskarazko itzulpena egitea. Ordura arte, euskaraz ez zen ia sekula haurrentzat horrelako liburu luzerik argitaratu, baina ikusita zer arrakasta hotsak zeuden hortik zehar, bada, apustua egitea erabaki zuten.
Halere, itzultzaile honen arabera, Harry Potterren liburuak luzeak dira, baina elkarrizketa eta akzio asko dauzkate. Eta oso liburu bisualak izatean, egungo haur eta gazte jendearen psikologia edo egitura mentalarekin bat datoz. Jakina, bertute horien ondoan, beste faktore batzuk ere gogoan hartu behar.
Izan ere, Joanne Rowlingen Harry Potterri buruzko lehenengo liburuak ezusteko arrakasta izan zuen, emakume honek liburu hori lehenengo argitaletxera eraman zuenean, ez baitzioten onartu. Ikaragarri luzea zela, konplexuegia eta abarren aitzakiaz, atzera bota zioten "Harry Potter and the Philosopher's Stone". Baina J. K. Rowlingek ez zuen etsi, eta, azkenean, lortu zuen bere liburua plazaratua ikustea, Bloomsbury-ren bidez. Hark, ordea, ez zuen besteak bezalako marketing edo publizitate kanpainarik izan. Hori bai, liburuak arrakasta izaten eta, sariak bereganatzen hasi bezain laster, guztiz aldatu omen ziren gauzak.
"Hortik aurrera -dio Iñaki Mendigurenek-, konturatu zirenean zer-nolako altxorra zegoen hor, orduan bai, ondoren aurkeztu dituen liburuei izugarrizko marketing kanpainak egin dizkiete".
Izan ere, 1997. urtean lehenengo Harry Potter kaleratu zenetik, gutxienez 42 hizkuntzetara itzuliak izan dira pertsonaia horri buruzko liburuak, vietnamerara, bulgarerara, katalanera, pakistanierara, txinerara eta latinera barne. Saldu, berriz, 120 milioitik gora liburu salduak dituzte dagoeneko munduan zehar, horietarik 45 milioi Ameriketako Estatu Batuetan. Hamaika milioi Alemanian eta gaztelaniaz ere asko, zenbakia zehazterik ez badago ere, zeren Argentina eta Txileko salmentarik onenak beraiek lortu omen dituzte, eta Espanian, 600.000 inguru liburu ba omen dauzkate salduak.
Eta nolakoak diren gauzak, euskaraz ere ez dira gutxitxo saldu. Lehenengo liburuaren 15.000ren bat ale badituzte salduak, bigarrengoaren 7.000 inguru, hirugarrenaren 4.000… Horiek dira, horiek, euskal argitaletxeek beren liburu guztientzat amestuko lituzketen salmentak!
"Umeak, pentsatzen duguna baino askoz azkarragoak dira. Ezingo dutela jarraitu eta zozokeriak eman behar zaizkiela uste da, eta izugarrizko ezusteak ematen dituzte. Izan ere, Harry Potterren istorioak nahiko konplexuak dira, halako aditasun batekin jarraitu behar dituzu ez galtzeko. Gainera, hizkuntza aldetik ere oso aberatsak dira, eta euskarazko itzulpenean ere jatorrizkoaren maila mantendu da... Dena den, liburu hauek jatorriz euskaraz argitaratu balira, izango al zuten halako arrakastarik? Nekez! Ezta Frantzian edo Italian sortuak balira ere. Fenomeno anglosaxoi indartsu bat izateak, munduan zehar arrakasta izaten asko lagundu dielakoan nago", dio Iñaki Mendigurenek.
HARRY POTTER IRUDITAN.
Hain harrera ona izan duen fenomeno literario bat ezin filmatu gabe utzi, eta zine-zuzendari askoren buruan egon omen zen asmo hori, edo horrela kontatzen da behintzat. Kasurik zabalduena, Steven Spielbergena da. Diotenez, Hollywoodeko zinemagile ospetsu honek zinera eraman nahi izan omen zuen Harry Potterren istorioa, baina estatubatuartuz bai protagonista eta baita mutiko ingeles honek eta bere lagunek Ingalaterrako magia eta aztikeria barnetegian bizitzen dituzten gertaerak ere. Eta Joanne Rowling idazleak ezezkoa eman zion asmo honi. Zorionez, bazeukan Harry Potter zinemara eraman nahi zuen jende gehiago, Warner Brothers kasu, eta askoz hobeto konpondu omen zen hauekin, hitz eman ziotelako beraiek eginiko filmeetan eskuhartzerik izango zuela, filmeen jarraipen zehatza egiten utziko ziotela, protagonistak ingelesak izango zirela eta gertatu beharreko guztia Ingalaterran gertatuko zela.
"Alde horretatik, nortasun handiko emakumea izan dela ikusten da, orain arte behintzat -aipatzen du Iñaki Mendigurenek, baina segidan honakoa gehitzeko-. Dena dela, entzun dudanez, bigarren filma beste batek egin behar omen du, eta hirugarrena edo laugarrena, Steven Spilbergi emateko prest daude... Beraz, auskalo!"