GURASORIK GABEKO OPORRAK

Bezperan ilusio eta nerbioen erruz lo gutxi eginda azaldu gara denok autobus geltokira, bizitza osorako alde egingo bagenu bezalako maletatzarra arrastaka. Gurasoek betiko azken gomendioak eman dizkigute umeoi, alferrik: «Txintxo ibili. Jan dena. Osorik itzuli. A! Eta ondo pasa!» Azken muxu bana eman, eta ospa! Udalekutara goaz!

AKLIMATAZIO FASEA.

Lehen egunean nahikoa lan izan dugu lur hartzen. Aterpetxera iritsi orduko azkar ibili beharra dago, denek utzi nahi baitute goiko ohatzean zakua. A zer ume piloa, eta ni bakarrik! Jolasen bidez ikasi ditugu besteen izenak, nongoak diren eta zer zaletasun dituzten. Gero taldeak egin ditugu, badakit nori pasatu behar diodan baloia, eta zein diren jokoetako kontrarioak. Eta badaezpada ere, azkar jarri dizkigute arauak! Gaueko 00:00etatik aurrera isilik, egunero ontziak garbitu, begiraleei abisatu gabe ez alde egin...
Egun berri honen ondoren, oheratu, eta gora begira jarri beharra dago. Hasteko, ez dagoelako fidatzerik, alboko gelako piratek hortzetako pasta botako ote dizuten edo pixa egiteko behatza baso bete uretan sartuko duten. Eta bestalde, begiak irekita baloratu beharra dago, zer putzutan sartu garen. Ai, amatxo maitea, lehenengo gaua zu ikusi gabe! Tira, edozertara ohitzeko prest nago, bai jauna. Horrelako beste 13 egun, eta berriro etxean naiz. Baina ez dakit grazia gutxirekin egindako leka horiek beste behin irensteko gai izango ote naizen... Tira, lehen eguna izateko ez da hain txarra izan, bi edo hiru lagun egin ditut behintzat.

GURE MUNDUA.

Bost egunetan ederki osatu dugu umeon gizartea. Badaude liderrak, badaude liderrei meriendako txokolatea oparitzen dietenak, badira marginatu sozialak... Baditugu taldeko gure kirolariak, taldeko gure artistak, taldean fundamentua jartzen dutenak eta taldearen kontura bizi direnak... Orain badakit zein den nire lekua taldean eta udalekuan. Ezagutzen ditut nire lagunak eta urruti eduki beharrekoak. Eta nola ez, baditut nire fitxajeak...
Begiraleen arauak puskatzea da gure legea. Gauez gela batetik bestera ibiltzea, isilka. Harrapatuz gero, atariko harri txintxorrak errazten jartzen zaituzte, edo etxeari bueltaka ordu erdiz korrika. A zer izorratzea! Baina behin froga gaindituta, «zerrenda beltzean» sartzen zara, alegia, gaizto famatuenen artean. Eta aizu, horrek ere badu bere morboa.
Jada begirale bakoitza ederki ezagutzen dugu. «Gaztanbera» bi musu edo bi malkoren truk edozer egiten uzten dizun horietakoa da. «Petral»engana, berriz, edonor inguratzen da! Errietarako sekulako hitz jarioa dauka, eta zigorrik zelebreenak bururatzen zaizkio. Beti bera bidaltzen dute beste begiraleek, gu zibilizatzera.

MUNDUA HANKAZ GORA.

Egunak aurrera joan ahala, eta zenbat eta gehiago ezagutu elkar, orduan eta ezberdinagoa da udalekua. Lehen eguneko lagun batzuk nire ahizpa biki bihurtu dira, eta besteei jada ez diet ia kasurik egiten. Ordainetan, konturatu naiz hiru egun isilik pasatu dituen lotsati horrek eta biok kontatzen dizkiogula elkarri sekreturik handienak. Fitxajeak, zer esanik ez! Lau aldiz aldatu dut mutil lagunen zerrenda-eta! Ezagutu, behintzat, denok ezagutzen dugu elkar, eta gero eta lagun gehiago ditugu.
Itxuraz ere ikaragarri aldatu gara. Taldekide batek eskaiola darama eta hiru lagunek Frankesteinek adinako urratua buruan... Goiko ohatzekoari, berriz, oraindik ez zaio sukarra jaitsi. Baina itxura zaintzen dugu, ez pentsa! Zazpi egunean erabilitako nikia orain dela gutxi aldatu dut eta gogoratutakoan garbitzen ditugu hortzak. Ez pentsa askoz gehiagotan garbitzeko premiarik dugunik. Dietan gaudela dirudi. Ahalik eta gutxien betetzen dugu lenteja eta arrain egosiz gure platera. Zizareen pare iritsiko naiz etxera!
Lehen egunero idazten nituen gutunak, baina orain idazten didanari erantzuten diot eta kito. Ez dago eskubiderik! Batzuk zortzi gutun jasotzen dituzte egunero eta beste batzuok hain gutxi...
Egunen erdiak xahutu ditugu jada eta hasi da atzera zenbaketa. Etxera iristeko gero eta gutxiago falta da...

EGUN KORAPILATUAK.

Orain denok osatzen dugu talde bakar bat. Jada ez zait axola putzura goazenean noren ondoan jartzen dudan bainuko toalla. Elkarri trentzak eta eskumuturrekoak egiten aritzen gara eta korapilo bat eginda bukatzen ditugun jolasak dira politenak.
Udalekutako hizkera sortu dugu, gure argot berezia. Zarauztarren «txaparroa», bermeotarren «laga» eta oiartzuarren «nazka ematen nazu» elkartuta hitz egiten dugu, gero eta azento nahasiagoan. Udalekutako kantu bereziak ditugu, gureak bakarrik direnak. Denetan onena da, noski, gure taldearen gorazarrea.
Zer nahi dudan ere ez dakit, neroni nago korapilo bat eginda. Gero eta egun gutxiago falta dira, eta alde batetik gogoa dut txakurrari kasu egiteko, eta udalekutan gertatutako dena kotorreatuz gurasoak metrailatzeko. Baina bestetik, laster banatu egingo gara eta orain gauero bukatzen dugu erdi negarrez, lagunak kontsolatu ezinda.

AZKEN GAUA.

Kaka zaharra! Zergatik da egunik politena azkenekoa? Zergatik ematen dizkigute jateko egun horretan kroketak? Zergatik egiten ditugu plan eta jokorik «guay»enak beti bezperan? Justu hain ongi gaudenean, bukatu egin behar udalekuak!
Egun osoa pasatu dugu gure lagun ezkutuari oparia egiten. Ezin omen genion ezer erosi. Eskulana izan behar duela, «balore sentimentala» eta horrelako txorakeriak izateko. Erosten utzita ere, alferrik. Dena gaur gaueko merendola sekreturako goxokiak erosten xahutu dugu-eta!
Gauean banatu ditugu opariak eta dantzaldira! Edo udalekuetako argotean esanda, «dultze meneo»ra! Hauxe da udaleku osoa begira pasatu duzunari dantza eskatzeko garaia. Eta betikoa, espabilatuenek dantzatuko dute beste guztien gustukoekin. Besteok, kalejiran eskutik heltzearekin konformatu behar!
Inoiz baino beranduago utzi digute oheratzen begiraleek. Beraiek ere ez zeukaten festa makala beheko gelan! Baina gaur ez dugu kasik lorik egin. Gelan borobilean eseri eta linternen argitan kontu-kontari aritu gara. Ahalik eta gehien esna irautea da gaurko gure erronka. Alferrik, hurrengo egunean begiak zabaldutakoan konturatuko gara bezperan norbait ibili zaigula bibotea margotzen. Eta ez daukagu mendekua hartzeko beste gaurik!

BAGATOZELA!

Gorroto dut azken eguna. Gosaldu, eta maleta egiteko galtzerdi galduen bila ibili behar ohe azpitan! Gero, betikoa. Argazkirako irribarre bat egiten hasi eta ezin malkoei eutsi. Akabo, bat hasi da intzirika eta denok muki jarioan bukatu dugu. Eta errematerako, «Zergatik galdu itxaropena» kantu depresiboa kantatu behar, elkarri lepotik helduta!
Geltokira iritsi eta autobusetik jaisterako afaltzeko arrautza frijituak egiteko eskatzen diegu gurasoei, lepotik zintzilikatzen garen bitartean. Orain lotsa ere ematen digu begiraleei agur esateak eta beste umeei elkarri idazteko hitz emanda aldendu gara bakoitza gure bidetik

«Sarri gurasoengan pentsatuta hartzen dira erabakiak, ez umeengan»
Zzertarako balio dute udalekuek ? Beti lortzen al da nahi den helburua?
Haurrak bere aisialdia antolatzen ikasteko dira udalekuak. Ez hamabost egun horietan bakarrik, bizitza osorako baizik. Udalekuetan askotan mugatzen gara ekintzak egite hutsera, ikusten dugulako haurrek ekintza horietan parte hartuz ondo pasatzen dutela. Eta alde batera uzten ditugu agian askoz ere garrantzi handiagoa duten beste gauza batzuk. Adibidez, ekintza horiek proposatu eta antolatzeko ardura eta protagonismoa ez dugula haurren esku uzten.
Gero ez du balio esateak: "15 urteko gazte hauek ez dakite ezer egiten". Ez dute aukerarik ere eduki, ez eskolan eta ezta aisialdian ere, beraien denbora librea antolatzeko. Beraz, emaitzari gehiegi begiratzen zaio eta ez prozesuari.

Azken aldian zer egiteko joera dute gazteek denbora librean?
Azkeneko ikerketa Tolosan egin dute. Ondorio nabarmenena izan da, 14-17 urte bitarteko gazte gehienek (%80) asteburuak merkataritza zentroetan pasatzen dituztela. Hori horrela bada, akabo. Eredu yankia bete-betean sartu zaigun seinale. Euskal Herrian betidanik kalea izan da jendearekin biltzeko tokia.

Begirale eta zuzendariak hezitzeaz arduratzen zarete. Zuretzat zein da begirale eta zuzendari eredua?
Inoiz baino begirale formatu eta tituludun gehiago dago. Sekula ez da egon hainbeste jende magisteritza, pedagogia eta halako karrerak egin eta gero begirale ikastaroak egin dituena. Formazioa badago, baina egun, gehiago begiratu behar zaio izaerari. Jendeak urtea ikasten pasatzen du, eta begirale lana udara mugatzen du. Ondorioz, inoiz baino jende gutxiago dago eguneroko praktika duena. Alegia, arazo ezberdinak konpontzea, haurrekin hartu-emana izatea...

Euskara lantzea ere bada udaleku batzuen helburua. Horretarako zer zailtasun izaten dira?
Orain gutxira arte erabili izan den estrategia zen "euskaraz hitz egin!" erretolika botatzea, eta guztiz emaitza kontrakoak lortzen ziren. Azken urteetan, "motibazioa-ezagutza-erabilera" zirkuitua erabiltzen hasi gara. Eta ikusten dugu emaitza hobeak lortzen direla. Aisialdiari garrantzi handiagoa eman behar zaio euskararen normalizazio prozesuan. Aisialdiko euskara lantzen ez bada, hankamotz gelditzen da bai eskolan, bai etxean egiten dena, kalean ez delako euskara erabiliko.

Udalekuetan begirale, guraso eta umeek hartzen dute parte. Hiruen arteko harremanetan, zein da oreka egokiena?
Udalekuak, batez ere instituzioek antolatzen dituztenak, zeharo aldendu dira aisialdiko pedagogiatik. Instituzioek antolatzen dituzten udalekuetan, haurrak "bezero" gisa hartzen dira, eta bezeroak beti du arrazoi. Orduan, askotan hartzen diren neurriak, gehiago pentsatuak daude gurasoentzat, haurrentzat baino. Eta adibideak badaude: orain dela 3-4 urtez geroztik, neska-mutilak bereizi egiten dituzte logela banatan, ordura arte ez bezala. Instituzioek diote, gurasoek egin dituzten dei eta kexengatik aldatu dela hori. Neurri horren aurkako beste guraso batzuk ere badira, baina betikoa gertatzen da: eredu tradizionaleko gurasoei kasu egiten zaie oraindik. Gero bai, sexuen arteko berdintasuna eta balore horiek guztiak jartzen dituzte mahai gainean, baina gurasoak kontent egoteko zenbait neurri hartu behar badute, hartu egiten dira eta kito. Gaur egun haurrei arropa garbitzen zaie udalekuetan. Lehen, politena zen udalekuetatik zikin itzultzea, hori zen umeak «mundial» pasa zuela jakiteko daturik fidagarriena.
Gizarteko baloreak ere asko aldatu dira. Gaur egun kanpaldi oso gutxi egiten dira. Gurasoek ez dituzte beren seme-alabak bidali nahi hain erosotasun gutxi dituen tokira. Eta udaleku irekiak ere horrela sortu ziren. Udaleku itxietan 14 gau igarotzea agian gogorregia da... eta udaleku irekiak egiten dira, goizez. Horrela, gurasoek ere denbora libre pixka bat badute, edo lanera joateko aukera. Joera nahiko atzerakoia da.
Joerak aldatu behar dira eta horretarako gurasoak dira ate joka hasi behar dutenak, bestela jai dago


Azkenak
Sarako Idazleen Biltzarraren 42. edizioak euskal idazle eta irakurle andana bildu ditu

Ekintza sorta ugariko bi eguneko egitaraua eduki dute bertaratu diren irakurleek: besteak beste, liburu azoka, ikuskizunak, tailerrak eta mahai-inguruak izan dituzte. Maider Elcano koordinatzailearen ustez, Biltzarraren indarra idazleei eta sortzaileei lekua ematen dien... [+]


Pertsonon datu-pribatutasuna ezbaian, delinkuentziaren aitzakian

Kondenatutako atzerritarren nazionalitateari buruzko datuak argitaratuko dituela adierazi du Erresuma Batuko Barne ministroak. Bide beretik, pasa den astean ezagutarazi zen Aste Nagusian atxilotutako 79 pertsonaren argazkiak filtratu zituela Ertzaintzak.


2025-04-23 | Jon Torner Zabala
Madrilgo mugimendu ekologistan infiltratutako beste polizia bat atzeman dute

2002az geroztik Espainiako Estatuko hainbat kolektibotan infiltratutako hamabi poliziaren berri eman dute La Directa eta El Salto agerkariek. Nieves López izen faltsua baliatzen zuen Espainiako poliziaren kasua da publiko egin duten azkena. El Salto-k argitaratu duenez,... [+]


2025-04-23 | El Salto-Hordago
Arun Kundnani: “Arrazakeriak gizarteko baliabideen banaketarekin du zerikusia”

Militante eta ikerlari antiarrazistak abiapuntu argia adierazten du: arrazakeriaren aurka borrokatzea ez da zeregin psikologiko edo diskurtsibo bat, baizik eta egiturak desegiteko premia.


Militarizazioan beste urrats bat eman du Espainiako Gobernuak: 10.471 milioi euro gehiago bideratuko ditu Defentsara

Espainiako Gobernuak urte amaierarako Defentsara bideratuko duen gastua Barne Produktu Gordinaren %2 izango da: 33.123 milioi euro. Sánchezek adierazi du erabaki horrek "Espainiaren segurtasuna bermatzea" eta armadaren baliabideak "modernizatzea" dutela xede.


Ukrainarako “irtenbidearen” bila, edo ez?

"Bakearen" bidean, Errusiak proposatu du kontrolpean ez dituen lurraldeei uko egitea. Trukean AEBk hainbat onura emango dizkio, Financial Timesen arabera. Hala ere, Kremlineko bozeramaile Dmitry Peskov-ek abisu egin du: "Ez fidatu hedabideez, ezta errespetagarriak... [+]


2025-04-23 | Jon Torner Zabala
Gipuzkoako klub batean jokatzeko ez da derrigorrezkoa izango eskola kirolean parte hartzea

EAEko Auzitegi Nagusiak agindu ostean eskola kirolaren aurkako epaia berehala betetzeko, Gipuzkoako Diputazioak jakinarazi du erabakia "onartu eta errespetatu" egingo duela, helegiterik ez duela aurkeztuko, eta aurrez Espainiako Auzitegi Gorenean jarritako kasazio... [+]


Herritarren kexuaren gainetik pasaz, aitzina doa Gatika-Cubnezais itsas azpiko kable elektrikoaren eraikuntza

Obrak "abiadura handian" doazela deitoratzen dute makroproiektuaren kontrako kolektiboek. Landetako THT Ez taldeak hitzaldia antolatu du apirilaren 27rako, ozeanoei buruzko nazioarteko hainbat aditurekin, tartean, Paul Watson baleen aldeko ekintzaile... [+]


2025-04-23 | Behe Banda
barra warroak
Unpopular opinion

Ez da lehenengo aldia, aditua izan ei naiz kontraesanetan. Oreka, baietzaren eta ezetzaren arteko muga non marraz daitekeen bilatzen. Analisi topografikoa, neurriz neurri morala triangelatzen. Tatuaje erraldoia bekokian: Bai, baina… Erabaki batera iristeko, inoiz nire... [+]


Almidoitik eratorritako mikroplastikoak kaltegarriak izan litezke osasunerako

Almidoiarekin egindako plastiko biodegradagarrietatik sortutako mikroplastikoek saguen osasuna kaltetzen dutela ikusi dute esperimentu batean. Ikertzaileek ohartarazi dute ezinbestekoa dela bioplastikoen segurtasuna hobeto ikertzea, haien erabilera handitzen jarraitu aurretik,... [+]


Emakumeek lan munduan izandako garrantzia islatu dute Arabako Arte Ederren Museoan

Arabako artisten 35 lan paratu dituzte Emakumea. Familia eta lana erakusketan, Gasteizen. Aukeraketa egiteko, kanpoan utzi dituzte historian zehar emakumeak sarritan margotu izan diren beste egoera eta estereotipo batzuk, eta lanari lotutakoei eman diete garrantzia. Urriaren... [+]


Argalarioko parke eolikoaren aurka agertu da Bizkaiko Foru Aldundia, ingurumenean eragingo lituzkeen kalte “kritikoengatik”

Natura Ondarearen Zerbitzuak txosten bat aurkeztu du Barakaldoko mendi horretan bost haize errota jarri nahi dituen Iparaixe II proiektuaren aurka. Barakaldoko Udalak duela urte eta erdi eman zion ezezkoa egitasmoari, Mendietan Eolikorik Ez–Barakaldo plataformaren... [+]


Azokaroa: sei ekintza kultural Ziburuko 6. azokaren atarian

Apirilaren 30etik aurrera Azokaroa-ren lehen printzak sumatuko dira Ipar Euskal Herriko zenbait txokotan. Uxue Alberdi egongo da Hetero liburua aurkezten, Maialen Lujanbiok errezetaldia eskainiko du eta Maddi Sarasuak bere liburuaren aurkezpen musikatua egingo du senide eta... [+]


Ernaik “nazio bulkada berri bati” ekiteko asmoa adierazi du Berriozarren egindako Gazte Topagunean

Ostegunetik igandera bitarte egindako topagunean 3.000 lagunetik gora bildu dituela esan du Ernaik. Larunbat iluntzean egin dute jardunaldietako ekitaldi politiko nagusia, gazte antolakundeko bozeramaile Amaiur Egurrolak hitza hartuta. Aberri Egunaren harira EH Bilduk... [+]


Laborantza lurrak babesteko barazki landaketa herrikoia antolatu dute Marienean

Kanboko (Lapurdi) lurrak babesteko deia zabaldu dute ELB, Lurzaindia eta Ostiak. Maiatzaren 17an ibilaldia, ekitaldia eta landaketa herrikoia antolatu dituzte. "Lurraldearen oraina, eta geroa ere, gure inplikazioaren araberakoa da", adierazi dute.


Eguneraketa berriak daude